100. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

673/2006 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, hobekuntza arloak ezartzen dituena, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduek beren hobekuntza plana egin dezaten.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduentzako hobekuntza plana ezartzen duen ebazpen hau onets dadin.

Hezkuntza Departamentuak, Nafarroako Gobernuari hezkuntza gaietan dagozkion eskumenak erabiliz, proiektu bat egin du Nafarroako ikasleek kalitateko irakaskuntza jaso dezaten, arlo guztietako ezagutzak ikasteko behar dituzten oinarrizko gaitasunak eskuratu eta sendotzeko eta beren nortasuna garatzeko modua emanen diena, printzipio demokratikoen eta giza eskubideen markoan.

Nafarroako hezkuntza sistema hobetu beharraz jabeturik, Hezkuntza Departamentuak gogoeta egin du hezkuntzako etapa guztien gainean: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa. Haur Hezkuntzari eta Lehen Hezkuntzari dagokienez, Hezkuntza Departamentuak helburutzat hartu du Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara igarotzekoak diren haurren oinarrizko gaitasunen maila hobetzea.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak jarraipena eman nahi dio Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan egindako lanari, HLOko curriculum berrietan nahitaez bildu beharko diren eta, gainera, Europako helburuek eta nazioarteko ebaluazioek ezarriak diren oinarrizko gaitasunen ildoan.

Beste alde batetik, Hezkuntza Departamentuak DBHko 2. eta 4. mailetan egindako kanpo ebaluazioek erakutsi dutenez, ikasle nafarrek hobetu egin behar dituzte hizkuntza gaitasunak, matematikako gaitasunak eta informazioa antolatzeko trebetasuna, ikasteko ohitura eta lanerako diziplina, eta sendotu egin behar dituzte gizarte balioak nahiz norbanakoenak.

Ebazpen honetan hobekuntza arloak bildu dira, barne zein kanpo ebaluazioetan atzeman diren puntu ahulei dagozkienak. Ikastetxe bakoitzak bere ingurunera egokitu behar ditu hobekuntza arloak, eta bere beharren arabera ezarri behar ditu lehentasunak, HLOk curriculuma, ebaluazioa eta titulazioa aipatzen dituenean izendatzen dituen oinarrizko gaitasunen arabera formulatuak.

Azkenik, beharrezkoa da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek, pixkanaka, etengabeko hobekuntzaren kultura sartzea antolamenduan eta ikuspegi pedagogikoetan, eta bakoitzak bere planak egitea behar diren arloak hobetzeko. Plan horiek beren kabuz kudeatu behar dituzte, kalitateko irakaskuntza ezartzeko neurri egokiak bilduz. Horrela sendotu eginen dira ikasleek lanerako edo jarduera akademikorako behar-beharrezkoak dituzten oinarrizko gaitasunak, eta gizarte demokratiko eta berdintasunezkoan bizitzeko behar diren balioak sustatuko dira.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen eranskinean ageri diren hobekuntza arloak ezartzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza hobetzeko plana garatzeko.

2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztiek hobekuntza plana eginen dute, eta bertan sartuko dituzte ebazpen honen eranskinean ezarritako hobekuntza arloak, gutxienez ere.

3. Hobekuntza plan hori ikastetxearen beharren eta baliabideen arabera diseinatuko da, irizpide errealistak erabilita, eta kontuan izanik barneko eta kanpoko ebaluazioen emaitzak.

4. Eranskinean ageri diren hobekuntza arloetako helburu bakoitzeko, hobekuntza planean zehaztu behar dira jarduketak, arduradunak, epeak, prozedurak, baliabideak eta ebaluazioak. Ikastetxearen lehengo planetatik ateratako alderdiak ere sartzen ahalko dira, tutoretza, bizikidetza, aniztasunaren trataera, eskola liburutegia, irakurzaletasunaren sustapena eta abar hobetze aldera.

5. Urteko Programazio Orokorraren barnean, hobekuntza plana zehaztuko da ikasturte bakoitzerako. Horretarako, zuzendaritza taldeak agiri bakarra eginen du eta bertan jasoko ditu ikastetxean hartutako erabakiak, labur azalduta.

6. Departamentu bakoitzaren programazio didaktikoetan aintzat hartuko dira ikastetxearen hobekuntza planeko helburuak. Urteko lan planean, ikasturte bakoitzerako, helburu horiek ikasgeletara eramateko behar diren jarduketa zehatzak jasoko dira.

7. Zuzendaritza taldeak, bere autonomia erabiliz, ikastetxearen hobekuntza plana diseinatu eta garatuko du, indarra duen araudiaren esparruan eta Hezkuntza Departamentuko zerbitzuek ezarritako ildoei jarraikiz.

8. Zuzendaritza taldea gidari ariko da hobekuntza planeko jarduketetan; irakasleen klaustroa, Koordinazio Pedagogikorako Batzordea, Eskola Kontseilua eta departamentu didaktikoak haietan parte hartzera bultzatuko ditu. Jarduketa horien berri jasoko da akta banatan.

9. Ikastetxeko zuzendaritza taldeak behar diren epeak eta mekanismoak ezarriko ditu hobekuntza planeko jarduketak ikastetxean bertan koordinatzeko. Gainera, ikastetxe publikoetan, Bigarren Hezkuntzako institutuetako zuzendaritza taldeak koordinazio bideak ezarriko ditu Lehen Hezkuntzako azken zikloko taldeekin eta berari atxikitako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetako irakasleekin.

10. Hezkuntza Departamentuak, web orriaren bidez, behar diren materialak eskainiko ditu, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako irakasleek eta zuzendaritza taldeek beren hobekuntza planak prestatu eta abian jar ditzaten.

11. Zuzendaritza taldeak ikastetxeko prestakuntza planifikatuko du bere hobekuntza planari jarraikiz. Hezkuntza Departamentuak plan hori diseinatu eta betetzeko behar den prestakuntza eskainiko die ikastetxeetako irakasleei.

12. Hezkuntza Departamentuak, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren bidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen hobekuntza planen jarraipena eta kanpo ebaluazioa eginen ditu.

13. Ebazpen honek amaitutzat ematen du Nafarroako Foru Komunitatean diru publikoarekin sostengatzen diren Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen ebaluazio eta kalitate plana, uztailaren 19ko 386/2002 Foru Aginduaren bidez onetsia, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza hobetzeko plan berria ezartzen du hurrengo ikasturteetarako.

14. Ebazpen hau Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Euskara Zerbitzura, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura eta Hezkuntza Berriztapenaren eta Curriculum Garapenaren Atalera igortzea.

15. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2006ko ekainaren 29an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

ERANSKINA

1. hobekuntza arloa. Hizkuntza gaitasuna

Arlo guztiak hartzen ditu, batez ere hizkuntza arloak.

1. helburua._Ikasliburuak edo irakasleek ikaskuntzarako erabiltzen dituzten beste material batzuk irakurri eta ulertzeko gaitasuna hobetzea curriculumeko arlo guztietan (bereziki, laburpenak eta eskemak egiteko teknika landu behar da).

2. helburua._Idazmena hobetzea.

3. helburua._Ulermena eta mintzamena hobetzea gaztelaniaz, euskaraz eta atzerriko hizkuntzan.

4. helburua._Irakurtzeko ohitura eta zaletasuna areagotzea.

2. hobekuntza arloa. Matematikako gaitasuna

Matematika arloa hartzen du.

1. helburua._Matematikako problemak ebazteko gaitasuna hobetzea.

3. hobekuntza arloa. Zientzia eta teknologiako gaitasunak

Zientzia eta Teknologia arloak hartzen ditu.

1. helburua._Zientzia eta teknologiako problemak ebazteko gaitasuna hobetzea.

4. hobekuntza arloa. Informazioaren tratamendua eta gaitasun digitala

Arlo guztiak hartzen ditu.

1. helburua._Informazio iturrien erabilera hobetzea (bilatu, hautatu, antolatu, erabili, igorri etab.) euskarri mota guztietan.

2. helburua._Eskola liburutegiaren erabilera sustatzea ikasteko toki gisa.

5. hobekuntza arloa. Gizarte gaitasuna eta gizalegea

Arlo guztiak hartzen ditu.

1. helburua._Ikastetxeko bizikidetza eta eskola giroa hobetuko dituzten balio sozialak garatzea: tolerantzia, desberdintasunak errespetatu eta baloratzea, elkartasuna, generoen arteko berdintasuna etab.

2. helburua._Aginte printzipioa sendotzea familian eta eskolan.

6. hobekuntza arloa. Kultur eta arte ondarea ezagutzea

Hainbat arlo hartzen ditu: Musika, Plastika eta Ikus Hezkuntza, Literatura, Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia, Kultura Klasikoa etab.

1. helburua._Kultur agerpenen aniztasunari buruzko jarrera irekia sustatzea, Nafarroako kultur aniztasunaren ezagutza oinarri dela.

7. hobekuntza arloa. Ikasten ikasteko gaitasuna

Arlo guztiak hartzen ditu.

1. helburua._Esparru akademikoko balioak garatzea, elkarlana, ikasteko ohitura, ahaleginaren balioa, lanaren antolaketa eta abar sustatzen dituztenak.

8. hobekuntza arloa. Pertsonaren autonomia eta ekimena

Arlo guztiak hartzen ditu.

1. helburua._Norbanakoen balioak garatzea, norberaren estimua, autonomia, ardura, norberarenganako konfiantza, iraunkortasuna, arazoei aurre egiteko gaitasuna eta abar sustatzen dituztenak.

2. helburua._Familiak hezkuntza-balioen sustapenean parte hartzera bultzatzea.

Iragarkiaren kodea: F0611467