100. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1343/2006 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Osasun zuzendari nagusiak emana, hamasei urtetik beheitiko seme-alabak, garun-perlesiak joak eta Petö metodoarekin tratamendua hartzen dutenak, dituzten familiendako 2006rako dirulaguntzak banatzeko deialdia onesten duena.

2006ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 18/2005 Foru Legean "Petö tratamendua hartzen ari diren garun-perlesiak jotako haurren familiendako laguntzak" izeneko kontusaila dago.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen orotariko araubide juridikoa ezarri zuen. Dirulaguntzak eman aitzin, organo eskudunak haien arauak ezarri beharko ditu, argitaratu beharko direnak. Horrela, deialdiaren xede den egoeran daudenek eskuratzen ahalko dituzte.

Beraz, 11/2005 Legean xedaturikoarekin bat, deialdi honen xedea da seme-alabak, garun-perlesiak joak eta Petö metodoarekin tratamendua hartzen dutenak, dituzten familiendako 2006rako dirulaguntzak banatzea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hamasei urtetik beheitiko seme-alabak, garun-perlesiak joak eta Petö metodoarekin tratamendua hartzen dutenak, dituzten familiendako 2006rako dirulaguntzak banatzeko deialdia onestea, ebazpen honetako eranskinean ageri diren baldintzei jarraituz.

2. Gehienez ere 61.675,00 euroko gastua baimentzea, 2006ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Petö tratamendua hartzen ari diren garun-perlesiak jotako haurren familiendako laguntzak" 51000-500000-4809-311102 kontusailetik.

3. Ebazpen hau eta haren eranskina Osasun Laguntzako Zerbitzura, Osasun Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikoko Kontabilitate Bulegora eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu Hartzailetza Delegatura igortzea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko uztailaren 4an._Osasun Departamentuko zuzendari nagusia, Francisco Javier Sada Goñi.

ERANSKINA

Hamasei urtetik beheitiko seme-alabak, garun-perlesiak joak eta Petö metodoarekin tratamendua hartzen dutenak,dituzten familiendako 2006rako dirulaguntzak banatzeko deialdiko arauak

1._Dirulaguntzaren xedea.

Deialdi honen babesean banatzen diren dirulaguntzak hamasei urtetik beheitiko seme-alabak, garun-perlesiak joak eta Petö metodoarekin tratamendua hartzen dutenak, dituzten familien gastuak osorik edo hein batean finantzatzeko erabiliko dira:

2._Onuradunek bete beharreko baldintzak:

_Garun-perlesiak edo sendagile batek diagnostikatutako antzeko prozesu neurologikoek jotako haurrak izatea, 16 urtetik beheitikoak.

_Nafarroan luzaz bizitzea.

_Tratamendua Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko sendagile espezialista batek agindu izana.

3._Betebeharrak frogatzea:

Eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Haurra laguntza eskatu baino lehenagoko bi urteetan egiatan Nafarroako Foru Komunitatean bizi izan dela frogatzen duen agiria.

b) Tratamendua justifikatzen duen txosten klinikoa.

c) Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

d) Petö metodoarekin proposaturiko errehabilitazio tratamenduaren azalpena, zer zentrotan eginen den adieraziz.

e) Petö metodoaren bidezko errehabilitazio tratamenduaren kostua, familiak pagatu behar duena.

f) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko obligazioak beteak izan beharko ditu eskatzaileak. Osasun Departamentuak egiaztatu eginen du betebehar hori betetzen ote den.

Ez da beharrezkoa izanen a), b) eta c) idatz-zatietan aipatzen diren agiriak aurkeztea aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira.

4._Aurkezteko modua, tokia eta epeak:

4.1. Tratamenduaren kostuaren zenbatekoa pagatzen duen aita, ama, tutore edo legezko ordezkariak eskatzen ahalko dituzte deialdi honetan ezartzen diren laguntzak.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2006ko urriaren 1ean bukatuko da:

4.3. Dirulaguntzen eskabideak lehenbizi Osasun Departamentuko Erregistroan, Iruñeko Amaia kaleko 2An, aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritakoa deusetan galarazi gabe, Osasun zuzendari nagusiari eskabidea igorririk. Eskabidearekin bat deialdiko 2. arauan ezarririko agiriak aurkeztuko dira.

4.4. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun Laguntzaren Zerbitzuak interesatuari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskabideari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela.

4.5. Eskabidea aurkezteak berarekin dakar deialdia zuzentzen duten arauak onartzea.

5._Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak:

5.1. Osasun zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez banatuko ditu dirulaguntzak Ebaluazio Batzorde batek proposaturik. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

_Osasun Laguntzaren Zerbitzuko zuzendaria.

_Organo Birlandaketen eta Elkarteen Koordinaziorako atalburua, idazkari lanetan arituko dena.

_Osasun Laguntzako Zerbitzuko teknikari bat, bertako zuzendariak izendatzekoa.

5.2. Ebaluazio Batzordeak egiaztatuko du onuradunak betetzen dituztela dirulaguntzak kobratzeko betebeharrak eta irizpide hauei jarraituz proposatuko ditu zenbatekoak:

_Dirulaguntzaren zenbatekoan familiak finantzaturiko tratamenduaren kostua hartuko da kontuan.

_Zehazteko, kontuan hartuko da zenbat diru dagoen aurrekontuetan, laguntzak tratamenduaren kostuarekin proportzionalak izan daitezen (aurrekontuko dirua hainbanatuko da).

_Onuradun bakoitzarendako dirulaguntzak gutxienez tratamenduaren ziklo bat finantzatzeko adina eginen du.

_Dirulaguntzak ez du behin ere familiak finantzaturiko tratamenduaren kostu osoa gaindituko.

5.3. Ebaluazio Batzordearen proposamena loteslea izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20,3 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

6._Ebazpena.

6.1. Osasun zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak eman edo ukatzea, Batzordeak ematen duen proposamenarekin bat.

6.2. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, deialdi honetako 9. puntuan aipatzen diren agiriak egiaztatu ondoren. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

7._Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina guztira emanikoaren zenbateko osoak behin ere ezin eginen du familiaren kontu pagaturiko tratamenduaren kostu osoa.

8._Onuradunen betebeharrak:

Onuradunek Osasun Departamentuari jakinarazi beharko dizkiote beste erakunde batzuek helburu eta xede bererako emaniko laguntza edo dirulaguntza guztiak.

Halaber, onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legean aipatzen diren beste eginbeharrak egin beharko dituzte.

9._Justifikazioa:

9.1. Justifikazio ekonomikoa Osasun Departamentuko Erregistroan jatorrizko fakturak aurkeztuz eginen da. Horietan gutxienez datu hauek agertuko dira:

_Haurraren izen-deiturak.

_Tratamendua ematen duen entitatea.

_Harturiko tratamendua, aldiak zehaztuz.

_Familiak guztira pagaturiko zenbatekoa.

9.2. Halaber, urteko tratamendua bukatzean, Osasun Departamentuan tratamenduak haurraren bilakaeran izaniko emaitzei buruz ebaluazio zehatz bat aurkeztu beharko da.

9.3. Eginiko gastuen ziurtagiriak 2006ko abenduaren 2a baino lehen aurkeztu beharko dira.

10._Dirulaguntzaren ordainketa:

Dirulaguntza osoa batera pagatuko da, agiriak egiaztatu ondoren.

11._Arau-hausteak eta zehapenak:

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko V. Tituluan xedaturikoari jarraikiz.

12._Datuen babesa.

Onuradunek dirulaguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo Administrazioaren esku badaudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Interesatuek datu horiek eskuratu, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Foru Legearekin bat.

13._Aplikatu beharreko arauak.

Arau hauetan aurreikusirik ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko xedapenak aplikatuko dira.

14._Errekurtsoak.

Deialdi honen, arauen eta garatzeko egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasun kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F0613211