50. ALDIZKARIA - 2005eko apirilaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

47/2005 FORU AGINDUA, apirilaren 5ekoa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak finantzatzeko 2005eko dirulaguntzen deialdiko oinarriak onesten dituena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legean ageri diren jarduketa arloen artean "Familia eta Komunitatea" dago, eta lege horrek ezinbestekotzat jotzen du Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak sortzea, tokian tokiko familiak eta komunitateak babestu, informatu, kontzientziatu, orientatu eta aholku emateko bai legearen araberako eskubide eta betebeharrei buruz, bai eskura dauden edo egon litezkeen baliabideei buruz.

Halaber, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eginkizun eta kudeaketa udalekotua izateari lehentasuna ematen dio, eta ezartzen du Udal Zerbitzuak edo Mankomunitateak finantzatzeko Nafarroako Gobernuak dirulaguntza sistema bat ezarriko duela plaza bakoitzaren kostu estandarraren arabera, aurrekontu orokorren kargura.

Bestalde, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen araubidea ezartzen duen urtarrilaren 16ko 11/1987 Foru Dekretuko 10. artikuluari jarraikiz, Gizarte Ongizateko Herrialdeko Zerbitzuak, orain Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua denak, aipatu foru dekretuan ageri diren laguntzak emateko deialdi publikoa eginen dela, aurrekontuen ekitaldi bakoitzaren hasieran.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzen du. Foru lege horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura emaniko dirulaguntza guztietarako arauen esparru zedarritua ezartzen du, eta bertan finkatzen dira oinarri orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, beharkizunak eta erantzukizunak, bai eta, halaber, laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

Aipatu foru legearen 3. artikuluan adierazitakoarekin bat, dirulaguntzen banaketa egin behar da publikotasun, konkurrentzia eta objektibotasun printzipioei jarraikiz. Beraz, urteko deialdi baten bidez ezarri eta argitaratuko dira Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei eman beharreko dirulaguntzen araubidea erregulatuko duten oinarriak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak finantzatzeko 2005eko dirulaguntzen deialdiko oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

2. 3.138.271,54 euroko gastua baimentzea, 2005eko gastuen aurrekontuko "Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak" izeneko 924003-93300- 4600-231500 kontusailaren kargura.

3. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-Hartzailetza Delegatura, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Ekonomia eta Administrazio Atalera eta Oinarrizko Laguntzaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko apirilaren 5ean._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

E R A N S K I N A

Deialdiaren oinarriak

1._Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak arautzen dituen urtarrilaren 16ko 11/87 Foru Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea.

3.138.271,54 euroko gastua baimentzea, 2005eko gastuen aurrekontuko "Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak" izeneko 924003-93300- 4600-231500 kontusailaren kargura.

2._Onuradunak.

Dirulaguntzak jaso ahalko dituzte Oinarrizko Gizarte Zerbitzu baten titularrak diren udal, mankomunitate edo udal batasun guztiek, urtarrilaren 16ko 11/1987 Foru Dekretuko 5. artikuluan ezarritako lurralde mugaketaren arabera; horretatik kanpo daude Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuarekin 2004an lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten entitateak, hain zuzen ere Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntza berrantolatu ahal izateko probarako esperientzia bat garatzeko xedea duen hitzarmena.

3._Aplikazio eremua.

Dirulaguntza jaso dezaketen programak:

3.1. Gizarte Sustapen eta Lankidetzarako Programa.

3.2. Beren buruaz baliatzeko arazoak dituzten pertsonendako Laguntza Komunitarioko Programa.

3.3. Gizarteratze Programa.

3.4. Haurrei eta Familiari Laguntzeko Programa.

3.5. Bizitoki Alternatiboen Programa.

4._Diruz laguntzeko kontzeptuak.

Programa horien finantzaketari begira, diruz laguntzen ahal diren gastuak dira langileen kostuak eta 3. oinarrian aipatu programetako jarduerak garatzeak sortzen dituen kostuak.

5._Balorazio ekonomikoa.

5.1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak, finantzatu beharreko kopuruak kalkulatzeko oinarri izanen den balorazio ekonomikoa egiterakoan, kontuan hartuko ditu Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta langileen ordezkariek sinatutako akordioan ezarri diren lansariak.

Langileen kostuan kontzeptu hauek sartzen dira: oinarrizko soldata, antzinatasuna (funtzionarioak eta kontratupeko langile finkoak), eta Gizarte Segurantzari ordaintzen zaion enpresa kuota.

6._Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ondoko arauen arabera zehaztuko da:

6.1. Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Eskualdeak, 5.000 biztanletik gorakoak:

Lehenik programa bakoitzeko langileen kostuak zehaztuko dira, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.

Langileen kostuei dagokien kopurua 100eko 30 arte gehitzen ahalko da, jardueren gastu gisa.

Langileen eta jardueren kostua batuta ateratzen den kopuruaren 100eko 60 emanen du Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak.

6.2. Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Eskualdeak, 5.000 biztanletik beherakoak:

Lehenik programa bakoitzeko langileen kostuak zehaztuko dira, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.

Langileen kostuei dagokien kopurua 100eko 30 arte gehitzen ahalko da, jardueren gastu gisa.

a) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak eman beharreko dirulaguntzaren kalkulua formula honen bitartez eginen da:

_Toki entitateek 5,71 euro jarriko dituzte, dirulaguntza ematen den urtean beren mugapean bizi den pertsona bakoitzeko.

_Aurreko puntuan ezarritakoa aplikatzetik ateratzen den kopuruaren eta programa guztien kostu osoaren arteko diferentzia emanen du Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak.

7._Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

7.1. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Erregistroan (González Tablas, z.g., 31005 Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Jurudikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan aurkezten ahalko dira.

8._Aurkeztu beharreko agiriak:

8.1. Eskabide orokorra, Udaleko alkateak edo Mankomunitateko zein Udalen Batasuneko buruak sinatua, dirulaguntza eskatzeko; eskabidean hitz emanen dute ezarritako programekin segituko dutela eta dagokien zatia finantzatuko dutela.

8.2. Eskaera, datu hauekin:

a) Zein programatarako eskatzen den finantziazioa.

b) Langileak programen arabera banatzea eta, hala denean, langile bakoitzak programa bakoitzean izanen du lanaldi portzentajea.

c) Programa bakoitzaren aurrekontua, langileen eta jardueren gastua zehaztuta, baita programa aurrera eramateko dirusarrerak ere.

8.3. Aurreko ekitaldiari buruzko agiriak:

a) Garatutako programa bakoitzaren memoria teknikoa.

b) Garatutako programa bakoitzaren memoria ekonomikoa edo balantze ekonomikoa, emanen den ereduaren araberakoa. Agiri hauek erantsiko zaizkio:

_Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren dirusarrera eta gastuen ziurtagiria, orokorra eta programa bakoitzarena, Udal Idazkaritzak edo Udaleko, Mankomunitateko edo Udalen Batasuneko Kontu-Hartzailetzak egina, emanen den ereduaren araberakoa.

_Udal Idazkaritzaren ziurtagiria, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko plantilla organikoa azalduko duena.

9._Tramitazioa eta balorazioa.

9.1. Eskabideen tramitazioa Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan eginen da, Oinarrizko Laguntzaren Atalaren bitartez, eta atal horrexek egiaztatuko ditu aurreko oinarrian eskatutako agiriak.

Eskabideak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesatuari hots eginen zaio hamar egun baliodunean okerra zuzendu dezan, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

9.2. Eskabideen balorazioa Batzorde Tekniko batek eginen du. Hauek osatuko dute batzordea: Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratzearen zuzendariordea, Oinarrizko Laguntzaren Ataleko burua eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak Koordinatzeko Bulegoko burua.

9.3. Irizpide hauei jarraikiz eginen da balorazioa:

9.3.1. Programaren bideragarritasuna eta errentagarritasuna. (10 puntu bitarte).

9.3.2. Biztanle kopurua. (5 puntu bitarte).

9.3.3. Populazioaren sakabanatze eta zahartze mailak. (10 puntu bitarte).

9.3.4. Laguntza beharra (etxez etxeko laguntzarako programa). (15 puntu bitarte).

9.3.5. Oinarrizko eskualdeetan agertzen ahal diren berariazko arazoak. (15 puntu bitarte).

9.3.6. Babesik gabe gelditzeko arriskuan dauden edo babes gabezia arina, moderatua edo larria duten adingabeen kopurua. (15 puntu bitarte).

9.3.7. Eskatzaileek aurreko ekitaldian gizarte zerbitzuetan benetan gastaturiko diru kopuruak. (15 puntu bitarte).

9.3.8. SIUSS programa informatikoa erabiltzea. (15 puntu bitarte).

Dirulaguntzaren zenbatekoa lortutako puntuazioaren eta deialdiko 6. oinarriaren arabera esleituko da; onartutako programa guztien kostuari aurre egiteko behar besteko dirurik ez balego aurrekontuan, portzentajezko tarteak ezarriko lirateke.

9.4. Batzorde horrek dirulaguntza proposamenak igorriko dizkio deialdia ebazteko eskumena duen organoari.

10._Eskabideen ebazpena.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hilabeteko epean, eskatutako laguntzak eman edo ukatzeko ebazpena emanen du.

11._Dirulaguntzaren ordainketa.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak transferentzia bidez eginen du ordainketa, dirulaguntza emateko ebazpena sinatzen denean.

12._Betebeharrak eta ez-betetzeak.

Dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

12.1. Dirulaguntza ematerakoan oinarritarako aurkeztutako jarduerak deialdi honen oinarri, baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea; dirua, betiere, eman zen kontzeptuetarako baizik ez da erabiltzen ahalko.

12.2. Dirulaguntzaren xedea ondokoak aurkeztuz justifikatzea: memoria teknikoa, memoria ekonomikoa, gastuei eta dirusarrerei buruz idazkariak edo kontu-hartzileak emandako ziurtagiria, eta idazkariaren ziurtagiria, plantilla organikoa azaltzen duena.

12.3. Eskumena duten organoek, eman edo jaso diren dirulaguntzen inguruan, egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

12.4. Helburu berbererako beste dirusarreraren bat eskatu edo lortzen bada, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari horren berri eman beharko zaio. Dirulaguntza horiek bateragarriak dira edozein jatorritako beste dirulaguntza batzuekin, baina ezin izanen dute programen kostua gainditu ez horietako bakar batek, ez eta laguntza multzo batek ere.

12.5. Dirulaguntza ematean ezartzen diren baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua itzuli beharko da, edo justifikatzen ez den zatiari dagokiona itzuli.

13._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra eta deialdi honen oinarrien kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

14._Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak dioenari jarraikiz egin da eta, hortaz, zuzenean aplika daiteke guztian.

Iragarkiaren kodea: F0510219