54. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 6a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

A R T A X O A

Artaxoako udal mugapeko bide publikoetan erabilera eta trafikoa arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Artaxoako Udalak, 2004ko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Artaxoako udal mugapeko bide publikoen erabilera eta trafikoa arautzen dituen ordenantza.

Iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu (2005eko 15.a, otsailaren 4koa) eta Udalaren oholean paratu ondoren, iragan da jendaurrean egoteko hogeita hamar egun balioduneko epea, eta inork ez du erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu haren kontra; hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluekin bat, hasiera batez onesteko erabakia behin betikoa bilakatu da eta osorik argitaratuko da Artaxoako udal mugapeko bide publikoen erabilera eta trafikoa arautzen dituen ordenantza.

Artaxoan, 2005eko martxoaren 15ean._Alkatea, Pedro María Egea Ortiz.

ARTAXOAKO UDAL MUGAPEKO BIDE PUBLIKOEN ERABILERA ETA TRAFIKOA ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

Aplikazio esparrua

1. artikulua. Ordenantza hau Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onesten duen martxoaren 2ko 339/90 Legegintzako Errege Dekretuak xedatutakoaren osagarri da, eta herriko hiriguneko eremu publiko guztietan aplikatzen ahalko da.

Seinaleak

2. artikulua. 1. Manuzko seinaleak ezarriko dira bereziki, udalerriko bide-sarearen halako tarte batzuetan, edo orokorrean, herri osoan, azken kasu honetan seinaleak herriko sarrera guztietan paratuko direlarik.

2. Zirkulazio murriztuko eremuaren sarreran diren seinaleek, oro har, eremu horietako barruti osoan dute indarra.

3. Trafikoaren ardura duten funtzionario publikoen seinaleek beste edozein seinalek baino indar handiagoa izanen dute.

3. artikulua. 1. Ez da seinale manuzkorik ez informatiborik paratzen ahalko aldez aurretik Udalaren baimenik izan gabe.

2. Paratzen ahalko diren seinale informatibo bakarrak, udal agintaritzaren iritzian benetako interes orokorra dutenak dira.

3. Debekatua dago seinaleen gainean edo alboetan publizitatea paratzea.

4. Debekatua dago erabiltzaileei semaforoak edo seinaleak behar bezala ikustea oztopatu edo haien arreta galaraz dezaketen panfleto, afixa, iragarki edo nolanahiko mezuak paratzea.

4. artikulua. 1. Udalak behar bezala baimendu gabeko seinaleak edo indarrean dauden arauak betetzen ez dituztenak kenduko ditu berehala.

Trafikoaren ardura duten funtzionario publikoen jarduketa bereziak

5. artikulua. Trafikoaren ardura duten funtzionario publikoek, segurtasuna eta ordena publikoa zaindu beharrez, edota zirkulazioaren arintasuna bermatu beharrez, batzuetan aldatzen ahalko dute zenbait lekutako antolamendua, leku horietan pertsona edo ibilgailuen kontzentrazio handiak suertatzen direnean, eta orobat larrialdiren bat gertatzen denean. Horretarako, behin-behinekoz paratzen edo kentzen ahalko dira behar diren seinaleak, baita aurreneurriak hartu ere.

Oztopoak eremu publikoan

6. artikulua. 1. Debeku da oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorriak eragotz ditzakeen edozein oztopo edo gauza eremu publikoan paratzea.

2. Aurrekoa hala izanik ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak direnean baimentzen ahalko da eremu publikoa aldi baterako okupatzea zenbait lekutan, baldin okupazioak inolako arriskurik sortzen ez badu eta, trafikoari begira, ahal den nahasmendurik ttikiena gertatzen bada.

7. artikulua. Oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorriak eragotz ditzakeen edozein oztopok behar bezala seinalaturik egon beharko du.

8. artikulua. a) Udal agintariek oztopoak kentzen ahalko dituzte ondoko kasu hauetan:

1._Bideen erabiltzaileendako arriskutsuak badira.

2._Behar den baimenik erdietsi ez bada.

3._Hura paratzea arrazoirik gabekoa gertatu bada.

4._Baimendutako epea amaitu bada edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

b) Oztopoak kentzeagatik, baita haiendako seinale bereziak paratzeagatik ere, sortutako gastuak interesatuen kontura izanen dira.

Oinezkoak

9. artikulua. Oinezkoek espaloietan barna ibili beharko dute. Eremu publikoak espaloirik ez badu, oinezkoak galtzadaren ezkerretik joanen dira.

Aparkamendua

10. artikulua. Ibilgailuak, karabanak, atoiak, ibilgailu bereziak eta laborantzako lanabesak aparkatzean, honako arau hauek bete behar dira:

1._Ibilgailuak ilaran aparka daitezke, hau da, espaloiarekiko paraleloan; baterian, hots, espaloiarekiko perpendikularrean eta erdi baterian, zeharka.

2._Aparkatzeko modua zehazten duen seinalerik ez bada, ilaran aparkatu behar da.

3._Zoladuran seinalaturik, aparkamendutako moldatutako lekuetan, ibilgailuak seinalatutako perimetroaren barnean utziko dira.

4._Ibilgailuak aparkatzean, espaloitik ahal den hurbilena paratuko dira, baina tartetxo bat utziz, galtzadaren zati hori ere garbitu ahal izateko.

5._Nolanahi ere, gidariek beren ibilgailuak aparkatu beharko dituzte berez ez abiatzeko maneran.

11. artikulua. Guztiz debekatua dago baldintza hauetan aparkatzea:

1._Dagozkion seinaleek debekatzen duten tokietan.

2._Zirkulazioa trabatzen edo oztopatzen den tokietan.

3._Bertze gidariak erregelamenduaren aurkako maniobrak egitera behartzen direnean.

4._Bigarren lerroan, lehenbiziko lerroan ibilgailua nahiz edukiontzia dagoenean, baita bertze objekturen bat edo babeseko bertze elementuren bat dagoenean ere.

5._Aparkatzeko lekua ez den galtzadako bertze edozein tokitan.

6._Galtzadaren zabaleragatik ibilgailu-lerro bat pasatzea ezinezkoa egiten denean.

7._Norabide biko karriketan, galtzadaren zabaleragatik bi ibilgailu-lerro pasatzea ezinezkoa denean.

8._Karrikaburuetan, bertze ibilgailuren bati biratzea eragozten edo trabatzen zaionean.

9._Erregelamenduaren arabera aparkatutako bertze ibilgailuei aterabidea oztopatzen zaienean.

10._Oinezkoen pasabide diren galtzada-tokietan.

11._Espaloietan, ibiltokietan, babestokietan, erdiko nahiz alboetako pasealekuetan eta galtzadan zerrendak paratuz seinalatutako aldeetan, okupazioa partziala nahiz osoa izan.

12._Ibiltoki, babestoki, erdiko edo alboetako pasealeku eta zolako zerrendaz seinalatutako lekuen ondoan.

13._Garraio publiko, eskola-garraio, taxi, zamalan, pasabide eta, oro har, erreserbako leku izateko seinalatu eta mugatutako geralekuetan.

14._Toki berean zortzi egun baino gehiago jarraian.

15._Aldi batez jarduera baimenduek okupatu beharreko aldeetan, edo konpondu, seinalatu edo garbitu behar diren tokietan. Kasu horietan debekua behar bezala eta behar bezain garaiz seinalaturik egonen da.

12. artikulua. Gehienez ere bi ibilgailu-lerro eduki eta zirkulazioa norabide bakarrekoa duten karriketan, ibilgailuak karrikaren alde batean bakarrik aparkatuko dira, udal agintaritzak zehaztutako aldean.

14. artikulua. 1. Ezindu fisikoendako erreserbatutako lekuetan aparkatzeko Udalaren baimena duten titularrek, denbora mugarik gabe aparkatzen ahalko dituzte beren ibilgailuak, bai alde horietan beretan, bai ordutegi murriztua dutenetan.

2. Aipatu gidari horien helmugatik hurbil ezindu fisikoak aparkatzeko leku erreserbaturik ez balitz, udaltzainek baimena eman lezakete zirkulazioari trabarik txikiena egiten zaion lekuetan aparkatzeko, baina inoiz ere ez aparkatzeko debekuak, ordenantza honetan aurreikusitakoaren arabera, ibilgailua kentzea eskatzen duen lekuetan.

15. artikulua. 1. Galtzadan aparkatu behar denean, erdibaterian eginen da, gehienez ere metro eta erdia hartuz.

2. Karrikek espaloirik ez badute, ibilgailu horiek galtzadaren ertzetatik ahalik eta gehien hurbilduz aparkatu beharko dira, betiere bertze ibilgailuen joan-etorriak trabatu gabe eta inguruko finketako ateak, lehioak, erakuslehioak, etab. tapatu gabe.

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

16. artikulua. Trafikoaren ardura duten funtzionario publikoek, egin behar duenak egiten ez badu, ibilgailuak eremu publikotik kentzen ahalko dituzte eta Udalaren altxatokira eraman, honako kasu hauetan:

1._Arriskutsua denean edo traba larria egiten baldin bazaio zirkulazioari nahiz zerbitzu publiko baten funtzionamenduari, eta orobat ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste izatekoa denean.

2._Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

3._Ibilgailua bera hondatu delako, ibili ezinik gelditzen bada.

4._Martxoaren 2ko 339/1990 L.E.D.ren 67.1 artikuluaren hirugarren lerrokadak xedatzen duenari jarraikiz, ibilgailua geldiarazi ondotik, arau-hausleak isunaren zenbatekoa ordaindu nahi ez duenean edo hura ordaintzeko bermerik eman nahi ez duenean.

17. artikulua. Bertze kasu batzuk aipatzeagatik, baina zerrenda mugatzeko asmorik gabe, ondoko egoerak martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren 71. artikuluaren 1.a) idatz-zatian sartutzat hartuko dira, eta, beraz, bidezko izanen da ibilgailua kentzea:

1._Ibilgailua bigarren lerroan eta gidaririk gabe aparkatua dagoenean.

2._Bertze gidariei maniobra neurriz gainekoak, arriskutsuak eta erregelamenduaren kontrakoak eginarazten dizkienean.

3._Seinalatutako orduen barnean pasabide bat osorik edo zati batean okupatzen duenean.

4._Zamalanetarako tokietan aparkatua dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan.

5._Garraio publikoko geltoki seinalatu eta mugatu batean aparkatuta dagoenean.

6._Larrialdi edo segurtasun zerbitzuei espresuki erreserbatutako tokietan aparkatua dagoenean.

7._Ikuskizun publikoetako lokalek larrialdietarako dituzten aterabideen aitzinean, emanaldietako orduetan aparkatuta dagoenean.

8._Baimen espresurik gabe, espaloi, ibiltoki, babesgune, pasealeku, arretaz ibiltzeko gune edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan, osorik nahiz zati baten gainean aparkatua dagoenean.

9._Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

10._Oinezkoen pasabide seinalatu batean aparkatua dagoenean.

11._Gelditzea galarazita dagoen tokiren batean aparkatua dagoenean.

12._Biraketa eragozten duenean edo hura egiteko maniobra bereziak egitera behartzen duenean.

13._Bide batetik datozen gidariei bertze bidea ikustea galarazten dienean.

14._Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.

15._Lehentasuneko bide batean edo, bertze kalifikaziorik izanda ere, Alkatetzaren bando baten bidez izaera bera hartu duen bidean, toki debekatuetan aparkatua dagoenean.

16._Galtzadaren erdian aparkatuta dagoenean.

17._Oinezkoendako kale batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatua dagoenean, espresuki baimendutako aparkalekuetan izan ezik.

18._Ezinduendako aparkaleku erreserbatuan aparkatua dagoenean.

19._Aparkatze arautuko alde batean aparkatua dagoenean ordu eta erdi baino gehiago, aparkatze mota hau erregulatzen duten arauak ez betetzeagatik salatzen dutenetik aitzina.

20._Betiere, eta aurreko kasuetan bezala, arriskurik edo zirkulazioarentzat zein zerbitzu publiko baten funtzionamenduarentzat eragozpen handirik sortzen duenean.

18. artikulua. Trafikoaren ardura duten funtzionario publikoek halaber, eremu publikotik ibilgailuak kentzen ahal dituzte kasu hauetan:

1._Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatu den toki batean aparkatuta baldin badaude.

2._Eremu publikoa garbitu, konpondu edo seinaleak paratu ahal izateko ibilgailua kendu beharra badago.

3._Larrialdirik bada. Inguruabar hauen abisua, kasuaren arabera, lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, gidariei jakinarazita. Eramate horrek ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

19. artikulua. Aurreikusitako salbuespenak ukatu gabe, ibilgailua kentzeagatik eta Udalaren altxatokian edukitzeagatik sortutako gastuak titularraren kontura izanen dira, eta hark ordaindu beharko ditu edo ordainketa ziurtatuko du ibilgailua berreskuratzeko baldintza gisa, bidezko diren errekurtsoak paratzeko eskubidea ukatu gabe.

20. artikulua. Ibilgailua kentzea bertan behera utziko da, baldin eta gidaria agertzen bada ibilgailua estekatu eta garabia abiatzen hasi baino lehen, eta behar diren neurriak hartzen baditu ibilgailua lehen zegoen egoera okerretik ateratzeko.

Ibilgailu abandonatuak

21. artikulua. Ibilgailu bat abandonatutzat hartzen ahalko da ondoko kasuotan:

1._Bideko toki berean hamabortz egun baino gehiago aparkatuta baldin badago.

2._Dituen matxurak ikusita, abandonatua dagoela uste izatekoa denean.

22. artikulua. 1. Ibilgailu abandonatuak karrikatik kendu eta Udalaren altxatokira eramanen dituzte. Berehalaxe, titularra nor den zehazteko tramiteak egiten hasiko dira eta jakinarazpenetik hilabeteko epean ibilgailua eraman dezala aginduko diote.

2. Ibilgailua kendu eta edukitzeagatik sortutako eskubideak titularraren bizkar izanen dira.

3. Jabeak ibilgailua eramateari uko egiten badio, Udalak ibilgailua besterenduko du sortutako gastuak ordaintzeko.

Neurri bereziak

23. artikulua. Inguruabar bereziek beharrezko egiten badute, trafikoa antolatzeko behar diren neurriak hartzen ahal dira, ibilgailuen zirkulazioa debekatuz nahiz murriztuz, edo sarbideak herriko alderdi batzuetara eta halako bide batzuetatik desbideratuz, baita aparkalekuak berrantolatuz ere.

24. artikulua. Herriko alde bateko ezaugarri bereziak kontuan hartuz, udal administrazioak debekatzen ahalko du osoki edo partez ibilgailuen zirkulazioa edo aparkamendua, edo biak batera alde horren barneko eremu publiko guztiak edo batzuk erreserbatu ahal izateko bertako bizilaguntzentzat, eta, oro har, auzo, oinezko edo bertzela iritzitakoentzat.

25. artikulua. Halakoetan, karrikek behar diren seinaleak beharko dituzte sarreran eta irteeran, eta gainera, delako aldean ibilgailuen joan-etorriak eragotziko dituzten elementu mugigarri nahiz finkoak erabiltzen ahalko dira.

26. artikulua. Aipatutako murriztapenak izaten ahal dira:

1._Beren perimetro barneko bide guztietarako edo batzuetarako bakarrik.

2._Aurretiaz ezarritako ordutegi batera mugatzea ala ez.

3._Izatez egunerokoak edo egun jakin batzuetarako bakarrik.

27. artikulua. Xedatutako mugapenen izaera eta norainokoa nolanahikoak direla ere, ez dute zirkulazioan ez aparkamenduan eraginik izanen, ibilagailuak honako hauek direnean:

1._Su-itzaltze eta salbamendu zerbitzukoak, poliziakoak, anbulantziak, eta oro har, zerbitzu publikoak egiteko beharrezko direnak.

2._Alde horretako eraikin batetik eri edo ezinduak garraiatzen dituztenak.

3._Alde horretako ostalaritzako establezimenduetan, sartzeko nahiz irteteko, bidaiariak garraiatzen dituztenak.

4._Alde horretan berean baimendutako garaje edo aparkaleku publiko nahiz pribatuen erabiltzaile direnak.

5._Salgaien zamalanetarako baimena dutenak.

Garraio publikoaren geralekuak

28. artikulua. 1. Udal Administrazioak zehaztuko du taxien eta garraio publiko nahiz eskolakoaren geralekuak non izanen diren.

2. Haietan bidaiariek igotzeko edo jaisteko behar duten denbora baino gehiago ez daitezke geratu, salbu eta lineako abiapuntu edo helmuga badira.

3. Taxiendako geralekuetan, ibilgailu horiek bidaiarien esperoan daudela bakarrik gelditzen ahalko dira.

4. Geralekuan pausa daitezkeenak baino ibilgailu gehiago ez da han inola ere geratuko.

Zamalanak

29. artikulua. 1. Merkataritzako gaien zamalanak horretarako jarritako tokietan bakarrik egiten ahalko dira.

2. Hartara, aipatu jarduera eremu publikoan eta nolabaiteko maiztasunez egin beharra dagoenean, denda, industria edo lokalen jabeek beharrezkoa den erreserba eskatu beharko diote Udalari.

3. Erreserbatutako tokietatik at, zamalanetarako baimena horretarako propio finkatutako egun, ordu eta tokietarako baizik ez da emanen.

4. Orokorrean, geratu edo aparkatzea debekaturik dagoen tokietan ez da inolaz ere eta ezein arrazoirengatik zamalanik egiten ahalko.

30. artikulua. Zamalanetan erabiltzen diren merkataritzako gaiak, materialak edo gauzak ez dira zoruan utziko, baizik eta zuzenean eraikinetik ibilgailura edo alderantziz eramanen dira.

31. artikulua. Zamalanak behar den arretaz eginen dira ahalik eta traba gutxien egitearren, eta erabilitako lekua garbi utzi beharko da.

32. artikulua. Merkataritzako gaien zamalanak ibilgailua espaloitik gertuen dagoen aldetik eginen dira, eta behar diren baliabideak erabiliko, lana ahalik eta lasterren egitearren eta oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazioa ez oztopatzen saiatuz.

33. artikulua. Alkatetzak zamalanetarako toki erreserbatuak zehatz ditzake, zeinetan aplikatuko baita ordutegi mugatuko aparkaldien araubide orokorra. Halaz ere, eta kontuan izanik egoera, erreserbatutako bertze toki batzuekiko hurbiltasuna edo erabileraren maiztasuna bezalako inguruabarrak, aipatu araubide orokorrean aldaketak egin daitezke.

Pasabideak

34. artikulua. Udalak arautzen ahal ditu garaje, finka eta higiezinetako sarbideetarako behar diren erreserbak egiteko baimenak eremu publikoan. Erreserba horiek behar bezala seinalatuak egon beharko dute.

Edukiontziak

35. artikulua. 1. Altzariak edo etxeko tresnak, eta orobat obra eta etxeko hondakinak biltzeko edukiontziak, udal organo eskudunak erabakita, eremu publikoko toki jakin batzuetan paratu beharko dira.

2. Horretarako erreserbaturiko tokietan ezin izanen da, inolaz ere, aparkatu. Abiadura murriztapena oinezkoen etorri handiko lekuetan.

36. artikulua. Errei bakar batetik ibili beharreko karriketan eta oinezkoen etorria handia den guztietan, baita ikastetxeak diren karriketan ere, ibilgailuek abiadura egokia eramanen dute eta behar diren aurreneurriak hartuko.

Motozikleten zirkulazioa

37. artikulua. 1. Motozikletek eta ziklomotorrek debeku dute kategoria gehiagoko ibilgailuez osatutako bi lerroren artean ibili, ezta lerro baten eta espaloiaren artean ere.

2. Debeku dute, halaber, traba egitea, zakarki azeleratuz, ke-hodiak itxuraldatuta eta normalak ez diren bertze inguruabarren bidez.

Bizikletak

38. artikulua. 1. Bizikletak galtzadatik ibiliko dira eta espaloitik ahalik eta hurbilen, salbu eta bertze ibilgailu batzuendako erreiak dauden kasuetan. Horrelakoetan, erreserbaturik dagoen erreiaren albokotik joan beharko dute.

2. Parke publiko eta oinezkoendako kaleetan, horretarako diren bideetan ibiliko dira. Horrela ez bada, oinezkoek daramaten abiada berean. Edozein kasutan ere, oinezkoek beti izanen dute pasatzeko lehentasuna.

Zirkulatzeko baimen bereziak

39. artikulua. Erregelamenduz baimendutakoak baino pisu eta tamaina handiagoko ibilgailuak ezin izanen dira udalerriko eremu publikoetan barna ibili Udalaren baimenik gabe.

Aurreko puntuan aipatu baimenak bidaia baterako izaten ahal dira, edo halako aldi baterako.

Animaliak

40. artikulua. Txakurrak espaloietan ibiliko dira, lotuta. Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzeko arauetan xedatuak aginduko du animalia arriskutsuekin nola jokatu.

Eskola garraioa

41. artikulua. Herri barnean eskola-garraiorako zerbitzuak egin ahal izateko, Udalaren baimena beharrezkoa da, aldez aurretik.

42. artikulua. 1. Hiriko eskola-garraioa garraio diskrezional jarraitua da, ibilgailu automobil publikoetan edo zerbitzu partikularrekoetan egina, abiapuntu edo helmuga ikastetxeak izanik, ibilgailuak udalerriaren barnean tartekako geraldiak egin edota ibiltzen bada.

2. Ibilgailura igo eta jaistea Udalak berariaz zehazturiko tokietan bakarrik eginen da.

Erabilera debekatuak bide publikoetan

43. artikulua. Oinezkoen ibiltoki erreserbatuetan eta galtzadetan, nola ibiltarientzat hala jostetan dabiltzanentzat arriskurik ekar lezaketen josteta eta jolasak debekatuak daude.

Prozedura

44. artikulua. Ordenantza honetako xedapenen eta zirkulazio arauen kontrako arau-hausteak, alegia, Artaxoako udal mugapean egiten direnak, alkateak zehatuko ditu isunen bidez, 1990eko martxoaren 2ko Legegintzako Errege Dekretuan xedatuari jarraikiz (Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna). Isunen zenbatekoak eta isun mota bakoitza ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

45. artikulua. Zehapen espedienteetan emandako ebazpenek administrazio-bideari amaiera emanen diote eta horien aurka errekurtsoa paratzen ahalko da, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legean xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratzen denean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

Arau-hausterik ohikoenak, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen eta Zirkulazioaren gaineko Erregelamenduaren kontra Deskribapena ZEO BSL zenbatekoa

Toki hauetan gelditzea edo aparkatzea:

_Zamalanetan 91.2.g /38.3: 30,00 euro.

_Galtzada erdian 91.2.l /38.3: 30,00 euro.

_Bigarren lerroan, gidaririk gabe 91.2.h/ 38.3: 30,00 euro.

_Espaloi gainean 91.2.m.1/ 38.3: 30,00 euro.

_Kantoian 91.2.m.2 /39.1.d: 30,00 euro

_Oinezkoen eremuan 91.2.m.3 /38.3: 30,00 euro.

_Oinezkoen aldean 91.2.m.4/ 38.3: 30,00

_Gelditzea debekatua den tokian 91.2.m.7 /38.3: 30,00 euro.

_Garraio publikorako erreserbatutako tokian 91.2.i /38.3: 30,00 euro.

_Trafikoa galarazten den tokian 91.2.m.5 /38.3: 100,00 euro.

_Biratzea edo ikustea galarazten den tokian 91.2.f /38.3: 100,00 euro.

_Trafikoko seinaleak ikustea galaraziz 94.1.f /39.1f 39.2.a: 30,00 euro.

_Garraio publikorako erreserbatutako erreian 94.1.f /39.1.i/39.2.d: 100,00 euro.

_Ezinduentzat erreserbatutako eremuan 91.2.d 39.1.j, 39.1.a: 100,00 euro.

_Anbulantziendako alde erreserbatuan 91.2.j 39.1c, 39.2.a: 100,00 euro.

_Lorategi modukoetan (lorategiak) 91.2.ma 38.3: 100,00 euro.

_Aitzineko ataletan aipatu ez diren tokietan gelditu eta aparkatzea trafikoa modu larrian galaraziz. 91.2.m 38.3: 100,00 euro.

_Aurreko ataletan aipatu ez diren tokietan gelditu eta aparkatzea trafikoa modu larrian trabatu gabe 91.1 38.3: 30,00 euro.

Zerbaiten falta (Ez jarri isunen zenbatekoak).

_Nahitaezko asegururik gabeko ibilgailua, abenduaren 30eko 2641-1986 ED, 8. artikulua.

_I.A.T. gainditu gabe, irailaren 20ko 2344/1985 ED, 5. artikulua.

_Gidatzeko baimenik ez izatea, BSL, 60. artikulua.

_Gidatzeko baimenik ez eramatea, BSL, 60. artikulua.

_Zirkulazio baimenik ez edukitzea edo baja emandako ibilgailu batekin zirkulatzea, BSL, 61. artikulua.

_Matrikula plaka bat falta dela ibiltzea, 62 artikulua, BSL.

_Toki debekatuan biratzea 154 53.1: 60,00 euro.

_Semaforo gorria 146.1 53.1: 90,00 euro.

_Espaloi gainean zirkulatzea 121.5 9.1: 90,00 euro.

_Oinezkoen eremuan zirkulatzea 121.5 9.1: 90,00 euro.

_Toki debekatuan zirkulatzea 152 53.1: 90,00 euro.

_Isilgailurik gabe zirkulatzea 7.2 10.5: 90,00 euro.

_Argirik gabe zirkulatzea 101.1 42.1: 100,00 euro.

_Babesteko kaskorik gabe zirkulatzea 118.1 47.1: 30,00 euro.

_Bi lagun edo gehiago ziklomotor batean joatea 12.1 10.6: 30,00 euro.

_Seinale akustikoak beharrik gabe erabiltzea 110.1 44.3: 60,00 euro.

_Marra etengabe bikoitzaren beste aldera iragatea 167 53.1: 90,00 euro.

_Oinezkoen lehentasuna ez errespetatzea 65.1.a 53.1: 90,00 euro.

_STOP seinalea ez errespetatzea 151.2 53.1: 90,00 euro.

_Agentearen oharrei kasurik ez egitea, 143.1 53.1: 90,00 euro.

_Maniobrak aurretik ez adieraztea 74.1 28.1: 90,00 euro.

_Ezkerreko aldetik zirkulatzea 30.1.a 14.1.a: 150,00 euro.

_Arriskua eta kaltea sortuz edo jendea gogaituz jokatzea 2 9.1: 90,00 euro.

_Modu axolagabean gidatzea (azaldu) 3.1 9.2.: 150,00 euro.

_Ausarkeriaz gidatzea (azaldu) 3.1.b 9.2.: 300,00 euro.

_Biribilgunean bide eman gabe sartzea 57.1.c 21.2.c: 180,00 euro.

_Norabidea aldatzea, debekatua egonik 154.4 53.1: 90,00 euro.

_Ibilgailuaren gidaria ez identifikatzea-72.3: 300,00 euro.

_Debeku seinaleari ez obeditzea 154 53.1: 90,00 euro.

_Obligazio seinaleari ez obeditzea 155 53.1: 90,00 euro.

_Gasak botatzea 7.1 10.5: 90,00 euro.

_12 urtetik beheitiko bat aitzineko jarlekuan eramatea 10.1 11.4: 30,00 euro.

_Bide ez ematea (seinalerik gabe) 57.1 21.2: 90,00 euro.

_Alarmak jotzea 7.1 10.5: 60,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L0504741