134. ALDIZKARIA - 2005eko azaroaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

Z A N G O Z A

Zerbitzu orokorretako lanpostu bat, arduradun eginkizunekin, oposizio-lehiaketaren bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko deialdia, "Zangozako Udalaren Zahar Etxea" erakunde autonomorako

(Tokiko Gobernu Batzarrak erabakita onetsia, 2005eko urriaren 10ean).

A R A U A K

1. araua. Orotariko baldintzak.

1.1. Zangozako Udalaren Zahar Etxeko zerbitzu orokorretako lanpostu bat, arduradun eginkizunekin, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzea da deialdi honen xedea. Zerbitzua berrantolatzeagatik, arduradun lanak zuzendaritzaren edo bertze edozein lanposturen eskuetan uzten badira, deialdiko lanpostua zerbitzu orokorretakoa baizik ez da izanen.

1.2. Kontratatuek hiru hilabeteko probaldia izanen dute. Hura iraganik eta organo eskudunaren iritziz eman zaizkion egitekoak betetzeko gai ez bada, kontratua deuseztatutzat joko da.

1.3. Ordainsaria zerbitzu orokorreko langileendako ezarria izanen da, gehi % 25, lanpostuko osagarriaren aldera.

1.4. Deialdiko lanpostuaren lanaldia hau da:

_Lanaldia: astelenehetik igandera, lanaldi osoa % 100 eta lanaldi zatitua.

_Txandak: goizez, arratsaldez eta gauez. Ordutegia lan egutegira eta zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.5. Kontratatuen eginkizunak jarraian aipatzen dira, aipamen hutsez eta bertzelakoak baztertu gabe:

a) Zerbitzu orokorretako langileen artean egin beharrekoak banatzea eta horiek nola betetzen diren segimendu egitea.

b) Zerbitzu orokorretako langileak beren lanpostuetan ordezkatzea halako une batzuetan ez daudenean. Eta lana huts egiten badute, lanpostuak gaixo-agiririk ez duten gainerako langileekin betetzea, behar diren ordezkapenak egiteko behin-behineko langileak kontratatzea posible ez denean.

c) Zerbitzu orokorretako langileen lan egiteko arropa eta zapatak berritzea, Zuzendaritzarekin elkarlanean.

d) Pertsona eta atal guztien erabateko higienea zaintzea.

e) Gelak eta gainerako atalak berrikustea, baita larrialdiez gaztigatzeko sistemak ere.

f) Egoiliarren lentzeria eta arropak bildu, garbitu, lisatu eta banatzeko ardura, baita haien lentzerian eta arropetan konponketak egitea eta izena paratzea.

g) Zerbitzukoak ez diren guztiei sukaldean eta despentsan sartzen eragoztea.

h) Erromesen udal aterpearen kudeaketan eta garbiketaren antolaketan laguntzea.

i) Garbiketa eta higieneko, etxeko tresneriako, lentzeriako eta bertzelako produktuak eskuratu, biltegiratu, izakinak kontrolatu eta irteera ematea.

Jatekoen eskariak lankidetzan eginen dira sukaldariekin eta Karitateko Alabekin.

j) Nafarroako Elikagaien Bankuan edo bertze atal batzuetan jatekoak biltzea, lankidetzan Karitateko Alabekin. Beraz, B motako gidabaimena eduki beharko da.

k) Telefono eta megafonia bidezko komunikazioak, lankidetzan Karitateko Alabekin.

l) Mezularitza, lankidetzan Karitateko Alabekin.

m) Instalazioetako mantentze lanak, mota ezberdinetako konponketak eginez eta elementu zaharrak berrituz.

n) Eraikinaren eta lorategien kontserbazioa.

ñ) Eraikinaren, sarbideen eta giltzen zainketa, lankidetzan Karitateko Alabekin.

o) Egoiliarrek arduradunari edo Karitateko Alabei emanen diete geletan edo gainerako atal eta instalazioetan sumatzen dituzten goiti-beheitien berri.

p) Egoiliarren sarrera-irteeren, absentzien eta itzuleren kontrola, lankidetzan Karitateko Alabekin.

q) Erabiltzaileei eguneroko kontuen berri ematea, hala nola helbideak, ordutegiak, jarduerak, gertakariak, menuak edo gisakoak.

r) Bisitarien kontrola eta harrera, lankidetzan Karitateko Alabekin.

s) Egoiliarrak, enplegatuak eta, oro har, zahar etxean kausitzen diren guztiak, behar bezalako begirunez, adeitasunez eta arretaz hartzea.

t) Egoiliarrak garraiatzea, horretarako bere nahiz bertzeren baliabideak erabiliz, lankidetzan Karitateko Alabekin.

u) Zahar Etxeko eta haren inguruko bizi sozialari buruzko argibideak ematea eta egoiliarren partaidetza bultzatzea, bai hartan, bai kanpoko nahiz barneko jardueretan, dela gizarte, dela kultura, dela arte, dela aisia, hori guztia lankidetzan Karitateko Alabekin.

v) Egoiliarrak astialdian zerbaitetan aritzeko zaletasunak piztu eta garatzeko orientazioa eta sustengu pertsonala, lankidetzan Karitateko Alabekin.

w) Ordu erabilgarriak izatea.

x) Erraten zaizkion prestakuntza ikastaroetara joatea, lanpostuarekin ikustekorik badute.

y) Sekretu profesional beharrezkoa konplitzea, haren aplikazio guztietan.

z) Bertze eginkizun batzuk, zehaztu gabe ere manatzen bazaizkio eta lanpostuarekin bat egiten badute.

2. oinarria. Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Europako Ekonomi Elkarteko herritarra izatea eta 18 urtez goitikoa izatea.

b) Eskola ziurtagiriaren jabe izatea.

c) Dagozkion eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa edukitzea.

d) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea, eta administrazio baten zerbitzutik bereizia ez izana.

e) B motako gidabaimena izatea.

2.2. Aitzineko baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean bete behar dira, bai eta oposizioaren prozedura osoak dirauen bitartean ere, erakunde autonomoak kontratatazioa egiten duen arte.

3. oinarria. Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Zangozako Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabide horiek deialdi honetako I. eraskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio, eta haiekin batean lehiatzaileek alegatzen dituzten merezimenduak frogatzeko agiriak aurkeztuko dira.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Patronatuko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun naturaleko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta horiek ebatzitakoan, Patronatuko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratzeko aginduko du.

5. oinarria. Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: erakunde autonomoko batzordeko lehendakaria.

Ordezkoa: erakunde autonomoko batzordeko lehendakariordea.

Mahaikidea: Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte langilea.

Ordezkoa: Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte langilea.

Mahaikidea: Udalaren Zahar Etxea erakunde autonomoko langileen ordezkari sindikala.

Ordezkoa: Oibarko Udaleko idazkaria.

Mahaikidea: Zangozako Udaleko administrari ofiziala.

Ordezkoa: Zangozako Udaleko administrari ofiziala.

Mahaikide-idazkaria: Zangozako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Ledeako Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta eraketa eta jarduketa baliozkoak izateko haien kideen gehiengo osoak agertu beharko du, gutxienez.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haien gainean soilik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6. oinarria. Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean adieraziko da oposizioa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

7. oinarria. Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, ondotik heldu den baremoaren arabera baloratu ere. Izangaiek oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean azaldu behar dituzte beren merezimenduak eta, frogatu ere, une horretan frogatu behar dituzte, agirien bidez. Agiri guztiek jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatuak behar dute izan, eta baloratzeko moduko informazio argi eta zehatza eduki beharko dute. Bertzenaz, aurkeztu ez balira bezala jokatuko da.

7.2. Merezimenduen balorazioa.

Izangaien merezimenduak baremo honi jarraikiz baloratuko dira:

Prestakuntza: (gehienez ere 4 puntu).

_Zaharren artarekin zerikusia duten ikastaro eta titulazioak, epaimahaiak baloratu beharrekoak:

_Ikastaroak:

20tik 50 ordu bitartean: 0,25 puntu.

51tik 100 ordu bitartean: 1 puntu.

101 ordutik goiti: 2 puntu.

_Titulazioak:

_Zaharren artarekin zerikusia duen titulu ofizial bat izatea; 2 puntu titulu bakoitzeko

_Europako Elkarteko herrialde bateko hizkuntza ofizial baten titulua izatea, gaztelania izan ezik. 2 puntu titulu eta hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntza Eskolako 5. maila gainditu dela erakusten duen ziurtagiria edo, euskararen kasuan, EGA titulua aurkeztuko dira.

Esperientzia: (gehienez ere 6 puntu).

1. Zahar etxe publikoetan zerbitzu orokorretako langile lanak, arduradun eginkizunekin, edo horien parekoak egiteagatik: 2 puntu urte bakoitzeko.

2. Zahar etxe pribatuetan zerbitzu orokorretako langile lanak, arduradun eginkizunekin, edo horien parekoak egiteagatik: puntu bat urte bakoitzeko.

3. Zahar etxe publikoetan, udaletan edo bertze administrazio publiko batzuetan, zerbitzu orokorretako langile lanak edo horien parekoak egiteagatik: 0,75 puntu urte bakoitzeko.

4. Famili laguntzaile, klinika laguntzaile edo zerbitzu orokorretako langile kategoriarekin erakunde edo enpresa pribatuetan egindako zerbitzuengatik: 0,5 puntu urte bakoitzeko.

Behar bezala egiaztaturik badaude, aitzineko ataletan aurreikusitako merezimenduak kontatzeko, kontuan hartuko dira lan-kontratatu finko nahiz aldi baterako gisa egindako zerbitzuak, kontratua administratiboa edo bitartekoa izan nahiz lanpostua jabetzan, baina atal batean baino gehiagotan sartzen diren zerbitzuak aldi berean eman baldin badira, bakarrik puntuazio gehien duten zerbitzuak kontatuko dira batera egindako denbora horretatik.

Frogaturiko esperientziako denborak urte osoak osatzen ez baditu, behar den proportzionaltasuna aterako da.

8. oinarria. Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ondoko ariketa hauek egin beharko dira:

_Lehenbiziko ariketa: proba teorikoa.

Test motako galdetegi bat edo galdera motz batzuk erantzun beharko dira idatziz, programako II. eranskineko gai-zerrendan agertzen diren edukien gainean.

_Bigarren ariketa: proba praktikoa.

Kasu praktiko bat edo gehiago argitu beharko dira idatziz, oposizioko programarekin edo 1.5 atalean lanpostuaz adierazten diren eginkizunekin zerikusia izanik epaimahaiak hautatzen dituen alderdien gainean.

_Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoa.

Bete beharreko lanpostuaren ezaugarrien eta eginkizunen araberako proba psikoteknikoak egin beharko dira, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko teknikariek zuzendurik.

Epaimahaiak proba bat baino gehiago egun berean egitea erabaki dezake.

8.2. Oposizioko ariketen balorazioan 40 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

_Lehenbiziko ariketa: gehienez ere 15 puntu eta bazterturik geldituko dira 7,5 puntu erdiesten ez dituztenak.

_Bigarren ariketa: gehienez ere 15 puntu eta bazterturik geldituko dira 10 puntu erdiesten ez dituztenak.

_Hirugarren ariketa: gehienez ere 10 puntu eta bazterturik geldituko dira 5 puntu erdiesten ez dituztenak.

_Nolanahi ere eta ariketa guztietan, bazterturik geldituko da edozein gai edo ariketatan 0 puntuko kalifikazioa duen izangaia.

8.3. Kalifikazioa ateratzeko epaimahaikideek ematen dituzten puntuazioen batuketa eginen da, eta horren emaitza zatitu eginen da dauden epaimahaikideen kopuruaren artean. Behin betiko zenbakia buruketa horren zatidura izanen da.

8.4. Probetan, deialdi bakarra izanen da izangaientzat, eta hartara NAN aldean daramatela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak edo, halakorik bada, beren ariketen irakurketara agertzen ez direnak, bazterturik geldituko dira.

9. oinarria. Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Zangozako Herriko Etxeko iragarki oholean erakutsiko du gainditu dutenen zerrenda, atera duten puntuazioaren hurrenkeran, eta Patronatuko Batzordeari igorriko izendapen proposamena, puntuazio handiena ateratzen duen izangaiaren alde.

9.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio Patronatuko Batzordeari:

a) NANaren fotokopia.

b) Eskola Ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

d) Izangaiari dagokion osasun etxeak luzaturiko txostena, izangaia aztertu eta bere historial klinikoa begiratu ondotik, karguari dagozkion eginkizunetan aritzeko inolako eritasun edo akats fisikorik zein psikikorik ez duela adierazten duena.

9.3. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuak izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez badira ezin izanen da izendatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere deialdian parte hartzeko bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiokeen erantzun beharra deusetan ukatu gabe.

9.4. Aitzineko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, erakunde autonomoko Zuzendaritza Batzordeak 9.1. oinarrian adierazitako zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin ere aitzineko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

10. araua. Kontratazioa.

10.1. Hautabidea akituta eta 9.2. oinarriak aipatzen dituen agiriak ekarrita, Zuzendaritza Batzordeak, behar den erabakia harturik, baldintzak bete dituen izangaia kontratatzeko aginduko du.

10.2. Izangai izendatuak bere izendapena jakinarazi eta gehienez ere hogeita hamar eguneko epean sinatu beharko du kontratua eta karguaz jabetu. Hala egiten ez badu, justifikaturiko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, eskubide guztiak galduko ditu.

10.3. Kontratatuak hiru hilabeteko probaldia izanen du. Epe hori iraganik, administrazio kontratu egileak kontrakorik ez badu, lan-kontratudun finko bilakatuko da ondorio guztietarako.

11. araua. Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Zangozan, 2005eko urriaren 11n._Udalaren Zahar Etxea erakunde autonomoko burua, José Luis Lorenzo Elvás.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ....................................., adinez nagusia, N.A.N. zenbakia: ........................, sorteguna: ..................., sorterria: ........................, bizitokia: ..................., karrika: ...................., telefonoa: ..............

Zure aitzinera agertu eta,

Honako hau azaltzen dut:

_Zangozako Udalaren Zahar Etxeko zerbitzu orokorretako lanpostu bat, arduradun eginkizunekin, oposizio-lehiaketaren bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko deialdira onartzea eskatzen dudala.

_Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

_Alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkezten ditudala.

Horrenbertzez,

Eskabide hau onar dezazun eskatzen dut eta, hortaz, Zangozako Udalaren Zahar Etxeko zerbitzu orokorretako lanpostu bat, arduradun eginkizunekin, oposizio-lehiaketaren bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko deialdira onar nazazun.

Zangozan, 2005eko ..................aren ..................(e)an.

(Izenpea)

ZANGOZAKO UDALAREN ZAHAR ETXEA ERAKUNDE AUTONOMOKO ZUZENDARITZA BATZORDEKO BURUA.

II. ERANSKINA

Oposizioko programa

1. gaia._Hirugarren adinaren arazoak. Zerrenda.

2. gaia._Zaharren arta egokia egoitza geriatrikoetan.

3. gaia._Zaharraren garbitasun pertsonala.

4. gaia._Zahar etxe bateko alde ezberdinen garbiketan erabili beharreko bitartekoak. Bainugelen eta komunen garbiketa. Garbikarien erabilera zuzena. Arroparen garbiketa eta zainketa.

5. gaia._Zahar etxe bateko jantoki zerbitzuan kontuan hartu beharrekoak.

6. gaia._Zangozako Udalaren Zahar Etxearen administrazioaren antolaketa. Erakunde autonomoaren estatutuak.

Iragarkiaren kodea: L0520391