152. ALDIZKARIA - 2004ko abenduaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

1078/2004 EBAZPENA, azaroaren 5ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Tuterako "Dage, S.A.U." enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 86/2004).

Ikusirik Tuterako "Dage, S.A.U." enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 86/2004).

Gertakariak:

1. Departamentu honetan 2004ko urriaren 26an sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 28 artikuluz, 2 xedapen gehigarriz, azken xedapen batez eta 2 eranskinez (2003ko lansarien taula) osatua, enpresaren ordezkariek eta enpresa batzordeak (ELA eta CC OO) 2004ko uztailaren 15ean izenpetu eta onetsia.

2. Espediente hau izapidatzean aplikatu beharreko legezko eta arauzko manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala eta Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, baita irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.

Horrenbestez, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak, uztailaren 14an eman eta 2003ko 92. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, uztailaren 18an, argitaraturiko 105/2003 Foru Aginduaren bidez, eman dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Tuterako "Dage, S.A.U." enpresaren (kodea: 3108442) lan hitzarmen kolektiboa erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea. Hori guztia negoziazio batzordeari jakinaraziko zaio.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen berri ematea interesatuei, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2004ko azaroaren 5ean._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

"DISTRIBUIDORES DE ALIMENTACION PARA GRANDES EMPRESAS, S.A.U." ENPRESAREN 2003-2004KO LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN DITUEN LANTOKIETARAKO

I. KAPITULUA

1. artikulua. Aplikazio eremua.

a) Lurralde eremua.-Hitzarmen honek eragina izanen du Distribuidores de Alimentación para grandes empresas, Sociedad Anónima Unipersonal (DAGESAU) enpresak Nafarroako Foru Komunitatean dituen lantoki guztietan, eta orobat, lurralde honetan hitzarmenaren indarraldian sor daitezkeenetan.

b) Langileria eta eremu funtzionala. Hitzarmen honen eraginpeko eremuan dira Distribuidores de alimentación para grandes empresas, S.A.U. enpresan, aurreko atalean aipatzen diren lantokietan, zerbitzu ematen duten langile guztiak, edozein dela ere haien kontratazio mota, Langileen Estatutuari buruzko martxoaren 24ko 1/95 LEDaren 1. artikuluko 3. puntuan aipatzen diren salbuespenekin.

c) Indarraldia. Hitzarmen honek ondorioak izanen ditu aldeek sinatzen dutenetik aurrera, Aldizkari Ofizialean noiz argitaratzen den kontuan hartu gabe. Soldata-taulek, ordea, atzerako eragina izanen dute 2003ko urtarrilaren 1etik hasita.

Hitzarmen honek bi urteko indarraldia izanen du, 2003ko urtarrilaren 1etik 2004ko abenduaren 31 bitarte. Hitzarmena urtez urte luzatuko da bere horretan harik eta beste batek ordeztu arte.

2. artikulua. Amaieraren iragarpena. Hitzarmenaren amaiera aldeetako batek iragar dezake, lan administrazioko agintaritzari idatziz jakinaraziz, edo bestela, indarraldia bukatzean hitzarmenaren amaiera iragarritzat joko da, besterik gabe.

3. artikulua. Hitzarmenaren batasuna. Hitzarmen hau, bere testuaren edukiaz itundutakoaren arabera onetsi baita, osoa eta zatiezina da.

4. artikulua. Konpentsazioa eta irenspena. Itundutako baldintzak erabat konpentsatzen ahal dira lehendik ezarritako baldintzekin, ondokoek aginduta: legeak, jurisprudentziak, administrazioarekiko auzi arloak, era guztietako hitzarmenek, itunek eta/edo kontratuek, usadio eta ohiturek edo bestelako aginduek.

Geroan ordainsari guztietan edo batzuetan aldaketak ekar ditzaketen xedapenek eraginkortasun praktikoa izanen dute baldin eta, osorik hartuz eta hitzarmenaren aurretik izandako loturekin batuz, honen mailatik goitikoak badira; horrela izan ezik irentsitzat joko dira.

5. artikulua. Berme pertsonalak. Hitzarmen honetan ezarritako baldintzak, gutxieneko izaera dute; beraz, orokorrean oraingo baldintzak baino hobeak izanez gero, "ad personam" baino ez zaizkie bermatuko lehendik baldintza horiek zituzten langileei, salbu eta lehendik itundu diren Pizgarrien edo Komisioen Sistemak.

6. artikulua. Batzorde paritarioa.

a) Hitzarmenaren batzorde paritarioa hitzarmenaren aplikazioan interpretazio, adiskidetze, arbitraje eta zaintzarako organoa izanen da.

b) Batzorde paritarioa enpresako hiru ordezkarik eta enpresa batzordeko beste hiruk osatuko dute, ahal dela hitzarmenaren eztabaidetan eta sinaduran parte hartzen dutenen artean izendatuak. Batzordeburua eta aholkulariak ere izenda daitezke, hizpidea bai baina botorik gabeak, eta ez dira batzordekideak baino gehiago izanen.

c) Batzorde Paritarioa aldeetako batek eskatzen duenean bilduko da, ados jarrita non eta zein egun eta ordutan bilduko diren, edonola ere eskatzen den unetik gehienez ere 15 eguneko epean, ezinbesteko kasuak salbuetsita. Bilerak enpresaren egoitzan eginen dira.

d) Gatazka kolektiboa planteatu baino lehen, horretarako arrazoiak jakin eta interpretatu beharko ditu Batzorde Paritarioak, eta berak emanen du horri buruzko irizpena.

II. KAPITULUA

7. artikulua. Ordainsariak.

a) 2003 eta 2004. urteetako ordainsariak eranskineko soldata-tauletan azaltzen dira, lanbide kategorietan sailkatuak. Taula horiek kalkulatzeko aurreko taulak ehuneko lau (% 4) igo dira, hitzarmenaren indarraldiko bi urteetako bakoitzean.

b) Berriro zehaztu eta aldatu dira kutxazain laguntzailea eta saltzaile laguntzailea kategoriak, eranskineko soldata-tauletan azaltzen diren lansariekin (gehi ordainsari aldagarriarekin, kutxazain laguntzailearen kasuan), kutxazain eta saltzaile lanpostuan alta hartu eta gehienez ere urtebetez prestatzen eta ikasten aritu ondoren.

c) Kutxazain eta saltzaile kategoriak sortu dira, eranskineko tauletan azaltzen diren lansariekin. Kategoria horietara iristeko aski da urtebeteko prestakuntza kutxazain laguntzaile eta saltzaile laguntzaile kategorietan. Kutxazainek 36 euroko ordainsari finkoa izanen dute eta 24 euroko ordainsari aldagarria, egungo ordainsarien sistema aldagarriaren arabera.

d) Indize edo itun pertsonalen sistemari lotutako langileak hemen ezarritakotik salbuetsirik daude, non ez diren aipatu ordainsarien sistemari nor bere borondatez atxikitzen edo hortik ateratzen.

8. artikulua. Antzinatasuna. Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek zerbitzu-urteen araberako igoerak kobratzen zituzten antzinatasunaren sailean, hain zuzen ere lanbide kategoria bakoitzaren oinarrizko soldataren % 5eko laurtekoak, guztira % 20 bitarte, gehienez.

2001eko urtarrilaren 1etik aurrera, antzinatasun kontzeptua izoztu egin zitzaien enpresako langile guztiei eta haren ordez "ad personam" osagarri gisa gelditu zaie, baina ez da ez konpentsatzen ez irensten ahal. Urtero errebalorizatuko da hitzarmenean itundutako soldata-igoeraren portzentajeetan.

Aipatu datatik aurrera (2001/01/01) sorrarazten diren laurteko guztietan 16.3 euro lineal ordainduko dira hileko, 15 pagatan banatuak, lanbide kategoria guztietan.

Alde horretatik, zerbitzualdi gisa kontatuko da behin-behineko langileek emandakoa, kontratu etenaldiak izan badira ere, langileak berak eskatutakoak izan ezik.

9. artikulua. Aparteko eskersariak. Hitzarmen honen eraginpeko langileek eskubidea dute aparteko hiru paga jasotzeko, hilabetez gorako mugaegun aldikako soldata-osagarriaren izaerakoak. Uztailaren 15ean, abenduaren 15ean eta martxoaren 15ean ordainduko zaizkie. Horietako bakoitzaren zenbatekoa hilabeteko oinarrizko soldataren adinakoa izanen da gehi antzinatasuna edo hura ordezten duen osagarria. Martxoaren 15eko paga, enpresarekin adostuz gero, hilez hil proportzioan banatzen ahal da. Eskersariok zerbitzualdiaren arabera ordainduko dira.

10. artikulua. Garraioaren konpentsazioa. Langileen joan-etorri eta garraioan, hala norberaren bizilekutik lantokira egin beharrekoetan nola establezimenduen artean egin ohi diren aldaketetan, sortutako gastuak kontuan hartuta, garraio gastuen konpentsazioagatik 12,99 euro ordainduko zaizkie hilero 2003an eta 13,51 euro 2004an, langileen kategoria kontuan hartu gabe. Diru kopuru hori urtean 11 hilabetetan ordainduko da; hortaz oporrak ez dira kontzeptu horretarako kontuan hartuko.

Hala ere, administrazioaren aldetik errazago izan dadin, soldaten hartu agirietan kontzeptu honen zenbatekoa 11,91 euro hileko izanen da 2003an, eta 12,38 eurokoa 2004an, 12 hilabeteetan.

Aipatu kontzeptua, Langileen Estatutuaren martxoaren 24ko 1/95 LEDaren 26.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ez da soldatatzat hartuko, langileek beren eginkizunetan egindako gastuen konpentsazioa delako, eta Gizarte Segurantzaren kotizaziotik salbuetsirik egonen da.

11. artikulua. Dietak eta kilometrajea. Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek, enpresaren aginduz beren lantokitik beste herri batera bidaiatu edo joan-etorriak egin beharrean direnean, eskubidea dute joan-etorri horietan egindako gastuen ordaina kobratzeko, behar diren egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

Bidaiak norberaren ibilgailuan eginez gero, kilometrajea ordainduko zaie. Zenbateko hori salbuetsia egonen da langileari dagokion ogasunean.

12. artikulua. Aparteko orduak eta egiturazkoak. Hitzarmena sinatu duten aldeek bat datoz aitortzean elkarrekin lan egiteak ondorio onuragarriak ekar ditzakeela ohiko aparteko orduak kentze aldera. Asmo horrekin, enpresa saiatuko da aparteko orduen ordez kontratazio berriak egiten, gaur egun dauden modalitateen barnean, eta, era berean, positibotzat jotzen du ordu horiek atsedenekin konpentsatzea.

Aparteko ordu mota hauek zehaztu dira:

a) Ezbeharrak edo bestelako kalte ez-ohiko eta urgenteak konpontzeko aparteko orduak, eta, orobat, lehengai galkorrak galtzeko arriskurik bada.

b) Ezinbesteko aparteko orduak kasu hauek gertatzean: ezusteko eskaerak edo produkzio behar handiko uneak, ustegabeko absentziak, txanda aldaketak, egiturazko beste inguruabar batzuk, mantentze-lanak, etab., betiere ezinezkoa bada legez aurreikusitako zernahi motatako kontratazio bidez ordeztea.

Enpresako zuzendaritzak hilero jakinaraziko dio enpresa batzordeari aparteko zenbat ordu sartu diren, zergatik eta pertsonaz pertsona nola banatu diren eta ordu horien izaera eta mota.

Egiturazko ordutzat joko dira 1983ko martxoaren 1eko Aginduz ezarritakoak. Goragoko legezko arau bat aplikatzean hitzarmen honetan ezarritakoa baino lanaldi laburragoa gertatuz gero sobratuko liratekeen orduak ere egiturazko orduak izanen lirateke. Edonola ere, ordu horiek egiteko aipatu aginduan ezarritako tramiteak eta prozedura beteko dira. Horien zenbatekoa eta ordainketa II. eranskinean ezarri dira.

III. KAPITULUA

13. artikulua. Lanaldia. Urteko benetako lanaldia 2004an 1778 ordukoa izanen da.

Lanaldia antolatzean, orokorrean eta ondorengo artikuluan ezarritako salbuespenekin, asteko atsedenaldiak larunbat arratsaldea eta igandea hartuko ditu.

14. artikulua. Laneko ordutegia eta egutegia. Erreferentzia gisa, astelehenetik ostiralera (biak barne) 9:00etatik 13:30era izanen da goizez, eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldez. Larunbatetan 9:00etatik 14:00etara. Lan egutegia urteko urtarrilaren 31rako prestatua egonen da eta jendeari jakinaraziko zaio.

Dendetako ordutegiak aldatu izanak lan ordutegietan eragina badu, laneko ordutegiak ezin izanen dira aldatu sindikatuen ordezkariekin ados jarrita ez bada, edo ukituekin borondatezko ituna eginez, edo antolakuntzako arrazoiak, ekonomikoak, teknikoak, produziokoak edo lehiakortasunekoak direla eta, aldatzea beharrezkoa gertatzen bada. Kasu horietan Langileen Estatutuaren martxoaren 24ko 1/95 LEDaren 41. artikuluak ezarritako tramitea eta prozedurak aplikatuko dira.

Abenduaren 26ko lanaldia 9:00etatik 14:00etara izanen da.

Herriko jaietako lanaldia 9:00etatik 14:00etara izanen da. Enpresak erabakitzen badu zentroetara arratsaldeetan joatea, behar diren postuak langile boluntarioz beteko dira, eta adostuko dute zerbitzua zein aldetan eman. Zentroak langile boluntarioz irekitzerik ez badago, goizeko eta arratsaldeko txandak eratzen ahal dira.

Abenduaren 24an eta 31n arratsaldez 19:00ak arte irekiko dira lanaldi jarraituko dendak eta 15:30ak arte lanaldi jarraitua duten dendak. Langile bakoitzak, gehienez ere, aipatu bi arratsalde horietatik batean bakarrik lan eginen du. Abenduaren 31ko inbentarioa, zeina derrigorrez egin behar baita, urtarrilaren 2an eginen da.

Urteko konputuan denbora sobra izatearen ondorioz arratsalde batzuk jai hartzeko aukera egonez gero, astean behin hartuko dira, astelehenetik ostegunera, oporretako hilabetea salbuetsita. Bi aldeak ados jarririk (enpresa / langilea), arratsalde soberakinak metatzen ahal dira, oporraldia luzatzeko erabiliz, edo bestela denak jarraian hartzeko.

Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek eskubidea dute egunero 10 minutuko atsedenaldia hartzeko ogitartekoa jateko lanorduetan, eta denbora hori lan egiazko eta benetakotzat hartuko da ondorio guztietarako. Eskubide hori lanaldi osoz diharduten langileek baino ez dute izanen.

15. artikulua. Establezimenduak larunbat arratsaldez, igandez edo jaiegunez irekitzea.

Enpresaren establezimenduak larunbat arratsaldez, igandez edo jaiegunez irekitzeko, lehentasun hurrenkera hau hartuko da kontuan:

a) Langile boluntarioak.

b) Beren kontratuetan horrela ageri delako, lana egun horietan egitera behartuak dauden langileak.

c) Langile kontratatu berriak.

d) Zuzendaritzak bere nahierara izendatzen dituenak, baldintza hauekin:

_Ezin izanen da establezimendu bakoitzean izan ohi diren langileen kopurua gainditu.

_Interesatuei astebete lehenago jakinaraziko zaie.

_Aukera emanen zaie langileei beren artean aldaketak egin ditzaten, establezimenduaren funtzionamenduaren kalterako ez bada, betiere.

_Langileak behartzen ahal dira hilean bi larunbatetan lan egitera arratsaldez eta urtean 4 igandez edo jaiegunez, premiarik izanez gero. Kopuru hori alda daiteke enpresa batzordearekin ados jarrita edo bakarkako itunaren bidez.

_Larunbat arratsaldez, igandez edo jaiegunez lan egiten dutenek konpentsazioko atsedenaldia izanen dute, ondorengo astelehenean edo hurrengoan, enpresaren nahierara, baina langileak aukeran du konpentsazioa aparteko ordu gisa kobratzea.

Nolanahi ere, igandez edo jaiegunez irekitzeko, aldeak Merkataritzako Mahai Orokorrean ezarritakoari lotzen zaizkio, zeinetan ezarri baita 2004an 4 egun direla ireki ahal izatekoak.

16. artikulua. Oporrak. Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek eskubidea dute urtean 28 lanegun opor izateko. Oporregun horietatik 14 lanegun gutxienez jarraian hartu beharko dira ekainaren eta irailaren artean, biak barne. Langile guztiek gutxienez bi hilabete lehenago jakinen dute noiz hartuko dituzten oporrak eta enpresak ez die oporraldia aldatzen ahal inondik ere, ezinbesteko kasuetan edo zinezko urgentzia dagoenean izan ezik. Urtean zehar enpresan lanean hasi edo lana uzten duen langileak dagokion opor-zati proportzionala hartu edo kobratuko du.

Enpresak eskatuta bere oporraldia aldatu izan duen langile orok, oporren hasieran aldi baterako ezintasun egoeran suertatzen bada, eskubidea izanen du oporraldia atzeratzeko aldi baterako ezintasuna amaitzen den arte, betiere urte natural beraren barnean gertatuz gero.

Halaber, lan istripuak edo lanbide eritasunak ez dituzte oporrak galaraziko ezarrita baldin bazeuden.

17. artikulua. Lizentzia ordainduak. Distribuidores de alimentación para grandes empresas, S.A. enpresan lan egiten dutenek eskubidea dute ondorengo lizentzia ordainduak hartzeko.

a) Langilearen ezkontza, 16 lanegun.

b) Anai-arreben, seme-alaben, biloben, gurasoen, lehengusu eta iloba propioen eta koinatu-koinaten ezkontza: egun natural bat.

c) Semea edo alabaren jaiotza edo adopzioa: 5 egun natural.

d) Ezkontidearen eta seme-alaben heriotza: 7 egun natural, eta bi egun gehiago, arrazoi horregatik egin beharreko bidaia 100 kilometrotik gorakoa baldin bada.

e) Osaba-izeba, iloba eta lehengusu propioen heriotza: egun natural bat.

f) Bigarren graduko odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasuna arteko familiakoen eritasun larria, ospitalizazioa edo heriotza, bai eta ezkontidearen, gurasoen edo seme-alaben eritasun larria: 3 egun natural, eta bi egun gehiago, arrazoi horregatik egin beharreko bidaia 100 kilometrotik gorakoa baldin bada.

g) Norberaren aferak, atzera ezinekoak, artatzeko, horren premia frogatu ondoren eta Langileen Estututuaren 37. artikuluan ezarritakoa deusetan ukatu gabe.

h) Ohiko bizilekuz aldatzeko: egun natural bat.

i) Ordezkari sindikalak beren eginkizunetan aritzeko, indarra duen legerian ezarritako modu eta mugekin.

Langileek alegatu dituzten arrazoien frogagiria aurkeztuko dute, artikulu honetan ezarritako lizentziak kobratu ahal izateko.

Eritasun larriengatiko lizentzien kasuan, larritzat joko dira operazio kirurgikoa eta ospitalizazioa berekin dakartzaten eritasunak.

Aldeek adostu dutenez, legezko zaintzagatiko lanaldi murrizketa haurrak 10 urte bete bitarte luza daiteke. Horretarako eskaera idatzia eginen zaio enpresari eta hark aztertuko du kasua langileen legezko ordezkaritzarekin batera. Legezko zaintzagatiko lanaldi murrizketa, sei urte bitarteko adingabekoena, unean uneko legeria indardunean aurreikusitakoaren arabera arautuko da.

18. artikulua. Aldi baterako ezintasuna. Eritasun arruntaren, laneko istripuaren edo lanbide eritasunaren ondorioz langilea aldi baterako ezintasunean dagoen artean, enpresak langilearen soldata garbiaren % 100era artekoa osatuko du, 12 hilabeteko mugarekin.

19. artikulua. Baliaezintasun edo heriotza prestazioa. Lan istripuaren edo lanbide eritasunaren ondorioz, langilea gelditzen bada bere ohiko lanbiderako baliaezintasun iraunkor osoan, edo edozein lanetarako erabateko baliaezintasunean edo baliaezintasun handian, enpresak 23.000 euro ordainduko dizkio, hainbesteko finkoan eta emanaldi batean, hitzarmen kolektibo honek dirauen artean.

Itundutako prestazioa sorrarazi eta kobratzeko eskubidea sortuko da:

a) Lan istripuaren kasuan, hori gertatzen den egunean, erakunde eskudunak baliaezintasuna aldez aurretik deklaratuta,

b) Gertaera eragilea lanbide eritasunaren ondoriozkoa bada, erakunde eskudunak baliaezintasun iraunkorra aitortzen duen ebazpen irmoa ematen duenean edo arrazoi horren ondorioz langilea hiltzen bada, heriotzako egunean.

Arrazoi horiek heriotza eraginez gero, ezarritako diru kopurua kobratzeko eskubidea izanen dute haren ondorengo eskubidedunek.

2004ko zenbatekoak, klausula honen ondoriozkoak, indarra hartuko du hitzarmen kolektiboa sinatu eta 30 egunen buruan, enpresak eguneratu dezan babestutako arriskuak estaltzen dituen poliza.

20. artikulua. Laneko arropa. Enpresak langile guztiei urtean bi jantzi-joko osoak eta egokiak banatuko dizkie, lan atalen araberakoak, bata uda parterako eta bestea negurako. Oinetako bereziak beharrezkoak diren lanlekuetan enpresak banatuko ditu, 6 hilabetean behin. Orobat, kontuan izanik elikagaien manipulazioa, higienea gordetzeko behar diren eskularru guztiak banatuko dira.

21. artikulua. Eszedentziak. Enpresan urtebeteko antzinatasuna gutxienez duen langile orok eskubidea du borondatezko eszedentzia eskatzeko, 2 urtetik 5era artekoa. Lana gordetzeko eskubidea izanen du, lanpostua hutsik badago, eta itzultzea eskatuko du langileak eszedentziaren mugaeguna baino 30 egun lehenago, bestela lanpostuari uko egiten diola ulertuko da.

Langileek eszedentziarako eskubidea izanen dute, hiru urtetik beherakoa, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, bai berea bada eta baita adopzioan hartua bada ere, haurraren jaiotegunetik hasita.

Hurrengo seme-alabek ere eszedentzia hartzeko eskubidea emanen dute, eta kasua bada, azkenengo eszedentziak aurrekoaren bukaera ekarriko du. Guraso biak lanean ari badira, horietako batek baino ez du eskubide hori erabiltzen ahal.

Seme-alabak zaintzeko eszedentzian dagoen denborak balio du antzinatasunerako, eta lehenengo urtean lanpostua gordeko zaio, horretarako eskubidea baitu. Epea akituta, gordeko zaion lanpostua lanbide talde berekoa edo kategoria baliakidekoa izanen da.

Azken kasu horretan eskatzen den eszedentzia akitzean, langileak itzultzea eskatu beharko du 30 egun lehenago, bestela lanpostuari uko egiten diola ulertuko da.

Eskubide horretaz beste behin bakarrik balia daiteke langile bera, aurreko eszedentzia borondatezkoa bukatu eta 4 urte gutxienez igaro badira.

22. artikulua. Osasun azterketak. Enpresak, Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuarekin bat, osasuna zaintzeko azterketa espezifikoak eginen ditu lanpostuz lanpostu, Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordeak ezagutzen dituen enpresa barneko arriskuen ebaluazioa eta plangintza aurreikusteko. Azterketok lanorduetan eginen ditu eta sortzen diren gastuak enpresaren kontura izanen dira.

23. artikulua. Mailaz igotzea. "Urgazle" edo "laguntzaile" kategoriako langileak, zerbitzu ematen 12 hilabete jarraian igaro ondoren, besterik gabe "saltzaile" edo "kutxazain" lanbide kategoriara igoko dira.

24. artikulua. Auto-gidariak. Beren lanean ari dela, gidari bati gidabaimena kentzen badiote, enpresak beste lanpostu bat eskaini beharko dio, eta langileak lanpostu horren ordainsaria kobratuko du.

25. artikulua. Ekintza sindikala. Enpresa Batzordearen kreditu sindikaleko orduak, kide batengan edo batzuengan metatzen ahal dira.

26. artikulua. Behin-behineko kontratuak. Kontuan hartuz sektore honetako hitzarmen kolektibo probintzialak, Nafarroako Foru Komunitaterako aplikatzen denak, Langileen Estatutuaren 15.1. b) artikuluak arautzen dituen behin-behineko kontratuak handitzea itundu duela, bi aldeek itundu den hitzarmen honetara ere hedatzen dute, honela hain zuzen ere: merkatuaren egoerak, lana metatzeak, eskaera edo salmenta gehiegi hazteak beharrezko egiten badute, enpresaren jarduera ohikoa izanda ere, kasu horietarako kontratazioak egiten ahal direla, jardueraren egoeragatik, gehienez ere 9 hilabeterako 13 hilabete eta erdiko epean. Baldin eta 9 hilabetetik beherako eperako ituntzen bada, luzatzen ahal da aldeak ados jarrita, baina kontratuak ez du gehieneko muga hori baino gehiago iraungo.

Gainera, hitzarmen kolektiboan ezartzen diren beste kontratazio modalitateak ere erabil daitezke.

27. artikulua. Obra kontratuak edo zerbitzukoak. Langileen Estatutuaren martxoaren 24ko 1/95 LEDaren 15.1 a) artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, enpresa eta enplegua sustatze aldera, merkatuan lehiakortasun maila hobea emanez eta, beraz, eskaerei erantzuna eman ahal izateko, enpresaren ohiko jardueran munta propioa duten lan edo zereginak, kontratu mota horien bidez bete daitezkeenak, honako hauek lirateke:

A._Kanpaina orokorrak eta berariazkoak, erakusketak, salmenta bereziak, merkealdiak, enpresaren edo hirugarrenen produktuen edo zerbitzuen sustapena, urteurrenak edo/eta antzekoak.

B._Era guztietako proiektuak edo azterlanak enpresaren arlo komertzial edo administratibo guztietan.

Kontratu mota honen bitartez, langile bat kontratatzen ahal da zeregin baterako edo gehiagorako, 2 urtetik beherako iraupen zehaztugabean, 36 hilabeteko epean. Delako kontratua gutxienez 6 hilabetekoa izanen da.

Kontratu mota hori hasieran adostutako epearen iraupen bereko aldirako edo aldietarako luza daiteke, kontratua sinatu dutenen artean erabakita, eta horren iraupena, guztira, ez da 2 urtetik gorakoa izaten ahal.

Bi aldeetako batek ez badu kontratuaren amaiera iragartzen hitzartutako epean edo luzatutakoaren nahiz luzatutakoen barnean, besterik gabe beste aldi baterako luzatutzat joko da.

Bi urteko gehieneko aldi hori bukatzean, unean uneko legezko araudiari jarraikiz, enpresak kontratua finko bihurtzea erabaki dezake, edo deuseztatzea, baina kasu horretan langileari ordaindu beharko dio egun bateko oinarrizko soldatako kalte ordaina lan egindako hilabete bakoitzeko.

C._Bi aldeek espresuki aitortzen dutenez, prozesu orokor baten barnean dago elikagaien merkataritza sektorea birmoldatzeko, modernizatzeko eta Merkataritzaren Lege berriari egokitzeko, bai eta Europar Batasunaren Konbergentzia Planaren ondoriozko eskaera eta kontsumo berriei erantzuteko ere, eta, beraz, aipatu prozesu horretan oinarritutako obra edo zerbitzu jakin batzuetarako kontratuak egin daitezke. Horien iraupena, gutxi gorabehera jota, ez da 6 hilabetetik beherakoa izanen, ezta 2 urtetik gorakoa ere, eta, aldeen erabakiz, sei hilabetetik sei hilabetera luza daitezke.

Kontratu mota horietan amaiera iragartzen ez bada, arestian adierazitako modalitateaz ezarritakoari jarraituko zaio.

Hori horrela izanik ere, aurreko ataletan xedatutakoaren babesean enpresak ez ditu aldi baterako kontratatzen ahal lehendik enpresan berean kontratazio berria egin aitzineko 12 hilabetetan aldi baterako edo iraupen zehatz baterako kontratatutako langileak, salbu eta kontratu haren iraupena 3 urtetik beherakoa denean; horrelakoetan, izan ere, kontratuak gehieneko mugara iritsi artekoak egin daitezke.

28. artikulua. Prestakuntza kontratua. Langileen Estatutuaren martxoaren 24ko 1/95 LEDaren 11.2 artikuluan idatzi bezala, prestakuntzako kontratua 16 urtetik gorako eta 21etik beherako langileekin egin daiteke administrazioaren, kutxazainen eta biltegiaren ataletan.

Kontratu horrek 15 eguneko probaldia izanen du. Kontratu horrek gutxienez 6 hilabeteko iraunaldia izanen du eta gehienez 18 hilabetekoa, biltegiko langileen kasuan izan ezik, horientzat gehieneko muga 6 hilabetekoa izanen baita. Kontratu horren ordainsaria ez da "urgazle" kategoriarena baino txikiagoa izaten ahal eta beti benetako lanean ematen den denboraren araberakoa.

Modalitate horren gainerako baldintzei dagokienez, indarra duen legerian xedatutakoari jarraituko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Udako ordutegia. Udako egutegia itundu da, soilik uztaila eta abuztua hartzen dituena. Lanaldia astelehenetik ostiralera artekoa da (biak barne), 9:00etatik 13:30era goizez eta 17:30etik 20:30era arratsaldez. Larunbatetan ordutegi normala izanen da, hitzarmenaren 18. artikuluan ezarritakoa. Hala ere, aldaketa hori konpetentziak bere ordutegiak hilabete horietan aldatzen baditu eginen da soilik, edo ukitutako langileekin borondatez itundutako akordioaren ondorioz.

Bigarrena._Enplegu finkoaren aldeko konpromisoa. Enpresak hitz eman du bi urteko epean mugagabeko enplegua % 75era jasotzeko (% 63koa da hitzarmena sinatu den unean). Helburu horrekin itundu da sei hilabeteko probaldia izatea enpresak izenpetutako mugagabeko kontratuetan.

AZKEN XEDAPENA

Hitzarmen kolektibo honetan xedatu ez den orotan Orotariko Merkataritzako Lan Ordenantza Ordezteko 1995eko abenduaren Akordioan eta Langileen Estatutuaren martxoaren 24ko 1/95 LEDan, eta aplikazio orokorreko xedapenetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Tuteran, 2004ko uztailaren 15ean.

I. ERANSKINA

(euroak)

2003. urteko 2003. urtean 2004. urtean

K A T E G O R I A oinarria % 4 % 4

Kutxazain laguntzailea 634,15 659,52 685,90

Kutxazaina (+urte bat) 650,64 676,66 703,73

Saltzaile laguntzailea 650,64 676,66 703,73

Saltzailea 666,90 693,58 721,33

Arduraduna 812,91 845,43 879,24

II. ERANSKINA

Hitzarmenaren 12. eta 15. artikuluen osagarri gisa, erabaki da:

a) Enpresak eskatuta egiten diren aparteko orduak % 75 errekargatuko dira egunekoak badira, % 125 gauekoak eta % 150 jaiegunekoak, banakako orduko soldataren gainean.

b) Larunbat arratsaldetan lan egiten dutenek 28,84 euroko ordainsari berariazkoa jasoko dute larunbat bakoitzeko eta 33,1 eurokoa arduradunek.

c) Igande edo jaiegunetan lan egiten dutenek 48,1 euroko ordainsari berariazkoa jasoko dute goiz bakoitzeko.

d) 2005eko urtarrilaren 1etik aitzina, larunbat arratsaldeengatik 31,20 euro kobratuko dira. Arduradunek 35,76 euro kobratuko dituzte lan egindako larunbat arratsalde bakoitzeko, eta igande eta jaiegunetan langile guztiek 52 euro kobratuko dituzte lan egindako goiz bakoitzeko.

Konpentsazio gisa, ukitutako langileek atsedenaldia aukeratzen badute, hemen azaldutakoaren arabera, A) lerroaldean adierazitako errekargu bera aplikatuko zaio.

Iragarkiaren kodea: F0417229