54. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

506/2005 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Agropecuaria Villafranca, S.L.ri Ingurumen arloko Baimen Osatua ematen diona eta aurkeztu duen proiektuaz Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena.

2003ko azaroaren 28an, zerritegi bat (gizendegia) handitzeko baimen eskaeraren espedientea aurkeztu zen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, Agropecuaria Villafranca, S.L.k sustatua. 1.456 zerrirendako lekua gehitu nahi da, osotara 2.856 zerri-toki izateko.

Proiektatu diren instalazioak Villafrancan jarriko dira, Navaslaseras izeneko alderdian, 7.218,49 metro koadroko lurzati batean. 1. eranskinean ageri da proiektuaren deskribapena.

Proiektaturikoa egin ondoren gizentzeko zerriak 2.000 baino gehiago izanen direnez, jarduera Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen I. eranskineko e) idatz-zatiko 1. multzoan sailkatu behar da, bai eta Kutsaduraren aurkako Aurreneurri eta Kontrol Osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.3 idatz-zatian ere. Beraz, xedapen horiei loturik dago.

Espedientean izapide eta txosten egokiak egin dira, Kutsaduraren kontrol eta aurreneurri integratuei buruzko 16/2002 Legean ezarritakoari jarraikiz. Ingurumen arloko baimen osatua emateko prozeduraren barnean, maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak ingurumen ebaluazioaren arloan agintzen dituen jarduketak egin dira (lege horrek Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatu zuen).

2004ko martxoaren 22an, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarkia argitaratuz, hasiera eman zitzaion proiektua jendaurrean egoteko aldiari, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko irailaren 30eko 1131/88 Errege Dekretuaren 15. artikuluan eta Kutsaduraren aurkako Aurreneurri eta Kontrol Osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 16. artikuluan xedatutakoa betez.

Proiektua jendaurrean egon den denboran, ez da alegaziorik aurkeztu.

2004ko azaroaren 15ean, Villafrancako Udalari espedientearen kopia igorri zitzaion, eta instalazioak haren eskumeneko alderdi guztiei egokitzen ote zitzaien jakiteko nahitaezko txostena eskatu zitzaion, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 18. artikuluan ezarritakoarekin bat; gaur den egunean, txosten hori ez da jaso.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak uztailaren 24ko 1054/2003 Foru Aginduaren bidez esleitu dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena._Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea Villafrancan Navaslaseras izeneko alderdian Agropecuaria Villafranca, S.L.k egin nahi duen zerritegiari buruz (gizendegia), proiektu hori ingurumenaren aldetik bideragarritzat jotzen baita, eta enpresa horri Ingurumenaren arloko Baimen Osatua ematea. Jardueran 2. eranskineko neurriak bete beharko dira.

Bigarrena._Baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Indarraldia amaitu baino 10 hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du, erregelamendu bidez ezarriko den administrazio prozedurari jarraikiz.

Hirugarrena._Jardueran aldaketaren bat egin nahi izanez gero, haren berri eman beharko zaio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta, 16/2002 Legearen 10.2 artikuluan adierazitako irizpideak kontuan hartuz, arrazoiak eman funtsezko aldaketatzat hartu behar den edo ez jakiteko. Bidezko frogagiriak erantsiko dira, eta aipatu legearen 10.4 eta 10.5 artikuluan adierazitakoa aplikatuko da.

Laugarrena._Jardueraren titularra behartuta dago Isuri Kutsagarrien Estatuko Erregistroan izen emana egotera jarduera abiatzen den unetik beretik, eta bere isuri kutsagarrien berri ematera jardueraren lehen urtearen ondoren eta, gero, urtean behin gutxienez, 16/2002 Legearen 8.3 artikulua eta Europako Batzordearen 2000ko uztailaren 17ko Erabakia aplikatuz.

Bosgarrena._Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Seigarrena._Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira.

Zazpigarrena._Ebazpen hau jakinaraztea Agropecuaria Villafranca, S.L.ri, Villafrancako Udalari eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko martxoaren 15ean._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.

1. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Egun dagoen zerritegi bat (gizendegia) handitzeko obrak egiteko baimena eskatzeko espedientea aurkeztu da.

Proiektaturikoa egin ondoren gizentzeko zerriak 2.000 baino gehiago izanen direnez, jarduera Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen I. eranskineko e) idatz-zatiko 1. multzoan sailkatu behar da, bai eta Kutsaduraren aurkako Aurreneurri eta Kontrol Osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.3 idatz-zatian ere. Beraz, xedapen horiei loturik dago.

Proiektuaren arabera, zerriak gizentzeko nabe bat eraiki nahi da, 1.215,36 m²-koa, oraingo instalazioen lurzati berean; gizendegi berriak 1.400 zerrirendako tokia izanen du. Jarduketa hori Villafrancako mugapean eginen da, Navaslaseras izeneko alderdian (X-607.910 Y-4.678.000 UTM koordenatuak), 7.218,48 m²-ko lurzati baten barrenean. Ustiategiak, proiektatu bezala handitutakoan, 2.856 zerri (20-105 kg) gizentzeko tokia izanen du, guztira.

"Dena barrenean -dena kanpoan" lan sistema erabiliko da.

Ustiategia energia elektrikoz hornitzeko, instalazioetan dagoen ekipo elektrogeno bat erabiliko da.

Zerritegirako ura Esako urtegitik eramaten da, finkan dagoen ur-hargune batetik. Zerriei ura banatzeko kalapatxak erabiliko dira (hezean), edontzi automatikoekin.

Instalazioak garbitzeko, aurretik busti eginen dira urarendako aho mikrobarreiatzaileen bidez, eta gero garbiketa eginen da presiozko uraren bidezko ekipo batekin.

Abeltzaintzako nabeen zoruan, zatika, parrilladura izanen da minda biltzeko barreneko putzu batzuen gainean, eta grabitatez hustuko dira kanpoko putzura, kanal-sare baten bidez.

Proiektaturiko handitze horren ondorioz, zerritegiak minda biltzeko kanpoko putzu orokor bat izanen du, 1.200 metro kubo hartzeko adinakoa, eta bi putzu-aurre, 400 metro kubo eta 120 metro kubokoak hurrenez hurren.

Solidoak bereizteko sistema bat jarriko da minden tratamendua egiteko; 100 mikrako bahea izanen du eta tratamendurako ahalmena 6-8 m³/h-koa izanen da.

Sortzen den simaurra labore lurretan zabalduta balioztatuko da; horretarako azalera egokia 106,29 hektareakoa da gehienez (85,20 hektarea arto-soroak eta 21,09 hektarea zereal-soroak), simaurra ekoiztu eta kudeatzeko planaren arabera (espedienteari erantsia).

Mindak labore lurretan zabaltzeko arrapala duen upel bat erabiliko da, banatzeko aho ugari edo hodi esekiak dituena, eta gero goldatze lanak eginen dira.

Mindak tratatzeko sistema bat jarriko da nabeetan, astean behin produktu biologiko likidoak aplikatuz, usainak eta amoniako igorpenak gutxitzeko.

2. ERANSKINA

Baimenaren edukia

1._Gehieneko isuriak.

Laborantzako lurretan zabaltzen diren simaur likido edo solidoen urteko dosiak nitrogeno kopuru hauen parekoak izanen dira gehienez ere, labore motaren arabera:

_100 KgN/ha zereal soroetan.

_250 kgN/ha arto-soroetan.

Edontzi automatikoak gehienez ere minutuko 1,5 litro ur emateko erregulatuko dira.

Edontzietara ura banatzeko hodi nagusian ur kontagailu bereizia jarriko da.

Pentsuetako proteina gordina eta guztirako fosforoa ez dira ondoko taulan adierazitako kopuruak baino handiagoak izanen fase bakoitzean:

PROTEINA FOSFOROA

F A S E A GORDINA GUZTIRA

(% JANARIAN) (% JANARIAN)

25-50 kilogramo 17 0,55

50-110 kilogramo 15 0,49

Kanpoko minda putzuak sistema egokiz estaliko dira, estalki zurruna edo olanak jarriz edo material flotatzaileak (pikor natural nahiz artifizialak, mintzak eta abar) edo antzeko eragina duten sistemak erabiliz, atmosferara doazen emisioak ahal den heinean gutxitzeko eta euri ur garbiaren biltontzian mindarik ez sartzeko.

2._Lurzoruaren eta lurpeko uraren babesa.

Beharrezkoak diren neurriak hartuko dira une oro minden kanpoko putzuak egiteko erabiltzen diren elementuen iragazgaiztasuna, estankotasuna, erresistentzia eta egonkortasun mekanikoa ziurtatzeko.

Kanpoaldeko minda-putzuan gerta litezkeen filtrazioak detektatzeko behaketa eta kontrol sistema jarriko da (drainatze sarea behaketarako kutxetarekin, edo antzeko eraginkortasuna duen beste sistema bat).

Laborantzako lurrak ezin izanen dira simaur likidoak erabiliz ureztatu eguraldia horretarako egokia ez bada, eta inoiz ere ez lur izoztu edo elurtuetan, urasetu edo istilduetan, larre utzietan edo lur alferretan, ez eta % 20tik gorako malda duten lurretan ere.

Ura potabilizatzeko instalazioan erabiltzen diren produktu kimikoak (kloroa, etab.) biltzeko instalazioetan, bai eta produktu horiek dituzten ekipo eta elementuak, atxikitze aska estanko eta iragazgaitz baten barruan egonen dira; aska horrek ez du husteko hodirik edo balbularik izanen, eta haren edukiera gerta litekeen jario baten ondorioz isur daitekeen likido guztia hartzeko modukoa izanen da.

3._Hondakinak kudeatzeko prozedura eta metodoak.

Laborantzako lurretan simaur likidoa botatzeko erabiltzen diren bitartekoek bermatu egin behar dute simaur likidoa modu homogeneoan banatuko dela lurzatiaren azalera egoki osoan. Hartara, ez da simaurra ahurtaraka zabaltzeko ekiporik erabiliko, haizemaile gisako formak eta botatako minden atomizazioa saihesteko. Beti errespetatu behar dira ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan eta martxoaren 3ko 324/2000 Errege Dekretuan horretarako ezartzen diren mugak. Izan ere, lehenbizikoan Nafarroako Foru Komunitateko abeltegiek bete beharreko ingurumeneko baldintza teknikoak ezarri ziren, eta bigarrenean zerritegiak antolatzeko oinarrizko arauak. Horrek ez du galaraziko hemendik aurrera araudi berrietan ezartzen ahal diren baldintzak bete edo mugak errespetatu beharra, aplikagarriak izanez gero.

Nekazaritzako Praktika Egokien Kodean Nafarroarako aurreikusitako neurriak bete beharko dira.

Minda 24 orduko epean lurperatu beharko da labore garaturik gabeko lurretan, edo laborearen egoerak aukera ematen duen tokietan.

Abere hilak kudeatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 (EE) Erregelamenduan ezarritako arauak beteko dira, bai eta 2003ko azaroaren 21eko 1429/2003 Errege Dekretua ere, haren bidez arautzen baitira aipatu erregelamendua aplikatzeko baldintzak.

Sortzen diren hondakin zoosanitarioak, arriskutsuak baldin badira, esate baterako infekzioak direla-eta bildu eta deusezteko baldintza bereziak behar dituztenak (LER 180202* kodeak), objektu zorrotz eta ziztakariak barne (xiringak...), bereizi eta edukiontzi edo biltegi iragazgaitzetan gordeko dira, euritik ongi babesturik, gero haiek kudeatzeko behar den baimena duen enpresaren esku uzteko. Jarduerari hasiera eman aurretik, enpresa kudeatzaileak emandako onarpen agiria eskuratu beharko da.

4._Isuriak eta hondakinak tratatzeko sistema eta prozedurak, zehatz azalduta haiek neurtzeko metodologia, maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak.

Zainketa Planaren erregistro eta kontrolerako liburua eduki behar da. Bertan honako hauek jasoko dira:

_Laborantzako lurrak ureztatzeko plana, datu hauek bilduko dituena:

.Sortzen den simaur kantitatea.

.Nekazaritzarako balorizazioa: simaurra jasotzen duten laborantzako lurzatien identifikazioa, data, lurzati bakoitzean zabaltzen den simaur kantitatea, horretarako erabilitako lurzati portzentajea, emandako dosia, simaurra zabaltzeko erabilitako sistema, lurzatiko labore mota, eta lurperatu arte iragaten den denbora.

_Minda eta simaurren analisien emaitzak.

_Pentsu kontsumoaren erregistroa eta pentsuen kontrolari dagozkion analisien emaitzak (sei hilean behin).

_Mindak tratatzeko produktu biologikoaren kontsumoaren eta aplikazioaren erregistroa.

_Minden biltegietan fluidifikatu eta usainak moteltzeko produktuak erabili zireneko eguna eta dosiak.

_Edontzietara ura banatzen duen hodi nagusian ur kontsumoaren kontagailuak egunero ematen dituen balioak.

_Ura banatzeko instalazioen aldizkako azterketa eta kontrolen emaitzak, edateko uraren instalazioen kalibratzea eta isurien detekzio eta konponketa barne.

_Gertaera garrantzitsuei buruzko oharrak.

Erregistro eta kontrol liburua instalazioetan eduki behar da, eguneraturik, eta jarduera kontrolatu eta ikuskatzeko lanak egin ohi dituzten langile guztien eskura.

Zainketa Planaren emaitzak urtero aurkeztuko zaizkio Ingurumen Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari.

5._Funtzionamendu okerreko egoeretan hartu beharreko neurriak.

Suteen kontrako babesa: indarreko arauetan xedatutakoari jarraikiko zaio (NBE-CPI/96, industri establezimenduetako suteen kontrako Segurtasun Erregelamendua eta beste xedapen berariazko batzuk), nekazaritza ingeniari teknikoaren proiektuan (2003-8-28an ikus-onetsia, 298. zenbakia) proposaturiko baldintzen arabera.

Su-itzalgailuen kokapenari dagokionez, sutearen sektorearen edozein puntutatik itzalgailu baterainoko distantzia horizontala ezin izanen da 15 metrotik gorakoa izan. Dotazioa osatzeko, CO2ko bat (5 kg-koa) jarriko da edo BC edo ABC hauts lehorrekoa (6 kg-koa), koadro elektrikoaren eta/edo ekipo elektrogenoaren ondoan.

Eraikuntza elementuei dagokienez (estaldurak, horma eta itxituretako produktuak, eraikuntzako euskarri elementuak, etab.), industri establezimenduetako suteen kontrako Segurtasun Erregelamenduan ezarritako eskakizunak bete beharko dira.

Haztegia husteko baldintzei dagokienez (irteera kopurua eta tokia, ibilbideen gehieneko distantzia, korridore eta ateen neurri eta ezaugarriak, e.a.), industri establezimenduetako suteen kontrako Segurtasun Erregelamenduaren 2. eranskineko 6. atalean ezarritako eskakizunak bete beharko dira.

6._Bestelako aginduak.

_Paisaian integratzeko neurri gisa, obretan sortzen diren ezpondak landareztatuko dira eta, proiektuan adierazi bezala, inguru osoan espezie autoktonoak landatuko dira, zuhaitzak (Quercus ilex, Pinus halepensis, Olea europaea, Prunus dulcis ...) eta zuhaixkak (Quercus coccifera, Ligustrum vulgare, Rhamnus lycioides ...).

_Nabeak hartuko duen lurzatiari buruzko txosten arkeologikoa eskatuko zaio Vianako Printzea Erakundeari, edo teknikari aditu bati. Txostena Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuko Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertu eta Lehengoratzeko Atalera eraman beharko da.

_Mindak banatzeko plana berrikusi delarik, Villafrancako 1. poligonoko 471. lurzatia minda zabaltzeko eremutik atera behar da, "Badina Escudera" izeneko Batasuneko Intereseko Lekuaren arroan baitago.

Iragarkiaren kodea: F0504777