130. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru Legeak eta Legegintzako Foru Dekretuak

11/2006 FORU LEGEA, urriaren 20koa, 2007-2010 eperako Nafarroako estatistika planari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

FORU LEGEA, 2007-2010 EPERAKO NAFARROAKO ESTATISTIKA PLANARI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legeak Nafarroan estatistika lana arautzen duen lege esparrua ezarri zuen, foru erkidegoko errealitate sozial, ekonomiko eta demografikoari buruz behar adinako informazio fidagarria eta alderagarria edukitzeko helburuarekin.

Lege testu horretan berean, datuen hornitzaileek eta informazioaren erabiltzaileek estatistika lana garatu eta betetzen duen organoarekin dituzten harremanak arautzen dira. Bertan, datuak eman beharra, emaitzak egoki argitaratu eta zabaldu beharra eta betiere isilpekotasun estatistikoa errespetatu beharra ezarri dira. Era berean, Estatistika Plana estatistika lana sustatu, antolatu eta planifikatzeko baliabide egokia dela adierazten du. Lan hori Nafarroako Estatistika Sistemak eginen du.

Aurrerago, ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legean ezarritako aurreikuspenak garatzeko asmoz, Nafarroako 1999-2002 urteetako Estatistika Planari buruzko azaroaren 19ko 15/1998 Foru Legea onetsi zen, plangintzarako lehenengo tresna gisara, foru erkidegoko lan estatistikoa bideratu zuena, izan ere, lehenbizi helburuak mugatu zituen eta lehentasunak finkatzeko arau batzuk ezarri, erakunde publikoek eta gizarte agenteek erabakiak hartzeari begira.

Denborarekin, sistema hori sendotu da, 2003-2006 urteetako Nafarroako Estatistika Planari buruzko urriaren 28ko 28/2002 Foru Legeari esker eta aipatutako bi foru legeetan aurreikusita dauden urteko estatistika programei esker.

Azkeneko plan horren indarraldia bukatu denez, beste bat onetsi beharra dago, Nafarroako 2007-2010 urteetarako estatistika planari buruzko foru lege honen bidez.

Lege testu hau ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legean ezarritako aurreikuspenekin bat dator. Helburuen araberako plangintza sistema batean oinarriturik, Nafarroako estatistika sistema garatu eta handitzea du helburu, gizarteak eskatzen dituen informazio beharrei erantzuteko eta lantzen diren adierazleek erakunde publikoei eta eragile ekonomiko eta sozialei informazioa eman diezaieten. Ahal den guztietan, genero ikuspuntua sartuko da eta ahalik eta gutxien gastatzea eta dauden iturriak ahalbait gehiena aprobetxatzea bilatuko da, lan bikoizketak saihestuz, herritarrei, enpresei eta erakundeei eragiten zaizkien trabak gutxituz eta isilpekotasun estatistikoa eta informazio estatistikoaren eskuragarritasuna eta lastertasuna bermatuz.

Horrez gain, foru lege honek Nafarroako Gobernuaren eta entitate publikoen zein nazioarteko erakundeen arteko lankidetza instituzionalaren harremanak ezartzen ditu, bai eta Nafarroako Estatistika Institutuak plan hau betetzeko izanen dituen eginkizunak ere.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Nafarroako 2007-2010 urteetarako Estatistika Plana.

Nafarroako 2007-2010 urteetarako estatistika planak, foru lege honek onesten duenak, Nafarroako Foru Komunitateko estatistika lana sustatu, antolatu eta planifikatzeko tresna den aldetik, lankidetza instituzionalaren esparrua zehazten du Nafarroako Gobernuaren eta honako hauen artean:

a) Haren erakunde eta enpresak.

b) Entitate publikoak.

c) Beste autonomia erkidegoak.

d) Erakunde nazionalak eta nazioartekoak.

Lankidetza horren xedea da Nafarroako estatistika sistema bere inguruko sistemekiko koherentzia, homogeneotasuna eta alderagarritasuna lortzen joatea.

2. artikulua. Indarraldia.

Nafarroako 2007-2010 urteetarako estatistika planak, arau honetan bildutakoak, 2007ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitarte izanen du indarra. Plana iraungitzean, hala ere, besterik onetsi ez bada, plana hurrengoak indarra hartu arte luzatuko da, salbu eta ezarritako epe edo aldien arabera baztertu behar diren eragiketetan.

3. artikulua. Entitate estatistika-sortzaileak.

1. artikuluko a) letran aipatutako entitateek prestatuko dituzte plan honek eta berau garatzen duten urtean urteko estatistika programek haien esku uzten dituzten estatistikak, zuzenean edo beste entitate batzuekin elkarlanean.

4. artikulua. Estatistika Planaren koordinazioa.

Nafarroako Estatistika Institutuak estatistika plana eta urtean urteko estatistika programak bultzatuko ditu, eta helburu horrekin honako eginkizun hauek beteko:

a) Urtean urteko estatistika programarako proiektuak prestatu eta horien izapidetzea eta onespena sustatzea.

b) Estatistika planen eta urtean urteko estatistika programen aginduz, estatistika eragiketak egin behar dituzten Nafarroako administrazio publikoei behar duten aholkularitza teknikoa ematea.

c) Foru lege honek eta berau garatzen duten urtean urteko estatistika programek haren esku uzten dituzten estatistika lan instrumentalak egin edo proposatzea.

d) Nafarroako estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legeak estatistikak erregulatzeko aurreikusten dituen arau teknikoen proiektuak prestatu eta horien izapidetzea eta onespena sustatzea, estatistika planaren eta hori garatzeko emandako urtean urteko estatistika programen arabera haren esku utzi baldin badira.

e) Estatistika planaren eta urtean urteko estatistika programen aginduz estatistikak egin behar dituzten Nafarroako administrazio publikoek lan horiek estatistikari buruzko legeak betez prestatzen dituztela begiratzea.

f) Estatistika lanen kalitatea bermatzea, behar diren egiaztapenak eginez.

g) Informazio eta dokumentazio estatistikoaren Nafarroako inbentarioa egin eta haren mantentze-lanaz arduratzea.

h) Nafarroako estatistika planean sartuta dauden estatistiken jarraipena egitea.

i) Estatistikaren arloan behar diren harremanak sustatzea foru lege honen 1. artikuluan aipatzen diren entitateekin.

5. artikulua. Estatistika lanak.

Foru lege honen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira estatistika lantzat:

a) Estatistikak egiteko datu kuantitatibo zein kualitatiboak bildu, lortu, tratatu eta gordetzea, emaitzak argitaratu eta zabaltzea eta antzeko izaera duen beste edozein, Nafarroako estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 1. artikuluan ezarritakoarekin bat.

b) Aurreko letran zehaztutakoen aurretikoak edo osagarriak diren jarduera instrumentalak, legeak eska ditzakeenak edo teknikoki beharrezkoak direnak estatistikaren arloko legediak ezartzen dituen baldintzak bete ahal izateko, hau da, estatistikaren arloko prestakuntza espezifikoagokoak, ikerketa lanak eta teknika, metodologia eta arauak garatzeko jarduerak.

II. KAPITULUA

Estatistika planaren helburuak

6. artikulua. Planaren helburuak.

Nafarroako 2007-2010 urteetarako estatistika planak Nafarroako estatistika sistema garatu eta handitzea du helburu, gizarteak eskatzen dituen informazio beharrei erantzuteko. Honako premisa hauek aintzat hartu behar ditu: genero ikuspuntua; ahalik eta gutxien gastatzea eta dauden iturriak albait gehien aprobetxatzea; lan bikoizketak saihestea; herritarrei, enpresei eta erakundeei eragiten zaizkien trabak gutxitzea; isilpe estatistikoa eta datuen babeserako araudiaren betetzea bermatzea, eta informazio estatistikoaren eskuragarritasuna eta lastertasuna bermatzea.

7. artikulua. Helburu orokorra.

Aurreko artikuluan ezarritako helburu orokorra funtsezko eta oinarrizko irizpidea izanen da estatistika planaren gauzatzean esku hartzen duten organo guztiek erabakiak hartzerakoan, eta interpretaziorako irizpidetzat hartuko da foru lege hau eta bera bete eta garatzeko ematen diren xedapenak aplikatzean.

8. artikulua. Helburu berariazkoak.

Helburu orokorra erdiesteko, helburu berariazkoak ezartzen dira, informazio arlokoak, antolamendukoak eta instrumentalak.

a) Informazio helburu berariazkoak datu eta emaitza estatistikoen beharrak asetzekoak dira.

b) Antolamendu helburu berariazkoak dira administrazio publikoen baliabide eta informazioak zentzuz erabil daitezen lortzekoak.

c) Helburu instrumental berariazkoak dira estatistika-langintza behar bezala egiteko behar diren normalkuntza eta prozedura metodologikoak garatzekoak.

9. artikulua. Informazio helburuak.

Informazioari dagokionez, hauexek dira helburu berariazkoak:

a) Informazio ekonomikoa handitzea, bilakaera ekonomikoaren jarraipen zorrotz eta eguneratua ezarri ahal izateko, lan merkatuaren funtzionamendua eta ekoizpen jarduna hobeki ezagutzeko bide emanen duten estatistikak landuz.

b) Demografian eta arlo horrek beste arlo batzuekin duen loturan sakontzea, bereziki lan merkatuari, giza baliabideen prestakuntzari, osasunaren arloko plangintzari eta bizilagunen ongizateari dagokienez.

c) Estatistika sozialak, soziolinguistikoak, lurraldeari eta generoari buruzkoak sustatzea, eta halaber, bizilagunen bizi kalitatean eragina duten alderdiak hobeki ezagutzen laguntzen duten adierazleak.

d) Ingurumenaren arloko estatistikak garatzea, natur baliabideen egoera, ingurumenaren bilakaera eta bestelako fenomeno ekonomiko eta sozialekin duen lotura zehatz-mehatz ezagutzea lortzeko.

e) Gizartean sortzen diren informazio behar berriak ezagutzeko sustapen lana egitea, gizartearen edozein arlotan ager daitezkeen egoera berriei buruzko azterlanak abiaraziz.

10. artikulua. Antolamendu helburuak.

Antolamenduari dagokionez, hauexek dira helburu berariazkoak:

a) Nafarroako estatistika sistemaren artikulazioa sendotzea honakoak bermatzeko: intimitatea errespetatzea, isilpekotasun estatistikoa, egindako estatistiken zehaztasuna eta zuzentasun teknikoa, emaitzen zabalkundea eta informazioa gorde eta ematearen segurtasuna.

b) Nafarroako estatistika sistemaren eta Estatuko, Europar Batasuneko eta autonomia erkidegoetako sistemen arteko lankidetza instituzionalaren alde egitea, dauden iturriez baliatu, alderdi guztien intereseko proiektuak egin eta baliabideak aurreztu ahal izateko, eta herritarrei eta enpresei eginiko informazio eskaerak ez errepikatzeko.

11. artikulua. Helburu instrumentalak.

Hauexek dira berariazko helburu instrumentalak:

a) Informazio estatistikoa zabaltzeko bideak bultzatzea, Nafarroako estatistika zabalkunderako sistema integratua ezarri ahal izateko eta erabiltzaileek informazioa eskura izatea errazteko.

b) Nafarroako estatistika publikoaren arloko prestakuntza espezializaturako eta hobekuntzarako behar diren jarduerak gauzatzea, Nafarroako estatistika sisteman sartuta dauden langileei eta beste profesional eta erabiltzaile batzuei metodo, teknika eta iturri estatistikoak hobeki ezagutzeko aukera emateko.

c) Estatistikaren arloko ikerketa sustatzea, alderdi metodologikoetan eta foru erkidegoarentzat interesa duten gaiei aplikatutakoetan, Nafarroako errealitatea, ekonomia, demografia, gizartea, ingurumena, lurraldea, hizkuntza-egoera edo sortzen diren informazio-beharrizan berriak hobeki ezagutzen laguntzeko.

d) Nafarroako estatistika sistemak emandako informazioaren normalizazioa, homogeneotasuna eta alderagarritasuna, beste autonomia erkidegoetako, Estatuko eta Europako sistemekiko, sustatzea.

e) Nafarroako informazio estatistikoaren lurralde erreferentziazioa garatzea.

III. KAPITULUA

Estatistika planaren garapena

12. artikulua. Urteko programa.

Informazio helburu berariazkoak urtean urteko estatistika programen bidez garatuko dira. Programa horiek zehaztuko dituzte urte bakoitzean egin beharreko jarduerak.

Helburu instrumental berariazkoak horretarako onetsiko diren programen bidez garatuko dira.

13. artikulua. Estatistikako eragiketa jakin batzuk sartzea.

1. Salbuespen gisa, eta horretarako arrazoiak azalduz sartzen diren programan, planean agertzen ez diren eragiketak sartu ahal izanen dira urtean urteko estatistika programetan, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako estatistika planaren helburuetarako egokiak izatea.

b) Haien funtsezko osagaiak, bereziki Nafarroako estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 27.2 b) artikuluan ezarritako zehaztapenak, agertzen dituen oinarrizko proiektu tekniko bat izatea, egin beharreko jarduera estatistikoen fidagarritasuna bermatzeko.

c) Aplikatzekoak diren zehaztapen teknikoei lotzea.

d) Haien metodologiatik emaitza fidagarriak eta, orobat, beste estatistika batzuekiko alderagarriak lortzeko bide ematea.

e) Bidezkoa den kasuetan, aldizka eguneratzeko aukera ematea.

f) Teknikoki erabili ahal den lurralde desagregazio handienarekin egitea, hori baliagarritzat jotzen denean.

g) Emaitzak zabaltzeko modua aurreikustea.

2. Estatistika jarduera horiek urteko estatistika programetan sartzea eta gauzatzea betiere aurrekontu eta antolaketa baldintzei loturik egonen da.

3. Urteko estatistika programetan sartutako estatistika jarduerak Nafarroako Foru Komunitateko estatistika ofizialtzat joko dira, eta horiek prestatzeko eskatzen diren datuak ematea nahitaezkoa izanen da, Nafarroako estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

14. artikulua. Baldintzak.

Nafarroako estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 28.1 artikuluan aurreikusitakoaren babesean egiten diren eragiketa estatistikoek aurreko artikuluan araututako eragiketei eskatzen zaizkien baldintzak bete beharko dituzte.

15. artikulua. Urteko estatistika programa onestea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Estatistika Kontseiluaren txostena eskuratu ondoren, urtean urteko estatistika programa onetsiko du programari dagokion urtearen aurreko urteko abenduaren 31 baino lehen.

Urteko estatistika programaren indarraldia urte naturalarena izanen da, baina luzatu ahal izanen da hurrengoa onetsi bitartean, haien izaera dela-eta jarraipena beharrezkoa duten jardueren kasuan.

16. artikulua. Jarraipen txostena.

Nafarroako Estatistika Institutuak urtean urteko estatistika programa bakoitzaren jarraipen txostena eginen du Nafarroako Gobernuak onets dezan, bidezko baldin bada.

Era berean, Nafarroako 2007-2010 urteetarako estatistika plana ebaluatzeko proposamena eginen du, planaren indarraldia bukatutakoan, Nafarroako Gobernuak onets dezan, departamentu bakoitzak egin dituen lan estatistikoen berri emateko Nafarroako Estatistika Institutuari igorriko dizkion oroitidazkietan oinarriturik, Nafarroako Estatistikari buruzko 11/1997 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Aurretik, Nafarroako Estatistika Kontseiluari eman beharko zaio agiri horien berri.

IV. KAPITULUA

Erakundeen lankidetza

17. artikulua. Entitate laguntzaileak.

Entitate laguntzaileak izanen dira Ekonomia eta Ogasun Departamentuarekin bi alderdien intereseko helburuetarako hitzarmenak sinatzen dituztenak.

Aipatutako departamentuak, Nafarroako Estatistika Institutuaren bidez, eta entitate laguntzaileek bi alderdien intereseko informazio estatistikoa luzatuko diote elkarri, bai eta estatistikak prestatzeko behar den laguntza teknikoa emanen ere.

18. artikulua. Nafarroako Estatistika Institutuaren harremanak.

Nafarroako Estatistika Institutuak estatistika lanak egiten dituzten entitate, instituzio edo erakunde mota guztiengana jotzen ahalko du interesgarria deritzonean, Nafarroako 2007-2010 urteetarako estatistika planean ezarritako helburuak kudeatzeko soilik.

19. artikulua. Lankidetza hitzarmenak.

Nafarroako Gobernuak, foru erkidegoan hartutako laginak hobetu ahal izateko, lankidetza-hitzarmenak egin ahal izanen ditu kasuko estatu-erakundeekin eta beste autonomia erkidego batzuekin, horrela haien desagregatuetan ateratzen diren estatistiken adierazgarritasuna hobetu eta Nafarroari buruzko ustiapen osoagoak ahalbidetzeko.

20. artikulua. Lankidetza teknikorako hitzarmenak.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak lankidetza teknikorako hitzarmenak sinatu ahal izanen ditu 18. artikuluan aipatzen diren entitate, instituzio eta erakundeekin.

V. KAPITULUA

Emaitza estatistikoen zabalkundea

21. artikulua. Zabalkundea.

Estatistika planaren helburuak lortzeko, estatistika lanen emaitzen zabalkundea, zeinak betiere bermatu beharko baitu isilpekotasun estatistikoa, egin beharko da datuen gaurkotasunaren eta zabalkundearen lastertasunaren printzipioak betez eta informazio teknologia berrien erabilera lehenetsiz.

22. artikulua. Informazioa eskura izatea.

1. Nafarroako Estatistika Institutuak estatistika planean eta urtean urteko estatistika programetan dauden estatistiken emaitzak eskura eduki, zabaldu eta argitaratu beharko ditu.

2. Nafarroako Estatistika Institutuak Nafarroako estatistika sistemako gainerako erakunde eta organoei erraztasunak emanen dizkie, nahi badute institutuaren webgunean Nafarroarendako interesgarriak diren estatistika lanen emaitzak sar ditzaten, bai zuzenean, bai beste webguneekiko esteken bidez.

Xedapen gehigarri bakarra. 2007. urteko Estatistika Programaren onespena.

Nafarroako Gobernuak, beranduenik, foru lege honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean onetsiko du 2007. urteko estatistika programa.

Xedapen indargabetzailea. Indargabetzen diren xedapenak.

Indarrik gabe uzten dira Nafarroako 2003-2006 urteetako estatistika planari buruzko urriaren 28ko 28/2002 Foru Legea eta foru lege honetan ezarritakoaren kontra doazen maila bereko edo apalagoko xedapen oro.

Azken xedapenetan lehena. Erregelamenduzko garapena egiteko gaikuntza.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru lege honek 2007ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2006ko urriaren 20an._ Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0616965