12. ALDIZKARIA - 2006ko urtarrilaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2006ko urtarrilaren 9koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "E15 sareko elikadura APA ardatz berria (G05), G-04 Kok./Ledea (Nafarroa)" izeneko proiektua, Gas Natural Distribución SDG, S.A.k sustatua, Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratu, jendaurrean jarri eta proiektuak ukituko dituen eremuetako udalei entzunaldia ematen diena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritako ondorioetarako.

2005eko irailaren 15ean, empresa Gas Natural SDG, S.A. enpresak "E15 sareko elikadura APA ardatz berria (G05), G-04 Kok./Ledea (Nafarroa)" izeneko proiektua aurkeztu zuen, Udalez gaindiko Plan Sektorial gisa tramitatzeko. Gaur egun Gas Natural Distribución SDG, S.A. enpresa da proiektuaren titularra.

I._Azpiegituraren deskribapena.

Instalazioaren helburua Smurfit eta EHN enpresen kontsumo berriak hornitzea da, Ledeatik hurbil, eta horretarako berrelikadura adar bat proiektatu da, egun dauden azpiegiturak hobetzeko. Proiektatutako laguntza adarra egiten denean, eremu horretako gas naturalaren hornidura baldintza tekniko eta ekonomiko hoberenetan eginen da. Azpiegituraren tamaina ezartzerakoan kontuan hartu dira geroan ager daitezkeen eskaera-igoerak. Adar honek Irunberri eta Ledeako udal dermioak ukitzen ditu.

Hodia Enagas enpresak Irunberrin duen G-04 kokalekuan hasten da. Hortik ekialdera jotzen du lehorreko alorretan barrena (frutarbolak eta mahastiak); gero N-240 errepidea gurutzatzen du zulaketa bidez, eta baita Irati ibaia ere. Azkenik, udalaren bide batetik doa Ledeako herrigunera heldu arte. Hodiak 6" ditu, eta 4.700 metroko luzera.

Adarrak ondoko bidegurutze hauek ditu:

_Irati ibaia: zulaketa gidatuarekin.

_Iruña-Huesca N-240 errepidea: zulaketa horizontalaren eta babes hodiaren bidez.

_Erreka batzuk: aire zabalean, lastatua.

_Iruña-Jaca autobia proiektua: aire zabalean eta babes hodiarekin.

Adarrak Murillo el Frutotik Zaraitzura doan Errege Altxonbidea eta altxonbide horrek Zangozan duen zeharbidea ere gurutzatzen ditu.

Hiru ukipen mota ezarri dira:

_Lur gaineko instalazio finkoak eraikitzeko behar diren lurren nahitaezko desjabetzapena.

_Kanalizazioetarakoa, hodiaren trazaduran gaserako bide zortasun iraunkorrak ezarriz; jabarian muga batzuk ere jarriko dira, adibidez, besteak beste, goldaketa lanetarako, zuhaitz edo zuhaixkak landatzeko, lanak eta eraikinak sakonera jakin batzuetara eta hodiaren ardatzetik tarte jakin batzuetara egiteko. Lanak egiteko behar diren lurren aldi bateko okupazioa ere ezarriko da.

_Lotura kable eta babes katodikoaren elementu barreiatzaileetarakoa; instalazio horietarako aurretik aipatutako zortasun eta muga beretsuak jarriko dira, baina haien ardatzekiko tarteak desberdinekin. Lanak egiteko behar diren lurren aldi bateko okupazioa ere ezarriko da.

II._Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta.

Proiektua lurraldearen eta hirigintzaren aldetik aztertu ondoren, onartzeko modukoa dela ikusi da, baina, halere, bidezkoa da ondoko zehaztapen hau egitea: altxonbideak ukitzen dituzten lanak Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz eginen dira. Nolanahi ere, gas-hodiak altxonbideak gurutzatzen dituen tarte osoan, hala nola gas-hodiaren gainetik doazen bide-tarteetan, ez da altxonbide eta bideak erabiltzeko traba jar lezakeen inolako elementurik nabarmenduko. Gainera, tarte horiek lehengoratu eginen dira gas-hodia paratu ondoren.

III._Ingurumenaren gaineko gogoeta.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak 2005eko azaroaren 30ean emandako txostenean, azpiegituraren deskripzio labur baten ondoren, ondoko hau adierazten da:

Dokumentazioari atxikitako Ingurumenaren gaineko Eraginen Azterlanak modu laburrean garatzen du ohiko metodologia, eta behar diren neurri zuzentzaileak ezartzen ditu.

Zenbait alderdik oso garapen laburra izan dutenez, beharrezkoa da sustatzaileari UPSa tramitatzen bukatu baino lehen ondoko gai hauek sar ditzala eskatzea:

_Irati ibaiarekiko gurutzegunean kondukzio gidatua egiteko behar diren plataformak ibaitik eta haren inguruko landareditik ahalik eta urrutien paratuko dira, eta bukatzean, ukitutako eremua lehen zegoen bezala utziko da.

_Ukitutako eremu guztiak lehengoratu eginen dira, eta horretarako gramineoak eta lekadunak ereinen dira; bestalde, zortasun iraunkorra ez duten eremuetan ondoko espezieak jarriko dira: Populus nigra, Alnus glutinosa, Fraxinus angustifolia, Salix alba, Prunus spinosa, edo antzekoak.

Aipatutako salbuespenak alde batera utzita, uste da baloratutako proiektua Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ingurumenaren gaineko eraginei buruz ezartzen denaren araberakoa dela.

Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera, ingurumenaren gaineko eraginaren deklaraziorik behar ez duten udalez gaindiko proiektu sektorialetan, beraz, kasu honetan, ingurumenaren gaineko ebaluazio estrategikoa egin behar da, proiektua onestearekin batera edo lehenago.

Aipatutako salbuespenak salbuespen, dokumentazioarekin batera aurkeztu den Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana ontzat hartu da, 4/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera. Hortaz, jendaurrean jarriko da, proiektu sektorial hau osatzen duten gainerako agiriekin batera.

IV._Eskatu eta emandako bestelako txostenak.

1._Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalaren txostena.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak urriaren 3an emandako txostenean adierazten da ezen, proiektatutako gas-hodiaren ardatzaren bi aldetik 100 metrora aztarnategi katalogaturik ez badago ere, jarraipen arkeologiko bat egin beharko da lanen fasean eta lur beltzen mugimenduak egiten diren bitartean, katalogatu gabe dagoen kultur ondareari kalterik ez egiteko; horretarako, lanak kontrolatzeko behar diren arkeologia arloko teknikariak egonen dira lanak egiten diren tokian. Kultura Zuzendaritza Nagusiak jarraipen hori egiteko baimen administratiboa eman beharko du.

2._Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eskatutako txostena.

Azkenik, gas-hodiaren eta Iruña-Jaca-Huesca Autobiaren trazaduraren arteko gurutzeguneari buruzko txostena eman zezan eskatu zitzaion Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari. Txosten hori kontuan hartuko da espedientea ebazterakoan.

Bestalde, adierazi beharra dago gas-hodiak Iruña-Huesca N-240 errepidea ere gurutzatzen duela, eta, hortaz, gurutzegune hori egiteko, bai eta errepide horren eragin eremuan egiten den beste edozein lan egiteko ere, sustatzaileak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren baimena beharko du aldez aurretik.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "E15 sareko elikadura APA ardatz berria (G05), G-04 Kok./Ledea (Nafarroa)" izeneko proiektua, Gas Natural Distribución SDG, S.A.k sustatua, Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritako ondorioetarako.

2. Sustatzaileari adieraztea UPS onetsi baino lehen, proiektuan ondoko alderdi hauek sartu behar dituztela:

_Irati ibaiarekiko gurutzegunean kondukzio gidatua egiteko behar diren plataformak ibaitik eta haren inguruko landareditik ahalik eta urrutien paratuko dira, eta bukatzean, ukitutako eremua lehen zegoen bezala utziko da.

_Ukitutako eremu guztiak lehengoratu eginen dira, eta horretarako gramineoak eta lekadunak ereinen dira; bestalde, zortasun iraunkorra ez duten eremuetan ondoko espezieak jarriko dira: Populus nigra, Alnus glutinosa, Fraxinus angustifolia, Salix alba, Prunus spinosa edo antzekoak.

3. Lanen fasean eta lur beltzen mugimenduak egiten diren bitartean, jarraipen arkeologiko bat egin beharko da katalogatu gabe dagoen kultur ondareari kalterik ez egiteko; horretarako, lanak kontrolatzeko behar diren arkeologia arloko teknikariak egonen dira lanak egiten diren tokian. Kultura Zuzendaritza Nagusiak jarraipen hori egiteko baimen administratiboa eman beharko du.

Altxonbideak ukitzen dituzten lanak Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz eginen dira. Nolanahi ere, gas-hodiak altxonbideak gurutzatzen dituen tarte osoan, hala nola gas-hodiaren gainetik doazen bide-tarteetan, ez da altxonbide eta bideak erabiltzeko traba jar lezakeen inolako elementurik nabarmenduko. Gainera, tarte horiek lehengoratu eginen dira gas-hodia paratu ondoren.

4. Espedienteari buruzko behin betiko ebazpena ematen denan, kontuan hartuko da gas-hodiaren eta Iruña-Jaca-Huesca Autobiaren trazaduraren arteko gurutzeguneari buruz Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eskatutako txostena.

Orobat, gas-hodiaren eta N-240 errepidearen arteko gurutzegunearen lanak, hala nola haren eraginpeko eremuan egiten den beste edozein lan egiteko, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren baimena beharko da.

5. Espedientea, hilabeteko epean, aldi berean jendaurrean eta proiektuak mugapea ukitzen dien udalen entzunaldian jartzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak agintzen duena betetzeko eta Ingurumenaren gaineko Ebaluazio Estrategikoa egiteko.

Hartarako, espedientea interesatuen eskura egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Armadaren etorbidea, 2 - 2. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta, behar diren ondorioak izan ditzan, honakooi jakinaraztea: Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Irunberri eta Ledeako Udalei eta Gas Natural Distribución SDG, S.A.ri.

Iruñean, 2006ko urtarrilaren 9an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0600522