137. ALDIZKARIA - 2005eko azaroaren 16a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

T U T E R A

Behin betikoz onetsirik Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko erregelamendua

Tuterako Udalak, 2005eko uztailaren 22an egin osoko bilkura arruntean, hasierako onespena eman zion Udalaren kirol instalazioen erabilera arautzen duen erregelamenduari.

Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zenetik (2005eko 103. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, abuztuaren 29koa) iragan da jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea, eta inork ez du erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu haren kontra. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluekin bat eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 49.c) artikulua aldatzen duen apirilaren 21eko 11/1999 Legeari jarraikiz, behin-behinekoz onesteko erabakia behin betikoa bilakatu da, eta beraz osorik argitaratzen da Udalaren kirol instalazioen erabilera arautzen duen erregelamendua.

Tuteran, 2005eko urriaren 4an._Alkatea, Luis Casado Oliver.

TUTERAKO UDALAREN KIROL INSTALAZIOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ERREGELAMENDUA

I._Instalazio guztientzako baldintza orokorrak

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea araudi bat finkatzea da, Tuterako Udalaren kirol instalazioen erabilera eta Udalarenak ez izanagatik Udalak hitzarmenen bidez baliatzen dituenena zehazteko.

2. artikulua. Udalaren kirol instalaziotzat hartzen dira kirola praktikatu eta gorputza lantzeko Udalak bere titulartasunaren pean dituen eraikin, zelai, esparru eta egoitza guztiak.

3. artikulua. Hona hemen zein diren Udalaren kirol instalazioak:

_Elola udal kirolgunea.

_Ribotas udal kirolgunea.

_Nelson Mandela estadioa.

_Camino Caritat kaleko patinodromoa.

_Griserasko ikastetxearen kirol pabilioia.

_San Julian ikastetxearen kirol pabilioia.

_José Antonio Elola udal estadioa.

_Santa Quiteriako futbol zelaiak.

_Lourdesko futbol zelaiak.

_"Tuterako Kirol Hiria" proiektuaren barreneko igerileku klimatizatua.

_Hiriko aire zabaleko kirol pistak, nornahik erabil ditzakeenak.

_Gero noizbait kirola praktikatzeko eraikitzen direnak.

4. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren Udalaren kirol instalazioak, zerbitzu publikoari atxikitako jabari publikoko ondasuntzat hartuko dira eta Foru Erkidegoan indarra duten arauak bete beharko dituzte, kirolaren, ikuskizun publikoen eta aisialdiko jardueren edo ingurumena babesteko jarduera sailkatuen arloan.

5. artikulua. 1._Udalaren kirol instalazioak jende guztiarentzat zabalik egonen dira, baina haietara sartu eta haiek erabiltzeko, kasuan kasuko udal tasa ordaindu beharko da edo, bestela, instalazio horien kudeaketa ez badu Udalak zuzenean egiten, ezartzen diren tarifak abonatu beharko dira.

2._Udalaren kirol instalazioen erabiltzailetzat hartzen dira erregelamendu honetako 2. artikuluan aipatzen diren instalazioak erabiltzen dituzten pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko subjetuak.

3._Kirol eremu horietako edozeinen erabiltzaile izaten ahalko dira banakoak (bakarkako erabilera) eta talde antolatuak (erabilera kolektiboa), kirol klubak, elkarteak, ikastetxeak, entitate edo pertsonak, erabilera erreserbatzen dutenak, betiere aurretik ezarritako programazio eta ordutegi baten barrenean. Ikastetxeen barreneko kirol pabilioietan, dagokion ikastetxeak lehentasuna izanen du, haren ikasleei zuzendutako gorputz heziketako irakaskuntza edo kirol jarduerak eman ahal izateko.

6. artikulua. 1._Instalazioak zabalik egonen dira Tuterako Udalak finkatzen duen ordutegiaren barrenean, berak kontuan hartuko dituen beharren eta eskarien arabera. Ordutegi horiek agerian jarriko dira instalazio bakoitzean.

2._Tuterako Udalak eskubidea du ordutegi batzuk, salbuespen gisa, aldatu ahal izateko, betiere horretarako arrazoirik aski baldin badago, bai eta instalazioa edo bertako zerbitzuren bat erabiltzeko ere, oso garrantzitsua edo interes publikokoa den gertakariren baterako behar izanez gero.

3._Tuterako Udalak instalazioa denbora baterako ixteko agintzen ahalko du, hori justifikatzen duen arrazoi pisuren bat izanez gero, erabiltzaileei eragindako kalteengatik erantzun beharrik izan gabe. Halakoetan, erabaki hori aldez aurretik ahalik eta lehenen jakinarazi beharko luke.

7. artikulua. Instalazio bakoitzean praktikatu beharko da, ahal dela, aurretik berarentzat berariaz bereizitako kirol mota. Beste batzuk ere praktikatzen ahalko dira, edo baimena ematen ahalko da kirol arlokoak ez diren jardueretarako, baldin eta teknikoki egiten ahal badira eta idatziz emandako udal baimena izanda. Baimen hori Alkatetzaren ebazpenaren bidez emanen da.

8. artikulua. Tuterako Udalak erantzukizun zibileko asegurua izanen du zuzenean kudeatzen dituen kirol instalazio guztietarako, instalazioaren erabileraren ondorioz datozkeen kalte eta galera guztiak babesteko. Udalak kasu guztietan aseguru hori bera exijituko die Udalaren kirol instalazioak kudeatzen dituzten enpresei.

9. artikulua. Tuterako Udala ez du erantzukizunik bere gain hartuko Udalaren kirol instalazioetan kirolean aritzearen ondorioz etortzen diren istripuetan, aurreko artikuluan aipatzen dena izan ezik.

10. artikulua. Kirolarien eta jendearen segurtasuna eta babesa bermatzeko xedez, ez zaie ikuskizunetarako eta kirol saioetarako Udalaren kirol instalazioen barrenera pasatzen utziko honako hauek sartu nahi dituzten pertsonei:

_Edukiz edo esanguraz indarkeria erabiltzera dei egin dezaketen pankarta, sinbolo, ikur edo idazkiak.

_Armak edo arma gisa erabil daitezkeen objektuak.

_Bengalak edo su artifizialak.

_Erregelamenduz ezartzen diren beste objektu edo tresna guztiak.

Nolanahi ere, debeku izanen da Udalaren kirol instalazioetan aurreko lerroaldean aipatu diren objektuak erakutsi edo erabiltzea, eta instalazioaren titularrak edo kudeatzaileak beharturik daude haiek berehala kentzera.

11. artikulua. Kirol instalazioetako bakoitzean, nahitaezkoa izanen da agerian kartel bat jartzea, bertan honako argibide hauek emanda:

a) Zer kirol zerbitzu eskaintzen diren eta, hala bide denean, zer tarifa edo tasa ordaindu behar diren.

b) Tuterako Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko erregelamendua.

c) Instalazioaren titularra nor den eta, hala bide denean, bertan egiten den kirol jardueraren antolatzailea nor den, instalazioaren titularra ez beste norbait denean.

d) Debeku dela instalazioan egiten diren jendaurreko kirol ikuskizun eta jardueretara inor aurreko artikuluan aipatu tresna eta objektuak aldean dituela sartzea

e) Instalazioak erabiltzen dituen zerbitzuen zerrenda.

f) Instalazioko kirol ekipamendua, mugigarria nahiz finkoa, desegoki erabiltzeak zer arrisku sor dezakeen.

12. artikulua. Tuterako Udalak baimendutako jardueretan sarreretatik ateratako dirua jarduera hori antolatzen duen entitatearen esku geldituko da, betiere dagokion erabilera tasa eta indarra duten udal zergak ordaindu beharko dituela.

13. artikulua. Tuterako Udalak baimena ematen ahalko du publizitatea jartzeko, mugigarria nahiz estatikoa, iraunkorra edo ez, edozein elementu tekniko edo euskarritan, baldin eta legezko arauak betetzen baditu, kirol entitateren batek eskatzen badu eta dagokion baimenean Udalak zehazten dituen arauak beteta.

14. artikulua. Instalazioko seinale guztiek, barrenekoek nahiz kanpoaldekoek, dagokien araudia bete beharko dute, hala udalekoa nola foru administraziokoa, eta orokorra ere bai. Kasu guztietan, seinale horietan agertu beharko du instalazioaren titulartasuna Udalari dagokiola.

15. artikulua. 1._Kirolean aritzeko, edozein espezialitatetan, material eta janzkera egokiak erabili beharko dira. Hori kontuan hartuz, oinetakoak zaindu beharko dira bereziki, kirolgune bakoitzaren parketean edo zoru berezian markarik utziko ez duten zolak erabilita.

2._Ez dago baimenduta jostetan aritzea edo beroketa ariketak egitea, baloiak, pilotak edo bestelako objektuak erabilita, aldageletan, pistetara edo harmailetara joateko pasabideetan eta kirolgunetzat hartzen ez diren eremu guztietan.

16. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan sartzeak berarekin dakar erregelamendu honetako arauak onartu behar izatea.

II._Eskaera eta kontzesio arauak

17. artikulua. 1._Instalazioak bakarka erabiltzeko eskaera instalazioan bertan egin daiteke, edo telefonoz, edo internet bidez, bestela, eta eskaera hartzen duen enplegatuak berehala ebatziko du, baina, betiere, erregelamendu honetako arauak betez gero. Eguna eta ordua erreserbatzeko eskaera gehienez ere egin gogo den kirol jarduera hasi baino 24 ordu lehenago egiten ahalko da.

2._Erreserbak behar bezala egiteko, beharrezkoa izanen da erreserbatutako kirolgunea erabili gogo duten pertsonen izenak aurkeztea, zehatz-mehatz finkatu ahal izateko gehienez ere zenbat denboraz erabiltzen ahal den.

3._Baldin eta erreserbatutako ordua hasten denetik hamar minutura erreserba egin duen pertsona ez bada eskatutakoa erabiltzen ari, erreserba besterik gabe deuseztaturik geldituko da eta ordu hori beste eskatzaileren bati ematen ahalko zaio.

4._Ezin da inola ere ordu bat baino gehiago erreserbatu egun bakoitzeko, eta erreserbatutako tokia emandako denbora amaitu ondotik erabiltzen jarraitzen ahalko da, soil-soilik, gerorako erreserbarik ez badago. Nolanahi dela ere, erreserbako denbora amaitu ondotik, nahiz eta geroagorako erreserbarik ez izan, instalazioko atezainak hala eskatuz gero, erabiltzaileek utzi beharko dute erabiltzen ari diren kirolgunea.

5._Udako igerilekuak irekita dauden denboran, kiroldegi berean dauden kirolguneak instalazioko atezaintzan erreserbatuko dira, 10:00etatik aurrera, ez baita erreserbatzeko bestelako biderik onartuko. Bakar-bakarrik egunean egunerako erreserbatzen ahalko dira kirolguneak.

18. artikulua. 1._Udalaren kirol instalazioak modu kolektiboan erabiltzeko eskaera ereduko inprimaki batean egin beharko da. Inprimakia kirol instalazio horietan berean hartzen ahal da, Kirol Kudeaketako Zentroan eta Herritarrendako Laguntza Zerbitzuko (S.A.C.) bulegoetan. Eskabide hori behar bezala beterik aurkeztu beharko da, eta bertan argi adierazi beharko da zer instalazio eskatzen den, zergatik, noiztik noiz arte eta zer ordutan, bai eta zer jarduera egin gogo den instalazioaren barrenean ere. Ahal izanez gero, eskatutako ordutegiaren ordezko besteren bat emanen da, bai eta taldeko kideen izenen zerrenda ere, bakoitzaren NANa eta helbidea adierazita.

2._Kirol denboraldirako eskariak egiten direnean, hala entrenamendu saioetarako nola lehietarako, abuztuaren 1etik 14ra bitarte egin beharko dira, eta aurkeztu beharko dira, behar bezala beterik, Tuterako Udalaren Herritarrendako Laguntza Zerbitzuko (S.A.C.) bulegoetan.

3._Tuterako Udalak saiatu beharko du eskaera guztiei erantzuten, instalazioak noiz dauden erabilgarri kontuan harturik, eta horretarako eskaera guztiak batera aztertu eta eman diren ordezko egun eta orduak begiratuko dira, halakorik bada. Baldin eta instalazio jakin bat erabiltzeko eskatzaile bat baino gehiago bada egun eta ordu berean, eskaerak aurkezteko ordena hartuko da kontuan, betiere eskatzaile horiek beraien artean ados jartzen ez badira.

4._Tuterako Udalak exijitzen ahalko du fidantza gordailatzeko, instalazioetan gertatzen diren kalteei erantzuteko, baina nolanahi dela ere kontzesioa zuhurtziaren arabera erabakiko da.

5._Emandako kontzesioa baliozkoa dela ulertuko da, Udal honetan jasotzen denean lekualdaketaren ziurtagiria, ordezkariaren "hartu dut" daukana, bai eta (exijitzen bada) gordailatu beharreko fidantza ordaindu izanaren ziurtagiria ere.

19. artikulua. Beren entrenamendu saioak instalazio jakin batean egiten dituzten taldeek lehentasuna izanen dute beren partiduak instalazio horretan berean jokatzeko. Kirol taldeak programatuta daukaten entrenamendua hasi baino 15 minutu lehenago eta partidua hasi baino 30 minutu lehenago sartzen ahalko dira aldageletara.

20. artikulua. Entitate eskatzaileak kontzesioa osorik ordaintzeko konpromisoa hartzen du, nahiz eta ez erabili, ezarritako eta emandako denbora guztiaren truke.

21. artikulua. Aurreikusi ezin diren arrazoiak direla medio, entitateren batek erabakitzen badu uko egitea kontzesioari, idatziz jakinarazi beharko dio Kirol Kudeaketako Zentroari, gutxienez ere bost egun lehenago, eta ezin izanen dio beste entitate bati laga bere erabilera eskubidea.

22. artikulua. Taldeen kirol kalitatea kontuan hartuz, honako ordu kopuru hauek finkatzen dira entrenamenduetarako:

_Kategoria nazional edo probintziartekoan ari diren taldeak: astean 5-6 ordu.

_Autonomi mailako kategorian ari diren taldeak: astean 3-4 ordu.

_Herri mailako kategorian ari diren taldeak: astean 2-3 ordu.

Erabilerari ahalik eta etekin handiena ateratzeko xedez, baldin eta eskaera bat baino gehiago badago ordu bererako, erabiltzeko ordu bera esleituko zaie areto-futboleko eta/edo eskubaloiko bi talderi; eta saskibaloia bada, pistaren herena emanen zaie kantxa zeharka hartuta.

23. artikulua. 1._Erabileraren kontzesioa onartzeko beharrezkoa izanen da entitate eskatzaileak ordaindurik izatea Udalaren edozein kirol instalazio erabiltzeagatik ordaindu beharrekoa.

2._Kirol jardueretan edo bestelakoetan erabiltzeko, pertsona fisikoei, entitateei, klubei, eta abarri instalazio baten kontzesioa egitearekin, Tuterako Udala bakarrik beharturik dago erantzukizun zibileko asegurua izatera, erregelamendu honetako 8. artikuluan aipatzen den bezala.

24. artikulua. Udalak zuzenean kudeatzen ez dituen bere kirol instalazioen kasuan, erabiltzeko kontzesioa kudeaketaren esleipen-hartzaile suertatzen den entitatearen kontura izanen da, zeinak erregelamendu honetan ezarritako guztia bete beharko baitu, Tuterako Udalaren ikuskapen, kontrol eta gainbegiratze ahalmenak batere ukatu gabe.

25. artikulua. Espresuki debekatutakoa:

a) Udalaren kirol instalazioetan erretzea debekaturik dago.

b) Edari alkoholdunak eta bestelako edozein droga edo sorgorkari mota saldu eta kontsumitzea.

c) Oro har, debekaturik dago animaliak sartzea Udalaren kirol instalazioetan, ikusmen galera handi edo erabatekoa duten pertsonekin doazen itsu-txakurrak izan ezik. Hala sartzen ahalko dira, baina bakarrik kasu jakin edo berezietan eta Udalaren onespena izanda.

III._Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak

26. artikulua. Eskubideak:

a) Erabiltzaileak, dagokion tasa edo tarifa ordaintzen badu, Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko eskubidea du erregelamendu honetan ezartzen den moduan.

b) Erabiltzaileek Udalaren kirol instalazioetako zerbitzu guztiak erabiltzeko eskubidea izanen dute, haietako bakoitzaren arau partikularrak beteta.

c) Herritarrak Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko baldintzei eta haietan eskaintzen diren kirol programei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea du.

d) Erabiltzaileek Udalaren kirol instalazioen kudeaketa hobetzeko egokiak iruditzen zaizkien iradokizunak aurkezteko eta haien funtzionamenduari buruzko erreklamazioak aurkezteko eskubidea dute. Bi kasuetan Herritarrendako Laguntza Zerbitzuaren bidez aurkeztuko dira, Tuterako Udaleko alkate udalburuari zuzenduta.

e) Udalak bere zerbitzu eskaintzetan hartzen dituen konpromisoak bete ditzala exijitzeko eskubidea.

27. artikulua. Betebeharrak:

a) Erabiltzaileak modu egokian portatu beharko du instalazioen barrenean, hala hitzez nola ekintzez, gainerako erabiltzaileei molestiarik eragin gabe eta gizalegezko elkarbizitzak zehazten dituen mugen barrenean.

b) Erabiltzaileen eta instalazioetako langileen artean, elkarrekiko begiruneari eustea ere funtsezkotzat jotzen da, erabiltzaileek langile horien esanak, hasteko eta behin, onartu beharko dituztelarik.

c) Erabiltzaileek egoki erabili beharko dituzte instalazio eta egoitza guztiak, zainduz eta zainduaraziz, eta erantzun beharko dute gaizki erabiltzearen ondorioz egozten ahal zaizkien kalteengatik.

d) Erabiltzaileek bereziki saiatu beharko dute erabiltzen dituzten eremuak garbi edukitzen, horretarako paperontziak eta zaborrak biltzeko gainerako elementuak erabiliz.

e) Haurrek gurasoen edo pertsona arduradunen begiradapean egon beharko dute instalazioetan, istripuak saihestu eta gainerako erabiltzaileei molestiarik ez eragiteko.

f) Erabiltzaileek instalazioko ordutegiak errespetatu beharko dituzte, baita erregelamendu hau ere, enplegatuen esanei kasu eginez beti.

g) Erabiltzaileak instalazioetatik egozten ahalko dituzte eta hortik erabiltzaile gisa dauzkaten eskubide guztiak galdu, baldin eta beren jarduerekin iskanbilarik sortzen badute, elkarbizitza arrunta nahasten badute, portaera axolagabea badute edo instalazioak erabiltzeko arauren bat hausten badute.

h) Arau hauetan aipatzen ez diren gainerako kasuetan, eta haiei buruzko interpretazioan, une bakoitzean instalazioan dagoen pertsona arduradunak hartuko du dagokion erabakia, hasteko eta behin, eta gero, bidezko bada, gaia Gobernu Batzarraren esku utziko da, behin betiko ebazpena eman dezan. Erabiltzailea beharturik dago une bakoitzean instalazioan dagoen pertsona arduradunak hasteko eta behin hartzen duen erabakia onartzera.

28. artikulua. Erabiltzaileen eskubideen berme gisa, instalazio bakoitzean izanen dituzte erreklamazio orriak eskura. Edozein erabiltzaile baliatzen ahalko da erreklamazio-orri horietaz, bertan jarrita izena, deiturak, helbidea, eta telefono eta NAN zenbakiak, baldin eta instalazioetako zerbitzuen funtzionamendua desegokia dela uste badu. Erreklamazioa egiten duen erabiltzaileak kopia bat gordeko du beretzat eta erantzuna jasoko du. Erantzuna nahitaez etorriko da nonbait jasoa izateko moduan, nahiz eta aldez aurretik telefono bidez jakinarazten ahal den.

Erabiltzaileek noiznahi eskatzen ahalko dute instalazioetako zerbitzuen enplegatu edo arduradunen identifikazioa, egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egin ahal izateko.

29. artikulua. Galdu ondoren Udalaren kirol instalazioetan biltzen diren objektuak instalazio bakoitzeko argibide zerbitzuan (atezaintza) utziko dira, 15 egunez. Behin epe hori iraganez gero, instalazio bereko biltegian utziko dira 30 egunez. Denbora hori ere iragandakoan, Udaltzaingoaren egoitzara eramanen dira, legez ezarritako bideak segi dezan.

IV._Udalaren kirol instalazioen kudeaketa

30. artikulua. Udalaren kirol instalazioak, indarra duen legeriaren arabera, zuzenean edo zeharka kudeatzen ahalko dira.

V._Udalaren kirol instalazioen arau berariazkoak

31. artikulua. Aldageletan eta jantzitegian arau hauek aplikatuko dira:

a) Erabiltzaileak aldageletan aldatuko dira arropaz beti, debekatuta baitago haietatik kanpoan arropak jantzi edo eranztea.

b) Aldageletan takillak erabiltzen ahal dira, haien ondoan agerian jarriko diren arauak betez.

c) Debekaturik dago takilla erreserbatzea edo itxirik uztea biharamunerako. Arau hori betetzen ez duenari 5 euroko isuna jarriko zaio, eta takillan altxatu duen materiala bertatik atera eta jantzitegian edo bulegoetan utziko da, isuna atezaintzan ordaintzen den arte.

d) Giltza galtzen bada, instalazioaren arduradunari emanen zaio horren berri, eta hark dagokionari emanen dio takillaren barrenean utzitako materiala, baldin eta jabetza frogatzen bada. Jabetza frogatzen ahal ez bada, egunaren bukaera arte itxaron beharko da materiala itzultzeko. Halako kasuan, inplikatutako erabiltzaileak sarrailaren aldaketaren kostu guztia ordaindu beharko du, takilla berriz ere erabiltzeko moduan uzteko.

e) Bost urtetik gorako haurrak ezin dira beste sexukoen aldageletara sartu, ez bakarrik ezta pertsona helduaren eskutik ere.

32. artikulua. 1._Arau orokor hauek ezarri dira igerilekuetan eta haien inguruan egoteko tokietan aplikatzeko:

a) Igerilekuak eta haien inguruko tokiak erabiltzeari dagokionez, bete beharko da hala erregelamendu honetan nola lehendik dagoen araudi berariazkoan ezarritakoa (123/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 19koa, erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza sanitarioak ezartzen dituena).

b) Igerilekura edo igerilekuaren inguruko tokira joateko nahitaez dutxetatik pasatu beharko da. Bainatu aurretik nahitaez dutxatu behar da. Gomendatzen da bainatu ondoren dutxatzea.

c) Igerilekuaren inguruan egoteko tokira oinutsik edo txankletak jantzita joan behar da, instalazioko langileak izan ezik, horiek oinetako egokiak edo bereziak jantziko baitituzte, behar izanez gero.

d) Debekaturik dago igerilekuetan edo inguruan egoteko tokietan erretzea, jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

e) Debekaturik dago etzaulkiak edo oihalak sartzea, eguzkitan egoteko, igerilekuen inguruko egoteko tokietan.

f) Debekaturik dago igerilekuan beste erabiltzaileei traba egiten ahal dien deus sartzea (hegatsak, urpeko betaurrekoak, koltxoi puzgarriak, baloiak, pilotak, etab.), horretarako espresuki zehaztutako egunetan, orduetan eta eremuetan izan ezik.

g) Aipatutakoan ez dira sartzen igeri egiteko betaurrekoak, txanoa eta 6 urtetik beheitiko haurrek ur azalean irauteko beste edozein material.

h) Igerilekuan eta inguruan egoteko tokian debekaturik daude gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galaraz ditzaketen ekintza eta jarduera guztiak. Beraz, ahal dela, ez da lasterka ibili behar, ez baloiekin jostetan, ez joko bortitzetan, ez da uretan modu zakarrean murgildu behar, hau da, ez da egin behar, oro har, gainerako erabiltzaileei molestia egin edo uraren kalitateari eragin diezaiokeen deus.

i) Igerileku bakoitzak, arauek hala aginduta, jende kopuru bat har dezake gehienez. Kopuru horretara iritsiz gero, igerilekuan jende gehiagori sartzea galarazten ahalko zaio denbora batean.

j) Igeriketa ikastaroak egiten ari diren bitartean, inskribatuak ez daudenek ezin izanen dituzte erabili horretarako bereizitako alde edo kaleak.

k) Soroslea edo monitorea, igerilekuaren barrenean edo haren inguruan egoteko tokian, instalazioetako beste enplegatu bat gehiago da, eta, beraz, arauak betetzen ez dituzten erabiltzaileei kargu hartu eta zehapena jartzeko ahalmena du.

l) 8 urtetik beheitiko haurrek debekatua dute igerileku estaliko espirotubo delakoa erabiltzea.

m) Igerilekuan sartzeko, beharrezkoa da jende guztiak igeri egiteko txanoa erabiltzea. Arau hau nahitaez bete behar da igerileku estalietan, irekitzen diren unetik, eta aire zabaleko igerilekuetan ere aplikatu behar da 2006. urtean.

2._5 urtetik goitiko haurrek, gazteek eta pertsona helduek debekatua dute plisti-plastako igerilekuak erabiltzea, haur txikiak zaintzen ari diren pertsona helduak izan ezik. Kasu horretan, pertsona heldu horiek igerilekuaren inguruan egon behar dute, eta uretara sartuko dira bakar-bakarrik beharrezkoa baldin bada.

3._Ikasteko eta jostatzeko igerilekuetarako arauak:

a) Igerileku horiek prestatu dira batera izan daitezen jarduera antolatuak (ikastaroak, ikastetxeetako ikasleen igeriketa saioak, eta abar) eta abonatuen erabilera librea.

b) Jarduera antolatuetarako alde edo kaleetan ezin dira sartu haietan inskribaturik ez daudenak.

4._Hidromasajeko igerilekurako arauak:

a) Hidromasajeko igerilekua diseinatu da aurreikusita bertan jarduera antolatuak eta abonatuen erabilera librea batera izateko aukera.

b) Hidromasajean erabilera librerako ordutegiak eta jarduera antolatuetarako ordutegiak bereiziko dira.

c) Hidromasajeko ordutegian igerilekua zabalik egonen da 14 urtetik goitiko erabiltzaile eta abonatu guztientzat.

d) Jardueretarako ordutegian, igerilekuaren erabilera mugatua izanen da, bakar-bakarrik aldez aurretik haietan inskribatu direnentzat.

e) Igerilekura sartzeko nahitaez eskailerak erabili behar dira, debeketurik baitago igerileku honetan salto eginez murgiltzea, gainerako erabiltzaileei molestiarik ez egiteko.

f) Hidromasajeko igerilekuan gehienez ere 30 minutuz egoten ahal da, betiere jendea sartzeko esperoan baldin badago.

g) Hidromasajeko igerilekuaren barreneko instalazioetako bakoitzean gehienez ere 10 minutuz egoten ahal da, betiere jendea haiek erabiltzeko esperoan baldin badago.

33. artikulua. Sauna eta lurrun bainuaren eremurako arauak:

a) Sauna diseinaturik dago aldi berean gehienez ere 8 pertsonak erabil dezaten. Lurrun bainua diseinaturik dago gehienez ere 6 pertsona sar daitezen. Haietakoren bat erabiltzera joatean, ikusten bada beterik dagoela, itxaron beharko da erabiltzaile bat atera arte.

b) Bi espazio horiek zabalik daude 16 urtetik goitiko erabiltzaile eta abonatuentzat.

c) Sauna eta lurrun bainua biluzik nahiz bainujantziz har daitezke. Biluzik hartzen bada, oihala eraman beharko da hartan eseri edo etzateko.

d) Komeni da espazio horietan sartu aurretik haiek erabiltzeko aholku eta gomendioak irakurtzea, eta erabiltzaile guztiek horretarako modua izanen dute atezaintzan, han baitaude guztien eskura.

e) Debekaturik dago bizarra kentzea haien barrenean, baita jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

f) Debekaturik dago liburuak, aldizkariak edo paperak barrenera sartzea.

g) Sauna eta lurrun bainuetara oinutsik sartu beharko da beti.

h) Bi leku horietan gehienez ere 20 minutuz egoten ahal da, betiere jendea sartzeko esperoan baldin badago.

34. artikulua. "Egongune" izenarekin instalazioaren barrenean erabiltzaileak egoteko prestatu diren toki guztiak biltzen dira: belardiak, jantokiak, pasabideak, etab. Egonguneetarako arauak:

a) Abonatu izatearekin edo eguneko sarreraren prezioa ordainduz bihurtzen baita norbera erabiltzaile, horretaz baliatuz instalaziora sartu eta hura erabil dezake hala denak, baina instalazioa erreserbatu edo mugatzeko ahalmenik izan gabe.

b) Berdeguneetan ezin da eguzkitako, hamaka, etzaulki, aulki, koltxoneta edo igerileku puzgarririk... erabili.

c) Belardietan ezin da gainerako erabiltzaileei molestia edo belardiari eta gainerako landare apaingarriei kalte egin diezaiekeen deusetan aritu.

d) Egonguneen xedea lasaitasunerako eta atsedenerako toki izatea denez, ez da onartuko bertan transistorerik, irrati-kaseterik... erabiltzea, gainerako erabiltzaileak asalda edo molesta ditzakeen bolumenean.

e) Debekaturik dago berdegunera sartzea botila edo kristalezko bestelako ontziekin.

f) Otorduetarako ohiko orduetan jantokiko mahaiak erabiltzeko lehentasuna izanen dute bertan jan nahi dutenek, bestelakoetan (mahai jokoak...) aritu nahi dutenen aldean. Mahai horietan bakarrik erabiltzen ahal dira plastikozko tresnak (edalontziak, platerak, sardexka-koilarak...).

g) Udako denboraldiaren aurreko edo ondoko hilabeteetan, eguraldi ona egiten badu, instalazio bakoitzean zabalik egonen dira eremu mugatu jakin batzuk, bertan eguzkitan egon ahal izateko.

35. artikulua. Tenis zelaiak erabiltzeko arauak:

a) Bakar-bakarrik tenisean aritzen ahalko da bertan.

b) Zelai hori erabili nahi dutenak gehienez ere ordubetez aritzen ahalko dira, betiere bi pertsona baino gehiago badaude, eta kirolean ari daitezke gehienez ere lau pertsona, binaka arituta.

c) Tenis zelaiak zabalik daude erabiltzaile eta abonatu guztientzat, betiere behar den moduan eta garaiz eskatu badituzte.

d) Debekaturik dago jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

36. artikulua. Squash pistak erabiltzeko arauak:

a) Squash pistak, material eta neurri aldetik, squashean aritzeko berariaz diseinaturik daude.

b) Squash pista gehienez ere 30 minutuz erabiltzen ahal da.

c) Squash pistak zabalik daude erabiltzaile eta abonatu guztientzat, betiere behar den moduan eta garaiz eskatu badituzte.

d) Debekaturik dago jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

37. artikulua. Frontoiak erabiltzeko arauak:

a) Frontoiak, material eta neurri aldetik, pilotan aritzeko berariaz diseinaturik daude, erran nahi baita: eskupilota, palaz gomazko pilotarekin, palaz larruzko pilotarekin, frontenis... eta pilota federazioaren barrenean sartutako kirol modalitate guztiak. Bestela ere erabiltzen ahalko dira, salbuespen kasuetan, aldez aurretik udal baimena izanda.

b) Frontoia gehienez ere ordubetez erabiltzen ahal da.

c) Frontoiak zabalik daude erabiltzaile eta abonatu guztientzat, betiere behar den moduan eta garaiz eskatu badituzte.

d) Debekaturik dago jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

38. artikulua. Kirol pista estaliak eta gimnasioak erabiltzeko arauak:

a) Bi kirolgune horietan mota guztietako kirolak praktikatzen ahalko dira, betiere, kantxaren neurriak eta sabaiaren altuera kontuan hartuz, kirol bakoitzaren araudi berariazkoak onartzen duenaren arabera. Horretarako, joko eremurako behar diren neurriak kirol anitzeko pistaren lurrean markatu eginen dira.

b) Kirolgune horiek erabiltzeko gehieneko denbora jarrita etorriko da horretarako prest egonen den eskabide inprimakian, baita kontzesio idazkian ere.

c) Kirolgune hauek zabalik daude erabiltzaile eta abonatu guztientzat, betiere behar den moduan eta garaiz eskatu badituzte.

d) Debekaturik dago jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

39. artikulua. Muskulazio geletarako arauak:

a) Gelan dauden aparatuek kalte larria eragin diezaiekete modu desegokian erabiltzen dituzten pertsonei. Horregatik, gela erabili nahi dutenek aldez aurretik ikastaro txiki bat egin beharko dute monitore espezialistarekin. Behin ikastaro hori eginez gero, libreki erabiltzen ahalko dira makinak.

b) Muskulazio gela zabalik dago 16 urtetik goitiko erabiltzaile eta abonatu guztiek erabil dezaten.

c) Fitness gela erabili nahi duten 16 urtetik goitiko abonatuek Udalak onesten duen erabilera-kuota ordaindu beharko dute. Monitore espezialista pertsona horien esanetara arituko da; izan ere, banan-banako jarraipen programak izanen dira, bezeroak eskatzen duenaren arabera.

d) Jendea bakarka sartuko da fitness gelara, Udalaren kirol instalazioen abonatu txartela erabilita.

e) Sala diseinaturik dago gehienez ere 300 pertsona sar daitezen bertan. Kopuru horretara iritsiz gero, bertan jende gehiagori sartzea galarazten ahalko zaio denbora batean.

40. artikulua. Atletismo pistak erabiltzeko arauak:

a) Bertan praktikatzen ahalko dira atletismoaren barrenean biltzen diren modalitateak.

b) Xabalina, mailu, pisu edo disko jaurtitzaileen entrenamendu saioen kasuan, segurtasun eremu bat mugatu beharko da, behar bezain zabala, gainerako kirolarientzat arriskurik izan ez dadin. Kirol mota hauetarako, eta kontuan hartuz eraztunaren barreneko belardia erabiltzen dela, euria egiten badu erreserban hartutako orduan edo haren aurreko 4 orduetan, erreserba besterik gabe deuseztaturik geldituko da. Baita euria jarraian egitearen ondorioz zelaia erabiltzeko gaizki baldin badago ere.

c) Atletismoko materiala bakar-bakarrik talde federatuek erabiltzen ahalko dute, Udalak espresuki baimena emanda.

d) Kirolgune horiek erabiltzeko gehieneko denbora jarrita etorriko da horretarako prest egonen den eskabide inprimakian, baita kontzesio idazkian ere.

e) Kirolgune hauek zabalik daude erabiltzaile eta abonatu guztientzat, betiere behar den moduan eta garaiz eskatu badituzte.

f) Debekaturik dago jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

41. artikulua. Futbol zelaiak erabiltzeko arauak:

a) Bertan praktikatzen ahalko dira futbolaren barrenean biltzen diren modalitateak, eta Nelson Mandela estadioaren kasuan, errugbia eta atletismoa.

b) Euria egiten badu erreserban hartutako orduan edo haren aurreko 4 orduetan, erreserba besterik gabe deuseztaturik geldituko da. Baita euria jarraian egitearen ondorioz zelaia erabiltzeko gaizki baldin badago ere.

c) Kirolgune horietan kirolerako oinetako egokiak erabili beharko dira, takoaren tamaina eta mota joko zelai bakoitzari dagozkionak direla.

d) Kirolgune horiek erabiltzeko gehieneko denbora jarrita etorriko da horretarako prest egonen den eskabide inprimakian, baita kontzesio idazkian ere.

e) Kirolgune hauek zabalik daude erabiltzaile eta abonatu guztientzat, betiere behar den moduan eta garaiz eskatu badituzte.

f) Debekaturik dago jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

42. artikulua. Patinodromoa eta kirolerako kanpoko pistak erabiltzeko arauak:

a) Edozein pertsona sar daiteke instalazio horietara, baita haiek erabili ere, ez baita horretarako inolako baldintzarik ezarri.

b) Ezin da norbanakoentzat erreserbarik egin. Pistetara joan egin behar da, haiek erabili nahi izanez gero. Talderen baten kasua izanez gero, behar den erreserba egiten ahalko da, erregelamendu honetako 18. artikuluan zehazten den moduan.

c) Bertan praktikatzen ahalko dira instalazioen azpiegiturak onartzen dituen kirol mota guztiak, baita bestelako edozein kirol jarduera ere, betiere arriskurik ez badago instalazioko materialei edo zoruari edo bertan dagoen jendeari kaltea eragiteko.

d) Txirrindulari Eskolako kideek patinodromoa erabili nahi dutenean, kanpoko atetik sartu beharko dute bertara beren bizikletekin. Ezin dira elkarrekin eta batera aritu bizikleta gainean dabiltzanak patinatzen ari direnekin.

e) Debekaturik dago pintadak egitea, jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

VI._Diziplina arauak

43. artikulua. Tuterako Udalari dagokio abonatu edo erabiltzaileentzako behar diren diziplina neurriak hartzea, betiere erabilera erregelamendua betetzen dela eta instalazio bakoitzaren barreneko udal ondasunak zaintzen direla begiratzeko.

44. artikulua. Instalazioetako enplegatuek txartela kendu eta abonatu edo erabiltzaileak bertatik bidaltzeko ahalmena dute, baldin eta haien jarraibideei edo ahozko ohartarazpenei kasurik egiten ez badiete, eta erregelamendu honetako (edo aplikatzekoa den legezko araudiko) arauetakoren bat behin eta berriz hausten badute, edo erabiltzaileen segurtasuna edo lasaitasuna arriskuan jartzen badute, batere ukatu gabe arau-hausleari gerora jartzen ahal zaion zehapena.

45. artikulua. Erregelamendu honetako edozein arau eta erregela ez betetzeak berarekin ekar dezake zehapena jartzea. Tokiko Gobernu Batzarra arduratuko da zehapena jartzeaz, aldez aurretik txostena eginda, hutsegite larri edo oso larrien kasuan, eta Kirol Kudeaketako Zentroari dagokion Arloko zinegotzi delegatua, hutsegite arinen kasuan. Zehapenak gertakarien larritasuna eta berrerorketak kontuan hartuz jarriko dira, eta erabiltzaile izateari utzi beharra ere ekar dezakete ondorioz. Baldin eta zehatutako gertakariak galera ekonomikoa eragiten badu, instalazioko zerbitzu, altzari edo bestelakoren bat hautsi edo hondatzeagatik, egileak, zehapenaz gain, eragindako gastua ordaindu beharko du.

46. artikulua. Zehapenera iritsi bitarteko prozedura:

1._Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berarekin ekar dezake txartela kendu eta, badaezpadako neurri gisa, instalaziotik egoztea; hori instalazioetako edozein enplegatuk edo horretarako ahalmena duenak egin dezake.

2._Txartela Kirol Kudeaketako Zentrora igorriko da, eta han atxikiko da dagokiokeen espedientea tramitatu eta arau-haustea egin duen erabiltzaileari, bidezkoa bada, zehapena jarri arte.

3._Txartela Kirol Kudeaketako Zentroan atxikiko da, ezarritako zehapena betetzeko egunek dirauten bitartean, baldin eta zehapenak instalazioa erabiltzeko eskubidea aldi baterako kentzen badu.

4._Behin egun horiek iraganez gero, abonatuak bulego horietatik txartela hartu eta berriz ere erabiltzen ahalko du instalazioa.

Hutsegiteen sailkapena:

a) Hutsegite arinak.

b) Hutsegite larriak.

c) Hutsegite oso larriak.

a) Honako hauek hartzen dira hutsegite arintzat:

_Erregelamendu honetan ezarritako funtzionamendu arauetako edozein ez betetzea, hutsegite larri edo oso larritzat hartzen direnak izan ezik.

_Ez erabiltzea kirolgune bat lehendik erreserban eman dena eta, gainera, hirugarren bati kalte eginez.

b) Honako hauek hartzen dira hutsegite larritzat:

_Hutsegite arina bitan edo gehiagotan egitea.

_Abonatu txartela edo egunero sartzekoa beste edozein pertsonari lagatzea, hura hartaz baliatuz kirolgunera sar dadin.

_Instalaziora sartzea instalazioko sarrera ez den beste edozein tokitatik.

_Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edoezin arau-hauste, eta bereziki Udalaren kirol instalazioak, oro har, gaizki erabiltzeagatik egiten dena.

_Instalazioko edozein higigarri edo higiezin hondatzea.

_Instalazioaren barrenean ordena larriki nahastea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

c) Honako hauek hartuko dira hutsegite oso larritzat:

_Hutsegite larria bitan edo gehiagotan egitea.

_Instalazioaren barrenean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dioten arau-hauste larriak.

47. artikulua. Hutsegite arinek, aldez aurretik ohartarazpena eginda, instalazioa denbora batean (3tik 5 egunera bitarte) erabili ezina ekarriko dute beraiekin, kasuan kasuko zehapena jakinarazten den egunetik kontatzen hasita.

48. artikulua. Hutsegite larriek, betiere kontuan harturik zer gisatakoak diren, instalazioa denbora batean (hamabost egunetik hilabetera bitarte) erabili ezina ekarriko dute beraiekin, arau-haustea egiten den egunetik kontatzen hasita.

49. artikulua. Hutsegite larriak eta oso larriak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko zaizkio, hark kasu partikular bakoitza aztertu eta erabaki dezan dagokion zehapena, zeina izanen baita instalazioa hilabetez erabili ezin izatetik behin betikoz erabili ezin izatera bitartekoa, batere ukatu gabe Tuterako Udalak arau-hauslearen kontra abiarazten ahal dituen legezko ekintzak.

50. artikulua. Hutsegite arinak hilabetearen buruan preskribituko dira; larriak, urtebetearen buruan; eta oso larriak, hiru urteren buruan. Hutsegiteen preskripzio epea hutsegitea egin den egunetik hasten da kontatzen.

51. artikulua. Ematen diren ebazpenen kontra, indarra duen legerian kasu orokorretarako ezarritako errekurtsoak aurkezten ahal dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Erregelamendu honetatik kanpo gelditzen dira José Antonio Elola estadioa eta Santa Quiteriako futbol zelaiak, C. D. Tudelanorekiko lankidetza hitzarmenak indarra duen bitartean, eta Lourdesko futbol zelaiak, C.D. Lourdesekiko lankidetza hitzarmenak indarra duen bitartean, betiere lankidetza hitzarmen horietan arautzen diren erabilera-gaiei dagokienez.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Erregelamendu honek indar hartzearekin, indarrik gabe gelditzen dira Udalaren kirol instalazioak erabiltzeari buruzko lehengo erregelamendua eta Udalaren kirol instalazioak erabiltzeari buruzko arauak, Udalaren 1983ko martxoaren 28ko osoko bilkuran onetsi zirenak, Tuterako Udalaren atletismo pisten erabilera arautzen duten arau orokorrak, Udalaren 1985eko apirilaren 22ko osoko bilkuran onetsitakoak, bai eta Tuterako Udal Kiroldegiko frontoia erabiltzeko arauak, Gobernu Batzordeak 1993ko azaroaren 22an onetsitakoak, eta Udalaren Ribotas-Ebro kirolgunea erabiltzeko arauak ere, Gobernu Batzordeak 1995eko uztailaren 14an onetsi zituenak.

Iragarkiaren kodea: L0520285