97. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ORBAITZETA

Orbaitzetako udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza onetsirik

Orbaitzetako Udalak, 2004ko ekainaren 23an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Orbaitzetako udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 2004ko 90. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 28an, eta ez denez alegaziorik aurkeztu, Orbaitzetako Udalak, 2005eko maiatzaren 25ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen delako aldaketa behin betikoz onestea.

Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, osorik argitaratzen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Orbaitzetan, 2005eko uztailaren 14an._Alkate udalburua, Alberto Erdozain Goikoa.

ORBAITZETAKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Udal hilerria handitu eta hobetzeko lanak bukaturik, hilobien banaketa berriari ekin zaio, eremu baztertuek libre uzten dituzten espazioetara egokitzeko, hau da: oinezkoendako pasealeku berriak, hezurtegiaren aldea eta bi erabaki izatea, udal hilerrian Alzat eta Zabala etxeetako familiei lur pribatiboa esleitzea dakartenak:

1. Hogeiko Batzarraren 1944ko maiatzaren 21eko erabakia, Rafael Larrañeta Urrutiari hilerrian lur bat ematen diona betierekoan bere etxekoen hilobi izan dadin; haren azalera da 2,20 metro zabal eta 2 metro luze.

2. Hamabortzeko Batzarraren 1973ko uztailaren 27ko erabakia, María Goikoari hilerrian lur bat ematen diona; haren azalera da 1,5 metro zabal eta 2 metro luze.

Plangintzako banaketa berria, dagokion planoan adierazten dena, bederatzi sektoretan lortzen da, sektore bakoitzean eskura dagoen espazioaren ariora; emaitza 119 lurzati edo hilobi dira, honela banatuak:

_A sektorea: sartu eta eskuinetara, 20 hilobi, 2,50 x 1,40 m-koak.

_B sektorea: sartu eta, bukaeran, eskuinetara, 5 hilobi, 2,50 x 1,20 m-koak.

_C sektorea: bukaeran, eskuin aldera, 6 hilobi, 2,50 x 1,30 m-koak.

_D sektorea: lehengo hilerri zibila, 18 hilobi, 2,46 x 1,37 m-koak.

_E sektorea: sartu eta ezkerretara, 15 hilobi, 2,40 x 1,50 m-koak.

_F sektorea: bukaeran, ezkerretara, 30 hilobi, 2,40 x 1,37 m-koak.

_G sektorea: biltontziaren ondoko hutsartea, hilobi 1, 2,40 x 1,70 m-koa.

_H sektorea: ezkerretara, erdian, 10 hilobi, 2,40 x 1,57 m-koak.

_I sektorea: errepideko murruaren eta kaperaren artean, 10 hilobi, 2,50 x 1,41 m-koak.

_J sektorea: kaperaren eta hegoaldeko murruaren artean, 9 hilobi, 2,40 x 1,46 m-koak.

Hilobiak zenbakiturik egonen dira hurrenkeran eta ilaraka horretarako egin den planoan, 1 zenbakitik hasi eta bukaerako 124raino.

1. artikulua. Ordenantza honen xedea Orbaitzetako udal hilerriaren erabilera arautzea da.

2. artikulua. Orbaitzetako etxeetakoak diren edo izan diren guztiek dute eskubidea Orbaitzetako hilerrian ehortziak izateko. Aitzineko baldintza betetzen ez duten jendeen izenean, Orbaitzetako hilerrian ehorzteko baimena eskatzen ahalko zaio Udalari, eta horrek erabakia hartuko du kontuan harturik hilobi aski den eta zenduak Orbaitzetako udalerriarekin zer lotuera duen.

3. artikulua. Ehorzketak hurrenkera hertsian eginen dira, gertatu ahalean, 1 zenbakidun hobitik hasi eta hondarrekoraino jarraikiz, tarterik utzi gabe.

Lehen itzulia finituta, bigarrena abiatuko da, lehenbizikoaren hurrenkera berean, eta gisa berean gerokoetan ere.

Salbuespenez eta gaur egun indarra duen itzulian hilerria osotara okupatu arte, gaurdaino segitzen zen hurrenkeran okupatzen segituko da.

4. artikulua. Hobia hilobi bakoitzaren erdian irekiko da eta dagokion planoan ezarritako lerrokadurari segituko dio, zuzen nahiz zeharka.

5. artikulua. Modu egonkorrean hilarriak baizik ez dira paratzen ahalko, betiere hilobiaren mugen barrenean, eta familiako hilen oroigarri baizik ez.

Hilerriaren erdian doan pasealeku nagusi lauzatura joko dute eta ahaleginak eginen dira hilarriak modu egonkorrean kokaturik egon daitezen, lerroz lerro dagokien ilararen barnean.

Debeku da hilarriak hilerriko paretetan paratzea, hilobia murruaren ondoan egonagatik ere, paretek bertze edozein elementu gehigarririk gabe egon behar baitute.

Hilarriak hautatu dira tradizioko elementuak direlako eta hilerriko hilobiei itxura berdintasuna eman nahirik. Hilarriaren neurriak tarte hauen barnean egonen dira:

_Diametroa: 45etik 50 zentimetrora.

_Garaiera, osotara: 90etik 100 zentimetrora.

6. artikulua. Hilarriak nahitaez kendu beharko dira hilerritik, horiek ehorzketa berriekin okupatzeko aitzineko bi lurzatiak baizik falta ez direnean.

7. artikulua. Kentzen diren loreak, koroak eta gisakoak ez dira hilerrian uzten ahalko, ezta haren inguruetan ere; dagokien edukiontzira bota beharko dira.

8. artikulua. Hobia irekitzeko ardura duenak hezurtegira eraman beharko ditu barrenean aurkitzen dituen giza hezur edo gorpuzkinak.

9. artikulua. Orbaitzetako Udalak betiere ahalmena izanen du behar diren egiaztapenak egiteko eta, hala behar badu, ondoko artikuluan aurreikusten diren arau-hausteetariko bat egiten duena zehatzeko.

10. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, arau-hauste administratiboak dira hauek:

a) Hilarriak aipatu epean ez kentzea.

f) Ordenantza honetako aginduetako edozein urratzea.

11. artikulua. Zehapenak.

Aitzineko artikuluaren a) letran aurreikusten diren arau-hausteak zehatzeko isun hertsatzaileak paratuko dira, hilarriak kenarazi beharrez. Gehienez ere hiru isun paratzen ahalko dira hilabeteko aldian eta 150,00 eurokoak. Betiere, azken isun hertsatzailearen ondorioz agindua bodondatez betetzeko epea iraganik, Udalak hilarria kenduko du, interesatuaren kontura, eta onsoko isunak ezarriko dira, handituko direnak arau-hausleak lortutako irabazi guztia berdindu arte, baldin eta halako irabazirik eskuratu badu.

Gainerako arau-hausteak 150 euroko isunekin zehatuko dira.

12. artikulua. Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

13. artikulua. Isunen zenbatekoa eta eragindako kalte-galeren ordaina administrazioaren premiamendu bidean galdatu eta gauzatuko da.

14. artikulua. Ordenantza honetan jasota ez dagoen guztietan aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta indarra duen legeria sektoriala.

Iragarkiaren kodea: L0516192