113. ALDIZKARIA - 2006ko irailaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

258/2006 FORU AGINDUA, abuztuaren 10ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak emana, arau osagarriak ematen dituena energia elektrikoaren ekoizpenerako araubide bereziko instalazioak eta horien multzoak zerbitzuan jarri eta elektrizitate banaketako sareari lotzeko administrazio tramitaziorako.

ZIOEN AZALPENA

Energia elektrikoaren ekoizpenerako araubide bereziko jardueraren araubide juridiko eta ekonomikoa eguneratu eta sistematizatzeko metodologia ezarri zuen martxoaren 12ko 436/2004 Errege Dekretuak. Arau horrek indarra hartuz geroztik, nabarmen egin du gora araubide horri atxikitzeko 100 kW-ko potentzia edo txikiagoa duten instalazio fotovoltaikoen sustatzaile eta titularrek egindako eskaeren kopuruak; Errege Dekretuaren Hirugarren Xedapen Iragankorraren 5. atalean aurreikusitakoari jarraikiz, sustatzaile edo titular horiek eguzki baratze edo parkeak izenekoak sortuz elkartu dira, hartara elementu komun batzuez batera baliatzeko, hala nola, sarbideak, itxiturak eta, batez ere, energia eraldatu eta ateratzeko instalazioak eta banaketa sarerako sarbide bakar bat.

Gehienetan fotovoltaikoak diren ekoizpenerako instalazio multzo horien berezitasunak batetik, eta bestetik araubide berezian ekoitziriko energia elektrikoa banaketa sarera atzeratzeko gertatzen ari diren arazoek eraginda, komeni da arau osagarri batzuk ezartzea, instalazioak baimendu eta zerbitzuan jartzeko araubidea atxikitzeko prozedura instalazio mota horren ezaugarrietara egokitzeko; betiere bermatu beharko da banaketa sarearekiko lotura horniduraren kalitate, segurtasun eta erregulartasun baldintza nahitaezkoak kaltetu gabe egiten dela.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, Foru Komunitateak eskumen osoa du energia ekoiztu, banatu eta garraiatzeko instalazioen arloan, garraioa Nafarroako lurraldetik kanpora ateratzen ez bada eta haren probetxamenduak Estatuko beste lurralderik ukitzen ez badu, hori guztia Estatuaren oinarrizko legeria deusetan ukatu gabe meatzaritzaren eta energiaren araubideaz den bezainbatean.

Kasu honetan, oinarrizko legeria honakoa da, funtsean: martxoaren 12ko 436/2004 Errege Dekretua, lehen aipatua, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua, energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu, eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituena, eta irailaren 29ko 1663/2000 Errege Dekretua, instalazio fotovoltaikoak behe tentsioko sareari lotzea arautzen duena.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak xedatzen duenarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea arau osagarriak ematea da martxoaren 12ko 436/2004 Errege Dekretuan jasotako instalazio fotovoltaikoak edo bestelakoak, 100 kW-tik beherako potentzia dutenak eta banaketa sareari banaka nahiz elkarturik lotzeko modukoak direnak, araubide bereziari atxikitzeko eta lotunea eskuratzeko.

2. artikulua. Definizioak.

Foru agindu honek agintzen duenerako, honako definizioak hartzen dira aintzat:

_Banakako instalazio fotovoltaikoa. Eguzki energia harrapatu eta energia elektriko baliagarri bilakarazteko elementuek osatutakoa, harentzako baizik ez den neurketa-puntu bati loturik, energia sarera ateratzeko.

_Instalazio fotovoltaikoen elkartea. Eguzki baratze edo parkeak. Hainbat elementu batera dituzten banakako instalazio fotovoltaikoen multzoa: instalazio osagarriak, perimetroko itxitura, sarbideak, ebakuazio linea, transformazio zentroa edo zentroak eta banaketa sarearekiko konexio puntu bakarra.

_Eguzki parke edo baratzearen sustatzailea. Behar besteko lege gaitasuna eta gaitasun tekniko eta ekonomikoa duen sozietatea, eguzki baratze edo parke batean elkarturiko banakako instalazio fotovoltaikoen titularrek aginduta, instalazio horiek araubide bereziari atxikitzeko aldez aurretik behar diren proiektu teknikoak, tramite administratiboak, baimenak, lizentziak eta kontratuak eta gainerako lana kudeatu eta instalazioak eraiki eta abian jartzen dituena.

Energia elektrikoa banaketa sarera ateratzeko instalazio komunak behin abian daudela, sustatzaileak parke edo baratzean elkarturiko jabeek eratutako entitateari eskualdatu beharko dio horien titulartasuna. Entitate horrek erregistro administratiboetan instalazio horien titular gisa agertu eta funtzionamendu eta mantentze egokien erantzule izateko behar besteko gaitasuna izan beharko du.

3. artikulua. Espedienteak tramitatzea.

Banakako instalazio fotovoltaikoen elkarteen kasuan (eguzki parke edo baratzeak), titularrek izendatutako sustatzailea izanen da haien ordezkaria administrazioaren aurrean, eta haren bitartez gauzatuko dira behar diren jarduketak. Ordezkari horrek aurkeztuko ditu instalazioak araubide bereziari atxikitzeko eskabideak, memoriarekin eta eskatzen den gainerako dokumentazioarekin batera, eta energia sortzeko instalazio guztiak eta banaketa sarera lotzeko elementu komunak abian jartzeko eskabideak; horretarako beharrezkoak diren proiektu teknikoak, zuzendaritza teknikoak eta gainerako dokumentazioa aurkeztuko ditu.

Gaitasun hori frogatzeko, sustatzaileek 1955/2000 Errege Dekretuaren 121. artikuluak lege gaitasunaren eta gaitasun tekniko eta ekonomikoaren arloan ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Dekretu horren bitartez energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu, eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautu ziren.

a) Lege gaitasuna: Eguzki baratzeen sustatzailea berezko nortasun juridikoa duen sozietate bat izan beharko da, energia elektrikoa ekoitzi eta saldu edo/eta instalazio elektrikoak paratu eta haien mantentze-lanak egiteko xedearekin. Baldintza hori betetzen dela frogatzeko, dagokion erregistroan behar den moduan inskribaturiko eraketa-eskritura aurkeztu beharko da.

b) Gaitasun teknikoa: Sustatzaileak behar besteko gaitasun teknikoa duela ulertzen da honako kasu hauetan: enpresa instalatzaile bat denean edo kontratua duenean behe tentsioko instalazio elektrikoen arloan espezialista baimena duen enpresa instalatzaile batekin. Goi tentsioko instalazioak behar baditu, enpresa instalatzailea horiek egiteko kreditaturik egon beharko da.

c) Gaitasun ekonomikoa: Sustatzaileak instalazioa eraikitzeko dirua baduela frogatu beharko du. Baldintza hori betetzen duela ulertuko da sozietateak harpidetu eta ordainduriko kapitala egin beharreko instalazioen potentzia osoaren kW kopurua bider 140 euro eginda ateratzen den emaitzaren %20 denean, gutxienez.

4. artikulua. Instalazio fotovoltaikoak zerbitzuan jartzeko tramitazio administratiboa.

100 kW-tik beherako potentzia duten banakako sorkuntza-instalazio fotovoltaikoen tramitazio administratiboa, potentzia hori baino txikiagoko banakako instalazio fotovoltaikoak elkartuz eratutako eguzki baratze edo parkeetakoena barne, instalazio fotovoltaikoak behe tentsioko sareari lotzea arautzen duen irailaren 29ko 1663/2000 Errege Dekretuan eta Behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoa onetsi zuen 842/2002 Errege Dekretuan ezarritakoari lotuko zaio.

Sortutako energia elektrikoa ateratzeko instalazioak, eraldaketakoak, beharrezkoak direnean, eta horien sarbideak eta loturak banaketa sarearekin, goi tentsioan eginez gero instalazio mota horretarako indarra duten arauekin bat tramitatuko dira.

5. artikulua. Araubide bereziari atxikitzeko prozedura.

Elkartu gabeko banakako instalazio fotovoltaikoen kasuan titularrak edo sustatzaileak, eguzki baratze edo parkeen kasuan, banakako instalazio fotovoltaiko bakoitzeko eskatu beharko du araubide bereziari atxikitzea, martxoaren 12ko 436/2004 Errege Dekretuaren 2. artikuluko b) kategoriako b.1.1) azpitaldean sartzeko; horretarako, honako hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Instalazioa deskribatzen duen memoria bat, bertan adierazirik instalazio fotovoltaikoaren ezaugarri nagusiak, kokalekua, UTM koordinatuekin, instalazioaren osagaien ezaugarri teknikoak, instalazio potentzia, banaketa sareari lotzeko puntuaren proposamena eta sareari transferituko zaion energia elektrikoaren kantitatearen ebaluazioa.

b) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kokagunearen egokitasunaz emandako txostena, instalazioa lurzati urbanizaezinetan kokatzen bada, departamentu horri kontsulta egin ondoren, hala jasotzen baita Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak martxoaren 27an emandako 64/2006 Foru Aginduaren 4. artikuluko 4. puntuan.

c) Sustatzailearen gaitasuna frogatzeko dokumentazioa, foru agindu honen 3. artikuluan ezarritakoa.

Martxoaren 12ko 436/2004 Errege Dekretuaren 33. artikuluko 1. puntuan jasotzen diren tarifa, prima eta pizgarrien jasotzeari dagokionez, bere aldetik nahiz beste batzuekin batera eguzki parke edo baratze berean elkarturiko banakako instalazio fotovoltaikoetako baten edo batzuen titular den ezein pertsona fisiko edo juridikok ez du bere gain izanen 100 kW-tik gorako potentzia jarria dakarren eskubiderik.

Banakako instalazio fotovoltaiko bat zenbait pertsona fisikoren edo pertsona juridiko baten jabetzakoa denean, haietako bakoitzari edo juridikoaren kideei egotziko zaien potentzia izanen da partaide diren jabekidetzan edo sozietatean duten partaidetza portzentajearen arabera proportzioan dagokiena.

6. artikulua. Banaketa sarearekiko sarbide eta lotura baldintzak.

Araubide bereziari atxikitzea lortu ondoren eta instalazioak zerbitzuan jartzeko tramiteak hasi aurretik, araubide berezian energia elektrikoa ekoizteko instalazioen titularrak edo sustatzaileak loturarako sarbidea eta baldintzak eskatuko dizkio banaketa sarearen kudeatzaileari, araubide berezian energia elektrikoa ekoizteko jardueraren araubide juridiko eta ekonomikoa gaurkotu eta sistematizatzeko metodologia ezartzen duen martxoaren 12ko 436/2004 Errege Dekretuaren Hirugarren Xedapen Iragankorrean ezarritakoarekin bat, eskatutako loturaren puntua eta oinarrizko baldintzak eta ezaugarriak proposaturik.

Banaketa sarearen kudeatzaileak baiezko erantzuna emandakoan, eta titularra edo sustatzailea ados baldin badago kudeatzaileak ezarritako sarbide eta lotura baldintzekin, instalazioak baimendu eta zerbitzuan jartzeko tramiteak hasteko eskabidea aurkeztu ahalko da, hurrengo artikuluan aipatzen den abala eratu ondoren.

7. artikulua. Berme-abalaren eraketa instalazio fotovoltaikoetan.

1. 100 kW-tik gorako potentzia jarria duten eguzki baratze edo parkeen kasuan, baimen administratiboa tramitatzeko eskaerarekin batera sustatzaileak bankuko abal bat aurkeztu beharko du, Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren eskura, instalazioaren aurrekontuaren %2ren adinakoa.

2. Abala honako arrazoi hauetako batengatik libratuko da:

a) Ekoizpen-instalazioa zerbitzuan jartzeari buruzko akta lortzea edo behe tentsioko instalazio elektrikoaren egiaztagiria eginbidetua.

b) Eskatutako baimen edo lizentzia administratibo oro behin betiko ukatua izatea, eskatzaileari ez dagozkion arrazoiengatik, eta horrek proiektua aurrera eramatea galaraztea.

c) Titularrari edo sustatzaileari egotz ezin dakiokeen beste edozein arrazoi, instalazioaren proiektua gauzatzea galarazten diona.

3. Bidezkoa izanen da abala betetzea egoera hauetakoren bat gertatuz gero:

a) Titularrak edo sustatzaileak uko edo atzera egitea, libratzeko arrazoirik ez dagoenean.

b) Administrazioak edo banaketa sarearen kudeatzaileak ezarritako agindu edo baldintzetako edozein ez betetzea, edo egindako errekerimenduei erantzunik ez ematea ezartzen zaion epean.

8. artikulua. Eremu elektriko saturatuaren deklarazioa.

Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak, banaketa sarearen kudeatzaileak aski arrazoituriko txostena izan ondoren, Nafarroako eremu elektriko bat "eremu saturatu" deklaratu dezake, bertan energia gehiagorik ateratzerik ez dagoelako, banaketa sareari lotutako ekoizpen instalazioekin gehieneko ahalmenaren %50era iritsi izanaren ondorioz.

Ondorio horietarako, eremu elektrikoa honakoa da: 220/66 KV-ko transformazio azpiestazio batek hornitzen duena, 220 KV-ko garraio tentsioak 66 KV-ko banaketa tentsio bilakatu ondoren.

"Eremu saturatua" deklaratzea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, eta horren ondorioz, bertan behera geldituko da une horretatik aurrera eremu horretako banaketa sarearen bidez energia elektrikoa atera nahi duten ekoizpen instalazioak araubide bereziari atxiki eta zerbitzuan jartzeko eskabideak aurkezteko aukera. Eten horrek eragin zuten arrazoiek dirauten bitartean izanen du indarra.

Etenak ez die eragingo apirilaren 7ko 68/2003 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarriak aipatzen dituen instalazioak tramitatzeko eskabideei. Dekretu horren bidez haize-energia elektrizitate bihurtzeko instalazioak autokontsumorako edo saiakuntzarako ezarri eta erabiltzeko arauak eman ziren.

"Eremu saturatuaren" deklarazioa argitaratzen den egunean araubide bereziari atxikitzea lortua duten eskabideen tramitazioak ezarritako moduan jarraituko du, betiere, zerbitzuan jarri aurretik, banaketa konpainiarengandik lotura puntua lortzeko baldintzapean, lehen aipatutako 436/2004 Errege Dekretuaren Hirugarren Xedapen Iragankorrean ezarritakoarekin bat.

9. artikulua. Energia elektrikoa ateratzeko mahaiak.

Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak "eremu saturatu" deklaratutako eremuetan energia elektrikoa ateratzeko mahaiak eratzea susta dezake, esku artean duen informazioaren arabera posible denean banaketa sarearen ateratze-ahalmena areagotzea eremu horretan instalazioak paratu nahi dituzten energia elektrikoa ekoizteko proiektuen sustatzaileak inplikaturik.

Energia ateratzeko mahaiko kide Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren eta banaketa enpresaren ordezkariak izanen dira eta parte hartzeko gonbita helaraziko zaie araubide bereziari atxikitzea eskatu baina ahalmen faltagatik sarearekiko lotura puntua lortzerik izan ez duten proiektuen titular edo sustatzaileei, bai eta Zuzendaritza Nagusi horretan adieraziko den epean atxikitzeko eskabidea eta erantsi behar zaion dokumentazioa aurkezten dutenei ere.

Energia ateratzeko eratzen diren mahaien eginkizun nagusiak hauexek izanen dira: kasuan kasuko eremu elektrikoko banaketa sarearen ateratze-ahalmena gehitzeko aurkezten diren alternatibak aztertzea, eta akordioak formalizatzea ekoizleen eta banaketa enpresaren artean gehikuntza hori erdiesteko behar diren azpiegitura elektrikoak egin eta finantzatzeko.

Azken xedapen bakarra._Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko abuztuaren 10ean._Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilaria, José Javier Armendáriz Quel.

Iragarkiaren kodea: F0613669