50. ALDIZKARIA - 2005eko apirilaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko Desjabetzapenak

449/2005 EBAZPENA, martxoaren 16koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, "Ur hornidura Nafarroako Erretenetik: 15. eremuko Konponbide Bateratua. 3. fasea" izeneko proiektua behin betikoz onesten duena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, azaroaren 4ko 1428/2004 Ebazpenaren bidez, Aragoi Ibarreko Mankomunitateak eskatutako lankidetza araubidea onartu eta "Ur hornidura Nafarroako Erretenetik: 15. eremuko Konponbide Bateratua. 3. fasea" izeneko proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideak desjabetzeko prozedurari hasiera eman zion eta jendaurrean jarri zituen, hamabost egunez, bai proiektua, bai ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda.

Epe horretan ondoko alegazio hauek jaso dira. Hona hemen erantzunak:

1._Emilio Ibiricu Rodríguez jaunak eta Juana Mary Lou Ibiricu andreak, Santakarako 7. poligonoko 417. lurzatiko jabeak diren aldetik, ondoko hau alegatu dute:

Finka horretako lurrezko ubidea eta burdinazko ataka kendu behar direla eta, horrenbestez, berriz egin ditzatela, hormigoiz lehenengoa, eta orain dagoen bezalaxe bigarrena. Horrez gainera, aurreikusi den kutxeta finkatik kanpora jar dezatela eskatu du.

Jabeei adierazten zaie ubidea orain dagoen bezala utziko dela eta lurzatian aurreikusi den hustubideen kutxeta lurzatiko mugatik ahalik eta hurbilen jarriko dela, hirugarrenei kalterik eragin gabe.

2._Santakarako Santa Eufemia ENSk, Juan Ignacio Iragui jaunarena den Arradako XIII. Sektoreko 115. lotearen errentaria den aldetik, ondokoa alegatu du:

Finka horiek arroza lantzeko erabiltzen direnez, martxotik azarora arte urak hartuak izaten direla. Gainera, Nafarroako Gobernuaren eta Europar Batasunaren konpromisoa dago horretarako laguntzak emateko. Horregatik, eskatzen dute obrak azarotik martxora bitartean egin daitezela, izanen dituzten galerengatik kalte-ordainak eman diezazkietela eta finkak zelaitu ditzatela.

Alegazio-egileei adierazten zaie errentan hartuak dituzten finketan egin beharreko obrak urik gabe daudenean eginen direla. Bestalde, eragindako galerengatik dagozkien kalte-ordainak emanen zaizkie nekazariei eta eremua hasieran bezala utziko da.

3._Ana Luqui Cabero andreak, Arradako 14. poligonoko 14. lurzatiaren jabea den aldetik, ondoko hau alegatu du:

Trazadura aldatzea erantsi duen planoaren arabera, bazka-uztari ahalik eta kalte gutxien eragiteko.

Alegazio-egileari adierazten zaio proposatu duen aldaketa egitea ezinezkoa dela, horren ondorioz espedientean ez dauden beste finka batzuk ukituko direlako, bai halaber, oraingo espedientean daudenak ere, baina eremu handiagoetan.

4._Pablo Urzaiz Garde jaunak, Melidako 5. poligonoko 171. lurzatiaren jabeak, ondoko hau alegatu du:

Aurreikusita ez zegoen kutxeta bat bere finkan jarriko dutela jakinarazi diotela eta ez dagoela jarduketa horrekin ados.

Jabeari adierazten zaio hustubideen kutxeta hori beti toki berean egon dela (UTM koordenatuen arabera) eta arazoa sortu dela plano topografikoak eta katastrokoak bat etortzen ez direlako. Hortaz, 4 metro koadroko kutxeta hori 5. poligonoko 171. lurzatiaren barrenean jarriko da, Melidako mugapean, lurzatiko mugatik ahalik eta hurbilen, baina hirugarrenei kalterik eragin gabe.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 41/2005 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Behin betikoz onestea "Ur hornidura Nafarroako Erretenetik: 15. eremuko Konponbide Bateratua. 3. fasea" izeneko proiektua eta aurkezturiko alegazioak ebazpen honen azalpen zatian adierazitakoari jarraikiz ebaztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Foru Komunitateko egunkari batean eta Melidako, Santakarako eta Caparrosoko udaletxeetako eta Arradako kontzeju-etxeko iragarki oholetan argitaratzea.

3. Ebazpen hau alegazio-egileei eta Aragoi Ibarreko Mankomunitateari jakinaraziko zaie, eta adieraziko beronen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe, horren aurretik, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2005eko martxoaren 16an._Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Angel Serrano Azcona.

Iragarkiaren kodea: F0504627