117. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

529/2005 EBAZPENA, irailaren 13koa, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako XIX. Kirol Jokoetarako deia egin eta lehiaketa arautzen duten oinarrizko irizpideak onesten dituena.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari erabateko eskumena esleitzen dio kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Urtarrilaren 24ko 335/1986 Errege Dekretuaren bitartez, kirolaren arloko eginkizun eta zerbitzuen transferentzia egin zen Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera. Foru Komunitateari esleitzen zaizkion eginkizunetako bat, espresuki aipatua, eskolako kirol jardueraren sustapena eta antolaketa da.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Lege onartu berriak kirol politikaren helburuak aipatzen ditu 3.5 artikuluan; besteak beste, oinarrizko kirola eskolan bultzatzea beste edozein kirol jarduera baino lehen, funtsezko gunetzat hartzen baita kirolak, Nafarroan, maila guztietan aurrera egin dezan.

Orobat, aipatu Foru Legearen 6.2.g artikuluan ageri denez, Foru Komunitateko kirol administrazioaren eskumena da Nafarroako kirol lehiaketa ofizialak antolatzea, edo antolatzeko baimena ematea, kirolariak nahitaezko eskolatze-aldian direnean.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen uztailaren 28ko 278/2003 Foru Dekretuak, bere lehenbiziko artikuluan, hauxe ezartzen du: erakunde autonomoak, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko titularraren planifikazio, zuzendaritza eta babesaren pean, Nafarroako Gobernuari dagozkion kirol eta gazteria arloko eskumenak gauzatuko ditu, estatutuek berek ezartzen duten irispidearekin.

Hauexek dira Kirol Zuzendariordetzaren eginkizunetako batzuk:

a) Kirola bultzatu, koordinatu eta sustatzea.

b) Nafarroako kirol federazioak koordinatu eta babestea, bai eta, hala behar izanez gero, Nafarroako beste kirol entitateak ere, esleituak dituzten eginkizun publikoak aurrera eramateko, haien jarduera pribatua ezertan ukitu gabe. Nafarroako kirol federazioei, elkarte gisa antolatutako entitate pribatuak direnei, administrazio arloko eginkizun publikoak esleitu zaizkie, eta onartuak dituzte beren eginkizunen artean, apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuaren bidez, bakoitzari dagokion kirol mota bultzatu eta garatzekoak, baita Nafarroa mailako lehiaketa ofizialen antolaketa ere.

c) Nafarroako kirol lehiaketa ofizialak antolatzea edo antolatzeko baimena ematea, nahitaezko hezkuntzaren adinetan.

Azaldutakoak kontuan harturik, bidezko da Nafarroako XIX. Kirol Jokoetarako deia egin eta joko horiek arautzeko irizpide orokorrak finkatzea, Foru Komunitatearen esparruan bilduz eta bateratuz lehiaketa ofizial gisa joko horietan sarturiko jarduera eta kirolak, kimuen, haurren, kadeteen eta gazteen kategorietan, eskolatik kanpoko aldian. Aurreko edizioetan halaxe egin da, eta finkaturik dago dagoeneko. Bertan, egiten dena kirola denez gero, kirol federazioek hartu behar dute parte, esleituak dituzten eginkizunak betez.

Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari dagokio, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren bidez, Nafarroako kirol federazioekin eta toki entitateekin batera.

Bidezkoa da, halaber, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eta jokoetan parte hartzen duten kirol federazioek izenpetu beharreko itunen testua onestea.

Horrenbestez, eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren Gobernu Batzordeak ezartzen ahal duen erregulazioa deusetan ukatu gabe, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen uztailaren 28ko 278/2003 Foru Dekretuaren 14. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako XIX. Kirol Jokoen deialdia eta lehiaketa arautzen duten oinarrizko irizpideak onestea, ebazpen honi erantsitako eranskinean azaldu bezala, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

2. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eta Nafarroako kirol federazioek antolaketarako izenpetutako itunen testua, ebazpen honen eranskin gisa heldu dena, onestea.

3. Ebazpen honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari, Gazteriaren Zuzendariordetzari, Nafarroako kirol federazio interesatuei eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALari, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da, ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari igorria, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluekin bat, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu baitzuen.

Iruñean, 2005eko irailaren 13an._Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Javier Trigo Oubiña.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren bitartez, Nafarroako XIX. Kirol Jokoetarako deia egiten du, 2005/2006 ikasturterako. Ondoko Arau Orokorrei jarraituz gobernatuko dira:

A R A U A K

1._Eremua.

Nafarroako Kirol Jokoak ("NKJ" hemendik aitzina) Nafarroako lehiaketa ofizial bakarrak dira, deialdian sartutako kirol eta kategorietako Nafarroako txapeldunak nor diren erabakitzen dutenak. Adin horietako haurrei Nafarroako kirol federazioetatik beste edozein jarduera eskaintzeko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren (NKGI hemendik aitzina) oniritzia beharko da.

NKGIren programa normalean larunbat goizetan eginen da eta sustatzeko jarduerak eta jolasak biltzen ahalko ditu.

2._Parte hartzea.

NFGIren programan Nafarroan eskolaturik dauden edo bertan bizi diren kirolari guztiek hartzen ahalko dute parte, baldin eta Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan izena emana dagoen kirol elkarteko kideak badira. Adinaren arabera, kategoria hauetan sailkatuko dira:

."Ki" Kimua: 1994-95ean jaioak

."H" Haurra: 1992-93an jaioak

."K" Kadetea: 1990/91n jaioak

."G" Gaztea: 1988/89an jaioak

Aipatu adin eta kategoriak kirolen ezaugarrien eta arauen arabera aldatzen ahal dira. Bestalde, Benjamin kategoria gehitzen ahal da, Adingabearen Kirol Araudia pixkanaka betetzearren. Hori kasuan kasuko erregelamendu teknikoan adieraziko da.

Betebehar horiek bete gabe parte hartu nahi duten kirolarien kasuan, Antolaketa Batzordeak eman beharko die baimena.

Salbuespen gisa, osaera mistoko taldeek ere hartzen ahalko dute parte, hala komeni bada eta Antolaketa Batzordeak aldez aurretik baimena ematen badu.

3._Helburuak.

a) Nafarroako ume guztiei, deialdiaren xede diren kategorietan, kirola egiteko bide ematea, eta kirolaren heziketa eta hezkuntza arloak bultzatzea.

b) Parte-hartzaileen ezaugarrien araberako kirol jarduerak eskaintzea, kiroltasuna bultzatuz.

c) Adin hauetan errotu gabeko kirol motak eta jolasak bultzatzea.

d) Kirolean etorkizuna izan lezaketen haurrak nabarmentzeko bidea ematea.

e) Teknikariak prestatzeko plan bat ezartzea, zuhurra den epean parte hartzen duten kirol elkarte eta taldeen arduradunak prestatuagoak izan daitezen beren eginkizunak hobeki burutzeko.

4._Antolaketa.

NKGIri dagokio NKJen antolaketa orokorra, baina Nafarroako kirol federazioen esku utziko du, nork berea antola dezan. Bestetik, Nafarroako toki entitateen laguntza izanen du.

Jarduera doakoa izanen da, baina izena emateko eta gordailurako kuota bat pagatu beharko da.

Gazte, kimu eta benjamin kategoriak eta zelaiko futbol modalitatea ohiko modalitate eta kategorietatik bereizten ahalko dira programan, horretan sartu ahala.

Kirol bakoitzeko egutegia gehitu da, zein bere baldintza bereziekin parte hartzeko: izena emateko epea, jokalari kopurua, izena emateko kuotak eta gordailuak.

NKJen gaineko informazio eta komunikazio guztietan programaren logotipoak erabiliko dira; halaber, antolatzaileak eta laguntzaileak adieraziko dira.

a) Antolaketa Batzordea: kirol bakoitzak bere batzordea izanen du, NKGIko bi ordezkarik eta dagokion federazioko beste bik, gutxienez, osatua. Eginkizunen artean, honako hauek izanen dituzte:

Kirol bakoitza antolatu, garatu eta ebaluatzea, baita Lehiaketa Sistema, Araudi Teknikoa eta Diziplinakoa, adinari egokitua eta federazioek proposatua, onestea ere.

Txapelketa hasi aurretik, kirol federazioek Lehiaketa Sistemak, Araudi Teknikoak eta Egutegiak argitaratuko dituzte, inskribitutako elkarteen eskura egon daitezen.

b) Jarraipen Batzordea: kirol guztietarako Jarraipen Batzorde bana sortuko da, Antolaketa Batzordea bezal-bezalakoa edo ez.

Batzordeak ondoko eginkizunak izanen ditu:

_Gainbegiratu, jarraitu, informatu eta programa garatzen ari dela hobekuntzak proposatzeko laguntzaileak izendatzea. Batzordea eta laguntzaileak kreditatuak egonen dira eta gaitasuna izanen dute NKJren eta Kiroltasun Kanpainiaren helburuak begiratzeko.

_Jarduera egiten ari dela diziplinaren kontra gertatzen ahal diren salbuespenezko ekintzak aztertu eta, komenigarri baderitzote, kasu horietan izan litezkeen kirol zehapenak betetzeko aukerak diziplina batzordeei proposatzea.

_Programaren garapen egokian eta haren kalitatean sortzen diren arazoak konpontzea.

c) Joan-etorriak: autobusa da antolaketaren garraiobide ofiziala; dena dela, elkarteek badute aukera beren garraiobideak erabiltzeko, garaiz, ezarri den aldearekin, eskatuz gero, eta diru laguntza izanen dute.

Joan-etorrien araudia betetzen ez bada: lehen aldian, gordailuaren % 25eko zehapena jarriko da, bigarrenean gainerako % 75a eta hirugarrenean garraio ofiziala eta garraioaren inguruko diru laguntzak izateko eskubidea galduko da.

Hauek dira garraio ofizialaren arau aipagarrienak:

1) Talde bakoitzak elkarteko arduradun bat bederen, adin nagusikoa, beharko du, nahitaez, joan-etorria bukatu arte.

2) Elkartea/taldea behartua dago, astero, joan-etorria nola eginen den jakitera, ezarriko diren baliabideak erabiliz.

3) Parte hartzaileak behartuta daude bidaiaren plana betetzera, autobusaren ordutegiei eta irteera-lekuei buruz.

4) Garraio programatua ez darabilten taldeek kasuan kasuko federazioari jakinarazi beharko diote, partida eguna baino bost egun lehenago, gutxienez.

Garraio ofizialaren adjudikazioa duen enpresa larunbat goizetan arduratuko da gertatzen diren gorabeherei buruz, 608 77 90 31 sakelako telefonoaren bitartez.

d) Instalazioak: NKJetan parte hartzen duten talde guztiek instalazio egokiak izanen dituzte lehiaketan aritzeko; bestela, antolatzaileekin moldatuko dira beste instalazio batzuk erabiltzeko. Ez da inoiz instalazioen alokatze gasturik sortuko NKJen programaren kargura. Instalazioetan jokatzeko ordu finkoa duten taldeek hura egokitu egin beharko dute beste taldeak garraio ofiziala erabiltzen badu.

e) Osasun laguntza eta aseguruak: NKJetako kirol modalitate guztietako parte hartzaileei, kirola egiteagatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun laguntza dagokie, oro har (Osasun kontseilariaren 64/2003 F.A., maiatzaren 15ekoa).

NKGIk istripuetarako aseguru-poliza izanen du kontratatua, heriotza eta/edo istripuko galera anatomikoak zein funtzionalak babesteko. Nafarroako Gobernuak erantzukizun zibilaren inguruan ezarritako estaldura orokorrean (Kirolari buruzko Legearen 67. art., 55. orr.) sartzen da programatutako jardueraren ondoriozko erantzukizun zibila.

f) Trofeo eta Dominak: NKGIk erabakiko du zenbat eta nolako trofeo eta domina eman NKJetako finaletan, baita protokoloa eta haien dekorazioa ere.

5._Kirol programa.

a) Modalitateak/Espezialitateak: Urpeko jarduerak (igeriketa hegatsekin), Xakea, Atletismoa, (krosa eta pista), Badmintona, Saskibaloia, Eskubaloia, Beisbola, Txirrindularitza (BTT, errepidea), Neguko Kirolak (iraupen eskia), Futbola (zelaiko futbola, aretoko futbola eta emakumezkoen 7ko futbola), Herri Kirolak, Zaldiketa, Judoa eta A.K., Karatea, Igeriketa (igeria eta waterpoloa), Irristaketa (abiadura eta hockeya), Pilota (pilota eskuz, zesta punta, erremontea, paleta _gomazko pilota eta larruzkoa_, pala motza eta guantea-laxoa), Rugbya, Taekwondoa, Tenisa, Mahaiko Tenisa, Triatloia eta Bela.

NKGIko Kirol Zuzendariordetzak aldatzen ahalko ditu NKJen kirol modalitateak, hala komeni denean.

b) Izen-emateak: elkarteek eginen dituzte izen-emateak Nafarroako kirol federazioetan, ezarritako epeetan; inprimaki ofizialetako datu guztiak beteko dituzte eta kuotak zein gordailuak pagatuko. Behin izapidaturik, federazioaren lizentzia aterako da. Horretxek emanen du gaitasuna NKJetan kirolari, delegatu, entrenatzaile eta arbitro gisa parte hartzeko.

Antolaketa Batzordeak, salbuespen gisa, baimena ematen ahalko die gutxieneko kirolari kopurua osatu gabe ere eskatzen duten taldeei parte hartzeko, aldez aurretik arrazoitu eta justifikatuz gero.

c) Kuotak eta gordailuak: elkarteek kuota bakarra pagatuko dute, izen-emate gisa.

Ondoko taulan ezarritakoak dira elkarteek pagatu beharko dituzten kuota eta gordailu guztiak; non ez dituen Antolaketa Batzordeak aldatzen.

Parte hartzaileen erantzukizunei aurre egiteko ezarri dira gordailuak; ezarritakoa halako bi pagatuko da elkarteko talde kopurua bi baino gehiago denean.

Arauzko zehapenen bidez gordailua osorik galduz gero, berehala berritu beharko da taldeak lehiaketan jarraitu ahal izateko. Lehiaketa amaiturik, kirol federazioek gordailua itzuliko diete elkarteei, araudiari jarraituz erabakitzen diren kopuruak deskontatu ondoren.

d) Partidak: ez da partidarik jokatu gabe geldituko. Taldeek ez dute zilegi arrazoirik alegatzea partida ez jokatzeko bi taldeak aurkeztu direnean eta instalazioek arauzko baldintzak eta segurantzakoak betetzen badituzte. Taldeak partida jokatzeari uko eginez gero, agertu ez balitz bezala hartuko da. Talde gehiagok toki berean jokatu behar badute, hurrengo partida hasteko finkatutako orduan amaituko da aurrekoa.

e) Atzeratzea: partida bat atzeratzeko, idatzita egin beharko da eskaera hura jokatu baino sei egun lehenago gutxienez. Bi elkarteen adostasun idatzia beharko da eta data, tokia, ordua, instalazioa eta atzerapena onesten duen federazioko organo eskuduna adieraziko dira.

f) Emaitzen jakinarazpena: NKJren araudi teknikoan arauturik ez badago, etxean jokatzen duen taldeak kasuan kasuko federazioari jakinaraziko dio partidaren emaitza, egiten denetik gehienez ere 48 orduko epean. Arbitro federaturik ez badago, epe horretan akta igorriko du. Arau hori bete ezik, isuna ezarriko da eta batzuetan hala eginez gero, lehiaketatik baztertzen ahalko dira.

6._Espainiako txapelketetan parte hartzea.

Kirol Kontseilu Nagusiak antolaturik, Espainiako gazte eta haur txapelketetan izena eman eta bertan parte hartzea NKGIari dagokio, txapelketa horietarako dei egin zaien kirol modalitate bakoitzaren Nafarroako kirol selekzioen bidez edo deialdian zehazten den moduan.

NGKIak zehaztuko du selekzioen arabera parte hartzea, Nafarroako kasuan kasuko kirol federazioak proposaturik. Horiek NKJen araudi teknikoetan hautatze irizpideak ezarriko dituzte puntuazioen bidez egiten diren kiroletarako.

Izena emateko, agiriak igortzeko eta joan-etorriak antolatzeko izapideak NKGIko Kirol Zuzendariordetzari dagozkio.

7._Kiroltasuna.

"Trankil, kiroltasunez bizi" kiroltasuna bultzatzen duen kanpainak joko garbia eta kiroltasuna sustatu nahi ditu NKJen adinetan eta haien inguruan (gurasoak, entrenatzaileak, delegatuak, arbitroak eta ikusleak), horregatik, parte hartzaile guztiei dei egiten zaie jokaera zintzoa izan dezaten joko-zelaian eta kanpoan, eta kirolaren barreneko jokabide aipagarrien proposamenak aurkezteko eskatzen da, "NKJen urteko saria" emateko. Halaber, parte hartzen duten federazioei eskatzen zaie beren kiroletan kiroltasuna sustatu eta saritzeko sistemak proposa ditzatela.

8._Kalitatea.

NKJen programako helburuak bete eta bertako kontuak emeki-emeki hobetzearren, zuzenean edo zeharka parte hartzen duten guztiei eskatzen zaie ezarririko arauak bete eta edozein iradokizun, salaketa edo ekarpen egiteko programaren alderdiei buruz, NKGIko bulegoen edo web orrialdearen bidez.

Iragarkiaren kodea: F0518975