54. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

64/2005 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2005. urterako, irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei Nafarroako kultura gastronomiko propioa oinarri harturik egintza publiko nabarmenak antolatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duena.

Azken urte hauetan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak dirulaguntzak ematen dizkie Nafarroako nekazaritzako produktu enblematikoenak oinarri harturik egintza herrikoiak antolatzen dituzten irabazi asmorik gabeko entitateei.

Urte hauetako esperientziaren ondotik, beharrezko jotzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eginahal publikoak kontzentratzea gure ohituretan kontsolidatutako egintza publiko eta jai kutsukoak landa eremuetan eskuzabaltasunez sustatu eta antolatzen dituzten elkarte eta entitateetan. Izan ere, entitate horiek omenaldia egiten diote Nafarroako kultura gastronomikoaren nekazaritzako produktu tradizional eta tipikoak prestatzeari, produktu horien balio ekonomikoa eta merkatuan daukaten eboluzioa kontuan hartu gabe.

Ekimen hauei laguntzeko, bidezko da 2005. urterako dirulaguntza horiek emateko arautegia ezartzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen arabera.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluko 2. idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da 2005. urterako, irabazi asmorik gabeko entitate edo elkarte pribatuei Nafarroako kultura gastronomiko propioa oinarri harturik Nafarroako nekazaritzako elikagai propio eta tipikoekin egindako egintza publiko nabarmenak antolatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea.

2. artikulua. Onuradunak.

1. Dirulaguntza hauen onuradunak izan daitezke Nafarroako nekazaritzako elikagai tipikoak sustatu eta Foru Komunitatean aurreko artikuluak aipatzen dituen egintza publiko nabarmenak antolatzen dituzten entitate edo elkargo pribatuak, legez osatuak badira eta helbidea Nafarroan badute.

2. Nolanahi dela ere, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak erabakiko du zein diren "egintza publiko nabarmenak" eta haiek Nafarroako elikatzeko kulturarekin lotua dagoen.

3. Aurrekontuen mugen barruan, antolamendu-maila handiagatik, egun batzuk dirauten eta Departamentuaren arabera entzute handia lortu duten ekitaldiak eta merkatuaren egoeraren arabera errazki saltzen ahal diren produktuak merkaturatzen dituztenak lehenetsiko dira.

3. artikulua. Eskabideak aurkeztea.

1. Irabazi asmorik gabeko elkargo edo entitateek, Foru Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak hartu nahi badituzte, hilabeteko epean aurkeztu beharko dute eskabidea, hura Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Dirulaguntzen eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko bulegoetan aurkeztuko dira, Iruñeko Tutera kaleko 20an, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Prozedura Administratiboari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan aipatzen den edozein baliabideren bidez (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Foru Legea).

3. Eskabidearekin batera ondoko agiriak joanen dira:

a) Elkarte edo entitatearen eraketa eskritura edo akta eta estatutuak, eraketaren helburuak adierazirik.

b) Identifikazio fiskalerako txartela.

c) Entitate finantzarioa edo bulegoa, haren helbidea eta entitate eskatzailearen kontuko zenbakia, ematen zaion dirulaguntza sartu ahal izateko, halakorik bada.

d) Eskabidea aurkezten duenaren ordezkaritza frogatzen duen agiria.

e) Elkargo eskatzaileak Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga guztiak ordainduak dituela edo, bestela, zergarik ordaindu behar ez duela frogatzen duen agiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emana.

f) Antolatu asmo den ekitaldirako oroit-idazki teknikoa, baita aurrekontua ere, sailkakoa.

g) Entitatearen ordezkariaren zinpeko aitorpena, ekitaldi honetan beste Administrazioei egindako eskaerak edo haiengandik jasotako dirulaguntzak adieraziko dituena.

h) Aurreko bederatzi urteetan, bederen, egindako egintzen deskribapen memoria, eta haietan parte hartutako agintarien eta nekazaritzako produktuarekin lotutako ospe nabarmeneko pertsonen zerrenda, egintzen oihartzunak eta interesak zenbateraino gainditu duten Foru Komunitateko lurraldea

eta Autonomi Erkidego mugakideetara zabaldu den. Halaber, kostu ekonomikoa.

i) Tokian tokiko udalak emaniko baimena ekitaldi haiek antolatzeko.

4. Eskatzen diren agiriek jatorrizkoak edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiak izan beharko dute.

5. Ekitaldiak 2005ean eginen dira.

4. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, eskaera egin, agiri guztiak aurkeztu eta Foru Agindu honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten elkarte edo entitateei Departamentuak jotako kostuaren % 40rainoko laguntza ematen ahalko die, gehienez ere, hogeita bost mila euro (25.000 euro).

5. artikulua. Bateraezintasunak.

Hartzen den laguntza helburu bererako beste Administrazio batzuek emaniko laguntzekin batzen ahalko da. Laguntzen zenbateko osoak ez du jardueraren kostua gaindituko.

Laguntza hauek bateraezinak izanen dira Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak abere lehiaketetarako emaniko laguntzekin.

6. artikulua. Ebazpena.

1. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak, aurkezten diren agiriak ikusirik, ebazpena emanen du bi hilabeteko epean, eskabidea aurkezten denetik hasita.

2. Eskabidea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkezten denetik bi hilabeteko epean espreski ebazpenik eman gabe iraganik, ulertzen ahalko da ezetsi dela.

7. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Dirulaguntza antolatu asmo ziren ekitaldiak eginak direla frogatutakoan ordainduko da. Horretarako, onuradunek haien frogagiriak, gastuen ziurtagiriak eta gutxienez emaniko laguntzen zenbatekoa egin beharko duten ordainketen agiriak aurkeztu beharko dituzte 2005eko abenduaren 31 baino lehen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan.

2. Gastuek hasierako aurrekontua baino gutxiago egiten badute, dagokion zenbatekoa kenduko da dirulaguntzatik, Foru Agindu honetako 4. artikuluan aipatzen den ehunekoa egin arte.

8. artikulua. Elkargo onuradunen eginbeharrak.

Foru aginduaren babesean dirulaguntza hartzen duten elkargo edo entitateek eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza emateko arrazoitzat jo den jarduera egitea.

b) Nafarroako Foru Komunitateak dirulaguntza eman edo hartuei buruz kontrolatzeko eginen dituen jarduketak onartzea.

c) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraztea edozein Administraziotatik helburu bereko beste dirulaguntzarik eskatu edo eskuratu duen.

d) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

9. artikulua. Laguntzak deuseztatu eta itzultzea.

1. Antolatu asmo diren ekitaldiak egiten ez badira, edo entitate edo elkargo onuradunak datuei edo memoriari buruz edozein faltsukeria edo desitxuraketa egiten badu, emaniko laguntzak bertan behera utziko dira, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean arautzen diren erantzukizunak deusetan galarazi gabe.

2. Kasu hauetan tokatuko da harturiko dirua osorik edo hein batean itzuli eta dagokion atzerapen korritua dirulaguntza ordaindu zenetik aurrera ordaindu beharra, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legeko 19. artikuluan ezarririko zenbatekoan, kasu hauetan:

a) Justifikatu beharra ezarririko era eta epeetan betetzen ez denean.

b) Dirulaguntza behar diren betebeharrak bete gabe eskuratzen denean, elkargo edo entitate onuradunari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik.

c) Foru Agindu honen 7. artikuluaren 2. zenbakian ezarritako kasuan.

10. artikulua. Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta hau betetzeko egintzen aurka bidezko da gora jotzeko errekurtsoa paratzea, organo eskudunari igorria, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluetan eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.

11. artikulua. Arau osagarriak.

Foru agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatu bezala eginen da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru agindu honek sortzen duen gastua 2005. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Irabazi asmorik gabeko entitateetarako dirulaguntzak" izeneko 700000-70100-4810-411103 kontusailetik finantzatuko da. Honetarako 40.000 euro ageri dira kontusail horretan.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko apirilaren 11n._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0510529