145. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

870/2006 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Arguedasko "Parque de la Naturaleza" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 92/2006).

Ikusirik Arguedasko "Parque de la Naturaleza de Navarra, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 92/2006).

Gertakariak

1. Departamentu honetan 2006ko urriaren 18an sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 39 artikuluz, xedapen iragankor batez eta 4 eranskinez (2006rako lansarien taula) osatua, enpresaren ordezkariek eta enpresa batzordeak (CC OO) 2006ko abuztuaren 8an izenpetu eta onetsia.

2. Espediente honen izapideak egitean, aplikatu beharreko lege eta erregelamenduen manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala eta Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, baita irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. Tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honen eskumena da, lehenago aipatutako manuen ondorioz.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Arguedasko "Parque de la Naturaleza, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboa (kodea: 3108592) erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen hau Hitzarmenen Erregistrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2006ko azaroaren 6an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

PARQUE DE LA NATURALEZA DE NAVARRA, S.A. "SENDA VIVA" ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA 2006-09 URTEETARAKO

ATARIKO KAPITULUA

Alderdiak zehaztea

Arguedasen, 2006ko abuztuaren 10ean, "Parque de la Naturaleza de Navarra, S.A." enpresako Zuzendaritzako kideak eta enpresa batzordekoak bildurik, aurrerago aipatzen diren akordioak izenpetu dituzte, 2006., 2007., 2008. eta 2009. urteetarako lan baldintzak arautuko dituztenak.

Enpresako ordezkariak: José María Aracama Yoldi eta Miguel Iturralde Goñi.

Enpresa batzordea: Gustavo Pascual Fernández (batzordeburua), Aitor Valdeón Velez (idazkaria), Efrén Fernández Arceo, Iván Loscos Sánchez eta Javier Elía Guindo.

Bi alderdiek elkarri aitortu diote legezko ahalmena eta behar adinako ordezkagaitasuna dutela hitzarmen hau sinatzeko, indarra duen legeriaren arabera.

PARQUE DE LA NATURALEZA DE NAVARRA, S.A. "SENDA VIVA" ENPRESAREN 2006-09 URTEETARAKO LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAREN TESTUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izaera eta helburuak.

Akordio hau sinatu duten alderdiek jakinarazten dute testu hau dela, taldeak duen autonomia erabiliz, libreki hartutako erabakiaren adierazpena.

Akordioaren izaera juridikoa hitzarmen kolektibo bati dagokiona dela ulertuz, zeinen xedea Parque de la Naturaleza de Navarra S.A enpresaren eta bere langileen arteko baldintza ekonomikoak, sozialak eta lanekoak arautzea baita, aitortzen dute borondatezko akordio honen barneko itun guztie Langileen Estatutuaren 82. artikuluan aipatzen den indar arauemaile osoa dutela.

Hitzarmen honen xedapenetan ez dute eraginik izanen eremu desberdinetako hitzarmen kolektiboek, non eta alderdi sinatzaileek, ados jarrita, ez duten horietako bati lotzeko erabakia hartzen.

2. artikulua. Alderdiak zehaztea.

Hitzarmen kolektibo hau Parque de la Naturaleza de Navarra S.A enpresaren eta bertako enpresa batzordearen artean itundu da.

3. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen hau "Parque de la Naturaleza de Navarra, S.A." enpresak bere jardueretarako eraikirik dituen edo geroan eraiki ditzakeen lantoki eta sail guztietan aplikatuko da.

4. artikulua. Langileak.

Hitzarmen hau enpresan lan egiten duten langile guztiei aplikatuko zaie, edozein dela ere bakoitzaren jarduera eta sinatuta duen lan kontratu mota.

5. artikulua. Iraunaldia.

Hitzarmen honek indarra hartuko du 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean zein egunetan argitaratzen den kontuan hartu gabe, beste data baterako hitzartutako kontzeptuak salbu, eta lau urteko indarraldia izanen du, 2009ko abenduaren 31 arte.

Hitzarmen hau automatikoki luzatuko da bere osoan, betiere alderdiren batek hitzarmenaren amaiera iragartzen ez badu epemuga iritsi edo luzapena amaitu baino bi hilabete lehenago, gutxienez.

Ezarritako epean amaiera iragartzen bada ere, hitzarmen honek indarrean iraunen du harik eta honen ordezko hitzarmena egin eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu arte.

6. artikulua. Osotasunarekiko lotura.

Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta, praktikan aplikatzerakoan, euren osotasunean hartuko dira.

7. artikulua. Irenspena eta konpentsazioa.

Hitzarmenean ageri diren baldintza ekonomikoek, behar bezala baloratuta, orokorrean eta urteko konputuan irentsi eta konpentsatuko dituzte ezartzen ahal diren beste baldintza guztiak edo etorkizunean edozein lege-mailatako arauetan ezarritakoak, edo ebazpen administratibo edo judizialen ondoriozkoak.

8. artikulua. Berme pertsonala.

Langileen "ad personam" baldintzak, orokorrean eta urteko konputuan hartuta, hitzarmen honetan finkatutakoak baino hobeak direnean errespetatuko dira.

9. artikulua. Batzorde paritarioa.

Langileen Estatutuaren 85. artikuluko 3. e) idatz-zatian aurreikusitako legezko ondorio guztietarako, batzorde paritarioa eratu da, lau kidek osatua, bi enpresaren aldetik eta beste biak langileen ordezkari gisa, hitzarmena sinatu duten enpresa batzordeko kideen artean hautatuak.

Batzordea bere eginkizunetan arituko da, harik eta hurrengo hitzarmeneko negoziazio-mahaia eratu arte.

Batzorde Paritarioaren eginkizunak:

_Bere esku hartzea hitzarmen kolektibo honen interpretazioaren edo aplikazioaren gainean bakarka zein taldeka sor daitezkeen auzi guztiak, edozein ekintza jurisdikzional, administratibo edo arbitralera eraman aitzin.

_Hitzarmenaren ondoren emandako legezko edo arauzko xedapenek uki ditzaketen gaiak berrikustea, baloratzea eta eguneratzea.

_Itundutakoa betetzen den zaintzea.

_Alderdietako batek eskatuz gero, batzorde paritarioa hamabost eguneko epean bilduko da.

10. artikulua. Nafarroako Lan Auzitegiaren menpe jartzea.

Hitzarmenaren sinatzaileek erabaki dute hitzarmenaren interpretazioan, betearazpenean edo/eta aplikazioan sortzen ahal diren desadostasunak eta era guztietako arazoak, bakarkakoak nahiz taldekoak, batzorde paritarioan konpontzerik ez bada, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren esku jartzea, bitartekotza eta adiskidetze faseetan, eta alderdiek, euren borondatez, aipatu auzitegiaren arbitraje prozeduraren esanetara jartzeko ahaleginak egiteko konpromisoa agertzea.

Klausula hau, beraz, alderdiak Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiari atxikitzearen adierazpena da, Langileen Estatutuko 83. artikuluak arautzen duen eraginkortasun orokorreko izaera du eta, horren ondorioz, itunak enpresaburuak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak epaiketara jo aitzin aipatu auzitegiaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera. Hori horrela, ez da nahitaezkoa atxikimendu espresua eta banakakoa egitea, borondatezko atxikipena behar den prozeduran izan ezik, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.

II. KAPITULUA

Lan araubidea

11. artikulua. Lanaren antolaketa.

Lanaren antolaketa, hitzarmen honetan eta legeria indardunean xedatutakoari jarraituz, enpresako zuzendaritzaren ahalmena eta erantzukizuna da eta horren xedea da produktibitate maila egokia lortzea, horretarako giza eta gauzazko baliabideak ahalik eta ongien erabiliz, eta kontuan hartuz langile guztien helburua dela Sendaviva enpresaren bezeroak kontent jartzea, ahalik eta gehien, jendeari eskaintzen zaion produktua osatzen duten unitate guztien funtzionamendu zuzena eta zerbitzua bermatuz.

Langileek, euren legezko ordezkarien bidez, eskubidea dute beraiengan eragina izan ditzaketen antolaketaren arloko erabakiak ezagutzeko.

Enpresako zuzendaritzak eta enpresa batzordeak euren ekintzetan helburu komunak lortzen saiatuko dira, jarduera honen berezitasuna gogoan izanen dute, malgutasun, berdintasun eta zuzentasun printzipio orokorrak bateratuko dituzte, indarra duen araudia errespetatuko dute eta langileen prestakuntza eta lanbide garapena, bai eta laneko eta familiako bizitza elkarrekin egokitzea ere bultzatuko dute.

Nolanahi ere, enpresako antolakuntzan egin daitezkeen aldaketen berri emanen die enpresak langileen ordezkariei, baldin eta aldaketa horiek eraginik badute langileengan, eta kasu horietan guztietan Langileen Estatutuaren 41. artikuluan ezarritako epeak beteko dira.

Enpresako zuzendaritzak esleitua duen agintaritza deusetan gutxietsi gabe, enpresa batzordeak badu aholkatzeko, orientatzeko eta proposamenak egiteko ahalmena, lanaren antolaketarekin eta arrazionalizazioarekin loturiko gaietan, eta eskubidea du hartzen diren erabakiak betearazi baino lehen bere txostena egiteko lanaren antolaketa eta kontrol sistemak ezarri edo berrikusten diren kasuetan, eta hori guztia aplikatzekoak diren legezko arauak galarazi gabe.

12. artikulua. Lanbide-sailkapena.

Hitzarmen honen eraginpeko langileak lanbide taldetan sailkatuko dira, talde bakoitzean baliokidetzat jotzen diren eginkizunak ere bilduz. Lanbide sailkapena eta lanbide talde bakoitzaren eginkizunen definizioa I. eranskinean jarri dira.

Bestalde, Parkeko langile guztien helburu komuna, aurreko artikuluan adierazi dena, kontuan hartuz, enpresak edozein pertsonari eskatzen ahal dio, salbuespen gisa, prestakuntzarik izan ez eta beharrik ere ez duten lan batzuetan aritzeko, are eta funtzio-arlo desberdinetakoak edo/eta beheragoko lanbide-taldeetakoak ere, ohiko lanaldia aldatu gabe.

Enpresak hala erabakita, beheragoko lanbide talde bati dagozkion lanak egiten badira, ukitutako langileak bere lanbide taldearen eta mailaren soldata segituko du kobratzen; goragoko lanbide taldeari dagozkion lanetan arituz gero, horren soldata baldintzak aplikatuko zaizkio langileari, lan horretan diharduen denboran.

Hitzarmena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta sei hilabeteko epean, enpresako zuzendaritzak eta enpresa batzordeak elkarrekin dokumentu bat prestatuko dute, akordio honen indarraldian zehar alda daitekeena, lanbide talde bakoitzarenak diren eginkizunen zerrendarekin.

13. artikulua. Probaldia eta aurreabisurako epea.

Kontratuen probaldia 6 hilabetekoa izanen da teknikari tituludunentzat eta 2 hilabetekoa gainerako langileentzat. Aldi baterako ezintasun egoeragatik probaldiaren konputua eten daiteke, alderdiak ados jarriz gero.

Enpresa bere borondatez utzi nahi duen langileak aurreabisurako epea bete beharko du, bere lanbide taldeari dagokiona, ondoren adierazten den bezala:

_1. eta 2. taldeak: 30 egun.

_3., 4. eta 5. taldeak: 15 egun.

Epe horiek %50 luzatuko dira, enpresa uzten bada Parkea jendearentzat irekitzen den garaian.

Aurreabisua ez betetzeak kalte-ordaina sortuko du, jakinaraztean zenbat egun atzeratzen den, horrenbesteko eguneko soldataren adinakoa. Enpresak langileari soldata eta finikito kontzeptuan ordaindu beharreko diru kopurutik kentzen ahal dio aipatutako kalte-ordaina.

14. artikulua. Lanbide sustapena.

Enpresa, ahal baldin bada, lanpostuak plantillako langileentzako barne igoeraren bidez betetzen saiatuko da, betiere eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte, eta horretarako kontuan hartuko dira haien prestakuntza, ezagupenak, jarrera, antzinatasuna, bai eta bete nahi den goragoko mailako lanpostuaren eginkizunak, aldi batez, ongi bete izana ere. Hori dela-eta, enpresa batzordeari lanpostua betetzeko beharraren berri emanen zaio, bai eta eginen diren proben berri ere.

III. KAPITULUA

Lan denbora

15. artikulua. Lanaldia eta atsedenak.

Urteko konputuan, benetako lanorduak hauek izanen dira:

_1.792 ordu, 2006an, 224 lanegunetan banatuak.

_1.784 ordu, 2007an, 223 lanegunetan banatuak.

_1.776 ordu, 2008an, 222 lanegunetan banatuak.

_1.768 ordu, 2009an, 221 lanegunetan banatuak.

Benetako lanordutzat joko dira Parkean barna alde batetik bestera joateko ematen den denbora, lanaldia hasi ondoren, eta lanerako behar den materiala, adibidez, giltzak, komunikabideak, dokumentazioa edo lanerako beste edozein material edo tresna biltzen eta entregatzen emandakoa.

Parkeko berezko jarduera ikusirik, urtean zehar aldatzen baita, eta L.E.ren 34.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lanaldiaren banaketa irregularra ezarri da. Parkea jendearentzat irekirik egoten den hilabeteetan, eguneko lanaldia, gehienez ere, 10 ordukoa izanen da, eta gutxienez 4 ordukoa, langileari zerbitzuak emateko ezarri zaizkion egunetan.

Lanaldi zatituan diharduten langileek lanaldiaren etenaldia izanen dute, gehienez ere 2 ordukoa eta gutxienez 45 minutukoa. Denbora tarte hori ez da benetako lan denboratzat joko.

Ezinbesteko arrazoiak direla-eta, edo eguraldia dela-eta, edo enpresari egozten ahal ez zaion beste edozein arrazoirengatik, langileak ezin izan baditu bere zerbitzuak eman, eskubidea izanen du inguruabar hori gertatzen den egunerako aurreikusitako orduetatik 3 ordu benetan lan egindako denbora gisa kontatzeko, betiere zerbitzua ematea ezinezkoa dela abisatu diotela-eta instalazioetara joan ez bada, edo enpresako instalazioetara iritsi bai, baina bere lanpostuan lanean hasi ez bada. Baldin eta langile bat bere ohiko lanaldian hasi bada, enpresak ordu erdi izanen du langileari jakinarazteko ezinbesteko kasua gertatu izanagatik lanpostutik alde egin behar duela. Ordu erdi hori iraganik, etenaldia gertatzen bada, lanaldi erdiari dagokion soldata ordainduko da. Etenaldia lanaldiaren 2. zatia hasi ondoren gertatzen bada, lanaldi osoari dagokion soldata ordainduko da.

16. artikulua. Lan egutegia eta ordutegia.

Urte bakoitzeko egutegia L.E.ren 34.6 artukuluan xedatutakoari jarraikiz prestatuko da.

Egutegia prestatzerakoan, kontuan hartzekoa izanen da, batez ere, Parkea irekirik egoten den sasoia, eta, orobat, beste sasoi jakin batzuetan izan ohi diren saihestezineko beharrak, "2. eranskinean" adierazten direnak, instalazioen funtzionamendurako aurreikusitako ordutegiak, asteko atsedenaldia, lanaldi zatituko eta jarraituko etenaldia edo atsedena, bai eta jardueraren funtzionamenduari loturiko gainerako inguruabarrak, betiere enpresa batzordeari kontsulta eginez horren edukiaren gainean.

17. artikulua. Ordu poltsa

Parkea jendearentzat irekitzen den egunez gainera, egutegian beste egun batzuk finkatuko dira, bisitari talde itunduak hartzeko. Parkea urtean zehar irekirik egonen den egutegia prestatzeko orduan, ez dago jakiterik edo ez dago zenbatzeko modurik taldeko bisitariak hartu beharreko egunak. Horregatik, ordu poltsa bat jarri beharra dago, zuzendaritzak behar diren langileak izan ditzan bisitari talde horiek hartu ahal izateko.

Enpresak bisitari talde itundu horientzat aurreikusitako egunen %70aren benetako okupazioa bermatuko du, ondorioz lanaldi arrunta luzatuko delarik, banakako kontratuaren bidez egunen beste %30 ordu poltsa gisa uztea adosten duten langileentzat. Enpresak horren betearazpena eska dezake, lan karga handiago bati erantzunez, baina ez dago behartua benetako okupazioa ematera ez eta langileei poltsa hori osorik ordaintzera ere.

Bisitari talde itunduentzako egun horietan langilea beharrezkoa den edo ez 72 ordu lehenago, gutxienez, jakinaraziko diola hitz eman du enpresak.

18. artikulua. Oporrak.

Langileek 30 egun naturaleko opor ordainduak izanen dituzte 2006an, 31 egun 2007an, 32 egun 2008an eta 33 egun 2009an. Oporrak zatitzeko orduan, alderdiek gai horretaz erabakitakoari jarraituko zaio, gogoan izanik betiere enpresaren jarduera hain dela berezia non Parkea jendearentzat irekitzen den egunetan ahalik eta langile kopuru handiena beharrezkoa izaten den.

Hain zuzen ere, jendearentzat irekirik egoten den egunetan enpresak plantillako langileen presentzia, parte batena edo guztiena, exijitzen ahal du, langileek zein arlotan diharduten kontuan hartuz, 2. eranskinaren arabera eta, edozein modutan ere, taula berean jasotako gutxieneko oporrak bermatuko dira.

Oporren programazioan, bestalde, kontuan hartuko da ezen pertsona batzuk, euren lanagatik, zeinetarako berariaz kontratatu baitituzte, jendearentzat irekitzen den egun guztietan aritu beharko dutela.

19. artikulua. Lizentzia eta baimen ordainduak.

1. Urte natural baten barnean 9 hilabete edo gehiago lanean diharduen langile orok 2 eguneko baimena izanen du, ordaindu gabe, norberaren aferetarako.

4 hilabete baino gehiago eta 9 baino gutxiago lanean diharduen langile orok egun bateko baimena izanen du, ordaindu gabe, norberaren aferetarako.

Jendearentzat irekitzeko egunetan norberaren aferetarako egunak ezin izanen dituzte arlo bakoitzeko bi langilek baino gehiagok hartu aldi berean, eta hertsiki zainduko da eskaera egitean izandako hurrenkera.

Norberaren aferetarako egunak hartu baino hamabost egun lehenago, gutxienez, eskatu beharko dira.

2. Langilea, aurretik abisatu eta justifikatuta lanetik atera daiteke, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbeste denborako:

a) Ezkontza: hamabost egun natural.

b) Seme-alaben jaiotza edo odol bereko edo ezkontza bidezko bigarren gradurainoko ahaideen heriotza, istripu nahiz eritasun larria edo ospitalizazioa: bi egun. Arrazoi horregatik langilea bidaia egin beharrean bada: lau egun.

c) Ohiko bizilekuz aldatzeko: egun bat.

d) Publikoa edo pertsonala den eginbehar saihestezina betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora, boto ematekoa barne. Aldi jakin bat lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritako arau batean jasota dagoenean, absentziaren iraupenari eta konpentsazio ekonomikoari dagokienez arau hartan xedatutakoari jarraituko zaio. Goian aipatu den eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko tartean lanorduetako %20 baino gehiagotan ezin izan bada behar den lana bete, enpresak eszedentziara pasa dezake langilea, L.E.ren 46. artikuluko 1. idatz-zatian arautu bezala. Langile batek, eginbeharra betetzeagatik edo karguan jardun beharragatik, kalte-ordaina kobratzen badu, diru kopuru horixe deskontatuko zaio enpresak ordaintzen dion soldatatik.

e) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritakoari jarraikiz.

f) Erditu aurreko azterketa medikoak egiteko eta erditzeko prestatzeko tekniketan trebatzeko, behar-beharrezkoa den denbora, lanorduetan egin behar badira.

3. Bederatzi hilabetetik beherako haurrari esnea ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Emakumezko langileak eskubide hori ohiko lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezake, hala nahi badu, helburu berbererako. Baimen hori amak nahiz aitak hartzen ahal dute, beren nahierara, biak lanean ari badira.

4. Umea bere garaia baino lehen jaio delako edo jaio ondoren beste edozein arrazoirengatik ospitalizaturik egon behar duten seme-alaben kasuan, aitak edo amak eskubidea izanen dute lantokitik ordubetez lekutzeko. Orobat, lanaldia bi ordutan, gehienez, murrizten ahal dute, eta lansaria ere proportzionalki murriztuko zaie. Baimen horretaz baliatzeko, artikulu honen 6. atalean aurreikusitakoari jarraituko zaio.

5. Legepeko zaintza dela-eta, langileren batek sei urtez beherako haurra edo ordaindutako lanik egiten ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko nahiz sentsorialen bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, heren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta. Adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat _odol bereko nahiz ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaidea_ zaindu behar duen langileak ere eskubide bera izanen du. Artikulu honetan ezartzen den lanaldi-murrizketa langile bakoitzaren eskubidea da, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan. Hala ere, pertsona bera zaintzeko eskubidea enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute, enpresak aukera izanen du aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzeko, funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin badago.

6. Haurrari esnea emateko baimenaren eta lanaldi-murrizketaren orduak eta epealdia zehaztea (artikulu honetako 3., 4. eta 5. atalak) langileari dagokio, bere lanaldi arruntaren barnean betiere. Langileak, lanaldi arruntera itzuli behar badu, hamabost egun lehenago emanen dio horren berri enpresaburuari.

IV. KAPITULUA

Ordainsarien egitura

20. artikulua. Soldata.

Langileen ordainsari ekonomiko guztiak hartuko dira soldatatzat, hala diruzkoak nola gauzazkoak, betiere lanbide-prestazio gisa besterentzat egindako lan-zerbitzu guztien aldera jasoak.

21. artikulua. Soldataren osagaiak.

Hitzarmen honen eraginpeko langileen ordainsariak oinarrizko soldatak eta soldata-osagarriek osatzen dituzte.

Lanbide taldeentzat oinarrizko soldataren gutxieneko zenbatekoak ezarri dira, hitzarmen honen 3. eranskineko taulan adierazten direnak eta, orobat, aplikatzekoak diren osagarriak, kasuen arabera.

22. artikulua. Osagarriak: "Plusak"

_"Loturarekiko plusa"

Urteko egutegian ezarri bezala Parkea jendearentzat irekirik egotekoa den denborarako kontratatutako langileek, denboraldia amaitu eta hura bete ondoren, "loturarekiko plusa" kobratuko dute euren likidazioan, dena batean. Diru kopuru hori 2006. urterako 300 eurokoa izanen da, edo zati proportzionala, kontratuaren iraupenaren arabera, aipatutako denboraldiaren hasieraren ondoren sinatu baldin bada.

_"Parkearen hobekuntza" izeneko plusa

Etengabeko hobekuntzako arloen identifikazioan langileen partaidetza bultzatze aldera, hala produktuari eta zerbitzuari nola kudeaketari buruz, diru funts bat eratu da, hilean 35 eurokoa langile bakoitzeko.

Diru funts hori banatzeko prozedura enpresaren ordezkariek eta enpresa batzordekoek elkarrekin adostuko dute.

_"Erantzukizunaren" plusa

Enpresak, batzordearen laguntzarekin, erabakiko du "Eguneko arduraduna" izendatzea zein egunetan eta sailetan izanen den beharrezkoa eta horren eginbeharra izanen da gainerako langileak, kategoria berekoak nahiz goragokoak, koordinatzea, saileko arduradun propioa ez dagoenean. Horretarako izendatutako langileek, eginkizun horretan noizbehinka arituko direnek, Erantzukizunaren plusa kobratuko dute ardura hori euren gain hartuz lan egiten duten egun bakoitzeko.

Kontzeptu honegatik kobratuko den soldata akordio honen 3. eranskinean ezarritako portzentajeak (oinarrizko soldataren gainean) oinarri direla kalkulatuko da eta ez da finkagarria izanen.

23. artikulua. Aparteko orduak.

Lanaldia era ez erregularrean banatu beharraren ondorioz, aparteko ordutzat joko dira egun bakoitzerako ezarritako gehieneko lanaldia gainditzen duten orduak bakarrik (15. artikulua) eta itundutako urteko lanaldia edo zerbitzu eman beharreko sasoietako lanaldi murritzagoa gainditzen dutenak.

Laneko eta etxeko bizitza bateragarri egiteko asmoz, salbuespen gisa egin beharreko aparteko orduak kobratuz edo denbora librearen bidez konpentsatuko dira. Aparteko orduak atseden ordainduaren bidez konpentsatuko dira, lan egindako denbora gehi %50, edo bestela diruz ordainduko dira, ordu arruntari %50 gehituta. Salbuespen gisa egindako aparteko orduak konpentsatzeko, irizpide hau erabiliko da: %50 langileak aukeratuko du eta beste %50 enpresak. Denbora librearen bidez edo diruz konpentsatuko den erabakiko da eta, orobat, denbora libre hori noiz hartu ere.

Egindako aparteko orduen berri bi hilabetean behin emanen zaio enpresa batzordeari, hark eskatuta.

24. artikulua. Ordainsariak ordaintzeko modua, tokia eta epeak.

Ordainsariak banku transferentzia bidez ordainduko zaizkio langileari, hark emandako kontuan edo taloi izendunaren bidez.

Aurreko hilabetean sorrarazitako ordainsarien ordainketa hilero eginen da, hilabete bakoitzeko lehenbiziko bost egunetan.

Langile guztiek aparteko bi eskersari izanen dituzte. Sei hilabetean behin sorraraziko dira, bata uztailaren aurreneko hamabostaldian ordainduko da, ez beranduago, eta bigarrena abenduaren 25ean.

Kontratu mota batzuen arabera langileak bere ordainsariak "ordukako soldata" gisa kobratuko ditu. Orduko ratioak ordainsarien kontzeptu guztiak bilduko ditu, proportzio egokian, salbu eta Parkearen hobekuntzarako plusa, soldaten hartu-agirian aparte jarriko dena, eta hartu gabe utzitako oporren zati proportzionala eta "loturarekiko plusa", halakorik egokitzen bada, zeina dena batera kobratuko baita likidazioko hartu-agirian agertuko denez, kontratua amaitzean.

25. artikulua. Soldata igoera.

2006. urterako soldatak 3. eranskinean heldu diren soldata tauletan ezarritakoak izanen dira.

2007ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, hitzarmen honen 3. eranskinean 2006. urterako ezarritako soldatak berrikusiko dira, Espainiako Gobernuak 2007. urterako aurreikusten duen KPIa gehi %0,7 igoz. Gobernuak ez badu KPIrik aurreikusten, hitzarmen honen batzorde mistoak zehaztuko du haren ordezko zifra.

Estatistikako Institutu Nazionalak prestatutako Kontsumoko Prezioen Indizeak, 2007ko abenduaren 31n hasieran aurreikusitakoa baino igoera handiagoa izanez gero, 2007. urtean kobratutako ordainsariak KPI errealera arteko diferentzia hori adina igoko dira gehi %0,7. Soldaten berrikuspena akordio honen 3. eranskinean zehazten diren oinarrizko soldataren eta osagarrien gainean gauzatuko da, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak izanen ditu eta finkagarria izanen da etorkizunean eginen diren soldata eguneratzeei begira.

Era berean, urte bukaeran, %0,15eko eta %0,15eko soldata igoera gehigarria eginen da, ondoren aipatzen diren helburuak lortzearekin lotuta:

_2007: 75.000 bisitari (%0,15), bezeroen %85 kontent ateratzea (%0,15)

_2008: 85.000 bisitari (%0,15), bezeroen %85 kontent ateratzea (%0,15)

_2009: 95.000 bisitari (%0,15), bezeroen %85 kontent ateratzea (%0,15)

KPI erreala (+ %0,7) berrikustearen ondoriozko zenbatekoa eta urte osoko helburuak lortzeagatiko gehigarria edo, kasua bada horren zati proportzionala, 2008. urteko lehenengo nominarekin ordainduko dira.

Sasoikako langileek diferentziaren adinako paga bat kobratuko dute taula berriak adostu bezain laster.

Sistema bera erabiliko da berrikuspen bakoitzaren aurreko urtean igotako soldaten gaineko (KPI+0,7+0,15+0,15) soldata berrikuspenak 2008 eta 2009ko ekitaldietan egiteko.

2007., 2008. eta 2009. urteetako batean aurreikusitako KPIa baldin bada KPI erreala baino handiagoa, bidegabe kobratutako dirua etorkizunean eginen diren igoeren "konturakoak" direla ulertuko da eta ez dira hurrengo urteko igoerarako oinarriaren parte izanen.

V. KAPITULUA

Kontratazioa eta enplegua

26. artikulua. Enplegu-egonkortasuna.

Bi alderdiek kontuan izanik enpresako jardueraren ezaugarriak, batez ere urteko sasoi batzuetan jendearentzat irekirik edukitzea, beraz, jarduera produktiboaren izaera ez erregularra, horren ondoriozko helburua da hitzarmen kolektibo honen barnean plantillaren egonkortasuna lortzea eta aldi baterako kontratazioak egitekotan salbuespenezko kasuetan baizik ez daitezela egin.

27. artikulua. Aldizkako langile finkoen kontratazioa.

Aldizkako lan finkoko kontratazioa modalitate berezia izan daiteke, jardueraren ezaugarriei egokitzen zaiena, urte sasoi eta momentu batzuetan.

Kontratu mota horretan enpresaren interesak eta langileenak biltzen dira; enpresarenak, jarduerak eskatzen duen malgutasuna eskaintzen duelako eta lan gutxiago dagoenean plantilla arindu daitekeelako, eta langileenak, berriz, urteko lanegun guztietan zerbitzuan aritzea eskatzen ez duen kontratu mugagabea delako.

Horregatik, alde batetik Parque de la Naturaleza de Navarra S.A. enpresaren legezko ordezkariek eta bestetik enpresako langileen legezko ordezkariek, Langileen Estatutuaren 82. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatien babesean, aldizkako lan finkoko kontratuari buruzko gai konkretuen arauei buruzko akordio hau sinatu dute.

Aldizkako langile finkotzat hartuko dira urte sasoia dela-eta jarduera kargaren gorabeherei aurre egiteko kontratatzen diren langileak. Jarduera kopuru horren ondorioa izan daiteke zerbitzua egunero eman beharrik ez izatea, urteko kopuruan lanegunak izan arren.

Jendearentzat irekirik egoteko bi kanpainatan jarraian (horietako batean osorik) lan egin duten langileek, hirugarren kanpaina baterako (hura ere jarraian) deituak izan badira, aldizkako lan kontratatu finkoaren izaera lortuko dute, besterik gabe, hirugarren denboraldi horretan hasten diren momentutik hasita.

28. artikulua. Aldizkako lan kontratu finkoaren erregulazioa.

Aldizkako lan kontratu finkoa, Parque de la Naturaleza de Navarra S.A. enpresan izaera propioa duena, ondorio guztietarako, enpresan ohiko jardueran aldizkako lan finkoetan aritzeko deitua izan den langileari egiten zaiona da, urteko lanegun guztietan zerbitzuan aritzerik ez badago ere. Parque de la Naturaleza de Navarra S.A. enpresako aldizkako langile finkoek euren zerbitzuak zein sasoitan emanen duten zehazte aldera, urte naturala hartuko da abiapuntu gisa, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte, alegia.

Parque de la Naturaleza de Navarra S.A. enpresako aldizkako lan finkoaren kontratuan aipamen hauek bildu dira:

_Kontratuaren izaera.

_Kontratuaren xedeko zerbitzuak zein jardueratan emanen diren.

_Jarduerak zein sasoitan izanen diren eta zenbat iraunen duten, gutxi gorabehera.

_Lanaldia eta lan egutegia zehaztea, hitzarmen kolektibo honetan ezarritako baldintzetan.

_Laneratzeko deia egiteko modua eta hurrenkera, hitzarmen kolektiboan ezarri bezala.

29. artikulua. Deiaren hurrenkera.

1._Aldizkako langile finko bakoitza Arlo jakin bati atxikiko zaio eta, beraz, arlo horretan aplikatzen den egutegia beteko du. Deiaren hurrenkerarako enpresan sartu izandako eguna hartuko da kontuan, zein bere arloaren barnean. Deia idatziz eginen da, lanean hasi baino 10 egun lehenago. Laneratzea txandakatuz izan daiteke, unean uneko lan kopuruak sortzen duen beharren arabera.

Aldizkako langile finkoek, legezko edozein arrazoirengatik, ezin badute beren lanpostuan hasi dei egiten zaienean, enpresako zuzendaritzari horren berri eman beharko diote deia jaso eta 48 orduko epean.

2._Enpresa behartua dago urtean behin, urtarrilean, aldizkako langile finkoen antzinatasun errolda prestatzera eta iragarki oholean argitaratzera, 30 eguneko epean gutxienez, langileak jakinaren gainean egon daitezen, eta badaezpada ere, gai horretaz erreklamaziorik izanez gero.

3._Deia egiten ez bada, aldizkako langile finkoak kaleratze-prozesua eskatzen ahalko du jurisdikzio eskudunaren aurrean. Kasu horretan epea deirik egin ez dela jakin eta egun berean hasiko da.

4._Deia jaso duen aldizkako langile finkoak, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera eta bidezko arrazoirik gabe deian zehaztutako egunetik 24 ordura enpresan azaltzen ez bada, aldizkako langile finkoaren izaera galduko du eta horrelakoetan enpresan baja nahita emandakotzat joko da.

5. Ez da kaleratzetzat joko aldizkako langile finko guztiak hartzeko behar adinako lan kopururik ez izatearen ondorioz deirik ez izatea. Egoera horrek kontratuaren aldi baterako etetearen jarraipena ekarriko du, baldin eta ez badira sartzen enpresak egindako erroldaren arabera deien hurrenkeran beherago dauden aldizkako langile finkoak.

6._Deia egin eta lanean ez hasteak ez du ekarriko antzinatasun erroldan langileak duen hurrenkera galtzea, honako egoera hauetan dagoenean: aldi baterako ezintasuna, haurra izan, adoptatu edo familian hartu ondorengo amatasun aldia, eszedentzia, lizentzia edo justifikatutako beste arrazoi batzuk, behar bezala egiaztatuta baldin badaude. Behin laneratuz gero, berriro lotuko zaio lan harremanari.

7._Aldizkako langile finkoek, enpresaren jarduera beharren arabera utziko dute lana, lehen lerroaldean ezarritako hurrenkeran. Lana utzi beharra idatziz jakinaraziko zaio langileari, kontratu eteteko eguna baino astebete lehenago.

8._Aldizkako kontratu finkoko langileek euren ordainsariak ordukako soldata osoaren modalitatean kobratuko dituzte, 24. artikuluan ezarri bezala.

30. artikulua. Eszedentziak

Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke. Nahitaezko eszedentzia, lanpostua gordetzeko eta antzinatasunari begira kontatzeko eskubidea emanen duena, indarra duen legeriak aitortutako arrazoietako bategatik emanen da.

Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, sei hilabeterako gutxienez eta hiru urterako gehienez, Langileen Estatutuaren 46. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.

Eszedentzia langileak eskatutako egunerako emanen da, eskaerari sarrera eman bazaio enpresan eszedentziaren hasiera baino hogeita hamar egun natural lehenago gutxienez, eszedentziaren hasiera Parkea jendearentzako itxirik dagoen garaian gertatuz gero, edo hiru hilabete lehenago, eszedentziaren hasiera Parkea jendearentzako irekirik dagoen garaian izanez gero.

Aurreikusitako gehienekoa baino iraupen txikiagokoa eskatuz gero, luzapenak eska daitezke, harik eta gehieneko iraupena ahitu arte, eta enpresa behartuta dago eszedentziak ematera, baldin eta eszedentziaren luzapena eszedentziaren eskabidea baino hogeita hamar egun natural lehenago gutxienez eskatzen bada, eszedentziaren hasiera Parkea jendearentzako itxirik dagoen garaian gertatuz gero, edo hiru hilabete lehenago, eszedentziaren hasiera Parkea jendearentzako irekirik dagoen garaian izanez gero

Eskubide horretaz berriro balia daiteke langile bera, arrazoi horregatik izandako kontratu-etenaldia bukatu eta lau urteren buruan.

Eszedentzian dagoen langileak, dela borondatezkoan dela nahitaezkoan, lanpostura itzultzeko eskubidea izanen du eszedentzia bukatu baino hogeita hamar egun lehenago eskatuz gero. Enpresak, beharrezkoa baderitzo, haren lanpostua bitarteko kontratuaren bidez beteko du.

VI. KAPITULUA

Babes soziala

31. artikulua. Lanerako aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak.

1._Laneko istripuaren edo lanbide eritasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasunetan, Gizarte Segurantzak langileari eskubidea aitortzen badio aldi baterako ezintasunerako prestazioak hartzeko, enpresak osagarri bat pagatu beharko dio, Gizarte Segurantzatik aldi baterako ezinasunaren prestazioagatik jasotzen duenak bajako hilaren aurreko hilabeteko Laneko Istripuaren / Lanbide Eritasunaren kotizazioko oinarriaren %100 egiteko moduan.

Enpresaren iritziz, istripua langilearen axolakabekeria nabarmenaren ondorioz gertatu baldin bada, enpresa batzordeari jakinaraziko dio eta osagarria ez ordaintzea proposatuko du. Enpresaren eta enpresa batzordearen arteko adostasuna lortuz gero, enpresa ez da behartua egonen laneko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunagatiko osagarria ordaintzera.

2._Lanaz kanpoko istripuaren edo eritasun arruntaren ondoriozko aldi baterako ezintasunetan, nahiz haurdunaldiko arriskuaren ondoriozko kontratu etenaldietan, Gizarte Segurantzak langileari eskubidea aitortzen badio aldi baterako ezintasunerako prestazioak hartzeko, enpresak osagarri bat pagatu beharko dio, bajako hirugarren egunetik aurrera, Gizarte Segurantzatik aldi baterako ezinasunaren prestazioagatik jasotzen duenak bajako hilaren aurreko hilabeteko Kontingentzia Arrunten kotizazioko oinarriaren %100 egiteko moduan.

Eritasun arruntaren, lanetik kanpoko istripuaren eta langilearen erruz izandako laneko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunagatiko absentismo indizeen batura, hilero kontatua, izan daitezkeen ordu guztiekin alderatuta %4tik gorakoa baldin bada, enpresa ez da behartua egonen eritasun arruntak edo lanetik kanpoko istripuak eragindako aldi baterako ezintasunaren osagarria ordaintzera. Enpresak muga hori gainditu izanaren dokumentazioa emanen dio enpresa batzordeari; horrela ez egitera absentismo indizea ez dela gainditu ulertuko da eta, beraz, osagarria ordaindu beharko da.

32. artikulua. Istripu asegurua.

Enpresak bere kargura kontratatuko du banakako istripuentzako aseguru kolektiboaren poliza enpresako langileentzako, laneko istripuaren ondoriozko heriotzako eta ezintasun iraunkorreko arriskuak estaliko dituena, kapital hauekin:

_Heriotza: 30.000 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko.

_Baliaezintasun handia. 36.000 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko.

_Erabateko baliaezintasun iraunkorra: 30.000 euro langile bakoitzeko.

_Baliaezintasun iraunkor osoa: 20.000 euro langile bakoitzeko.

Jarduneko langileek izaniko lan istripuetan izanen ditu ondorioak poliza horrek, hitzarmen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun igaro ondoren.

33. artikulua. Beste onura batzuk

"Parkea jendearentzat irekirik" dagoen egunetan, enpresak abantailak eta deskontuak eskainiko dizkie langileei produktuetan eta instalazioetako zerbitzuetan. 2006. urterako tarifak 4. eranskinean ageri dira. Tarifa horiek enpresak alda ditzake produktuak erosteko kostuen, jendeari ematen zaion zerbitzuaren aldaketen edo/eta instalazioen taxukeraren arabera, baina behar bezala arrazoituta betiere. Ostalaritzako establezimenduetako deskontuetan aldaketak egiteko enpresa batzordearen adostasuna beharko da.

VII. KAPITULUA

Diziplina araubidea

34. artikulua. Arauak

Honako arauen bidez laneko giro egokia mantendu nahi da bizikidetza ona izateko eta enpresaren ordenamendu teknikoari eta antolaketari eusteko, bai eta langileen zein enpresaren eskubideak eta bidezko interesak bermatu eta defendatzeko ere.

Enpresak zilegi du langileen egintza edo ez-egite errudunak zehatzea, kontratuan ezarritako lan betebeharrak betetzen ez direnean, hurrengo artikuluetan ezartzen diren hutsegiteen mailaketaren arabera betiere.

Enpresari dagokio zehapenak ezartzea, zuzendaritzarako ahalmena erabiliz, akordio honetan ezarritako moduan.

Hutsegiteengatik zehapena jartzeko, idatziz jakinaraziko zaio langileari, data eta zehapena jartzeko arrazoiak adierazita.

Enpresak hutsegite larri edo oso larriengatik ezartzen dituen zehapen guztien berri emanen die langileen legezko ordezkariei.

Zehapena ezarririk, haren datatik 30 egun iragan arte luzatzen ahal da bete gabe.

35. artikulua. Hutsegiteen tipifikazioa.

Langileek eginiko hutsegiteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke, haien garrantzia, ondorioa edo berriro egin izana ikusita.

A._Honako hauek hutsegite arinak dira:

A1. Bidezko arrazoirik gabe hilabete baten barnean behin, bitan edo hirutan berandu iristea. Puntualtasunari begira, lanaldiaren hasiera eta bukaera lanpostuan egin beharko dira, lanean aritzeko moduan dela.

A2. Lanera ez agertzeko bidezko arrazoia aurretik ez jakinaraztea edo, bestela, hutsegitea gertatu eta ondoko 48 orduan ez jakinaraztea, hartarako ezintasuna frogatu ezean.

A3. Edozein lanetan utzikeriaz aritzea, okertzea edo berandutzea, zerbitzuan gorabehera handirik sortu gabe.

A4. Erremintak, tresnak eta uniformea behar bezala ez erabiltzea edo zaintzea.

A5. Garbitasun edo txukunkeriarik eza, dela norberarena dela Parkekoa (paperak lurrera botatzea, loreak eta landareak erauztea, etab.) dela laneko materialena.

A6. Jendea behar den adeitasunez eta arretaz ez atenditzea.

A7. Enpresari bizilekuz edo helbidez aldatu izanaren berri ez ematea.

A8. Lankideekin eztabaidak izatea lanorduetan. Eztabaidak jendearen aurrean izanez gero, hutsegite larritzat joko da.

A9. Hilabete batean egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.

A10. Ohiko errendimendurik ez izatea.

A11. Arretarik eza eta zabarkeria animaliei eta landareei dagokienez.

A12. Enpresak emandako uniformea eta osagaiak lan orduetako denbora tarte batean ez erabiltzea, bidezko arrazoirik ez bada, eta lanposturako edo lan unitaterako baimendutakoez bestelako pegatinak edo inskripzioak eramatea, bai eta uniformea jantzita lantokitik kanpo ibiltzea.

A13. Trafikoko seinaleei jaramonik ez egitea Parke barnean. Istripua eragitea edo enpresaren ibilgailuari edo jabetzan kalteak egitea hutsegite oso larritzat joko da, gertatutakoa nola izan den ikusi ondoren.

B._Hutsegite larriak honako hauek dira:

B1. Bidezko arrazoirik gabe 30 eguneko aldian hiru aldiz baino gehiagotan lanera berandu iristea, guztira 30 minutu baino gehiago badira.

B2. Hilabete batean lau aldiz berandu iristea.

B3. Hogeita hamar egunean bidezko arrazoirik izan gabe bi egun edo gehiagotan lanera ez joatea. Hutsegite bakar bat nahikoa izanen da lankide bati erreleboa hartu behar dionean edo enpresari kalte nabaria egiten zaionean.

B4. Familian izandako aldaketak, Gizarte Segurantzaren prestazioan edo kotizazioan edo errentaren atxikipenetan ondorioak izan ditzaketenak, behar den garaian ez jakinaraztea. Datu horiek faltseatzea hutsegite oso larria izanen da.

B5. Lanorduetan jolasean aritzea eta Parkeko jolasguneak erabiltzea.

B6. Nagusiei edozein lanetan desobeditzea, lana arrazionalizatzeko metodo berriei gogor egitea eta trabak jartzea barne. Diziplina hautsi dela nabarmen ikusten denean edota jokabide horrek enpresari kalte nabaria sortzen dionean, hutsegite oso larritzat jotzen ahal da.

B7. Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, zerbitzuaren kaltetan.

B8. Zuhurtziarik eza lanean bai eta zabarkeria ere langileak bere esku dituen materialak eta makinak erabiltzeko eta zaintzeko garaian. Langileari edo lankideei istripua izateko arriskua ekartzen badie, edo instalazioak matxuratzeko arriskua, hutsegite oso larritzat jo daiteke. Nolanahi ere, zuhurtziarik gabe jokatzea izanen da segurtasuneko arropa eta tresnak ez erabiltzea, aginduta dagoen bezala.

B9. Lanaldian lan partikularrak egitea, horretarako baimenik izan gabe, baita enpresako erremintak norberarentzat erabiltzea ere.

B10. Hiruhileko berean hutsegite arin gehiago egitea, nahiz desberdinak izan.

B11. Bidezko arrazoirik gabe zerbitzua bertan behera uztea, nahiz denbora laburrean izan. Horren ondorioz, enpresari nolabaiteko kalterik sortzen bazaio edo lankideren batek istripuren bat izaten badu, hutsegitea oso larritzat har daiteke.

B12. Enpresaren uniformeak behar ez bezala erabiltzea eta, orobat, norberaren irudiari eta zainketari buruzko arauak eta Parkea eta materiala zaintzeari buruzkoak berriro ere ez betetzea.

B13. Lantokiko edo enpresako gaiak edo materialak zaintzerakoan edo garbitzerakoan axolagabekeria larria izatea.

B14. Aldi baterako ezintasun kasuan, alta, baja edo berrespen parteak arauzko epean ez aurkeztea enpresan.

B15. Enpresako produktuak, tresnak edo jantziak norberarentzat erabiltzea.

B16. Bezoroak behar den adeitasunez eta arretaz ez hartzea eta jendea, kargudunak, menpekoak eta lankideak ez errespetatzea.

B17. Lanera mozkortuta azaltzea edo lanorduetan edozein motatako edari alkoholdunak edo drogak hartzea eta lantokian erretzea.

B18. Enpresako zuzendaritzari, ahalik eta lasterren, harentzat garrantzizkoa den edozein jakinarazpen edo agiri ez eramatea.

B19. Ohiko zerbitzu bat egiteari uko egitea, bidezko arrazoirik izan gabe.

B20. Lankideekin liskarrak eta iskanbilak sortzea. Jendaurrean gertatzen badira edo bezeroekin, hutsegite oso larritzat joko da.

B21. Tratu txarra ematea Parkeko animaliei eta landareei.

C._Hutsegite oso larriak honako hauek dira:

C1. Bidezko arrazoirik gabe sei hilabeteko aldian hamar aldiz baino gehiagotan berandu iristea edo bost aldiz baino gehiagotan 30 eguneko epean.

C2. Bidezko arrazoirik eman gabe hiru egun jarraian edo bost tartekatutan lanera huts egitea hilabete baten barnean edo sei egun hiru hilabeteko epean.

C3. Iruzurra, leialtasun eza eta konfiantza abusua agindu zaizkion eginkizunetan.

C4. Enpresari edo beste lankideei ebastea edo lapurtzea, bai eta beste edozein pertsonari ere, lantokian denean edo kanpoan bere lanean aritzean.

C5. Enpresatik kanpo lapurtu, ebatsi edo fondoak bidegabe erabiltzeagatik, edo beste edozein arrazoirengatik Justizia Auzitegiek kondena jarri izana, egilearenganako konfiantza galtzea ekar lezakeena.

C6. Eritasunaren edo istripuaren itxurak egitea eta baja luzatzeko egiten den trikimailu oro. Hutsegitea dela ulertuko da langilea, arrazoi horiengatik bajan egonik, bere gain edo besteren kontura edozein lanetan dabilenean.

C7. Era jarraituan eta ohitura gisa, garbitasun eta txukuntasunik ez izatea, lankideengan arrazoizko arrenkura sorrarazten duenean.

C8. Mozkortuta eta drogak hartuta maiz egotea, baldin eta lanean ondorio makurrak badakartza. Inoiz mozkortzea, horren ondorioz kalte larria egiten bazaie pertsonei edo instalazioei.

C9. Enpresaren korrespondentzia edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea edo enpresakoa ez den bati isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.

C10. Aldagelako armairuan dagoena miatzen ez uztea eta, orobat, poltsan eta ibilgailuan eramaten dena, Parkean sartzean edo irtetzean, betiere miaketa legeak agintzen duenaren arabera eginez gero.

C11. Enpresarentzat bidegabeko lehia diren jarduerak egitea, edo bateraezinak direnak enpresaren jarduerarekin.

C12. Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, agintekeria edo errespetu falta larria kargudunei edo haien ahaideei, baita lankide eta menpekoei ere.

C13. Istripu larriak sorraraztea zuhurtasunik gabe edo zabarkeriaz jokatzeagatik.

C14. Erantzukizun berezia izanik, lanpostua uztea abisurik eman gabe.

C15. Laneko errendimendua nahita gutxitzen jarraitzea.

C16. Parkearekin lan egiten duten hornitzaileen nahiz kontratisten opariak onartzea, edozein motatakoak direla ere.

C17. Hiruhileko berean hutsegite larri gehiago egitea, nahiz desberdinak izan.

C18. Parkerako sarrera-txartelak edo bertan eskuratutako gauzak jendeari saltzea edo behar ez bezala erabiltzea, dirua irabazteko asmoz.

C19. Errespetu falta bezeroei, larria nahiz errepikatua.

C20. Enpresaren lanabes, tresna, erreminta, aparatu, instalazio, eraikin, altzari eta dokumentuak desagerrarazi, hondatu, suntsitu edo haustea, eta bereziki ibilgailuak.

C21. Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea.

C22. Enpresako inbentarioak eta gainerako dokumentuak faltsifikatzea edo iruzur eginez aldatzea.

C23. Sexu jazarpeneko jokabideak, bai eta errespetu falta agertzea ere bezeroei, hornitzaileei, enpresako langileei edo enpresako zuzendaritzako eta administrazioko organoetako kideei.

C24. Fitxategi automatizatuetako datu konfidentzialak edo/eta pertsonalak zabaltzea, ezagutaraztea edo ateratzea.

36. artikulua. Zehapenak

Hauek dira hutsegiteengatik jartzen ahal diren gehieneko zehapenak:

a) Hutsegite arinak izanez gero:

_Hitzezko kargu-hartzea

_Kargu-hartze idatzia

_Egun bateko enplegu-soldaten etenaldia.

b) Hutsegite larriak izanez gero:

_Kargu-hartze idatzia

_2-20 eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

c) Hutsegite oso larriak izanez gero:

_Kargu-hartze idatzia

_21-60 eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

_Lanetik bidaltzea.

37. artikulua. Inguruabar aringarriak.

Honako hauek inguruabar aringarriak izanen dira:

1. Egindakoa bezain hondamen, min edo kalte larria egiteko asmorik ez izatea.

2. Egindakoaren ondorioak ekiditen ahaleginak egin izana.

3. Inork behartu gabe hutsegitea aitortu izana, hura argitzeko eta zehatzeko jarduketak hasi baino lehen.

4. Nagusiekin, lankideekin edo bezeroekin izandako eraso, liskar, irain, intsubordinazio edo tratu txarren kasuetan atzera egin izana eta adiskidetzeko eta barkatzeko eskeak edo arrazoiak eman izana.

38. artikulua. Inguruabar astungarriak.

Honako hauek inguruabar astungarriak izanen dira:

1. Burutza, aginte edo zuzendaritza karguak izatea, bereziki diziplinarekin, ohore profesionalarekin edo moral pertsonalarekin zerikusia duten hutsegiteetan.

2. Aldez aurretik pentsatua izatea.

3. Lapurretan aritzean kalte materialak egitea.

4. Hutsegiteak taldean egitea edo langile batzuek euren artean aurretik ados jarrita.

5. Langilea lehendik gaizki portatu izana bere lanbidean edo behin eta berriro gaizki aritzea bere eginkizunetan.

6. Hutsegiteak errepikatzea. Errepikatzea dela ulertuko da langile batek era berdineko hutsegiteak behin eta berriro egiten dituenean. Hutsegiteak berriro eginez gero, jartzen den zehapena larriagoa izan daiteke.

Hutsegite berean izaten ahal diren aringarriak eta astungarriak batzuk besteekin konpentsatuko dira.

39. artikulua. Preskripzioa.

Hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribituko dira, larriak hogei egunen buruan eta oso larriak bi hilabeteren buruan, enpresak horien berri izaten duenetik eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.

VIII. KAPITULUA

Lanbide kategorien birsailkapena

EGUNGO IZENA IZEN BERRIAEGUNGO SOLDATA SOLD. BERRIKUSIA

(Urteko sold. gord.) (Urteko sold. gord.)

Ustiapeneko zuzendaria Ustiapeneko zuzendaria 24.000 24.000

Zaintzaileburua Flora eta Faunaren arduraduna 22.026 22.026

Teknikari kontularia Administrazioko arduraduna 19.798 22.026

Animalien zaintzailea Flora eta Faunaren ofiziala 17.554 17.554

Abeltzaintzako peoia Flora eta Faunaren ofiziala 15.046 17.554

Biltegiburua Ustiapeneko ofiziala 17.554 17.554

Operazioen gainbegiraleak Ustiapeneko ofiziala 17.554 17.554

Kamioien operadoreak Ustiapeneko espezialista 15.046 15.046

Begiraleak Ustiapeneko espezialista 15.046 15.046

Dendako arduraduna Ustiapeneko espezialista 15.046 15.046

Administraria Administrazioko espezialista 14.000 15.046

Operadoreak Ustiapeneko laguntzailea 10.031 10.031

2006ko martxoaren 1eko ondorio ekonomikoekin, abeltzaintzako peoi kategoriako langileak Flora eta Faunaren ofizial gisa sailkatuko dira.

2006. urterako, Ustiapeneko laguntzaile kategorian loturarekiko plusa 300 euro izan ordez 450 izanen da.

I. ERANSKINA

Lanbide taldeak

Ondoren lanbide taldeak eta haiei loturiko eginkizun orokorrak ageri dira.

Arloko zuzendariak

Talde honetan sartzen dira arlo bateko edo gehiagoko kudeaketaz zuzenean arduratzen diren langileak. Horien lanak, konplexutasun handikoa baita, kualifikazio edo/eta prestakuntza eta esperientzia handia eskatzen du.

Parte hartzen dute helburuak definitzen, erabakiak hartzen, eta euren lana ekimen eta autonomia handiz betetzen dute, euren helburu nagusia bisitariari arretarik onena jartzea izanen delarik eta, ondorioz, enpresa sendotzea.

Saileko arduradunak

Euren lanean autonomia eta ekimenez diharduten langileak dira, euren nagusiek aldez aurretik zehaztutako helburuak betetzearen ardura dutenak. Horien lanak eduki intelektual handia eskatzen du edo pertsonak koordinatzeko ahalmena, enpresako sail ba

Ofiziala

Maila bateko autonomia eskatzen duen lanean dihardutenak, ekimen eta erantzukizuna barne, baina euren saileko arduradunak gainbegiratuta. Euren lana menpeko langileekin edo gabe betetzen ahal dute.

Espezialista

Era autonomoan diharduten langileak, jarduera koordinatzen duen arduradunak edo pertsona batek gainbegiratuta.

Laguntzailea

Ezarritako jarraibideei jarraikiz diharduten langileak, lan errepikakorretan, zeinetarako oinarrizko prestakuntza beharrezkoa baita.

2. ERANSKINA

Laneratzea Parkea irekirik dagoen egunetan (*)

Ondoren enpresak Parkea irekirik dagoen egunetan exijitzen ahal duen langileen gutxieneko kopurua adierazten da, funtzio-arloen arabera.

Ustiapena %100 0

Flora eta Fauna %75 1

Administrazioa %50 1

(*) Hurrengo taulan hitzarmen hau sinatzen den momentuan Parkeko langile propioak dituzten arloen zerrendak ageri dira. Une honetan kanpora ateratako arloetako batek (mantentze lanak, marketina, etab.) Senda Vivako plantillako langileekin arituko balitz, edo arlo horietako bateko plantillaren %25 baino gehiago aldatuko balitz, behar diren portzentajeak adostu beharko lirateke enpresaren eta langileen ordezkarien artean, eranskin hau beste eranskin batekin ordeztuz.

3. ERANSKINA

Soldaten taulak

2006ko oinarrizko soldata (urteko zenbateko gordinak)

TALDEA GUTXIENEKO SOLDATA

Arloko zuzendariak 24.000

Saileko arduradunak 22.026

Ofiziala 17.554

Espezialista 15.046

Laguntzailea 10.031 (**)

(**) 2007ko soldaten taula berriak kalkulatzeko, diru kopuru horiek 200 euroko igoera lineala izanen dute (10.231 euro).

Loturarekiko plusa (denboraldiko zenbateko gordinak)

TALDEA GUTXIENEKO SOLDATA

2006. urtea 300

2007. urtea 300

2008. urtea 350

2009. urtea 350

Parkearen hobekuntzarako plusa (langile eta hilabete bakoitzeko zenbateko gordinak)

TALDEA GUTXIENEKO SOLDATA

2006. urtea 35

2007. urtea 35

2008. urtea 38

2009. urtea 38

Erantzukizunaren plusa (igoera gordina, eguneko)

TALDEA GUTXIENEKO SOLDATA

Flora eta Faunaren ofiziala %10

Ondorengo urteetarako, plus honen berrikuspena oinarrizko soldataren berrikuspena egiten den moduan eginen da (KPIa igotzen den heinean), 25. artikuluan ezarri bezala.

4. ERANSKINA

Beste onura batzuk

_Ostalaritzako establezimenduak: %40ko deskontua publikoarentzako salmenta prezioan.

_Merchandising-eko salgaiak (dendak): %15eko deskontua publikoarentzako salmenta prezioan.

_Gonbit oparia: langile bakoitzeko eta lan egindako hilabete bakoitzeko bi gonbit txartel 2006ko denboraldian eta 10 gonbit txartel denboraldi bakoitzeko (edo zati proportzionala) hurrengo urteetan.

_Sarreren erosketa (aldez aurretik erreserba eginez): %50eko deskontua publikoarentzako salmenta prezioan. (***)

(***) 2007. urtetik aurrera. Langilea lanean ari bada betiere, eguneko gehienez ere 8 pertsona eta denboraldiko 20 pertsona. Kopuru hori proportzioan murriztuko da denboraldi bat baino gutxiagoko kontratuetarako.

Sinaduren orria

Enpresaren ordezkariak: José María Aracama Yoldi eta Miguel Iturralde Goñi.

Langileen aldetik: Gustavo Pascual Fernández, Aitor Valdeón Velez, Efrén Fernández Arceo, Iván Loscos Sánchez eta Javier Elía Guindo.

Iragarkiaren kodea: F0617845