12. ALDIZKARIA - 2006ko urtarrilaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2006ko urtarrilaren 9koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "N-121-A errepidearen trazadura berria. Tartea: Bera-Endarlatsa" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onesten duena.

I._Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak, 2003ko uztailaren 13an egindako bilkuran erabaki zuen "N-121-A errepidearen trazadura berria. Tartea: Bera-Endarlatsa" izeneko azterketa informatiboa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea. Horrekin batera, espedientea jendaurrean jartzea erabaki zen eta, aldi berean, proiektaturiko trazaduraren eraginpean dauden toki entitateei entzunaldia ematea, eta, orobat, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedurari hasiera ematea ere.

Espedientearen xedea N-121-A errepidea handitu eta hobetzea da Berako egungo saihesbidearen eta Endarlatsako zubiaren artean dagoen tartean. Dena dela, lanak Gipuzkoa arte luzatzea aurreikusita eta proiektatuta dago, Erdarlatsako zubiak dakartzan zailtasunak saihesteko, horren ordez bidezubi bat eginez.

Aztertu diren trazadura guztiek bide-tarte hori errepide arrunten ezaugarrietara egokitzea zuten helburu, orduko 80 km-ko abiadura espezifikoa izateko, eta plataforman 3 errei jartzea, bakoitza 3,50 metro zabal _horietatik 2 norabide batean_ eta 1,50 metroko bazterbideak, tarte horretan autoak aurreratzeko aukera ahalik eta handiena izan dadin; tuneletako azpitarteetan, berriz, 2 errei baino ez dira izanen, norabide bakoitzean bat. Bost alternatiba ikertu eta garatu dira eta, horiez gainera, baita "0 alternatiba" ere, hots, oraingo errepidea mantentzea eta, toki batzuetan, zenbait hobekuntza egitea, obra eta inbertsio ekonomiko handirik egin gabe. "0 alternatiba" hori baztertu egin da, uste baita horren bidez ez dela bidea nahi bezala hobetzen, abiaburuko baldintzen arabera.

Azterlanean, irizpide askotako azterketa eta sentsibilitate azterketa egin ondoren, ondorioztatu da alternatibarik egokiena ingurumenaren, ekonomiaren eta funtzionaltasunaren ikuspuntutik A-3 izenekoa dela. Bidasoa ibaiaren eskuinaldetik doa _oraingo galtzada ahal den neurrian aprobetxatuz_, erdialdeko tartean izan ezik (non ibaiak 90 graduko angelua duen); toki horretan errepidearen bihurguneari erradio egokia eman behar zaionez, ezinbestekoa da ibaia tarte horretan bi puntutan gurutzatzea. Hori hautatuta ahalik eta gehien aprobetxatzen da N-121-A errepidea, bai eta oraingo bideen lur-berdinketak ere, eta bigarren kasu horretan gutxitu egiten da trafikoan izanen duen eragina; ez dago tunela egin beharrik, beste alternatibetan ez bezala, eta hori eraikuntza kostuarentzako mesede da; bideak tarte guztian izanen duen funtzionaltasuna mantentzen da, hiru erreitako sekzio eten gabea ahalbidetzen baitu; eta etorkizuneko "bide berdea" (Bidasoako lehengo burdinbidea) ukitzen ez duen alternatiba bakarra da, nahiz eta azpiegitura berria ikusi, ikusiko den.

II._Aurkeztutako alegazioak.

Erabaki hori 2003ko abuztuaren 27ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen (109. zk.). 2003ko urriaren 17an Berako Udalak egindako alegazio idazkia aurkeztu zen Herri Lan Departamentuan. Hona hemen haren edukia laburtuta eta emandako erantzuna.

Edukia:

1. Gaur egungo Endarlatsako zubia zein estua den ikusita, obra proiektuan Erdarlatsako zubia egitea sartzea.

2. Zalainzarko industrialderako sarbidea kontuan har dezatela.

3. Sarrallaerrekarako sarbidea kontuan har dezatela.

Erantzuna:

1.ari: N-121-A errepidea Bera eta Endarlatsa artean hobetzeko aukeratu den alternatiba gauzatuko duen eraikuntza proiektuaren lehenengo fasean Nafarroako Foru Komunitatearen lurren barrenean eginen diren proiektuko exekuzio obrak zehaztuko dira, bukatutakoan zerbitzu publikoaren esku utziko den obra oso bat hain zuzen; eta bigarren fasean, errepidearen hobekuntzari Gipuzkoako lurraldean zein jarraipen eman aztertuko da, lehenengo fasean eraikitakoarekin bateragarria izan dadin. Bigarren fase honetan, hortaz, ez da eraikuntza lanik eginen.

Zubiak beste proiektu bat izanen du. Horri dagokionez, alferrik da proiektu hori UPSa aldatzeko espediente baten edo IEA baten mendean jartzea.

2.ari: Eraikuntza proiektuan azpiko pasabide bat aurreikusiko da Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren agiri osagarrian azaldu bezala. Pasabide horri esker, batetik, Irun-Bera norabidean doazen autoek itzulia egiteko aukera izanen dute eta, bestetik, errepidea aurreikusitako industrialdeko bideekin lotzea ahalbidetuko da, bai eta eskuinaldean dagoen nekazaritza nabean sartu-ateratzea ere.

3.ari: Eraikuntza proiektuan Sarrallako bidea errepide berriarekin nola lotu aztertuko da.

III._Proposatzen den alternatiba.

Alternatiben azterlaneko ondorioekin eta orain arte adierazitakoarekin bat, 3. alternatiba hartzea proposatzen da, alegazioei ermandako erantzunetan proposatutako obrak eginez.

IV._Aipatutako erabakian Nafarroako Gobernuak ezarri dituen zehaztapenak.

Idatz-zati honetan kasuan kasuko zehaztapenaren berri ematen da, bakoitzaren edukia azalduz.

A) "Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea ezen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana egin aurretik, erabaki honen azalpen zatiko V. atalean ("Ingurumenaren gaineko gogoeta") azaltzen diren gaiak garatu beharko dituela."

Zehaztapen horrek agintzen zuen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana egin aurretik ingurumen arloko erabaki batzuk hartu behar zirela. Horri dagokionez, adierazi behar da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren azaroaren 18ko 579/2005 Foru Aginduaren bidez, "N-121-A errepidea. Tartea: Bera-Endarlatsa" izeneko proiektuari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena egin dela, non bildu baitira besteak beste, adierazpenaren ondorioz eraikuntza proiektuan jaso beharreko neurriak.

B) "Ondare historikoaren babesari dagokionez, erabaki honen azalpen zatian aipatzen diren txosten teknikoetan agertzen diren jarduketa eta neurrien arabera jokatuko da".

Erabakiaren azalpen zatian, Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Arkeologikoaren Bulegoko lehengo buruak 2002ko abenduaren 9an egindako txosten bat aipatzen da, inguru horretan dagoen ondare arkeologikoaren babesari buruzkoa. Nafarroako Museo Etnologikoko etnologo batek prestatutako bi txosten ere aipatzen dira, 2002ko abenduaren 18an eta 2003ko urtarrilaren 29an eginak, lehenbizikoa interes etnografikoa duten zenbait ondasun higiezinen babesari buruzkoa, eta bigarrena Endarlatsako Guduaren oroigarriari buruzkoa, non besteak beste hura desmuntatu eta birkokatzeko neurriak ematen baitira, obren ondorioz oroigarria kendu beharko litzatekeela aurreikusten baitzen.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu den alegazioa ebaztea erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. "N-121-A errepidearen trazadura berria. Tartea: Bera-Endarlatsa", izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onestea, 3. alternatibaren arabera, eta bai, halaber, alegazioari emandako erantzunean proposatutako obrak ere.

3. Ondare historikoaren babesari dagokionez, erabaki honen azalpen zatian aipatzen diren txosten teknikoetan agertzen diren jarduketa eta neurrien arabera jokatuko da.

Nolanahi ere, obrak egitearen ondorioz ukiturik gerta litezkeen edo obra baldintza lezaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileek behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herri Lanen, Kultur Ondarearen eta Ingurumenaren zuzendaritza nagusietara igortzea.

5. Erabaki hau Berako eta Lesakako udalei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa agortzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2006ko urtarrilaren 9an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0600521