100. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2006ko maiatzaren 2koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Miguel Servet Fundazioa" fundazio publikoa bihurtu eta haren estatutuen aldaketa onesten duena.

1986ko irailaren 26an eman eta urriaren 6an, 1986ko 123. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, argitaratu zen 211/1986 Foru Dekretuaren bidez, "Miguel Servet" fundazio pribatuaren osaera onetsi zen, Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumako 42. legearen babesean. 1987ko urtarrilaren 13an, eskritura publikoa egin zen, fundazioaren estatutuekin batera, Daniel Pacheco Marroquín Iruñeko notarioaren aurrean. Nafarroako Gobernuak onetsi zituen estatutuak, 1986ko abenduaren 11ko bilkuran.

1989an, 1992an eta azkenik 1998an aldatu egin ziren fundazioaren estatutuak. Nafarroako Gobernuak 1998ko urriaren 5eko bilkurako erabakiaren bidez onetsi zituen gaur egun indarra dutenak. Estatutu horiek 1998ko azaroaren 11n gauzatu ziren eskritura publikoan, Anastasio Herrero Casas Iruñeko notarioaren aurrean.

Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legeko tributu araubideari lotuta dago fundazioa.

Fundazioaren patronatuak, 2006ko otsailaren 28an, estatutuak aldatzea onetsi zuen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Osasun kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Miguel Servet Fundazioa" fundazio publikoa bihurtzea eta haren estatutuen aldaketa onestea. Fundazioa Nafarroako Gobernuak sortu zuen, Iruñeko Daniel Pacheco Marroquín notarioak 1987ko urtarrilaren 13an emandako eskrituraren bidez (protokoloko 134 zenbakia). Erabaki honen eranskinean azaltzen dira estatutu horiek.

2. Osasun kontseilaria hautatzea Erabaki hau argitaratzeko behar diren agiri publiko eta pribatu guztiak sinatzeko.

3. Erabaki hau Osasun kontseilariari, idazkari nagusi teknikoari, Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko zuzendariari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki hau, estatutuekin batera, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, dagokien eskritura publikoa egin eta gero.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 2an. Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

ERANSKINA

"Miguel Servet" Fundazioaren estatutuak

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. 1. Miguel Servet Fundazioa erakunde bat da, Nafarroako Gobernuak nahi izan zuelako osatu zena, Foru Berriaren babesean. Nahi hori irailaren 26ko 211/1986 Foru Dekretuan adierazi zen eta Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legean gorpuztu, Nafarroako Gobernuak babesturik.

2. Bere helburuak lortzeko "Miguel Servet" Fundazioak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, Osasun eta Kontsumo Ministerioarekin, Herri Lan eta Garraio Ministerioarekin, Munduko Osasun Erakundearekin eta Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen bidez eman zitzaizkion eginkizunak betetzen laguntzen ahal dioten erakunde eta entitate publiko eta pribatuekin koordinazio, funtzionamendu eta finantzazio baliabideak izanen ditu, berariazko hitzarmenen bidez arautuko direnak.

2. artikulua. 1. Nafarroako Foruko 43. legeko 6. artikuluan xedaturikoarekin bat, fundazioak berezko nortasun juridiko beregaina du.

2. Foru bereko 44. legearekin bat, fundazioa interes sozialekoa da, ez du irabazi asmorik eta pribatua da.

3. Osasunari buruzko Foru Legeko 91. artikularen arabera, "Miguel Servet Fundazioa" erakunde gisa osatu zen, Foru Komunitateko Osasun Administrazioari zientzia eta teknika kontuetan laguntzeko, baita osasunari buruzko irakaskuntzan eta ikerketan ere.

4. Fundazioak erabateko nortasun juridikoa du bere helburuak lortzeko aritu ahal izateko.

5. "Miguel Servet Fundazioa" Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren barruan dago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedaturikoarekin bat.

3. artikulua. Fundazioa estatutu hauen, Nafarroako Foru Berriaren eta Osasunari buruzko Foru Legearen arabera arautuko da, kontratuen, aurrekontuen, kontabilitatearen eta kontrol finantzarioaren arloetan fundazio publikoei dagokien arautegi administratiboan ezarririko berezitasunak deusetan galarazi gabe.

4. artikulua. Fundazioaren helburuak:

1. Osasun zientzien eta osasunaren administrazio eta kudeaketaren arloetan teknikariak eta profesionalak espezializatzeko jarduerak sustatu eta antolatzea.

2. Foru Komunitateko Osasun Administrazioari balio izatea laguntza administratiborako, elkarlanerako, sostengu teknikorako eta zerbitzuetarako erakunde gisa, osasunari buruzko irakaskuntza eta ikerketa sustatzeko.

3. Osasun Departamentua aholkatzea eskatzen zaizkion ikerketa zientifikoko, garapen teknologikoko eta irakaskuntzako kontuetan.

5. artikulua. Fundazioak askatasuna izanen du bere egitekoak Patronatuaren arabera bere helburuetarako egokienak diren jarduera eta helburuetarantz bideratzeko, betiere haiekin bat.

6. artikulua. 1. Fundazioak foru izaera nafarra du Nafarroako Foru Berriko 15, 43.6 eta 44tik 47ra bitarteko legeetan xedaturikoaren arabera.

Haren egoitza Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko Irakaskuntza Pabiloian egonen da Irunlarrea kaleko 3an, 31008 posta kodea duela.

7. artikulua. 1. Fundazioak ez du denbora mugarik, estatutu hauetako 29. eta 30. artikuluan xedaturikoa deusetan galarazi gabe.

2. Pertsona juridikoa izanen da eta osaera eskritura egin zen egunean hasi zen lanean.

II. TITULUA

Fundazioaren organoak

8. artikulua. Fundazioaren gobernua eta administrazioa Patronatuari dagokio. Patronatua estatutu hauetan xedaturikoari lotuz hautatuko da.

9. artikulua. Patronatua erabateko independentziaz arituko da bere lanetan, oztoporik eta mugarik gabe. Estatutu hauetan eta aplikatzekoa den arautegian ezarririko betebeharrak besterik ez ditu izanen. Inongo perrtsona edo erakunderen aurretiko edo baterako onespena, fiskalizazioa edo esku-hartzea ez du beharko fundazioaren organoaren egintza edo ez-egintzetan.

10. artikulua. 1. Patronatuko kargu guztiak konfiantzazkoak eta ohorezkoak dira, ordezkatzen ahalko dira eta doakoak izanen dira.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak unean-unean administrazio karguak izendatuz hartuko du parte. Kargudun horiek patronatukideak izanen dira.

11. artikulua. 1. Patronatuak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria:

Lehendakariordea: Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusia.

Kideak:

_Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea.

_Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ordezkari bat, haren errektoreak izendatua.

_Osasun kontseilariak askatasun osoz izendaturiko lau kide.

_Osasunaren Munduko Erakundearen ordezkari bat.

_Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak hautaturiko ordezkari bat.

2. Fundazioko zuzendariak idazkari gisa hartuko du parte Patronatuan. Hizpidea izanen du baina botorik ez.

3. Lehendakariak egokitzat jotzen dituen teknikariak gonbidatzen ahalko ditu Patronatuaren bilkuretara, baita erakunde publiko edo pribatuen ordezkariak eta aztertu beharreko berariazko kontuetan Patronatua aholkatzen ahal duten entzute handiko pertsonak ere, haien iritziak eragina izan dezakeenean. Aditu horiek hizpidea izanen dute bilkuretan baino botorik ez eta iritzia eskatu zaien berariazko gaian arituko dira bakarrik.

12. artikulua. Patronatuko kideek hura utziko dute izendatu edo hautatu zirenean zer kargu edo postu zuten eta hori galtzean.

13. artikulua. 1. Patronatuak ohiko bilerak eginen ditu eta ohiz kanpokoak. Ohiko bilerak lehendakariak ezartzen dituen egunetan eginen dira. Haietarik bat urteko lehengo hiru hilabeteetan eginen da aurreko ekitaldiko kontuak onesteko eta ekitaldi berrirako aurrekontua eta fundazioaren garapen normal eta arrunterako gorabehera guztiak prestatzeko.

2. Ohiz kanpoko bilkurak lehendakariak eskaturik edo Patronatuko kideetariko hiruk eskaturik eginen dira, lehendakariari eskaera igorririk. Horrek hurren hamabost egunetan egin beharko du bilerarako deia.

14. artikulua. Deialdiak gutxienez ere bilera baino zazpi egun natural lehenago eginen dira. Haietan eguna, ordua eta aztertu beharreko gaiak adieraziko dira. Hala ere, Patronatuak bilerak egin eta edozein erabaki hartzen ahalko du, kide guztiak bertan daudela, aho batez bilera egitea erabakitzen badute.

15. artikulua. Patronatuko lehendakaria izanen dute buru bilerek. Hura ez dagoenean edo etortzerik ez duenean, lehendakariordeak ordeztuko du. Patronatuko idazkaria arituko da idazkari lanetan. Hori ez dagoenean edo etortzerik ez duenean, bertan dauden kiderik gazteenak ordeztuko du.

16. artikulua. Ulertuko da Patronatua egoki osatu dela, lehen deialdian kideen gehiengo arrunt edo bakuna dagoenean. Bigarren deialdia ordu erdi bat geroago eginen da. Horretan aski izanen da lehendakaria edo lehendakarioradea, kide bat eta idazkaria egotea.

Bertan daduden kideen botoen gehiengo arrunt edo bakunaz hartuko dira erabakiak. Berdinketarik gertatuz gero, lehendakari lanetan dagoenaren kalitatezko botoa izanen da erabakigarria.

17. artikulua. Bileren emaitzen aktak eginen dira. Partaide guztiek sinatuko dituzte.

Idazkariak, lehendakariaren edo estatutuen arabera ordeztu behar duenaren oniritziarekin, aktetan ageri diren erabakien erabateko edo hein bateko ziurtapenak eginen ditu.

18. artikulua. 1. Patronatuak Fundazioaren gobernuari eta administrazioari dagozkien gai guztietan du eskumena.

2. Patronatuak eginkizun hauek ditu oso-osorik:

a) Fundazioaren helburuak eta xedeak ahalik eta hobekien betetzen saiatzea.

b) Estatutuen aldaketa sustatzea, Fundazioaren helburuak hobeki betetzeko beharrezkoa edo komenigarria bada.

c) Fundazioaren jarduera guztiak ikuskatu, begiratu eta bideratzea.

d) Zuzendaritzak prestaturiko urteroko aurrekontuetarako aldian aldiko programak prestatzea.

e) Eskura dauden funtsak Fundazioaren helburuen artean banatu edo gastatzeko orotariko irizpideak finkatzea.

f) Urteko balantzea, Fundazioaren jardueren memoria, urteroko kontuak eta zuzendaritzak aurkezten dion aurrekontuaren likidazioa onestea.

g) Zuzendaritzaren kudeaketa onetsi edo ezestea. Hala bada, behar den erantzukizuna eskatuko du.

h) Espainiako eta atzerriko erakundeekin itunak eta hitzarmenak izenpetzea Fundazioaren helburuei zuzenean loturik dauden gai edo jarduerei buruz.

i) Fundazioak emaniko zerbitzuen prezioak eta programetan oihartzundu beharreko orotariko gastuak finkatzea.

j) Eskuarki, Fundazioaren ondasunak gobernatu, administratu, begiratu eta zaintzea eta fundazioaren barneko eta kanpoko funtzionamendua antolatu eta zuzentzea.

19. artikulua. Patronatuko lehendakariari eginkizun hauek dagozkio, lehendakaria den aldetik:

a) Fundazioaren goi ordezkaritza.

b) Fundazioaren interesak babesteko behar diren ekintza eta salbuespen guztiak egitea.

c) Patronatuaren bileran buru izatea eta haiek zuzendu, bertan behera utzi eta bukatutzat ematea.

d) Premiazko kasuetan, beharrezko diren behin-behineko erabakiak hartzea. Horrelakoetan, horien berri eman beharko dio Fundazioko Patronatuari, egiten duten lehenbiziko bileran, onesteko.

e) Fundazioko kontratazio organo gisa aritzea, zuzendariari aitorturiko eskumenak galarazi gabe.

20. artikulua. Lehendakarioardearen eskumenak lehendakariarenak dira, hori ez dagoenean edo etortzerik ez duenean.

21. artikulua. Patronatuko zuzendariak izendatu eta kargugabetuko du fundazioko zuzendaria. Goi mailako teknikari bat izanen da, Patronatuak proposaturik. Nafarroako Gobernuak horretarako ezartzen duen soldata izanen du.

22. artikulua. Honako hauek dira zuzendariaren eginkizunak:

a) Fundazioaren jarduketa plan eta programak prestatu eta burutzea.

b) Aurrekontuei, kontuei eta inbentarioei buruzko txostenak.

c) Aurrekontua garatzea.

d) Fundazioaren ohiko ordezkaritza pertsona, agintari eta erakunde guztien aurrean.

e) Kontratazio organo gisa aritzea, 2.405,30 euro bitarteko gastuetarako.

f) Bere sinadurarekin fundazioak bere gain harturiko obligazioen ordainketa baimentzea eta funtsak erabiltzea, administratzaileari emaniko gaitasuna galarazi gabe.

g) Kasuan kasuko denborarako fundazioaren gastu eta dirusarreren aurrekontua prestatzea.

h) Aurrekontua likidatzeko urteroko kontua eta ekitaldi bakoitzeko balantzea prestatzea.

i) Fundazioko idazkaritzaren berezko eginkizunak burutzea, Patronatuaren bileretako akta liburuez arduratzea eta haien ziurtapenak ematea, lehendakariaren oniritziarekin.

j) Patronatuari laguntza eta aholkuak ematea.

k) Patronatuak espresuki haren esku uzten dituen guztiak.

23. artikulua. 1. Fundazioaren barruan, zuzendaritzari atxikirik, irakaskuntzarako eta ikerketarako organo aholku-emaileak osatzen ahalko dira, zuzendariari bere lanetan lagunduko diotenak, Patronatuak haien ezaugarriak eta haien osaera onetsi ondoren. Patronatuak berak izendatu eta kargugabetuko ditu kideak eta haien funtzionamendu arauak onetsiko.

2. Fundazioko zuzendariaren menpe, administratzaile kargua sortzen da, Patronatuak, fundazioko zuzendariak proposaturik, izendatuko duena eta horretarako Nafarroako Gobernuak finkatuko dituen sariak kobratuko dituena.

3. Fundazioko administratzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Aurrekontuei, kontuei eta inbentarioei buruzko txostenak prestazea.

b) Zuzendaritzari aurrekontua ongi garatzen, material suntsigarria eskuratzen eta material inbentariagarria eskuratzeko proposatzen aholkuak ematea, baita fundazioak bere gain hartzen dituen obligazioak pagatzen eta eskura dauden funtsak erabiltzen ere.

c) Fundazioaren kasuan kasuko denborarako gastu eta dirusarreretarako aurreproiektua, aurrekontua likidatzeko urteroko kontua eta ekitaldi bakoitzeko balantzea prestatzen laguntzea.

d) Ondasun higarrien liburu-erregistroa eta kontabilitateko liburu ofizialak prestatu eta zaintzea.

e) Patronatuari administrazio kontuetan laguntzea.

f) Bankuko eragiketa mota guztiak egitea, pertsonen, erakunde edo entitate publikoen, bankuen edo pertsona fisiko edo juridiko pribatuen aurrean. Edozein kreditu establezimendu publiko edo pribatutan kontu korrenteak eta aurrezki kontuak ireki, erabili, begiratu, itxi eta bertan behera uztea. Taloiak, txekeak, agindu-txartelak, transferentziak eta edozein ordainketa modu sinatzea eta laburpenak onestea. Merkataritzako ganbio letrak edo merkataritzako igorpen edo trafikoko beste edozein agiri libratu, onartu, abalatu, endosatu, protestatu, kobratu, deskontatu, hartu, adierazi eta biltzea.

g) Fundazioaren barne funtzionamendua antolatu eta kontrolatzea.

III. TITULUA

Ondarea eta araubide juridikoa

24. artikulua. Normaltasunez jarduteko behar dituen ondasunek, hasierako kapitalak eta fundazioari dagozkion beste eskubideek osatuko dute fundazioaren ondarea.

25. artikulua. Ulertuko da fundazioaren ondasun eta errentak lotuak eta atxikiak direla, zuzenean eta berehala, fundazioa sortzeko helburuak lortzeko. Behin ere ez dira erabiliko beste behar batzuetarako.

26. artikulua. Fundazioak dohaintzak, sariak, dirulaguntzak, laguntzak eta diru ekarpenak hartzen ahalko ditu bere helburuak lortzeko zuzenean erabiltzeko.

Fundazioak zerbitzuak emateagatik dirusarrerak izanen ditu, Patronatuak ezartzen duen zenbatekoan.

27. artikulua. 1. Fundazioak Sozietateen gaineko Zergako arautegian entitate salbuetsietarako aurreikusiriko kontabilitate eginbeharrak egin beharko ditu, ustiapen ekonomikoa egiten dutenerako Mekataritzaren Kodeak eta hori osatzen duten xedapenek eskatzen duten kontabilitateaz arduratu beharra galarazi gabe.

2. Urtero, Fundazioaren Patronatuak inbentarioa, egoeraren balantzea eta emaitzen kontua eginen ditu, zeinetan argiro azalduko baita Fundazioaren diru, finantza eta ondare egoera zein den, eta memoria bat ere prestatuko du adierazteko zein izan diren fundazioaren jarduerak eta haren kudeaketa ekonomikoa, finantzazio taula ere barne dela, eta fundazioaren helburuak zehazki zenbateraino bete diren neurtzeko ere bai. Memoria horretan zehaztuko ere da, ondarea nola aldatu den eta zer aldaketa izan diren gobernu, zuzendaritza eta ordezkaritza organoetan.

3. Halaber, fundazioaren gobernu organoak aurreko urteko dirusarrera eta gastuen aurrekontuaren likidazioa eginen du.

4. Artikulu honetako 2. eta 3. idatz-zatiek aipatzen dituzten agiriak Ekonomia eta Ogasun Departamentuan aurkeztuko dira hurrengo ekitaldiko lehenbiziko sei hilabeteetan.

28. artikulua. 1. Urtero fundazioaren kontuen kanpoko auditoretza eginen da. Auditoria txostenak Ekonomia eta Ogasun Departamentuan aurkeztuko dira jaulki eta hurrengo hiru hiletan.

2. Horrez gain, Patronatuak hurrengo urteko aurrekontua ere prestatu eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari igorriko dio, azalpen memoria batekin batera.

IV. TITULUA

Fundazioa aldatzea eta iraungitzea

29. artikulua. Nafarroako Gobernuak, ofizioz edo Patronatuak proposaturik, Fundazioko estatutuak aldatu edo hura iraungitzea erabakitzen ahalko du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 126. artikuluko 1. idatz-zatian aurreikusiriko prozeduraren bidez.

30. artikulua. Nafarroako Gobernuak, ofizioz edo Patronatuak proposaturik, Fundazioa iraungitzea erabakiz gero, horren ondasun eta eskubide guztiak Foru Komunitateko Administraziora itzuliko dira. Haiek Fundazioak egiten dituen interes orokorreko helburuen antzetarako erabili beharko dira.

Iragarkiaren kodea: F0611558