50. ALDIZKARIA - 2005eko apirilaren 27a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

I Z K O

Behin betikoz onetsirik Eskolaz kanpoko jarduerak egiten dituzten seme-alaben familiendako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza

Izkoko Kontzejuko Batzarrak, 2004ko azaroaren 17an egin bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Eskolaz kanpoko jarduerak egiten dituzten seme-alaben familiendako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza.

Onespen horren iragarkia urtarrilaren 12an argitaratu zen, 2005eko 5. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, baita hogeita hamar egunean ikusgai eduki ere Kontzejuaren iragarki oholean, interesatuek azter zezaten eta, nahi izanez gero, erreklamazioak, kexak eta oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betikoz onetsi da aipatu ordenantza, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, argitara ematen da.

Izkon, 2005eko martxoaren 10ean._Kontzejuko burua, Antonio Bustince Ibáñez.

ESKOLAZ KANPOKO JARDUERAK EGITEN DITUZTEN SEME-ALABEN FAMILIENDAKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Zioen azalpena

1. artikulua. Araudi honen helburua izanen da irizpideak eta prozedura finkatzea laguntzak emateko Izkon bizi eta seme-alabak derrigorrezko eskola adinean dituzten familiei eta Lanbide Heziketa edo Batxilergoa ikasten duten guztiei, Izkotik kanpora joaten badira eskolaz kanpoko jardueretan aritzera.

2. artikulua. Gaur egun, derrigorrezko eskola adinean dagoen edo Lanbide Heziketa edo Batxilergoa ikasten duen Izkoko edozein lagunek, eskolaz kanpoko jardueraren batean ari nahi izanez gero, bertze herri batera joan behar izaten du, eta horrek trabak ekartzen ditu eta gastu handiagoa hezkuntzan, jarduerak egiten diren herrian bizi balitz ekarriko lizkiokeenak baino.

Kontzeju honen nahia denez Izko ohiko bizilekutako hautatu duten familiek bertan jarraitzea eta bertze familia batzuek ere geroan ere beren bizilekua Izkon ezartzea eta Izkon bizitzeak konparaziozko bidegabekeria ez ekartzea eskolaz kanpoko jarduerak egiten diren herrietan bizi diren haurren aldean, bada, onetsi da derrigorrezko eskola adinean dauden edo Lanbide Heziketa edo Batxilergoa ikasten duten seme-alabak dituzten familiak konpentsatzeko laguntzen araudi hau.

II. KAPITULUA

Betebeharrak

3. artikulua. Laguntzak eskatzen ahalko dituzte derrigorrezko eskola adinean dauden seme-alabak edo Lanbide Heziketa edo Batxilergoa ikasten ari direnak dituzten familia guztiek, horiek 7. artikuluan aipatzen diren eskolaz kanpoko jardueretan ari badira.

4. artikulua. Eskabidea familiaburuak eginen du; laguntzak eskuratzeko, baldintza hauek bete beharko dira, nahitaez:

1. Familiaburuak eta laguntzaren xede diren seme-alabak Izkon erroldaturik egotea, gutienez ere bi urte lehenagotik.

2. Famili unitateak (5. artikuluan definitzen baita) bere bizilekuan egiazki Izkon ezarria izatea.

3. Famili unitateak Kontzejuarekiko ordainketak eguneratuak izatea.

5. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, famili unitatetzat hartuko da higiezin berean bizi eta erroldako orri berean dagoen jende multzoa.

III. KAPITULUA

Laguntzen zenbatekoa

6. artikulua. Derrigorrezko eskola adinean dagoen haur bakoitzarendako 150 euroko laguntza ezarri da.

Nolanahi ere, zenbateko hori Kontzejuak bere aurrekontuan urtero helburu horretarako xedatzen duen kontusailak baldintzapetuko du. Eskabideen ondoriozko zenbatekoak kontusailekoak baina handiagoak badira, hainbanaketa eginen da laguntza eskatu dutenen artean.

7. artikulua. Laguntzen xede diren eskolaz kanpoko jarduerak hauek dira:

a) Kirol arlokoak

b) Musika

c) Hizkuntzak

d) Informatika

e) Arte arlokoak

IV. KAPITULUA

Kudeaketa eta tramitazioa

8. artikulua. Laguntzak eskuratu ahal izateko, beharrezkoa izanen da araudiak dagokion deialdian ezartzen dituen baldintzak betetzea.

9. artikulua. Eskatzaileek hauek aurkeztu behar dituzte:

1._Kontzejuak ezartzen duen eskabide orria, beterik.

2._Eskolaz kanpoko jarduera zein entitatetan egiten den, haren ziurtagiria.

10. artikulua. Eskabideek urtebetean izanen dute indarra.

11. artikulua. Laguntzak urtea bukatzean jasoko dira ordainketa bakarrean.

12. artikulua. Kontzejuak laguntza ukatzen ahalko dio, bere ustez, eskabide egileren batek bere eskabidea ordenantza honetan ezartzen ez diren helburuetarako egiten badu.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L0504356