54. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

252/2005 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Haur Hezkuntzako 2. zikloko ikastetxe publikoak, Lehen Hezkuntzakoak (Lehen Hezkuntza-DBH) eta Udalen Musika Eskolak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak egiteko Nafarroako Foru Komunitateko udal eta kontzejuentzat laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra, oro har, ekainaren 9ko 8/1997 Legearen bidez ezarri zen. Lege horren xedea prozeduraren kontrol eta gardentasun handiagoa lortzea zen, publizitate, lehiakortasun eta objektibotasun printzipioak betez.

Hori baino lehenago urtarrilaren 25eko 13/1990 Foru Dekretuak berariaz araupetu zuen "Eskolaurreko eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikastetxe publikoak eta Udalen Musika Eskolak eta Kontserbatorioak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak egiteko Nafarroako udal eta kontzejuentzako dirulaguntzen kontzesioa". Foru dekretu horren xedea laguntzen sistema orekatua eta koordinatua ezartzea izan zen eta, beraz, bidezko deialdien esparrua eratzeko administrazioaren irizpideak eta bideak ezartzea.

Beste alde batetik, 2005eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, "Irakaskuntzako maila guztien eskolaratze baldintzen hobekuntza" deritzon 410. egitarauaren barruan, ohi denez, "Obrak udal jabetzako ikastetxeetan" izeneko 410001-41120-7600-325100 zenbakiko kontusaila ageri da. Kontusail horrek, dirulaguntzaren prozedura erabiliz, inbertsio proiektuak finantzatzen ditu.

Toki entitateek beren titulartasuneko ikastetxe publikoen eraikinak eta instalazioak hobetu, zabaldu eta birmoldatzeko inbertsio-proiektuak bideratzeko aurreikusi diren laguntzak eskuratzeko aukera izan dezaten, nahitaezkoa da 2005eko aurrekontuan ezarri diren laguntzen deialdia onetsi eta kontzesio horiek arautzeko oinarriak ezarriko dituen foru agindua ematea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa arautzen duen abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako toki entitateei (udalei eta kontzejuei) beren titulartasuneko ikastetxe publikoen eraikin eta instalazioak, unibertsitate mailakoak ez direnak, hobetu, zabaldu eta birmoldatzeko inbertsio-proiektuak egiteko dirulaguntzak emateko deialdia onestea. Dirulaguntzak 2005eko aurrekontuko "Obrak udal jabetzako ikastetxeetan" izeneko 410001-41120-7600-325100 zenbakiko kontusailaren kargura ordainduko dira, gehienez 549.965 euro.

2. Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 6.1. artikuluan eta urtarrilaren 25eko 13/1990 Foru Dekretuan ezarri dena betez, deialdia arautuko duten oinarriak onartzea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari eta Eraikuntza Bulegoari.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

5. Administrazioaren ebazpen honen kontra administrazio publiko interesatuak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2005eko martxoaren 31n._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

E R A N S K I N A

Haur Hezkuntzako 2. zikloko ikastetxe publikoak, Lehen Hezkuntzakoak (Lehen Hezkuntza-DBH) eta Udalen Musika Eskolak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak egiteko Nafarroako Foru Komunitateko udal eta kontzejuentzat laguntzak emateko oinarriak

1._Helburua.

Ebazpen honetan bildu diren dirulaguntzak Haur Hezkuntzako 2. zikloko ikastetxe publikoak, Lehen Hezkuntzakoak, Lehen Hezkuntza-DBHkoak eta Udalen Musika Eskolak hartzen dituzten eraikinak eta instalazioak hobetu, zabaldu eta birmoldatzeko obra proiektuak finantzatzeko izanen dira.

2._Onuradunak.

Dirulaguntza hauek eraikin horien titularrak diren toki entitate, udal edo kontzejuek eska ditzakete.

3._Xedea.

Oro har, 2005. urteko ekitaldi ekonomikoan Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxeetako eta Udalen Musika Eskoletako eraikinak eta instalazioak hobetu, zabaldu eta birmoldatzeko obrak egiteko proiektuek jaso ditzakete dirulaguntzak.

Instalazioen ohiko mantentze edo konponketei lotuta dauden gastu arruntak ez dira dirulaguntza hauen xedeen barruan sartzen.

4._Dirulaguntzen portzentajea.

Dirulaguntzen portzentajeak, helburuko ikastetxearen motaren arabera edo jarduera motaren arabera, ondoko hauek izanen dira:

a) Haur Hezkuntzako 2. zikloko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzakoetan eta Musika Eskoletan egiten diren obrak: dirulaguntza jasoko duen proiektuaren kostuaren % 65 gehienez. Baldin eta obrak egiteko presa bereziko inguruabarrak badaude edota udal edo kontzejuaren finantza egoera zaila bada edo antzeko inguruabarrak gertatzen badira, betiere garbi agertzen badira eta behar bezala egiaztatuta badaude, Ebaluazio Batzordeak dirulaguntzaren ehunekoa gehienez ere aurrekontuaren % 80koa izatea erabaki dezake.

b) Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe mistoetan erabilera eta destino konpartitua edo komuna duten eraikin edo instalazioetan egiten diren obrak: dirulaguntza jasoko duen proiektuaren kostuaren % 80 gehienez.

c) Erabilerari eta destinoari dagokienez DBHrako baino ez diren eraikin edo instalazioetan egiten diren obrak: dirulaguntza jasoko duen proiektuaren kostuaren % 100 gehienez.

d) Udal eta gizarte interes handikoa izateagatik instalazio horien erabileraren helburuak eskolako berezko alorrak gainditzen dituenean baina eskola dotazioak hobetzeko egokiak badira, dirulaguntzaren portzentajea proiektuaren gastuaren % 50ekoa izanen da gehienez. Beste administrazio publiko batzuen laguntza jasotzen bada, onartzen den portzentajea administrazio horiek ematen duten laguntzaren osagarria izanen da, eta administrazio parte-hartzaileen artean sinatzen diren hitzarmen edo konpromisoek mugatuko dute kopurua.

5._Agiriak.

a) Eskaerak bidezko toki entitateen legezko ordezkariek aurkeztuko dituzte; beraz, Hezkuntza Erkidegoaren barruan sustatzen den edozein eskaera (ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, gurasoen elkarteak, besteak beste) ordezkari horien bidez bideratu behar da.

b) Dirulaguntzak eskatzeko aurkezten diren eskabideak Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari aurkeztuko zaizkio; eskabideekin ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

_Dirulaguntzaren xedeko obren proiektu tekniko eguneratua edo obren memoria baloratua, aurrekontua kapituluka xehekatuz. Baldin eta proiektua edo memoria baloratua deialdi hau egin aurretik aurkeztu bada eta eguneratuta baldin badago, nahiko izanen da inguruabar hori adieraztea eta hori frogatzeko agiria aurkeztea. Proiektatu diren obra horiek bereiz egiteko aukera dagoenean edo faseka egin daitezkeenean, berariaz adieraziko dira lehentasunak.

_Obrak egin nahi direneko eraikin edo lur horien jabetza frogatzen duen dokumentua. Lurren jabetzari buruzko dokumentazioarekin batera, hala denean, udal edo kontzejuak ur, argi eta estolderia zerbitzuak eman eta sarbideen egokitzapenak eginen dituela adierazten duen adierazpen idatzia. Hori gorabehera, berariaz adieraziko da dirulaguntzaren xedea diren lokal horiek irakaskuntzako erabilerari lotuta egonen direla.

_Obren onespenari buruzko udal erabakia.

_Idazkariaren ziurtagiria, non udal edo kontzejuaren aurrekontuetan dirulaguntzaren xedeko obran dagokion zatia ordaintzeko behar adinako dotazio ekonomikoa dagoela agertuko baita.

_Obren xedea den ikastetxeko Eskola Kontseiluak prestatuko duen adostasun txostena.

_Dirulaguntzaren xedea diren eskola instalazioen geroko funtzionamendu eta mantentze-gastuak toki entitateak bere gain hartuko dituela adierazten duen konpromisoa.

_Ikastetxe ukituen berezko erabiltzaileak (irakasle eta ikasleak) behin-behineko lokaletara lekualdatzeko gastuei aurre egiteko konpromisoa, obrek dirauten bitartean, baita, beharrezkoa balitz, horien alogeraren gastuei aurre egitekoa ere.

_Beste erakunde batzuek laguntzarik ematen badute, eskumenak dituen organoaren finantzaketari buruzko berariazko erabakia.

_Oro har, erakunde eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentazio, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazi diren lehentasun edo irizpideekin lotuta badago.

6._Txosten osagarriak.

Obraren gastua ehun eta hogei mila, berrehun eta bi euro eta berrogeita bi zentimotik gorakoa bada, Toki Administrazio Departamentuak toki entitateek aurkezten dituzten dirulaguntza eskaeren espedienteak jaso eta proiektuaren finantza bideragarritasunari buruzko txostena eginen du. Dagokion eskaera egin eta hogei egun naturaleko epean Toki Administrazioko Departamentuak ez badu txostenik egin, Hezkuntza Departamentuak biotako bat egin dezake: edo bere bideragarritasun azterketa egin edo edo behin-behinekotasunez dirulaguntza eman.

7._Aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Hezkuntzako Erregistro Orokorrean edo azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4. artikuluan ezarri diren tokietan.

Dirulaguntzak sute, uholde, eraispen edo aparteko beste egoera batzuetan gertatzen diren kalteak konpontzeko edo egoera horiei aurrea hartzeko eskatzen badira, ez dago epe zehatzik. Kasu horietan dirulaguntza emanen da aurrekontuko kontusailean horretarako krediturik bada. Xedea izeneko 3. oinarriaren salbuespen gisa, egoera horrek ukituriko toki entitateak bidezko diren konponketak egin behar baditu, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak, berariazko ebazpen baten bidez, hurrengo deialdirako konpromiso bat ezartzen ahalko du, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposaturik. Betiere, kreditua egotea izanen da konpromiso horretarako baldintza.

8._Lehentasunak.

Deialdia lehentasun hauen arabera ebatziko da:

a) Irakaskuntzaren berezko jarduerei lotuta dauden obra proiektuak; jarduera multzo horretan sartuko dira onetsita dauden gutxieneko egitarauak betetzeko direnak edo Hezkuntzako Administrazioak toki edo eskualde horren eskolaratzea hobetzeko beharrezkotzat jotzen dituenak.

b) Ikastetxearen eguneroko funtzionamendu egokia bermatzeko nahitaezko instalazioak izateagatik presako eta nahitaezko esku-hartzea eskatzen duten obra proiektuak.

c) Esparruak eta instalazioak segurtasun arloan indarra duen arautegiari egokitzeko obren proiektuak (suteen babesa eta atzematea, oztopo arkitektonikoak ezabatzea, ebakuazioa eta abar), lehenbailehen egin beharrekoak eta ikastetxearen titularra den toki entitateak bere gain ezin har ditzakeenak, entitatearen egoera ekonomikorako inbertsio handiegia delako edo ohiz kanpoko beste edozein gorabehera, ebaluazio batzordeak baloratuko duena, gertatu delako.

d) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren lankidetzarekin egin asmo diren obren proiektuak, ikastetxearen kirol hornidurak hobetzeko baliagarri badira.

e) Behar-beharrezkoak izan ez arren, irakaskuntza eta hezkuntzako esparru berriak gaitzeari lotuta dauden obra proiektuak, baldin eta irakaskuntzaren eta hezkuntza erkidegoko kideen harremanen hobekuntzarako badira.

9._Irizpideak.

Halaber, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:

_Proiektua burutuz sortuko diren ikastoki kopuruaren edo hezkuntzako esparru osagarrien gehikuntza zuzena. Neurketa hori Hezkuntza Departamentuak ezarri duen eskola plangintzaren beharrizan eta irizpideen arabera eginen da.

_Dirulaguntzaren xedea den obra hori zenbateraino den beharrezkoa ikastetxearen funtzionamendu egokirako.

_Proiektatutako obraren premia, suteen kontrako babesaren, muga arkitektonikoak kentzearen, ebakuazioaren eta bestelako gaien inguruko segurtasunari buruzko arauak betetzeko.

_Esparru berri horien erabilera eta aprobetxamendu maila.

_Ikastetxearen funtzionamenduaren eta kudeaketaren hobekuntza eta mantentze-lanen kostuen murrizketa.

_Proiektuaren finantzaketan beste entitate edo erakunde batzuekin koordinazioan eta lankidetzan aritzea.

_Eskakizuna egin duen toki entitateak Nafarroako Gobernuari eskaini dizkion kontraprestazioak.

_Eskakizuna egin duen entitateak inbertsioan parte hartzeko egin dezakeen ahalegin ekonomikoa.

_Dirulaguntza eskubideari dagokionez, berdinketarik gertatzen bada, Ebaluazio Batzordeak toki entitateei zehatz-mehatz eskatu ahal izanen die zer inbertsio egin dituzten azken urteotan kasuan kasuko eraikin edo instalazioetako kontserbazioan, eta zenbat eta gehiago gastatu, orduan eta balioetsiagoa izanen da.

_Uztailaren 1eko 171/2004 Foru Aginduak (deialdiaren ebazpena) xedatutakoaren arabera, foru agindu horretako eranskinaren lehen mailako zerrendan onuradun gisa ageri diren udal edo kontzejuek ez bazuten diruz lagundutako obrarik egin, deialdi honetan ziurtatua izango dute, irizpideen arabera, egokituko zitzaien dirulaguntza. Era berean, eranskin bereko bigarren mailako edo erreserbako zerrendan agertzen ziren obrek edo proiektuek dirulaguntza ziurtatua izango dute, baldin eta dirurik jaso gabe geratu baziren, lehen mailako zerrendako obretan ukoak izanda ere edo baten batean gutxiago gastatuta ere. Udal horiek espresuki baieztatu beharko dute obrak 2005eko ekitaldi honetan eginen dituztela eta horretarako dagokien eskaera aurkeztu beharko dute behar den epean.

10._Batzorde Ebaluatzailea.

Aurkeztuko diren eskaerak aztertu behar dituen batzordeak kide hauek izanen ditu: Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu; Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendaria, Obra eta Ekipamendu atalburua, Eraikuntza bulegoburua eta Hezkuntza Departamentuko Araubide Juridikoaren atalburua.

11._Eskaeren gaineko ebazpena.

Eskaeren ebazpena Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak eginen du, horretarako ebazpena emanez eta aurrez Batzorde Ebaluatzaileak eginen dion proposamena aztertuz. Ebazpen hori eskaerak aurkezteko adierazi den epea bukatu eta hurrengo hilabetean emanen du.

Inork lehen ebazpen horretan emaniko dirulaguntzari uko egiteagatik beste dirulaguntza bat ematen bada, Obren exekuzioa izeneko 13. oinarrian aurreikusi bezala, beste ebazpen bat eman beharko da, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Foru agindu hori emateko, kontuan hartuko da aipatu oinarriaren 2.a) puntuan ezarritakoa eta, beharrezkoa balitz, 7. oinarriaren bigarren lerroaldean zehaztutakoa.

12._Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntza horien ordainketa 2005eko aurrekontuko "Obrak udal jabetzako ikastetxeetan", 410001-41120-7600-325100 zenbakiko kontusailaren kargura eginen da, ondoko era honetan hain zuzen:

_% 25 obraren hasieran.

_% 50 obren erdian, kontratistari ordaindu zaizkion obra ziurtagiriek aurreikusi den aurrekontuaren erdia gainditu dutenean.

_Gainerako % 25a obrak bukatzen direnean.

Onartzen den laguntza jasotzeko nahitaezkoa izanen da obra horiek 2005eko azaroaren 30a baino lehen bukatzea.

Dirulaguntzaren ordainketari ekiteko ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Hasierako % 25a jasotzeko, zuinketa akta, honako hauek sinatua: gaitasuna duen zuzendaritzak, horrelakorik badago, jabetzak (udalak edo kontzejuak) eta enpresa esleipen-hartzaileak.

b) Obra ziurtagiriak, gaitasuna duen zuzendaritzak sinatuta, horrelakorik badago, eta, beste bi kasuetan, jabetzak eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatuta.

13._Obren exekuzioa.

Obrak dirulaguntza jaso duen proiektuan ezarri denarekin bat eginen dira. Aldaketak egiten badira Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak baimendu beharko ditu.

Dirulaguntzaren xede diren obra horiek 2005eko irailaren 30a baino lehen hasiko dira. Bestela, dagozkien udal edo kontzejuek espresuki uko egin beharko diote dirulaguntzari, arrazoiak edo inguruabarrak azalduta eta, halaber, hurrengo deialdian onuradun izaera manten diezaietela eskatu beharko dute.

Dirulaguntzaren xedea diren inbertsioen gaineko kostuaren gehikuntzak onuraduna den toki entitateak hartuko ditu bere gain.

Baldin eta obra horien behin betiko kostua aurreikusi den dirulaguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gertatu den murrizketa horren arabera gutxituko da.

Gastuak eta ordainketak:

1. Ordainketak egin ahal izanen dira kasuan kasuko obra unitatearen ziurtagiria aurkeztu ondoren, eta dirua aurreratuz ere bai, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 18. artikuluari jarraikiz.

2. Kudeaketa organoak ikusten duenean kanpoko inguruabarren eraginez diruz lagundutako ekintza ezin dela egin edo, kasuaren arabera, ezin dela aurrekontualdiaren barruan hasi, hauxe egin ahal izanen du:

a) Horretarako hitzarturiko diru kopuruak deslotu. Deslotutako diru hori hasieran baztertutako eskaerak diruz laguntzeko edo beste eskaera batzuei diru gehiago emateko erabili ahal izanen da.

b) Ordainketak agindu, aurrerakin gisa.

14._Ikustaldiak.

Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikustaldi guztiak egin ditzakete hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Dirulaguntzen onuradunak diren toki entitateak beharturik daude obretan sartzera uztera eta eskatzen zaienean obrei buruzko agiri guztiak ematera.

15._Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzea.

Datuen faltsukeria frogatuak, datuak ezkutatzeak edota dirulaguntzaren helburua aldatzeak ekainaren 9ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan ezarri diren zehapenak ekar ditzakete.

Iragarkiaren kodea: F0510182