117. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

TAFALLA

Deialdia, Tafallako Udaleko legelari-aholkulari juridiko izateko lanpostu bat, bitarte baterako eta administrazio araubidean, oposizio bidez betetzeko

Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2005eko abuztuaren 12an egindako bilkura arruntean, besteren artean erabaki hau hartu zen:

Ikusirik Tafallako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2005eko uztailaren 27an hartu erabakia, zeinek legelari-aholkulari juridiko izateko deialdia eman gabe gelditu delako eskatzen baitzion Nafarroako Gobernuari igor zezala legelarien zerrenda, hain zuzen ere bai aholkulari juridiko izateko bai APT izateko oposizioak gainditu ondoren, lanposturik gabe gelditu direnena.

Ikusirik Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi duela ezin diola behar bezala erantzunik eman toki entitatearen eskariari, ez dagoelako horrelako zerrendarik.

Ikusirik beharrezkoa dela legelari-aholkulari juridiko bat kontratatzea, beste deialdi bat egitea erabaki da, oraingoan oposizio bidez.

Ikusirik gizarte graduatuak 2005eko abuztuaren 11n egin txostena.

Ikusirik oinarriak indarrean dagoen arautegiari atxikitzen zaizkiola.

Ikusirik Jarraipen eta Kontrolerako Batzordeak gaurko datarekin emaniko akta.

Ondoko hau erabaki da:

Lehena._Onestea Tafallako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko legelari-aholkulari juridiko izateko lanpostu bat, bitarte baterako eta administrazio araubidean, oposizio bidez betetzeko deialdiko oinarriak eta epaimahaia.

Bigarrena._Eskatzea Nafarroako Gobenuko Toki Administrazioko Departamentuari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari, baita Tafallako Udaleko ordezkari sindikalei ere, epaimahaia osatzeko behar diren mahaikideak eta haien ordezkoak izenda ditzatela. Halaber, deialdiaren oinarrien kopia igorriko zaie.

Hirugarrena._Deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila onestea.

Laugarrena._Erabakia ondoko hauei jakinaraztea: Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALari, Alor guztiei, Bulego Bakarrari eta eta Langileen Departamentuari, ondorioak sor ditzan.

Izapide bat denez, ezin da kontrako errekurtsorik aurkeztu administrazio bidean, eta hori jakinarazten dut behar diren ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2005eko abuztuaren 29an._Jarduneko alkatea, Javier Ibáñez Iborra.

DEIALDIAREN OINARRIAK, TAFALLAKO UDALEKO LEGELARI-AHOLKULARI JURIDIKO IZATEKO LANPOSTU BAT, BITARTE BATERAKO ETA ADMINISTRAZIO ARAUBIDEAN, OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

1. oinarria._Orotariko baldintzak.

1.1. Deialdi honen xedea da Tafallako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko legelari-aholkulari juridiko izateko lanpostu bat, oposizio bidez betetzea, izan ere lanpostu horren titularra borondatezko eszedentzian dago.

Azterketa gainditu baina lanpostua lortzen ez duten izangaiekin zerrenda bat osatuko da, hain zuzen ere bajak, oporrak eta suertatzen ahal diren bestelako gorabeherak betetzeko, aldi baterako kontratazioen bidez.

1.2. Administrazio kontratua izanen da, lanaldi osokoa, borondatezko eszedentzia betetzeko edota lanpostuaren titularra lanera itzuli arte, eta gehienez ere hemezortzi hilabeteko iraupena izanen du. Administrazio kontratuak kontratazio mota horrek berekin dakartzan eskubide eta betebeharrak izanen ditu, aplikagarri diren indarreko xedapenei jarraikiz. Hautatzen dena Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartuko da.

1.3. Lanpostuak A mailari dagozkion lansariak izanen ditu, baita % 55 gehi % 25eko osagarriak ere, Tafallako Udalaren plantilla organikoan agertzen den bezala.

1.4. Lanaldia Udal dei-egileak ezartzen duena izanen da, baina uneoro zerbitzuaren beharren arabarekoa. Halarik ere, administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete.

1.5. Probaldia ezarriko da, sei hilabetekoa.

1.6. Izendatzen denaren eginkizunak haren goi mailako titulazioak berezko eta ohi dituenak izanen dira, alegia, lanpostuaren titularraren deialdiko oinarrietan zehaztu zirenak (2001eko 108. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, irailaren 5ekoa).

_Bere esku uzten diren zerbitzu eta unitateen kudeaketa.

_Bere titulazioari dagozkion azterlan, txosten, plan eta programak egitea.

_Udalarendako aholkularitza eta defentsa, hala epaiketan nola epaiketatik kanpora, eginkizun horregatik lansaririk hartzen ahal ez duela.

_Haren eskumenari dagozkion bilera, batzorde, eta abarretan parte eta esku hartzea. Horiek udal barnekoak nahiz kanpokoak izan daitezke, gobernu organo eskudunak uste badu Udalaren interesak ordezkaturik egon behar direla.

_Espedienteak tramitatzea eta, horrela behar badu, ebazpen proposamena egitea.

_Manatzen zaizkion eta titulazioari dagozkion gainerako eginkizunak, bai eta haiek gauzatzeko behar diren lan administratiboak eta loturik dauden gainerako lanak ere.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako, Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak baietsiriko Nazioarteko Tratatuen arabera Europar Batasuna osatu zuen Tratatuan zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea izatea. Espainolen eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek ere hartzen ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, baita haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bereiziak ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beheitikoak badira edo, adin horretatik goitikoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

b) Adinez nagusi izatea.

c) Zuzenbideko lizentziatuaren titulua izatea, edo eskuratzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen agiria. Halaber, dagokion homologazioa edo aitorpena (hori atzerrian lortutako tituluen kasuan), betiere eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez egotea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo promesa aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratua izenpetu aurretik horretarako ezartzen zaien unean.

Aipatutako baldintza horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta izangaiek eutsi beharko diete hautapen prozedurak dirauen bitartean eta kontratazioaren unera arte.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Tafallako Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, 30 egun naturaleko epean, oinarri hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunerako. Horiekin batera, ondoko dokumentazioa ere aurkeztu beharko da:

a) N.A.N.aren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen duen pareko agiriarena.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez egotearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

3.2. Minusbaliatuek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzenketak egiteko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5. oinarria._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

_Mahaiburua: María Teresa Mañú Echaide andrea, Tafallako Udaleko alkate udalburua. Ordezkoa: Fco. Javier Ibáñez Iborra jauna, Tafallako Udaleko alkateordea.

_1. mahaikidea: legelari bat eta haren ordezkoa, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren Departamentuak izendatu beharrekoak.

_2. mahaikidea: legelari bat eta haren ordezkoa, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharrekoak.

_3. mahaikidea: legelari bat era haren ordezkoa, Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak izendatu beharrekoak.

_4. mahaikidea: Tafallako Udaleko langileen batzordeko ordezkari bat eta haren ordezkoa.

_Idazkaria (hizpidea bai, baina botorik ez): Ana Isabel Calanda López andrea, Tafallako Udaleko gizarte graduatua. Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

Kontratazio Mahaiak mahaikideak izendatu ondoren, edo legez ezarrita dauden abstentzio edota errefusatze aferengatik, edo bestelako edozein arrazoirengatik, epaimahaiaren osaketan gerta daitezkeen aldaketak gorabehera, hura Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da eta eraketa eta jarduketa baliozkoak izateko haien kideen gehiengo osoak agertu beharko du, guttienez.

Epaimahaiko idazkariak behar diren aktak eginen ditu eta horietako bakoitza sinatu beharko dute mahaikide guztiek.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren gainean sor daitezkeen gorabeherak oro.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta haiei buruz soilik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6. oinarria._Oposizioaren hasiera eta garapena

6.1. Oposizioaren eguna, ordua eta tokia emanen dira aditzera izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argiataratuko baita. Gehienez ere 80 puntu lor daitezke eta honako ariketa hauek izanen ditu:

_Lehen ariketa-proba teorikoa: epaimahaiak proposatutako galdera labur batzuk idatziz erantzun beharko dira, gehienez ere bi ordutan, II. eranskineko gaiez. Kalifikazioa gehienez ere 40 puntukoa izanen da. Ariketa hau gainditu eta hurrengora pasatu ahal izateko beharrezkoa izanen da probak duen gehieneko puntuarioaren erdia, bederen, lortzea.

_Bigarren ariketa: epaimahaiak hautatuko du lanpostuarekin zerikusia duen proba praktiko bat, II. eranskineko gai-zerrendari lotua, eta gehienez ere bi orduz egin beharko dena. Gehienez ere 20 puntu emanen dira. Ariketa hau gainditu eta hurrengora pasatu ahal izateko, gutxienez 10 puntu beharko dira.

_Hirugarren ariketa: kasu praktiko bat argitu beharko da, praktika jurisdikzionalaren alorrekoa, ahoz nahiz idatziz, epaimahaiak zer erabaki, II. eranskineko gaiekin zerikusia duen administrazioarekiko auzi-errekurtso batez edo N.A.A.ri zuzenduriko gora jotzeko batez, gehienez ere bi orduz. Gehienez ere 20 puntu emanen dira. Ariketa hau gainditzeko, gutxienez ere 10 puntu eskuratu beharko dira.

6.2. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan, Tafallako Udalaren iragarki oholean jendaurrean jarriko da probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, haiek lortutako puntuazioekin batera.

6.3. Epaimahaiak komenigarri ikusten badu, ariketa idatziak ahoz adierazi eta defendatzea sar daiteke proba praktikoen barrenean.

6.4. Hautaprobak egiteko, denbora eta baliabide aldetik egokitzapenak eginen dira eskabidean hori eskatzen duten minusbaliatuendako.

7. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak aditzera emanen du Tafallako Udaleko iragarki oholean eta azken ariketa egin den tokian gainditu dutenen zerrenda, atera duten puntuazioaren hurrenkeran, horretarako izangai bakoitzak oposizioan lortutako emaitzak batuz, eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko kontratazio proposamena eginen du. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

7.2. Kontratazio proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Tafallako Udalaren erregistro orokorrean:

a) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena. Izangaiak ezintasunen bat duela alegatu badu, haren egiaztagiria ekarri beharko du, eta deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioena ere bai, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina.

b) Zin egite edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela dioena.

Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuak izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituena ezin izanen da kontratatu, eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere deialdian parte hartzeko bere eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiokeen erantzun beharra galarazi gabe.

7.3. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 atalak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko luke utzitako hutsunea eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko litzateke.

Oposizioan eskatzen den gutxieneko puntuazioa izangaietako bakar batek ere gainditzen ez badu, epaimahaiak lanpostua eman gabe deklaratuko du.

8. oinarria._Izendapena eta kontratazioa.

8.1. Hautapenaldia bukatu ondoren eta izangaiek 7.2. oinarrian zehaztutako agiriak aurkeztutakoan, alkate udalburuak legelari-aholkulari juridiko izateko lanpostuan, administrazio araubidean eta bitarte baterako, aritzeko izendapena eginen du.

8.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Hautatzen den izangaiak hilabeteko epea izanen du lanpostuan hasteko, izendapena edo kontratazio proposamena jakinarazten denetik hasita. Aipatu epearen barrenean, eta aski arrazoituriko kasuak izan ezik, lanean hasten ez bada, bere eskubide guztiak galduko ditu eta zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaia kontratatuko da, eta horrela jarraituz, ordenaren arabera.

Alkatetzak hautatu den izangaiaren administrazio kontratua sinatuko du. Izangaiak ez du eskubiderik izanen ordainsaririk hartzeko, kontratua sinatzen ez duen bitartean.

9. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, errekurritutako erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusian dagokion sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aurrera, betiere aldez aurretik organo egileari errekurtsoa jartzeko asmoaren berri emanez; edo bestela,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena .................... adinez nagusia, N.A.N. .................. sorteguna ........... sorterria ............. (............), helbidea .............. kalea ............. zenbakia ....... posta kodea ............ telefonoa .............

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Tafallako Udaleko legelari-aholkulari juridiko izateko lanpostu bat, bitarte baterako eta administrazio araubidean, oposizio bidez betetzeko deialdira onartua izatea eskatzen dudala .

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Inongo administrazio publikoren zerbitzutik disziplinazko espediente bidez ez naizela berezia izan, eta ez nagoela eginkizun publikoetarako ezgaitua.

Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Alegatzen ditudan merezimenduen gaineko dokumentazioa aurkezten dudala, aparteko orrian heldu baitira.

Ezintasuna badudala/ez dudala (ezabatu ez dena) eta, beraz, ondoko egokitzapen hau eskatzen dudala, aipatzen diren arrazoiengatik (orri berezi batean ezintasunaren arrazoiak azalduko dira, baita eskatzen diren egokitzapenak ere).

Horrenbertzez,

Eskatzen dizut honako eskabidea onar dezazula eta, horrenbertzez, Tafallako Udaleko legelari-aholkulari juridiko izateko lanpostu bat, bitarte baterako eta administrazio kontratuarekin, oposizio bidez betetzeko deialdira onartua izatea.

Tafallan, 200.(e)ko ............aren ....(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

TAFALLAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1._Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen aplikazio eremua eta printzipio orokorrak.

2._Administrazio publikoen jarduera. Arau orokorrak. Baldintzak eta epeak.

3._Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Baldintzak, eraginkortasuna.

4._Interesatuaren kontzeptuari buruzko xedapenak.

5._Administrazioaren xedapen eta egintzen baliogabetasunaren eta baliogabetzearen arloko araubidea.

6._Administrazio prozedurak: hastapena, agintzea, instrukzioa.

7._Administrazio bidean egintzak ofizioz berrikustearen alorreko araubidea.

8._Administrazio prozedurak: bukatzea eta betearaztea.

9._Administrazio errekurtsoak: kontzeptua, motak eta printzipio orokorrak.

10._Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua: arauketa.

11._Administrazio publikoen ondareko erantzukizuna:

12._Toki entitateen zehapen ahalmena. Printzipioak, administrazio zehapenak: kontzeptua, izaera eta motak. Zehapen prozedura.

13._Administrazioarekiko auzien alor jurisdikzionala: eremua, organoak, eskumenak, epaitegi eta auzitegien lurralde eskumena. Administrazioarekiko auzien salak eratzea eta haien jarduketa.

14._Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa hura arautzeko lege berrian, xedea, izaera, norainokoa eta mugak.

15._Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia administrazioarekiko auzien jurisdikzioaz: ildo orokorrak.

16._Administrazioarekiko auzien arloan Europako Batasuneko zuzenbideak prozesuetarako ezarritako baldintzak.

17._Alderdiak administrazioarekiko auzien prozesuan: alderdien gaitasuna prozesuan sartzeko, eta haien zilegitasuna, ordezkaritza eta defentsa.

18._Administrazioarekiko auzi-errekurtsoen xedea. Administrazioaren jarduera inpugnagarria: alderdien nahikundeak. Errekurtsoaren metaketa eta zenbatekoa.

19._Administrazioarekiko auzien prozedura lehen instantzian edo instantzia bakarrean.

20._Administrazioarekiko auzien prozedura laburtua.

21._Probidentzia, auto eta epaien kontrako errekurtsoak, apelaziorako errekurtso arrunta, kasazio errekurtsoa, doktrina baturatzeko kasazio errekurtsoa, legearen intereseko kasazio errekurtsoa eta berrikuspen errekurtsoa.

22._Epaiak betearaztea administrazioarekiko auzien arloan.

23._Prozedura bereziak administrazioarekiko auzien arloan, jurisdikzio hori arautzeko lege berrian.

24._Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

25._Ingurumena babesteko jarduera sailkatuak. Aplikatzen ahal den araudia eta zehapen prozedura.

26._Hirigintza hitzarmenak: araubide juridikoa, planeamendurako hirigintza hitzarmenak, betetzeko bidean diren hirigintza hitzarmenak, desjabetzeko hirigintza hitzarmenak.

27._Administrazio publikoen arteko hirigintza hitzarmenak, inpugnagarritasuna, hitzarmenen fiskalitatea eta erregistroko tratamendua.

28._Planeamenduko tresnei aplikatzen ahal zaien araubide prozesala.

29._Hiri lurzoruaren gaineko araubidea Nafarroan, 24/98 Foru Legearen aitzinetik eta ondotik. Urbanizazioa eta eraikuntza batera egitea.

30._Banaketa eremuen mugaketaren gaineko araubidea Nafarroan, 24/1998 Foru Legearen aitzinetik eta ondotik.

31._Plan partzialak: kontsiderazio orokorrak. Edukia eta determinazioak. Dokumentazioa, eskumena eta onespen prozedura.

32._Plan bereziak: egoera araudiaren aldetik, edukia eta determinazioak, eskumena eta onespen prozedura.

33._Egoeraren eskema, lege eta hirigintzaren aldetik, Konstituzio Auzitegiaren martxoaren 20ko 61/1997 epaiaz geroztik.

34._Araudiaren egoera, apirilaren 13ko 6/1998 Legeak eta 24/1998 Foru Legeak indarra hartzetik.

35._Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arteko aldeak, aplikazio eremuaren, xedearen, edukiaren, eraginkortasunaren eta hierarkiaren ikuspegitik.

36._Udal plana, arau juridikoa den aldetik.

37._Xehetasun azterlanak:

38._Urbanizatzeko proiektua, kontzeptua, xedea, edukia, ondorioak eta onespen prozedura.

39._Aplikatzen ahal den legeria, lurzoruaren jabetzaren hirigintzako estatutuaren arloan.

40._Lurzoruaren sailkapena eta kalifikazioa.

41._Hirigintzako oinarrizko eskubideak, hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian.

42._Konpentsazio sistemaren elementu subjektiboak, objektiboak eta formalak. Konpentsazio batzordea eratzeko prozedura.

43._Lankidetza sistema. Birzatiketa.

44._Nahitaezko exekuzioaren sistema.

45._Desjabetzapen sistema.

46._Aurri egoera. Kontzeptua eta motak. Prozedura, organo eskudunak, interesatuak eta ondorioak.

47._Hirigintzako lizentziak: kontzeptua, izaera juridikoa.

48._Lurzoruaren udal ondarea: kontzeptua eta justifikazioa, eraketa, zer ondasunek osatzen duten, xedea, kudeaketa, lurzoruaren lagapenak.

49._Hirigintza arloko erregistroak: Jabetzaren Erregistroa, katastroa, orubeen erregistroa, aprobetxamenduen transferentzien erregistroa.

50._Hirigintzako legezkotasunaren babesa.

51._Hirigintzako zehapenen arloko zuzenbidea oinarritzen duten printzipioak.

52._Zehapen prozedura hirigintzan: esku hartzen duten subjektuak, prozesuaren faseak, ekintza publikoa hirigintzan.

53._Lurraldearen antolamenduaren aurkako delituak.

Iragarkiaren kodea: L0518767