130. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

1010/2006 EBAZPENA, urriaren 10ekoa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetako Eskola Kontseiluak hautatu, partez berritu eta eratzeko jarraibideak onesten dituena.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena eman du Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetako Eskola Kontseiluak hautatu, partez berritu eta eratzeko, hezkuntza komunitateko sektore guztien parte hartzea bermatzeko asmoz.

Ebazpen honek xedea du ikastetxe horietako Eskola Kontseiluak hautatu, partez berritu eta eratzeko deialdia egitea, ondoko arau hauek kontuan harturik: Irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzea onetsi zuen abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako gobernu organoei buruzko irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretua.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa._Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetako Eskola Kontseiluak hautatu, partez berritu eta eratzeko jarraibideak onestea, baita haien eranskina ere. Hona hemen:

I._Aplikazio eremua.

1. Ebazpen hau Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetan aplikatuko da, baldin eta:

_Euren Eskola Kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.

_Euren Eskola Kontseiluak partez berritu behar badituzte, hau da, erdietako bat berritu behar badute hartan hautatutako kideak egoteko denbora bukatu delakoz.

2. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak ebazpen hau aplikatzen ahalko du, Eskola Kontseiluen bi erdietako sektore batean edo gehiagotan postu hutsak daudenean.

II._Hauteskunde prozesua prestatzea.

1. Ebazpen honek aipatzen dituen ikastetxeetako Eskola Kontseiluak hautatu eta partez berritzeko deialdia Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako gobernu organoei buruzko irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuan horri buruz ezarritakoari lotuko zaio.

2. Ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren hauteskunde errolda eginen dute. Erroldak datu hauek bildu beharko ditu: bozkatzeko eskubidea duten pertsonen izena, abizenak eta NAN zk.

Halaber, Hauteskunde Batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko zozketak antolatuko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Orobat, behar diren prestaketa lan guztiak eginen dituzte hauteskunde prozesuaren jarduketak errazteko.

III._Hauteskunde Batzordea.

1. Hauteskunde Batzordea, hauteskunde prozedurari ekiteko, ekitaldi publikoan eratuko da azaroaren 2tik aitzina.

2. Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetako Hauteskunde Batzordearen eskumenak 959/1988 Errege Dekretuaren 24. eta 25. artikuluetan eta ebazpen honetan adierazitakoak dira. Honako kide hauek izanen ditu:

_Ikastetxeko zuzendaria, buru izanen dena.

_Bi irakasle.

_Bi ikasle.

_Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Batzordeko kide guztiak, zuzendaria izan ezik, zozketa bidez hautatuko dira hauteskunde errolda bakoitzean inskribaturik daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira.

3. Hala ere, ebazpen honen I.2 puntuan azaltzen den kasuan, bete behar ez den sektorekoak diren batzordekideak parte hartzetik salbuesten ahalko ditu zuzendariak.

IV._Hauteskunde mahaiak.

1. Bozketa egunean irakasleendako, ikasleendako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileendako hauteskunde mahaiak eratuko dira, irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 28., 32. eta 36. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Hauteskunde Mahaiak bozketa gobernatu, hauteskundearen garbitasuna zaindu eta bozak kontatuko ditu.

2. Irakasleen hauteskunde mahaia ikastetxeko zuzendariak, mahaiburu lana eginen baitu, ikastetxean urte gehien daraman irakasleak eta urte gutxien daramanak osatuko dute. Azken horrek idazkari lana eginen du. Antzinatasun berdineko irakasle batzuk baldin badira, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena.

3. Ikasleen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu ariko dena, eta bi ikasle, zozketaz aukeratuak, izanen dira. Ikasle zaharrenak idazkari lana eginen du.

4. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen hauteskunde mahaiko kideak zuzendaria, mahaiburu ariko dena, idazkaria eta, langileen artetik, eskolan antzinatasun handiena daukana izanen dira. Hautesleak bost baino gutxiago baldin badira, bozketa irakasleen hauteskunde mahaian eginen da, beste hautestontzi batean.

V._Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagaien zerrendak.

1. Sektore bateko kide guztiek eskubidea dute hautesle eta hautagai izateko, baina kontuan hartuko da ikasleen sektorean hautesle eta hautagai izateko eskubidea Hizkuntza Eskola Ofizial bakoitzean ofizialki matrikulatutako ikasleek bakarrik daukatela.

2. Eskola Kontseiluaren osaketa, ikastetxeek duten ikasle kopuruaren araberakoa, irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 19., 20. eta 21. artikuluetan ezarria dago.

3. Lehenbizikoz hautatu ondoren, Eskola Kontseiluaren erdia bi urtetik behin berrituko da, lehenbizi erdia eta gero beste erdia, nahiz eta horrek ez duen galarazten tarte horretan hutsik gelditzen diren postuak betetzeko aukera.

4. Erdi bakoitzeko ordezkarien kopurua, sektore bakoitzean, ebazpen honen eranskinean ageri da.

5. Hautagaien zerrenda modu formalean aurkeztu behar da. Horretarako idazki bat igorri behar zaio Hauteskunde Batzordeari, hautagaiaren sinadura jarrita eta NANaren fotokopia atxikirik.

6. Hauteskunde Batzordeak hautagaien zerrendak onartzeko epea paratuko du eta kontuan hartuko du, betiere, hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratzeko egunaren eta hauteskundeen egunaren artean zortzi egun naturaleko tartea egon behar dela gutxienez.

Onartu eta baztertzen diren hautagaien behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioa egiten ahalko da, argitara eman eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde Batzordeak ondoko egun baliodunean ebatziko du erreklamazioa, eta erabaki horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etengo.

7. Sektore batean aurkeztutako hautagai kopurua berritu beharreko ordezkarien kopuruarekin alderatuz gero berbera edo txikiagoa bada, Hauteskunde Batzordeek besterik gabe aldarrikatuko ditu aurkeztu diren hautagaiak.

VI._Hauteskunde prozesua.

1. Eskola Kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak 2006ko azaroaren 21etik abenduaren 13ra bitarte, biak barne, eginen dira.

Bozkatzeko orduak hautesleen parte hartze handienari begira paratuko dira.

2. Hauteskunde Batzordeak berariazko boto paper ereduak onartzen ahal ditu. Haietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko abizenaren arabera alfabetikoki sailkatuak. Gurasoen edo ikasleen sektoreetan hautagaien zerrenda bat baino gehiago izanez gero, hautagai bakoitzaren izenaren azpian kide diren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan kasu, boza zein hautagairentzat den adierazteko.

3. Irakasleen sektorearen ordezkariak irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 26., 27., 28., 29. eta 30. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko dira.

Zuzendariak klaustro berezirako dei eginen du, irakasleen ordezkariak hautatzeko Hauteskunde Mahaia eratzeko. Bozketak boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen dira. Irakasle bakoitzak hautatu behar den ordezkari kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto paperean. Zenbaki hori zatikiarra baldin bada, beste izen bat gehituko zaio. Aurreneko bozketan behar adina irakasle hautatzen ez badira, ekitaldi berean bigarren bozketa eginen da kopuru horretara iristeko.

4. Ikasleen sektorearen ordezkariak irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 31., 32., 33. eta 34. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko dira.

Bozketa prozesurako Hauteskunde Mahaia eratuko da. Bozketa boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen da. Ikasle bakoitzak hautatu behar den ordezkari kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto paperean. Zenbaki hori zatikiarra baldin bada, beste izen bat gehituko zaio. Bozketa egiteko Hauteskunde Batzordearen jarraibideei atxikiko zaizkie hautesleak.

5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorearen ordezkaria irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 35., 36. eta 37. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko da.

Bozketa prozesurako Hauteskunde Mahaia eratuko da. Bozketa boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen da. Hautesle bakoitzak hautagai bakarrari emanen dio botoa.

VII._Hutsuneak betetzea.

1. Ebazpen honen I.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz, zuzendariak hauteskundeetarako dei egiten ahalko du sektoreetan diren hutsuneak betetzeko, erdi batean edo bietan, betiere hutsuneak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez denean.

Hutsuneak esleitzerakoan, agintaldia beranduen bukatzekoa duen kide ordeztuaren hutsunea esleituko zaio boto gehien bildu dituen hautagaiari.

Hautatutako ordezkariek sektore bakoitzean ordeztutakoek bukatuko zuten egun berean bukatuko dute beren agintaldia.

2. Bi erdietako bat berritu behar duten eskolek berritze prozesu hau bera erabiliko dute beste erdiaren sektoreetako hutsuneak betetzeko, hala egokitzen denean.

Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratu dituzten hautagaiak berritzen den erdiko postuei esleituko zaizkie eta hurrengoek beste erdiko hutsuneak beteko dituzte. Azken ordezkari hauek sektore bakoitzean ordeztutakoek bukatuko zuten egun berean bukatuko dute beren agintaldia.

VIII._Botoak kontatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.

1. Hauteskunde egintza bakoitzean, bozketa bukatu eta gero, mahaiak botoen kontaketa eginen du.

Baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (fondo eta formakoak), batzordeak ereduren bat onartzen badu boto paperetarako, beste eredu batean ematen direnek ez dute baliorik izanen.

Botoak ekitaldi publikoan kontatu ondotik, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, honako datuok bildu beharko dituena: aurkezturiko hautagai zerrenda eta bakoitzak lorturiko boto kopurua; Eskola Kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta. Hauteskunde mahai bakoitzak ikastetxeko Hauteskunde Batzordeari igorriko dio akta, hautetsien aldarrikapena egin dezan.

2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde mahaiak eginen duen zozketaren bidez eginen da hautaketa. Hauteskunde Batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.

3. Hauteskunde Batzordeak, mahaiek boto-kontaketa eta aktak egin ondotik, hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzorde horren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ikastetxeko zuzendariak, Hauteskunde Batzordeko burua den aldetik, ebazpen honen eranskinean ageri den ereduaren araberako akten kopiak igorri beharko ditu Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalera, sektore guztietako bozketak amaitu eta berrogeita zortzi orduko epean.

IX._Izendatzeko kideak.

1. Irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 19. artikuluak dioenaren arabera, Eskola Kontseiluko kide izanen da ikastetxea dagoen udalerriko zinegotzi edo ordezkari bat.

2. Hauteskunde Batzordeak ikastetxea kokatuta dagoen herriko udalari eskatuko dio Eskola Kontseiluko kide izateko zinegotzi edo ordezkari bat izenda dezala.

3. Udaleko zinegotzi edo ordezkaria Eskola Kontseiluaren bi erdietako baterako hauteskundeak egitean, hau da, bi urtetik behin berrituko da, edo lehenago, udalak berak erabakitzen badu.

X._Eskola Kontseiluaren eraketa.

1. Hautetsien aldarrikapena egin eta ondoko hamar egun naturaleko epean, zuzendariak Eskola Kontseilua eratzeko bilkurarako dei eginen du.

2. Eskola Kontseilua eraturik geldituko da ikastetxeko eskola komunitateko sektoreren batek _sektore horri egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik_ ordezkariak hautatu gabe baldin baditu ere.

XI._Prozesuaren bermea.

1. Ikastetxeetako Eskola Kontseiluak behar bezala eratu daitezen, behar diren neurriak hartuko dituzte Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak, ikastetxeetako zuzendariek eta hauteskunde batzordeek; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.

Bigarrena._Ebazpen honen eta eranskinaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Hirugarrena._Ebazpen hau eta eranskina Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura eta Ikasketak Antolatzeko Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Laugarrena._Erabaki honek eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, 2006ko urriaren 10ean._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

E R A N S K I N A

Eskola Kontseiluak hautatu, partez berritu edo sektoreak osatzea, Hizkuntza Eskola Ofizialetan. (2006/2007)

1._IKASTETXEAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK

Izena Telefonoa

Herria Faxa

Helbide elektronikoa

HEO <2000 ikasle f

HEO >= 2000 eta <5000 ikasle f

2._ESKOLA KONTSEILUA HAUTATZEKO MODUA

2._a) Bi mila ikasle baino gutxiagoko hizkuntza eskola ofiziala

* Sektoreak osatzea (berritu behar ez den erdiko hutsuneak bete behar direnean edo, hala egokituz gero, bietakoak direnean soilik bete)

f Irakasleen sektorea

f Ikasleen sektorea

f Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorea

2._b) Bi mila ikasle edo gehiagoko eta bost mila baino gutxiagoko hizkuntza eskola ofiziala

* Sektoreak osatzea (berritu behar ez den erdiko hutsuneak bete behar direnean edo, hala egokituz gero, bietakoak direnean soilik bete)

f Irakasleen sektorea

f Ikasleen sektorea

f Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorea

3._AURKEZTUTAKO HAUTAGAIEN ZERRENDA ETA LORTUTAKO BOTOEN KOPURUA (boto kopuruaren arabera ordenatua)

Irakasleak Ikasleak

MOTA (Ž 1)IZENA BOTOAK MOTA (Ž 1)IZENA BOTOAK

Administrazioko eta zerbitzuetako langileak

MOTA (Ž 1)IZENA BOTOAK

(1) O.H.: Ordezkari hautatua berritu behar den erdirako.

S.H.: Sektoreak osatzeko hautagaia.

O.Z.: Ordezkoen zerrendarako hautagaia.

4._HAUTESKUNDEETAKO PARTE HARTZEA ETA ORDEZKARI HAUTATUAK

Irakasleak Ikasleak AZL

Errolda osoa

Boto emaileak (Kopurua eta %)

1. erdia 2. erdia 1. erdia 2. erdia 1. erdia 2. erdia

Erdi bakoitzerako aurten hautatutako izangaien kopurua

5._ESKOLA KONTSEILUAREN OSAERA BERRIA

5._a) Eskola Kontseiluko kide ez-hautatuak

Lehendakaria

Ikasketaburua

Idazkaria

Udaleko zinegotzi edo ordezkaria (Ž 2)

(2) Bi urtetik behin berritzen da.

5._b) Eskola Kontseiluko kide hautatuak

Lehenbiziko erdia

I r a k a s l e a k I k a s l e a k Administrazioko eta zerbitzuetako langileak

Bigarren erdia

I r a k a s l e a k I k a s l e a k Administrazioko eta zerbitzuetako langileak

6._EGUNGO ORDEZKOEN ZERRENDA (boto kopuruaren arabera ordenatua)

I r a k a s l e a k I k a s l e a k Administrazioko eta zerbitzuetako lang.

Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak

7._HAUTESKUNDE MAHAIAK

I r a k a s l e a k I k a s l e a k Administrazioko eta zerbitzuetako lang.

Kideen sinadura Kideen sinadura Kideen sinadura

Eguna Eguna Eguna

....................................................(e)n, ..............(e)ko .........................aren .................(e)an.

IKASTETXEKO ZUZENDARIA,

Iragarkiaren kodea: F0616499