54. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 6a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ERRIBERAKO HONDAKIN SOLIDOEN MANKOMUNITATEA

Behin betikoz onetsirik hiri hondakin solidoak bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzuaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskaleko aldaketa eta tarifa fiskalak 2005. urterako

Nafarroako Erriberako Hondakin Solidoen Mankomunitatearen Batzar Orokorraren 2004ko abenduaren 27ko bilkura berezian, hasiera bateko onespena eman zitzaien Hiri hondakin solidoak, bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzuaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren 2005. urterako aldaketari eta urte horretarako tarifa fiskalei, eta hala argitaratu zen 2005eko 15. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, otsailaren 4koan. Jendaurrean egon beharreko epea iragan baita inork haren aurkako alegaziorik aurkeztu gabe, behin betikoz onetsita gelditu dira, 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta argitaratu egiten da osorik aldaketaren testua, lege bereko 326. artikulua kontuan hartu eta han ezarritako ondorioak izan ditzan:

4. artikulua. Ordenantza honen xedeko zerbitzu edo jarduerak eskura izan edo/eta erabiltzeak dakar zergapeko egintza. Zerbitzu eta jarduera horiek ondotik aipatzen dira eta beren tasak sortzen dituzte:

A) Hiri-hondakin solidoak bildu, garraiatu eta gero aprobetxatu edo desegiteko nahitaezko zerbitzua eskura izan edo/eta erabiltzea, hiri zabor eta hondakin solidoen bilketa eta tratamenduari buruzko Legeari jarraituz, kasu hauetan:

1._Etxebizitzetakoak.

2._Zerbitzuen arlokoak, kirol eta aisia guneak barne.

3._Merkataritza eta industriakoak.

4._Bulego publikoak.

5._Ikastetxeak.

6._Osasun zentroak: ospitaleak, klinikak eta anbulatorioak.

7._Egoitza zentroak.

8._Edukiontzi esklusiboak: ordenantza arautzailean ezarri bezala, kokaera, ezaugarriak edo hondakin kopurua dela eta, eurek bakarrik erabiltzen dituzten edukiontziak dituzten industria, merkataritza edo zerbitzuen arloko establezimenduak.

Aurreko egoera horietako bakoitzean aipatzen diren jardueren zerrendan ez dira denak hartzen, eta beraz, espresuki hor txertatu gabeko beste jarduera batzuk ere sartzen dira, antzekoak baldin badira.

B) Borondatezko zerbitzu hauek ematea:

1._Hondakindegian hartzea arriskutsuak ez diren hondakinak, merkataritza eta industriako establezimenduetatik heldu direnak.

2._Obra-hondakindegien erabilera.

3._Animalia hilak bildu, garraiatu eta deuseztatzea.

6. artikulua. Zerga oinarria zehaztuko da kontuan hartuz zein den emandako zerbitzua, ordenantza honetako tarifetan jartzen diren kopuruen arabera.

Lehen, 4. artikuluko A eta B ataletan ezarritako zergapeko egintzetarako, honako hau da tarifa aplikatzeko zerga-oinarria:

A-1 zergapeko egintzarako: bizitegia den edo izan litekeen katastro unitatea. Bizitegi izateko direla kontsideratuko da, besterik ez den bitartean, katastroko unitate guztiak, non ez duen udalak ziurtatzen aurri egoeran daudela.

Etxebizitza bat jarduera ekonomikoen gaineko zergari lotutako jardueraren baten kokalekua bada, tasarik handiena aplikatuko da.

A-2, A-3, A-4, A-5, A-6 eta A-7 zergapeko egintzetarako: establezimendua edo jarduera (unitatea) jarduera ekonomikoen gaineko zergan (J.E.Z.) alta emana dagoena, edo funtzionatzen ari dena, zerga horri lotua ez dagoenean. Establezimendu unitatea badagoela ulertuko da katastroko unitatea dagoenean.

A-8 artikuluko zergapeko egintzarako, edukiontzien kopurua, haien edukiera eta bilketaren maiztasuna.

4. artikuluko B-1 eta B-2 ataletako zergapeko egintzarako, hondakindegira botatako elementuen pisua.

4. artikuluko B-3 ataleko zergapeko egintzarako, hondakindegira botatako elementuen pisua eta egindako garraioak.

Establezimendu batek jarduera ekonomikoen gaineko zergako (J.E.Z.) bi epigrafe edo gehiagotan alta hartu badu, tarifarik handiena duena aplikatuko da.

10. artikulua. Salbuespen eta hobariei dagokienez, bakar-bakarrik onartuko dira Nafarroako Parlamentuak onetsitako foru legeetan espresuki ezartzen direnak eta ordenantzan aipatzen direnak, hemen zehazki ematen diren honako hauek:

1. 100eko 50eko hobaria hartzeko eskubidea dute hutsik dauden etxebizitzetako titularrek, urtero frogatzen badiote Mankomunitateari etxebizitza horietan ur eta argi zerbitzurik ez dutela. Frogapen hori egin beharko da zerbitzu horiek ematen dituzten enpresa edo entitateen ziurtagirien bidez.

2. Bidezkoa izanen da tarifaren 100eko 100eko hobaria, tasaren xedea den etxebizitza edo lokala edukiontzitik 500 metro baino gehiagotara dagoenean. Hobari honetarako eskubidea sortzeko, ezinbesteko baldintza izanen da subjektu pasiboak aurretik hala eskatzea.

3. Salbuespenak eta/edo hobariak urte bakoitzeko lehenbiziko bi hilabeteetan eskatu behar zaizkio Mankomunitateari, eta epe hori luzaezina izanen da.

Prestazioa zenbat denboraz ematen den, halakoa izanen da salbuespenaren indarraldia, tasaren sortzapen aldiak kontuan harturik, eta, betiere, ez da urtebetekoa baino luzeagoa izanen.

Hobariak urte natural bateko indarraldia izanen du.

11. artikulua. 1. 4.a artikuluan ezarritako tasak, 1. puntutik 7.era, lehenbiziko seihileko naturaleko lehenbiziko egunean sortuko dira, eta kuotak ezin izanen dira ez murriztu ezta hainbanatu ere; beraz, alta nahiz baja emanez gero, ez da horren eraginik izanen halako zerbait gertatu ondorengo sortzapen aldirarte.

2. 4.a artikuluan ezarritako tasak, 8. puntua, hiruhileko naturaleko lehenbiziko egunean sortuko dira, eta kuotak ezin izanen dira ez murriztu ezta hainbanatu ere.

3. Gainerako zerbitzuetarako tasak, borondatezkoak baitira, interesatuak zerbitzua emateko eskaera egiten duen unean sortuko dira, b-1) atalekoak izan ezik, horiek hiruhileko naturaleko lehenbiziko egunean sortuko baitira.

13. artikulua. 1. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 86. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, 4.a artikuluan, 1. puntutik 8.era, ezarritako tasak aplikatzetik sortzen diren tributu-zorrak "jakinarazpen gabekotzat" hartuko dira.

2. 4.a artikuluan, 1. puntutik 8.era, ezarritako tasengatik sortutako tributu zorrak, 13. artikuluan esan bezala ordainarazi eta gero, ordaindu behar diren seihileko naturaleko lehenbiziko egunean isilbidez jakinarazitzat hartuko dira. Egun horretatik aitzina, 30 egun baliodun izanen dira borondatezko aldian ordaintzeko.

Aurreko lerroaldean aipatzen diren egunetan ordainarazpenen zerrendak prest ez badaude, Mankomunitatearen iragarki oholean argitaratzen diren egunetik aitzina hasiko da kontatzen borondatezko aldia.

3. Borondatezko zerbitzuetarako ezarritako tasak, jarduera edo zerbitzuaren eskaera egiten den momentuan ordainduko dira.

14. artikulua. 13. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 84. artikuluan ezarri bezala ordaindu beharko dira.

Epe hori igarotzen bada zorrak ordaindu gabe, premiamendu bidez ordainaraziko dira, non ez duen Mankomunitateak erregelamenduzko gerorapena ematen, martxoaren 10eko 2/95 Foru Legeko 90. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituz.

15. artikulua. Tributu zorren ordainketa honela egiten ahalko da:

a) Ordainketak helbideratu dituzten subjektu pasiboentzat, horretarako adierazitako banku edo aurrezki kutxako kontuan kargatuz. Zorra ordaintzen ez bada zergadunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik (ordainagiria nahita itzultzea), Mankomunitatearen diruzaintzan edo Mankomunitateak berak kobratzeko ahalmena ematen dien banku edo aurrezki kutxetan. Ordainagiri hauetako bakoitzean 3 euro gehituko dira, kudeaketa gastuak estaltzeko.

b) Helbideratuak egonagatik, zergadunari egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik ordaindu ez diren ordainagiriak, Mankomunitatearen diruzaintzan, edota Mankomunitateak berak kobratzeko ahalmena ematen dien banku edo aurrezki kutxetan.

c) Ordainketak helbideratu ez dituzten subjektu pasiboentzat, Mankomunitatearen diruzaintzan edo Mankomunitateak berak kobratzeko ahalmena ematen dien banku edo aurrezki kutxetan. Ordainagiri hauetako bakoitzean 2 euro gehituko dira, kudeaketa gastuak estaltzeko.

XIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

16. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legean arau-hauste eta zehapenen gainean ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra._Erriberako Hondakin Solidoen Mankomunitateak zuzenean likidatu, kudeatu, ikuskatu eta bilduko ditu ordenantza honen ondoriozko tasak, ordenantza honetako 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Indarrik gabe uzten dira bai ordenantza hauetan arautzen diren gaiei buruz orain arte izan diren ordenantzak, bai ordenantza honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko arauak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Ordenantza honek 2005eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, eta indar horrekin iraunen du Mankomunitateko Batzar Orokorrak aldatu edo indargabetzen ez duen bitartean.

Tuteran, 2005eko martxoaren 16an._Mankomunitateko burua, José María Navarro Fandos.

Iragarkiaren kodea: L0504855