113. ALDIZKARIA - 2006ko irailaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

183/2006 FORU AGINDUA, abuztuaren 11koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua garatzen duena. Horren ondorioz, gogamenaren nahaste larria duten pertsonen aldi bateko egonaldietarako zentroak haien ahaide zaintzaileei atseden emateko unitatetzat hartzen dira.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak, bere 44. artikuluan, eskumen osoa esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateari gizarte laguntzako gaietan. Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legearen bidez Gizarte Zerbitzuen sistema arautu zen. Haren arabera, Nafarroako Gobernuaren eskumenak dira herritarren gizarte ongizatea ahalik eta gehien sustatzeko xedea duten zerbitzu eta jarduketak.

Nafarroako Gobernuari dagozkio, gainera, zerbitzuen plangintza, antolamendua, koordinazioa eta garapenaren zaintza, eta gizarte zerbitzuen arloko araudia betetzen den begiratzea.

Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legeak prestazioen kalitate eta maila hobea erdiestera bideratutako zenbait jarduketa administratibo arautzen ditu, eta, bete ezean, zehatzeko sistema ezartzen du. Legea garatzeko, maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua eman zen, eta horrek, gizarte zerbitzuen gaietako zerbitzuak eta zentroak sailkatzeaz gainera, ezarri ere egiten ditu horietako bakoitzak bete behar dituen azpiegituraren, ekipamenduaren, langileen eta funtzionamenduaren gaineko baldintzak.

Gogamenaren nahaste larria duten pertsonen aldi bateko egonaldietarako zentroa, haien ahaide zaintzaileei atseden emateko unitate gisara eratua, ezin da maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren eranskinean ezarri ziren baliabideetako bakar batekin parekatu eta, horrenbestez, gizarte zerbitzuen arloko baliabide berri baten gisara hartu behar da eta bakarka sailkatu, 4. artikuluan aurreikusitako moduan. Izan ere, artikulu horretan ezartzen da aipatutako foru dekretuaren eranskinean ageri ez diren zentro edo zerbitzuak zerrenda horretako bakar batekin ere parekatu ezin direnean, bakarka sailkatuko direla, Gizarte Ongizate kontseilariak foru agindu bidez zehazturik.

Bestalde, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariaren ekainaren 30eko 95/2005 Foru Aginduaren bidez, gogamenaren nahaste larriak dituzten pertsonentzat dauden Errehabilitazio Psikosozialerako Zentroak (EPSZ) eguneko zentroko programarekin eta Lanerako Prestakuntza eta Orientazioko programarekin, Egoitza-etxeak, Etxebizitza Gainbegiratuak eta Esku-hartze Komunitarioko Programak baliabide berritzat hartu ziren, baina zerbitzu horiek ez ziren berariaz sartu maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren eranskinean.

Huts hori zuzentzeko asmoz, foru agindu honen bidez, jaso gabe utzi ziren zentro eta zerbitzuak maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren eranskineko sailkapenean sartzen dira, zein bere atalean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua garatzea, zerbitzu eta zentroen sailkapenean "Gogamenaren nahaste larria duten pertsonen aldi bateko egonaldietarako zentroak" sartuz, haien ahaide zaintzaileei atseden emateko unitate gisara, foru agindu honen eranskinean ageri den moduan.

2. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariaren ekainaren 30eko 95/2005 Foru Aginduan sailkaturiko zentro eta zerbitzuen zerrrenda ematea eta horiek guztiak maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren eranskinaren 3. atalean sartzea, Minusbalioen atalean hain zuen. Horrenbestez, zerbitzu horiek honelako sailkapena izanen dute:

3.10. Errehabilitazio Psikosozialerako Zentroa (gogamenaren nahaste larria duten pertsonei laguntzeko) eguneko zentroko programarekin eta Lanerako Prestakuntza eta Orientazioko programarekin.

3.11. Egoitza-etxea, gogamenaren nahaste larria duten pertsonei laguntzeko.

3.12. Etxebizitza gainbegiratuak, gogamenaren nahaste larria duten pertsonei laguntzeko.

3.13. Esku-hartze Komunitarioko Programa.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eta argitaratu eta biharamunean indarra hartuko duela ezartzea.

4. Foru agindu honen berri ematea Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko abuztuaren 11n._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren eranskinaren "II. kapitulua. Zerbitzu eta zentroen sailkapena" garatu egiten da, ondoko puntu hau gehituta:

3.14. Gogamenaren nahaste larriak dituzten pertsonen aldi bateko egonaldietarako zentroa, ahaide zaintzaileei atseden emateko unitate gisara.

_Definizioa:

Gogamenaren nahaste larria izanik, familiakoen zaintzapean izaten diren pertsonek aldi baterako egonaldiak egiteko zentroak.

_Erabiltzaileak:

Gogamenaren nahaste larria duten pertsonak, 18 urtetik 65era bitartekoak, funtzionamendu psikosozialaren arloko problemak direla-eta egoitza batean laguntza berariazkoa eta gainbegiratua behar dutenak, zaintzen dituzten ahaideen atsedenaldi edo oporraldietan.

_Emandako zerbitzuak:

Ostatua eta mantenua.

Eguneroko jardueren segimendua.

Laguntza psikosoziala, gizarteratzeko prozesua bultzatzeko.

Aisialdiko jarduerak.

_Langileak:

Zuzeneko laguntza ematen duten langileak hauek dira: zaintzaileak eta zerbitzu orokorretako langileak.

Zuzeneko laguntza ematen duten langileen proportzioa hauxe izanen da erabiltzaile bakoitzeko: 0,30.

Zentroa zein erakunderen mendean dagoen, horrexek hartuko ditu bere gain zuzendaritza-lana, kontrola eta segimendua. Bestetik, espezialitate hauetako zerbitzuak izanen ditu, entitateak jarriak, itunduak edo publikoak: psikologia, gizarte lana eta administrazioko langileak.

_Berariazko baldintzak:

Gelak pertsona batentzakoak edo birentzakoak izanen dira, gutxienez 8,5 metro koadrokoak edo 12,5 metro koadrokoak, gela batentzakoa izan edo birentzakoa izan.

Higiene zerbitzuak erabiltzaileen ezaugarrietara egokituko dira.

Erabiltzaile bakoitzak gelan, gutxienez, gauza eta zerbitzu hauek izanen ditu: ohea, armairu sarrailaduna, besaulkia eta mahaia, argiaren etengailua, entxufe elektrikoa eta irakurtzeko bidea ematen duen argi sistema.

Iragarkiaren kodea: F0613665