134. ALDIZKARIA - 2005eko azaroaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BUÑUEL

Herrilurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzako aldaketa. Behin betiko onespena

Buñuelgo Udalak, 2005eko uztailaren 12ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herrilurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzako aldaketa.

Hasierako onespenari buruzko erabakia 2005eko 104. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 31n, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da 2005eko urriaren 6ko bilkura berean, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/2005 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Buñuelen, 2005eko urriaren 7an._Alkatea, Santiago Mayayo Chueca.

HERRILURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Buñuelgo udalerriko herrilurre ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. 1._Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

2._Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. 1._Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Buñuelgo Udalari dagozkio, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta ordenantza honetan azaltzen den moduan

2._Herri ondasunen inguruan Buñuelgo Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute bakar-bakarrik aipatu Foru Legean berariaz ezarritako kasuetan.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu, artatu eta berreskuratzea

6. artikulua. Buñuelgo udalerriak herri ondasunak artatu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta haiek defendatzeko behar diren ekintzak oro burutu beharko ditu.

7. artikulua. Udalerriak ez baditu herrilurrak defendatzeko behar diren ekintzak burutzen, edozein bizilagunek, udalerriari eskatu ondoren, aukera izanen du ekintzak udalerriaren izenean eta interesean burutzeko, betiere bere eskubide zibil eta politikoen jabe bada. Ekintzak aitzina ateratzen badira, egileak eskubidea izanen du entitatearen aldetik prozesuaren kostuak eta sor daitezkeen kalte nahiz galerengatiko ordaina jasotzeko.

8. artikulua. Herrilurrei dagokienez, udalerriak bereak ditu ikerketarako, mugaketarako, ofizioz berreskuratzeko, zehapenetarako eta desahuzio administratiborako ahalmenak; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Ondasunen Erregelamenduan xedatutakoari lotu beharko zaio ahalmen horiek erabiltzerakoan.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Buñuelgo Udalak Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Buñuelgo Udalak ezin die men egin bere herrilurrak ukitzen dituzten demandei, ezta herrilurren gainean amore eman ere, ez bada Udalak osoko bilkuran eta legezko gehiengo osoz hartutako erabakiaren bidez eta betiere Nafarroako Gobernuak onetsi ondotik.

11. artikulua. 1._Buñuelgo Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

2._Interpretazioari buruzko erabakiak berehala betearaztekoak izanen dira, deusetan galarazi gabe jurisdikzio organo eskudunek haiei buruz ematen ahal dituzten ebazpenak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

12. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Laborantzako herrilurren aprobetxamendua.

b) Herrilarreen aprobetxamendua.

c) Famili baratzeen aprobetxamendua.

d) Herri ondasunen beste aprobetxamendu batzuk.

13. artikulua. 1._Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabe burujabea nahiz judizialki gaitua.

b) Buñuelgo Udalaren Biztanle Erroldan inskribatua egotea urtebeteko antzinatasunez.

c) Buñuelen urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Buñuelgo udalerriarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2._Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira, ezkontza-araubide ekonomikoa ondasun banaketakoa izan arren.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

14. artikulua. 1._Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarren artean zuzenean esleitutako aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko esleipena edo Buñuelgo Udalaren zuzeneko ustiapena.

2._Udalak modu horiek eta aipatu hurrenkeran aplikatuko ditu laborantzako herrilurren aprobetxamenduak esleitzeko.

1. SAILA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

15. artikulua. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta nekazaritza izan beharko dute ogibide nagusia edo nekazaritza arloko enpresaburu izan.

16. artikulua. 1._Ereduko loteek 50 bat erreguko azalera izanen dute esleipen modu honetan

2._Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten famili unitate anitz badira, Buñuelgo Udalak behar bezala arrazoitu eta loteen azalera beheititu ahalko ditu.

17. artikulua. Udalak laborantzako herrilurren % 50 erabiliko du, gutxienez, banaketa mota honetarako.

18. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez zortzi urtetarako esleituko dira loteak.

19. artikulua. 1._Udalak osoko bilkuran finkatuko du zernolako lur-saria ordaindu beharko duten, esleipen prozedura abiarazteko erabakiarekin batera finkatu ere; kasuan kasuko eremuan antzeko lurrek duten prezioaren adinakoa izanen da lur-saria.

2._Prezioa urtero berrituko da, nekazariek edo abeltzainek izandako prezio aldaketaren arabera erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraikiz.

20. artikulua. 1._Herrilurretako lurzatiak onuradunek berek zuzenean landu beharko dituzte.

2._Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 13. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

21. artikulua. Esleituriko lurzatiak errentan eman edo laborea apartzerian eman edo lagatzen dituzten onuradunei herrilurrak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

22. artikulua. 1._Buñuelgo Udalak egoki juzgatzen dituen egiaztaketak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

2._Honelakoetan ulertuko da lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, nork berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez badu.

b) Landazaintza Zerbitzuaren ustetan, esleitu herrilurretako lurzatiak, ordenantza honetako 20 eta 21. artikuluetan xedatzen den bezala, zuzenean eta pertsonalki lantzen ez badira.

c) Norbaiti egiaztagiriak eskatu _laborantza lanetan aritu izanaren, lehengaiak erosi izanaren edo produktuak saldu izanaren egiaztagiriak_ eta behar den epean aurkezten ez baditu.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean edo edo Europar Batasunaren Nekararitzako Politikaren barneko laguntzen aitorpenean etekinik aitortzen ez bada.

2. SAILA

Herritarren artean zuzenean esleitutako aprobetxamenduak

23. artikulua. Lurzatiak 1. sailean aurreikusi bezala banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herrilurrak zuzenean esleituko dira herritarren artean, 13. artikuluko baldintzak betetzen dituzten famili unitateen titularren artean alegia.

24. artikulua. Udalak zehaztuko du herritarren artean zuzenean esleituko diren loteen azalera, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik. Esleipena gelditu diren lurren azaleraren eta sarturiko eskabideen arabera eginen da.

25. artikulua. Esleipen epea zortzi urtekoa izanen da.

26. artikulua. 1._Lehentasuna duten herritarrendako esleipenean ordaintzen den lur-sari bera ordainduko dute onuradunek, Udalak finkatuko baitu, esleipen prozedura abiarazteko erabakiarekin batera.

2._Prezioa urtero berrituko da, nekazariek edo abeltzainek izandako prezio aldaketaren arabera erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraikiz.

27. artikulua. Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du esleipen hartzaileak, eta horri dagokionez, 20, 21 eta 22. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

28. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, dirusarrera handiagoak dituzten famili unitateetako titularren eskaerak kenduko dira, bai eta aurreko urteetan beren lurzatiak zuzenean landu ez dituztenen horien eskaerak ere.

3. SAILA

Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante irekia

29. artikulua. 1._Buñuelgo Udalak laborantzarako lurra soberan baldin badago, lehen eta bigarren sailetan ezarritako esleipen moduak aplikatu ondoan, enkante publikoan esleituko du zehaztuko den eperako, betiere esleipena banaketa berria egitean bukatzen bada.

2._Erregu bakoitzeko hasierako prezioa Udalak finkatuko du eta eremu horretan gisako lurrentzat dauden errentamendu prezioen parekoa izanen da.

3._Lur-saria 19. artikuluan xedatu bezala eguneratuko da.

30. artikulua. Enkantea egin eta oraindik ere laborantzako lurrik baldin badago soberan, Buñuelgo Udalak aukera izanen du zuzenean ustiatzeko.

4. SAILA

Aprobetxamenduak esleitzeko prozedura. Lehentasuna duten herritarren arteko esleipena eta zuzeneko esleipena

31. artikulua. Buñuelgo Udalak osoko bilkuran erabakia hartu eta Udalaren ediktu oholean nahiz Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara. Ondoren hamabost eguneko epea emanen da eskubidea dutela uste dutenek herrilurretako laborantzako lurzatiak eska ditzaten.

32. artikulua. 1._Udalak banatuko du eskabidearen eredu ofiziala, eta bertan zehaztuko dira banaketa modua eta zer lur eskatzen den. Honakoak erantsiko dira:

A) Alderdi hauei buruzko aitorpena:

_Buñuelgo udalerriko bizilaguna izatea, urtebeteko antzinatasunez bederen, eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabetez bizitzea bertan.

_Buñuelgo Udalerriarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

_Famili unitatea osatzen duten kideak.

_Famili unitateko kide bakoitzak lantzen dituen lurrak, bai errentan edo apartzerian hartuak bai jabetzaz besteko edozein tituluz, dela Buñuelgo Udalerrian dela beste edozeinetan. Lehorreko lurrak ala ureztalurrak diren zehaztu beharko da.

B) Ondoko agiriak, jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak:

_Nortasun Agiri Nazionala edo Identifikazio Fiskaleko Kodea.

_Gizarte Segurantzako altaren egiaztagiria.

_Famili unitateko kide bakoitzaren dirusarrerak, izanik nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak nahiz prestazio publikoen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

_Europar Batasunaren Nekararitzako Politikaren barneko laguntzen aitorpena, lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduen kasuan.

2._Buñuelgo Udalak egoki irizten dituen agiriak oro eskatzeko eskumena du, aitortutako datuak benetakoak ote diren zehazte aldera.

33. artikulua. Buñuelgo Udalak, Alkatetzak proposaturik eta osoko bilkuran, esleipen modu bakoitzean onartu direnen behin-behineko zerrenda onetsiko du.

34. artikulua. Behin-behineko zerrenda hori Udalaren ediktuen oholean emanen da argitara, herritarrek eta bidezko interesa dutenek hamabost egun naturaleko epea izan dezaten espedientea aztertzeko eta egoki juzgatzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.

35 artikulua. 1._Udalak osoko bilkuran ebatziko ditu ebazpenak, eta behin betiko zerrenda onetsiko du.

2._Erreklamaziorik aurkeztu ezean, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da.

36. artikulua. 1._Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan eskubidea duten famili unitateen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, Udalak, osoko bilkuran, loteak esleituko ditu, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 16. artikuluaren araberakoak izanen dira.

2._Ondoren eta laborantzarako herrilurren gainontzeko azalerari dagokionez, Udalak laborantzarako loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden famili unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 16. artikuluaren araberakoak izanen dira.

3._Lurzatiak esleituta, onuradunen eta esleitutako lurzatien zerrenda argitaratuko da Udalaren ediktuen oholean.

37. artikulua. 1._Esleipenak dakartzan betebeharrak beteko direla segurtatzeko, onuradun guztiek zortzi urteei dagokien lur-sariaren % 1eko bermea eratu beharko da Udalaren alde, esleipena egiten denetik hamabost egun naturaleko epean. Epe horretan hala egiten ez bada bertan behera geldituko da esleipena.

2._Berme hori Zuzenbidean onaturiko edozein bide erabilita aurkeztu ahalko da, eta kontsumorako prezioen indizearen arabera eguneratuko da Udalak hala eskatzen duenean.

5. SAILA

Familiendako baratzak

38. artikulua. Buñuelgo Udalak gehienez ere erregu bat eta erdiko lurzatiak utzi ahalko dizkie famili unitateen titularrei baratzetako edo antzeko aprobetxamenduetarako, betiere ondoko baldintza hauetan:

a) Buñuelgo udalerriko bizilaguna izatea, urtebeteko antzinatasunez bederen, eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabetez bizitzea bertan.

b) Eskatzailea ezin izanen da beste famili baratze baten onuradun izan.

d) Baratzea norberak zuzenean landuko du.

c) Lurzatiaren esleipena indarrean egonen da onuradunak lantzen duen artean.

d) Erreguko aprobetxamenduaren zenbatekoa urtero finkatuko da tributu tasak eta herrilurretako lur-sariak ezartzen dituen udal erabakiarekin batera, eta urtero eguneratuko dira kontsumorako prezioen indizearen arabera.

39. artikulua. Famili baratzeak Alkatetzaren ebazpenaren bitartez esleituko dira, eskaera egin eta aipatu baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

III. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

40. artikulua. Herrilarreen aprobetxamendua, edo antzinako ohitura, edo lege nahiz hitzarmenari jarraiki ustiapen unitatea osatzen duten beste finka partikularrekin batera, honela eginen da:

a) Herritarren arteko zuzeneko esleipena.

b) Enkante publikoaren bidezko esleipena.

41. artikulua. Udalak kalkulatuko du lote bakoitzak jasan dezakeen azienda karga.

42. artikulua. Onuradun izateko, famili unitateen titularrak 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu eta azienda Buñuelgo udalerrian eduki beharko du erregistraturik.

1. SAILA

Herritarren arteko zuzeneko esleipena

43. artikulua. 1._Udalak osoko bilkuran erabakia hartu eta Udalaren ediktu oholean nahiz Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara. Ondoren hamabost eguneko epea emanen da aurreko artikuluko beharkizunak betetzen dituztenek herrilarreen esleipena eska dezaten.

2._Udalak banatuko du eskabidearen eredu ofiziala, eta bertan alderdi hauei buruzko aitorpena erantsiko du interesatuak:

44. artikulua. 1._Udalak banatuko du eskabidearen eredu ofiziala, eta bertan zehaztuko da hartu nahi diren loteen zerrenda ordenatua. Ondokoak erantsiko dira:

A) Alderdi hauei buruzko aitorpena:

_Buñuelgo udalerriko bizilaguna izatea, urtebeteko antzinatasunez bederen, eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabetez bizitzea bertan.

_Buñuelgo Udalerriarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

_Famili unitatea osatzen duten kideak.

B) Ondoko agiriak, jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak:

_Nortasun Agiri Nazionala edo Identifikazio Fiskaleko Kodea.

_Gizarte Segurantzako altaren egiaztagiria.

_Buñuelen erregistratutako abelburuak.

2._Buñuelgo Udalak egoki irizten dituen agiriak oro eskatzeko eskumena du, aitortutako datuak benetakoak ote diren zehazte aldera.

45. artikulua. 1._Udalak, Alkatetzak proposaturik eta osoko bilkuran, behin-behinekoz onetsiko du esleipena, Udalaren ediktuen oholean emanen baita argitara, herritarrek eta bidezko interesa dutenek hamabost eguneko epea izan dezaten espedientea aztertzeko eta egoki juzgatzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.

2._Udalak erreklamazioak ebatzi eta esleipena behin betikoz onesteko erabakia hartuko du.

3._Hasierako onespena behin betiko bilakatuko da erreklamaziorik aurkezten ez bada.

46. artikulua. 1._Larreak loteka baloratuko dira, kontuan hartuz bakoitzak jasan dezakeen abelburu kopurua eta artegien egoera.

2._Esleipen prezioa ez da izanen kasuan kasuko eremuko larreen benetako balioaren % 80 baino txikiagoa, ez eta % 90 baino handiagoa ere.

47 artikulua. Esleipen epea zortzi urtekoa izanen da, eta epe hori bukatutakoan berriz esleitu beharko dira, ordenantza honetan ezarri moduan.

48. artikulua. 1._Esleipenak dakartzan betebeharrak beteko direla segurtatzeko, onuradun bakoitzak zortzi urteei dagokien lur-sariaren % 4ko bermea eratu beharko du Udalaren alde, esleipena egiten denetik hamabost egun naturaleko epean. Epe horretan hala egiten ez bada bertan behera geldituko da esleipena.

2._Berme hori Zuzenbidean onaturiko edozein bide erabilita aurkeztu ahalko da, eta kontsumorako prezioen indizearen arabera eguneratuko da Udalak hala eskatzen duenean.

49. artikulua. Nolanahi ere, bai abelburu bakoitzeko lur-saria, espezieen arabera, bai eta esleipen prezioa ere, ez dira izanen larreen benetako balioaren % 80 baino txikiagoak, ez eta % 90 baino handiagoak ere.

50. artikulua. Lote bakoitzaren esleipen prezioa urtero eguneratuko da 19. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

51. artikulua. Larreak zuzenean aprobetxatuko dira, ez baita zilegi lagatzea edo besteri errentan ematea.

52. artikulua. Esleipen hartzaileen abelburuek luzerna soroetan larratzeko eskubidea izanen dute abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra bitarte, biak barne, ez bada laborearen jabeak lehenago etortzeko esaten diela edo luzeago larratzen uzten diela.

53. artikulua. 1._Finketako jabeek, errentariek edo apartzeroek, lote bakoitzean sartutako guztiek alegia, hamar eguneko epea izanen dute, uzta jasotzen denetik, bilketa lanak burutzeko; hortaz, abelburuak ezin baitira finka horietan sartu aipatu hamar egun horiek igaro arte, eta abeltzainak beste hamar egun izanen ditu azienda larratzeko. Nola nahi ere den, abeltzaina laborearen jabeak esaten dionean sartu ahalko ditu abereak larratzera, eta betiere uzta jaso eta hamar egun igarotakoan; eguraldi txarrak lurra biguntzen ahal duenean, ordea, ez dira aipatu epeak beteko.

2._Herrilurretako laborantzako lurren errentariek bigarren uzta izateko ereiten badute, abeltzaintzako aprobetxamendua ahalbidetu beharko dute, eta epea bost egunekoa izanen da egin beharreko lanak presakoak izanen baitira.

3._Jabe, errentari edo apartzeroren batek artzaintzarekin batera ezinak diren laboreak lantzen baditu, Udalari jakinaraziko dio; Udalak benetan bateraezina ote den erabakiko du eta hala bada, belarren esleipen hartzaileari emanen dio horren berri abelburuekin sar ez dadin. Halakoetan, proportzioan dagokion murrizketa izanen du Udalari ordaindu beharreko lur-sarian.

54. artikulua. Esleipen hartzaileek Ebro ibaiko ezkerraldeko morruen muga osoa errespetatuko dute, Los Pontones alderdiko isurbideraino, hamar metroko lur-zerrenda errespetatu beharko dute eta.

55. artikulua. Esleipen hartzaileak izanen dira beren abelburuek loteetako finka partikularretan sortzen ahal dituzten kalteen erantzule zuzenak.

56. artikulua. Euria ari duenean abelburuak ezin izanen dira laborantzako finketan sartu hiru egun igaro arte.

57. artikulua. Ezin da behirik larratu ureztalur intentsiboko finketan; esleipen hartzaileek ezin izanen dute inolako arrazoirik baliatu prezioa murriztu edo kontratua desegiteko eskatzeko.

58. artikulua. Simaurra abeltzainarentzat geldituko da; nahi bezala erabili ahalko du, baina errentamendua bukatu baino lehen atera beharko du.

59. artikulua. Esleipen hartzaileak erantzun beharko du bere aziendek kalterik egiten badute. Hemen aipatzen den erantzukizuna soil-soilik administratiboa izanen da, eta bakarrik arlo horretako agintariak eskatzen ahalko du.

60. artikulua. 1._Esleipen hartzaileak azienda aterpetu eta ixteko estalpe eta eskortetan paraturiko arropak eta zurak kendu beharko ditu. Bera da eskortak oker erabiltzeagatik sortzen diren kalteen erantzulea, eta berak konpondu beharko ditu, kalteak sortu eta berehala; hala egiten ez badu, Udalak eginen ditu konponketa lanak, esleipen hartzailearen kontura egin ere.

2._Orobat, bere kargu eginen ditu haiek desinfektatu, zuritu eta garbitzeko lanak, hiru urtean behin bederen, eta landazaintza zerbitzuak eskatzen dion bakoitzean, eta bereziki errentamenduaren epea amaitzean.

3._Udal lizentzia beharko da artegi, larre, idoi eta abarretan edozein hobekuntza lan egin ahal izateko.

61. artikulua. Abeltzainaren beharkizunak:

a) Aziendak Buñuelen erregistraturik izan beharko ditu esleipenak dirauen bitartean.

b) Ez ditu errentan emenen ezta eskualdatuko ere esleitu zaizkion larreak.

c) Esleipenari uko eginez gero, lurrak Udalaren esku utzi beharko ditu Udalak berriz esleitu ditzan.

d) Artegiak esleipenaren unean zeuden bezala mantenduko ditu, eta gertatzen diren kalte-galerei erantzun beharko die.

62. artikulua. Udalaren alde ordainduko dira egungo belar barrutiak bai eta eskatzen diren gainerakoak ere.

2. SAILA

Enkante bidezko esleipena

63. artikulua. Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez ez badira herrilarre guztiak esleitzen, enkante publikoaren bidez esleituko dira, herritarrendako zuzeneko esleipenaren epea bukatu arteko denboran.

IV. KAPITULUA

Bestelako aprobetxamenduak

64. artikulua. Herrilurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua gaiari buruzko foru araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

65. artikulua. Herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Buñuelgo Udalak prestatzen dituen baldintza pleguei lotuko zaizkie. Gainera, aldez aurretik gutxienez 15 egunez jendaurrean jartzea eta Nafarroako Gobernuak onestea beharrezkoa izanen da.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

66. artikulua. 1._Buñuelgo Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrak laguntzeko.

2._Proiektu horiek Udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatu ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3._Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean egotea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4._Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

67. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Zehapenaren araubidea

I. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak laborantzako herrilurren eta herrilarreen aprobetxamenduaren alorrean

68. artikulua. Laborantzako herrilurren aprobetxamenduaren arloko arau-hausteak:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduaren lur-sariak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari esleipeneko erabilera ez dena ematea.

e) Lurrak lantzea udal esleiepenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Esleipenetan aipatutako epeak ez errespetatzea.

h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

69. artikulua. Honela zehatuko dira aurreko arau-hausteak:

a), b), c), d) eta f) arau-hausteengatik esleipena kenduko da eta bermea bahituko, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

Bestalde, e) arau-haustearengatik, laborantzako herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, eragindako kaltearen balioaren halako bost eta hamar bitartean ordainaraziko da. Balio hori zehazterik ez badago, 60tik 12.000 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

70. artikulua. Herrilarreen aprobetxamenduaren arloko arau-hausteak:

a) Ez betetzea animalien osasun babesari buruzko foru arautegia.

b) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

c) Norberari esleitu gabeko bazkalekuan azienda sartzea.

d) Aziendak sartzea ordenantza honetan onartzen ez den garaian eta tokian, herrilurreko lurzatien laborantza lanei kalte eginez.

e) Aziendentzako artegi eta idoietan kalteak eragitea.

f) Aprobetxamenduaren esleipen epeak ez errespetatzea.

g) Belarrak aprobetxatzeko finkatutako kopuruak edo ezartzen diren bestelako tasa edo sariak epeen barnean ez ordaintzea.

h) Norberari esleitu zaion lotea beste norbaiti errentan ematea edo eskualdatzea.

71. artikulua. 1._Honela zehatuko dira aurreko arau-hausteak:

_a) arau-haustearengatik esleipena kenduko da eta bermea bahituko, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

_h) arau-hautearengatik esleipena kenduko da eta bermea bahituko.

_f) arau-haustearengatik, laborantzako herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, eragindako kaltearen balioaren halako bost eta hamar bitartean ordainaraziko da. Balio hori zehazterik ez badago, 60tik 6.000 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

2._Hori guztia ezertan ukatu gabe ondasun publikoei edota hirugarrenen ondasunei sortzen ahal zaizkien kalteen zenbatekoa, hori sortzaileek berek ordaindu beharko baitute dagokion moduan.

II. KAPITULUA

Eskumena eta prozedura

72. artikulua. Alkateak du arlo honetako zehapenak ezartzeko eskumena.

73. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteak direla-eta prozedurak izapidatu eta zehapenak ezartzeko, zehapen prozedura administratibo orokorrari jarraituko zaio.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Herrilarreen aprobetxamenduen 2005eko esleipenek indarrean segituko dute kontzesio epea bete arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira herrilurren aprobetxamenduei buruz indarrean ziren ordenantzak oro.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutakoan eta Estatuko eta Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L0520441