97. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1385/2005 EBAZPENA, uztailaren 20koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, merkataritzan kalitatea sustatzeko programarako dirulaguntzak emateko 2005eko deialdia onesten duena.

Espainiako Normalizazio eta Ziurtapenerako Elkartea-AENORek txikizkako merkataritzaren kalitateari buruz arau bat prestatu du. Arauak orotariko jarraibide batzuk biltzen ditu. Horien xedea saltokietarako kalitate sistemaren egitura eta ezaugarriak azaldu eta horiek erabiltzeko orotariko jarraibideak ematea da. Izan ere, tresna bat osatzen dute zerbitzuaren kalitatea lortzeko, saltokiak barrurtik hobeki kudeatzeko eta bezeroak hobeki tratatzeko. Helburua merkataritzaren irudia sendotzea da, saltokietan kalitate marka bat ezarriz eta markak berarekin ekarri behar dituen kudeaketa eta jarrera baldintzak sektorearen esku utziz.

Horrekin batera, ezaugarriak eta kalitate gidak ugaltzea eragotzi nahi da, orotariko erabilerarako arau bakar bat ezarriz. Horregatik, programa "Merkataritza txikirako zerbitzuaren kalitatea" UNE 175001 arau bildumari aplikatuko zaio. Izan ere, arau bilduma hori txikizkako merkataritzaren sektorerako prestatu da, kalitatea bermatzeko Espainian ofizialki ezarririko sistemaren barruan.

Merkataritzaren sektoreari laguntzeko neurriak arautzen dituen maiatzaren 19ko 125/2003 Foru Dekretuak merkataritzaren kalitatea sustatzeko laguntzen programa aurreikusten du.

Aipatu foru dekretuko 6. artikuluko 1. idatz-zatiaren arabera, foru dekretu hori garatzen duten foru aginduetan ezarriko da 2. artikuluan azalduriko programa eta jarduera bakoitzeko laguntzen zenbaterainokoa, ekitaldi bakoitzean dagoen aurrekontuaren arabera. Foru dekretuaren azken xedapenetako lehenean oinarrituz emanen ditu agindu horiek Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak.

Ebazpen honek, maiatzaren 19ko 125/2003 Foru Dekretuak aurreikusitakoari jarraikiz, xedea du merkataritzan kalitatea sustatzeko programarako laguntzen zenbaterainokoa ezartzea, ondoko hauek erdiesteko asmoz.

Ebazpen honetako laguntzak "de minimis" araubidearen menpe daude; hau da, hiru urteko epean jasotzen diren dirulaguntza guztien batura ezin izanen da 100.000 eurotik gorakoa izan.

Ebazpen honi Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea aplikatuko zaio eta urtean behin egiten den deialdiaren bitartez bideratuko da.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Merkataritzan kalitatea sustatzeko programako dirulaguntzak emateko 2005eko deialdia onestea.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean azaltzen dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak finantzatzeko 2005erako gastu aurrekontuan kreditu hauek baimentzea:

_104.000,00 euro gehienez ere, "Merkataritzako egiturak berritzeko laguntza" izeneko 850002 81410 4709 431400 kontusailaren kargura.

_30.000,00 euro gehienez ere, "Merkataritzako egiturak berritzeko laguntza" izeneko 850002 81410 4810 431400 kontusailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari igorria, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2005eko uztailaren 20an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

A R A U A K

1. araua. Xedea.

Ebazpen honen xedea merkataritzan kalitatea sustatzeko programarako dirulaguntzak emateko 2005eko deialdia onestea da.

2. araua. Laguntzek hartzen duten esparrua.

Jarduera hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:

A) "Merkataritza txikirako zerbitzuaren kalitatea" UNE 175001 arau bildumaren araberako ezarpena eta lehen ziurtapeneko auditoretza.

B) Kalitateko arau horiek merkataritzan ezartzeko proiektuak zabaldu eta horietaz sentiberatzeko ekintzak.

3. araua. Onuradunak.

A) Ezarpena eta auditoretza.

Txikizkako merkataritzako enpresa txiki eta ertainak, betebehar hauek betetzen dituztenak:

1. Haien jarduera bat etortzea abenduaren 18ko 1560/1992 Errege Dekretuaren bidez onetsiriko CNAE-93ren jarduerekin:

.50. multzotik: 50.101, 50.103, 50.302 eta 504.

.52. multzotik: 521, 522, 523, 524 eta 525 taldeetakoak, 52.111 eta 52.121 izan ezik.

2. kalitatearen lehenbiziko auditoretza egin eta Nafarroan dituzten saltokietan kalitatearen ziurtagiria lortzea 2005eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko denboraldian.

3. enpresa txiki eta ertainen beharkizunak betetzea, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioan ezarritakoaren arabera.

B) Hedatu eta sentiberatzeko ekintzak.

Merkatarien elkarteak eta merkataritza elkartuko beste entitate batzuk, legez osatuak eta aski ordezkatzaileak badira, Nafarroa osoan badihardute eta merkataritza elkartura eta merkataritza elkartugabera begirako ekintzak egiten badituzte.

4. araua. Entitate auditatzaileak.

Laguntzen deialdi honetarako, une honetan ENACek UNE 175001 arau bildumarako ziurtaturiko entitate kreditatu bat ere ez dagoenez, entitate auditatzaileak betebehar hauek bete beharko ditu:

1. merkataritza sektorerako ISO 9001/2000 operatiba ENACek kreditaturik edukitzea.

2. auditoretzaren xede den saltokirako ezartzeko aholkularitza lanik egin ez izana.

ENACek kreditaturiko entitateren bat egon bezain laster, laguntzen deialdi honi dagokionez, entitate horiek egiten dituzten ziurtapenak izanen dira onartuko diren bakarrak.

5. araua. Dirulaguntzen xede diren kontzeptuak.

1. Hona hemen deialdi honen arabera dirulaguntzen xede izan daitezkeen jarduerak:

A) Ezarpena eta auditoretza.

"Merkataritza txikirako zerbitzuaren kalitatea" UNE 175001 arau bildumaren arabera ezartzeko aholkularitzaren kanpoko gastuak eta lehenbizikoz ziurtatzeko auditoretzaren kanpoko gastuak.

Auditoreen egonaldi, mantenu eta joan-etorrien dieten gastuak ez dira dirulaguntzen xede, ez eta B) laguntza lerroaren onuradun diren entitateek ematen dituzten laguntza teknikoen gastuak ere.

B) Hedatu eta sentiberatzeko ekintzak:

Aholkularitza, argibideak, merkataritzako enpresa txiki eta ertainen arteko hedapena eta merkataritzan kalitatearen kulturaz konturarazteko eta hori sustatzeko ekintzak. 2005eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte eginiko jarduerak, honakoak:

_Kanpoko aholkularitza espezializatua kontratatzea.

_Hedatu eta sentiberatzeko ekintzak. jardunaldiak antolatzea, iragarkiak, posta eta abar.

_Langile teknikoak kontratatzeko kostua egoztea, kontratu horiek beste edozein kontzepturengatik dirulaguntzen xede ez badira.

Entitatearen funtzionamenduko gastu arruntei ez zaie inola ere laguntzarik emanen.

6. araua. Laguntzen zenbatekoa.

A) Ezarpena eta auditoretza: gastuen 100eko 70 bitarte, 1.260 euro enpresako, gehienez ere.

B) Hedatu eta sentiberatzeko ekintzak: aurkezten den proiektu bakoitzean ageri diren kostuen 100eko 70 bitarte, 30.000 euro gehienez ere. Langile teknikoak kontratatzeko dirulaguntzek gehienez ere 8.000 euro eginen dute urtean.

7. araua. Eskabideen eta agirien aurkezpena.

1. Laguntzetarako eskabidea Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bulegoren batean aurkeztu beharko da (bulegoen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautzen duen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren II. eranskinean ageri da), deusetan galarazi gabe Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian adierazitako gainerako moduak erabiltzeko eskubidea.

Agiriak posta bulego batean aurkeztuko badira, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikulua).

2. Hona hemen eskaerak aurkezteko epeak eta erantsi beharreko agiriak:

A) Ezarpena eta auditoretza.

Eskabideak hilabeteko epean aurkeztuko dira, kasuan kasuko ziurtagiria lortu eta biharamunetik hasita eta, betiere, azaroaren 15a baino lehen, Fc7.06.14 inprimakian. Agiri hauek dira aurkeztu beharrekoak:

_Pertsona juridikoak izanez gero, sozietatea osatzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak, merkataritzako pertsona juridikoak badira. Beste sozietate edo entitateetarako, osaketa frogatzen duen agiriaren kopia, kasuan kasuko Erregistroan inskribatua, hala bada.

_Fakturen eta bankuen ordainagirien kopiak.

_Kalitateko auditoretza gainditu dela frogatzen duen agiriaren kopia.

_Ezarpenerako eta auditoretzarako eginiko jarduketen gaineko laburpen-txostena.

_Eskatu eta harturiko beste laguntzen zinpeko adierazpena eta ezarririko ereduen arabera enpresa txiki edo ertain bat osatzen dela dioen zinpeko adierazpena.

_Laguntzen eskabidea lehenbizikoz aurkeztuz gero, transferentzia bidez kobratzeko eskaeraren inprimakia, behar bezala betea.

Hala ere, kalitatearen ziurtapena urtarrilaren 1etik ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu bitarte lortu duten enpresen kasuan, dirulaguntzen eskabideak hilabeteko epean aurkeztuko dira, argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Hedatu eta sentiberatzeko ekintzak.

Eskabideak hilabeteko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Haiekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

_Proiektuaren memoria zehatza, egin beharreko ekintzak, arduradunak, egutegia, kostuak eta finantzabideak adieraziz.

Merkataritza Zerbitzuaren dirulaguntza hauek lehenbiziko aldiz eskatu eta A) atalean zehazten den enpresari buruzko agiriak Foru Komunitatateko edozein organotan daudela adierazten duten eskatzaileek ez dituzte agiri horiek aurkeztu beharko; kasu horretan, agiriak noiz eta non aurkeztu zituzten azaldu eta adierazpen bat izenpetuko dute, agiri horietan ez dela aldaketarik izan erantzukizunez azaltzeko.

Aurretik Merkataritza Zerbitzuaren dirulaguntza hauek eskatu dituztenek aski izanen dute adierazpen bat aurkeztea, agiri horietan ez dela aldaketarik izan erantzukizunez azaltzeko.

3. Nolanahi ere, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu eta honen gainean ebatzi ahal izateko, beharrezko juzkatzen dituen argibide eta agiri osagarri guztiak galdatzen ahal dizkio eskatzaileari.

8. araua. Dirulaguntza emateko irizpideak:

Dirulaguntzak ondoko irizpide hauei jarraikiz emanen dira:

A) Ezarpena eta auditoretza.

Eskabideak sarrera-hurrenkerari hertsiki jarraituz ebatziko dira, eta lehentasuna emanen zaie agiri guzti-guztiak aurkezten dituztenei, aurrekontuan dirua gelditzen den bitartean.

B) Hedatu eta sentiberatzeko ekintzak.

1. Laguntza har dezaketen jarduerei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa 6. arauan ezarritako gehieneko ehunekoen eta mugen arabera kalkulatuko da.

2. Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren arabera eman beharreko dirulaguntza guztien zenbatekoa baino txikiagoa bada, harturiko eskabide guztien artean hainbanaketa eginen da.

3. Aurrekontuan diru gehiago baldin badago eskura 2005ean, laguntzaren osagarri bat emanen da, gehienez ere 6. arauan ezarritako ehunekoetara eta diru kopuruetara iristen ahal dena.

9. araua. Instrukzioa eta ebazpena.

1. Merkataritza Zerbitzuak espedientea aztertu eta ebaluatuko du eta txosten bat emanen dio ebazpen organoari. Bertan azalduko du onuradunak dirulaguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituela; laguntzak emateko proposamena ere sartuko du txostenean.

Aurkeztutako eskabidea eta agiriak aztertu ondoren, osatu gabe daudela ikusten bada edo beharrezkotzat jotzen bada datu edo agiri osagarriak eskuratzea, epe bat emanen zaio eskatzaileari horiek aurkezteko, eta hori egiten ez badu, eskabidea bertan behera uzten duela ulertu eta espedientea artxibatuko da.

2. Proposamena ikusirik, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko ebazpena emanen du.

3. Ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabidea Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren erregistroan sartu zen egunetik hasita. Epea espresuki ebazpenik eman gabe bukaturik, ezetsitzat joko da eskabidea.

Nolanahi ere, ebazteko epea eten eginen da organo eskudunak argibide edo agiri osagarriak eskatzen dituenean. Etenaldia errekerimendua jakinarazten denean hasi eta eskatzaileak betetzen duenean bukatuko da, edo, bete ezean, emandako epea bukatzean.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari igorria, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

10. araua. Dirulaguntza kobratzeko modua eta epeak.

1. Dirulaguntzak epe hauetan pagatuko dira:

A) Ezarpena eta ziurtapena.

Dirulaguntzaren onarpena eta ordainketa batera eginen dira.

B) Hedatu eta sentiberatzeko ekintzak.

Dirulaguntzaren % 50, onartzen den momentuan. Gainerako % 50a, proiektuan biltzen dena egin dela frogatzeko agiri hauek aurkeztu ondoren:

_Egindako jardueren txosten zehaztua eta, horren barnean, helburuak zenbateraino bete diren adieraziko duen balorazioa.

_Egindako ekintzen frogagiriak: frogagiri gisa fakturak eta ordainketak egin izanaren agiriak, hala nola ordainagiriak, letrak eta bankuko karguak, aurkeztuko dira.

Edozein modutan ere, ziurtagiriak aurkezteko epearen azken eguna abenduaren 31 izanen da.

2. Merkataritza Zerbitzuak beharrezkoak diren ikuskapenak egiten ahalko ditu, diruz lagundutako ekintzak burutu diren egiaztatzeko, bai eta eman den dirua zehazturiko xedeetarako erabili den egiaztatzeko ere.

3. Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak ebazpena emanen du benetan burututako jarduerak ordaintzeko.

11. araua. Uko egitea.

Hedatu eta sentiberatzeko dirulaguntzaren xede den edozein ekintza eskaeran sartua dela, harendako aurrekontuak behera egiten badu, aldaketak jakinarazi beharko dizkio eskatzaileak Nafarroako Gobernuko Merkataritza Zerbitzuari haien berri duen unetik beretik urriaren 31 arte.

Aipatutako egunetan jakinarazten ez bada, antolatu gabeko jarduerak egin gabeko jarduerak balira bezala jokatuko da hurrengo deialdien ondorioetarako.

12. araua. Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 8. artikuluko 2. idatz-zatian oro har aurreikusitakoaz gain, onuradunak betebehar hauek ditu:

_Zer helburutarako ematen den laguntza, hartarako erabiltzea.

_Emandako dirulaguntzen jarraipena eta kontrola egiteko komenigarritzat hartzen diren datuak, agiriak eta frogak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren esku uztea.

_Helburu bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea dirulaguntzak ematen dituen organoari.

13. araua. Bateraezintasuna.

Deialdi honetan ezarririko laguntza hauek bateraezinak dira beste edozein erakunde edo organismok egintza beretarako eman dezakeen beste edozeinekin.

14. araua. "De minimis" laguntzak.

Laguntza hauek "de minimis" dira, Europako Batzordearen 69/2001 Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz; beraz, aurreko hiru urteetan "de minimis" gisa enpresak hartutakoari gehituta, ez du 100.000 eurotik gora eginen.

Ondorio horrekin, enpresak behartuta daude araubide honi jarraituz aurreko hiru urteetan eskatu edo hartutako laguntzak adieraztera, eskaera aurkezten dutenean.

15. araua. Laguntzen onuradunen betebeharrak eta laguntzak itzuli beharra.

12. arauan azaldu diren betebeharrak betetzen ez badira, onuradunak datu eta informazio faltsuak edo desitxuratuak ematen baditu, ikuskatze lana oztopatzen badu edo laguntzak eman eta ordaintzeko erabakigarriak diren egitate eta inguruabarrak ezkutatuz gero, emandako onurak kobratzeko eskubidea galduko du, eta, hala dagokionean, eskuratuak dituenak itzultzeko eta berandutza-korrituak ordaintzeko eskatuko zaio.

Bidezko izanen da, halaber, itzulketa hori, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21. artikuluan jasotako kasuetan, eta han esandako ondorioak izanen ditu.

16. araua. Errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari igorria, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0516580