117. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

112/2005 FORU DEKRETUA, irailaren 12koa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua izeneko erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena.

ZIOEN AZALPENA

Irailaren 30eko 323/1991 Foru Dekretuan, orduan Lehendakaritza Departamentua deitzen zenaren egitura organikoa ezarri zuen hartan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua izeneko erakunde autonomoaren sorrera xedatu zen, nortasun juridiko propioarekin eta jarduteko gaitasun juridiko osoarekin. Institutuaren funtsezko helburua zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen prestakuntzaren plangintza, koordinazioa eta kudeaketa, Administrazio horiek modernizatzeko eginkizunak eta giza baliabideen kudeaketa deusetan galarazi gabe.

Gaur egun Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak uztailaren 28ko 267/2003 Foru Dekretuak onetsi eta ekainaren 7ko 225/2004 Foru Dekretuak aldatu zituen estatutuak ditu arau.

Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak aldaketa sakonak ekarri dizkio Foru Komunitateko Administrazioaren antolamenduari. VIII. tituluak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpe dauden erakunde publiko eta bestelako entitateak arautzen ditu zehatz-mehatz eta modu berri batean.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak, hirugarren xedapen iragankorrean, erakunde publikoak legearen aurreikuspenetara egokitzea eskatzen du urtebeteko epean foru legeak indarra hartzen duenetik hasita. Egokitzapen horren ondorioz, beharrezkoa da beste estatutu batzuk prestatu eta onestea, erakunde horien eginkizunak ez ezik egitura organikoa ere zehazten dituztenak, aipatu foru legearen 98. artikulutik 116.era xedatutakoari jarraikiz.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta bi mila eta bosteko irailaren hamabiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Onestea.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua izeneko erakunde autonomoaren Estatutuak onetsi dira. Foru dekretu honen ondoren heldu da Estatutuen testu osoa.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetzen diren arauak

Foru dekretu honek xedatzen duenaren aurkako maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indargabetzen dira; bereziki, honako hauek:

a) Uztailaren 28ko 267/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua izeneko erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena.

b) Ekainaren 7ko 225/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua izeneko erakunde autonomoaren estatutuak aldatzen dituena.

c) Otsailaren 24ko 38/2005 Foru Dekretuaren seigarren xedapen gehigarria. Foru dekretu hartan Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetariko lehena._Garapena eta betearazpena.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Azken xedapenetariko bigarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko irailaren 12an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUTAK

I. TITULUA

Izaera eta xedeak

1. artikulua. Izaera.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua (NAPI), erakunde autonomo bat da, bere helburuak betetzeko nortasun juridikoa eta jarduteko ahalmen osoa dituena.

2. artikulua. Atxikipena eta babesa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua, bere helburuak betetzeko, Nafarroako Gobernuak eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak plangintza eta politika orokorrari dagokionean ematen dituzten aginpideen menpean dago. Bestalde, Lehendakaritza Departamentuari atxikirik dago, eta Departamentu horren esku gelditzen dira Institutua kontrolatu eta babesteko ahalmenak, Estatutuetan, foru legerian eta administrazio antolamendu juridikoan esleitzen zaizkionak, hain zuzen ere.

3. artikulua. Eskumenak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua Nafarroako Administrazio Publikoen goi mailako organo tekniko moduan antolatzen da, eskumen hauek erabiltzeko:

a) Administrazioaren antolamenduaren arloan ikertu, aztertu eta aholkatzea, administrazioaren antolaketa, prozedura eta jarduketak hobetu eta modernizatzeko eta giza baliabideak kudeatu eta ebaluatzeko tresna berriak biltzeko.

b) Nafarroako Administrazio Publikoetako langileak prestatu, birziklatu eta hobetzeko ardura nagusia bere gain hartzea.

c) Aurrekoak osatzen dituzten jarduerak, Nafarroako sektore publikoa hobetze aldera.

2. Aurreko idatz-zatian esleitzen zaizkion eskumenak erabiltzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Administrazio Publikoei eskuarki interesatzen zaizkien kontuei buruz eta administrazioen antolamenduaren arloan aztertu eta argitaratzea.

b) Administrazioko prozedurak hobetu eta modernizatzeko ikerketak eta azterlanak sustatzea, baita prozedurak herritarrendako zerbitzuetara bideratzekoei buruzkoak ere, eta arlo horretan Informazioaren Gizarterako Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean aritzea.

c) Sostengurako organo tekniko gisa jardutea eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean aritzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan giza baliabideei buruz garaturiko politikak prestatu eta ezartzen.

d) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileak prestatzeko orotariko politikak finkatu eta garatzea.

e) Hauta proben ondorengo prestakuntza ikastaroak antolatu, planifikatu eta egitea.

f) Ikastaro teoriko eta praktikoak, mintegiak eta langile publikoak prestatu, birziklatu eta hobetzeko beste edozein jarduera antolatu, planifikatu eta egitea.

g) Administrazioko beste unitate batzuekin elkarlanean aritzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile publikoak prestatzen, mailaz igo eta hobetuko badira.

h) Administrazioko unitateekin elkarlanean Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuetan sartzeko eskatzen ahal diren baldintza eta gaitasunak eta langileak hautatzeko biderik egokienak aztertzea.

i) Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko langileen hautaprobetan parte hartzea, hala bada.

j) Lanpostuetan sartu edo maila goragoko edo bereko lanpostuak bete nahi dituzten hautagaiak lanpostura noraino egokitzen diren aztertzen duten txostenak egitea, hala bada, eta lanpostu horietan nola diharduten ebaluatzea ebaluazio hori aurreikusirik zegoeneko igoera txanden ondorioz sartu badira.

k) Taldekako edo banakako portaerak aldatzeko berariazko programen bidez parte hartzea, portaera horiek Nafarroako Administrazio Publikoen antolamenduaren funtzionamenduari kalte egiten badiote, betiere beren eginkizunen arabera.

l) Prestakuntza jarduerei dagokienez, diplomak eta parte hartzeari eta aprobetxatzeari buruzko ziurtagiriak egitea.

m) Nafarroako Administrazio Publikoek hala eskatzen dutenean, gogo gaitasunari buruzko txosten eta ziurtagiriak igortzea.

n) Herrietan, autonomi erkidegoetan, Espainia osoan edo atzerrian antzeko eginkizunak dituzten bestelako erakundeekin trukaketarako hitzarmenak izenpetzea, bereziki Nafarroako unibertsitateekin.

ñ) Euskarari eta Europako Batasuneko lan hizkuntzei buruzko prestakuntza jarduerak prestatu, programatu eta burutzea, administrazioko unitateen beharrak betetzeko.

o) Administrazio Publikoetako langileen hizkuntz maila hobetzeko ikastaroak planifikatu eta egitea, euskarari eta Europako Batasuneko lan hizkuntzei dagokienez.

p) Nafarroako Administrazio Publikoaren helburuak betetzen laguntzen duten eginkizun guztiak, aurreko lerroaldeetan aipaturik ez badaude ere.

II. TITULUA

Egitura organikoa

I. KAPITULUA

Zuzendaritza eta partaidetza organoak

4. artikulua. Zuzendaritza eta partaidetza organoak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendaritza organoak honako hauek dira:

a) Gobernu Kontseilua.

b) Zuzendari kudeatzailea.

2. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Prestakuntza Batzordearen partaidetza organoa da.

II. KAPITULUA

Gobernu Kontseilua

5. artikulua. Osaera.

Gobernu Kontseilua kide hauek osatuko dute:

Kontseiluko lehendakaria: Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria.

Lehendakariordea: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari-kudeatzailea.

Kontseiluko kideak:

_Lehendakaritzako zuzendari nagusia.

_Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia.

_Barne zuzendari nagusia.

_Justizia zuzendari nagusia.

_Informazioaren Gizarterako zuzendari nagusia.

_Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia.

_Toki Administrazioko zuzendari nagusia.

_Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzuko zuzendaria.

_Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Azterlanetarako Zerbitzuko zuzendaria.

_Nafarroako Segurtasun Eskolako Zerbitzuko zuzendaria.

_Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuko zuzendaria.

_Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren lehendakaria.

_Iruñeko Udalaren ordezkari bat.

_Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario eta kontratupeko langileen mahai orokorretan diharduten erakundeen bi ordezkari.

6. artikulua. Ahalmenak.

Gobernu Kontseiluaki ahalmen hauek ditu:

a) Erakunde autonomoaren aurrekontuen aurreproiektu proposamena urtero onestea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura igorri aurretik.

b) Erakundeak ekitaldi bakoitzean burutu beharreko jarduera-plan eta programak onestea, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileendako Prestakuntza Batzordeari entzutea eman ondotik, hala behar denean.

c) Erakunde autonomoaren zuzendaritza eginkizunak kontrolatu eta gainbegiratzea.

7. artikulua. Gobernu Kontseiluko lehendakariaren ahalmenak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren Gobernu Kontseiluko lehendakariak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gobernu Kontseiluaren bileretarako deia egitea eta gai-zerrenda finkatzea, bilkuretako burutza eta zuzendaritza lanetan jardutea, eta bertan harturiko erabakiak eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren funtzionamendurako arauak bete daitezen begiratzea.

b) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren ordezkari izatea edozein jarduera klasetan, eta ordezkaritza hori betetzeko behar diren ahalmen eta aginduak ematea.

c) Premia kasuetan eman beharreko probidentzia eta ebazpenak hartzea, eta ondotik egiten den lehenbiziko bilkuran horien berri jakinaraztea Gobernu Batzordeari.

8. artikulua. Idazkaria.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko idazkari nagusia izanen da Gobernu Kontseiluko idazkari.

2. Idazkariaren eginkizunak hauek izanen dira:

a) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen jarraibideen arabera, eta erabakiak betetzeko izapidaketak egitea.

b) Osoko bilkuretako akta jasotzea, harturiko erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiez arduratzea.

c) Ematen zaizkion gainerako eginkizunak.

3. Idazkariak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Administrazio Publikoko teknikari baten (arlo juridikoa) laguntza izanen du.

9. artikulua. Bilkurak.

Gobernu Kontseiluak bilkura arruntean eta nahitaez, urtean behin bederen bilduko da. Halaber, bilera berezia eginen du, Kontseiluko lehendakariak horretarako deia eginez gero.

10. artikulua. Deialdia.

Gobernu Kontseilua biltzeko deia bi egun balioduneko epea bederen utzita egin beharko da, bilkura arrunta bada, eta egun baliodun batekoa, berezia izanez gero.

11. artikulua. Bilkuretara joatea.

Gobernu Kontseiluko bilkuretara joatea nahitaezkoa izanen da, aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu. Bilkurara joaterik ez duenak lehendakariari aditzera eman beharko dio aldez aurretik, behar den denborarekin.

12. artikulua. Quoruma.

Gobernu Kontseilua balio osoarekin eratu dadin, lehenbiziko deialdian, beharrezkoa izanen da kontseilukideen gehiengo absolutua izatea bilkuran. Bigarren deialdian, ordea, nahikoa izanen da kideetako bost agertzea, balio osoarekin eratua gelditzeko.

13. artikulua. Erabakiak nola hartzen diren.

Hartzen diren erabakiek eguneko gai zerrendan ageri diren aferei buruzkoak izan beharko dute, presako kasuetan salbu, eta hori bilkuran daudenen gehiengoak erabakitzen badu.

III. KAPITULUA

Zuzendari kudeatzailea

14. artikulua. Izendapena eta kargugabetzea.

1. Nafarroako Gobernuak libreki hautatu eta kargutik kenduko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren proposamena kontutan hartuta.

2. Zuzendari kudeatzaileak txit prestuaren tratamendua izanen du.

3. Zuzendari kudeatzailea eri dagoelako edo beste arrazoiengatik kanpoan dagoenean, idazkari nagusiak ordeztuko du.

15. artikulua. Eskurantzak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen gain ondoko hauek gelditzen dira:

a) Institutuaren funtzionamenduaren ardura nagusia.

b) Erakundearen ordezkari zuzena izatea.

c) Gobernu Kontseiluaren erabakiak bete eta betearaztea.

d) Kudeaketa, aurrekontu, funtzionamenduko orotariko arau eta jarduketaren memoriaren aldetik helburuak prestatzea.

e) Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Institutuak hobeki funtzionatzeko egoki deritzen aldaketak proposatzea egitura organikoan.

f) Ebazpen administratiboak ematea eta erakunde autonomoak jarduteko behar dituen egintza administratiboak burutzeko agintzea.

g) Beste entitate eta erakunde batzuekin hitzarmenak eta itunak izenpetzea.

h) Giza eta finantza baliabideak, bai eta fisikoak ere, integratuki kudeatzea, zerbitzu eraginkor eta kalitatezkoak eman ahal izateko.

i) Atalburuak, bulegoburuak edo atala baino maila beheragoko unitateburuak, erakunde autonomoari atxikiak, bitarte baterako izendatzea eta, behar denean, kargutik kentzea, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena egin ondoren.

j) Institutuko langileen buru izatea.

k) Auzibide zibilera eta lan arloko auzibidera jo aurreko erreklamazioak ebaztea, langileen arloko erreklamazioak izan ezik.

l) Institutuaren ondarea kudeatu eta erabiltzea, ondasunen titulartasuna erabiltzeko egintzak izan ezik, beste organo edo entitate batzuei badagokie.

m) Institutuan zerbitzuak emateko behar diren hornidurako kontratuak izenpetzea eta kontratazio administratiboari buruz indarra duen arautegiak erakunde autonomoen ordezkariei esleitzen dizkien beste ahalmenak izatea.

n) Gastuak baimendu eta erabiltzea eta ordaintzeko obligazioak onartzea.

ñ) Institutuak burutu beharreko jardueren tarifak onestea, hala behar bada.

o) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari dagozkion ondarearen gaineko erantzukizuneko prozedurak ebaztea.

2. Zuzendari kudeatzaileak Gobernu Kontseiluari jakinaraziko dizkio aurreko zenbakian aipatzen diren eginkizunetan jardutean lehenago eginiko jarduketa nagusiak.

16. artikulua. Eskuordetzea.

Zuzendari kudeatzaileak bere eskurantzetako batzuk Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zerbitzuen zuzendariei eskuordetzen ahal dizkie, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

IV. KAPITULUA

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Prestakuntza Batzordea

17. artikulua. Izaera.

1. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Prestakuntza Batzordea Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko partaidetza organo gisa eratu da.

2. Nafarroako Administrazio Publikoek eta haien zerbitzuko langileen sindikatuek ordezkari kopuru bera izanen dute Prestakuntza Batzordean eta honen jarduera eremuak aipatu Administrazioen zerbitzuko langile guztiak hartuko ditu.

18. artikulua. Osaera.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Prestakuntza Batzordea honako kide hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Buruordea: Lehendakaritzako zuzendari nagusia.

Nafarroako Administrazio Publikoen ordezkariak:

_Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia.

_Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Azterlanetarako Zerbitzuko zuzendaria.

_Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzuko zuzendaria.

_Nafarroako Segurtasun Eskolako zuzendaria.

_Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuko zuzendaria.

_Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko ordezkari bat.

_Hezkuntza Departamentuko ordezkari bat.

_Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat, haiek izendatua.

Sindikatuetako ordezkariak:

_Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Mahai Orokorretan ordezkaritza duten sindikatuen hamar ordezkari, funtzionarioenak eta lan kontratudunenak.

Idazkaria, hizpidearekin baina botorik gabe: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Administrazio Publikoko teknikari bat (arlo juridikoa).

19. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Prestakuntza Batzordearen eginkizunak ondorengoak izanen dira:

a) Prestakuntza Plana prestatu eta proposatzea, behar denean, langileen birziklapen programak ere sartuz.

b) Prestakuntza Plan honen kontrola eta jarraipena.

c) Foru Komunitateko Departamentu bakoitzak eta erakunde publiko bakoitzak prestakuntza programetarako dituen aurrekontuetako dirusailen gastuen jarraipena eta informazioa.

d) Batzordeak bere antolaketa eta funtzionamendurako behar dituen barne-arauak onestea.

V. KAPITULUA

Zerbitzuak eta Atalak

20. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Zerbitzuak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak zerbitzu hauek biltzen ditu bere baitan:

a) Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Azterlanetarako Zerbitzua.

b) Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzua.

c) Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzua.

2. Zuzendari kudeatzailearen menpe eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko administrazio arloa zuzentzeko Idazkaritza Nagusi bat egonen da.

3. Nafarroako Segurtasun Eskola Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari atxikiko zaio, zuzendari kudeatzailearen bidez, eta bere erregelamendu organikoaren eta funtzionamendukoaren arabera arautuko da.

21. artikulua. Zerbitzuetako zuzendariak.

Nafarroako Gobernuak libreki hautatu eta kargutik kenduko ditu Zerbitzuetako zuzendariak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren proposamena kontutan hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde publikoetako funtzionarien artean. Horien araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean Zerbitzuetako zuzendarientzat ezarritakoa bera izanen da.

22. artikulua. Idazkaritza Nagusia.

1. Zuzendari kudeatzaileak izendatuko du idazkari nagusia, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zerbitzuetako zuzendarien artean. Izendapenaren gaineko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

2. Idazkari nagusiak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:

a) Institutuko Gobernu Kontseiluaren idazkaritza lanak, Institutuko arlo juridikoko langileriaren laguntzarekin.

b) Institutuaren administrazio eta ekonomia arloko kudeaketa antolatzea.

c) Aurrekontuen urteko aurreproiektua prestatzea.

d) Aurrekontuen kredituen eta kontabilitate orokorra kudeatzea.

e) Kontratazio administratiboak kudeatzea.

f) Institutuaren zerbitzuko langileriaren kudeaketa.

g) Institutuaren jarduera juridikoa koordinatzea eta haren zerbitzu juridikoen burutza bere gain hartzea.

h) Ondarearen administrazioa eta kudeaketa.

i) Xedapen, jarraibide, zirkular eta arau bilketen gaineko aurreproiektuak prestatzea.

j) Zuzendari kudeatzailearei eta zerbitzuetako zuzendariei laguntzea administrazioko gaietan.

k) Institutuaren barne araudia.

l) Ziurtagiri juridikoak luzatzea eta dokumentuak konpultsatzea.

m) Zuzendari kudeatzailea ordeztea kanpoan edo eri dagoenean, edo kargua hutsik badago.

n) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren komunikazio eta irudi prozesuak garatu eta sustatzea.

ñ) Institutuko liburutegiaren eta liburu funtsen kudeaketa orokorra.

e) Zuzendari kudeatzaileak eskuordetzen dizkion eskumenak.

23. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Azterlanetarako Zerbitzua.

Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Azterlanetarako Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Administrazio Publikoei interesatzen zaizkien azterlan eta argitalpenak egitea, haien funtzionamenduari buruzkoak.

b) Kudeaketa publikoaren hobekuntzari eta herritarren zerbitzuei buruzko azterlan eta argitalpenak egitea.

c) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia aholkatu eta harekin elkarlanean aritzea, baliabideen esleipenak, aldi baterako langileen hautapen eta kontratazioak, plantilla eta egitura organikoa ebaluatzen, baita administrazioko unitateak ebaluatzen ere.

d) Administrazio Publiko eskudunak aholkatu eta haiekin elkarlanean aritzea, Administrazioa antolatu eta modernizatzeko eta prozedurak errazteko azterlan eta ikerketei dagokienez.

e) Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakunde autonomoekin elkarlanean aritzea, prozedura aldaketak aztertu eta zerbitzuen kudeaketa eta prestazioa hobetzeko.

24. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Azterlanetarako Zerbitzuaren atalak.

Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Azterlanetarako Zerbitzuak bi atal izanen ditu:

_Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Kalitaterako Atala.

_Giza Baliabideen Ebaluazio eta Garapenerako Atala.

25. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Kalitaterako Atala.

Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Kalitaterako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Administrazioko prozedurak hobetu eta errazteko proposamenak aztertzen parte hartzea.

b) Administrazioko egitura eta antolamenduari buruz azterlan eta ebaluazioak egin eta proposatzea.

c) Herritarrendako zerbitzuak hobetzeko kudeaketa eta antolaketa sistemak ezartzearren azterlanak eta ebaluazioak egin eta proposatzea.

d) Zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko sistemak aztertu eta ezartzeko programak zuzentzea eta beste administrazio eta entitate batzuekin elkarlanean aritzea azterketa eta ikerketetan.

e) Antolaketaren, giza baliabideen eta zerbitzuen kalitatearen arloetan, Administrazioak interesgarri iritzitako gaiei buruzko azterketa eta proposamenak egitea, eta egokiak ote diren jakiteko bide ematen duten programa publikoak ebaluatzeko ereduak prestatzea.

f) Zerbitzu publikoen kalitatea hobetzea xede duten administrazio, entitate eta fundazioekiko harremanak.

g) Psikologoa ez beste praktikaldiko langileen prestakuntzarako programa diseinatu eta gainbegiratzea.

26. artikulua. Giza Baliabideen Ebaluazio eta Garapenerako Atala:

Giza Baliabideen Ebaluazio eta Garapenerako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako giza baliabideen antolamendua eta funtzionamendua hobetzeko sistemak aztertu eta aplikatzea.

b) Administrazio Publikoen giza gaitasuna eta haren jarduera eta etekina neurtu eta aztertzea.

c) Administrazio Publikoetako giza baliabideen kudeaketa eta garapenari buruz azterlanak egitea eta egiten laguntzea.

d) Administrazio Publikoetako plantilla organikoen tamaina hoberenari eta lanpostuen eginkizunei buruz azterlanak eta proposamenak egitea.

e) Lanpostuen balorazio sistemak ezartzeko azterlanak prestatzea eta horretarako Administrazio Publikoekin elkarlanean aritzea.

f) Igoera txanden ondorioz bete beharreko lanpostuetan diharduten langileen jarduteko modua aztertzea, ebaluazio hori aurreikusirik badago.

g) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko liburutegi zerbitzuaren horniduraz, antolamenduaz eta erabileraz arduratzea.

27. artikulua. Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzua.

Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako langileek prestakuntza beharrik ote duten aztertzea.

b) Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileentzat izaera orokorreko prestakuntza jarduerak eta jarduera bereziak antolatu eta aurrera eramateko modua planifikatu, koordinatu eta bultzatzea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Prestakuntza Plana bultzatu eta zuzentzea.

d) Hauta proben ondorengo prestakuntza ikastaro bereizgarrien plangintza, antolamendua eta garapena zuzendu eta, Toki Administrazioko Departamentuarekiko elkarlanean, Toki Administrazioetako idazkari eta kontu-hartzaileak gaitzeko ikastaro bereizgarrien antolamendua eta garapena bultzatzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoaren arabera.

e) Erabiltzaileendako informatika programetarako prestakuntza planifikatu, antolatu eta burutzea, Informazioaren Gizarterako Zuzendaritza Nagusiarekin batera.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan ematen diren prestakuntza jarduera guztiak koordinatu eta Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek eta haren erakunde publikoetako langileen prestakuntzaren arloan egiten dituzten jarduketei buruzko informazioa zentralizatzea.

g) Foru Komunitateko Administrazioko departamentuekin eta haren erakunde publikoekin batera lan egitea, prestakuntza ekintza guztiak planifikatzen.

h) Prestakuntza ebaluatzeko metodoen diseinua zuzentzea.

i) Administrazioko kasuan kasuko unitateekin elkarlanean aritzea, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartu beharreko langileak hautatzen, eta, Administrazioko unitateekin batera, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuetan sartzeko eskatu beharreko ezaugarri eta gaitasunak eta hautatzeko metodorik egokienak prestatzea.

j) Hala bada, maila goragoko edo bereko lanpostuetan sartu edo haiek bete nahi dituzten langileak lanpostura nola egokitzen diren azaltzen duten txostenak egitea eta lanpostu horietan nola diharduten baloratzea ebaluazio hori aurreikusirik daukaten igoera txandako prozeduren ondorioz sartu badira eta Administrazioko kasuan kasuko unitateekin langile sartu berriendako harrerarako programa bat bultzatzea.

k) Nafarroako Administrazio Publikoetako langile publikoen orientazio profesionala zuzentzea, administrazioko eginkizunak edo unitateak birrorientatu, garatu edo moldatu behar badira.

l) Txostenen eta peritazio teknikoen bidez, zehapen espedienteen instruktoreei laguntzea, hala eskatzen dutenean, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileendako banakako orientaziorako zerbitzua, pertsonala edo profesionala, eskaintzea.

m) Zerbitzuaren arlo eta eginkizunetan argitalpenak sustatzea.

28. artikulua. Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzuko atalak.

Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzuak hiru atal izanen ditu:

_Prestakuntza Atala.

_Psikologia Atala.

_Garapen eta Hobekuntza Atala.

29. artikulua. Prestakuntza Atala.

Prestakuntza Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako langileek berariazko prestakuntza beharrik ote duten ohartu eta behar horiek aztertzea.

b) Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileentzat berariazko prestakuntza jarduerak planifikatu, antolatu eta aurrera eramatea.

c) Hauta proben ondorengo prestakuntza ikastaroak antolatu, planifikatu eta egitea.

d) Toki Administrazioko Departamentuarekin batera, Toki Administrazioko idazkari eta kontu-hartzaileak gaitzeko ikastaroak antolatu eta ematea, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoaren arabera.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan enplegatu publikoentzat ematen diren prestakuntza jarduera guztiak koordinatzea.

f) Prestakuntza ebaluatzeko metodoak diseinatzea.

30. artikulua. Psikologia Atala.

Psikologia Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetan sartuko diren langileak hautatzea, dagokien administrazioko unitateekin batera.

b) Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuetan sartzeko egokien diren hautapen probak diseinatu eta horietariko bakoitzean eskatu ahal diren ezaugarri eta gaitasunak aztertzea, dagokien administrazioko unitateekin batera.

c) Lanpostuetan sartu edo maila goragoko edo bereko lanpostuak bete nahi dituzten hautagaiak lanpostura noraino egokitzen diren aztertzen duten txostenak egitea, hala bada, eta lanpostu horietan nola diharduten ebaluatzea, ebaluazio hori aurreikusirik zegoeneko igoera txanden ondorioz sartu diren kasuetan.

d) Unitate administratibo eskudunekin batera langile sartu berriendako harrera programa bat prestatu eta aplikatzea.

e) Nafarroako Administrazio Publikoetako langile publikoen orientazio profesionala egitea, haiek birrorientatu edo birziklatu edo lanpostu edo unitate administratiboak moldatu behar badira.

f) Zehapen espedienteen instrukzio epaileei laguntzea, eskatzen dutenean, txosten eta peritu-lan teknikoen bidez.

g) Beste erakunde batzuekiko azterlan edo ikerlan psikologikoak egin eta horietan parte hartzea.

h) Laneko eta Antolaketako Psikologia praktiketan ari diren langileen prestakuntza programa diseinatu eta gainbegiratzea.

31. artikulua. Garapen eta Hobekuntza Atala.

Garapen eta Hobekuntza Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako langileek orotariko prestakuntza beharrik ote duten ohartu eta behar horiek aztertzea.

b) Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileentzat orotariko prestakuntza jarduerak antolatu eta aurrera eramatea.

c) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak urtero sustatzen duen orotariko prestakuntzarako eskaintza koordinatu, diseinatu eta zabaltzea.

d) Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzuak sustaturiko orotariko prestakuntzarako eskaintza diseinatu eta burutzea.

e) Erabiltzaileendako informatika programetarako prestakuntza planifikatu, antolatu eta burutzea, Informazioaren Gizarterako Zuzendaritza Nagusiarekin batera.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek eta haren erakunde publikoek prestakuntzan egiten dituzten jarduketen gaineko informazioa zentralizatzea.

32. artikulua. Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzua.

Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Aztertzea eta ikertzea Nafarroako Administrazio Publikoetako zerbitzuek eta langileek zer prestakuntza premia dituzten euskara eta Europako Batasuneko lan hizkuntzen gaietan.

b) Prestakuntza jarduera estentsiboak eta intentsiboak antolatu eta gauzatzea, orotarikoak nahiz berariazkoak, euskaraz eta Europako Batasuneko lan hizkuntzetan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileentzat.

c) Premiak atzeman edo jasotako eskaerak aztertu ondorengo prestakuntza ikastaroak planifikatu, antolatu eta ematea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetako langileei euskara prestakuntza emateko ikastaroak programatu eta antolatzea.

e) Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei Europako Batasuneko lan hizkuntzetako prestakuntza emateko ikastaroak programatu eta antolatzea.

f) Euskara eta Europako Batasuneko lan hizkuntzetako prestakuntza jarduera guztiak koordinatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde publikoek euren langileentzat ematen dituztenak.

g) Euskara eta Europako Batasuneko lan hizkuntzetako prestakuntza ebaluatzeko metodoak diseinatzea.

h) Euskara eta Europako Batasuneko lan hizkuntzetako prestakuntzarako laguntza jarduera diseinatu, programatu eta betearaztea, administrazio unitateetako premiak asetzeko.

i) Administrazio publikoetako langileek euskara maila eta Europako Batasuneko lan hizkuntzen maila hobetzeko ikastaroak planifikatu eta egitea.

33. artikulua. Hizkuntza Garapen eta Hobekuntzaren Atala.

Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuak atal bat izanen du: Hizkuntza Garapen eta Hobekuntzaren Atala. Honako eginkizunak izanen ditu:

a) Bere eskumeneko arloetako prestakuntza premiak ikertu eta atzematea.

b) Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileentzat prestakuntza jarduerak antolatu eta ematea, hizkuntzen maila garatu, hobetu eta mantentzeko.

c) Nafarroako Gobernuaren administrazio unitateek hizkuntza gaietan egiten dituzten prestakuntza jarduera guztiak koordinatzea.

d) Hizkuntza prestakuntzarekin lotura duten ebaluazio metodo teknikoak diseinatu eta aplikatzea.

e) Aholku teknikoa ematea hala eskatzen duten unitateei.

34. artikulua. Atalen azpiko beste unitate administratiboak.

Bulegoak edo ataletatik beherako beste administrazio unitate batzuk sortu, aldatu edo kentzea Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren foru agindu baten bidez eginen da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

III. TITULUA

Ondarea, baliabideak, aurrekontuak eta kontrola

35. artikulua. Ondarea.

Nafarroako Ondareari buruzko 1985eko irailaren 27ko Foru Legearen arabera, gaur egun Nafarroako Ondareari dagozkion edonolako ondasun eta eskubideak atxikiko zaizkio Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari, alegia, irailaren 30eko 473/1996 Foru Dekretuaren eranskinaren 32. artikuluan zehazten direnak. Horiez gain, bere helburuak lortzeko erakundeari atxikitzen zaizkionak ere bereganatuko ditu. Horiek denek jatorrizko kalifikazio juridikoari eutsiko diote, ondare haren ondasunak diren aldetik, dena foru lege hartako 61. artikuluaren eta hurrengo artikuluen nondik norakoak aintzakotzat hartuta.

36. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren ondasunak honako hauek izanen dira:

a) Haien eskuetan utzitako ondasun eta eskubideak.

b) Aipatu ondasunen eta eskubideen emaitzak, errentak eta korrituak.

c) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen dirusarrera arruntak nahiz bereziak.

d) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura emandako transferentzia eta ekarpenak.

e) Entitateek emandako borondatezko ekarpen edo dirulaguntzak.

f) Dohaintzak, legatuak eta entitate pribatuen eta partikularren bestelako ekarpenak.

g) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

37. artikulua. Aurrekontua.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren kudeaketa urteko aurrekontuaren araberakoa izanen da. Aurrekontu hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.

2. Aurrekontuaren egitura, sarrera eta irteeren sailkatzeari eta hauen zehaztasun-mailari dagokienean, Nafarroako Gobernuko Aurrekontu Orokorretarako ezarririko arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor hauen barruan egonen baitira.

3. Nafarroako Aurrekontu Orokorretarako arau orokorrek zuzenduko dituzte aurrekontu hauen likidazio eta exekuzioa.

38. artikulua. Kontu hartzailetza.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren kudeaketa ekonomikoaren kontu hartzea eta kontabilitatea, hau da, izaera ekonomikoa duten eginbehar eta eskubideak sortzen dituzten jarduera, agiri eta espedienteak, izapidatuak eta onartuak, Foru Komunitateko zuzeneko administraziorako ezarrita dauden era eta baldintzetan eginen da.

39. artikulua. Kontabilitate publikoa.

1. Kontabilitate publikoaren araubideari dagokionean, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari Foru Komunitateko Administrazioari ezarritako arau berberak aplikatuko zaizkio.

2. Kontuen ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurrikusitakoaren arabera formalizatu, tramitatu eta ebatziko da.

IV. TITULUA

Langileria

40. artikulua. Langileak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren langileria honako hauek osatuko dute:

a) Nafarroako Gobernuak berak edo Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak askatasunez izendatu beharreko zuzendaritza karguetan dauden pertsonak.

b) Egun Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari eta hura osatzen duten unitate organikoei atxikitako Nafarroako Foru Komunitate Administrazioko funtzionario eta lan kontratudunak.

c) Erakunde autonomo haren lan kontratudunak.

V. TITULUA

Egintzen araubide juridikoa

41. artikulua. Araubide orokorra.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren egintzen araubide juridikoa erakunde autonomoentzat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko VIII. tituluko I. kapituluan ezarritakoa bera izanen da.

2. Langile, kontratazio eta aurrekontuei buruzko egintza administratiboek Foru Komunitateko Administrazioko arauteria berariazkoari jarraituko diote.

42. artikulua. Administrazio errekurtsoak.

1. Oro har, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren organoek emandako egintza eta ebazpenek ez dute administrazio bidea agortzen.

2. Administrazio bidea agortuko dute ondare erantzukizunaren arloan ematen diren ebazpenek eta legeetan espresuki aurreikusten diren beste ebazpenek.

3. Administrazio bidea agortzen ez duten Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren organoek emandako ebazpen eta egintzen kontra bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua.

4. Administrazio bidea agortzen duten Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren organoen egintzen eta ebazpenen kontra berraztertzeko errekurtsoa para daiteke aukeran egintza edo ebazpenaren organo egileari zuzendua.

5. Auzibide zibilera eta lan arloko auzibidera jo aurreko erreklamazioak ebazten dituzten ebazpenen kontra demanda paratzen ahal da auzien jurisdikzio eskudunean.

43. artikulua. Ordezkaritza eta defentsa.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 551.3 artikuluari jarraikiz, Nafarroako Administrazio Publikoaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren letratuei dagokie, ordezkatu eta defendatzeko elkargoko abokatua izendatzen den kasuetan salbu.

Iragarkiaren kodea: F0518922