97. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

I R U Ñ A

E D I K T U A

Iruñeko Udalak, 2004ko azaroaren 18an egindako osoko bilkuran, Iruñeko udalerrian gizarte-eragozpenak dituzten emakumeei eta beraien seme-alabei laguntzeko zerbitzua arautzen duen ordenantza hasiera batean onestea erabaki zuen.

Jendaurrean azaldu da, iragarkiak jarrita Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (54. zk., 2005eko maiatzaren 6koa) eta Iruñeko udaletxeko iragarki oholean, eta jendaurreko egonaldian inork haren kontra alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsita geratu da eta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko ekainaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluan xedatutako ondorioetarako, testu osoa argitaratu da.

Iruñean, 2005eko ekainaren 23an._Alkate udalburua, Yolanda Barcina Angulo.

IRUÑEKO UDALERRIAN GIZARTE-ERAGOZPENAK DITUZTEN EMAKUMEEI ETA BERAIEN SEME-ALABEI LAGUNTZEKO ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Emakumeak historian zehar ez dira izan gizonen pare gizartean, eta gaur egun ere hala da herrialde gehienetan.

Nolanahi ere, gizarte modernoetan kultura, zientzia, teknologia eta ideologia aurreratu egin dira, bilakaera sozial eta politiko handia gertatu da eta, batez ere, balore demokratikoak sendotu eta arlo guztietara hedatu dira, azken hamarkadetan batik bat, eta horri guztiari esker gizonen eta emakumeen arteko famili harremanak eta harreman sozialak aldatu egin dira eta jokabideak ildo berri batera lerratu dira.

Hala ere, gure gizarteko emakume batzuk nola bizi diren kontuan hartuta, benetako eta erabateko berdintasuna lortzeko eginahalean jarraitu behar dugu, eta horretarako ekintza positiboak abiarazi behar dira eta berariazko baliabideak ezarri behar dira.

Ildo honetatik, oraindik ere gizarte zerbitzuek, historia geldituta balego bezala, inguruabar pertsonalak, sozialak edota kulturalak direla-eta bazterturik dauden emakumeak artatzen dituzte. Gainera, gizartean ugaltzen ari diren fenomeno sozio-demografiko-ekonomiko batzuek eragin berezia dute emakumeengan eta ondorioz "pobreziaren feminizazioa" deritzona gertatzen ari da.

Gizarte zerbitzuek egoera horietan eta beste batzuetan esku hartu behar dute. Horrenbestez, zerbitzu hau Udalaren borondatearen eraginez sortu da, hain zuzen ere gabezia eta estuasunen poderioz gizartean baztertuta geratzeko arriskua handian dauden emakume batzuei laguntza integralago eta espezializatuagoa eman nahiaren eraginez.

Arautegiari helduta, Espainiako Konstituzioko 9. artikuluak botere publikoak behartzen ditu gizabanakoen eta atxikitzen zaizkien taldeen benetako askatasuna eta beraien arteko erabateko berdintasuna bultzatzera eta horiek eragozten dituzten oztopoak ezabatzera.

Beste alde batetik, udalek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 29. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25.2 k) artikuluaren arabera), eskumenak dituzte gizarte zerbitzuen arloan, Estatuko eta autonomia erkidegoetako legeriari lotuta.

Horrez gainera, aipatu behar da 7/1985 Legeko 26.1.c) artikuluan ezarri dela 20.000tik gora biztanle dauden udalerrietan nahitaez eskaini behar direla gizarte zerbitzuak.

Hori dela eta, Iruñeko udalerrian gizarte-eragozpenak dituzten emakumeei eta beraien seme-alabei laguntzeko zerbitzuaren xedea talde espezializatu baten bidez eta ostatu-baliabideak erabiliz aipatu pertsonei gizarte-hezkuntzako laguntza orokor, intentsibo eta aldi batean mugatua ematea da, gizarteratzea eta laneratzea lor dezaten.

Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legeko 56. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Iruñeko Udalak beretzat aintzatesten du gizarte-eragozpenak dituzten emakumeei eta beraien seme-alabei laguntzeko zerbitzua.

I. KAPITULUA

Zerbitzuaren xedea, helburuak eta jarduera nagusiak

1. artikulua. Iruñeko Udalaren gizarte-eragozpenak dituzten emakumeei eta beraien seme-alabei laguntzeko zerbitzuaren xedea gizartean baztertuta edo hala izateko arriskuan dauden emakumeei talde espezializatu baten bidez eta ostatu-baliabideak eta laguntza-bitartekoak erabiliz arreta integral, intentsibo eta espezializatua ematea da, gizarteratzea eta laneratzea lortzeko.

2. artikulua. Zerbitzuaren helburu orokorrak:

1. Gizarte-eragozpenak dituzten emakumeei eta beraien seme-alabei arreta integrala ematea eta haiekin esku hartzeko sistema integrala ezartzea, gizarteratzen eta laneratzen eta oreka pertsonal handiagoa lortzen laguntzeko, genero-ikuspegia kontuan edukita.

2. Ez baliabide ekonomikorik, ez familiaren ez gizartearen laguntzarik ez duten emakume haurdunei haurdunaldian eroso bizitzeko modua eskaintzea, amaren eta umearen osasuna bermatzeko.

3. artikulua. 1. Aurreko artikuluan finkatutako helburu orokorrak erdiesteko, Zerbitzuak ondokoak egingo ditu:

a) Emakumeak etxean bisitatuko ditu, esku-hartzea prestatzeko behar hainbat aldiz.

b) Kasu bakoitzean esku hartzeko plan pertsonalizatua prestatuko du, emandako informazioa eta Emakumeei Laguntzeko Udal Zerbitzuak ezarritako helburuak oinarritzat hartuta. Plan hori inguruabarrak eta emakumearen edota beraren seme-alaben egoera eta beharrizanak aldatu ahala berrikusi eta egokituko da.

c) Emakumeei eta beraien seme-alabei kudeaketak eta beste profesional batzuei bisitak egiten lagunduko die, beharrezkoa denean.

d) Beharrezkotzat jotzen diren laguntza eta euspen emozionala emango ditu.

e) Ondokoak landuko ditu banaka zein taldeka: beste sexukoekin begirunea eta berdintasuna ardatz diren harremanak izateko behar diren jokabideak, sinisteak eta portaerak (emakumeekin zein adingabekoekin).

f) Programako emakumeen arteko harremanak bultzatuko ditu talde-jardueren bidez.

2. Esku hartzeko programak barne-funtzionamendurako arauak edukiko ditu nola sartu eta bertan nola iraun finkatzeko.

II. KAPITULUA

Zerbitzuaren erabiltzaileak

4. artikulua. Zerbitzua gizarteratzeko eta laneratzeko bidea egiteko gauza izan arren oinarrizko gabeziak (etxebizitza, lana, prestakuntzarik ez, baliabide ekonomikorik ez, hauskortasun emozionala, etab.) dituzten emakumeentzat da, hau da, era askotako arazo askori euren kabuz bakarrik edo laguntza eskasarekin aurre egin behar dieten emakumeentzat. Ondoren egoera batzuk azalduko ditugu:

a) Emakumea banantzeko prozesuan dago eta elkarbizitza gatazkatsua edo adingabekoentzat desegokia izateagatik aldi batez etxetik irten behar da.

b) Emakumeak ez ditu behar bezala artatzen bere seme-alabak edo haien babespea galdu du eta esku hartu behar da bere ama-eginkizunak ardurarekin har ditzan.

c) Ez du higiene eta elikadura ohiturarik, ez antolamendu ekonomikorik, etab.

d) Emakumea prostituzioa utzi nahian ari da.

e) Emakumeak indarkeria jasan ohi du etxean: ez da behar segurtasun-neurri berezirik baina esku hartu behar da egoera onbideratzeko.

f) Adingabekoak babesteko (banantzeko) neurriak behar dira, gurasoren batek tratu txarrak ematen edo sexu-abusuak egiten dizkiola antzeman da eta.

g) Emakumeak ohiko egoitza galdu du arrazoi ekonomiko edota sozialengatik.

h) Emakumea haurdun dago eta ez du ez baliabide ekonomikorik ez etxebizitzarik, eta bere kabuz bakarrik egin behar die aurre haurdunaldiari eta guraso-lanei, ez baitu jasotzen ez familiaren ez gizartearen laguntzarik.

i) Emakumea haurdun dago eta aurreko egoeran dago, hau da, ez du ez baliabiderik ez laguntzarik, eta jaioko den haurra adopziorako ematea erabaki du edo ematea pentsatzen ari da.

III. KAPITULUA

Zerbitzuan onartzea

5. artikulua. Eskatzaile bat onartu aurretik Emakumeei Laguntzeko Udal Zerbitzuko teknikariek balorazioa egin behar dute.

Erabiltzaileak esku hartzeko protokoloa sinatu beharko du; bertan ondokoak agertuko dira: erabiltzailearen beharrezko datu guztiak, egingo den jarduera eta ordenantza honetako arauen eta Zerbitzuak ezartzen dituen barne-funtzionamenduko arauen onarpena.

6. artikulua. Zerbitzua aldi baterako eta mugatua da, eta horregatik erabiltzailea ezarritako helburuak lortu arte soilik egongo da esku hartzeko programan.

7. artikulua. Ezin dira sartu programan sustantzia toxiko gehiegi kontsumitzen duten emakumeak, ez eta adimen-nahasmendu larria dutenak ere, hauek arazo horietarako berariazko zerbitzu edo programek hartu behar baitituzte.

IV. KAPITULUA

Zerbitzuan sartzen diren emakumeen eskubideak eta betebeharrak

8. artikulua. Eskubideak:

a) Zerbitzuaren arauen eta barne-funtzionamenduaren berri eman behar zaie.

b) Bakoitzak berariazko zerbitzua jaso behar du eta behar den aldian.

c) Zerbitzuak beraien uste eta jarrera zibikoak, politikoak, moralak eta erlijiosoak errespetatu behar ditu.

d) Ezin dituzte baztertu jatorriaren, arrazaren, erlijioaren, ideologiaren ez bestelako inguruabar pertsonal zein sozialen zioz.

e) Begirunea izan behar zaie bai eurei, bai euren autonomiari eta intimitateari.

f) Zerbitzuak isilpean gorde behar ditu beraien datu pertsonalak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

g) Zereginak banatzen eta burutzen parte har dezakete.

h) Baliagarri dauden baliabide sozialen berri eman behar zaie eta haiei buruzko aholkuak eman behar zaizkie.

i) Zerbitzuaren funtzionamenduaz uste dutena esan dezakete eta hura hobetzeko iradokizunak egin ditzakete.

9. artikulua. Betebeharrak:

a) Elkarbizitzarako arauak errespetatu behar dituzte.

b) Ez dute zabaldu behar Zerbitzuak hartutako pertsonen izenik eta ezin diote esan inori non dauden instalazioak.

c) Zerbitzuan hartutako beste emakumeak eta Zerbitzuko langileak errespetatu behar dituzte.

d) Denen erabilerako gauzak zaindu behar dituzte.

e) Baterako zereginen banaketan eta burutzean parte hartu behar dute.

f) Euren egoera pertsonala normalizatzeko eta gizarteratzeko behar diren kudeaketak egin behar dituzte.

g) Zerbitzuarekin hartutako konpromisoak bete behar dituzte.

h) Zerbitzuak lanari ekin aurretik, esku hartzeko programari atxikitzeko protokoloa sinatu behar dute.

i) Euren egoera pertsonal, familiar, sozial edo ekonomikoan programaren garapenean eragina izan dezakeen aldaketaren bat izanez gero, haren berri eman behar dute.

j) Euren haurrez arduratu behar dira eta zaindu egin behar dituzte.

k) Programatik irteteko asmoa izanez gero, ahalik azkarren jakinarazi behar dute, inguruabarrak kontuan hartuta.

V. KAPITULUA

Zerbitzugintza aldatzea eta amaitzea

10. artikulua. Zerbitzua ematen hasteko aintzat hartutako inguruabarrak aldatuz gero, gerta liteke banaka esku hartzeko proiektua aldatzea eta, ondorioz, zerbitzugintza bera ere aldatzea.

VI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua. Hutsegiteen mailakatzea.

1._Hutsegite arinak dira:

a) Zerbitzuaren funtzionamendu-arauak edo esku hartzeko protokoloak eta konpromisoak ez betetzea.

b) Zerbitzuan hartutako beste emakume batzuei edo bertako langileei errespeturik ez izatea.

c) Oro har, ordenantza honetan ezarritako betebeharrak modu arinean ez betetzea.

2._Hutsegite larriak dira:

a) Hutsegite arinak behin eta berriro egitea, zerbitzugintza eragotziz gero.

b) Besteren ondasunak lapurtzea, kopuruak ez badakar zigor-ondoriorik.

c) Zerbitzuan hartutako beste emakume batzuei edo bertako langileei eraso egitea hitzez, fisikoki edo psikikoki.

d) Isilpean eduki beharreko zerbait zabaltzea.

3._Hutsegite larriak behin eta berriro egitea hutsegite oso larritzat hartuko da.

12. artikulua. Zehapenak.

Hutsegiteak kalifikatuko dituen ebaluazio batzordea eratu behar da; hauexek izango dira kideak: Zuzenbidean lizentziatua, psikologoa, Emakumeei Laguntzeko Udal Zerbitzuko gizarte-langile bat eta Zerbitzuari atxikitako hezitzaile bat.

Batzordeak ondoko zehapen hauek proposatu ahal izango ditu:

a) Hutsegite arinengatik: ohartarazpena, ahozkoa zein idatzizkoa.

b) Hutsegite larriengatik: ohartarazpena, ahozkoa zein idatzizkoa, eta, bidezkoa bada, egindako kaltearen ordaina, morala zein praktikoa.

c) Hutsegite oso larriengatik: programatik irten beharra.

AZKEN XEDAPENA

Argitaratzea eta indarrean jartzea

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko ezarritako epea igaro arte.

Iragarkiaren kodea: L0515422