54. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

526/2005 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Enmer Ganadera, S.L.ri Ingurumen arloko Baimen Osatua ematen diona eta aurkeztu duen proiektuaz Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena.

2004ko apirilaren 15ean, zerriak gizentzeko ustiategi bat handitu ahal izateko baimen eskariaren espedientea aurkeztu zen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, Enmer Ganadera, S.L.k sustatua. 2.000 zerrirendako lekua gehitu nahi da, guztira 4.000 zerri gizendu ahal izateko.

Proiektuko instalazioak Larragako lurretan kokatuko dira, 11. poligonoko 1515. lurzatian (katastroaren arabera), sustatzaileak gaur egun dituen instalazioen lurzati berean. 1. eranskinean ageri da proiektuaren deskribapena.

Jarduera sailkatu da Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen I. eranskineko 1. multzoko e) idatz-zatian (lege horrek ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatu zuen), bai eta kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.3. epigrafean ere. Beraz, xedapen horiei loturik dago.

Espedientean izapide eta txosten egokiak egin dira, kutsaduraren kontrol eta aurreneurri integratuei buruzko 16/2002 Legean ezarritakoari jarraikiz. Ingurumen arloko baimen osatua emateko prozeduraren barnean, maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak ingurumen ebaluazioaren arloan agintzen dituen jarduketak egin dira (lege horrek Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatu zuen).

2004ko maiatzaren 21ean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarkia argitaratuz, hasiera eman zitzaion proiektua jendaurrean azaltzeko aldiari, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko irailaren 30eko 1131/88 Errege Dekretuaren 15. artikuluan eta Kutsaduraren aurkako Aurreneurri eta Kontrol Osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 16. artikuluan xedatutakoa betez.

Proiektua jendaurrean egon den denboran, ez da alegaziorik aurkeztu.

2004ko ekainaren 30ean, Larragako Udalari espedientearen kopia igorri zitzaion, eta instalazioak haren eskumeneko alderdi guztiei egokitzen zitzaien jakiteko nahitaezko txostena eskatu zen, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 18. artikuluan ezarritakoarekin bat; txostena ezarritako epean jaso zen.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak uztailaren 24ko 1054/2003 Foru Aginduaren bidez esleitu dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena._Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea Larragan, 11. poligonoko 1515. lurzatian, Enmer Ganadera, S.L.k egin nahi duen zerritegiari buruz (gizendegia), proiektu hori ingurumenaren aldetik bideragarritzat jotzen baita, eta enpresa horri Ingurumenaren arloko Baimen Osatua ematea. Jardueran 2. eranskineko neurriak bete beharko dira.

Bigarrena._Baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Indarraldia amaitu baino 10 hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du, erregelamendu bidez ezarriko den administrazio prozedurari jarraikiz.

Hirugarrena._Jardueran aldaketaren bat egin nahi izanez gero, haren berri eman beharko zaio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari eta, 16/2002 Legearen 10.2 artikuluan adierazitako irizpideak kontuan hartuz, arrazoiak eman funtsezko aldaketatzat hartu behar den edo ez jakiteko. Bidezko frogagiriak erantsiko dira, eta aipatu legearen 10.4 eta 10.5 artikuluan adierazitakoa aplikatuko da.

Laugarrena._Jardueraren titularra behartuta dago Isuri Kutsagarrien Estatuko Erregistroan izen emana egotera jarduera abiatzen den unetik beretik, eta bere isuri kutsagarrien berri ematera jardueraren lehen urtearen ondoren eta, gero, urtean behin gutxienez, 16/2002 Legearen 8.3 artikulua eta Europako Batzordearen 2000ko uztailaren 17ko Erabakia aplikatuz.

Bosgarrena._Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Seigarrena._Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira.

Zazpigarrena._Ebazpen hau Enmer Ganadera, S.L.ri, Larragako Udalari eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko martxoaren 15ean._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.

1. ERANSKINA

2004ko apirilaren 15ean, zerriak gizentzeko ustiategi bat handitu ahal izateko baimen eskariaren espedientea aurkeztu zen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, Enmer Ganadera, S.L.k sustatua. 2.000 zerrirendako lekua gehitu nahi da, guztira 4.000 zerri gizendu ahal izateko.

Proiektuaren arabera, zerriak gizentzeko bi nabe egin nahi dira, bakoitza 858,5 metro koadroko azalerakoa, oraingo instalazioen lurzatian bertan; nabeak bi gizendegi izanen dira, guztira 2.000 zerrirendako tokiarekin, Larragako mugapean, 11. poligonoko 1515. lurzatian, 13.586,81 m²-ko lurzati baten barrenean (U.T.M. koordenatuak: X-596.530 Y-4.714.340). Kokalekuari buruzko baldintzak betetzen ditu, abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 5. artikuluari jarraikiz. Ustiategiak, proiektatu bezala handitutakoan, 4.000 zerri (20-105 kg) gizentzeko tokia izanen du, guztira.

"Dena barrenean-dena kanpoan" lan sistema erabiliko da.

Energia elektrikoa izateko gasolio bidezko sorgailu bat jarriko da.

Arga ibaitik hartuko da ura. Urteko ur kontsumoa, ustiategi osoan (orain dagoena gehi proiektatu den handitzea) 11.877,1 metro kubokoa izanen dela kalkulatu da.

Instalazioak garbitzeko, aurretik busti eginen dira eta, gero, garbiketa eginen da presiozko ur ekipo eramangarri batekin (20 atmosferatatik 180etara bitarte).

Ur-kontagailua izanen da banaketa linea bakoitzean, kontsumoa kontrolatzeko.

Animaliek berek hartuko dute jatekoa pentsurako kalapatxetatik, eta kaxola motako edontzietan emanen zaie edatera; ur emaria, berriz, minutuko 1,5 litrokoa. Urtean 2.240 tonaren bat pentsu beharko da.

Barne hobien gainean egonen den parrilladura osoko sistema proiektatu da. Grabitatez hustuko dira minda gordina biltzeko putzuraino (296 metro kubo) eta likido bereizia biltzeko kanpoko putzuetaraino iritsiko den kanalizazio sare baten bitartez; azken horietan 3.468,5 metro kubo bil daitezke guztira.

Kanpoko minda putzuek lasto txikituzko estalki flotatzailea izanen dute.

Kanpoaldeko minda putzuetan gerta litezkeen filtrazioak detektatzeko behaketa eta kontrol sistema jarriko da (drainatze sarea behaketarako kutxetarekin).

Solidoak bereizteko sistema bat jarriko da minden tratamendua egiteko, honela osatuta: minda gordina biltzeko putzu bat, 296 metro kubokoa, 100 mikrako mikroiragazpen unitatea, hektareako 7 metro kubo tratatu ditzakeena, eta lubaki-silo bat solido bereiziak biltzeko (100 metro koadro).

Sortzen den simaurra labore landetan zabalduta balioztatuko da; horretarako azalera egokia 196,54 hektareakoa da gehienez (176,54 hektarea ziklo luzeko garagar landetan, eta 20 hektarea ekilorekoetan), simaurra ekoiztu eta kudeatzeko planaren arabera (espedienteari erantsia).

20 metro kuboko zisterna baten bidez eginen da nekazaritzako ureztaketa; horri mindak banatzeko sistema bat erantsiko zaio, arrapala bidezkoa.

2. ERANSKINA

1._Gehieneko isuriak.

Laborantzako lurretan zabaltzen diren simaur likido edo solidoen urteko dosiak nitrogeno kopuru hauen parekoak izanen dira gehienez ere, labore motaren arabera:

_125 kgN/ha garagar landetan.

_100 kgN/ha ekilore landetan.

Edontzi automatikoak kaxola motakoak izanen dira eta gehienez minutuko 1,5 litro ur emateko erregulatuko dira.

Ur kontagailu bereizia jarriko da edontzietara ura banatzeko hodi nagusian.

Pentsuetako proteina gordina eta guztirako fosforoa ez dira ondoko taulan adierazitako kopuruak baino handiagoak izanen fase bakoitzean:

PROTEINA FOSFOROA

F A S E A GORDINA GUZTIRA

(% JANARIAN) (% JANARIAN)

25-50 kilogramo 17 0,55

50-110 kilogramo 15 0,49

Kanpoko minda putzuak sistema egokiz estaliko dira, estalki zurruna edo olanak jarriz edo material flotatzaileak (pikor natural nahiz artifizialak, mintzak eta abar) edo antzeko eragina duten sistemak erabiliz, atmosferara doazen emisioak ahal den heinean gutxitzeko eta euri ur garbiaren biltontzian mindarik ez sartzeko.

2._Lurzoruaren eta lurpeko uraren babesa.

Beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, minden kanpoko putzuak egiteko erabili diren elementuen iragazgaiztasuna, estankotasuna, erresistentzia eta egonkortasun mekanikoa ziurtatzeko.

Kanpoaldeko minda putzuan gerta litezkeen filtrazioak detektatzeko behaketa eta kontrol sistema jarriko da (drainatze sarea behaketarako kutxetarekin, edo antzeko eraginkortasuna duen beste sistema bat).

Laborantzako lurrak ezin izanen dira simaur likidoak erabiliz ureztatu eguraldia horretarako egokia ez bada, eta inoiz ere ez lur izoztu edo elurtuetan, urasetu edo istilduetan, larre utzietan edo lur alferretan, ez eta % 20tik gorako malda duten lurretan ere.

3._Hondakinak kudeatzeko prozedura eta metodoak.

Laborantzako lurretan simaur likidoa botatzeko erabiltzen diren bitartekoek bermatu egin behar dute simaur likidoa modu homogeneoan banatuko dela lurzatiaren azalera egoki osoan. Ez da erabiliko simaurra ahurtaraka zabaltzeko ekiporik, ez haizemaile gisako formarik sortuko, ez botatako minden atomizaziorik gertatuko. Beti errespetatu behar dira ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan eta martxoaren 3ko 324/2000 Errege Dekretuan horretarako ezartzen diren mugak. Izan ere, lehenbizikoan Nafarroako Foru Komunitateko abeltegiek bete beharreko ingurumeneko baldintza teknikoak ezarri ziren, eta bigarrenean zerritegiak antolatzeko oinarrizko arauak. Horrek ez du galaraziko hemendik aurrera araudi berrietan ezartzen ahal diren baldintzak bete edo mugak errespetatu beharra, aplikagatu beharrekoak izanez gero.

Nekazaritzako Praktika Egokien Kodean Nafarroarako aurreikusitako neurriak bete beharko dira.

Minda 24 orduko epean lurperatu beharko da labore garaturik gabeko lurretan, edo laborearen egoerak aukera ematen duen tokietan.

Abere hilak kudeatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 (EE) Erregelamenduan ezarritako arauak beteko dira, bai eta azaroaren 21eko 1429/2003 Errege Dekretua ere, haren bidez arautzen baitira aipatu erregelamendua aplikatzeko baldintzak.

Sortzen diren hondakin zoosanitarioak, arriskutsuak baldin badira, esate baterako infekzioak direla-eta bildu eta deusezteko baldintza bereziak behar dituztenak (LER 180202* kodeak), objektu zorrotz eta ziztakariak barne (xiringak...), bereizi eta edukiontzi edo biltegi iragazgaitzetan gordeko dira, euritik ongi babesturik, gero haiek kudeatzeko behar den baimena duen enpresaren esku uzteko. Jarduerari hasiera eman aurretik, enpresa kudeatzaileak emandako onarpen agiria eskuratu beharko da.

4._Isuriak eta hondakinak tratatzeko sistema eta prozedurak, zehatz azalduta haiek neurtzeko metodologia, maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak.

Mindak jaso behar dituzten lurren hasierako ezaugarrien azterketa eta haien parametro fisiko-kimikoen jarraipena eginen da, espedienteari lotutako agiri teknikoetan proposatutako baldintzei jarraikiz.

Zainketa Planaren erregistro eta kontrolerako liburua eduki behar da. Bertan honako hauek jasoko dira:

_Laborantzako lurrak ureztatzeko plana, datu hauek bilduko dituena:

.Sortzen den simaur kantitatea.

.Nekazaritzarako balorizazioa: simaurra jasotzen duten laborantzako lurzatien identifikazioa, data, lurzati bakoitzean zabaltzen den simaur kantitatea, horretarako erabilitako lurzati portzentajea, emandako dosia, simaurra zabaltzeko erabilitako sistema, lurzatiko labore mota, eta lurperatu arte iragaten den denbora.

_Mindak jaso behar dituzten lurren hasierako ezaugarrien azterketa eta haien parametro fisiko-kimikoen jarraipenaren emaitzak.

_Minda eta simaurren analisien emaitzak.

_Pentsu kontsumoaren erregistroa eta pentsuen kontrolari dagozkion analisien emaitzak.

_Edontzietara ura banatzen duen hodi nagusian ur kontsumoaren kontagailuak egunero ematen dituen balioak.

_Ura banatzeko instalazioen aldizkako azterketa eta kontrolen emaitzak, edateko uraren instalazioen kalibratzea eta jarioen detekzio eta konponketa barne.

_Gertaera garrantzitsuei buruzko oharrak.

Erregistro eta kontrol liburua instalazioetan eduki behar da, eguneraturik, eta jarduera kontrolatu eta ikuskatzeko lanak egin ohi dituzten langile guztien eskura.

Zainketa Planaren emaitzak urtero aurkeztuko zaizkio Ingurumen Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari.

5._Funtzionamendu okerreko egoeretan hartu beharreko neurriak.

Suteen kontrako babesa: indarreko arauetan xedatutakoari jarraikiko zaio (NBE-CPI/96, industri establezimenduetako suteen kontrako Segurtasun Erregelamendua eta beste xedapen berariazko batzuk), nekazaritzako ingeniarien proiektuan (2004ko otsailaren 16an ikus-onetsia, 238 zenbakia) proposaturiko baldintzen arabera.

Su-itzalgailuen kokapenari dagokionez, sutearen sektorearen edozein puntutatik itzalgailu baterainoko distantzia horizontala ezin izanen da 15 metrotik gorakoa izan. Dotazioa osatzeko, CO2ko bat (5 kg-koa) jarriko da edo BC edo ABC hauts lehorrekoa (6 kg-koa), koadro elektrikoaren eta/edo ekipo elektrogenoaren ondoan.

Eraikuntza elementuei dagokienez (estaldurak, horma eta itxituretako produktuak, eraikuntzako euskarri elementuak, etab.), industri establezimenduetako suteen kontrako Segurtasun Erregelamenduaren 2. eranskinean ezarritako eskakizunak bete beharko dira. Proiektuko eraikina lurzatiaren mugatik gutxienez ere 10 metrora baldin badago, ez da EFa eskatuko ez egitura nagusian ez estalkian.

Haztegia husteko baldintzei dagokienez (irteera kopurua eta tokia, ibilbideen gehieneko distantzia, korridore eta ateen neurri eta ezaugarriak, etab.), industri establezimenduen suteen kontrako Segurtasun Erregelamenduaren 2. eranskineko 6. atalean ezarritako eskakizunak bete beharko dira (uztailaren 5eko 786/2001 Errege Dekretua).

6._Bestelako aginduak.

_Proiektuaren arabera egin nahi den landaketari dagokionez, luzeagoa eta dibertsitate handiagokoa izan beharko du. Alde batetik, lurzatiaren hegoaldeko muturrean landaketak eginen dira eta, bestetik, espezie hauek gehituko: Ligustrum vulgare, Pistacia lentiscus eta Cornus sanguinea.

_Nabearen lekuan lurra berdindu eta zimenduak jartzearen ondorioz sobran gelditzen den lurra, hala nola solidoak eta likidoak bereizteko putzua egiteko indusketa lanek sortzen dutena, zabortegi kontrolatu batera eramanen dira.

_Lanak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko eta sobran gelditutako lurrik utziko.

Iragarkiaren kodea: F0504776