130. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

1009/2006 EBAZPENA, urriaren 10ekoa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluak hautatu, partez berritu eta eratzeko eta zuzendaria izendatzeko jarraibideak onesten dituena.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du, ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluetako kideak eta zuzendaria berritzeko jarraibideak ematen dituen ebazpen hau onetsi dadin.

Alderdi horiek Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 54. artikulutik 59.era bitartekoetan araututa daude.

Bestalde, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 5.2 artikuluak agintzen du titularrak Eskola Kontseilua eratu beharko duela eta zuzendaria izendatu. Era berean, dekretu horren 26. artikuluak zehazten du Eskola Kontseilua eratuko dela hauteskunde prozesuaren publikotasuna eta objektibotasuna, hala nola eskola komunitateko kideen boto pertsonal, zuzen, berdin eta sekretua bermatuko duen prozedura bati jarraikiz.

Gainera, martxoaren 31ko 89/1998 Foru Aginduak, hezkuntzako hein bateko itun berezien araubidea, Haur Hezkuntzako bigarren hezkuntza zikloan, 1998/99 ikasturtetik aurrera aplikatzeko arauak ematen dituenak, bere seigarren puntuko 4. idatz-zatian ezartzen du ezen itundutako ikastetxearen titularra beharturik dagoela, uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 54. artikuluak eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 26.ak aipatzen dituen aginte organoak edukitzera. Aginte organo horiek indarra duen araudiari jarraikiz eratu eta berrituko dira eta halaberean erabiliko dituzte beren eskumenak.

Irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeari buruzko abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua aplikatuz, bidezkoa da ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluak hautatu, partez berritu eta eratzeko arauak zehaztea, bai eta agintaldia orain bukatzen duten ikastetxe horietako zuzendariak berritzeko prozedurarako arauak ere.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa._Nafarroako ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluak hautatu, partez berritu eta eratzeko eta, hala behar izanez gero, zuzendaria izendatzeko jarraibideak onestea. Hona hemen:

I._Aplikazio eremua.

1. Ebazpen hau Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan aplikatuko da, baldin eta:

_Euren Eskola Kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.

_Euren Eskola Kontseiluak partez berritu behar badituzte, hau da, erdietako bat berritu behar badute hartan hautatutako kideak egoteko denbora bukatu delakoz.

_Zuzendaria berritzea, haren agintaldia bukatu izanagatik.

2. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak ebazpen hau aplikatzen ahalko du, Eskola Kontseiluen bi erdietako sektore batean edo gehiagotan postu hutsak daudenean.

II._Hauteskunde prozesua prestatzea.

1. Ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren hauteskunde errolda eginen dute. Erroldak datu hauek bildu beharko ditu: bozkatzeko eskubidea duten pertsonen izena, abizenak eta NAN zk. Hori dela eta, kontuan izan behar da gurasoen ordezkaria hautatzeko eta hautatua izateko eskubidea ikastetxeko ikasleen aitak eta amak daukatela edo, halakorik izanez gero, legezko ordezkariak.

Halaber, Hauteskunde Batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko zozketak antolatuko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Orobat, behar diren prestaketa lan guztiak eginen dituzte hauteskunde prozesuaren jarduketak errazteko.

III._Hauteskunde Batzordea.

1. Hauteskunde Batzordea, hauteskunde prozedurari ekiteko, ekitaldi publikoan eratuko da azaroaren 2tik aitzina. Hauteskunde Batzordeak ondoko kide hauek izanen ditu:

_Ikastetxeko zuzendaria, buru izanen dena.

_Irakasle bat.

_Ikaslearen aita, ama edo legezko ordezkari bat.

_Ikasle bat, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1.tik aitzina.

_Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

_Ikastetxearen titularra edo bere ordezkaria.

Batzordeko kide guztiak, zuzendaria eta ikastetxearen titularra izan ezik, zozketa bidez hautatuko dira hauteskunde errolda bakoitzean inskribaturik daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira.

2. Hala ere, ebazpen honen I.2 puntuan azaltzen den kasuan, bete behar ez den sektorekoak diren batzordekideak parte hartzetik salbuesten ahalko ditu zuzendariak.

3. Hauteskunde Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Hezkuntza komunitateko sektore guztien hauteskunde erroldak onetsi eta argitara ematea; zuzendariak aurretik prestatu beharko ditu.

b) Ikastetxeko hauteskunde egutegia zehaztea.

c) Hauteskunde prozesua zuzentzea.

d) Hautagai zerrendak aurkezteko epea ezartzea.

e) Hautagai zerrendak onetsi eta aldarrikatzea. Hautagai zerrendak argitara ematen direnetik bozketa egunera arte zortzi egun natural igaro beharko dira gutxienez.

f) Boto paperen ereduak onestea, egokia izanez gero.

g) Hauteskunde mahaien eraketa bultzatzea.

h) Hautesle taldeek boto eskubidea zein ordutan erabil dezaketen zehaztea.

i) Hauteskunde mahaien erabakien aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

j) Hautetsien aldarrikapena egitea eta aktak Hezkuntza Departamentura igortzea.

IV._Hauteskunde mahaiak.

1. Bozketa egunean irakasleendako, ikasleendako, gurasoendako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileendako hauteskunde mahaiak eratuko dira.

Hauteskunde Mahaiak bozketa gobernatu, hauteskundearen garbitasuna zaindu eta bozak kontatuko ditu.

2. Irakasleen hauteskunde mahaia ikastetxeko zuzendariak, mahaiburu lana eginen baitu, ikastetxean urte gehien daraman irakasleak eta urte gutxien daramanak osatuko dute. Azken horrek idazkari lana eginen du. Antzinatasun berdineko irakasle batzuk baldin badira, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena.

3. Gurasoen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu ariko dena, eta lau guraso edo legezko ordezkari, zozketaz aukeratuak, izanen dira. Haietatik gazteenak idazkari lana eginen du. Hauteskunde Batzordeak ordezkoak, hauek ere zozketa bidez aukeratuak, izendatuko ditu.

4. Ikasleen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, eta bi ikasle, DBHko 1. mailatik goiti, zozketaz aukeratuak, izanen dira. Ikasle zaharrenak idazkari lana eginen du.

5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen hauteskunde mahaiko kideak zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, eta, langileen artetik, ikastetxean antzinatasun handiena daukana eta antzinatasun txikiena daukana izanen dira. Azken horrek idazkari lana eginen du. Hautesleak bost baino gutxiago baldin badira, bozketa irakasleen hauteskunde mahaian eginen da, beste hautestontzi batean.

V._Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagaien zerrendak.

1. Sektore bateko kide guztiek eskubidea dute hautesle eta hautagai izateko. Hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren ordezkariak sektore horretako kideek hautatu beharko dituzte. Bi sektoretakoa den kideren bat izanez gero, bietarako hautagai izan ahalko da, baina bietarako hautatzen badute bakar baten ordezkaritza hartu beharko du.

2. Ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluak honako kide hauek osatuko dituzte:

_Zuzendaria.

_Ikastetxeko titularraren hiru ordezkari.

_Ikastetxea dagoen udalerriko zinegotzi edo ordezkari bat.

_Irakasleen lau ordezkari.

_Ikasleen gurasoen hiru ordezkari eta kide gehien duen gurasoen elkartearen beste ordezkari bat.

_Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen kurtsotik gorako ikasleen bi ordezkari.

_Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

3. 300 ikasle baino gehiago izan eta gutxienez ere bi lanbide arlo ematen dituzten ikastetxeetan edo ikasleen %25 gutxienez Berariazko Lanbide Heziketako ikasketetan duten ikastetxeetan, ikastetxearen jarduketa eremuan ordezkari gehien dituen enpresaburuen erakundeak proposaturiko ordezkari bat lotzen ahalko zaio Eskola Kontseiluari, hitza duela baina botorik ez.

4. Ikastetxe itundu sortu berriak direnetan eta Eskola Kontseilua lehenbiziko aldiz eratu behar dutenetan, sektore bakoitzeko kide guztiak batera hautatuko dira. Lehenbiziko hautapenetik aurrera, Eskola Kontseiluaren erdia berrituko da lehenbizi eta beste erdia gero, bi urtetik behin berritze bakoitza, ebazpen honen hurrengo puntuan xedatutakoaren arabera.

5. Eskola Kontseiluko kide hautetsien bi erdietako bakoitza (horietan ez dira sartzen ikastetxean garrantzitsuena den guraso elkartearen ordezkaria edo horren ordezkoa, Udaleko zinegotzia edo ordezkaria eta ikastetxearen jardun eremuan garrantzitsuena den enpresaburuen erakundeko ordezkaria), partez berritzeari begira, ebazpen honen eranskinean azaltzen den moduan eratuko da:

a) Lehenbiziko erdia:

_Ikastetxeko titularraren bi ordezkari

_Irakasleen bi ordezkari

_Gurasoen ordezkari bat

_Ikasleen ordezkari bat, halakorik baldin bada

b) Bigarren erdia:

_Ikastetxeko titularraren ordezkari bat

_Irakasleen bi ordezkari

_Gurasoen bi ordezkari

_Ikasleen ordezkari bat, halakorik baldin bada

_Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

6. Lehenbiziko erdia eta bigarren erdia txandaka berrituko dira bi urtetik behin, ebazpen honen aurreko idatz-zatian erdi horietako bakoitzarentzat finkatutako osaketaren arabera.

7. Hautagaien zerrenda modu formalean aurkeztu behar da. Horretarako idazki bat igorri behar zaio Hauteskunde Batzordeari, hautagaiaren sinadura jarrita eta NANaren fotokopia atxikirik.

8. Hauteskunde Batzordeak hautagaien zerrendak onartzeko epea paratuko du eta kontuan hartuko du, betiere, hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratzeko egunaren eta hauteskundeen egunaren artean zortzi egun naturaleko tartea egon behar dela gutxienez.

Onartu eta baztertzen diren hautagaien behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioa egiten ahalko da, argitara eman eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde Batzordeak ondoko egun baliodunean ebatziko du erreklamazioa, eta erabaki horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etengo.

VI._Hauteskunde prozesua.

1. Eskola Kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak 2006ko azaroaren 21etik abenduaren 13ra bitarte, biak barne, eginen dira.

Bozkatzeko orduak hautesleen parte hartze handienari begira paratuko dira.

2. Hauteskunde Batzordeak berariazko boto paper ereduak onartzen ahal ditu. Haietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko abizenaren arabera alfabetikoki sailkatuak. Gurasoen edo ikasleen sektoreetan hautagaien zerrenda bat baino gehiago izanez gero, hautagai bakoitzaren izenaren azpian kide diren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan kasu, boza zein hautagairentzat den adierazteko.

3. Bozketak boto zuzen, sekretu ta delegaezinaren bidez eginen dira.

4. Gurasoek eta irakasleek hiru izen jarriko dituzte gehienez beren boto paperean, bete beharreko postuak lau badira, bi izen hiru badira eta izen bakarra bi ordezkari edo bat aukeratu behar denean.

Ikasleek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek izen bakarra jarriko dute beren boto paperean.

5. Ikasleen gurasoek botoa posta bidez eman dezakete, frankeatutako gutun-azala erabiliz. Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, Hauteskunde Batzordera igorriko baita, NANaren fotokopia eta bigarren gutun-azala sartuko dira. Bigarrenaren barnean boto papera sartuko da. Hautesleek behar den dokumentazioa eskatuko diote Hauteskunde Batzordeari eskubide hori erabili ahal izateko. Hauteskunde Batzordeak gorde eginen ditu posta bidez jasotako botoak eta bozketa ixteko ordua iritsi baino lehentxeago hauteskunde mahaiari emanen dizkio. Geroago iristen diren botoak ez dira kontatuko.

VII._Hutsuneak betetzea.

1. Ebazpen honen I.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz, zuzendariak hauteskundeetarako dei egiten ahalko du sektoreetan diren hutsuneak betetzeko, erdi batean edo bietan, betiere hutsuneak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez denean.

Hutsuneak esleitzerakoan, agintaldia beranduen bukatzekoa duen kide ordeztuaren hutsunea esleituko zaio boto gehien bildu dituen hautagaiari.

Hautatutako ordezkariek sektore bakoitzean ordeztutakoek bukatuko zuten egun berean bukatuko dute beren agintaldia.

2. Bi erdietako bat berritu behar duten ikastetxeek berritze prozesu hau bera erabiliko dute beste erdiaren sektoreetako hutsuneak betetzeko, hala egokitzen denean.

Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratu dituzten hautagaiak berritzen den erdiko postuei esleituko zaizkie eta hurrengoek beste erdiko hutsuneak beteko dituzte. Azken ordezkari hauek sektore bakoitzean ordeztutakoek bukatuko zuten egun berean bukatuko dute beren agintaldia.

VIII._Botoak kontatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.

1. Hauteskunde egintza bakoitzean, bozketa bukatu eta gero, mahaiak botoen kontaketa eginen du.

Baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (fondo eta formakoak), batzordeak ereduren bat onartzen badu boto paperetarako, beste eredu batean ematen direnek ez dute baliorik izanen.

Botoak ekitaldi publikoan kontatu ondotik, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, honako datuok bildu beharko dituena: aurkezturiko hautagai zerrenda eta bakoitzak lorturiko boto kopurua; Eskola Kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta. Hauteskunde mahai bakoitzak ikastetxeko Hauteskunde Batzordeari igorriko dio akta, hautetsien aldarrikapena egin dezan.

2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde mahaiak eginen duen zozketaren bidez eginen da hautaketa. Hauteskunde Batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.

3. Hauteskunde Batzordeak, mahaiek boto-kontaketa eta aktak egin ondotik, hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzorde horren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ikastetxeko zuzendariak, Hauteskunde Batzordeko burua den aldetik, ebazpen honen eranskinean ageri den ereduaren araberako akten kopiak igorri beharko ditu Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalera, sektore guztietako bozketak amaitu eta berrogeita zortzi orduko epean.

IX._Izendatzeko kideak.

1. Hauteskunde Batzordeak Eskola Kontseiluko kide izateko ordezkaria izenda dezatela eskatuko die ikastetxea dagoen herriko Udalari, ikastetxeko guraso elkarterik garrantzitsuenari eta, hala denean, ikastetxearen jardun eremuan garrantzitsuena den enpresa erakundeari.

2. Udaleko zinegotzi edo ordezkariaren kargua bi urterako izanen da, hau da, Eskola Kontseiluaren bi erdietako baterako hauteskundeak egitean berrituko da. Udalak erabakiz gero, ordezkari horrek kargua uzten ahal du.

3. Ikastetxeko guraso elkarterik garrantzitsuenak aukeratzen duen ordezkariak ikasleen gurasoen hauteskunde erroldan agertu beharko du. Horren kargualdia bi urtekoa izanen da, hau da, Eskola Kontseiluko erdietako bat berritzean hura ere berrituko da, eta ikasleen guraso hautetsiek kargua uzteko ezarri diren kasuetan berberetan utzi beharko du eta, horiez gain, baita izendatu dituen guraso elkarteak erabakitzen duenean ere.

4. Ikasleen gurasoen elkarteak izendaturiko ordezkariak kargualdia amaitu baino lehen uzten badu kargua, elkarteak beste ordezkari bat izendatu beharko du, aurrekoaren kargualdia amaitzeko falta den denbora horretan aritu dadin. Bi hilabeteko epean izendapenik egiten ez bada, gurasoen sektoreko ordezkoen zerrendan postua lortu ez zutenen artean boto gehien eskuratu zuen hautagaiak hartuko du toki hura, Eskola Kontseiluaren hurrengo hein bateko berritzea egin arte.

5. Ikasleen guraso elkarterik garrantzitsuena izanen da kasuan kasuko irakaskuntza itundu horretako guraso gehien afiliaturik duen elkartea.

6. Ikastetxearen jardun eremuan garrantzitsuena den enpresa erakundeak izendatzen duen ordezkariaren kargualdia bi urtekoa izanen da, hau da, Eskola Kontseiluko erdietako bat berritzean hura ere berrituko da. Ordezkari horrek kargua utzi beharko du izendatzen duen enpresa erakundeak edo ikastetxeko titularrak horixe erabakitzen badu.

X._Eskola Kontseiluaren eraketa.

1. Hautetsien aldarrikapena egin eta ondoko hamar egun naturaleko epean, zuzendariak Eskola Kontseilua eratzeko bilkurarako dei eginen du.

2. Eskola Kontseilua eraturik geldituko da ikastetxeko eskola komunitateko sektoreren batek _sektore horri egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik_ ordezkariak hautatu gabe baldin baditu ere.

XI._Zuzendariaren izendapena.

1. Eskola Kontseilua eratu ondoren eta, betiere, 2006ko otsailaren 3a baino lehen, zuzendaria hautatuko da, kargualdia iraganik, kide bakarreko organo hori berritu beharra duten ikastetxeetan.

2. Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 59. artikuluan ezarritako arauei jarraikiz izendatuko da zuzendaria, eta hiru urteko kargualdia izanen du.

3. Zuzendaria izendatzeko erabakia Hezkuntza Departamentuko Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, izendapena egin eta 10 eguneko epean. Erabaki horretan zuzendari berriaren izen eta abizenak agertuko dira.

XII._Prozesua bateratzea.

1. Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 54. ataleko 4. idatz-zatian xedatutakoa kontuan harturik, maila edo etapa bat baino gehiago duten ikastetxe itunduetan Eskola Kontseilu bakarra eratzen ahalko da; horrelako kasuetan, zuzendari eta irakasle klaustro bakarra izanen dute ikastetxe osorako.

XIII._Prozesuaren bermea.

1. Ikastetxe itunduetako titularrak, zuzendariak eta Hauteskunde Batzordeak hautapen prozedura antolatzeaz arduratuko dira, hezkuntza komunitateko sektore guztiek parte hartu ahal izateko bide egokienak emanez.

2. Ikastetxeetako Eskola Kontseiluak behar bezala eratu daitezen, behar diren neurriak hartuko dituzte Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak, ikastetxeetako zuzendariek eta hauteskunde batzordeek; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.

3. Eskola Kontseiluak eratu eta ikastetxe itunduetako zuzendariak hautatu ondoren, gertatzen diren aldaketa guztiak Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko zaizkio, ebazpen honetan ezartzen diren epeetan.

Bigarrena._Ebazpen honen eta eranskinaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Hirugarrena._Ebazpen hau eta eranskina Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura eta Ikasketak Antolatzeko Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Laugarrena._Erabaki honek eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, 2006ko urriaren 10ean._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

ERANSKINA

Eskola Kontseiluak hautatu, partez berritu edo sektoreak osatzea, ikastetxe itunduetan. (2006/2007)

1._IKASTETXEAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK

Izena Telefonoa

Herria Faxa

Helbide elektronikoa

Ezarrita dauden irakaskuntzak:

f Haur Hezkuntza.

f Lehen Hezkuntza.

f Bigarren Hezkuntza.

f Lanbide Heziketa.

f Hezkuntza Berezia.

2._ESKOLA KONTSEILUA HAUTATZEKO MODUA

* Sektoreak osatzea (berritu behar ez den erdiko hutsuneak bete behar direnean edo, hala egokituz gero, bietakoak direnean soilik bete)

f Irakasleen sektorea

f Gurasoen sektorea

f Ikasleen sektorea

f Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorea

(1) DBHko 1. mailatik aitzina.

3._AURKEZTUTAKO HAUTAGAIEN ZERRENDA ETA LORTUTAKO BOTOEN KOPURUA (boto kopuruaren arabera ordenatua)

Irakasleak Gurasoak

MOTA (Ž 2)IZENA BOTOAK MOTA (Ž 2)IZENA BOTOAK

Ikasleak Administrazioko eta zerbitzuetako langileak

MOTA (Ž 2)IZENA BOTOAK MOTA (Ž 2)IZENA BOTOAK

(2) OH: Ordezkari hautatua berritu behar den erdirako.

SH: Sektoreak osatzeko hautagaia.

OZ: Ordezkoen zerrendarako hautagaia.

4._HAUTESKUNDEETAKO PARTE HARTZEA ETA ORDEZKARI HAUTATUAK

Irakasleak Gurasoak edo tutoreak IkasleakAdministrazioko eta zerbitzuetako lang.

Errolda osoa

Boto emaileak (Kopurua eta %)

1. erd. 2. erd. 1. erdia 2. erdia 1. erd. 2. erd. 2. erdia

Erdi bakoitzerako aurten hautatutako izangaien kopurua

5._ESKOLA KONTSEILUAREN OSAERA BERRIA

5._a) Eskola Kontseiluko kide ez-hautatuak

Lehendakaria

Ikastetxearen titularraren ordezkariak (Ž 3):

1._

2._

3._

Kide gehieneko gurasoen elkartearen ordezkaria (Ž 4 - 5)

Udaleko zinegotzi edo ordezkaria (Ž 5)

Enpresaburuen erakundearen ordezkaria (Ž 5 - 6)

(3) Lehenbiziko bi ordezkariak 1. erdikoak izanen dira eta hirugarrena 2. erdikoa.

(4) Izendapenik izan ezean, gurasoen ordezkoen zerrendako lehenbiziko hautagaiak beteko du hutsunea.

(5) Bi urtetik behin berritzen da.

(6) 300 ikasle baino gehiago dituzten eta gutxienez ere bi lanbide arlo ematen dituzten ikastetxeetarako, edo ikasleen %25, gutxienez, lanbide heziketako ikasketetan ari den ikastetxeetarako.

5._b) Eskola Kontseiluko kide hautatuak

Lehenbiziko erdia

I r a k a s l e a k Gurasoak edo tutoreak I k a s l e a k

Bigarren erdia

I r a k a s l e a k Gurasoak edo tutoreakI k a s l e a k Administrazioko eta zerbitzuetako lang.

6._EGUNGO ORDEZKOEN ZERRENDA (boto kopuruaren arabera ordenatua)

I r a k a s l e a k Gurasoak edo tutoreak I k a s l e a kAdministrazioko eta zerbitzuetako lang.

Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak

7._HAUTESKUNDE MAHAIAK

I r a k a s l e a k Gurasoak edo tutoreakI k a s l e a k Administrazioko eta zerbitzuetako lang.

Kideen sinadura Kideen sinaduraKideen sinadura Kideen sinadura

Eguna Eguna Eguna Eguna

...........................................(e)n, ........(e)ko .........................aren ...............(e)an.

IKASTETXEKO ZUZENDARIA,

Iragarkiaren kodea: F0616500