50. ALDIZKARIA - 2005eko apirilaren 27a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

T U T E R A

Udalaren Hornidura Azoka arautzen duen ordenantza behin betiko onetsirik

Tuterako Udalak, 2005eko urtarrilaren 31n egin osoko bilkuran, hasierako onespena eman zion Tuterako Udalaren Hornidura Azoka arautzen duen ordenantzari.

Hasierako onespena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zenetik (2005eko 21. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, otsailaren 18koa) hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iragan da erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluetan ezarritakoarekin bat, eta TAOLaren 49.c) artikulua aldatu zuen apirilaren 21eko 11/1999 Legearen arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean oso-osorik ematen da argitara Udalaren Hornidura Azoka arautzen duen ordenantzaren testua.

Tuteran, 2005eko martxoaren 31n._Alkatea, Luis Casado Oliver.

UDALAREN HORNIDURA AZOKA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Udalaren Hornidura Azokaren izena eta xedea

1. artikulua. 1. Ordenantza honek Concarera kaleko 3an dagoen Herriko Hornidura Azokaren funtzionamendua arautzen du, zenbait salgai, artikulu eta produkturen banaketarako eta hornidurarako udal zerbitzu publikoa den aldetik. Betiere saltokien titularrek Udalaren baimena beharko dute Azokaren erabiltzaileak produktu horiez hornitzeko.

2. Hornidura Azokak ziurtatu egin behar ditu produktuen banaketa eta kontsumitzaileentzako hornidura, eta lehia librea bermatu behar du, horixe baita prezioen egokitasuna eta produktuen kalitatea lortzeko bidea.

3. Hornidura Azokaren zerbitzua ezarri arren, Udalak ez du bertan inolako merkataritza jarduerarik eginen eta ez du ikuskatuko merkataritzako jardueren egoera. Udalak bere eskumeneko osasun eta zerga gaietan soilik esku hartuko du.

2. artikulua. 1. Udal mugartean edozein motatako azokak ezarri ahal izateko, aldez aurretik jarduera hori baimentzen duen udal lizentzia eskuratu beharko da.

2. Udalaren ekimenez inoiz beste azokaren bat ezartzen bada, ordenantza hau aplikatuko zaio, haren kudeaketa mota gorabehera.

3. Edozein delarik ere Hornidura Azokaren zerbitzu publikoa kudeatzeko modalitatea, Udalak beharrezkotzat jotzen dituen esku-hartze administratiboak eginen ditu. Gainera, osasuna zainduko du eta agintea erabiliz bete behar diren eginkizunak beteko ditu bere eskumeneko eremuan.

3. artikulua. 1. Hornidura azoken gobernua eta administrazioa Udalari dagozkio, eta haien kudeaketa, besterik xedatu ezean, zeharkakoa izanen da, alegia, saltokiak erabiltzeko kontzesio administratiboak emanen dira.

2. Kontzesioak eskubidea ematen du Azokako saltokiak edo bestelako guneak modu pribatibo eta esklusiboan okupatzeko. Saltoki edo gune horiek nahitaez erabili behar dira kasu bakoitzean baimendutako salgai edo produktuak txikizka saltzeko.

II. KAPITULUA

Hornidura Azokako saltokiak

4. artikulua. 1. Hornidura Azokako saltokiak, zerbitzu publikorako ondasunak direnez gero, besterenduezinak, bahiezinak eta preskribaezinak dira.

2. Saltokien titularren balizko hartzekodunek saltokietan egiten den negozioaren bahitura lortuko balute, ordenantza honek titularrei ezarritako betebeharrak izanen lituzkete.

5. artikulua. 1. Hornidura Azokako saltokiak finkoak, behin-behinekoak eta kalez kaleko salmentakoak izan daitezke, adjudikazioaren baldintzen arabera. Azokako zati batean supermerkatua egokitu eta ustiatzeko eskubidea kontzesio administratiboaren bidez emanen da, lehiaketa publikoan.

2. Udalak kontzesioan baimendutako jarduerarako erabili ahalko dira saltokiak, ez beste ezertarako. Udalak eskumena du saltokien xedea edo jarduera aldatzeko, eta horretarako eskaerak aurkeztu ahalko zaizkio idatziz. Udalak egoki deritzon erabakia hartuko du Udaleko Gobernu Batzordearen bitartez.

3. Hauek dira gaur egun baimena duten eta Azokan egiten ari diren jarduerak:

_Arraindegia.

_Harategia.

_Hegaztiak eta ehizakiak.

_Tripakiak.

_Janariak.

_Ogia eta pastak.

_Fruta eta barazkiak.

_Garbitzeko produktuak.

_Kafetegia.

_Prentsaren kioskoa.

_Loteria.

_Loreak, landareak eta haziak.

_Supermerkatua.

4. Udalak noiznahi handitu edo txikitu ahal izanen ditu saltokiak eta haietako jarduerak, baita birkalifikatu eta bateratu ere, behar izanez gero, kontuan izanik zerbitzuaren beharrak eta baimendutako jarduerak.

5. Saltokiak merkataritzako jarduerarako bakarrik erabili ahal izanen dira, inoiz ere ez kontzesiodunen produktu eta tresnak biltegiratu edo gordetzeko.

6. artikulua. Hornidura Azokako barrutitik kanpo ezin izanen da kalez kaleko salmentan jardun.

7. artikulua. 1. Honako hauek dira saltoki finkoak:

Lizentzian berariaz baldintza hori ezarrita dutenak.

2. Honako hauek dira behin-behineko saltokiak:

Gutxienez hiru hilabeterako eta gehienez urte natural baterako adjudikatu ahal direnak. Adjudikazioa luzatu egin daiteke, titularrak aurretiaz eskatu eta Udalak onartzen badu, betiere hiruhileko osoetarako.

3. Kalez kaleko salmentarako saltokiak zuzenean baimenduko ditu Hornidura Azokako Atezaintza zerbitzuak. Lizentziak egun baterako balioko du, eta luzatu ahal izanen da betiere. Tuteran bizi diren kalez kaleko saltzaileek lehentasuna izanen dute.

4. Supermerkatua egokitu eta ustiatzeko kontzesio administratiboa gehienez ere hogeita hamar urterako emanen da.

III. KAPITULUA

Lizentziak ematea

8. artikulua. 1. Hornidura Azokako saltokiak lehiaketa edo enkante bidez adjudikatuko dira.

2. Udalak zuzenean eman ahalko ditu behin-behineko saltokiak okupatzeko lizentziak, unean uneko egoera kontuan izanik. Betiere saltoki horiek behin-behineko erabilera izanen dute.

3. Saltokien kontzesioa jasotzen dutenek fidantza jarri behar dute, hiruhileko bateko zenbatekoa hain zuzen, betebeharrak beteko dituztela bermatzeko.

IV. KAPITULUA

Hornidura Azokako saltokiak ustiatzeko modua

9. artikulua. 1. Gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun osoa duten pertsona juridikoak eta naturalak izan daitezke Hornidura Azokako saltokien titular.

2. Azokako saltoki bat okupatzeko udal lizentziak ez dakar merkataritzan aritzeko baimenik.

Lizentzien titularrek legezko arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte merkataritzan aritzeko eskubidea izateko.

Titularrak baldintza horiek betetzen ez baditu, okupaziorako lizentzia iraungi eginen da besterik gabe.

3. Ezin dira titular izan artikulu honetako goiko idatz-zatietako baldintzak betetzen ez dituztenak eta indarra duten legeetan aurreikusitako ezgaitasun kasuetan daudenak.

10. artikulua. Saltoki finkoak edo behin-behinekoak okupatzeko udal lizentziak pertsona juridikoei ematen zaizkienean, bazkideek edo haien ordezkariek jardun beharko dute saltokian ohiko jarduera gisa, zuzenean eta pertsonalki. Gizarte Segurantzan, hurrenez hurren, beren konturako langileen araubidea (autonomoena) edo besteren konturako langileen araubidea izan beharko dute.

11. artikulua. 1. Saltoki finkoak edo behin-behinekoak okupatzeko lizentziak pertsona naturalei ematen zaizkienean, ondoko hauek jardun beharko dute saltokian, ohiko jarduera gisa, pertsonalki eta zuzenean:

a) Lizentziaren titularrak edo ezkontideak.

b) Titularrarekin bizi diren seme-alabek.

2. Pertsona horiek Gizarte Segurantzan beren konturako langile edo langile autonomoen araubide berezia izan beharko dute.

12. artikulua. 1. Saltokietan besteren konturako langileek lagundu ahal izanen dute. Gizarte Segurantzako araubide orokorraren babesean egon beharko dute.

2. Saltokietan laguntzaileak bakarrik egoten direla eta titularrak falta izaten direla ikusten bada, lizentzia iraungiko da, salbu eta Udalari horren arrazoiak azaldu eta berak onartzen dituenean.

3. Udalak une oro begiratuko du hemen ezarritakoa betetzen ote den, eta horretarako behar dituen agiriak eskatu ahalko dizkie titularrei.

V. KAPITULUA

Lizentzien titularren eskubideak

13. artikulua. 1. Saltoki finkoak okupatzeko lizentzien titularrek, lagapenaren bidez, lizentzia eskualdatu ahalko diete ezkontideari, seme-alabei eta saltokian laguntzen duten besteren konturako langileei.

2. Lagapenak "inter vivos" edo "mortis causa" izan daitezke.

3. Titularrak ezkontideari edo seme-alabei "inter vivos" lagapena egin ahalko die baldin eta 11. artikuluan ezarritakoa betetzen bada.

Seme-alabak ez badira jadanik bizi titular lagatzailearekin, haren etxetik alde egin zutenetik gutxienez bi urte naturalean etenaldirik gabe saltokian lagundu diotela frogatu beharko dute.

4. Titularrek "inter vivos" lagapenaren bidez okupazio lizentziak laga ahalko dizkiete langile laguntzaileei, baldin eta langile horiek frogatzen badute saltokian lan egin dutela bi urtez jarraian, gutxienez, besteren konturako langile gisa eta Gizarte Segurantzaren araubidean sartuta.

5. "Mortis causa" lagapenei dagokienez, titularra hiltzen bada, titulartasuna ezkontideari eta seme-alabei eskualdatuko zaie, hurrenkera horretan. Seme-alaben arteko hurrenkera honela izanen da: antzinatasun handienetik txikienera saltokiko laguntzaile gisa. Betiere idatzizko eskaera egin behar zaio Udalari bi hilabeteko epean, titularra hiltzen denetik hasita. Epe horretan eskaerarik aurkezten ez bada, lizentzia iraungi eginen da eta Udalari itzuli beharko zaio.

6. "Inter vivos" eta "mortis causa" lagapenetan lizentzia pertsona natural edo juridiko bakar bati eskualdatu ahalko zaio.

7. Saltokiak berak ezin izanen dira eskualdatu.

14. artikulua. Hornidura Azokako saltokiak okupatzeko lizentzien titularrek beren jardueretarako behar dituzten zerbitzu-ondasun publikoak erabiltzeko eskubidea izanen dute.

VI. KAPITULUA

Okupazio lizentzien titularren zerga betebeharrak

15. artikulua. 1. Ekitaldi ekonomiko bakoitzerako, Udalak Hornidura Azokako saltokiak okupatzeko lizentzien titularrei aplikatu beharreko eskubide eta tasak onetsiko ditu, ordenantza fiskalean aurreikusitakoak, hain zuzen ere.

2. Eskubide eta tasetan honakoak sartuko dira: okupazio lizentzien zenbateko ofiziala, saltoki motaren araberakoa; titularrek ordaindu behar dituzten tasen zenbatekoa, eta zerga ordenantzan jasotako gainerako zerbitzuen tasak.

3. Titularrek hiruhilabeteka ordainduko dituzte saltokien kontzesioak, aurretiaz, Udaleko Ogasun zerbitzuetan.

4. Titularrak hiruhilekoa ordaindu beharko du, saltokiaren okupazio-denbora gorabehera.

5. Udalak ezartzen dituen epeetan eskubide eta tasak ordaindu ezean, berehala premiamendu bidea aplikatuko da.

Seihileko bat ordaindu gabe uzten bada, saltokia okupatzeko lizentzia iraungi eginen da.

6. Okupazio lizentziei uko egin nahi bazaie, idazkia aurkeztu beharko zaio Udalari.

7. Supermerkatu berria ustiatzeko kontzesio administratiboaren titularrari aplikatuko zaion kanona kontzesio hori adjudikatzeko lehiaketa publikotik ateratzen dena izanen da.

VII. KAPITULUA

Okupazio lizentzien titularren osasun arloko betebeharrak

16. artikulua. 1. Hornidura Azokako saltokietan lan egiten dutenek elikagaiak erabiltzeko karneta eduki beharko dute, indarra izan beharko duena, janari erabiltzaileei buruzko arauak ezarri dituen otsailaren 11ko 202/2000 Errege Dekretuak hala agintzen baitu; edo aurrerantzean dekretu horren ordezko lege-xedapenetan beste agiriren bat eskatzen bada, huraxe eduki beharko dute.

2. Hornidura Azokan lan egiten duten janari erabiltzaile guztiek osasun karneta erakutsi beharko diote albaitaritzako ikuskapen zerbitzuari.

3. Albaitaritzako ikuskapen zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Saltokiak garbi egon daitezela, higiene baldintzak bete ditzatela eta aldian behin saltokietan desinfekzioa eta intsektuak eta arratoiak hiltzeko lanak egin daitezela eskatzea.

b) Azokan erakutsi, saldu eta biltegiratzen diren salgai eta produktuen osasungarritasun egoera egiaztatzea.

c) Azokako saltoki, instalazio eta egoitzen baldintza teknikoak eta osasun baldintzak ikuskatzea.

4. Albaitaritzako ikuskapen zerbitzua etengabe eta bere ekimenez ariko da. Azokan merkaturatzen diren produktuen egoerari edo kalitateari buruzko salaketa guztiez arduratuko da, salgai dauden produktuak izan nahiz Azokako hozkailuetan eta saltokietan gordetako produktuak izan.

5. Albaitaritza zerbitzuak noiznahi egin ahalko ditu ikuskapenak eta saltokien titularrek ezin izanen dituzte galarazi. Albaitaritza zerbitzuak eskumena izanen du osasun publikorako kaltegarritzat jotzen diren produktuak baztertu edo dekomisatzeko.

6. Albaitaritzako ikuskapen zerbitzuak, Azokako Atezaintza zerbitzuarekin lankidetzan, produktuen analisiak egiteko beharrezkotzat jotzen dituen laginak hartu ahalko ditu, edo bere aurrean har daitezela agindu. Prozedurari eta kantitateari dagokienez, indarra duen legezko araudian ezarritakoa beteko da.

7. Albaitaritzako ikuskapen zerbitzua, Atezaintza zerbitzua eta Azokako administrazioa bereziki arduratuko dira honako arauak bete daitezen:

a) Kontzesiodunek irekita eduki behar dituzte saltokiak salmenta orduetan, etenik gabe. Udalak ezarriko ditu salmenta orduak, Azokako Batzordeak proposaturik.

b) Saltokietako titularrak eta laguntzaileak betiere behar bezain garbi eta txukun egonen dira.

c) Saltokietako titularrek behar bezain garbi edukiko dituzte saltokiak eta inguruko eremu publikoak.

d) Eguneko lanaldiaren amaieran titularrek hondakin eta zaborrak bilduko dituzte, lurrean ezer utzi gabe, eta ongi itxitako poltsetan edukiontzietara eramanen dituzte.

e) Pisuak eta balantzak behar bezain garbi egonen dira. Papera oso arina eta produktuek eta platerek elkar ez ukitzeko modukoa izanen da.

f) Janariak biltzeko paperak higiene baldintza guztiak beteko ditu. Ezin izanen da egunkari papera erabili.

g) Zerbitzu komunak eta gelak behar bezain garbi egonen dira.

h) Larrialdietarako botikinaren erabilera eta dotazioa egokiak eta nahikoak izanen dira, bai eta instalazioetako suteen aurkako segurtasun material eta produktuak ere.

8. Albaitaritzako ikuskapen zerbitzuak osasun arauei jarraituz jardunen du, zerbitzuaren eta bere ikuskapen eginkizun guztien normaltasuna bermatzeko, eta informazioa emanen die udalerriko eta probintziako agintari eskudunei.

9. Saltokietako titularrek ez diete janariak eskuztatzen utziko erabiltzaile edo kontsumitzaileei. Arau hori urratzen dutenak Atezaintzan salatuak izanen dira.

17. artikulua. Saltokien, materialaren eta langileen baldintza orokorrei eta baimendutako eta debekatutako manipulazioei dagokienez, jarduera bakoitzari aplikatu beharreko osasun arautegian ezarritakoa betearaziko da.

VIII. KAPITULUA

Beste betebehar batzuk

18. artikulua. 1. Saltokietako titularrek salgaien prezioak ikusgai jarri beharko dituzte ongi irakurtzen diren tokietan, eta Udalari produktuen batez besteko prezioak jakinaraziko dizkiote hark eskatuz gero.

Ikusgai jartzen diren produktuak saldu egin beharko dira kontsumitzaileek hala eskatzen badute.

2. Udalak noiznahi ezarriko ditu saltokietako titularrek kontsumitzaileen defentsaren arloan bete beharreko arau eta baldintzak, kontsumitzaileen udal bulegoaren bitartez.

3. Kontsumitzaileek eta merkatariek mota guztietako salaketak aurkeztu ahal izanen dituzte Azokako Atezaintzan, Kontsumitzaileen Bulegoan edo Udaleko bulegoetan.

19. artikulua. 1. Saltokietako titularrek behar bezala zaindu behar dituzte obrak eta instalazioak. Baimendutako xederako bakarrik erabiliko dituzte, eta behar diren konponketak beren kontura eginen dituzte, baita erabiltzaileek eragindako kalteen konponketak ere. Kontzesioa amaitzen denean instalazioak Udalari itzuliko dizkiote jaso zituzten egoera berean.

2. Saltokietan egiten diren hobekuntza materialek eta gehitzen zaizkien ekipamenduek ez dute inola ere baldintzatuko saltokia Udalari itzuli beharra, okupazio lizentzia amaitu edo iraungitzen denean.

Horregatik, titularrek desmuntatu ahal izanen dute beraiek ezarritako ekipamendu osagarria, betiere jatorrizko instalazioei kalterik egin gabe.

3. Udalak ez du erantzukizunik izanen kalte edo lapurretak gertatzen badira edo salgai eta produktuak hondatzen badira. Halaber ez du salgai eta produktuen zaintzaren ziozko erantzukizunik izanen.

4. Saltokietako titularrek ezin izanen dute saltokiak zaharberritu, txukundu edo eraldatzeko lanik egin Udalaren baimenik gabe.

5. Saltokien titularrek zehatz-mehatz beteko dituzte udal ordenantzak eta legezko arautegi aplikagarria, salgaien kalitatea, ordena publikoa, higienea eta pisu eta neurrien araubidea direla-eta. Halaber, eragiten dieten gainerako xedapenak bete beharko dituzte.

6. Kaleetan eta Azokako gainerako gune publikoetan, saltokietako titularrek ezin izanen dute ezer jarri, pilatu edo utzi, nahiz eta erabiltzaileei bidean trabarik ez egin. Saltokiaren eremu edo barrutia baizik ezin izanen dute erabili.

7. Kalez kaleko salmentarako diren saltokietan, Azokako Atezaintzak zuzenean salmenta administratuko du, udal eskubide eta tasak kobratuko ditu eta saltokiak esleituko ditu. Saltoki horiek behar bezala seinalatuko dira eta erabat debekaturik egonen da erabilera publikoko eremuak erabiltzea, hala nola barneko kaleak edo Azokako sarbideak eta sarrerak.

20. artikulua. Azoka irekita egoteko ordutegia, jaien egutegia, zerbitzuak erabiltzeko orduak, produktuen sarrera-irteerak eta Hornidura Azokaren gobernu eta administrazioarekin zerikusia duten gaiak, oro har, Udalaren eskumenekoak izanen dira. Azokako Batzordeak Udalari gai horien gaineko proposamenak eginen dizkio.

IX. KAPITULUA

Zerbitzua egiteko moduak

21. artikulua. 1. Saltoki finkoak eta behin-behinekoak okupatzeko lizentziak Udaleko Gobernu Batzordearen erabakiaren bidez indargabetuko dira eta, beraz, Udalari itzuli beharko zaizkio, baldin eta kontzesioaren xede den merkataritza jarduera egin gabe hilabete iragaten bada, salbu eta Udalak titularrari jarduera eteteko baimena ematen dion kasuetan.

Tartekako jardueraren simulazioak ez du epe horren etendurarik ekarriko. Simulazioa egiten dela ulertuko da saltokiko titularrak ez baditu betetzen salmentarako ordutegia eta egutegia, edo haren zerbitzua behar adinakoa ez bada.

2. Erabat debekaturik egonen da jardueraren xedea aldatzea Udalaren baimenik gabe.

3. Saltokiren bat biltegi gisa erabiltzen bada, bertan behera utzi dela ulertuko da eta lizentzia iraungi eginen da.

4. Hornidura Azokan besteren kontura lan egiten duten pertsonak titular bakar baten menpekoak izanen dira, Udalak besterik baimendu ezean.

5. Debekaturik dago lizentzien titularrek edo menpekoek beren lizentziakoak ez diren saltokietan egotea edo halakoak okupatzea.

6. Saltokiak okupatzeko lizentzien titularrek ezin izanen dute jardun beste titular baten kontura edo menpean.

22. artikulua. Saltokien lizentzien titularrek saltoki bana hartu ahal izanen dute.

23. artikulua. 1. Udalak titularrei saltokietan mantentze eta konponketa lanak egiteko agindu ahal izanen die, kontserbazio egoera ona bermatzeko. Obra partikular horien gastuak saltokiaren titularraren kontura izanen dira.

2. Saltokien titularrek ordaindu beharko dituzte beren jarduerak eragiten dituen ur eta argindar gastuak, bai eta erabiltzen dituzten beste zerbitzu partikular batzuk ere.

I. KAPITULUA

Hutsegiteak, zehapenak eta lizentzien iraungipena

24. artikulua. Saltokiak okupatzeko lizentzien titularrek, haien laguntzaileek eta Hornidura Azokako erabiltzaileek erantzukizuna izanen dute ordenantza honetan xedatutakoaren kontrako arau-hausteak egiten badituzte.

25. artikulua. 1. Hutsegite hauek zehapena izanen dute:

a) Salgaien prezioak jendeari ez erakustea, edo erakusten diren prezioak egiazkoak ez izatea.

b) Titularrek bezeroekin portaera desegokia izatea edo alderantziz.

c) Saltokiaren garbitasun eta higiene baldintzak eta norberaren txukuntasunari dagozkionak ez betetzea.

d) Produktuen osasun baldintzak ez betetzea, kontsumorako kalitateari dagokionez.

e) Albaitaritzako zerbitzuaren eta Udaleko gainerako langileen jarraibideak ez betetzea.

f) Udalaren ebazpen eta erabakiak ez betetzea.

g) Baimenik gabeko pertsonak saltokietan aritzea.

h) Titularrak edo laguntzaileak dagokien Gizarte Segurantzako araubidean sartuta ez egotea.

i) Udalak aurretiaz baimenik eman gabe saltokietan txukuntze edo zaharberritze obrak egitea.

j) Zerga ordenantzan ezarritako udal eskubide eta tasak ez ordaintzea.

26. artikulua. 1. Udalari eta Udaleko Gobernu Batzordeari dagokie zehapenak ezartzea.

2. Zehapenak ondoko inguruabarrak kontuan harturik kalifikatuko dira:

a) Hutsegitea nahita egin den.

b) Zerbitzuari zer nolako eragozpenak sortu zaizkion.

c) Udalarekiko eta administratuekiko errespeturik eza.

d) Arau-hausteak errepikatu edo horietan berrerori ote den.

3. Arintzat jotzen diren hutsegiteengatik zehapen hauek ezarriko dira:

_Ohartarazpena.

_Isuna, gehienez 30 eurokoa.

Larritzat jotzen diren hutsegiteengatik zehapen hauek ezarriko dira:

_Lizentzia eten eta saltokia prezintatzea, gehienez 30 egunerako.

Oso larritzat jotzen diren hutsegiteengatik zehapen hauek ezarriko dira:

_Lizentzia kentzea.

4. Zehapen arinak interesatuari entzun gabe ezarri ahalko dira. Alkatetzak zuzenean ezarriko ditu.

5. Hutsegite larri edo oso larriengatiko zehapenak Udaleko Gobernu Batzordeak ezarriko ditu. Aurretik espedientea eginen da eta interesatuari entzunen zaio.

27. artikulua. 1. Ordenantza honetako beste atal batzuetan xedatutakoa ukatu gabe, lizentziak arrazoi hauek direla-eta iraungiko dira:

a) Titularrak berariaz eta idazki bidez uko egitea.

b) Ebazpen irmo batek lizentziaren titularraren porrota deklaratzea.

c) Interes publikoko arrazoiak egotea, Udalak osoko bilkuran hala erabakita.

d) Titularra hiltzea, 13. artikuluan ezarritakoa salbu.

e) Sozietate titularra desegitea.

f) Kontzesioaren indarraldia amaitzea.

g) Titularrek lizentzia eskuratzeko ordenantza honetan ezarritako baldintzaren bat betetzeari uztea.

h) Osasun edo merkataritza arloko betebeharren ez-betetze larriak, 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.

i) Saltokietan itxiturak jartzea baimenik gabe, saltokiak lizentzian ezarrita ez dagoen xederako erabiltzea edo biltegi gisa erabiltzea, 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.

j) Zerga betebeharrak ez betetzea, 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Udalari gainerako eskubideak ez ordaintzea.

2. Artikulu honetako aurreko puntuan adierazitako kasuetan dauden lizentzien titularrek, Udaleko Gobernu Batzordearen erabakia dela bide, saltokiak hutsik eta Udalaren esku utzi beharko dituzte ezartzen zaien epean. Gutxienez hamar eguneko epea emanen zaie eta gehienez hilabetekoa. Udalaren erabakia betetzen ez badute, administrazio-bidera joko da saltokitik botatzeko.

3. Zerbitzuaren beharrengatik edo interes publikoagatik lizentzia iraungitzen denean titularrak ez du inolako kalte-ordainerako eskubiderik izanen. Horrelakoetan, Udalak Osoko Bilkuran erabakia hartu ondoren, titularrek gutxienez sei hilabeteko epea izanen dute saltokietatik alde egiteko.

I. KAPITULUA

Azokako zuzendaritza eta Ordezkarien Batzordea

28. artikulua. Hornidura Azokako zuzendaritza fakultatiboa albaitaritzako ikuskapen zerbitzuari dagokio; berak beteko ditu indarra duen araudian ezarritako eginkizunak, eta bereziki honako hauek:

_Saltokien titularrei eta erabiltzaileei laguntza teknikoa ematea.

_Hornidura Azokan sartzen diren elikagai guztiak ikuskatzea. Dekomisoak egitea, laginak hartzea etab.

_Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuarekin lankidetzan osasun publikoa zaintzea.

_Jarraibideak eta bestelako xedapenak ematea janari eta instalazioen osasun kontrolaz, aldian behingo lagin-bilketez, osasun arloko zabalkunde kanpainez eta abarrekoez.

_Saltokien eta titularren baldintza teknikoak eta osasun baldintzak ikuskatzea, indarra duten arauekin bat.

29. artikulua. Zuzendaritza administratiboa Udaleko Osasun arloko Kudeaketa Zentroari dagokio. Ordenantza hau edo bera erregulatzen duten arauak zehatz-mehatz betetzen ote diren begiratuko du, eta Udaleko Ogasun arloko Kudeaketa Zentroarekin elkarlanean ariko da, jarduerak sortutako zerga betebeharrak bete daitezen.

Udaleko Merkataritza arloko Kudeaketa Zentroari dagokio Hornidura Azokako merkataritza sustatzea. Horretarako ikastaroak, jarduerak, prestakuntza-programak, markak, zabalkunde eta sustapen kanpainak eta abar antolatuko ditu.

30. artikulua. Azokako Atezaintzaren eginkizuna izanen da Azokako gobernu eta administrazio arauak betearaztea.

Atezaintzaren eginbehar nagusiak honakoak izanen dira:

a) Azokak titularrei eta erabiltzaileei eskaintzen dizkien zerbitzuak (baskula, hozkailuak etab.) administratu eta zaintzea.

b) Behin-behineko postuen titularrei eskubide eta tasak kobratzea.

c) Azoka irekitzea eta ixtea ezarritako orduetan, eta zerbitzu orduetan Azokan egotea.

d) Azoka egunero garbitzen ote den eta saltokien titularrek osasun arauak betetzen ote dituzten begiratzea.

e) Albaitaritzako ikuskapen zerbitzuari laguntzea noiznahi, eta ikuskapen bisitetan harekin egotea.

f) Zerbitzuaren funtzionamendu egokia bermatzea eta pertsonen arteko ordena zaintzea.

g) Salgai eta produktuen sarrerak eta irteerak kontrolatzea, eta zehatz-mehatz betearaztea horretarako ezarritako ordutegiak eta albaitaritzako udal zerbitzuak ematen dituen jarraibide guztiak.

h) Udalak baimendu gabeko kartelak hormetatik kentzea.

i) Txakurrei sartzen ez uztea.

j) Zamalanetan higienerako neurri egokiak hartuko dira eta ezin izanen da Azokan inolako ibilgailurik sartu, eskorga arruntak izan ezik.

k) Udalak ematen dituen agiriak saltokietako arduradunei eta erabiltzaileei banatzea.

l) Azokako garbiketa eta higiene lanetan zuzenean laguntzea.

m) Saltzaile eta erabiltzaileen kexa eta erreklamazioak jaso eta Udalari jakinaraztea.

n) Ordenantza honetatik ondorioztatzen diren gainerako eginkizunak eta Udal agintariek edo administrazio-buruek ezartzen dizkioten guztiak.

31. artikulua. 1. Udalaren eskumeneko gaiak aztertzeko, Hornidura Azokako saltokiak okupatzeko lizentzien titularrek Ordezkarien Batzordea eratu ahal izanen dute, eginkizun bakarra aholkularitza izanen duena.

2. Udalari Hornidura Azokako zerbitzuaren gaineko eskaerak eta azterketak aurkeztu ahal izanen dizkiote. Zehazki, batzorde horren egitekoak izanen dira:

a) Azokan saltzen diren produktuen kalitatea zaintzea eta hari buruzko txostenak ematea.

b) Ordezkatzen duen kolektiboaren prezioak eta merkataritza arloko betebeharrak zaintzea eta haiei buruzko txostenak ematea.

c) Ematen dituen informazioen bidez, azoketan lehia librea bermatzen laguntzea, prezioak ahalik merkeenak izan daitezen.

d) Azoka erabiltzen duten kontsumitzaileentzako informazioa aztertu eta proposatzea.

e) Instalazioak hobetzea edo instalazio berriak sustatzea.

f) Kontsumitzaileen defentsan udal interesen administrazio egokia ahalbidetzea.

3. Batzordeak bere funtzionamendurako arauak ezarriko ditu eta bere kideen kopurua, karguen iraupena, hautatzeko modua eta abar zehaztuko ditu.

4. Batzordeak jakinarazi egin behar dio Udalari nortzuk diren bere kideak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena._Hutsik dauden saltoki guztien kontzesioak eman arte, Udalak behin-behineko okupazio baimenak eman ahalko ditu. Saltoki horiek behin-behinean okupatu aurretik dagozkien eskubide eta tasak ordaindu beharko dira.

Bigarrena._Saltoki finkoen titulartasunak luzatu eginen dira ordenantza hau onesten denetik aurrera, harik eta lehiaketa publikoaren deialdia egin arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten dira ordenantza honen kontrakoak diren udal xedapen guztiak, bereziki 1988ko ekainaren 6an behin betiko onetsi zen ordenantza.

AZKEN XEDAPENA

Udalak erreklamazio, kexa edo oharrak ebatzi eta osoko bilkuran behin betiko onespena eman ondoren, ordenantza honek indarra hartuko du haren testua osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean.

Alabaina, erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ezik, hasierako onespen erabakia behin betikoa bilakatuko da. Hori gertatzen bada, erabakiak ondorio juridikoak izan ditzan, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean inguruabar horren berri argitaratu beharko da behin betiko testuarekin batera.

Iragarkiaren kodea: L0505594