58. ALDIZKARIA - 2004ko maiatzaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

D E I E R R I

Ezkondu gabeko bikote egonkorren ordenantza behin betikoz onetsirik

Udalak, 2003ko abenduaren 29an egindako osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen Ezkondu gabeko bikote egonkorren ordenantza, zeinaren testuak honela baitio, hitzez hitz:

EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ORDENANTZA

1. artikulua. Deierriko Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroa erregistro administratiboa da, eta bertan inskribatzen ahalko dira ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkarketak, baita haien iraungitzea ere, ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzak beteta.

2. art. Bikote guztiek, sexu berekoak izan edo ez, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkarketa bat eratu badute. Elkartutako kide batek bederen egon beharko du Deierrin erroldatua, bertan bizi ohi delako. Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren beste erregistroren batean.

3. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute Udaleko idazkariaren aitzinean, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkarketa badela deklaratzeko. Ez da inskripziorik eginen bikoteko kide bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira. Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkarketa eratzeko gaitasuna aitortzen diona. Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. art. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak nahi dituen argitasun guztiak agertarazten ahalko ditu beren arteko elkartzeari buruz. Orobat, hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak. Aitzineko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira bikoteko biak bertara azaldurik. Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. art. Erregistroa Udalaren idazkaritza orokorrean egonen da.

6. art. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, liburu orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa oinarrizko inskripziotzat hartuko da, eta haren bazterrean jarriko dira geroago liburu orokorrean elkartzeari buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

8. artikulua. Erregistroak liburu lagungarri bat izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da liburu orokorreko zein orrialdetan dauden haiekin zerikusia duten oharpenak.

9. art. Erregistroan inskribatutako norbanakoen nahiz haien familien intimitatea babesteko, ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu Udaleko idazkariak luzatzen dituen egiaztagirien kasuan, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

10. artikulua. Egiten diren inskripzioak doakoak izanen dira.

11. artikulua. Deierriko Udalean, erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkarketa guztiek ezkontza bidezko elkarketen tratamendu berbera izanen dute.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

1. ERANSKINA

Deierriko Udaleko idazkaritzan, ........... egunean, honako hauek agertu gara elkarrekin: izena: ....................; jaioterria: ................; helbidea (erroldakoa): ........................................, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); NAN zenbakia:...............; eta (izena): .................; jaioterria: ...........: helbidea (erroldakoa): ..............................; adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); NAN zenbakia: .....................; eta honako hau adierazten dugu:

Udal honek duen "Ezkondu gabeko bikote egonkorren" erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako, aitortzen dugu:

Lehenbizikoa: aipatu ordenantzan aipatzen den bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ................... (Oharra: oroitarazi behar zaio ........ jaun/andreari, T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraituz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrena: ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarrena: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren mailara bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta ezkontzeko inolako ezgaitasun aitorturik ere.

Bosgarrena: ez dugula nahi/nahi dugula erregistroan jasotzea gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenak.

Seigarrena: baimena ematen dugula Deierriko Udal Erroldan datu hauek egiazta daitezen, esandakoetarako.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Deierriko erregistroan, ezta maila eta xede bereko beste herriren bateko inongo erregistrotan ere.

Horrenbestez, eskatzen dugu inskriba gaitzatela Deierriko Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroan.

Sinatua: ................................... Sinatua: ..................................

2. ERANSKINA

Deierriko Udalean, ................ egunean, honako hauek agertu gara: (izen-abizenak) ......................; N.A.N.: ............; eta (izen-abizenak) ......................; N.A.N.: ....................

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago Udalaren erregistro horretan. Horiek horrela, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat eman dezazuela elkarketaren inskripzioa.

Sinatua: ................................... Sinatua: ..................................

Arizalan (Deierri), 200.... ......................ren .........an. Alkatea, Francisco Javier Ros López.

Deierriko Udalak hasiera batez onetsi zuen ordenantza hau 2003ko ..............ren ...an egindako osoko bilkuran, ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Ordenantza behin betikoz onetsi zen ........

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluak ezartzen du Ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen, beraien testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratzen ez den bitartean eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateak entitate lokalei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez deino.

Deierrin, 2003ko abenduaren 31n._Alkate udalburua, Francisco Javier Ros López.

Iragarkiaren kodea: L0405566