12. ALDIZKARIA - 2006ko urtarrilaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

2/2006 EBAZPENA, urtarrilaren 9koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko "Abeltzaintzako merkataritza" sektorerako lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 95/2005).

Ikusirik Nafarroako Foru Komunitateko "Abeltzaintzako merkataritza" sektorerako lan hitzarmen kolektiboaren testua, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 95/2005).

Gertakariak:

1. 2005eko abenduaren 30ean sartu da departamentu honetan sektore horretarako lan hitzarmen kolektiboaren testua, 24 artikuluz eta bi eranskinez (2004ko eta 2005eko lansarien taula) osatua, sektoreko enpresaburuen elkartearen (GRECARNA) eta sindikatuetako baten (UGT) ordezkariek osaturiko negoziazio batzordeak 2005eko azaroaren 16an izenpetu eta onetsia.

2. Espediente hau izapidatzean aplikatu beharreko legezko eta arauzko manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honek bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala, eta hori, Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, bai eta irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honen eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.

Horiek horrela, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta otsailaren 24ko 49/2005 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako "Abeltzaintzako merkataritza" sektorerako (kodea: 3101905) lan hitzarmen kolektiboa erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea. Hori guztia negoziazio batzordeari jakinaraziko zaio.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen berri ematea interesatuei, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2006ko urtarrilaren 9an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

NAFARROAKO ABELTZAINTZAKO MERKATARITZARAKO LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA

A K T A

Iruñean, 2005eko azaroaren 16ko 13:00etan, bildu da Nafarroako "Abeltzaintzako merkataritza" sektorerako hitzarmen kolektibo probintzialaren negoziazio batzordea, honela osatua: langileen aldetik, Alicia Sanz Pascal andrea, UGT sindikatukoa, eta enpresaburuen izenean, Javier Prados Oroquieta jauna, "Gremio Provincial de Empresarios Carniceros-Charcuteros de Navarra" izeneko elkartekoa.

Bilera hartan ondoko erabaki hauek hartu ziren:

Lehena._Nafarroako Abeltzaintzako Merkataritzako Lan Hitzarmen Kolektibo Probintzialaren testua onestea. Testua akta honi atxikia dago, hamar folio zenbakitutan idatzia. 25 artikulu ditu, baita bi eranskin ere, 2004. eta 2005. urteetako soldaten taulak biltzen dituztenak.

Bigarrena._Hitzarmenaren testu artikuluduna Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentura igortzea, indarra duten arauak betetzeko.

Hirugarrena._Hitzarmenaren 24. artikuluan azaltzen den Batzorde Paritarioan parte hartuko duten kideak izendatzea, honako hauek alegia:

Alicia Sanz Pascal andrea, UGTkoa, langileen izenean.

Javier Prados Oroquieta jauna, enpresaburuen izenean.

Akta honen edukiarekin adostasuna azaltzeko, negoziazio batzordeko kideek akta hau sinatzen dute, edukia berresteko eta behar diren ondorioak izan ditzan.

NAFARROAKO ABELTZAINTZAKO MERKATARITZARAKO LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA

1. artikulua. Aplikazio esparrua.

Hitzarmen honen eragin esparrua lantokia Nafarroan izan eta ondoko jarduera hauetan aritzen diren enpresa eta langile guztiak hartzen ditu: azienda-komisionistak, haragi-hornitzaileak, harategiak, urdaitegiak, abeltzaintzako azpiproduktuen biltzaile eta saltzaileak, zaldiki saltzaileak, haragi-produktuen handizkako merkatariak, esnearen eta esnekien txikizkariak, arrautza, hegazti eta ehizakien handizkako eta txikizkako merkatariak eta haragirako hotz-biltegiak. Jarduera horiek 1971ko uztailaren 24ko Merkataritzako Ordenantza Orokorraren arabera arautzen dira. Ordenantza hori bi aldiz aldatu da Lan Ministerioaren aginduz, 1975eko ekainaren 4an eta 1976ko otsailaren 18an.

2. artikulua. Indarraldia.

Hitzarmen honek hiru urteko indarraldia izanen du, 2004ko urtarrilaren 1etik 2006ko abenduaren 31 arte. Langileen Estatutuaren 85.2 c) artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, hitzarmen honen amaiera sinatzen den momentutik iragartzen da.

3. artikulua. Konpentsazioa eta irenspena.

Hitzarmen honen ondorioz ezartzen diren hobekuntza guztiak, orokorrean hartuta eta urteko konputuan, enpresa bakoitzean izanen diren soldaten igoera eta hobekuntzekin konpentsatu eta irentsi ahalko dira, bai halaber hemendik aurrera aldarrikatzen diren legezko beste xedapen batzuen bidez ezartzen direnekin, edozein dela ere haien kontzeptua.

4. artikulua. Bermeak.

Hitzarmen honetan ezarritako baldintzak gutxieneko izaera dute; beraz, orokorrean oraingo baldintzak baino hobeak izanez gero, "ad personam" bermatuko dira.

5. artikulua. Lanaldia.

Urteko lanaldia, benetan eginen dena, 1760 ordukoa izanen da 2004. urtean, 1748 ordukoa 2005ean eta 1736 ordukoa 2006an, gehienez ere berrogei ordu astean.

Enpresen ordutegia egiteko, langile guztiek eskubidea izanen dute beren lanaldia hilabetean bi orduz murrizteko, baina hilabete batekoak beste batekoekin bildu gabe. Murrizketa horrek ez du ekarriko urteko orduen kopurua murriztea.

Kontrako akordioa hartu ezean, denbora hori goizaren edo arratsaldearen lehen orduan hartuko da, eta txanden hurrenkera bat ezarriko da enpresan, establezimenduen merkataritza-funtzionamendu normala eragotzi gabe. Bi alderdiek onartzen dute merkataritzako jarduerarik handiena ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetan gertatzen dela, eta, hortaz, eskubide hori ezin izanen da egun horietan erabili.

6. artikulua. Ordainsariak.

A._2004. urtea.

2004. urterako, hitzarmen honetan ezarritako lansarien igoera 100eko 3,52koa izanen da, 1. eranskinean _2004ko lansarien taulak_ finkatuta dagoen bezala.

Dagokion berrikuspena 2004. urterako ondorioak izanen ditu, eta 2005eko otsaileko soldaten erreziboetan aplikatuko da. Oinarri gisa erabiliko da 2005erako ituntzen diren soldata-igoeretarako.

B._2005. urtea.

2005eko urtarrilaren lehenaren aurrerako ondorioekin, hitzarmen honetako lansariek 100eko 3ko igoera izanen dute, 2. eranskinean finkatu bezala _2005eko lansarien taulak_.

Gobernuak KPI aurreikusiaren zenbatekoa ezartzen ez badu, hitzarmen kolektiboa interpretatzeko batzorde paritarioak finkatuko du haren ordez erabili behar den zenbatekoa.

2005eko benetako KPI nazionala ofizialki jakiten den bezain laster, soldaten berrikuspena eginen da, ondoko hau lortzeko: egiazko KPIa gehi puntu bat, itunduta dagoen bezala.

Dagokion berrikuspena 2005. urterako ondorioak izanen ditu, eta 2006ko otsaileko soldaten erreziboetan aplikatuko da. Oinarri gisa erabiliko da 2006rako ituntzen diren soldata-igoeretarako.

C._2005. urtea.

2006ko urtarrilaren lehenaren aurrerako ondorioekin, hitzarmen honetako lansariek ondoko igoera hau izanen dute: Espainiako Gobernuak 2006rako aurreikusten duen KPIaren zenbatekoa gehi 1,25 puntu.

Gobernuak KPI aurreikusiaren zenbatekoa ezartzen ez badu, hitzarmen kolektiboa interpretatzeko batzorde paritarioak finkatuko du haren ordez erabili behar den zenbatekoa.

2006ko benetako KPI nazionala ofizialki jakiten den bezain laster, soldaten berrikuspena eginen da, ondoko hau lortzeko: egiazko KPIa gehi puntu bat, itunduta dagoen bezala.

Dagokion berrikuspena 2006. urterako ondorioak izanen ditu, eta 2007ko otsaileko soldaten erreziboetan aplikatuko da.

7. artikulua. Kontratazioa. Aldi bateko langileen portzentajea.

Plantillan lau langile baino gehiago dituzten enpresek langileen 100eko 50, gutxienez, lan kontratu finkoarekin izanen dituzte.

Arau hori betetzen ez duten enpresek hiru hilabeteko epea izanen dute aurreko atalean itundutakoa betetzeko.

7. bis artikulua. Probaldia.

Probaldiak hilabeteko iraupena izanen du.

8. artikulua. Antzinatasuna.

Zerbitzu urteengatiko igoera dela-eta, langileek 8 laurteko kobratu ahalko dituzte gehienez, eta bakoitzaren zenbatekoa hitzarmen honen eranskinean ageri diren lansarien tauletan kategoria bakoitzarentzat ezarritako soldataren 100eko 5 izanen da (Lansarien taulak _1. zutabea_ Hileko lansaria, 6. artikulua). Zenbateko hori kontatu eta kobratzeko, Markataritzako Lan Ordenantzaren 38. artikuluan finkatutako arauei jarraikiko zaie. 1980ko urtarrilaren lehenetik aitzina, izangai edo ikastun gisa emandako denbora kontuan hartzen da antzinatasuna kalkulatzeko; denbora hori 1980ko urtarrilaren lehenaren aurretik eman bazen, ez da antzinatasuna kalkulatzeko aintzat hartuko. 1997ko urtarrilaren lehenean 8 laurteko baino gehiago aitorturik dituzten langileei errespetatu eginen zaizkie laurteko horiek.

9. artikulua. Aparteko eskersariak.

Enpresak uztaileko eta eguberrietako aparteko eskersariak ordainduko dizkie langile guztiei, ondoko zenbateko honekin: lansarien taulan (1. zutabean) lanbide kategoria bakoitzarentzat dagoen soldataren hileko bat gehi Hitzarmenaren plusa (2. zutabea), hau da, 3. zutabean dagoen zenbatekoa; antzinatasunagatik dagozkion igoerak ere konputatuko dira.

Aparteko eskersariak noiz ordaindu erabakitzeko, herri bakoitzaren ohituren arabera jokatuko da.

10. artikulua. Salmenten edo irabazien araberako eskersariak.

Enpresek langileendako eskersari araubide bat prestatuko dute, irabazien edo salmenten araberakoa, enpresa bakoitzaren antolaketari egokitua. Eskersari horien zenbatekoa hileko soldata batekoa adinakoa izanen da gutxienez.

Artikulu honetan aipatzen diren eskersariak urtean behin ordainduko dira, salbu eta aspalditik epe laburragoetan ordaindu ohi baldin badira. Nolanahi ere, ekitaldi ekonomiko bakoitzeko eskersaria hurrengo ekitaldi ekonomikoko lehenbiziko hiruhilekoaren barruan ordaindu beharko da.

11. artikulua. Hitzarmenaren plusa.

Puntualtasuna, asistentzia eta elkarlan kontzeptuengatik plus bat ezarri da, eranskineko soldaten taularen arabera une bakoitzean indarra duten lansarien 100eko 15ekoa (2. zutabeko zenbatekoa), urteko 365 egunetan ordainduko dena, 8. eta 9. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

Hitzarmenaren plus hori asistentzia, puntualtasuna eta errendimendua indartzeko erabiliko da eta, hortaz, ez da emanen lanaldi osoa egiten ez bada, eta, gainera, hilabete batez kendu ahalko da langilea lanera berandu iristen bada bost aldiz edo bi aldiz agertzen ez bada, hori dena justifikatu gabe eta 25 lanegun jarraien barruan; halaber, plusa kenduko da langileak garbitasunik ez badu eta hilabete bateko errendimendu normalera ailegatzen ez bada, baina mantendu eginen da eritasuna edo istripua dagoenean, baja edo ziurtagiri medikoa aurkezten denetik hasita.

12. artikulua. Ordainsaria, eritasunaren edo istripuaren kasuan.

Eritasun edo lan istripuaren kasuan, enpresak behar den osagarria ordainduko du, eritasun aseguruaren prestazio ekonomikoarekin batera, langileak oinarrizko soldata (1. zutabea), hitzarmenaren plusa (2. zutabea) eta legokiokeen antzinatasuna kobratu dezan baja hartu duen egunetik.

Haurdunaldiko arriskua dela eta, lan kontratua eteten denean ere ordainduko da osagarri hori.

13. artikulua. Laneko jantziak.

Enpresek kanpoko arropa emanen diete langileei, kolore argikoa, garbitu ahal dena eta lan egiteko bakarrik erabiliko dena; oinetako egokiak ere emanen dizkie, hala nola buru-estalkiak eta, behar izanez gero, buruko sareak, Haragiaren eta prestatutako produktuen handizkako industria eta biltegien eta txikizkako denden arautegi tekniko sanitarioko 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Izotz-kameretan egiten diren lanetarako arropa egokia ere emanen diete.

14. artikulua. Oporrak.

Oporrak 31 egun naturalekoak izanen dira hitzarmen honen eragina duten langile guztientzat.

Egun horiek ezin izanen dira bi zatitan baino gehiagotan banatu, non eta enpresak eta langileek besterik ituntzen ez duten; langileak 16 egun aukeratuko ditu eta enpresak 15. Langileak bi hilabete lehenago jakinen du bere oporrak noiz hasiko diren.

15. artikulua. Lizentziak.

Langilea, aurretik abisatu eta justifikatuta lanetik atera daiteke, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbeste denbora:

a) Ezkontzagatik: hamabost egun.

b) Seme-alaba jaiotzeagatik: hiru lanegun.

Ezkontidearen edo seme-alaben heriotzagatik: lau egun.

Gurasoen, aiton-amonen, anai-arreben edo iloben (odolkideen nahiz ezkontza bidezkoen) eritasun larriagatik edo heriotzagatik: bi egun.

Lehen mailako ahaideen anbulatorioko ebakuntzagatik: egun bat.

Eritasun larritzat hartzen da ospitale batean egotea 48 ordu edo gehiago.

Langileak aukera izanen du bi egunak nahi duenean hartzeko, ospitalizazioak irauten duen bitartean.

Arrazoi horiengatik langilea bidaia egin beharrean bada, epea lau egunekoa izanen da.

c) Egun bat ohiko bizilekuz aldatzeko.

Gurasoen, seme-alaben eta anai-arreben (odolkideen nahiz ezkontza bidezkoen) ezkontzagatik: egun bat.

d) Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora.

Aldi jakin bat lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritako arau batean jasota dagoenean, absentziaren iraupenari eta konpentsazio ekonomikoari dagokienez arau hartan xedatutakoari jarraituko zaio.

Goian aipatu den eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko tartean lanorduetako ehuneko 20 baino gehiagotan ezin izan bada egin beharreko lana bete, enpresak eszedentzia egoerara pasa dezake langilea, Langileen Estatutuari buruzko 8/1980 Legearen 46. artikuluaren idatz-zatian arautu bezala. Langile batek, eginbeharra betetzeagatik edo karguan jardun beharragatik, kalte-ordaina kobratzen badu, diru kopuru horixe deskontatuko zaio enpresak ordaintzen dion soldatatik.

e) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritakoari jarraikiz.

f) Izatezko bikoteek, bizikidetasunaren ziurtagiria aurkeztu ondotik, eskubidezko bikoteen lizentzia berberak izanen dituzte, artikulu honetako a) idatz-zatian aipatzen dena salbu.

Baimena luzatuko da 50 kilometro baino gehiago egin behar direnean.

16. artikulua. Istripu aseguruaren poliza.

Hitzarmen honek barne hartzen dituen enpresek arriskuak estaltzeko istripuetarako aseguru poliza bat kontratatuko dute langile guztientzat. Honako kapitala aseguratuko da:

30.000 euro, istripuaren ondoriozko heriotzagatik.

42.000 euro istripuaren ondoriozko baliaezintasun larri edo erabateko ezintasun iraunkorragatik.

Poliza berriak egun indarra dutenak bukatzean hartuko dira.

17. artikulua. Osasun azterketa.

Enpresak behartuta daude langile guztiei urtean osasun azterketa bat egitera. Enpresa lan-istripuetarako, ugazaba zein mutualitatetan dagoen, horretantxe eginen da azterketa. Langileek osasun azterketaren emaitzak jakiteko eskubidea dute. Azterketak lanorduetan eginen dira.

18. artikulua. Soldaten erreziboak eta finikitoa.

Soldaten erreziboan langileak jaso beharreko diru-sarrera guztiak agertuko dira banan-banan, baita legez edo hitzarmen bidez ezartzen diren kenkari guztiak eta haien batura; horien azken emaitza jaso beharreko soldata garbia izanen da. Halaber, langileari dagokion kotizazio oinarria, langilearen lanbide-sailkapena, antzinatasuna, langilearen izena, enpresaren izena, bien IFZk eta Gizarte Segurantzako zenbakia agertu beharko dira.

Kontratua amaitzeko jakinarazpenarekin batera likidazio proposamena igorriko da, lana utzi baino hamabost egun lehenago.

19. artikulua. Xedapen orokorrak aplikatzea.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez diren aferetan, Merkataritzaren Lan Ordenantzan eta legezko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

20. artikulua. Kanpo gelditzeko klausula.

Azken bi ekitaldi ekonomikoetako ustiapeneko kontuen emaitzetan galerak izan dituzten enpresek zilegi izanen dute 2004., 2005. eta 2006. urteetan hitzarmen honetan itundutako hobekuntzak ez aplikatu eta 2003ko abenduaren 31 arte indarra zuten horiei eustea. Egoera ekonomiko negatibo hori desagertzen den unetik beretik, hitzarmen honetan itundutako baldintza guztiak aplikatuko dira.

21. artikulua. Lan osasuna.

Hitzarmen hau argitaratu ondoko 6 hilabeteko epean, arriskuen ebaluazioa eta aurre-neurrien plana ezarriko dira enpresetan, Laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko Legea betetzeko.

22. artikulua. Aldi baterako laneko enpresak.

Hitzarmen honen eraginpeko enpresek, produkzioaren beharrak direla eta, beharrezkoa badute aldi baterako laneko enpresen bidez langileak kontratatzea, enpresa erabiltzaileen baldintza berberak bermatzen dituzten enpresetara joko dute bakarrik, alegia, Abeltzaintzako merkataritzaren hitzarmena aplikatu beharko dute, eta behartuta egonen dira baldintza horiek bermatzen ez dituzten enpresen zerbitzuak ez erabiltzera.

23. artikulua. Atxikitze klausula.

Aldeek erabaki dutenez, Lan Hitzarmen Kolektibo honen interpretazioan eta aplikazioan sor daitezkeen gatazka kolektiboak ez ezik, baita horren aplikazio eremuko langileei eta enpresaburuei ukitzen ahal dizkien beste guztiak ere, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiak konponduko ditu, adiskidetze eta bitartekotza faseetan.

Era berean, euren konpromisoa agertu dute ahaleginak egiteko ukituriko aldeak aipatu auzitegiaren prozedura arbitralaren esanetara jar daitezen.

Artikulu hau, beraz, alderdien atxikimendu espresua da gatazken konponbiderako arbitraje organoarekiko, eraginkortasun osoz eta, ondorioz, itunak behartzen ditu enpresaburuak, ordezkari sindikalak eta langileak beren desadostasunak epaiketara jo aitzin aipatu organoaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera. Hartaz, ez da nahitaezkoa alderdien desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu espresua eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.

24. artikulua. Batzorde paritarioa.

Batzorde paritarioa eratu da, enpresaburuen eta langileen bina ordezkarik osatua, Deliberazio Batzorde Mistoa osatu duten berberek alegia, hitzarmen honen testua aplikatzeko orduan sor litezkeen zalantzak argitzeko, lan arloko agintariei eta erakunde eskudunei dagokien eskumena deusetan galarazi gabe.

Enpresaburuen aldetik, "Gremio Provincial de Empresarios Carniceros-Charcuteros de Navarra" izeneko elkartea.

Langileen aldetik, Unión General de Trabajadores-UGT sindikatua.

1. ERANSKINA

2004. urteko soldaten taulak

1 Zuzendaria 988,99 148,35 1.137,33

2 Langileriaren eta Salerosketen burua 901,23 135,19 1.036,42

4 Sukurtsaleko burua, biltegiburua, establezimenduko burua 901,23 135,19 1.036,42

5 Saltzaile bidaiaria, plaza-artekaria 780,81 117,12 897,93

5 Saltzaile nagusia 882,32 132,35 1.014,67

5 Saltzailea-Ebakitzailea, 1. mailako ofiziala 846,16 126,92 973,08

5 Saltzailea-ebakitzailea, 2. mailako ofiziala 801,43 120,22 921,65

5 Saltzailea-ebakitzailea, laguntzailea 773,91 116,09 890,00

7 Ikastuna, 2. urtekoa 484,81 72,72 557,53

11 Ikastuna, 1. urtekoa 453,84 68,07 521,92

(*) 8 Gidaria, 1. motako baimena duena (10 urteko esperientzia) 846,16 126,92 973,08

(*) 8 Gidaria, 1. motako baimena duena 801,43 120,22 921,65

(*) 8 Gidaria, 2. motako baimena duena eta banatzailea 773,91 116,09 890,00

9 Kapataza, morroi espezializatua 746,37 111,95 858,32

10 Garbiketako langilea (orduka) 3,72 0,55 4,27

3 Admininistrariburua 901,23 135,19 1.036,42

4 Kontularia eta administraria, 1. mailako ofiziala 846,16 126,92 973,08

5 Administraria, 2. mailako ofiziala 801,42 120,21 921,64

7 Administrari laguntzailea. Hirugarren urtea 724,00 108,60 832,61

7 Administrari laguntzailea. Bigarren urtea 705,52 105,82 811,34

7 Administrari laguntzailea. Lehen urtea 691,29 103,69 794,98

11 Kutxako laguntzailea. Bigarren urtea 484,81 72,72 557,53

11 Kutxako laguntzailea. Lehen urtea (18 urtez beheitikoa) 453,82 68,07 521,89

Oharrak:

"Saltzailea-Ebakitzailea, laguntzailea" kategoriarako beharrezkoa da ikastunaren bi urteak eginak izatea.

"Saltzailea-Ebakitzailea, 2. mailako ofiziala" kategoriarako beharrezkoa da laguntzailearenean bi urte eginak izatea.

"Saltzailea-Ebakitzailea, 1. mailako ofiziala" kategoriarako beharrezkoa da 2. mailako ofizialarenean bost urte eginak izatea.

(*) Zirkulazio kodearen arabera, erabiltzen duten ibilgailurako lehen motako karneta behar denean.

Enpresaburuak hitzarmenean adierazten diren lanetatik batean baino gehiagotan aritzen den langileren bat baldin badu,

soldatak honela berdinduko dira:

_Sukaldeko lanak, 1. kategoriakoak, Saltzailea-Ebakitzailea, 1. mailako ofizialarenak bezalakoak.

_Sukaldeko lanak, laguntzailea, ebakitzailea-laguntzailearenak bezalakoak.

2. ERANSKINA

2005. urteko soldaten taulak

1 Zuzendaria 1.018,66 152,80 1.171,45

2 Langileriaren eta Salerosketen burua 928,27 139,24 1.067,51

4 Sukurtsaleko burua, biltegiburua, establezimenduko burua 928,27 139,24 1.067,51

5 Saltzaile bidaiaria, plaza-artekaria 804,23 120,64 924,87

5 Saltzaile nagusia 908,79 136,32 1.045,11

5 Saltzailea-Ebakitzailea, 1. mailako ofiziala 871,54 130,73 1.002,27

5 Saltzailea-Ebakitzailea, 2. mailako ofiziala 825,47 123,82 949,30

5 Saltzailea-Ebakitzailea, laguntzailea 797,13 119,57 916,70

7 Ikastuna, 2. urtekoa 499,35 74,90 574,25

11 Ikastuna, 1. urtekoa 467,46 70,12 537,58

(*) 8 Gidaria, 1. motako baimena duena (10 urteko esperientzia) 871,54 130,73 1.002,27

(*) 8 Gidaria, 1. motako baimena duena 825,47 123,82 949,30

8 Gidaria, 2. motako baimena duena eta banatzailea 797,13 119,57 916,70

9 Kapataza, morroi espezializatua 768,76 115,31 884,07

10 Garbiketako langilea (orduka) 5,87 0,88 6,75

3 Administrariburua 928,27 139,24 1.067,51

4 Kontularia eta administraria, 1. mailako ofiziala 871,54 130,73 1.002,27

5 Administraria, 2. mailako ofiziala 825,46 123,82 949,29

7 Administrari laguntzailea. Hirugarren urtea 745,72 111,86 857,59

7 Administrari laguntzailea. Bigarren urtea 726,68 109,00 835,68

7 Administrari laguntzailea. Lehen urtea 712,03 106,80 818,83

11 Kutxako laguntzailea. Bigarren urtea 499,35 74,90 574,25

11 Kutxako laguntzailea. Lehen urtea (18 urtez beheitikoa) 467,44 70,11 537,55

Oharrak:

"Saltzailea-Ebakitzailea, laguntzailea" kategoriarako beharrezkoa da ikastunaren bi urteak eginak izatea.

"Saltzailea-Ebakitzailea, 2. mailako ofiziala" kategoriarako beharrezkoa da laguntzailearenean bi urte eginak izatea.

"Saltzailea-Ebakitzailea, 1. mailako ofiziala" kategoriarako beharrezkoa da 2. mailako ofizialarenean bost urte eginak izatea.

(*) Zirkulazio kodearen arabera, erabiltzen duten ibilgailua gidatzeko lehen motako baimena behar denean.

Enpresabururen batek langileak kokatzen baditu hitzarmen honetan zehaztu ez diren zereginetan, haien lansariak ondoko hauenak bezalakoak izanen dira:

_Sukaldeko lanak, 1. kategoriakoak, Saltzailea-Ebakitzailea, 1. mailako ofizialarenak bezalakoak.

_Sukaldeko lanak, laguntzailea, ebakitzailea-laguntzailearenak bezalakoak.

Iragarkiaren kodea: F0600741