12. ALDIZKARIA - 2006ko urtarrilaren 27a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BETELU

Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza behin betiko onetsirik

Udalak, 2005eko azaroaren 11ko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

2005eko 144. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argftaratu zen, abenduaren 2an, eta horren ondoren, amaitu da jendaurrean egon beharreko epea, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.

Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bihurtu da, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik emanen da argitara.

Betelun, 2006ko urtarrilaren 11n._Alkatea, Miguel Javier Recalde Goldaraz.

BETELUKO HERRILURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Beteluko udal mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Beteluko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Beteluko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko eta soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Beteluko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Beteluko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Beteluko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Beteluko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Beteluko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Beteluko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Beteluko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Beteluko Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Beteluko Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Beteluko Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Herrilarreen aprobetxamendua.

b) Iralekuen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herri ondasunen beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Beteluko Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzera ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua. 1._Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabe burujabea nahiz judizialki gaitua.

b) Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea hiru urteko antzinatasunez.

c) Betelun urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

2._Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien dirusarrerak lanbidearteko gutieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3._Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Beteluko Udalak osoko bilkuran batzarturik, Herrilurren Batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

17. artikulua. Beteluko Udalaren herri larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarren arteko zuzeneko esleipena.

b) Antzinako ohiturari jarraituz.

c) Enkante publikoan esleituz.

18. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

19. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan eman edo lagatzea.

20. artikulua. Esleipen epea zortzi (8) urtekoa izanen da.

21. artikulua. Udalak sari bat ezarriko du larreen aprobetxamenduagatik, honen jarraian datozen artikuluei jarraituz.

22. artikulua. Honi dagokionez, Beteluko Udalak parekotasun hauek erabiliko ditu:

_Behor bat, 6,66 ardi adina da.

_Behi bat 6,66 ardi adina da.

_2 urtetik beherako behi bat, 4 ardi edo ahuntz adina da.

Horren arabera, Udalak sari hauek ezarri ahal izanen ditu azienda mota bakoitzerako:

_Zaldiak, behiak eta behorrak, 3 euro/urtea.

_2 urtetik beherako txahalak, 1,80 euro/urtea.

_Ardiak, ahuntzak, 0,50 euro/urtea.

23. artikulua. Esleipenaren prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen goiti-beheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (KPI) kontuan hartuz.

24. artikulua. Urte bakoitzeko sariaren zenbatekoa ordainduko da esleipen egunetik hasita sei hilabeteko epean.

25. artikulua. Beteluko Udalak larre guztien bostena gordeko du urtero esleitu ahal izateko, onuradun berriak agertzen badira ere.

26. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legeko 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

27. artikulua. Prozedura. Udalak erabakia hartu ondoren, 15 eguneko epea irekiko du eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten. Aldez aurretik, ediktuak Udaleko iragarki oholean agertu beharko du.

28. artikulua. Udalak berak eginen du behin-behineko esleipena.

29. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betikoz onetsitzat joko da epe hori bukatutakoan.

30. artikulua. Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez ez badira herrilarre guztiak esleitzen, enkante publikoaren bidez esleituko dira, indarra duen araudiari eta, aplikatzekoa den neurrian, ordenantza honetan aurreikusten denari jarraituz.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

31. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Beteluko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei.

32. artikulua. Beteluko Udalak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hau, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

33. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

34. artikulua. Egurra banatzerakoan Beteluko Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, diru aldetik apalenak diren famili unitateei lehentasuna emanen dielarik. Aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 165. artikuluan aipatzen diren iritzi eta koefizienteak.

35. artikulua. Udalak etxerako epaitzen aprobetxamenduagatik ordaindu beharrekoa urtero finkatu ahalko du aurrekontu arruntean.

36. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, Udalak edo Nafarroako Gobernuko Basogintza Ataleko mendizainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendu honen esleipena ukatuko zaie.

37. artikulua. Esleipen prozedurari dagokionez, ordenantza honetako 28, 29 eta 30. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

V. KAPITULUA

Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak

38. artikulua. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.

39. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Beteluko Udalak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez landara, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea, 15 egunez gutienez, eta Nafarroako Gobernuak onestea.

40. artikulua. Iralekuen aprobetxamendua Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 173. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Beteluko Udalak ez die aurrerantzean iralekuen aprobetxamendurik emanen herritarrei. Hitzez nahiz isilbidez lehenago emandako iralekurik izanez gero, toki entitateari itzuliko zaizkio egiazko aprobetxamendurik egiten ez bada jarraian bi urtez, deusetan ukatu gabe maizterra botatzeko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 119. artikuluak jasotzen duen ahalmena.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

41. artikulua. 1._Beteluko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrak laguntzeko.

2._Proiektu hauek Udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3._Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean egotea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4._Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

42. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Kontzejuak ebatzi ondotik.

43. artikulua. Herrilurretan luberriak ateratzeko aldez aurretik Foru Administrazioaren baimena beharko da.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

44. artikulua. Nafarroako Gobernuaren eskumena izanen da oihangintzaren gaineko legeria urratzen duten egitateak zigortzeko sistema ezartzea. Gainerako gaietarako, zigortzeko sistema Udal honen eskumena izanen da, deusetan ukatu gabe Nafarroako Gobernuaren ahalmen subsidiarioa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 177. artikuluan aipatzen dena.

45. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari esleipenko erabilera ez dena ematea.

e) Lurrak lantzea Udalaren esleipenik gabe.

f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Esleipenetan aipatutako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasun babesari buruzko Foru Legean eta Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea, legeak ezartzen duenaren kontra.

j) Artzaintzarako eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

46. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

_a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezarri ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

_g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

_Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamar bitartean ordainaraztea. Aprobetxamenduaren balioa edo eragindako kaltearena ezin bada zehaztu, zehapena izanen da hirurogei (60) eurotik hamabi mila (12.000) eurora bitartekoa.

Aurretik esandakoa ulertzen da batere ukatu gabe kasuan kasuko kalteak eta erantzukizunak ordaindu beharra edo, hala behar badu, bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabide eta tresnen konfiskazioa.

Iragarkiaren kodea: L0600660