100. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

MARTZILLA

Behin betiko onetsita ezinduendako aparkatze txartelak arautzen dituen ordenantza

Martzillako Udalak, 2006ko martxoaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen ezinduendako aparkatze txartelak arautzen dituen udal ordenanatza.

Hasierako onespenaren erabakia 2006ko 54. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 5ean, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Martzillan, 2006ko uztailaren 17an._Alkatea, José María Abárzuza Goñi.

EZINDUENDAKO APARKATZE TXARTELAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek pertsona ezinduei aparkatzeko txartela ematea arautu gogo du, Europako Kontseiluaren 1998ko ekainaren 4ko 98/376/CE Gomendioarekin bat, pertsona ezinduek ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondoren joan-etorri handirik egin behar izan gabe.

2. artikulua. Baldintzak.

Aparkatzeko txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

Baliaezintasun iraunkorra duten gidariak:

1. Elbarriak indarra duen gidabaimenaren jabe izan beharko du.

2. Mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; xehetasun hauek frogatu beharko ditu:

a) %33tik goitiko elbarritasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko kolektiboa erabiltzeko ezintasunen bat tarteko dela dioena.

b) Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak emandako osasun agiria, elbarritasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, alterazio organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

Baliaezintasun iraunkorra duten pertsonen zaintzaileak edo haiekin bizi diren ahaideak:

1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimenaren jabe izan beharko du.

2. Eskatzailearen dokumentazioa, elbarriarekin duen familia lotura frogatzen duena, edo hura zaintzen duela; baita harekin bizi dela ere, hala denean.

3. Zaindutako ahaideak mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; hori dela eta, honako hauek egiaztatu beharko dira:

a) %33tik goitiko elbarritasuna egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezintasunen bat tarteko dela dioena.

b) Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak emandako osasun agiria, elbarritasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, alterazio organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Txartelen eskariak udal bulegoetan eginen dira. Eskabideari bigarren oinarrian zehazten diren egiaztagiriak erantsiko zaizkio, baita indarra duen gidabaimena, ibilgailuaren dokumentazioa eta bi argazki ere, koloretan, karnet tamainakoak.

4. artikulua. Funtzionamenduko arauak.

a) Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean paratuko da, txartelaren aurrealdea aise ikusteko moduan dela, kanpotik kontrolatzeko.

b) Indarraldia amaituta, ez du gehiago baliorik izanen, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.

c) Txartela daraman ibilgailua elbarriendako erreserbatu eta seinalizatuta dauden tokietan aparkatzen ahalko da, ordu mugarik gabe.

d) Halaberean, zamalanetarako tokietan aparkatzen ahalko da, ordutegi mugatu baten barrenean. Baita aparkatzeko debekuaren seinalea duten tokietan eta udaltzainek espresuki baimentzen duten tokietan ere.

e) Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean: txartelaren titularra eramaten ez duenean. Oinezkoendako pasabideetan. Espaloiaren gainean. Gelditzeko debekuaren seinalea duten tokietan. Garraio publikoarentzat erreserbatutako lerroetan eta, orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

f) Txartel honek ez du eskubiderik ematen aparkatze mugatuko eremuetan (Eremu Urdina) eta aparkatze murriztuko eremuetan (Alde Zaharra) aparkatzeko.

g) Txartela zein udalerritan eskuratu den, beste herri batean aparkatuz gero, erkidego horretan ezarrita dauden arauak eskatu beharko dira.

h) Edozein arrazoi dela medio, txartela erabiltzeari utzi behar bazaio, eskuratutako udalean itzuli beharko da, horretarako arrazoiak adierazita.

i) Txartela galdu edo norbaitek ebatsiz gero, hura eskuratu zen udalean eman beharko da gertaeraren berri.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

_Txartela lortzeko aurkezten diren datu, ziurtagiri edo bestelakoak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

_Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo beste baten txartela erabiltzea edo iruzur eginez haien kopiak ateratzea.

Faltsutu dutenak eta txartelaren eskatzaileak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea irekiko da; betiere, ebazpenaren aurretik, entzutea emanen zaie interesatuei. Zehapen ahalmenaren gaineko Erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Egun indarrean diren txartelak berritu ahal izateko, ordenantza honetako baldintzak egiaztatu beharko dira.

Hori guztia argitara ematen da, orok jakin dezan eta Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezarritako ondorioak sor ditzan.

Iragarkiaren kodea: L0612433