117. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

L I Z A R R A

Deialdia, Lizarrako Udalaren Remontival ikastetxeari atxikitako eskolazaina izateko lanpostu huts bat betetzeko, lekualdatze lehiaketaren bidez

Lizarrako Udaleko alkateak 2005eko irailaren 2an eman 333 zenbakiko ebazpenaren bidez, "Lizarrako Udalaren Remontival ikastetxeari atxikitako eskolazaina izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko deialdia" onetsi zen; hona hemen

O I N A R R I A K

1._Xedea.

1.1. Deialdi bat iragartzen da, Lizarrako Udalaren Remontival ikastetxeari atxikitako eskolazaina izateko lanpostu huts bat betetzeko, lekualdatze lehiaketaren bidez.

1.2. Izendatuak ondoko eginkizunak beharko ditu bete:

1.2.1. Bere karguko eginkizunen barruan, ikasleei eta irakasleei laguntzea, eskola orduetan; eta ikastetxearen erabiltzaileei laguntzea eskola orduetan eta horietatik kanpo (hemen sartzen da ikasleen gurasoei laguntzea, ikastetxeko lokal eta instalazioetan ibiltzen eta irakasleengana joaten).

1.2.2. Eraikinetako altzarien eta suntsigarria ez den materialaren inbentarioa zehazki kontrolatzea, bai okupazioaren unean baina ikasturtea amaitzean, ekainean. Materialaren izakinak kontrolatzea eta hornitzaileez arduratzea.

1.2.3. Higiezinetako instalazio komunen erabilera zaindu eta kontrolatzea.

1.2.4. Ikastetxetik kanpoko lagunen sarrera zaindu eta kontrolatzea.

1.2.5. Eskolako instalazioak (besteak beste, leihoak) ireki, zaindu eta ixtea, eta argiak itzaltzea, eguneko jarduerak bukatutakoan.

1.2.6. Ur, elektrizitate, berogailu eta beste zerbitzu batzuen kontsumoa kontrolatzea.

1.2.7. Berogailua eta eskola instalazioetako beste zerbitzu batzuk martxan jarri eta geldiaraztea.

1.2.8. Ikastetxeko mantentze-lan arruntaz arduratzea:

_Elektrizitatea: lanpara, pizkailu, etengailu eta entxufeez hornitzea.

_Arotz lanak: eskutokiak, zerrailak, ziriak, pertsianak, paper-edukigailuak eta toaila-euskarriak konpondu eta horiez hornitzea.

_Iturgintza: txorrotak, eta tanga, sifoi eta bertxen kontrapisu eta flotagailuak konpondu eta horiez hornitzea.

_Pintura: eskolako instalazioen eta haien ekipamenduaren barruko aldea eta kanpokoa.

_Lorezaintza: berdeguneetako mantentze lanak.

_Beste edozein lan, ikastetxeko instalazioak edo ekipamendua mantentzekoa edo hobetzekoa.

1.2.9. Bera arduratuko da Lizarrako Udalari jakinarazteaz zer mantentze lan egin behar diren eskola instalazioetan, baldin eta eskolazainak ezin baditu egin.

1.2.10. Karguari dagozkion beste lan batzuk, hala nola fotokopiak egitea (ikasleei kobratzea ere bai), dokumentazioa, altzariak edo objektuak lekuz aldatzea, edo udal organo eskudunek nahiz ikastetxeko zuzendaritzak egoki juzgatzen dituzten beste batzuk, zerbitzua hobetzeko direnak.

1.2.11. Telefono deien banaguneaz arduratzea, bai deiak banatuz bai oharrak hartu eta gero interesatuei horiek emanez.

1.2.12. Noizean behin, berehalako garbiketa egitea, irakasleek eskatu ondoan edo haiek eskatu gabe, eskolako edozein espazio zikintzen denean edozein gorabehera dela medio (matxurak, norbaiten zauritzeak, egonezina edo gaixotasuna, etab.).

1.2.13. Ikastetxeko kanpo zerbitzuen (esaterako, ikastetxearen garbiketaren) jarraipena eta kalitatearen kontrola egitea.

1.2.14. Ikus-entzunezko materiala paratu eta erabiltzea irakasleek eskatuz gero.

1.2.15. Bere mailari eta kategoriari dagozkienen artean, agintzen zaizkion guztiak.

1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da beti, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute zerbitzuari lotutako arrazoiak direla medio. Nolanahi ere, arau orokorra da lanaldia zatitua izanen dela, eta bermatuko da betiere ikastetxean eskolazain bat egotea, gutxienez.

Urteko oporrak bat etorriko dira ikastetxeko ikasleen oporrekin, eta bermatuko da betiere ikastetxean eskolazain bat egotea, gutxienez.

2._Lanpostu hutsen kopurua handitzea.

Deialdi honetako lanpostuen kopurua handitu ahalko da, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda, lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa, igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituz.

Lehiaketa honetan beteko diren lanpostuak ondokoak izanen dira: deialdian bertan hasieratik eskainia eta, hala badagokio, aurreko lerroaldeak aipatzen duen gehikuntzaren ondoriozkoak, bai eta lehiaketan bertze lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituztenak ere.

Lehiatzaileren batek lehiaketa honetan lanpostua erdietsi eta bere lanpostuaren izena deialdiko lanpostuarena ez bezalakoa baldin bada, izendapenean izen berria hartuko du lanpostu berriaz jabetzen den unetik. Orobat, dagokionean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta berriz lehiatzaileei eskaintzen zaizkien lanpostuen izena aldatu eginen da.

3._Aplikatu beharreko arauak.

Lekualdatze lehiaketa hau ondoko arauek erregulatuko dute: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzeko arauek, hura garatu eta betearazteko asmoz lanpostuak betetzeari buruzko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamenduak, eta deialdiaren oinarriek.

4._Betebeharrak.

Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko betebeharrak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Lizarrako Udalaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) D maila edo taldekoa izatea.

Nahitaezko eszedentzian edo lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute, halaber, lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

5._Lansariak.

Lekuz aldatzen diren langileek indarra duten xedapenek esleitzen dizkieten lansariak jasoko dituzte.

6._Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

a) Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute Lizarrako Udaleko erregistro orokorrean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hamabortz egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta beraietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.

b) Deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagiri behar bezala kautotuak erantsiko zaizkio eskabideari.

7._Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Lizarrako Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, ohartaraziz, hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin eta akatsak zuzen ditzaketela.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Lizarrako Udaleko alkateak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen Ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Lehiatzaile bazterturik gertatzen ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzirik, Lizarrako Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

8._Epaimahaiko kideak.

Lehiaketa kalifikatzeko epaimahaian hauek izanen dira:

Mahaiburua: María José Fernández Aguerri, Lizarrako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Jesús Javier Martínez de Carlos, Lizarrako Udaleko zinegotzia.

Mahaikideak:

1. Lizarrako Udaleko Administrazioko Langileen Batzordearen ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Ordezkoa: Lizarrako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

2. Mahaikide idazkaria: Pablo Gil Morrás, Lizarrako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Puy Barbarin Elcarte, Lizarrako Udaleko administrari-ofiziala.

9._Lekualdatzeko lehiaketa nola eginen den.

Lekualdatzeko lehiaketan honako elementu hauek baloratuko dira:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez 35 puntu.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: gehienez 25 puntu.

c) Lanpostuaren eduki eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez 25 puntu.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Proba praktikoa egin aurretik, epaimahaiak oinarri honetako a) eta b) ataletan aipatzen diren elementuak baloratuko ditu. Atal hauen puntuazioa ez da baztertzailea izanen. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu lehiatzaileek azaldutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

Oinarri honetako a) eta b) ataletan aipatzen direnak (merezimenduak) alegatu eta justifikatuz gero, epaimahaiak dagokien kalifikazio eta puntuazioa emanen du, eransten den baremoaren arabera.

Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Oinarri honetako a) eta b) ataletan aipatzen direnen kalifikazioa bukatu ondoren, Epaimahaiak argitara emanen ditu Lizarrako Udalaren iragarki oholean lehiatzaile guztiek lortutako puntuazioak, eta bost eguneko epea ezarriko du interesatuek haien balorazioaren gainean zuzenbidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten.

Proba praktikoaren balorazioa baztertzailea izanen da, eta bazterturik geldituko dira hartan 12,5 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak. Probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Bazterturik geldituko dira agertzen ez direnak. Proba hau plika sistemaren bidez eginen da. Plikak jendaurrean irekiko dira eta Lizarrako Udalaren iragarki oholean aditzera emanen. Jendaurreko egintza hori eginda, epaimahaiak iragarki oholean argitaratuko ditu emaitzak.

Lehiatzaileen puntuazioetan berdinketarik gertatuz gero, proba praktikoan puntuaziorik altuena atera duenaren alde hautsiko dira. Hala ere, berdinketak segitzen badu, administrazio publikoetan zerbitzu ematen antzinatasunik handiena duen lehiatzailearen alde eginen da, eta horrekin ere hausten ez bada, lehiatzailerik zaharrenaren alde.

10._Lehiatzaileen zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, Epaimahaiak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Lizarrako Udalaren iragarki oholean, eta lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, alkateari igorriko dio espediente osoarekin batera, hark behar den ebazpena eman dezan, hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

11._Lanpostu hutsak hautatzea.

Lehiakideek lorturiko puntuazioaren arabera aukeratzen ahalko dituzte lanpostu hutsak, alkate udalburuak hartarako deitzen duen ekitaldian.

Behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostua aukeratzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xede diren lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

12._Esleipena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

Alkateak, ebazpen bidez, lanpostuak esleituko dizkie proposatutako lehiatzaileei, eta hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

Lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen ez duen ebazpen horretan.

13._Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Lizarran, 2005eko irailaren 2an._Alkatea, María José Fernández Aguerri.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua

Lizarrako Udalaren eskolazain izateko lanpostu bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko eskabidea. Deialdia ........... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ......(e)ko ............aren ...........(e)an.

1._Norberaren datuak.

Izen-deiturak:

Jaiotze eguna eta tokia:

N.A.N.: ...............

Helbidea:

P.K.....................

Etxeko telefonoa: .............. Laneko telefonoa:

2._Datu administratiboak:

a) Oinarrizko lanpostuan duen administrazio egoera:

Lanpostua:

Zein maila edo taldetakoa den: .............

f Lizarrako Udaleko funtzionarioa.

f Jardunean.

f Zerbitzu berezietan.

f Eszedentzia berezian.

f Borondatezko eszedentzian.

f Nahitaezko eszedentzian.

(X batez markatu dagokion kontzeptua)

b) Destinoa:

Alorra edo erakunde autonomoa:

c) Orain zein lanpostutan ari den (oinarrizkoa ez bada):

Alorra edo erakunde autonomoa:

3._Nik, sinatzaileak, adierazten dut eskabideak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen ditudala.

4._Eskabidearekin batera, aginduzko dokumentazioa eta alegaturiko merezimenduen frogagiriak aurkeztu ditudala.

Horrenbertzez,

Eskatzen dut deialdi honetan onar nazazuela.

Lizarran, 2005eko ............aren ...(e)an.

(Izenpea)

2. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1._Edozein administrazio publikotan, langile finko gisa, deialdian eskaintzen den lanpostu berean edo antzeko batean emandako zerbitzuak: puntu bat urte bakoitzeko.

2._Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdian eskaintzen den lanpostu berean edo antzeko batean egindako zerbitzuak: 0,75 puntu urte bakoitzeko.

3._Edozein administrazio publikotan, langile finko gisa, deialdikoa ez den bestelako lanposturen batean egindako zerbitzuak: 0,25 puntu urte bakoitzeko.

4._Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdikoa ez den bestelako lanposturen batean egindako zerbitzuak: 0,20 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie lehiatzaileei.

2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu den aldietako zerbitzuak, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

1._Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan, lanpostuaren eginkizunetan zerikusia dutenetan, parte hartzea: 1 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 25 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak proportzionalki kalkulatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza jardueretan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki sartuko dira Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan sindikatuek antolatzen dituztenak.

2._Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea, betiere lanpostuari dagozkion eginkizunekin zerikusia badute: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, nazio edo nazioarteko maila duen kontuan hartuz.

3._Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea, betiere lanpostuari dagozkion eginkizunekin zerikusia badute: gehienez ere, puntu bat. Epaimahaiak baloratuko du haien iraupenaren arabera.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 25 puntu izanen da gehienez.

Iragarkiaren kodea: L0518855