143. ALDIZKARIA - 2005eko azaroaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

A R R O I T Z

Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza

Udal honek, 2005eko irailaren 29an egin osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza. TAFLaren 326. artikuluan xedatuarekin bat, osorik argitaratuko da jarraian haren testua.

Arroitzen, 2005eko azaroaren 4an. _Alkatea, Antonio Barbarin Garisoáin.

EZGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematea arautzea, Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an egin zuen 98/376/CE Gomendioarekin bat, ezgaitasuna dutenek beren ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondotik joan-etorri handirik egin behar izan gabe.

2. artikulua. Baldintzak.

Aparkatzeko txartela eskuratzeko, beharrezkoa izanen da baldintza hauek betetzea:

2.1. Baliaezintasun iraunkorra duten gidariak:

2.1.1. Minusbaliatuak indarra duen gidabaimena eduki beharko du.

2.1.2. Mugikortasun urria eragiten dion minusbaliotasuna pairatu beharko du, eta alderdi hauek egiaztatu:

_% 33tik gorako minusbaliotasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.

_Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak luzatutako osasun agiria, pairatzen duen minusbaliotasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

2.2. Behin betiko ezgaitasuna dutenen familiako bizikideak edo zaindariak:

2.2.1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimena eduki beharko du.

2.2.2. Eskatzaileak dokumentazioa aurkeztu beharko du, egiaztatzen duena laguntza hartu behar duenarekin famili lotura badagoela edo zainketa jakin bat ematen diola eta harekin bizi dela, hala denean.

2.2.3. Zainketa hartzen duen ahaideak mugikortasun urria eragiten dion minusbaliotasuna duela, honako hauek egiaztatu beharko direla:

_% 33tik gorako minusbaliotasuna egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.

_Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak luzatutako osasun agiria, pairatzen duen minusbaliotasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Txartelen eskariak udal bulegoetan eginen dira. Eskabideari bigarren oinarrian zehazten diren egiaztagiriak erantsiko zaizkio, indarra duen gidabaimena eta ibilgailuaren agiriak, baita bi argazki ere, kolorezkoak eta karnet tamainakoak.

4. artikulua. Funtzionamendu arauak.

a) Txartel hau erabiltzen denean, ibilgailuaren aitzinaldean paratu beharko da, kontrolatu behar izanez gero txartelaren aurkia kanpotik argi ikus dadin.

b) Indarraldia amaituta, ez du gehiago baliorik izanen, eta Udaletxera eraman beharko da berritzeko, hori bidezko bada.

c) Txartela daraman ibilgailua minusbaliatuendako erreserbatu eta seinalatutako tokietan aparkatzen ahalko da, ordu mugarik gabe.

d) Halaberean, zamalanetarako tokietan aparkatzen ahalko da, ordutegi mugatu baten barnean. Aparkatzea debeku duten toki seinaleztatuetan, eta berariazko baimena duten bestelako tokietan.

e) Aldiz, baimen honen babespean ezin izanen da ibilgailua inola ere aparkatu: txartelaren titularra eramaten ez duenean. Oinezkoendako pasabideetan. Espaloiaren gainean. Gelditzeko debekuaren seinalea duten aldeetan. Garraio publikoari erreserbatutako erreietan eta, orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

f) Txartela eskuratu zen herritik kanpo aparkatzerakoan, tokian tokiko arauak beteko dira.

g) Zernahi arrazoi dela bide txartela erabiltzeari utzi behar bazaio, zein Udalek luzatu zuen, bada, Udal horri itzuli beharko zaio, arrazoiaren berri emanez.

h) Txartela galdu edo norbaitek ebatsiz gero, Udalari eman beharko zaio horren berri.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak honako hauek dira:

5.1. Txartela lortzeko aurkezten diren datu, ziurtagiri edo bestelakoak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

5.2. Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo beste baten txartela erabiltzea edo iruzur bidez edonola erreproduzitzea.

Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aurretik, interesatuei entzutea emanen zaie betiere. Espedientea Zehapen Ahalmena gauzatzeko Erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Egun indarrean diren txartelak berritu ahal izateko, ordenantza honetako baldintzak egiaztatu beharko dira.

Iragarkiaren kodea: L0521721