117. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

L I Z A R R A

Deialdia, Lizarrako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Lizarrako Udaleko alkateak 2005eko irailaren 6an emandako 337. Ebazpenaren bidez, onetsi egin da "Lizarrako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia"; hona hemen deialdia arautzen duten

O I N A R R I A K

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdiaren xedea da Lizarrako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez eta funtzionarioen araubidean betetzea.

1.2. Probak gaindituta lanposturik gabe gelditzen diren izangaiei aldi baterako kontratua egiten ahalko zaie, puntuazio ordenari jarraituz, indarra duen araudian aurreikusitako kasuetan.

1.3. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du hautatua, Udaleko funtzionarioei dagokienez indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin. Izendatua gertatzen dena Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetu eta alta emanen zaio, abenduaren 30eko 13/1993 Foru Legean ezarri bezala.

1.4. Lansariei dagokienez, lanpostuak izanen ditu Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean eta Ordainsarien behin-behineko Erregelamenduan D mailarentzat ezarritakoa, eta plantilla organikoan eta Lizarrako Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoa ere bai.

1.5. Izangai izendatuak Lizarran bizi beharko du, eta horretarako udal mugape horretan finkatuko du, egiazki, bere bizilekua.

1.6. Lanaldia urtero ezarriko da eta zerbitzuaren beharretara egokituko, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek.

1.7. Deialdi honen kariaz izendatua gertatzen den pertsonak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

.Obra lantaldeak berezko dituen jarduerekin lotutako zerbitzuak, hainbat motatakoak, eta horien artean, batzuk aipatzearren eta bestelakoak ukatu gabe, honako hauek:

_Igeltserotzako lanak, oro har.

_Eraikinetako mantentze lanak.

_Makinak erabili, mantentze-lanak egin eta konpontzea.

_Hiri altzariak paratu eta mantentzea: zutoinak, seinaleak, farolak, jarlekuak, iturriak eta abar.

_Altzariak eta gainerako zerak lekuz aldatzea eta jartzea.

_Eszenatokiak, hesiak eta jaietako nahiz ekitaldi publikoetako gainerako elementuak muntatzea eta desmuntatzea.

_Bere maila eta kategoriaren barnean manatzen zaizkion gainerako guztiak.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Adinez nagusi eta nazionalitatez espainiar edo Europako Batasuneko beste edozein estatutakoa izatea.

b) Eskola graduatua edo baliokidea izatea.

c) Behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea, dagozkien eginkizunak betetzeko.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izana.

e) B motako gidabaimena edukitzea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetan titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

2.2. Arestiko betebeharrak, azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak egiaztatu beharko ditu, deialdi honen 7.4. oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako, hautabide osoan izendapen eguna arte bete ere.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Lizarrako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean, azken eguneko 13:30ak arte. Eskabideak I. eranskinean argitaratzen den ereduari lotu beharko zaizkio. Bertan, izangaiek eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute.

3.2. Eskabidearekin batera, izangaiek lehiaketan alegatutako merezimenduen jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte. Halaber, gidabaimenaren eta nortasun agiri nazionalaren kopia ere erantsi beharko dituzte.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lizarrako Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiko kideak:

Mahaiburua: Lizarrako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Zerbitzuen Batzordeko burua.

1. mahaikidea: Lizarrako Udaleko arkitekto teknikoa.

Ordezkoa: Lizarrako Udaleko goi mailako arkitektoa.

2. mahaikidea: Lizarrako Udaleko Zerbitzuetako burua.

Ordezkoa: Lizarrako Udaleko obretako zaintzailea.

3. mahaikidea: Lizarrako Udaleko Gizarte Enplegu Babestuko arduraduna.

Ordezkoa: Lizarrako Udaleko udaltzain sarjentua.

4. mahaikidea: Lizarrako Udaleko langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: Lizarrako Udaleko langileen ordezkari bat.

Idazkaria: Udalbatzakoa, hizpidea duela, baina botorik gabe, edo haren ordezko funtzionarioa.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta eraketa eta jarduketa baliozkoak izateko haien kideen gehiengo osoak agertu beharko du, gutxienez.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez baitira ariko, horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6. oinarria._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi urratsetan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan adierazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, zer ordutan eta zein egunetan hasiko den oposizio-lehiaketa.

Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako proba edo ariketak.

7. oinarria._Lehiaketaldia.

7.1. Izangaiek alegaturiko merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, merezimenduen gaineko ondoko baremoaren arabera. Alegatzen diren merezimendu horiek agirien bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartu ahal izateko eskabidea egiten dutenean; agiri guztiek jatorrizkoak izan edo behar bezala konpultsaturik egon beharko dute, bestela ez baitira aurkeztutzat joko.

A) Laneko esperientzia.

_A.1) Toki entitateetan eta deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunen antzekoak egiten emandako urte oso bakoitzagatik: 2 puntu urteko, eta 8 puntu gehienez ere. (Denbora zatiak proportzioz hainbanatuko dira.)

_A.2) Deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunen antzekoak egiten emandako urte oso bakoitzagatik, gainerako administrazio publikoetan edo enpresa publiko nahiz pribatuan: 1 puntu urte bakoitzeko eta gehienez ere 4 puntu. (Denbora zatiak proportzioz hainbanatuko dira.)

B) Prestakuntza osagarriagatik.

Egin beharreko lanarekin ikusteko zuzena duen ikastaro luze nahiz labur bakoitzagatik, gutxienez ere 20 ordu iraun badu: 0,25 puntu, gehienez ere 2 puntu.

C) Eskatzen dena baino maila handiagoko tituluak: gehienez puntu bat.

D) Euskaraz jakitea: EGA edo Hizkuntza Eskola Ofizialak emandako Gaitasun Agiriagatik, 1 puntu.

7.1 atalari dagokion puntuazioa gehienez ere 10 puntu izanen da.

7.2. Lehiaketaldia amaitzen denean, Lizarrako Udalaren iragarki oholean jarriko da izangaietako bakoitzak lortutako puntuazioa.

8. oinarria._Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 75 puntu lortzen ahalko dira bertan:

Lehenbiziko ariketa._Idatziz erantzun beharko dira zenbait galdera labur edo test modukoak, igeltserotza, lorezaintza eta eraikinen eta instalazioen mantentze lanei eta bete beharreko eginkizunei dagozkien beste gaiei buruzkoak. Proba honetan gehienez ere 20 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 10 puntu erdietsi behar dira.

Bigarren ariketa._Hamar problema aritmetiko egin beharko dira. Ezin da kalkulagailurik erabili. Gehienez ere 10 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 5 puntu erdietsi behar dira.

Hirugarren ariketa._Praktikoa, deialdiaren 1. oinarrian adierazten diren zenbait eginkizun edo zerbitzurekin zerikusia duten ariketa batzuk egin beharko dira. Epaimahaiak zehaztuko du ariketa honetako probak egun bakarrean edo gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera. Gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 20 puntu erdietsi behar dira.

Laugarren ariketa._(Ez da baztergarria) Elkarrizketa bat egin beharko da epaimahaikoekin. Epaimahaiak behar duen aholkularitza teknikoa izaten ahalko du horretarako. Gehienez ere 5 puntu emanen dira.

8.2. Oposizioaldiko ariketa bakoitza amaitutakoan, jendaurrean jarriko dira, Udalaren iragarki oholean, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

Probetarako dei bakar bat eginen da eta Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute izangaiek. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9. oinarria._Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaituta, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen zerrenda eginen du, puntuazio handienetik txikienerako ordenan antolatua, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratako puntuazioak batuta. Zerrenda Lizarrako Udalaren iragarki oholean argitaratuko da.

9.2. Epaimahaiak puntuaziorik altuena duen izangaiaren aldeko izendapen proposamen loteslea eginen dio Alkatetzari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

1._Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

2._Deialdiaren 2. oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

3._Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez dela izan adierazten duena.

4._Osasun ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena.

5._Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion beharkizunak zuzen beteko dituela.

9.4. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangai izendatuek aipatutako agiri horiek aurkezten ez badituzte, ezin izanen dira funtzionario izendatu, eta beraz egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

9.5. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Alkatetzak hutsunea beteko du beste izangai batekin, 9.1 atalean heldu den gaindituen zerrendan hurrengoa denarekin, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

10. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Behin hautapen prozesua amaitu eta izangaiak 9.3 oinarrian aipatutako agiriak ekarriz gero, alkateak proposatutako izangaia Lizarrako Udaleko funtzionario izendatuko du.

Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.2. Izendatutako izangaiak izendapenaren jakinarazpena jaso eta hilabeteko epearen barrenean jabetu beharko du lanpostuaz. Epe horretan, aski arrazoituriko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Lizarrako Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, 9.4 eta 9.5 oinarriek ezarritakoari jarraikiko zaio.

11. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko dagokion salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretik erabakia hartu duen organoari errekurritzeko asmoa jakinarazita; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa organo dei-egileari zuzendua, hilabeteko epean hura jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Lizarran, 2005eko irailaren 6an._Alkatea, María José Fernández Aguerri.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ........................................, adinez nagusi. N.A.N. zenbakia: ................ Jaioteguna: .............................. Sorlekua: ......................... (............). Bizilekua (herria, probintzia, kalea, zenbakia, posta kodea): ................................................................... Telefonoa: ......... zure aitzinera agertzen naiz eta honako hau azaltzen dut:

Lizarrako Udaleko zerbitzu anitzetako peoi izateko bi lanpostu betetzeko deialdiko eta oinarrietako baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, denboraz eta formaz.

Deialdia lotzen duten oinarriei men egiten diedala eta lotesletzat hartzen ditudala.

B motako gidabaimenaren eta NANaren fotokopia konpultsatua eransten ditudala.

Horrenbestez:

Eskabide hau ontzat eman eta, ondorioz, Lizarrako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

(Eguna eta izenpea)

LIZARRAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

Iragarkiaren kodea: L0518853