12. ALDIZKARIA - 2006ko urtarrilaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

1/2006 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 9koa, bi foru dekretu hauek aldatzen dituena: ekainaren 12ko 124/1987 Foru Dekretua, entitateen errolda arautzen duena, eta uztailaren 31ko 182/1990 Foru Dekretua, identifikazio fiskaleko zenbakia arautzen duena.

Foru dekretu honen 1. artikuluak zenbait manu aldatzen ditu entitateen errolda arautzen duen ekainaren 12ko 124/1987 Foru Dekretuan, eta horren helburua da pertsona juridikoen eta entitateen identifikazio kodea helbide fiskala Nafarroan dutenei esleitzea, Estatuarekin egindako Hitzarmen Ekonomikoaren 46.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Bestalde, 10. artikuluaren edukia egokitu egin da, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 20eko 24/1996 Foru Legearen 75. artikuluan ezarritakoaren arabera, entitateen erroldan behin-behineko baja emateari dagokionean.

2. artikuluak identifikazio fiskaleko zenbakia arautzen duen uztailaren 31ko 182/1990 Foru Dekretuaren 7. artikulua aldatzen du, izan ere, iruzurraren kontrako borrokaren esparruan, pertsona juridikoei eta entitateei esleitutako Identifikazio Fiskaleko Zenbakia baliogabetzeko aukera ezarri nahi da, tributu arloko administrazioari jardueren edo helbideen gainean aldez aurretik ematen zaizkion datuak egiazkoak edo zuzenak ez direla frogatzen den kasuetarako.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko azaroaren 29ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Entitateen errolda arautzen duen ekainaren 12ko 124/1987 Foru Dekretua aldatzea.

Entitateen errolda arautzen duen ekainaren 12ko 124/1987 Foru Dekretuaren ondoko artikuluak honela idatzita agertuko dira:

Bat._1. artikulua.

"1. artikulua. Pertsona juridiko eta entitate publiko edo pribatu guztiek, helbide fiskala Nafarroan badute, beren forma edo jarduera edozein dela, irabazi asmorik izan ala ez, eta administrazio publikoekin nolabaiteko harremana izan behar badute, idenfikazio fiskaleko kode bat izanen dute."

Bi._3.2 artikulua.

"2. Entitatearen helbide fiskala, eratzen den unean, Foru Komunitatean dagoenean, "31" karakterea."

Hiru._5.d artikulua.

"d) Helbidea fiskala, eta".

Lau._6. artikulua.

"6. artikulua. Helbide fiskala Nafarroatik kanpo duten sozietateek eta gainerako entitateek Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eskatu beharko diote identifikazio kodea esleitzeko eta dagokion txartela emateko.

Sozietateak edo entitateak legearen arabera eratu edo helbide fiskala Nafarroan jarri ondoko hogeita hamar eguneko epean aurkeztu beharko da eskaera.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariak lankidetza hitzarmenak sina ditzake administrazio publikoekin, entitateekin, instituzio eta erakundeekin, horietan egin daitezen identifikazio kodeak esleitzeko eta identifikazio txartelak emateko eskaerak."

Bost._10. artikulua.

"10. artikulua. 1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, interesatuei entzunaldia eman ondoren, entitateen erroldan baja behin-behinekoz emanen du kasu hauetan:

a) Entitateak Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga zorrak dituenean eta horiek hutsegindakotzat deklaratzen direnean, arlo horretako xedapenen arabera.

b) Entitateak elkarren segidako hiru zerga alditako Sozietateen gaineko Zergaren aitorpena aurkezten ez duenean, nahiz eta aurkeztu beharra izan.

2. Entitateen erroldan behin-behineko baja emateko erabakia dagokion Erregistro Publikoari jakinaraziko zaio, kasuan kasuko entitateari irekitako orrian bazterreko ohar bat jar dezan; horrela adieraziko du aurrerantzean hari buruzko inskripziorik egiterik ez dela izanen, harik eta entitateen erroldan altako ziurtagiria aurkeztu arte."

2. artikulua. Identifikazio Fiskaleko Zenbakia erregulatzeari buruzko uztailaren 31ko 182/1990 Foru Dekretua aldatzea.

Identifikazio fiskaleko zenbakia arautzen duen uztailaren 31ko 182/1990 Foru Dekretuaren 7. artikulua honela idatzita agertuko da:

"7. artikulua. Identifikazio fiskaleko zenbakiaren esleipena zerga-obligazioa duenak edo haren legezko ordezkariak halaxe eskatuta.

Zergei lotuak izan edo haiekin zerikusia duten harreman juridikoen titular izan nahi dutenek, aipatu harremanetarako identifikazio pertsonalaren zati bat identifikazio fiskaleko zenbakia baldin bada eta horrelakorik oraindik ez badute, horixe eslei dakiela eskatu beharko dute Ekonomia eta Ogasun Departamentuan. Bereziki:

a) Enpresaburu edo profesionalek beren jardueretan hasi baino lehen eskatu beharko dute identifikazio fiskaleko zenbakia.

b) Pertsona juridikoek eta entitateek beren eraketaren datatik hasita hurrengo hogeita hamar eguneko epearen barrenean eskatu beharko dute identifikazio fiskaleko zenbakia. Esleitzen den identifikazio fiskaleko zenbakia behin-behinekoa izanen da entitateak ondoko dokumentu hauek bidaltzen dituen arte: entitatearen eraketa frogatzen duen eskrituraren edo dokumentuaren kopia, baita sozietatearen estatutuena ere, eta halakorik behar balitz, erregistro publikoren bateko inskripzioaren ziurtagiria. Zenbakia eratze prozesuan dauden pertsona juridikoei edo entitateei esleitzen ahalko zaie.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egiaztatu ahalko du pertsona juridikoek edo entitateek identifikazio fiskaleko zenbaki behin-behineko edo behin betikoa esleitzeko eskaeretan ematen dituzten datuak egiazkoak eta zuzenak diren eta, bereziki, deklaratzen duten jarduera edo xedea baden eta esandako helbidean garatzen den, bai eta egoera horiek mantentzen diren ere. Egiaztapen horretan ikusten bada datuak ez direla egiazkoak edo zuzenak edo aipatutako egoerak ez direla betetzen, Departamentu horrek, interesatuei entzunaldia eman eta gero, zilegi izanen du pertsona juridiko edo entitate horiek esleitutako identifikazio fiskaleko zenbakia baliogabetzea eta, hala denean, beharrezko neurriak hartzea zenbakia behar ez bezala erabiltzea galarazteko."

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko urtarrilaren 9an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0600526