97. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Foruzaingoko 111 polizia lanpostu oposizio bidez betetzekoa.

A R A U A K

1._Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea Nafarroako Foruzaingoko 111 polizia lanpostu txanda irekian oposizio bidez betetzea da. Deialdia hau arlo honetaz Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuan, hura garatzeko eta aplikatzeko gainerako arauetan eta deialdiaren beraren arauetan xedaturikoaren arabera eginen da. Lanpostuak honako zenbakiok dituzte plantilla organikoan: 199, 201, 204, 213, 266, 288, 289, 295, 300, 314, 358, 367, 3566, 4392, 4716, 4733, 5277, 5300, 5726, 5727, 5728, 5729, 5730, 6009, 6049, 6050, 6440, 6716, 6717, 6718, 6719, 6720 eta 7588tik 7666ra bitartekoak, biak barne.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nazionalitatez espainiarra izatea.

b) Adinez nagusia izatea eta 35 urte baino gehiago ez izatea.

c) Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko Foru Legearen Seigarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan onartua izateko, nahiko izanen da eskola-graduatua, lehen mailako lanbide-heziketako titulua edo baliokidea izatea, halako moduz non, deialdi honetako 5.2.2 oinarrian aurreikusitako prestakuntza ikastaroa gaindituta, teknikoki baliokideak izanen baitira oinarrizko ikastaro hori eta batxilergoa, bigarren mailako lanbide-heziketa edo horien baliokidea; baliokidetasun hori, hala ere, ondorio administratiboetarako baino ez da izanen, hau da, C mailako funtzionario izendatzeko, eta ez du baliorik izanen arlo ez akademikoan ezta irakaskuntzaren edo hezkuntzaren arloan ere.

d) Deialdiaren xede den lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea eta ez edukitzea deialdiaren IV. eranskinean zehazten diren bazterbide medikoetako bat.

e) Gizasemeek 1,70 metroko garaiera bederen izatea eta emakumezkoek 1,65 metrokoa.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu ez izana.

g) Gutxienez, ibilgailuak gidatzeko A, B eta BTP motetako baimenak edo horien baliokideak izatea.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira baldintza horiek. 2.1.g) letran adierazitako eskakizuna salbuespena izanen da, hori deialdiko 5.2.2. atalean aipatzen den Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroan onartutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunean bete beharko da eta.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña) edo erregistro horretako beste edozein bulegotan (zerrenda 2005eko 33. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 1ean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskabideak deialdi honetako eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunerako. Eredu hori Nafarroako Gobernuko Argibide Bulegoan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Aldizkari Ofizialetik abiatuta, bai Zerbitzuen Katalogoko Enplegu Publikoan dagoen deialdiaren aiputik abiatuta.

3.2. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

Bat._Izangaiek III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna dutela egiaztatuko duen ziurtagiri mediko ofiziala.

Bi._Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 12 euro ordaindu izana frogatzen duen agiria. Kopuru horrekin espedientearen formalizazioa eta azterketa eskubideak ordainduko dira.

Salbuetsita dagoela frogatu ezean, tasa ordaintzen ez badu, izangaia baztertu eginen da.

Hauta-proben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak tasa ordaintzetik libre egonen dira. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon den bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lan-igoera, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako den dirusarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako dirusarrerarik ez izatea interesatuaren zinpeko deklarazioaren bidez frogatuko da.

Hiru._Nortasun Agiri Nazionalaren bi aldeen fotokopia konpultsatua.

Lau._Deialdian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

3.4. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesatuak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horien gainean ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

5._Oposizioa nola eginen den.

5.1. Oposizioa 2005eko azaroan hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da ariketak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.2. Oposizioak bi fase izanen ditu. Lehenbizikoan proba hauek eginen dira: sasoia neurtzeko probak, kultura orokorra, psikoteknikoak eta proba medikoak. Bigarrenean oinarrizko prestakuntzako ikastaro bat gainditu beharko da.

5.2.1. Hautapenaldia

Hautapenaldiak proba hauek izanen ditu:

a) Lehenbiziko proba._Idatzizko lau proba objektibo eginen dira, deialdi honen II. eranskinean agertzen den gai zerrendaren lau atalei buruzkoak.

b) Bigarren proba._III. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Ariketak epaimahaiak zehaztutako hurrenkeran eginen dira.

Proba honekin batera, 2.1.e) oinarriak jasotzen duen baldintza betetzen dela ziurtatzeko, izangaien luzera neurtuko da.

Izangai guztiak antidoping kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak antzeman edo egiaztatzeko egindako analisiak, dagokion organo berezituak eginen ditu. Horretarako, debekatuta egonen dira debekatutako substantzia eta gai farmakologikoei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz Kiroletako Kontseilu Gorenak emandako 2004ko abenduaren 27ko ebazpenaren eranskinean (2005eko 7. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 8an) edo proba fisikoak egin behar direnean indarra duen ebazpenean heldu diren substantzia, gai farmakologikoak, doping metodoak eta manipulazioak.

c) Hirugarren proba._Izangaiek zenbait ariketa psikotekniko eta buruz buruko eta/edo taldekako elkarrizketa egin beharko dituzte, lanpostuaren ezaugarri profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko.

d) Laugarren proba._Egungo gai bat idatziz garatzea. Epaimahaiak agindua ematen ahalko du proba hori lehenbiziko probako gainerako ariketa idatziekin batera egiteko. Kasu horretan, izangaiek hirugarren proba gainditzen ez badute, ez da laugarren proba hau kalifikatuko.

e) Proba medikoak._Aurreko a), b), c) eta d) ataletako probak amaitu ondoren, epaimahaiak Nafarroako Gobernuko iragarki oholean paratuko du deialdiaren 5.2.2 atalak aipatzen duen oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda, eskuratutako puntuazioaren arabera ordenatua. Gehienez ere 111 ikasle sartzen ahalko dira.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beharrezkoak diren proba mediko guztiak eginen dituzte, beren egoera psikofisikoa frogatzearren, deialdiaren IV. eranskineko bazterbide medikoetan ezarritakoari jarraikiz.

Hautapen aldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira adierazten den egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

5.2.2. Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa.

Ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta aplikagarriak diren erregelamenduzko xedapenek gobernatuko dute.

Prestakuntza Ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangaiek, onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamabost egun naturaleko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako 2.1 oinarriko f) baldintza betetzen dutela egiaztatu beharko dute, eta, era berean, Oinarrizko Prestakuntzako Ikastarora behin-behinekoz onartuak izan diren izangaien zerrenda argitara ematen denean, aipatutako 2.1 oinarriko g) baldintza betetzen dutela; hartarako, jarraian agertzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

_Eskatutako gidabaimenaren aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatuak.

_Eginkizun publikoetarako ezgaituak edo gabetuak ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatearen zinpeko aitorpena.

Hau ere aurkeztu beharko dute:

_Nafarroako Foru Eraentza errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

_Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta azterketa medikoaren emaitzak, hautapen prozesuan sortutako bajak ezarriko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko dituizangaiekin, betiere proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntzako ikastarora onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

Prestakuntzako ikastaroa egiteko onartuak izan diren izangaiak praktikaldiko funtzionarioak izanen dira hura egin bitartean, aurretik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioak zirenen kasuan izan ezik. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izendatuko ditu ebazpen bidez eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolari atxikiko.

Izangaiek, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenen kasuan, horrexetan segituko baitute.

Ikastaroan baja emateak oposizioaldian jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea ekarriko du berekin.

Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa baino lehen egindako azterketa medikoaz gain, ikastaroa bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak egin beharko dituzte, horrelako lanpostuetan sartzeko apirilaren 27ko 718/2003 Foru Dekretuan (2004ko 13. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, urtarrilaren 30ekoa), eta deialdiko IV. eranskinean ageri diren bazterbide medikoekin bat heldu direla egiaztatzeko. Proba horien bidez frogatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, organo arduradunak proposatzen ahalko du, eritasunaren edo ezintasun fisikoaren mailaren arabera, izangaia hautapen prozesutik baztertzea. Kasu horretan, izendapena egin behar duen organo eskudunari egokituko zaio bidezko den ebazpena ematea.

Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak indarrik gabe utziko du izangaien izendapena, hots, praktiketako funtzionarioen izaera eman zien izendapena.

6._Proben balorazioa.

6.1. Lehen probako ariketak honela kalifikatuko dira: Nafarroako legeria, erakunde eta historiari buruzkoa, 0 eta 30 puntu bitartean. Nafarroako geografiari buruzkoa, 0 eta 30 puntu bitartean. Zientziei buruzkoa, 0 eta 20 puntu bitartean. Hizkuntzari buruzkoa, 0 eta 20 puntu bitartean.

Baztertuta geldituko dira guztira 50 puntu eskuratzen ez dutenak, baita ariketaren batean 0 puntu lortzen dutenak ere.

6.2. Bigarren probako ariketen kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da, III. eranskinean ezarritako gutxienekoen arabera.

Ariketaren batean "gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak hala nola dopajea galarazteko kontroletan positiboa ematen dutenak baztertuko dira.

Proba hau berrehun eta hogeita bitik gora izangaik gainditzen badute, hirugarren probara lehenbiziko berrehun eta hogeita biak baizik ez dira pasatuko. Berrehun eta hogeita bigarren postuan puntuazio berarekin izangai bat baino gehiago egonez gero, denak pasatuko dira hurrengo probara. Gainerako izangaiak oposiziotik baztertuko dira.

6.3. Hirugarren proban izangaiek zenbait ariketa psikotekniko eta buruz buruko eta/edo taldekako elkarrizketa egin beharko dituzte. Proba hau 0tik 60 puntura baloratuko da.

6.4. Laugarren probako ariketa 0tik 40 puntura baloratuko da. 20 puntu lortzen ez dituztenak bazterturik geldituko dira.

6.5. Proba medikoetako kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da. "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

6.6. Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira oposiziotik.

Ikastaroa aprobatzeko arlo guzti-guztiak gainditu beharko dira. Gainditzeko, ikastaroaren programan ezarritako arlo bakoitzaren gehieneko puntuazioaren gutxienez % 50 atera beharko da.

6.7. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen aldian lortutako puntuazioei prestakuntza ikastarokoak gehituko zaizkie.

7._Epaimahaia.

7.1. Honela osatuko da epaimahaia:

_Mahaiburua: Alfonso Fernández Díez jauna, Nafarroako Foruzaingoko burua.

_Ordezkoa: José Miguel Gorricho Ochoa jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Antolamendu eta Garapen Zerbitzuko zuzendaria.

_Mahaikidea: Mario Zunzarren Angós jauna, ofiziala, Foruzaingoko Polizia Administratiboaren Arloko burua.

_Ordezkoa: Alfonso Martínez Iribarren jauna, bitarteko inspektoreordea, Nafarroako Foruzaingoko Aginte eta Laguntza Arloko Aginte Brigadako burua.

_Mahaikidea: José Ignacio Sola Jiménez jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Barneko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

_Ordezkoa: Purificación González Merchán andrea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridiko eta Arauen Antolaketaren Ataleko burua.

_Mahaikidea: mahaikide bat, langileen ordezkaritza organoek proposatua.

_Ordezkoa: mahaikide bat, langileen ordezkaritza organoek proposatua.

_Mahaikide idazkaria: José María Canales Arana, Barne Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketa Ataleko burua.

_Ordezkoa: María Paz Diago Rodríguez andrea, Barne Zuzendaritza Nagusiko administraria.

7.2. Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehenago eratuko da, lehendakariak deituta.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

7.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

7.6. Epaimahaiak aholkulari adituak hartu ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa bukaturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, Nafarroako Segurtasun Eskola organo horren barrenean baita, ikastaroko kalifikazioak igorriko igorriko dizkio epaimahaiko lehendakariari behin betiko kalifikazioen proposamen batekin batera.

Ondoren, Epaimahaiak izangaien kalifikazioak onetsiko ditu, argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta izangai horien aldeko izendapen proposamena igorriko dio Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari.

9._Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Foruzaingoko kide izendatuko ditu aurreko oinarrian aipatutako proposameneko izangaiak eta haien izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

9.2. Izendatzen diren izangaiak Nafarroako Foru Komunitate Administrazioko funtzionario eta Foruzaingoko kide kide izanen dira. Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina onetsi zuen urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritako eginkizun, eskubide eta betebeharrak izanen dituzte, eta destinoa Foruzaingoak dituen polizia-etxeetako edozeinetan izanen dute.

9.3. Oposizioa gainditu ondoren Nafarroako Foruzaingoan sartzen diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta bertah emanen zaie alta, araubide horretan aurreikusitako babesean.

9.4. Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

9.5. Izangai izendatuek izendapenaren jakinarazpenetik hilabeteko epean hartu beharko dute karguaren jabetza, izendapenaren berri ematen duen ebazpenean aipatzen den egunean hain zuzen. Horretarako zin egin edo hitz eman beharko dute Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko dutela, Konstituzioari eta legeei emen eginen dietela eta zintzo beteko dituztela beren karguko betebeharrak.

9.6. Epe horretan, eta behar den bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badute, Foruzaingora sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

10._Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorria, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik, hilabeteko epean.

Deialdi honen arauen kontra eta bera aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoak izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari igorria, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2005eko abuztuaren 10ean._Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia ez dagoenez (martxoaren 22ko 32/2005 Foru Agindua). Funtzio Publikoaren Antolamenduko zuzendaria, Gregorio Eguílaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Izena: ............................................................, adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionala (edo balio bereko beste agiriren bat): ................................ Sorteguna: ........................................ Sorterria: .................................... (.............), nazionalitatea ................., gaur eguneko helbidea ................, (...........), kalea ......................, posta kodea ........, telefonoa ................, laneko telefonoa .......................

ADIERAZTEN DU:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko .............. izateko ...............lanpostu ....................bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar dezatela eskatzen duela, aipatu txandan (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an).

f Txanda irekia

f Igoera txanda *

f Minusbaliatuendako txanda *

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez duela.

Ez dela diziplinako espediente bidez ezein Administrazio Publikoren zerbitzutik kanpo utzia izan, eta, era berean, ez dutela eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabe utzi.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Azterketa eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi duela, edo erantsitako agirien bidez frogatzen duela tasa ordaintzetik salbuetsita dagoela.

Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen dituela.

f Ezgaitasuna duela eta, beraz, behar dituen egokitzapenak eskatzen dituela, haietarako arrazoiak adierazita. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatutako egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

f Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten duela, erakunde eskudun batek emana.

f Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten dudala*

f Euskara maila jakiteko proba egitea eskatzen dudala*

f Frantseseko eta ingeleseko nahikotasun frogak egitea eskatzen duela (*).

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen du.

Iruñean,........(e)ko .........................aren ............(e)an.

(Izenpea)

(*) Bidezkoa denean bakarrik.

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA. FUNTZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARITZA NAGUSIA.

II. ERANSKINA

Lehen probarako gai zerrenda

1._Nafarroako legeria, erakundeak eta historia.

1.1. Nafarroa Gaztelako Koroan sartzea. Historia, izaera eta ondorioak. Nafarroako Erresumako Eraentza. Nafarroako Gorteak. Erregeordea. Errege Kontseilua. Erresumako Diputazioa.

1.2. 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. Itunaren sorrera, negoziazioak eta ondorioak. Edukiaren azterketa. Itun izaera.

1.3. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

1.4. Nafarroako Foru Erakundeak. Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Osaera eta eginkizunak. Haren Erregelamendua. Funtzionamendua: osoko bilkura eta batzordeak. Comptos Ganbera. Arartekoa.

1.5. Nafarroako Gobernuari eta beraren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legea. Edukiaren egitura eta azterketa.

1.6. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15!2004 Foru Legea. Edukiaren egitura eta azterketa.

1.7. Urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen testu bategina. Edukiaren egitura eta azterketa.

1.8. 265/2004 Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duena. Edukiaren egitura eta azterketa.

1.9. 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duena. Edukiaren egitura eta azterketa.

1.10. Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretua.

1.11. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: Edukiaren egitura eta azterketa.

1.12. Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Guztiendako administrazio prozeduraren faseak. Prozedura bereziak.

1.13. Errekurtso administratiboak. Kontzeptua. Printzipio orokorrak eta motak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

2._Nafarroako geografia.

2.1. Nafarroako geomorfologia: morfoegitura unitate nagusiak: Ebroren arroa eta Pirinioak.

2.2. Nafarroako orografia: ezaugarri nagusiak eta Iparraldeko eta Hegoaldeko Pirinioen adarrak. Biztanleriaren eta ekonomiaren gaineko eragina.

2.3. Nafarroako klimatologia: Nafarroan kliman eragiten duten faktoreak. Klima motak Nafarroan. Landaredia: motak eta banaketa.

2.4. Nafarroako hidrologia. Nafarroako ibaien ezaugarriak. Isurialdeak eta arroak: azterketa eta deskribapena. Unitate hidrogeologikoak.

2.5. Nafarroako nekazaritza: eskualdeak eta motak. Nafarroako abeltzaintza: espezieak, eskualdeak, produkzioa eta kokapena. Nafarroako meatzaritza.

2.6. Nafarroako industria: bilakaera, kokapena, arazoak Nafarroan.

2.7. Nafarroako hirugarren sektorea: hezkuntza. Komunikazioak, merkataritza. Nafarroako errepideen sarea. Mendateak.

2.8. Nafarroako biztanleria: ezaugarriak, bilakaera, banaketa, eremuak, migrazio mugimenduak. Nafarroako habitata. Biztanleen lanbide eta gizarte egitura.

2.9. Ipar-mendebaldeko eta Pirinioetako Nafarroa hezearen azterketa.

2.10. Pirinioetako arroen azterketa.

2.11. Nafarroaren erdialdeko ekialdearen eta mendebaldearen azterketa.

2.12. Ekialdeko eta mendebaldeko Erriberaren azterketa.

3._Zientziak.

3.1. Ekologia: faktoreak, esku-hartzea, ekosistemak, oreka biologikoa. Natura zaintzea.

3.2. Mugimendua: mota desberdinen azterketa problemak ebazteko aplikaturik.

3.3. Indarrak, masarekin eta azelerazioarekin duten zerikusia. Indar unitateen erabilera.

3.4. Lana, potentzia, energia eta makinak. Problemetarako aplikazioa.

3.5. Berotasunaren azterketa eta makina termiko batzuetarako aplikazioak.

3.6. Elektrizitatea: motak, unitateak, zirkuitu baten osagaiak eta korronte elektrikoaren efektuak.

3.7. Materiaren egitura atomikoa eta molekularra.

3.8. Zatikiak. Eragiketetarako aplikazioak.

3.9. Proportzionaltasuna. Hiruko erregela bakun eta konposatua, ehuneko hainbat, banaketa proportzionala eta interes bakuna eta interes konposatua.

3.10. Nazioarteko neurri sistema.

3.11. Geometria: planoa, poligonoak. Ariketa praktikoak.

3.12. Geometria: espazioa, poliedroak, piramidea, konoa, esfera. Ariketa praktikoak.

4._Hizkuntza.

4.1. Izenaren, adjektiboaren eta aditzaren morfologia. Esaldi bakunaren sintaxia.

4.2. Esaldi konposatuaren sintaxia. Deskribapena: hainbat mota. Deskripzioaren objektibotasuna eta subjektibotasuna.

4.3. Ortografia.

4.4. Sinonimoak eta antonimoak.

III. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak

1._Uretan aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko gauzarik, ez betaurrekorik ez bestelakorik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Egiteko modua: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia urean murgildu eta 50 metro igerian egitea, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora urpean eginen du igeri, bi metro, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriz ere urpean eginen du igeri bi metrotan, eta paretaraino segituko du gero.

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren hondoa ukituz bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean ibiltzeko tartean burua uretik ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Kalifikazioa: egindako denborak kontuan hartuz.

Gizonezkoak: 55" baino gehiago. Emakumezkoak: 58" baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 55" edo gutxiago. Emakumezkoak: 58" edo gutxiago. Kalifikazioa: gai. Lortutako markan ez dira ehunenekoak kontuan hartuko.

2._Erresistentzia proba: Course Navette-ren testa.

Izangaiek lasterka egin beharko dute, joan-etorrian, 20 metroko bide puska batean, magnetofoiaren bidez agintzen zaien erritmoan.

Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu behar dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Buelta emanen da oin baten gainean pibotatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa.

Testaren xedea da magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea.

Honako kasu hauetan kanporatuko dira izangaiak:

a) Izangaia gelditu egiten bada.

b) Izangaia berari dagokion kaletik ateratzen bada

c) Izangaiak ibili beharreko puska osorik egiten ez badu, muturreko marra zapaltzera iritsi gabe.

d) Izangaiak hiru aldiz jarraian ez badu marra zapaltzea lortzen seinale akustikoak agintzen dionean (marratik metro bateko tartea onartuko da, seinaleak jotzen duen unean).

Kalifikazioa: bide puska zenbat aldiz egiten den kontuan harturik.

Gizonezkoak: 10 baino gutxiago. Emakumezkoak: 8 baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 10 edo gehiago. Emakumezkoak: 8 edo gehiago. Kalifikazioa: gai.

3._Besoetako indarraren testa.

Abiatzeko jarrera: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak flexionatuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinak lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitzeke. Eskuak hutsik, eskularrurik edo beste inolako lagungarririk gabe.

Egiteko modua: helburua da hasierako posizioari eustea eskatutako denboran, gutxienez. Kronometroa martxan jarriko da izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster.

Honako kasu hauetan kanporatuko dira izangaiak:

a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaisten badu.

b) Izangaiak zangoak flexionatzen baditu.

c) Izangaiak gorputza kulunkatzen badu.

Kalifikazioa: proba bukatutzat ematen den arte, izangai bakoitza hasierako posizioan egondako denboraren eta ondoko eskalaren arabera:

Gizonezkoak: 40" baino gutxiago. Emakumezkoak: 25" baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 40" edo gehiago. Emakumezkoak: 25" edo gehiago. Kalifikazioa: gai.

Denbora kalkulatuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

4._Gorako jauziaren testa.

Abiatzeko jarrera: zutik "Bosco System" plataformaren barnean. Izangaiak besoak mugi ditzake eta enbor-belaunak tolestu ere bai, baina oinak mugitzerik ez du, ezta lurretik osorik nahiz apur bat bereizterik ere, jauzia egin aitzin.

Egiteko modua: izangaiak ahalik eta jauzi altuena egin behar du eta airean egon ahalik eta luzeen. Zutik erori behar du plataformaren barruan, oreka galdu eta errebotatu gabe.

Jauzia baliogabetuko da honelakoetan:

a) Izangaiaren oin bat edo biak plataformatik kanpora gelditzen badira erortzen denean.

b) Izangaiak plataforma ukitzen badu oinak ez diren gorputzaren beste edozein atalekin.

c) Izangaiak erortzean errebotatu egiten badu plataforman.

Izangaiak nahi adina saio egiten ahalko ditu bi jauzi teknikoki baliagarri direnak egin arte.

Kalifikazioa: jauzi egitean izangaiak airean irauten duen denboraren arabera, "Bosco System" plataformak neurtzen duen bezala, hots, zatikiak ehunenetan.

Gizonezkoak: 0"57 baino gutxiago. Emakumezkoak: 0"47 baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 0"57 edo gehiago. Emakumezkoak: 0"47 edo gehiago. Kalifikazioa: gai.

Denbora kalkulatuko da milarenak kontuan hartu gabe.

5._Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

Egiteko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren korritzea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin norabide bakoitzean (A eta B ibilbideak grafikoan).

Abiadura - zalutasun (Barrow testa)

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Zutoinetako bat botatzen bada.

b) Izangaia ibilbidetik kanpora ateratzen bada.

Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kontuan hartuz horiek osatzen direla izangaia irteera-marrara iristen denean.

Gizonezkoak: 25"8 baino gehiago. Emakumezkoak: 27"8 baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 25"8 edo gutxiago. Emakumezkoak: 27"8 edo gutxiago. Kalifikazioa: gai.

IV. ERANSKINA

Bazterbide medikoak

1._Ikuspegia. Begien sistema

_Zuzendu gabeko begi zolitasuna:

_4/10 bi begietan, edo

_3/10 begirik okerrenean eta 5/10 onenean, edo

_2/10 begirik okerrenean eta 6/10 onenean.

_Ikuseremu monokularra: Ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bestera.

_Diplopia.

_Diskromatopsia larriak.

_Estereopsi falta.

_Keratotomia erradiala.

2._Entzumena. Entzuteko sistema

_500tik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera.

_Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3._Mintzamena

_Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz-moteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4._Giharren eta eskeletoaren aparatua.

_Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

_Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

_Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

_Zifosiak, 30º baino handiagoak.

_Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

_Espondilitis ankilosantea.

_Paget-en eritasuna.

_Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

_Fibromialgia.

_Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5._Digestio aparatua

_Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

_B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

_Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

_Zirrosi hepatikoa.

_Behazun-zirrosi primarioa.

_Pankreatitis kronikoa.

_Fibrosi kistikoa.

_Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

_Kakari eutsi ezina.

6._Bihotz-hodietako sistema

_Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

_Arritmia eta blokeoak: Aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

_Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

_Balbulopatiak.

_Miokardiopatiak.

_Perikardiopatia kronikoak.

_Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

_Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

_Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

_Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

_Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7._Arnas aparatua

_Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, Enfisema, Bronkiektasiak).

_Pleurako isuri berrituak.

_Berezko pneumotorax berrituak.

_Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

_Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8._Nerbio-sistema

_Epilepsia.

_Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

_Neurona motorearen eritasunak

_Ataxiak.

_Buruko eta integrazioko funtzioen alterazioak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

_Parkinson-en eritasuna eta bestelako alterazio estrapiramidalak.

_Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

_Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

_Bertigoak.

_Siringomielia.

_Hidrozefalia.

_Miopatiak.

_Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

_Nerbio-sistema periferikoaren lesioaren ondoriozko paralisia, funtzioetan duen eraginaren arabera.

_Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

_Neke kronikoaren Sindromea.

_Anosmia.

_Beste alterazio motore batzuk (tikak, estereotipia motoreak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9._Alterazio psikiatrikoak.

_Buruko alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

_Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

_Eskizofrenia eta bestelako alterazio psikotikoak.

_Gogo-aldartearen alterazioak (jokabide bipolarrak, alterazio depresibo errepikariak, depresioaldi handia, alterazio distimikoak).

_Antsietate-alterazioak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

_Barne-bulkaden kontrolaren eta izaeraren alterazioak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10._Sexu eta gernu-aparatua

_Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

_Pixari eutsi ezina.

_Giltzurruneko polikistosia.

11._Sistema endokrinologikoa

_Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren alterazioak.

_Hipertiroidismoa eta Hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

_Addison, Cushing, Feokromozitoma eta giltzurren gaineko guruinaren bestelako alterazioak.

_Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

_Mellitus diabetesa.

_Adenomatosi endokrino anizkoitza.

_Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12._Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak

_Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badiote.

13._Odola eta organo hematopoietikoak

_Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, ß-talasemia anemiadunak.

_Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

_Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

_Mieloma anizkoitza eta Waldeströmen eritasuna.

_Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako alterazioak.

_Inmunoeskasiak.

_Esplenektomia.

_Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14._Bestelakoak

_GIB birusaren antigorputzen eramailea.

_Amiloidosia.

_Kolagenosia.

_Lupus eritematoso sistemikoa.

_Artritis erreumatoidea.

_Esklerodermia.

_Sjögrenen sindromea.

_Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

_Obesitatea (GMI > 25).

15._Ohar orokorrak

_Baztertzeko moduko patologiak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

_Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

_Funtzioetan eragina duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, balorazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badiote.

Iragarkiaren kodea: F0516657