54. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

417/2005 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Fertramp, S.C.I.ri Ingurumen arloko Baimen Osatua ematen diona eta aurkeztu duen proiektuaz Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena.

2004ko ekainaren 7an, zerri ustiategi bat handitzeko baimen eskaeraren espedientea aurkeztu zen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan. 1.534 zerrirendako lekua gehitu nahi da, hau da, osotara, 3.094 zerri izan ahal izateko.

Jarduera sailkatu da Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen I. eranskineko 1. multzoko e) idatz-zatian (lege horrek ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatu zuen), bai eta Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.3. epigrafean ere. Beraz, xedapen horiei loturik dago.

Jarduera Fontellasen eginen da, La Catalana izeneko alderdian, katastroaren araberako 5. poligonoko 97. lurzatian, 17.180 m²-ko azalera. Proiektuaren deskripzioa I. eranskinean dago.

Espedientean izapide eta txosten egokiak egin dira, Kutsaduraren kontrol eta aurreneurri integratuei buruzko 16/2002 Legean ezarritakoari jarraikiz. Ingurumen arloko baimen osatua emateko prozeduraren barnean, maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak ingurumen ebaluazioaren arloan agintzen dituen jarduketak egin dira (lege horrek Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatu zuen).

2004ko uztailaren 21ean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarkia argitaratuz, hasiera eman zitzaion proiektua jendaurrean azaltzeko aldiari, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren 15. artikuluan eta Kutsaduraren aurkako Aurreneurri eta Kontrol Osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 16. artikuluan xedatutakoa betez.

Ez da alegaziorik aurkeztu proiektua jendaurrean egon den denboran.

2004ko azaroaren 11n, Fontellasko Udalari espedientearen kopia igorri zitzaion, eta instalazioak haren eskumeneko alderdi guztiei egokitzen zitzaizkien jakiteko nahitaezko txostena eskatu zen, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 18. artikuluan ezarritakoarekin bat; eta 2004ko abenduaren 28an jaso zen, aldekoa hain zuzen.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak uztailaren 24ko 1054/2003 Foru Aginduaren bidez esleitu dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena._Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea Fontellasko La Catalana alderdian Fertramp, S.C.I. enpresak egin nahi duen zerri ustiategiari buruz, proiektu hori ingurumenaren aldetik bideragarria dela adieraziz, eta sozietate horri Ingurumenaren arloko Baimen Osatua ematea, eta jardueran II. eranskineko neurriak bete beharko direla adieraztea.

Bigarrena._Baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Indarraldia amaitu baino 10 hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du.

Hirugarrena._Jardueran aldaketaren bat egin nahi izanez gero, haren berri eman beharko zaio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari eta, 16/2002 Legearen 10.2 artikuluan adierazitako irizpideak kontuan hartuz, arrazoiak eman funtsezko aldaketatzat hartu behar den edo ez jakiteko. Bidezko frogagiriak erantsiko dira, eta aipatu Legearen 10.4 eta 10.5 artikuluan adierazitakoa aplikatuko da.

Laugarrena._Jardueraren titularra behartuta dago Isuri Kutsagarrien Estatuko Erregistroan izen emana egotera jarduera abiatzen den unetik beretik, eta bere isuri kutsagarrien berri ematera jardueraren lehen urtearen ondoren eta, gero, urtean behin gutxienez, 16/2002 Legearen 8.3 artikulua eta Europako Batzordearen 2000ko uztailaren 17ko Erabakia aplikatuz.

Bosgarrena._Kokalekuari dagokionez, txosteneko jarduerari 2414/1961 Errege Dekretuan ezarritako distantzien erregimena aplikatzen ahal bazaio ere, dagozkion departamentuek emandako txostenak eta espedienteko dokumentazioa aztertu ondoren, uste da haren ezarpena onar daitekeela, izan ere, proiektuan proposatutako neurriek eta departamentu honek finkatutako neuri zuzentzaileek, jarduerarako baimena emateko lotesleak direnek, ingurumena eta pertsona edo ondasunen osasuna eta segurtasuna babesteko erregimen hobea ezartzen dute jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko erregelamenduan aurreikusitako distantzia orokorra errespetatuz lortzen ahal dena baino.

Seigarrena._Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira.

Zazpigarrena._Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Zortzigarrena._Ebazpen hau Fertramp, S.C.I. enpresari, Fontellasko Udalari eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko otsailaren 28an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

2004ko ekainaren 7an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu zuen zerri ustiategia handitzeko baimen eskariaren espedientea; ustiategia ingurumenari lotutako baimen osatuaren mende dago (Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak arautzen du baimen hori).

Jarduera Fontellasko lurretan eginen da, katastroaren araberako 5. poligonoko 97. lurzatian, La Catalana izeneko alderdian (U.T.M.: X-617.310 Y-4.651.906 koordenatuak), 17.180 m²-ko azaleko sail batean; kokalekuari buruzko baldintzak betetzen ditu, abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 5. artikuluari jarraikiz.

Proiektuaren arabera, zerriak gizentzeko nabe bat eraikiko da, 1.260 metro koadroko azalera, egungo instalazioak handitzeko; 1.560 zerrirendako lekua gehitu nahi da, hau da, guztira, 3.094 zerri gizendu ahal izateko (20 kilotik 105era arte).

"Dena barrenean-dena kanpoan" lan sistema erabiliko da.

Ustiategia energia elektrikoz hornitzeko 17 KVA-ko gasoliozko ekipo elektrogenoa erabiliko da.

Urteko argi indarraren kontsumoa 36.863 Kwh izango dela jotzen da.

Ur hornidura lurzatian bertan dagoen putzu legeztatu batetik eginen da edo, bestela, Lodosako ubidearen bitartez, eta ura polietilenozko ur ontzi goratu batzuetaraino eramanen da. Urtean 11.138 m³ inguruko ur eskaria izanen dela kalkulatu da.

Kaxola motako edontzietan emanen zaie edatera zerriei. Edontziek uraren aterabidea erregulatzeko sistema bat izanen dute, minutuko 1,5 litro emateko moduan.

Ur-kontagailua izanen da banaketa linea bakoitzean, kontsumoa kontrolatzeko.

Instalazioak presiozko ur ekipoaz garbituko dira.

Bi pentsu mota erabiliko dira, proteina gordinaren eta fosforoaren konposizio desberdinak dituztenak, eta gizentze fase bakoitzari egokituta; urteko 1.934 tonako kontsumoa kalkulatu da.

Barreneko putzuen gaineko parrilladura sistema bat proiektatu da, eta husteko grabitate bidezko sistema bat, kanpoko putzura eramateko kanal-sare baten bidez. Kanpoaldeko biltegien edukiera 3.014 m³-koa izanen da.

Kanpoko minda putzuek buztin zabalgarrizko estalkia izanen dute.

Kanpoaldeko minda-putzuan gerta litezkeen filtrazioak detektatzeko behaketa eta kontrol sistema jarriko da (drainatze sarea behaketarako kutxetarekin).

Solidoak bereizteko sistema instalatuko da mindak tratatzeko, 500 mikrako mikroiragazpen unitatearekin. Sistema horrek 10 m³/h-ko tratamendu ahalmena izanen du.

Sortzen den simaurra labore landetan zabalduta balioztatuko da; horretarako azalera egokia 156,95 hektareakoa da gehienez (65,59 hektarea ureztalurrak gehi 91,36 hektarea lehorreko lurrak), simaurra ekoiztu eta kudeatzeko planaren arabera (espedienteari erantsia).

Nekazaritzako ureztaketa behe ibilbideko eta presioko minda-upel baten bidez eginen da.

II. ERANSKINA

Baimenaren edukia

1._Gehieneko isuriak.

Laborantzako lurretan zabaltzen diren simaur likido edo solidoen urteko dosiak nitrogeno kopuru hauen parekoak izanen dira gehienez ere, labore motaren arabera:

_60 kgN/ha garagar landetan.

_140 kgN/ha luzerna landetan.

_250 kgN/ha arto landetan.

Edontzi automatikoak kaxola motakoak izanen dira eta gehienez minutuko 1,5 litro ur emateko erregulatuko dira.

Edontzietara ura banatzeko hodi nagusian ur kontagailu bereizia jarriko da.

Pentsuetako proteina gordina eta guztirako fosforoa ez dira ondoko taulan adierazitako kopuruak baino handiagoak izanen fase bakoitzean:

PROTEINA FOSFOROA

F A S E A GORDINA GUZTIRA

(% JANARIAN) (% JANARIAN)

25-50 kilogramo 17 0,55

50-110 kilogramo 15 0,49

Kanpoko minda putzuak sistema egokiz estaliko dira, estalki zurruna edo olanak jarriz edo material flotatzaileak (pikor natural nahiz artifizialak, mintzak eta abar) edo antzeko eragina duten sistemak erabiliz, atmosferara doazen emisioak ahal den heinean gutxitzeko eta euri ur garbiaren biltontzian mindarik ez sartzeko.

2._Lurzoruaren eta lurpeko uraren babesa.

Beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, une oroz bermatu ahal izateko minden kanpoko putzuak egiteko erabili diren elementuen iragazgaiztasuna, estankotasuna, erresistentzia eta egonkortasun mekanikoa.

Proiektatu den kanpoaldeko minda-putzuan gerta litezkeen filtrazioak detektatzeko behaketa eta kontrol sistema jarriko da (drainatze sarea behaketarako kutxetarekin, edo antzeko eraginkortasuna duen beste sistema bat).

Laborantzako lurretan ezin izanen da simaur likidorik bota eguraldia horretarako egokia ez bada, eta inoiz ere ez lur izoztu edo elurtuetan, urasetu edo istilduetan, larre utzietan edo lur alferretan, ez eta % 20tik gorako malda duten lurretan ere.

3._Hondakinak kudeatzeko prozedura eta metodoak.

Laborantzako lurretan simaur likidoa botatzeko erabiltzen diren bitartekoek bermatu egin behar dute simaur likidoa modu homogeneoan banatuko dela lurzatiaren azalera egoki osoan. Ez da erabiliko simaurra ahurtaraka zabaltzeko ekiporik, ez haizemaile gisako formarik sortuko, ez botatako minden atomizaziorik gertatuko. Beti errespetatu behar dira ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan eta martxoaren 3ko 324/2000 Errege Dekretuan horretarako ezartzen diren mugak. Izan ere, lehenbizikoan Nafarroako Foru Komunitateko abeltegiek bete beharreko ingurumeneko baldintza teknikoak ezarri ziren, eta bigarrenean zerritegiak antolatzeko oinarrizko arauak. Horrek ez du galaraziko hemendik aurrera araudi berrietan ezartzen ahal diren baldintzak bete edo mugak errespetatu beharra, aplikagarriak izanez gero.

Nekazaritzako Praktika Egokien Kodean Nafarroarako aurreikusi neurriak bete beharko dira.

Minda 24 orduko epean lurperatu beharko da labore garaturik gabeko lurretan, edo laborearen egoerak aukera ematen duen tokietan.

Abere hilak kudeatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 (EE) Erregelamenduan ezarritako arauak beteko dira, bai eta 2003ko azaroaren 21eko 1429/2003 Errege Dekretua ere, haren bidez arautzen baitira aipatu erregelamendua aplikatzeko baldintzak.

Sortzen diren hondakin zoosanitarioak, arriskutsuak baldin badira, adibidez, bildu eta deusezteko baldintza bereziak behar dituztenak, infekzioei aurrea hartzearren (LER 180202* kodeak), objektu zorrotz eta ziztakariak barne (xiringak...), bereizi eta edukiontzi edo biltegi iragazgaitzetan gordeko dira, euritik ongi babesturik, gero haiek kudeatzeko behar den baimena duen enpresaren esku uzteko. Jarduerari hasiera eman aurretik, enpresa kudeatzaileak emandako onarpen agiria eskuratu beharko da.

4._Isuriak eta hondakinak tratatzeko sistema eta prozedurak, zehatz azalduta haiek neurtzeko metodologia, maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak.

Zainketa Planaren erregistro eta kontrolerako liburua eduki behar da. Bertan honako hauek jasoko dira:

_Laborantzako lurrak ureztatzeko plana, datu hauek bilduko dituena:

.Sortzen den simaur kantitatea.

.Nekazaritzarako balorizazioa: simaurra jasotzen duten laborantzako lurzatien identifikazioa, data, lurzati bakoitzean zabaltzen den simaur kantitatea, horretarako erabilitako lurzati portzentajea, emandako dosia, simaurra zabaltzeko erabilitako sistema, lurzatiko labore mota, eta lurperatu arte iragaten den denbora.

_Mindak jaso behar dituzten lurren hasierako ezaugarrien azterketa eta haien parametro fisiko-kimikoen jarraipenaren emaitzak.

_Minda eta simaurren analisien emaitzak.

_Pentsu kontsumoaren erregistroa eta pentsuen kontrolari dagozkion analisien emaitzak (sei hilean behin).

_Edontzietara ura banatzen duen hodi nagusian ur kontsumoaren kontagailuak egunero ematen dituen balioak.

_Ura banatzeko instalazioen aldizkako azterketa eta kontrolen emaitzak, edateko uraren instalazioen kalibratzea eta jarioen detekzio eta konponketa barne.

_Gertaera garrantzitsuei buruzko oharrak.

Erregistro eta kontrol liburua instalazioetan eduki behar da, eguneraturik, eta jarduera kontrolatu eta ikuskatzeko lanak egin ohi dituzten langile guztien eskura.

Zainketa Planaren emaitzak urtero aurkeztuko zaizkio Ingurumen Departamentuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari.

5._Funtzionamendu okerreko egoeretan hartu beharreko neurriak.

Suteen kontrako babesa: indarreko arauetan xedatutakoari jarraikiko zaio (NBE-CPI/96, industri establezimenduetako suteen kontrako Segurtasun Erregelamendua eta beste xedapen berariazko batzuk), nekazaritza ingeniari teknikoaren proiektuan (2004ko maiatzaren 28an ikus-onetsia, 1066. zenbakia) proposaturiko baldintzen arabera.

Itzalgailuen kopurua eta banaketa honako baldintza hau betetzeko moduan antolatuko da: suak hartutako sektoreko edozein puntutatik itzalgailura bitarteko distantzia gehienez 15 metrokoa izanen da. Dotazioa osatzeko, CO2ko bat (5 kg-koa) jarriko da edo BC edo ABC suteen kontrako hauts lehorrekoa (6 kg-koa), koadro elektrikoaren eta/edo ekipo elektrogenoaren ondoan.

Zoru, horma eta sabaiak estaltzeko erabiltzen diren materialak M2 motakoak izanen dira, edo egokiagoak (bazter geldituko dira sabaileihoak, exutorioak, e.a.).

Nabeetatik kanpora ateratzeko oinezkoentzako ateak jarriko dira, ardatz bertikalekoak eta eskuz irekitzekoak. Edozein tokitatik ate batera 50 metro baino gehiago ez egoteko moduan jarriko dira.

6._Bestelako aginduak:

A-68 autobidetik eta ondoko bideetatik ustiategia ez ikusteko pantaila gisa, bertako espezieak landatuko dira ustiategiaren lurzatiaren mugetan (Pinus halepensis, Pistacia terebinthus, Rosmarinum officinalis ...).

Nabearen lekuan lurra berdindu eta zimenduak jartzearen ondorioz sobran gelditzen den lurra, hala nola solidoak eta likidoak bereizteko putzua egiteko indusketa lanek sortzen dutena, zabortegi kontrolatu batera eramanen dira edo, bestela, lurzatian berean hedatuko, ondoko lursailekin akordio fisiografikoak bilatuz.

Lanak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko eta sobran gelditutako lurrik utziko.

Iragarkiaren kodea: F0503970