117. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

434/2005 FORU AGINDUA, irailaren 6koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, "Zaragoza-Altsasu burdinbidean pasagune bat kentzea, 159/885 k.p.an, Arrizabalagan, Tiebas-Muru Artederretako udalerrian" izeneko eraikuntza proiektua jendaurrean egoteko aldia bukatutzat eman eta behin betikoz onesten duena.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariaren maiatzaren 25eko 328/2005 Foru Aginduaren bidez onespen teknikoa eman zitzaion "Zaragoza-Altsasu burdinbidean pasagune bat kentzea, 159/885 k.p.an, Arrizabalagan, Tiebas-Muru Artederretako udalerrian" izeneko eraikuntza proiektuari eta jendaurrean jarri zen. Foru agindu hori 2005eko 71. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, ekainaren 15ean.

Foru agindu horren bitartez, proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri ziren, bidezko oharrak eta alegazioak egin zitezen.

Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak jakinarazi duenez, jendaurrean egoteko epean ondotik heldu diren alegazioak aurkeztu dira. Hona hemen haiek eta emandako erantzunak:

1. alegazioa: Tiebas-Muru Artederretako Udalak aurkeztu du. Hauxe eskatu du:

Proiektuan aurreikusitako argiteria hasierako biribilgunera eta eremu mugakideetara zabaltzea.

Erantzuna:

Alegazioa aztertuta, eskaera bidezkotzat hartu da eta, hortaz, alegazioa aintzat hartu da.

2. alegazioa: Tiebas-Muru Artederretako Udalak aurkeztu du. Hauxe eskatu du:

Aztertutako aukerak proiektuko 2. eranskinean aipatu arren, ez zaio nahiko arrazoiturik iruditu proiektua gauzatzeko aukeratu den konponbidea.

Halaber, beste konponbide bat aurkeztu du eta beharrezkotzat jo du haren balorazioa egin eta proiektuko konponbidearekin alderatzea. Hona hemen aurkeztutako aukera:

a) Geltokiko auzoko eta Fazeriako bideko sarbideak lehengoratzeko biribilgunea lekuz aldatzea, errepideko saihesbide berriaren eta NA-6000 Arrizabalaga-Etxabakoitz egungo errepidearen arteko lotunera, hain zuzen ere.

b) Biribilgune horretatik Fazeriako biderako sarbidea sortzea, lubeta-oinean bide berri bat sortuz aurrekoarekin lotzeko.

Erantzuna:

Alegazioa aztertu ondoren, hauxe azaldu behar da:

2002. urtean, oinarrizko proiektuaren prestatze lanetako lehen fase gisa, alternatiben azterlan bat egin zen. Azterlan hartan aipatutako konponbideetatik, aurretik egindako Arrizabalagako zeharbideko proiektuarekin bateragarriena izan zitekeena hautatu zen proiekturako.

Proiektuaren azterketan eta ondorengo ikerketan, obrek ukitutako bideak lehengoratzeko aurreikusten ziren lotuneak egitearen ondorioz, T itxurakoak eta ikuspen urrikoak baitziren, bide segurtasuna dela-eta arazoak egoten ahal zirela ikusi zen. Horregatik, eraikuntza proiektua egin bitartean, bidegurutze hori hobetzeari begira, hainbat proiektu aztertu dira, besteak beste, biribilgune bat jartzea Udalak proposatutako leku berean. Azkenik, konponbide bat aukeratu da, funtzionaltasun eta bide segurtasunaren aldetik egokiena zelakoan.

Proiektuko konponbidea eta Udalaren proposamena alderatu ondoren, honako ondorio hauetara iritsi da:

Biribilgune berria egiteko baldintza geometrikoak txarragoak dira, alegazioko proposamenean errepidearen erradioa 164 metrokoa delako eta proiektuan ezarritakoa, berriz, 198koa. Orobat, proposamena proiektuko konponbidea baino makurragoa da, biribulgunea kokatuko bailuke bideak % 4,01eko malda duen gune batean. Proiektukoa, ordea, % 0,94ko malda duen lekuan aurreikusi da.

Glorietako gurutzaguneak: Sustapen Ministerioak, glorieten gaineko gomendioan, adierazi zuen, glorietetako sarbideetan, istripu arriskua txikiagoa dela sartzeko bi tarteen arteko angelua handiagoa den heinean. Alderdi honi dagokionez, alegazioko konponbidean sartzeko tarteak bide nagusiko bi aldeetan pilatu dira, baina proiektuan, batez beste, 90º-ko distantzia dago.

Lurren okupazioa eta finken partiketa: erradioei eta glorietetako gurutzaguneak kokatzeari buruzko irizpide berberak erabiliz gero, ukipenak antzekoak izanen lirateke kasu batean zein bestean.

Horrenbestez, alegazioa ezetsi da.

3. alegazioa: Jesús Oroz Alzórriz jaunak aurkeztu du. Hauxe eskatu du:

a) Egiturari jarraipena ematea pinuen kotaraino, 8,00 metroko zabalera eta 5,00 metroko altuera utzita, hau da, finkaren alde batetik bestera pasatzeko espazio nahikoa.

b) Biribilgunearen kokapena aldatu eta Subitza aldera egitea.

Erantzuna:

a) puntuari dagokionez, gogorazi behar zaio proiektuaren idazketan inguruabar hori kontuan hartu zela eta, horregatik, 8,00 metroko tartea utzi zela RENFEko babes hesitik estriburaino. Altuerari dagokionez, berriz, eskatutako 5,00 metro horiek baino handiagoa da.

b) puntua dela-eta:

Eraikuntza proiektua egin bitartean, bidegurutze hori hobetzeari begira, hainbat proiektu aztertu dira, besteak beste, biribilgune bat jartzea alegazioan proposatutako leku berean. Azkenik, konponbide bat aukeratu da, funtzionaltasun eta bide segurtasunaren aldetik egokiena zelakoan.

Horiek horrela, alegazioa ezetsi da.

Azkenik, adierazi beharra dago, nahitaezko desjabetzapenari buruzko legeetan aurreikusitako ondorioetarako, proiektua behin betikoz onesteak berarekin dakarrela irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren 235.7 artikuluan adierazitakoa, hau da, obrek ukituriko lurren onura publikotzat jotzea eta proiektuak ukitutako ondasunak presaka okupatu beharra.

Horiek horrela, Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak adierazi eta proposaturikoarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 47/2005 Dekretuaren 2.2) artikuluan emandako ahalmenak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. "Zaragoza-Altsasu burdinbidean pasagune bat kentzea, 159/885 k.p.an, Arrizabalagan, Tiebas-Muru Artederretako udalerrian" izeneko eraikuntza proiektuaren jendaurreko aldia ebaztea, foru agindu honen azalpen zatian alegazioei emandako erantzunetan adierazitakoarekin bat.

2. "Zaragoza-Altsasu burdinbidean pasagune bat kentzea, 159/885 k.p.an, Arrizabalagan, Tiebas-Muru Artederretako udalerrian" izeneko eraikuntza proiektua behin betikoz onestea. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 3.094.768,57 eurokoa da, eta bederatzi hilabetetan egin behar dira lanak.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, Desjabetzapen Atalari, Biurrun-Olkozko eta Tiebas-Muru Artederretako Udalei eta alegazio egileei, bidezko ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, foru agindu honek Administrazio Publikoendako administrazio bidea amaitzen du. Dena den, Administrazioek foru agindu honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu baino lehen errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2005eko irailaren 6an._Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0518993