113. ALDIZKARIA - 2006ko irailaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

647/2006 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Iruñeko "Fomento de Construcciones y Contratas, S.A" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 78/2006).

Ikusirik Iruñeko "Fomento de Construcciones y Contratas, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 78/2006).

Gertakariak:

1. Departamentu honetan 2006ko uztailaren 5ean sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 52 artikuluz, xedapen gehigarri batez eta eranskin batez (2006ko lansarien taula) osatua, enpresaren ordezkariek eta enpresa batzordeak (UGT, LAB, CC.OO., ATSU eta ELA-STV) 2006ko ekainaren 22an izenpetu eta onetsia.

2. Espediente honen izapideak egitean, aplikatu beharreko lege eta erregelamenduen manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak.

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala eta Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, baita irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. Tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko "Fomento de Construcciones y Contratas, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboa (kodea: 3108571) erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen hau Hitzarmenen Erregistrora bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2006ko abuztuaren 4an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

FOMENTO DE CONSTRUCCIONES Y CONTRATAS, S.A ENPRESAREN ETA IRUÑEKO (NAFARROA) HIRIAREN GARBIKETA PUBLIKOAREN ZERBITZUAN DIHARDUTEN LANGILEEN ARTEKO HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Hitzarmen kolektibo honek Fomento de Construcciones y Contratas, S.A. enpresaren eta Iruñeko (Nafarroa) hiriaren garbiketa publikoaren zerbitzuan diharduten langileen arteko lan harremanak arautuko ditu.

2. artikulua. Indarraldia eta luzapena.

Hitzarmen honek bi urteko indarraldia izanen du: 2006 eta 2007.

Hitzarmenak sinatzen den egunean hartuko du indarra. Edonola ere, 2006. urterako itundutako ondorio ekonomikoek urte horretako urtarrilaren 1etik hasita izanen dute indarra, hitzarmena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean noiz argitaratzen den kontuan hartu gabe.

Besterik gabe amaitutzat joko da 2007ko urriaren 1etik aitzina, eta egun horretatik has daiteke 2008. urterako hitzarmena negoziatzen.

3. artikulua. Hitzarmenaren batasuna.

Itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta aplikazio praktikoaren ondorioetarako denak batean eta osorik hartuko dira, betiere langile bakoitza bere kategorian aipatuz. Hitzarmen hau guztiz baliogabe geldituko litzateke eta inolako eraginik gabe, erakunde eskudunek klausularen bat aplikaezina dela deklaratu edo inpugnatuko balute.

Hitzarmena onetsi eta sinatu da prestazioak eta kontraprestazioak beren osotasunean hartuta, bai eta bere testu artikulatuan ezarritako baldintza guztiak kontuan hartuta ere.

4. artikulua. Irenspena eta konpentsazioa.

Itundutako baldintzak osorik konpentsatzen ahal dira lehendik ezarritako baldintzekin, ondokoek aginduta: legeak, jurisprudentziak, administrazioarekiko auzien arloak, era guztietako hitzarmen kolektiboek, banakako kontratuek, tokiko, eskualdeko, autonomia erkidegoetako usadio eta ohiturek edo bestelako aginduek.

Geroan ordainsari guztietan edo batzuetan aldaketak sortuko dituzten xedapenek eraginkortasun praktikoa izanen dute baldin eta, osorik hartuz eta hitzarmenaren aurretik izandako loturekin batuz, honen mailatik goitikoak badira; horrela ez bada irentsitzat joko dira.

5. artikulua. Berme pertsonalak.

Kobrantzaren ikuspegitik eta osotasunean hartuta, urteko konputuan hitzarmen kolektibo honetan finkatutakoak baino hobeak diren egoera pertsonalak "ad personam" berme gisa errespetatuko dira.

6. artikulua. Interpretaziorako eta jarraipenerako batzorde paritarioa.

A._Hitzarmenaren batzorde paritarioa hitzarmenaren aplikazioan interpretazio, adiskidetze, arbitraje eta zaintzarako organoa izanen da.

B._Batzordea enpresako ordezkariek eta enpresa batzordeko ordezkariek osatuko dute, erdi eta erdi. Langileriaren ordezkarien aldetik enpresa batzordean ordezkaritza duten sindikatuek kide bana izaten ahalko dute. Alderdi bakoitzak, gehienez ere, hiru ordezkari izanen ditu. Denek hitzarmen kolektibo honen negoziazio batzordeko kide eta sinatzaile izan beharko dute.

C._Alderdiek erabaki dute batzorde horrek aztertuko dituela hitzarmen kolektibo hau interpretatu edo aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo desadostasunak, administrazioarekiko auzien salan edo administrazioan erreklamazioa aurkeztu aurretik eta gatazka kolektibora edo grebara jo baino lehen.

D._Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Hitzarmen kolektiboaren klausula guztien aplikazioa interpretatzea.

b) Itundutakoa betetzen den zaintzea.

c) Hitzarmen honek indarra hartu ondoren emandako legezko xedapen berriak aztertu eta baloratzea, hitzarmenaren edukian eraginik izan badezakete.

d) Hitzarmen kolektiboaren eraginkortasun praktikoa hobetzen duten beste jarduera guztiak, testuan horrela ezarria badago.

e) Erabakiak hartzeko batzorde paritarioaren ordezkaritza bakoitzeko kideen gehiengoaren aldeko botoa beharko da.

f) Batzorde paritarioa alderdietako edozeinek eskatuta bilduko da, ados jarrita non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den, edonola ere eskaera egin eta hamar eguneko epean.

7. artikulua. Arau subsidiarioak.

Hitzarmen kolektibo honetan xedatu ez den orotan Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Garbiketa Publikoa, Kaleen Garbiketa, Ureztaketa, Hondakinen Bilketa, Tratamendua eta Ezabaketa eta Estolderiaren Garbiketa eta Kontserbazioa biltzen dituen Sektorerako Hitzarmen Orokorrean eta gainerako legezko xedapenetan xedatutakoari ere.

8. artikulua. Lanaren antolaketa.

Lanaren antolaketa praktikoa enpresako zuzendaritzari dagokio, ez beste inori. Hori dela eta, enpresak zerbitzuaren jardun onerako metodo eta prozedura egokienak ezartzeko ahalmena du, baina hala ere, langileek ez dute horregatik beren lanbide prestakuntzan kalterik jasanen, ez eta beren zeregina utziaraziko liekeen eginbeharrik izanen ere.

Enpresa batzordeari entzutea emanen zaio Langileen Estatutuaren 64. artikuluari eta harekin bat heldu diren arauei jarraikiz.

9. artikulua. Titulartasun aldaketa.

Hitzarmen honi loturiko kontrataren titulartasun aldaketak berekin dakar esleipen-hartzaile berriaren aldetiko subrogazioa, Garbiketa Publikoa, Kaleen Garbiketa, Ureztaketa, Hondakinen Bilketa, Tratamendua eta Ezabaketa eta Estolderiaren Garbiketa eta Kontserbazioa biltzen dituen Sektorerako Hitzarmen Orokorraren "Langileriaren subrogazioa" izenburuko XI. kapituluan espresuki adierazi bezala ("Estatuko Aldizkari Ofiziala", 1996ko martxoaren 7koa).

II. KAPITULUA

Lan baldintzak

10. artikulua. Lanaldia.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek astean 37 orduko lanaldia izanen dute, astelehenetik larunbatera, egunean 6 ordu eta 10 minutu. Eguneko lanaldian 20 minutuko atsedenaldia izanen dute ogitarterako, ondorio guztietarako lan egindakotzat hartuko dena.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek zortzi eguneko baimen ordaindua izanen dute, larunbatetan hartzeko urte guztian zehar, udako oporraldian izan ezik.

Abenduaren 24an eta 31n lanaldia ohi baino ordubete lehenago bukatuko da.

Horrenbestez, urteko lanaldiak 1.603 ordu eta 20 minutu izanen ditu.

Lanaldia nola banatu enpresak erabakiko du, agindutako zerbitzu publikoa hobeki emate aldera.

Lana igandeetan ere egitea eskatzen duten kontratazio berrietan, lanaldia astelehenetik igandera izanen dute horretarako propio kontratatutako langile berriek.

2007. urterako, Udalarekin ados jarriz gero eta baldintzen agirian ezarritakoa betetzen bada, egutegi esperimental bat prestatuko da eta, bertan, hostoak erortzen diren hilabeteak lanaldi irregularrekoak izanen lirateke eta larunbatetako gehiegizko lanaldiaren konpentsazioa ezarriko litzateke egutegi bidez.

11. artikulua. Oporrak.

Urtean 30 laneguneko opor ordainduak izanen dituzte urtebeteko zerbitzualdia eman duten langile guztiek eta proportziozko partea, berriz, baldintza hori betetzen ez dutenek. Larunbatak lanegun osoak bezala kontatuko dira.

"Oporrak" izeneko I. eranskineko lansarien taularen arabera ordainduko dira, eta kasu bakoitzari dagokion antzinatasuna gehituko da.

Langilea ospitaleratzen badute oporraldia eten eginen da, harik eta medikuaren alta hartzen duen arte.

Langileak enpresan duen antzinatasuneko hirurteko bakoitzeko opor egun bat gehiago emanen da urtean.

Hirurtekoengatiko egun horiek langileek beren nahierara hartuko dituzte, ondoren ezarriko diren mugen barnean: 11 baino gehiago ez izatea eta eskabidea hartu nahi den eguna baino 7 lanegun lehenago gutxienez aurkeztea, eta "zubien" kasuetan 15 egun lehenago. Gehieneko langile kopurura iristen ez badira, "zubiak" hartzeko eskabidea 4 lanegun lehenago aurkez daiteke. Epe horretan egiten diren eskaerak dauden aukerak baino gehiago badira, zozketa eginen da eskaera berrien artean.

Eskaera gehiegi izateagatik zozketa egin behar izanez gero, zazpi lanegun lehenago eginen da eta "zubien" kasuan 15 egun lehenago.

"Zubien" kasuan ezin izanen dute 15 langilek baino gehiagok jai hartu. Hamabost horietan ez dira kontatuko aldi bateko ezintasunagatiko absentziak, hitzarmenaren 14. artikuluko lizentziak, oporrak eta larunbatak.

"Zubiak" bi jaiegunen artean (igande, jaiegun, herriko festa) dauden lanegunak dira.

Hirurtekoari dagokion eguna hartzeko eskaera egin eta egun hori hartu baino lehenago lizentzia egoera bat sortzen bada, hirurtekoaren eguna bertan behera uzten ahalko da aurretik jakinarazten bada.

Udako oporraldia bi txandatan hartuko dute langileek, plantillaren erdiak lehenengo eta beste erdiak hurrengo, kategoriak kontuan hartuta eta uztailean eta abuztuan, txanda bakoitzak 23 laneguneko oporrak izanik.

Gelditzen diren zazpi opor egunak udatik kanpora hartuko dira txanda berdinetan eta kategorien arabera. Egun horietarako egutegi bat prestatuko da.

Oporren garaian, lanpostuak langile kontratudunek beteko dituzte.

Oporren egutegiak enpresaren eta enpresa batzordearen artean prestatuko dituzte eta oporraldia baino bi hilabete lehenago jarriko dira ikusgai.

12. artikulua. Ordutegiak.

Lantokiko ordutegiak enpresak finkatuko ditu, zerbitzu beharrak kontuan hartuta, zerbitzua adjudikatu duen entitateak xedatutakoari erantzunez.

Lan txanda bakoitzaren ordutegiak urtero urtarrilean jarriko dira ikusgai lantoki guztietan.

Abenduan ahal izanez gero, jaiegunen egutegi ofiziala argitaratu ondotik, enpresak eta enpresa batzordeak batera prestatuko dute hurrengo urteko lan egutegia eta ondoren ikusgai jarriko lantoki guztietan.

13. artikulua. Baimenak.

Enpresak, ondoren adierazten diren mugekin, ordaindu gabeko baimenak emanen dizkie hala eskatzen duten langileei, urtean 20 egun bitarte, baina 7 lanegun lehenago gutxienez eskatuta eta 15 lanegun lehenago "zubien" kasuan, baldin eta ez badute egun berean 10 pertsonak baino gehiagok eskatzen. Gehieneko langile kopurura iristen ez badira, "zubiak" hartzeko eskabidea 4 lanegun lehenago egin daiteke. Epe horretan egiten diren eskaerak dauden aukerak baino gehiago badira, zozketa eginen da eskaera berrien artean.

Eskaera gehiegi izateagatik zozketa egin beharra izanez gero, hirurtekoari dagozkion egunetarako erabiltzen den prozesu berari segituko zaio.

"Zubien" kasuan ezin izanen dute 15 langilek baino gehiagok jai hartu. Hamabost egun horietan ez dira kontatuko aldi bateko ezintasunagatiko absentziak, hitzarmenaren 14. artikuluko lizentziak, oporrak eta larunbatak.

"Zubiak" bi jaiegunen artean (igande, jaiegun, herriko festa) dauden lanegunak dira.

Baimen horien kontrolerako dietario bat finkatuko da, Landabenen gordeko dena.

Dietario hori enpresa batzordearen eskura egonen da, eskatzen duenerako.

Baimen egun bat hartzeko eskaera egin eta egun hori hartu baino lehenago lizentzia egoera bat sortzen bada, hirurtekoaren eguna bertan behera uzten ahalko da aurretik jakinarazten bada.

14. artikulua. Lizentzia ordainduak.

Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek lizentzia hauek izan ditzakete, justifikatu ondoren:

1._Ezkontza: hogei egun natural.

2._Emaztearen edo bikotekidearen erditzea: hiru egun natural; zazpi egun naturalera luza daiteke eritasun larriagatik edo zesarea egin diotelako; egun horiek erditze egunetik hasita edo ospitalean alta eman ondoren hartuko dira.

3._Emaztearen edo bikotekidearen, gurasoen, aita-amaginarreben, seme-alaben, suhi-errainen eta langilearen anai-arreben eta koinata-koinatuen operazio kirurgikoa: lau egun natural Nafarroan egiten bada eta bost beste probintzia batean eginez gero.

4._Langilearen edo haren emaztearen nahiz bikotekidearen aiton-amonen edo biloben operazio kirurgikoa edo heriotza: bi egun natural Nafarroan izaten bada eta hiru Nafarroatik kanpora gertatuz gero.

5._Langilearen edo haren emaztearen nahiz bikotekidearen aita, ama, seme-alaba eta anai-arreben ezkontza: egun natural bat.

6._Emaztearen edo bikotekidearen, gurasoen, aita-amaginarreben eta langilearen edo haren emaztearen nahiz bikotekidearen seme-alaben ospitalizazioa: lau egun natural Nafarroan izaten bada eta 5 Nafarroatik kanpora gertatuz gero, baldin eta ospitalizazioa lau egunekoa edo gehiagokoa bada; ospitalizazioa laburragoa izanez gero, hark dirauena.

7._Emaztearen edo bikotekidearen heriotza, bai eta seme-alabena ere: zazpi egun natural.

Langilearen edo emaztearen nahiz bikotekidearen gurasoen, aita-amaginarreben, suhi-errainen eta anai-arreben eta koinata-koinatuen heriotza: lau egun natural, Nafarroan izaten bada eta bost egun natural Nafarroatik kanpora gertatuz gero.

8._Langilearen osaba-izeba propioen heriotza: egun natural bat Nafarroan izaten bada, eta bi egun natural Nafarroatik kanpora izanez gero.

9._Gidatzeko B, C eta E motako baimena lortu edo berritzeko, probak egiteko behar duten gutxieneko denborarako baimena emanen zaie enpresako lanerako beharrezkoa duten langile guztiei.

10._Ohiko bizilekua aldatzeko: egun natural bat.

Artikulu honetan bildu ez den orotan, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Lizentziak kategoria bakoitzaren egiazko soldataren arabera ordainduko dira.

III. KAPITULUA

Baldintza ekonomikoak

15. artikulua. Ordainsariak.

Langile bakoitzaren ordainsaria honela osatuko da: hitzarmen kolektiboaren oinarrizko soldata gehi lansarien tauletan ezartzen den jarduera, maila eta kategoria bakoitzerako osagarriak, ondorengo artikuluetan adierazten direnekin lotuta. Kontzeptu horien zenbatekoak artikulu hauetan eta lansarien taulen eranskinean ageri dira, eta esleitutako balioa ulertu behar da kontzeptu bakoitzaren gaineko itun gisa, hitzarmen kolektibo honen negoziazio ekonomiko oso eta bateratuaren barnean.

16. artikulua. Oinarrizko soldata.

Hitzarmen honen eraginpeko langileen oinarrizko soldata maila eta kategoria bakoitzarentzat 1. eranskinean ezarritakoa da. Egun natural bakoitzeko sorraraziko da, oporraldia salbuetsita.

17. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasunaren osagarriak bi hirurtekoren balioa izanen du, kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren %7koa, eta ondoren bosturtekoak izanen dira, kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren %10ekoak. Horietako bakoitza aurrekoa betetzen denetik aitzina hasiko da kontatzen.

18. artikulua. Neke, arrisku eta toxikotasunaren plusa.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek, lanpostuen ezaugarrien arabera, zeinak plus honen bidez konpentsatzen baitira, I. eranskineko tauletan ageri den diru kopurua kobratuko dute.

Plus hori funtzionala da eta benetan lan egindako egun bakoitzeko sorraraziko da, baina ez da kontatuko igandeak kalkulatzeko ez eta aparteko eskersarietan ere, horrela itundu baita berariaz.

Benetan lan eginiko egun bakoitzari dagokion diru kopurua, tauletan ageri dena, ez da finkatuko, diru kopuru hori lanpostuekin eta hitzarmen kolektiboaren baldintza ekonomikoak orokorrak eta bakarrak izatearekin loturik baitago.

19. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

22:00etatik 6:00etara lan egiten duten langileek osagarri bat kobratuko dute, I. eranskinean ageri dena, gauez eta ordutegi horren barnean benetan lan egindako egun bakoitzeko.

Plus hori funtzionala da eta ez da finkagarria izanen, zeina ez baita kobratuko ordutegi edo txanda aldaketarik izanez gero. Benetan lan egindako egun bakoitzeko espresuki itundutako diru kopurua, tauletan ageri dena, ez da finkagarria izanen, diru kopuru hori lanpostuen ordutegiarekin eta hitzarmen kolektiboaren baldintza ekonomikoak orokorrak eta bakarrak izatearekin loturik baitago.

Osagarri hori aipatu aldian lan egindako denboraren proportzioan kobratuko da.

Izaera funtzionala eta ez finkagarria duelako, gaueko txandako langileek ordu aldaketak egin beharra dutenean, epe laburragatik noizbehinkakoak kalifika daitezkeenak, enpresa saiatuko da ordu aldaketok euren borondatez eskatu duten enplegatuek egin ditzaten. Halakoetan, egun horietako gaueko lanaren plusa emanen zaie.

20. artikulua. Hitzarmenaren plusa.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek osagarri honengatik plus bana kobratuko dute, eranskineko tauletan kategoria bakoitzerako ezarritakoa.

Plus hori benetan lan egindako egun bakoitzeko sorraraziko da, baina ez da kontatuko igandeak kalkulatzeko ez eta aparteko eskersarietan ere, horrela itundu baita berariaz.

21. artikulua. Jaiegunetako lana.

Jaiegunetan lan egin behar duten langile guztiek I. eranskineko lansarien tauletan "Jaiegunetako ordainsaria" izenburupean ezarritako kopurua jasoko dute benetan lan egindako egun bakoitzeko. Zenbateko horri, langileak egun horretarako berariaz itundutako prezioa osatzeko, oinarrizko soldata eta dagozkion plusak gehituko zaizkio, guztiak egun bakar bati buruzkoak. Zerbitzua ematen ez den jaiegunetan oinarrizko soldata, antzinatasuna eta aipatu plusak ordainduko dira.

Zerbitzua ematerakoan lehentasun hauek izanen dira:

1. Langile boluntarioak.

2. Langile kontratudunak.

3. Behar diren lanpostuak betetzen ez badira, enpresaren eta batzordearen artean gainerako langileez itundutako koadrantera joko da.

Jaiegun izanen dira indarra duen legerian orokorrean adostutako festak, lan egutegiaren arabera, bai eta herriko festak eta San Martín de Porresen eguna, jardueraren zaindaria baita.

Jaiegun hori igandean izanez gero, astelehenera pasatuko da.

22. artikulua. Igandeko lana.

Kale garbiketan diharduten langileei, zerbitzu beharrak direla eta, astegunez gainera igandean ere lan egin behar badute, horren ordainetan bi laneguneko atsedena emanen zaie lan egindako igande bakoitzeko. Egun horiek hartzeko koadro batzuk ezarriko dira, zerbitzu beharrak kontuan hartuta eta enpresa batzordearekin ados jarrita. Bi egun horien ordainsaria hau izanen da: oinarrizko soldata eta tokatzen diren plusak.

Lanaldiaren barnean zerbitzu ematen den igande bakoitzeko, zerbitzuko bereko langileek edo igandeetan lan egiteko propio kontratatutakoek oinarrizko soldata, eguneko plusak eta antzinatasuna kobratuko dituzte, gehi igandeko plusa, I. eranskineko tauletan ezarritako zenbatekoaren arabera.

Zerbitzuak igandean emateko, txandak jarriko dira garbiketa zerbitzuko langile guztientzat.

23. artikulua. Pizgarriak lan bereziengatik.

Tauletan zehazten den zenbatekoa kobratuko da benetan lan egindako egun bakoitzeko, lan hauetan:

A._Peoi kategoriako langileak, bere lanaldian honelako ibilgailuren bat gidatzen badu: motogurdia, kutxa, Piaggio-a, trizikloa, bizikleta edo antzeko ibilgailua edo "Applied" motako xurgagailu mekanikoa.

B._2. mailako mekanikari ofizialak, benetan lan egindako egun bakoitzeko.

C._Peoi kategoriako langileak, lanaldia "makinista" lanetan ematen badu.

Plus horiek benetan lan egindako egun bakoitzeko sorraraziko dira, baina ez dira kontatuko igandeak kalkulatzeko ez eta aparteko eskersarietan ere, horrela itundu baita berariaz.

D._1. mailako gidari ofizialaren kategoria duen langileak, kale garbiketaren zerbitzuan ari bada, tauletan ageri den kopurua jasoko du benetan lan egindako egun bakoitzeko. Plus horren bidez konpentsatuko dira ohiz kanpoko egoerengatik lanaldiak 25 minutu bitarte izaten ahal dituen luzapenak, zerbitzuetako buruaren eta batzorde paritarioko langileen ordezkarietako baten artean ezarritakoaren arabera.

24. artikulua. Sanferminetako lana.

Kontratu mugagabea edo obra nahiz zerbitzu baterako kontratua duten langile guztiek, udaldirako edo bereziki Sanferminetarako kontratatzen direnak izan ezik, Sanferminetako egun guztietan lan egiten badute (zerbitzu bereziak egiten badituzte Sanferminetako garbiketarako plan bereziaren arabera), lanegun bakoitzari dagozkion zenbatekoez gainera, 30 euro gehiago kobratuko dituzte egunero, eta igandeko lanagatik, lanegun guztietan lan egin bada, 150 euro, egiazko soldatarekin lan egindako egunagatik eta egun bateko atsedena, konpentsatzeko, egiazko soldatarekin ordaindua.

25. artikulua. Eguberri eta Urte berri.

Plantillako langileek jai izanen dute urtarrilaren 1ean eta abenduaren 25ean.

Egun horietan kobratuko dituzte kategoria bakoitzari dagozkion oinarrizko soldata, antzinatasuna eta plusak, I. eranskineko lansarien tauletan ageri direnak.

Lanaldi osoko kontratu mugagabea duten langileek jaieguneko plusa jasoko dute abenduko nominarekin batera, eta beste bat urtarrileko nominarekin.

Zerbitzuko beharrengatik egun horietako batean lan egin behar izanez gero, kontratu mugagabea duten langileek 170 euroko jasoko dituzte 2006. urtean. Gainerako urteetan lansarien tauletako proportzio berean handituko da kopuru hori.

26. artikulua. Aparteko eskersariak.

Udako, eguberriko eta mozkinengatiko aparteko eskersariak lanbide kategoria bakoitzarentzat lansarien tauletan espresuki itundutakoaren arabera ordainduko dira. Zenbateko horiei antzinatasunarena erantsi behar zaie.

Eskersari horiek sei hilean behin sorraraziko dira, lan egindako denboraren proportzioan, eta salbuespen bakartzat joko dira Langileen Estatutuaren 37.3 artikuluan aurreikusitako absentziak, ez ordea, justifikatu gabeko absentziak eta ordaindu gabeko baimenak. Ez dira zehatuko aldi baterako ezintasunarengatiko absentziak.

Udako eskersariak ekainaren 30a baino lehen ordainduko dira eta eguberrietakoak abenduaren 20a baino lehen.

Urtero sorraraziko da mozkinetan parte izatearen eskersaria, eta urte bakoitzari dagokiona hurrengo martxoko lehenengo egun baliodunean ordainduko da.

Eguberrietako eta udako ordainsarietan oinarrizko soldatari antzinatasunaren hogeita hamar eguneko zenbatekoa erantsiko zaio. Mozkinen ordainsarian, oinarrizko soldatari antzinatasunaren hamabost egun erantsiko zaizkio.

27. artikulua. San Martín de Porres eguneko paga.

Enpresak hitzarmen honen eraginpeko peoi, gidari, makinista eta peoi koipeztatzaile guztiei eranskineko tauletan ageri den zenbatekoa ordainduko die.

Azaroaren lehenengo egun baliodunean ordainduko da.

Urtero sorraraziko da eta ez da murrizketarik eginen aldi baterako ezintasunagatik ezta absentzia justifikatuengatik ere.

28. artikulua. Garraiorako soldataz kanpoko osagarria.

Garraioa eta distantzia direla eta, sortutako gastuak konpentsatzeko, soldataz kanpoko plusa ezarri da benetan lan egindako egun bakoitzeko. Horren zenbatekoa ere eranskineko tauletan ageri da. Itundutako soldata igoeraren arabera izan beharreko igoera oinarrizko soldataren gainean aplikatuko da.

29. artikulua. Dietak.

Egin beharreko bidaia batean gaua etxetik kanpora egin behar baldin bada, bai eta bazkaldu eta afaldu ere, edo bazkaldu edo afaldu bakarrik, dieta osoa edo erdia kobratuko da, I. eranskineko tauletan ageri den moduan.

2007. urterako, lansarien tauletako portzentajeen neurri berean handituko dira dieta osoa eta dieta erdia.

30. artikulua. Aparteko orduak.

Hitzarmen honen eraginpeko jarduera herritarrentzat behar-beharrezko zerbitzu publikoa izanik, urte osoko egun guztietan nahitaez egin beharrekoa, sinatzaileek espresuki aitortzen dute "egiturazkoak" direla ustekabeko absentzien edo txanda aldaketen ondorioz egin beharreko aparteko orduak, eta orobat, produkzio beharren, ustekabeko lanen, mantentze lanen eta lanaren izaeraren ondoriozko egiturazko ordu horiek. Hori guztia abuztuaren 20ko 1858/81 Errege Dekretuan eta harekin bat heldu diren xedapenetan xedatutakoaren arabera.

Aparteko orduen zenbatekoa tauletan ageri da eta itun berariazkoa osatzen dute, horien ordainketa kalkulatzeko beste edozein formula baztertuz.

Aparteko orduak egin nahi dituzten langile boluntarioen zerrenda prestatuko da.

31. artikulua. Ordaintzeko modua eta ordainsarien ordainketa.

Hartzekoak, horiek sorrarazi eta hurrengo hileko lehen bost egun naturalen barnean ordainduko ditu enpresak, hurrengo hileko 15ean egiaz erregularizatzea galarazi gabe.

Enpresak aukeratuko du ordaintzeko modua, bankuko taloiaren edo transferentziaren bidez, eta ez da eskubiderik izanen hura kobratzeko denbora librea hartzeko edo horri dagokiona kobratzeko.

Enpresak 500 euroko hileko aurrerakinak ordainduko ditu.

IV. KAPITULUA

Hobekuntza sozialak.

32. artikulua. Ospitaleratzea eta aldi baterako ezintasuna.

Ospitaleratzerik izanez gero, ospitalean sartzen denetik harik eta ospitalean alta hartzen duen arte, langileak ospitalizazioaren aurretik kobratzen zituen soldata kontzeptuen ehuneko ehun kobratuko du.

Ospitaleratzearekin batean operazio kirurgikorik egin behar bazaio, langileak baja hartu aurretik kobratzen zituen ordainsarien ehuneko ehun kobratuko du ospitalean dirauen bitartean eta gehienez ere ospitalizazioaren ondoko 30 egunetan, aldi baterako ezintasun egoeran segitzen badu, betiere.

33. artikulua. Gidabaimena kentzeko zehapena.

1. Gidariaren erruz izan gabe, zerbitzuko ibilbidearen beharrengatik edo akats mekaniko batengatik, langileari gidabaimena kendu bazaio, enpresak lansaria eta lanpostua errespetatuko dizkio, bitarte horretan enpresak beste lanposturen batean egokitzea galarazi gabe.

2. Gidabaimena kendu bazaio ibilgailu partikularra gidatzean, eta ausarkeriazko zuhurtziagabetasunik edo asmo txarrik izan ez bada behintzat, enpresak beste lanpostu batean egokitzeko konpromisoa hartzen du, lanpostu berriko ordainsariekin.

3. Enpresak aseguru bat hartuko du gidabaimena kentzen den kasuetarako, aseguru horren eguneko kostuaren herena segurtatzeko, langileak hala eskatzen badu.

Artikulu honetan ageri dena lehen mailako gidari ofizialaren edo makinistaren kategoriari dagokio.

Gidabaimena aldi baterako kendu eta gero itzultzen denean, langilea ere bere lanpostura itzuliko da.

34. artikulua. Istripu aseguruaren poliza.

Enpresak aseguru poliza bat kontratatuko du langileei ondoko kalte-ordainak bermatzeko, hitzarmen hau sinatzen den egunetik hasita indarraldia bukatu bitarte:

a) Lan istripuaren ondoriozko heriotza:

_2006. urtea: 44.500 euro.

b) Laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozko erabateko ezintasun iraunkorra: a) ataleko kopuru berbera.

c) Eritasun profesionalaren ondoriozko heriotza: a) ataleko kopuru berbera.

d) Ezintasun iraunkor osoa bere lanposturako, lan istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozkoa:

_2006. urtea: 25.500 euro.

e) Berezko heriotza:

_2006. urtea: 5.250 euro.

35. artikulua. Osagarria, laneko istripuaren edo eritasunaren kasuan.

Laneko istripu baten ondorioz aldi baterako ezintasuna izaten bada, enpresak Gizarte Segurantzaren prestazioa osatuko du likidatutako hileko egiazko soldataren %100 egin arte. Aldi baterako ezintasuna eritasunaren ondoriozkoa bada, enpresak Gizarte Segurantzaren prestazioa osatuko du likidatutako hileko egiazko soldataren %95 bitarte, 1. egunetik 16.era.

Eritasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasunak 16 egun baino gehiago irauten badu, osagarri hori ehuneko 100era artekoa izanen da 17. egunetik aitzina.

Gizarte Segurantzak hitzarmen kolektibo hau sinatzen denean kontzeptu horrengatik ezarriak dituen prestazioak hobetuko balitu, osagarri honek bermatzen dituen zenbatekoen arabera irentsi eta konpentsatuko lirateke.

36. artikulua. Medikura joateko baimenak.

Langileak Gizarte Segurantzako medikura joan behar duen bakoitzean, kontsulta lan orduetan egin beharra baldin badago, hara joateko denbora izanen du, aurrez arrazoituta eta horretarako propio eginen den eskabidea aurkeztu ondoren, eta ez zaio soldata murriztuko.

Era berean, urtean bi egun izanen ditu mediku partikularrera joateko edo ezkontideari/bikotekideari nahiz seme-alabei laguntzeko, aurrez arrazoituta.

Salbuespenez, enpresak aldez aurretik aztertu ondoren, baimena luzatzen ahal da.

37. artikulua. Sustapenak eta maila igoerak.

Lanpostu finko edo behin-behinekoetan lanpostu hutsak izanez gero 1. mailako gidari ofizialaren edo makinistaren kategorian, barne igoeraren bidez beteko dira plantillako langileen artean, eta langile berriak kontratatuko dira baldin eta eskatzaileak gai ez badira lanpostu horiek betetzeko.

Sustapenerako prozesu honi jarraituko zaio:

1. Enpresak jendaurrean paratuko du tokian tokiko lanpostu hutsen zerrenda eta epe bat jarriko da eskabideak aurkezteko.

2. Eskatzen den gaitasuna edo titulazioa egiaztatu ondoren, izangaien behin betiko zerrenda paratuko da jendaurrean. Enpresak gidari bat eta ibilgailu bat jarriko ditu, lan ordutik kanpora, 15 egunez eta egunean 4 orduz.

3. Azterketa teorikoa eta praktikoa eginen da. Enpresak eta batzordeak izendatuko dituzte aztertzaileak.

4. Probak eginik, langile bakoitzari "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen zaio eta lehenbiziko kasuan haren prestakuntzaren neurriko puntuazioa.

Gidarien edo makinisten lanpostu hutsak, halakorik bada, probak gainditu dituztenen zerrendaren arabera puntuazio handiena duten langileek beteko dituzte. Zerrenda hori probak gainditzen dituztenekin prestatuko da, probak gainditzen dituztenen zerrenden eta proben antzinatasunaren hurrenkera mantenduz beti.

Lanaldi partzialeko kontratua duen norbait lanaldi osoko kontratura pasatzen bada sei hilabeteko epean lanaldi partzialekoan baja hartzen duenetik, probak egin zituen eguna errespetatuko zaio zerrendako azken tokian.

Lehen mailako gidari ofizialaren edo makinistaren kategoria ez da irmo bihurtuko harik eta lanpostua finkoa izan arte; hala ere, kategoria horretan diharduten denboran ordainsarien diferentzia kobratuko dute. Lanpostua aldi baterakoa denean, langilea lehen zuen lanpostura itzuliko da eta orduan lanpostu horretako ordainsariak kobratuko ditu.

38. artikulua. Eszedentziak.

Enpresan urtebeteko antzinatasuna duen langile orok eskubidea du eszedentzia hartzeko, gehienez bost urtekoa eta gutxienez hiru hilabetekoa.

Borondatezko beste eszedentzia bat hartu ahal izateko, langileak beste urtebetez bederen lan egin beharko du enpresan.

Eskatzen den eszedentzia ez bada bost urte baino gehiagorako edo enpresan lan egindako denboratik goitikoa, enpresak langilea lehengo lanpostuan jarriko du, betiere langileak bere itzulera 15 egun lehenago jakinarazten badu enpresan.

39. artikulua. Laneko arropa.

Laneko arropa nahitaez erabiliko da eta enpresak emanen du, Lan Osasuneko Batzordeak sinatutako koadroekin bat eta hitzarmen kolektibo honen II. eranskinaren arabera.

40. artikulua. Maileguak langileentzat.

Enpresak 2006. urterako 35.000 euro jarriko ditu urtean langileei maileguak emate aldera. Diru hori plantillako langileen artean banatzeaz enpresa batzordea arduratuko da, batzordeak berak ezarritako jarraibideen arabera, esan nahi baita, langile batek ere ezin izanen duela 1.800 euro baino gehiago eskuratu.

Langileek ez dute zilegi beste mailegu bat eskatzea, harik eta aurrekoa likidatu arte. Langileak enpresa uzten badu, enpresak amortizatzeko dagoen diru kopurua zati proportzionalen likidaziotik deskontatzen ahalko du.

Mailegua eskatzeko, langileak urtebeteko antzinatasuna izan behar du gutxienez enpresan.

Mailegua urtebeteko epean amortizatuko da.

41. artikulua. Betaurrekoen eta audifonoen haustura.

Edozein eginbeharretan ustekabean eta inolako eta inoren errurik izan gabe, hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileren bati bere betaurreko graduatuak edo audifonoa hausten bazaizkio, enpresak, afera egiaztatuta, 125 euroko laguntza emanen dio, arrazoi horregatik.

42. artikulua. Familia-laguntzak.

Hileko 115 euroko laguntza soziala ezarri da, hitzarmen honen eraginpeko langileentzat, seme edo alaba gutxitu fisiko edo psikikorik badute, haien tutore eta bizikide badira, eta Gizarte Segurantzak kontzeptu horregatik ematen dituen prestazioen onuradun badira. Hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera, laguntza berbera emanen da pertsona gutxitua langilearen ezkontidea denean.

Egoera hori minusbaliotasun kalifikazioaren bidez frogatu beharko da.

43. artikulua. Erretiro saria.

Langile bat bere borondatez erretiratzen denean, ondoren adierazten diren adinetan, erretiroko laguntza gisa enpresak diru kopuru hauek emanen dizkio, enpresan emandako zerbitzu urte bakoitzeko:

2006. urtea:

_Erretiroa 60 urterekin eskatzen bada: 305,59.

_Erretiroa 61 urterekin eskatzen bada: 249,77.

_Erretiroa 62 urterekin eskatzen bada: 206,00.

_Erretiroa 63 urterekin eskatzen bada: 171,68.

_Erretiroa 64 urterekin eskatzen bada: 150,16.

_Erretiroa 65 urterekin eskatzen bada: 135,03.

2007. urterako, zenbateko horiek I. eranskineko lansarien tauletako portzentajeen neurri berean igoko dira.

44. artikulua. Erroldak.

Enpresak urtero prestatuko ditu langileen bi errolda:

A._Orokorra: ordena alfabetikoz, deiturak, enpresan sartu zireneko data eta kategoria.

B._Berezia: langileek lantokian duten antzinatasunaren ordenan.

45. artikulua. Osasun azterketak.

Derrigorrezkoa izanen da urtero langile guztiei osasun azterketa egitea, Laneko Arriskuen Prebentzioko Legeak 22. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Azterketa horren ondoren langileren batek beste azterketa osoago bat behar izanez gero, horretarako baimena izanen du inolako galerarik izan gabe bere soldatan, eta azterketa hori beste hiriren batean egin behar izanez gero, enpresak hiri horretarako bidaia egiteko gastuak ordainduko dizkio, eta horrekin batera, I. eranskineko taulan ageri den eguneko dieta bat, gehienez ere 7 egunez.

Gidariek baimen ordaindua izanen dute osasun azterketa egiteko, gidabaimena berritzeko egin beharrekoa, aldez aurretik jakinarazi ondoren.

46. artikulua. Segurtasun eta osasun batzordea.

Segurtasun eta Osasun Batzordea osatzean eta haren eskumenak eta ahalmenak zehaztean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak xedatutakoari jarraituko zaio (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 269. zk., 1995eko azaroaren 10ekoa).

Segurtasun eta Osasun Batzordeak hilean egun bateko baimena izanen du enpresarekin biltzeko. Bilera egiten ez bada ere, baimena berdin-berdin hartuko da.

47. artikulua. Ekintza sindikala: eskubide eta berme sindikalak.

Sindikatuek eskubide osoa izanen dute iragarki ohola erabiltzeko, intereseko gaietarako (lanekoak eta sindikalak). Eskubidea izanen dute, halaber, propaganda banatzeko eta kuotak biltzeko, baina enpresaren lana edo ohiko martxa oztopatu gabe.

Eskubide sindikalak erabiltzeko, langileek ondoren adierazten diren bermeak izanen dituzte, eta baliogabe joko dira helburutzat bereizkeria sindikala duten egintzak edo itun guztiak; honako hauek, zehazki:

a) Langile bat hartzeko edo ez hartzeko, kontuan izatea sindikatu batean afiliatua dagoen ala ez.

b) Enpresaburuak berak sindikatu bat eratzea edo sindikatu baten aldeko jarrera izatea, edozein motatako laguntzen bidez.

c) Langile bat kaleratzea, zehatzea, diskriminatzea edo nola edo hala kalte egitea sindikatu batean afiliatua egoteagatik edo bere ekintza sindikalarengatik, betiere sindikatu hori indarra duen legeriaren araberakoa bada.

Enpresa batzordea langileen ordezkaritza organoa da. Honako bermeak izanen ditu:

a) Delegatu bakoitzak 34 ordu sindikaleko kreditua izanen du hilean. Ordu horiek egiazko soldataren arabera ordainduko dira.

Ordu horiek kide baten esku jartzen ahal dira, baina ekintza sindikalerako erabiltzen diren orduak ez dira inola ere enpresa batzordeari dagozkion ordu guztiak baino gehiago izanen.

b) Hileko ordu kopuruan ez dira kontatuko enpresaren ekimenez deitutakoak.

c) Lanaren antolaketa arloan edo hobekuntza teknikoetan egoki juzgatzen diren neurriak proposatzea enpresari.

d) Langileengan zuzeneko eragina izanen duten neurrien gaineko informazioa jasotzea, eta bereziki gai hauei buruzkoak:

_Enplegu erregulazioko espedienteak.

_Langileak beste leku batera aldatzea.

_Lan sistema berriak ezartzea.

_Lanaren antolaketan eragina izan dezaketen erabakiak.

e) Indarra duten laneko arauak beteko direla segurtatzea eta enpresa arau-hausteez ohartaraztea eta, kasua bada, behar diren erreklamazioak jartzea arauok bete daitezen.

f) Enpresak baimena emanen du, batzordeak 48 ordu lehenago jakinarazi ondotik, batzar ordainduak egiteko. Gehienez ere 3 ordu izanen dituzte urtean.

48. artikulua. Diziplina neurriak.

Hartzen diren diziplina neurrien berri emanen zaio enpresa batzordeko idazkariari, edo haren ordezkoari, egoki iruditzen zaizkion alegazioak egin ditzan haiek jaso eta 6 eguneko epean.

49. artikulua. Barne araubidea.

A._Egindako zerbitzuen kopia bana emanen zaie hitzarmenari atxikitako gidariei.

B._Langile kontratudun berriak gaueko edo arratsaldeko txandan hasiko dira lanean, baldin eta txanda horietan inor interesatua bada eguneko txandara pasatzeko (horretan lanpostu hutsik bada).

50. artikulua. Plantilla.

Kontratudunen lanpostuak behin betiko moduan betetzeko adjudikatutako kontrataren arabera, mugagabeko kontratuak egitera joko da.

Enpresak hitzeman du ezen, aldi bateko kontratu bidez enpresari loturik hemezortzi hilabetez jarraian eta etenik gabe ematen duten langileei zerbitzu jakin baterako kontratua eginen zaiela eta kontratu horrek adjudikatutako kontratak beste iraunen duela.

51. artikulua. Makinistak.

Makinistaren kategoria honela definitzen da: gutxienez B motako gidabaimena daukan langile bat, behar diren ezagupenak dituena tailerreko elementurik eskatzen ez duten edozein motatako konponketak egiteko. Haren ardura izanen da, bereziki, berak gidatzen duen makina parketik ateratzen denean behar bezala funtziona dezala.

Kale garbigailuak eta ura botatzen duten espaloi garbigailuak, "B" kategoriako gidabaimena eskatzen dutenak, gidatu eta manejatuko ditu. Esleitzen zaion makinaren mantentze-lanez eta zainketa egokiaz arduratuko da eta makinaren jarraipen teknikoak eta funtzionamendukoak beteko ditu.

Eguraldi gorabeherak, matxura teknikoak edo zerbitzuaren antolaketako gorabeherak izaten direnean makinistak lanaldia ez badu esleitu zaion makinarekin betetzen, peoi edo gidariaren kategoriako lanetan aritzen ahalko da, azken horretan behar den gidabaimena baldin badu, betiere, eta bere ordainsaria galarazi gabe.

Kobratuko beharreko soldatak I. eranskinean dagokion kategoriarako ezarritakoak izanen dira.

52. artikulua. Txanda aldaketak.

Zerbitzu beharrengatik goizeko txandako langile bat arratsaldeko edo gaueko txandara pasatu beharra izanez gero, lanpostuan eta txandan denbora gehien daramana lehenetsiko da.

Boluntariorik ez izatera, lanpostuan eta txandan denbora gutxien daramanari tokatuko zaio txanda aldatzea.

Goizeko txandara itzultzeko, lehentasuna izanen dute txanda aldatzera derrigortuek, eta azkenik aldatutakoa lehenengoa izanen da hurrengo txanda aldaketarako, eta horrela hurrenez hurren.

V. KAPITULUA

Xedapen gehigarriak

1. KLAUSULA GEHIGARRIA

2006. urterako baldintza ekonomikoak

2006. urterako, kontzeptu ekonomikoak Nafarroako Foru Komunitatean 2005. urteari dagokion Kontsumorako Prezioen Indizearekin batera igoko dira (%3,7) gehi 0,5 puntu.

2007. urterako baldintza ekonomikoak

2007. urterako, hitzarmen honetan finkatu ez diren kontzeptu ekonomikoei Nafarroako Foru Komunitatean 2006. urteari dagokion Kontsumorako Prezioen Indizea gehituko zaie, eta horri 0,60 puntu gehiago. Garraioaren plusari legokiokeen igoera, bere horretan geldituko baita, oinarrizko soldatari erantsiko zaio.

FCC, S.A. IRUÑEKO KALE GARBIKETA

2006. urteko lansarien taula

EGUNEKO PEOIA 25,95 10,07 5,74 2,40 - 1.347,93 1.521,09 1.289,41 661,36 562,24 100,00 41,98 12,49 18,74

GAUEKO PEOIA G.P. BAR. 25,93 10,06 5,74 2,40 9,56 1.495,72 1.638,06 1.406,89 717,35 545,59 100,00 41,98 15,16 22,75

EGUNEKO MAKINISTA 28,91 9,93 5,96 2,40 - 1.600,62 1.527,06 1.297,36 648,72 553,84 100,00 41,98 13,46 20,21

GAUEKO MAKINISTA G.P. BAR. 28,89 9,92 5,96 2,40 9,56 1.857,58 1.622,56 1.393,57 658,33 526,56 100,00 41,98 16,13 24,22

EGUNEKO GIDARIA 28,91 9,93 5,96 2,40 - 1.600,62 1.527,06 1.297,36 648,72 553,84 100,00 41,98 13,46 20,21

GAUEKO GIDARIA G.P. BAR. 28,89 9,92 5,96 2,40 9,56 1.857,58 1.622,56 1.393,57 658,33 526,56 100,00 41,98 16,13 24,22

ADMINISTR. LAGUNTZAILEA 24,17 10,90 4,76 2,40 - 1.415,19 1.450,13 1.450,13 1.449,07 - 100,00 - 11,93 17,90

1. MAILAKO ADMIN. OFIZIALA 34,02 13,78 5,62 2,40 - 1.791,01 1.796,46 1.796,46 1.791,63 - 100,00 - 16,32 24,50

2. MAILAKO ADMIN. OFIZIALA 25,89 11,13 5,51 2,40 - 1.555,84 1.596,98 1.596,98 1.595,54 - 100,00 - 12,83 19,21

PEOI KOIPEZTATZAILEA 25,91 10,23 5,77 2,40 - 1.435,51 1.548,81 1.317,60 681,20 554,88 100,00 41,98 12,58 18,85

1. MAILAKO MEKANIKARI OFIZ. 28,67 12,14 7,18 2,40 - 1.708,12 1.770,23 1.770,23 1.768,93 - 100,00 41,98 14,68 22,02

2. MAILAKO MEKANIKARI OFIZ. 25,82 10,21 5,72 2,40 - 1.624,13 1.726,10 1.726,10 1.724,10 - 100,00 41,98 12,92 19,39

3. MAILAKO MEKANIKARI OFIZ. 25,97 10,32 5,77 2,40 - 1.480,48 1.638,65 1.407,86 739,13 555,59 100,00 41,98 12,62 18,94

LANGILEZAIN EGIAZTATZAILEA 30,81 14,48 5,98 2,40 9,56 1.746,62 1.831,37 1.831,37 1.830,50 - 100,00 41,98 15,24 22,87

ARDURADUNA 35,75 23,98 6,80 2,40 1.940,82 1.995,16 1.995,16 1.992,80 - 100,00 41,98 15,94 23,89

Makinistaren plusa: 4,73.

Lan berezien plusa: 2,3.

2. mailako mekanikari ofizialaren plusa: 2,83.

Dieta: 49,05.

Dieta 1/2: 18,88.

1. mailako ofizialaren plusa: 4,43.

URTEKO ZENBATEKO

EGUNEKO PEOIA 19.228,71

GAUEKO PEOIA G.P. BAR. 22.346,24

EGUNEKO MAKINISTA 20.488,52

GAUEKO MAKINISTA G.P. BAR. 23.615,47

EGUNEKO GIDARIA 20.488,52

GAUEKO GIDARIA 23.615,47

ADMINISTR. LAGUNTZAILEA 18.972,45

1. MAILAKO ADMIN. OFIZIALA 24.741,66

2. MAILAKO ADMIN. OFIZIALA 20.406,81

PEOI KOIPEZTATZAILEA 19.425,05

1. MAILAKO MEKANIKARI OFIZIALA 22.768,72

2. MAILAKO MEKANIKARI OFIZIALA 20.637,52

3. MAILAKO MEKANIKARI OFIZIALA 19.754,33

LANGILEZAIN EGIAZTATZAILEA 26.736,07

ARDURADUNA 29.290,13

Biribiltzeak mozkinen pagan egin dira.

Iragarkiaren kodea: F0613394