7. ALDIZKARIA - 2005eko urtarrilaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

347/2004 FORU AGINDUA, abenduaren 9koa, Hezkuntza kontseilariak emana, curriculum egokituko kanpo unitateetan eskolatze banatuaren modalitateko ikasle adingabeak hartzen dituzten ikastetxeei 2004rako ordaindu beharreko dirulaguntzaren modulu ekonomikoa behin-behinekoz ezarri eta urte bereko atzerakinak ordaintzeko baimena ematen duena.

Apirilaren 2ko 90/1998 Foru Aginduaren bidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan hezkuntzari dagokionez sustatu eta konpentsatzeko neurriak behar dituzten ikasleendako berariazko erantzunak ezartzeko jarraibide eta orientazioak eman ziren.

2004ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontuei buruzko abenduaren 30eko 34/2003 Foru Legeak badu horretarako kontusail bat: "Haur eskolatugabeak hartzen dituzten ikastetxeetarako dirulaguntza: Ilundaingo baserri-eskola, Etxabakoizko lantegi-eskola eta beste".

Azaroaren 25ean eta 26an, akordioak sinatu ziren Irakaskuntza itunduaren sektorean hezkuntzaren kalitatea eta lan baldintzak hobetuz joateko akordioa (2000ko abenduaren 20koa) luzatzeko eta 2004ko lansarien taulak onesteko, hurrenez hurren. Horren ondorioz, Departamentu honetako Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, dirulaguntza moduluaren kalkulua azaltzeko; dirulaguntza hori curriculum egokituko kanpo unitate bakoitzari dagokio, 2003/2004 ikasturterako (urtarrila-abuztua) eta 2004/2005 ikasturterako (iraila-abendua), eta emanen zaio adinagatik bigarren hezkuntzako ikastetxe batean eskolaturik egon beharko luketen baina, norberaren ezaugarrien arabera, hartatik kanpo dauden ikasleak hartzeko zerbitzua curriculum egokituko kanpo unitate batean eskolatze banatuko modalitatean ematen ari den ikastetxe bakoitzari, apirilaren 2ko 90/1998 Foru Aginduaren hamaikagarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera; 2004ko atzerakinak ordaintzea ere proposatu du.

Orain arte, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Inmigraziorako Zerbitzuak proposaturik, bai 2003/2004 ikasturtean bai 2004/2005ekoan, curriculum egokituko kanpo unitate hauetarako baimena eman da: hiru unitate Ilundaingo "Haritz Berri" baserri-eskolan, bi unitate Iruñeko "Etxabakoiz" lantegi-eskolan, Cascanteko "La Ribera" ikastetxean eta Garesko "Puente" ikastetxean; eta unitate bat Berriozarko "Lantxotegi" lantegi-eskolan eta Tuterako "El Castillo" lantegi-eskolan.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluko 2.c) eta d) idatz-zatietan emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2004rako dirulaguntzaren modulu ekonomikoaren zenbatekoa onestea, hots, unitateko 69.487,91 euro, urte horretako urtarril-abuzturako, curriculum egokituko kanpo unitateetan 16 urtetik beheitiko ikasleak hartzen dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeei emateko.

2. Foru agindu honen 1. atalean ezarritako dirulaguntza moduluaren xedea da ikasle horiei dohainik irakastea eta apirilaren 2ko 90/1998 Foru Aginduan aipatzen diren sustatze eta konpentsatze neurriak eta curriculuma har ditzatela.

Dirulaguntza kontzeptu hauetan erabili beharko da:

Hezitzaileen kostua: irakasleak eta/edo adituak.

Funtzionamendu gastuak eta behar den ekipamendua erosi eta amortizatzekoak.

Zeharkako beste kostu batzuk.

Hezitzaileen kostuan, horretan lansariak eta gizarte segurantzako gastuak direla, hezitzaileen lanaldiko ratio bat sartzen da, alegia, astean 30 irakastordu eta lanaldi laurden bat irakasleak ez diren langile laguntzaileen unitate bakoitzeko.

3. Ikasle horiei ematen zaien laguntza esperimentala denez, dirulaguntzaren modulu ekonomikoen zenbatekoak eta langile hezitzaileen kopuruak diruz lagunduriko unitateko, foru agindu honetako 1. eta 2. ataletan ezarri direnak, 2004. urterako behin-behinekoak dira, eta urte horretako urtarril-abuztuko eta irail-abenduko aldiei aplikatuko zaizkie. Gainera, 2005. urtean eguneratu eginen dira 2004/2005 ikasturtea amaitzeko, baina horrek ez dakar hurrengo ikasturteetarako luzapenik.

4. 2004ko urtarrila-abuztua eta iraila-abendua aldiei dagozkien atzerakinak ematea, urte horretan curriculum egokituko kanpo unitate baimenduak dituzten ikastetxe hauei:

Berriozarko "Lantxotegi" lantegi-eskolari (IFZ G31279961), curriculum egokituko unitate batengatik, 3.589,79 euro.

Cascanteko "La Ribera" ikastetxeari (IFZ G31729114) curriculum egokituko bi unitaterengatik, 7.179,58 euro.

Ilundaingo "Haritz Berri" baserri-eskolari (IFZ G31725484), curriculum egokituko hiru unitaterengatik, 10.769,37 euro.

Iruñeko "Etxabakoiz" lantegi-eskolari (IFZ G31780562), curriculum egokituko bi unitaterengatik, 7.179,58 euro.

Garesko "Puente" ikastetxeari (IFZ Q3100108 D), curriculum egokituko bi unitaterengatik, 7.179,58 euro.

Tuterako "El Castillo" lantegi-eskolari (IFZ G31129703), curriculum egokituko unitate batengatik, 3.589,79 euro.

5. Foru agindu honen 4. atalean emandako dirulaguntzen finantzaketa, guztira 39.487,69 euro, indarra duen gastuen aurrekontuko "Haur eskolatugabeak hartzen dituzten ikastetxeetarako dirulaguntza: Ilundaingo baserri-eskola, Etxabakoizko lantegi-eskola eta beste" izeneko 410003-41140-4811-422202 kontusailaren kargura egiten ahalko da.

6. 39.487,69 euroko gastua baimentzea 2004ko urtarrila-abuztua eta iraila-abendua aldietako atzerakinetarako, eta laugarren atalean ageri diren erakundeei ordaintzeko agindua ematea. Dirulaguntzak denbora horretan martxan diren curriculum egokituko kanpo unitateek sortutako gastuetarako dira.

Modulu hori 2005erako eguneratzen denean % 60a ordainduko da bi epetan: % 45a 2005. urteko lehen hiruhilekoan; horretarako, onuradun izaten direnek honako dokumentazio hau bidali beharko dute, otsailaren 20a baino lehen, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura:

Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egiaztagiria, zergei dagokienez egunean daudela ziurtatzen duena.

Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren egiaztagiria, ikasturtea hasi aurreko hamabi hilabeteetan Gizarte Segurantzaren kuotak ordaindu izanarena, hau da, 2003ko irailetik 2004ko abuztura arteko kuotak (bi hilabeteak barne).

Gainerako % 15a 2005eko azken hiruhilekoan ordainduko da, foru agindu honen bederatzigarren atalean aipatu egiaztagiriak aurkeztu eta gero.

7. Aurrekontuaren doikuntza bat baimentzea, 3.554,12 eurokoa, 2004ko aurrekontuko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloa. Irakaskuntza pribaturako dirulaguntza" izeneko 410003-41140-4811-422802 kontusailetik "Haur eskolatugabeak hartzen dituzten ikastetxeetarako dirulaguntza: Ilundaingo baserri eskola, Etxabakoizko lantegi eskola eta beste" izeneko 410003-41140-4811-422202 kontusailera.

8. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari behar diren ordainketak egin ditzala eskatzea, guztira 39.487,69 euro, 2004ko gastu aurrekontuko "Haur eskolatugabeak hartzen dituzten ikastetxeak: Ilundaingo baserri-eskola, Etxabakoizko lantegi-eskola eta beste" izeneko 410003-41140-4811-422202 kontusailaren kontura.

9. Dirulaguntzaren onuraduna den entitate titularrak Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuan honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du 2005eko irailaren 30a baino lehen:

1._Langileen gastuen frogagiriak.

Lan-kontratua duten langileen kasuan, programan lan egin duten pertsonek izenpetutako kontratuen eta nominen fotokopia konpultsatua, izena, NANa, ikasketen titulazioa eta dagokien Lan Hitzarmenaren araberako lanbide kategoria adierazirik.

Hezitzaileen Gizarte Segurantzako kotizazioen frogagiriak (TC1 eta TC2).

PFEZari dagozkion zenbatekoen atxikipenen frogagiriak.

Langile autonomoak baldin badira, zerbitzuak egiteko kontratuen eta dagokien BEZaren likidazioaren fotokopia konpultsatua.

2._Funtzionamendu kostuen, ekipamenduaren amortizazio kostuen eta beste zehar-kostu batzuen ordainagiri eta fakturen aurkibidea eta zerrenda zenbakiduna eta ordenatua (jatorrizkoak eta fotokopiak).

Dokumentuak konpultsatu ordez, zilegi izanen da jatorrizkoen eta kopien zerrenda zenbakiduna eta ordenatua aurkeztea, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuan dokumentuen egiazkotasunaren fede emateko.

Entitatearen inbentarioan dirulaguntzaren bidez erositako material inbentariagarria sartu izanaren egiaztagiria.

Jasotako dirulaguntza ez justifikatzeak berarekin ekarriko du justifikatu gabeko zenbatekoak itzultzea.

11. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

12. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

13. Foru agindu hau igortzea entitate pribatu interesatuei, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Inmigraziorako Zerbitzura, Hezkuntzaren Plangintzarako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Hezkuntza Itunen Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2004ko abenduaren 9an._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

Iragarkiaren kodea: F0418931