54. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 6a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ALLO

Etxeko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza behin betiko onetsita

Alloko Udalak, 2004ko azaroaren 15ean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxeko animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantza.

2004ko abenduaren 31ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zenetik hogeita hamar egun balioduneko epea iragan denez, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, behin betiko onetsirik gelditu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Jarraian testu osoa argitaratzen da, ondorio juridikoak izan ditzan.

ETXEKO ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Etxeko animaliak edukitzea arautzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, gizonak lagun egiteko eduki edo baliabideak ateratzeko hazten dituen animaliak dira etxekoak.

Orokorrean baimentzen da zakurrak edukitzea, etxebizitza partikularretan, betiere jendeari traba egin gabe edo arriskurik sortu gabe.

Zakurren inskripzioa

3. artikulua. Zakur guztiak Udalaren erroldan inskribatu beharko dira.

Alta edo bajarik izanez gero, hori gertatu eta, gehienez ere, hogeita lau orduko epean jakinarazi beharko zaio Udalari. Zakurraren jabeari dagokio hori egitea.

4. artikulua. Alta izanez gero, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuek edo albaitari partikularrek txertatu eta aztertuko dute, eta animaliaren dokumentazioa eta nortasun xafla emanen.

5. artikulua. Hiltzeagatik gertatutako baja izanez gero, albaitariaren esanetara egonen da. Hark, zakurra aztertu ondoren, non eta nola ehortzi behar duen adieraziko dio jabeari.

Txertaketa

6. artikulua. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.

Txertaketa horiek agertu behar dute animaliaren identifikaziorako osasun agirian, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da. Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek eginen dute txertatze lan hori. Azken kasu horietan, egindako txertaketen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean.

Zakurrari txertoa jarri ondoren, identifikaziorako txipa ezarriko zaio.

7. artikulua. Zakur batek ausikirik egiten badio inori, horrek gertatutakoa jakinaraziko die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren partea aurkeztuko.

Zakur ausikigilearen jabe edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei, bai eta, eskatzen badizkiote, agintari eskudunei ere. Gainera, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, Udalaren osasun zerbitzuek bildu arte, espresuki debekaturik dagoelarik hura inora eramatea edo hiltzea.

Udalaren osasun zerbitzuek Nafarroako Gobernuak egokitutako zakurtegira eramanen dute animalia, eta bertan osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.

Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.

8. artikulua. Animaliari eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, zakurraren jabea albaitariarengana jotzera beharturik egonen da hogeita lau ordu baino lehen, eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak agintzen duen tratamendua egin beharko dute.

Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakartuko da, inguruabar hori desagertu delako ziurtagiria egin arte.

Debekuak

9. artikulua. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurra lepokorik edo urteko nortasun eta txertaketa txipik gabe ibiltzea. Horren ordez zakurra identifikatzeko txartela aurkez daiteke, hartan jabearen izena eta identifikazio zenbakia, baita txertaketa data ere, agertzen badira.

10. artikulua. Debeku da zakurrak lotu gabe ibiltzea herrigunean.

Alde horretan, zakurrak gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo kate batetik arduradun bati loturik ibili behar du, eta nahitaez muturrekoa eraman beharko du.

Animalien jabeen edo edukitzaileen ardura izanen da behar diren neurriak hartzea, animaliak etxe nahiz lokaletatik kanpora inork eraman gabe atera ez daitezen.

Beren jabe edo edukitzaileen etxetik kanpora bakarrik ibiltzen diren animaliak ustez abandonatutzat joko dira eta udal zerbitzuak atzematen ahalko ditu. Horren ardura izanen da animaliekin zer egin, arauz kanpoko kasuetan, inork erreklamatzen ez baditu legez ezarritako epean.

Jabeek edo edukitzaileek animaliak kendu nahi badituzte, Udalaren osasun zerbitzuen eskuetan utzi beharko dituzte. Debeku da udal mugapeko edozein tokitan abandonatzea, bai eremu zabaletan bai finka edo lokal itxietan.

11. artikulua. Espresuki debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

Orobat, debeku da animaliak sartu eta egotea elikagaiak saldu edo kontsumitzeko establezimenduetan, salbu eta ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrak.

12. artikulua. Ez dago baimendurik animaliak kultur eta kirol arloko jendaurreko ikuskizunetako lokaletara sartzea, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere.

Orobat, debeku da animaliak erietxeetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara sartzea.

Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrak.

13. artikulua. Jendeari ostatu ematen dioten etxeen eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduen jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.

Nolanahi ere, debeku horrek ez du indarrik izanen ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrentzat.

14. artikulua. Alloko udal mugapearen barnean, biziguneen inguruan, herrigunetik kanpo, zakurra ibili ahal izanen da soil-soilik muturrekoa ezarrita, hede edo katerik gabe, betiere arduradunarekin joanez gero.

Hala ere, zakurrarekin batera doan arduradunak aitzineko kapituluan ezarritako baldintzak dituen hedea edo katea eraman beharko du beti aldean, zakurrari kontzeko, horrek jendeari traba egin edo gauzei eta bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte egiten ahal badie.

15. artikulua. Udal mugapeko alde guztietan, aurreko hiru artikuluetan aipatu betebehar horiek bete gabe dabiltzan zakurrak osasun publikorako arriskutzat hartuko dira eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak bildu eta atxikiko ditu.

16. artikulua. Beren arduradunek behar bezala kontrolatzen ahal ez badituzte, debeku da leku horietan animaliak edukitzea. Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo hauen ondasunei kalterik ez trabarik egin ez diezaien.

Zakurrekin ibiltzen diren pertsonak beharturik daude galaraztera haiek kaka egin dezaten espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean, bereziki herritarren ibilbide edo jostaleku badira.

Zakurraren eramailea beharturik egonen da aurreko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

Baimendurik dago zakurrek kaka egitea udal mugapearen barrenean horretarako espres egokitutako tokietan.

Espresuki debekatzen da animaliek erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edan dezaten.

17. artikulua. Zakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira aske ibili ahal izanen, betiere baldin eta barruti horiek eremu publikoari erabat itxita badaude, zakurrak hesiz kanpora jauzi egin ahal izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela gaztigatzera beharturik dago, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.

18. artikulua. Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliatzat hartzen dira, 50/1999 Legean aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1. Izatez basa direnetakoak izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazetakoak direnak, eta ondasunei kalte egin ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.

2. Honako arraza hauetako zakurrak: american staffordshire terrier, pitbull terrier, staffordshire bull terrier, Mallorcako hozkaria, Kanarietako hozkaria, fila brasileiro, mastin napolitarra, dogo argentinarra, rottweiler, bullmastiff, dobermann eta tosa japoniarra. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, haien ezaugarri etnikoak dituztenak.

3. Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo heziak izan diren animaliak.

4. Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diotenak.

19. artikulua. Animalia arriskugarri bat edukitzeko lizentzia pertsonala.

1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskugarri gerta daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du.

Lizentzia eskatu beharko da animalia eskuratu baino lehen, aurreko artikuluko 1, 2 eta 3. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko arauteriaren aurkako arau-haustea egiteagatik zehatua ez izatea.

c) Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aintzat jotzen duten erakunde ofizial batek luzatua.

d) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez 30 milioi pezetako zenbatekoa duena.

e) Kasuan kasuko ordenantzan onesten den udal tasa ordaintzea.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Allon bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Allon egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskugarrien jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Allon egon behar badu.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Alloko Udalari mota honetako animalien jabe edo edukitzaile diren pertsonak badirela, Alloko Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4. Lizentziak 4 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.

Aurrekoa ukatu gabe, Alloko Udalak egiaztatu ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

20. artikulua. Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek dituzte:

Arriskugarri gerta daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

Ordenantza honetan aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

Erregistroan sartzea arriskugarri gerta daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bost eguneko epean, bai eta hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aurretik, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

Erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabost eguneko epean.

Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko dute, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko dituzte, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat Allora ekartzen bada, denbora mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskugarri gerta daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasun aldetik edo herritarren segurtasunerako behar diren neurriak hartu beharko ditu.

Oro har, animaliak edukitzeari buruz bete behar diren obligazio guztiak kunplitu beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egunekoa izanen da.

21. artikulua. Abenduaren 24ko 50/1999 legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debekaturik daude:

Arriskugarritzat hartzen den animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan barna edo adingabe batek daramala.

Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasun motari, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, aldez aurretik edo erasoa gertatzen denean halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

Alloko Udalaren errekerimenduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako arau-haustetzat.

Erantzukizunak

22. artikulua. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

23. artikulua. Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animalia baten edukitzailea:

a) Erantzule izanen da jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

b) Halaber, ardura izanen du animaliek bide eta eremu publikoak zikintzea galarazteko.

c) Orobat, ardura izanen du bere animaliak zaunkaka edo zalapartaka hasten badira, berehalakoan horiek isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartzeko aurrerantzean horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.

Zakurrak edo bestelako animaliak bildu eta atxikitzea

24. artikulua. Bere eskumenen esparruan, Alloko Udalari dagokio:

a) Animalia abandonatuak biltzea.

b) Lagun egiteko animaliak dekomisatzea, tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.

25. artikulua. Horretarako izendatzen den lokalera eraman eta gero ezin bada zakurraren jabea nor den jakin, edo zakurra harrapatu eta hirurogeita hamabi orduko epean jabeak eskatzen ez badu, animalia Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Zentrura eramanen da.

26. artikulua. Bildutako edozein zakur delako lokaletik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da txertoaren eta identifikazioaren ziurtagiria aurkeztea eta ematen diren gainerako betebeharrak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.

27. artikulua. Beste zakur bati ausiki egin dionean, gizaki bati ausiki egin dionean edo ohiz kanpoko oldarkortasuna adierazten duenean, zakurra horretarako izendatzen den lokalera eraman beharko da, albaitari batek azter dezan. Albaitariak susmatzen badu amorru zantzurik badela, zakurra bakartu eginen da berehala, aztertu ahal izateko. Albaitariak kasu horietarako ezarririk dauden arauen ariora jokatuko du.

28. artikulua. Jabeak ordainduko ditu animalia bildu eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.

Arau-hausteak

29. artikulua. 1. Ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Honakoak dira arau-hauste arinak:

a) Maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluaren ariora erroldatu gabe lagun egiteko animalia bat edukitzea.

b) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

c) Zakurra hiriko eremu publikoetan eramatea, kate edo hederik gabe eta muturrekorik gabe.

d) Eremu publikoak lagun egiteko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.

e) Herriaren inguruan hirilurretan sailkatutako eremuetan zakurra muturrekorik gabe ibiltzea.

f) Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.

3. Honakoak dira arau-hauste larriak:

a) Animaliak behar duten mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten muntaduretan edukitzea, edo higiene-osasun baldintza txarretan edukitzea.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzera ematea inongo albaitariren kontrolik gabe edo Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animaliak ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

f) Animaliekin sartzea elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietara.

g) Animalia bizkarroidunak edo erituak edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe saltzea.

4. Honakoak dira arau-hauste oso larriak:

a) Animalien kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

b) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

c) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

Zehapenak

30. artikulua. Arau-hauste arinek 30etik 60 eurora bitarteko zehapena izanen dute; larriek 60tik 150 eurora bitartekoa, eta oso larriek 150etik 300 eurora bitartekoa.

Erantzukizun zibila

31. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

Animalien babesa

32. artikulua. Animalien babesari dagokionez, maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Ingurumena babesteko Jarduera Sailkatuen Erregelamendua, otsailaren 15eko 32/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zena; Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Itsuendako giza-zakurrak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legea eta uztailaren 24ko 188/1986 Foru Dekretua, Abeltegiak baimentzeko higiene, osasun eta ingurumen arloko baldintza teknikoak ezartzen dituena.

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Allon, 2005eko martxoaren 18an._Alkate udalburua, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: L0504837