7. ALDIZKARIA - 2005eko urtarrilaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

I R U Ñ A

Akats zuzenketa, Iruñeko Udaleko udaltzain izateko 25 lanpostu betetzeko deialdian (2004ko 148. ALDIZKARI OFIZIALa, abenduaren 10ekoa)

Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki hau hartu zuen, 2004ko abenduaren 28an:

(5/PR).

"Iruñeko Udaleko udaltzain izateko 25 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian akats bat agertu zenez, hona hemen zuzenketa:

5. oinarria. 5.2.1. puntua. B atala, 2. lerroaldea. Honela zioen: "Horretarako, debekatuta egonen dira galarazitako substantzia eta talde farmakologikoei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz Kiroletako Kontseilu Gorenak emandako 1996ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren eranskinean (1996ko otsailaren 8ko 34. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua) heldu diren substantziak, talde farmakologikoak, doping metodoak eta manipulazioak. Honelaxe behar du: "Horretarako, debekatuta egonen dira galarazitako substantzia eta talde farmakologikoei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz Kiroletako Kontseilu Gorenak emandako azkeneko ebazpenean heldu diren substantziak, talde farmakologikoak, doping metodoak eta manipulazioak".

III. eranskineko baztertze taula aldatzea, honako honen ordez:

1. Ikusmena. Begien sistema

Zuzendu gabeko begi zolitasuna: 4/10 bi begietan, edo 3/10 batean eta 5/10 bestean, edo 2/10 batean eta 6/10 bestean.

Ikuseremu monokularra: Ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bestera.

Diplopia. Diskromatopsia larriak. Estereopsi falta. Keratotomia erradiala.

2. Entzumena. Entzuteko sistema.

500dik 3000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera.

Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3. Hizkuntza.

Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz-toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4. Giharren eta eskeletoaren aparatua.

Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera. Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere. Eskoliosiak ehuneko 20tik goiti. Zifosiak, ehuneko 30etik goiti. Espondilolisiak, espondilolistesia, orno-fusioak eta ornoen arteko diskoko alterazioak. Espondilitis ankilosantea. Paget-en eritasuna. Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera). Fibromialgia. Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5. Digestio aparatua.

Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna. B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea. Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa. Gibeleko zirrosia. Behazun-zirrosi primarioa. Pankreatitis kronikoa. Fibrosi kistikoa. Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa. Hesteetako jarioa.

6. Bihotz-hodietako sistema.

Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan. Arritmia eta blokeoak: Aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak. Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan. Balbulopatiak. Miokardiopatiak. Perikardiopatia kronikoak. Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa. Arterietako iskemia kronikoaren sindromea. Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90). Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45). Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7. Arnas aparatua.

Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (bronkitis kronikoa, BBEK, enfisema, bronkiektasiak). Pleurako isuri berrituak. Berezko pneumotorax berrituak. Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia. Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8. Nerbio-sistema.

Epilepsia. Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak. Mugimen-neuronaren eritasunak. Ataxiak. Buruko eta integrazioko funtzioen alterazioak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak). Parkinson-en eritasuna eta bestelako alterazio estrapiramidalak. Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak. Miastenia larria eta lokune neuromuskularraren bestelako alterazioak. Zorabioak. Siringomielia. Hidrozefalia. Miopatiak. Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko perlesia. Perlesia periferikoak, funtzioetan duen eraginaren arabera. Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, funtzioetan duten eraginaren arabera. Neke kronikoaren sindromea. Anosmia. Mugimenduaren beste alterazio batzuk (tikak, mugimen-estereotipiak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9. Alterazio psikiatrikoak.

Buruko alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta. Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne). Eskizofrenia eta bestelako alterazio psikotikoak. Gogo-aldartearen alterazioak (jokabide bipolarrak, alterazio depresibo errepikariak, depresioaldi larria, alterazio distimikoak). Antsietate-alterazioak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute. Barne-bulkaden kontrolaren eta izaeraren alterazioak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10. Sexu eta gernu-aparatua.

Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera. Gernu jarioa. Giltzurruneko polikistosia.

11. Sistema endokrinologikoa.

Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren alterazioak. Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera. Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bestelako alterazioak. Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa. Mellitus diabetesa. Adenomatosi endokrino anizkoitza. Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12. Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

Orbainak eta larruazalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badiote.

13. Odola eta organo hematopoietikoak.

Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, ß-talasemia anemiadunak. Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera. Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera. Mieloma anizkoitza eta Waldeströmen eritasuna. Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako alterazioak. Immunoeskasiak. Esplenektomia. Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14. Beste batzuk.

GIB birusaren antigorputzen eramailea. Amiloidosia. Kolagenosia. Lupus eritematoso sistemikoa. Artritis erreumatoidea. Esklerodermia. Sjögren sindromea. Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa. Obesitatea (GMI > 25).

15. Ohar orokorrak.

Baztertzeko moduko patologiak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

Funtzioetan eragina duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, balorazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badiote.

Iruñean, 2004ko abenduaren 28an._Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: L0500163