152. ALDIZKARIA - 2004ko abenduaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

E G U E S I B A R

Deialdia, administrari laguntzaile lanpostu finko bat, lan-araubidekoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

1. oinarria._Arau orokorrak.

Deialdi honen xedea da Eguesibarko Udalerako administrari laguntzaile lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Horrez gain, probak gainditzen dituztenen zerrendarekin beste zerrenda bat eginen da, Eguesibarko Udalak erabiltzen ahalko duena aldi baterako langileak kontratatzeko, puntuazioaren ordenari jarraikiz.

1.3. Deialdi honen ondorioz izendaturik gertatzen den eta 3 hilabeteko probaldia gainditzen duen izangaia lan-kontratudun finkoa bihurtuko da.

1.4. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien behin-behineko Erregelamenduan eginiko sailkapeneko D mailari dagozkion ordainsariak.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek.

2. oinarria._Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Adinez nagusi izatea eta Europar Batasuneko kide den estaturen bateko nazionalitatea edukitzea.

b) Gutxienez, eskola-graduatuko edo lehen mailako lanbide heziketako titulua edukitzea, edo horien baliokideren bat.

c) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ez izatea.

2.2. Azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak aipatutako baldintzak betetzen dituela frogatu beharko du, deialdi honetako 7. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko ditu, hain zuzen ere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta horien jabe beharko du izan hautapenaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Eguesibarko Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideek I. eranskineko ereduaren araberakoak beharko dute izan, eta haiekin batera lehiaketaldian baliarazi nahi diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak, kopia kautotuak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira.

3.2. Eskabideak aurkezteko ezarri den epea ezin da luzatu.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, udalburuak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 10 egun balioduneko epean, erreklamazioak aurkeztu eta egindako okerrak zuzentzen ahalko dituzte.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoren, udalburuak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

5. oinarria._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: José Anastasio Andía García de Olalla jauna, alkate udalburua.

Ordezkoa: Carolina Potau Menéndez andrea, Ogasuneko zinegotzi delegatua.

Mahaikidea: udal mugakide bateko administrari laguntzaile bat.

Ordezkoa: udal mugakide bateko administrari laguntzaile bat.

Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuaren ordezkari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuaren ordezkari bat.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: langileen ordezkari bat.

Idazkaria: Eguesibarko Udaleko idazkaria, hizpidea izanik baina botorik gabe.

Ordezkoa: beste udal bateko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta eraketa eta jarduketa baliozkoak izateko haien kideen gehiengo osoak agertu beharko du, gutxienez.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria._Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean jakinaraziko da probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren.

6.1. Lehiaketaren garapena:

Deialdi honetako 4.3 puntuan aipatzen diren toki, egun eta orduan, epaimahaiak izangaien merezimenduen balorazioa eginen du, honako baremo honi jarraikiz:

6.1.1. Esperientzia:

Edozein administrazio publikotan, deialdikoaren antzeko lanposturen batean lan egindako urte bakoitzeko: puntu 1.

Deialdikoaren antzeko lanposturen batean, administrazio publikoaz kanpoko edozein enpresatan, lan egindako urte bakoitzeko: 0,8 puntu.

Aurreko bi ataletan aipatzen diren merezimenduak kontuan hartzeko, lehiakideak lan egin zuen enpresaren edo administrazio publikoaren egiaztagiriak behar dira. Kontuan hartuko dira hala lan araubidean, behin-behineko gisa edo finko egonik, nola administrazio araubidean, bitarteko gisa edo lanpostuaren jabe izanik, emandako zerbitzuak; baina atal batean baino gehiagotan sartzen diren zerbitzuak denbora berean emanak badira, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.

Egiaztatutako lan denborak urtebetea osatzen ez badu, proportzioaren araberako kalkulua eginen da.

Aurreko bi ataletako batura ez da 11 puntu baino handiagoa izanen.

6.1.2. Prestakuntza ikastaroak:

a) Egindako prestakuntza ikastaroak, behar bezala egiaztaturik, deialdiko lanpostuekin zerikusirik badute, honen arabera baloratuko dira:

_20 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,8 puntu ikastaro bakoitzeko.

_10 ordutik goitiko baina 20 ordutik beheitiko ikastaroak: 0,5 puntu ikastaro bakoitzeko.

Ikastaro guztien batura ez da inola ere 4 puntu baino handiagoa izanen.

Bestelako titulazioak, deialdian eskatzen dena baino maila handiagokoak, 0,5 puntu, eta gehienez ere puntu bat.

b) Epaimahaiak Udalaren ediktu oholean emanen ditu argitara lehiaketaldiko puntuazioak, eta oposizioa noiz, non eta zer ordutan hasiko den finkatuko du, oposizioaldia hasi baino 48 ordu lehenagotik gutxienez ere.

6.2. Ondoko ariketa hauek egin beharko dira oposizioaldian:

_Lehen ariketa. Hiru proba hauek eginen dira:

a) Mekanografia: izangaiak berak ekarriko duen idazmakinan ariketa bat egin beharko du, zeinean abiadura, akatsik eza eta aldez aitzin ezarrita dauden irizpide objektiboen arabera ariketari emandako itxura baloratuko baitira. Kanpo geratuko dira minutuko 250 pultsazio egitera iristen ez direnak.

II. eranskinean ariketa honen inguruko xehetasun gehiago aipatzen dira.

Epaimahaiak, proban eginen den testuaren transkripzioa zein modutan eginen den arautuko duten formalitateak finkatuko ditu.

b) Ortografia. Proba honetan ezingo da hiztegirik erabili.

c) Matematika. Oinarrizko lau erregeletan, zatikietan, hiruko erregela bakunean zein konposatuan eta korrituaren erregelan oinarrituriko buruketak egin beharko dira. Proba hau burutzeko ezin izanen da kalkulagailurik erabili.

Epaimahaiak zehaztuko du b) eta c) probak egiteko gehieneko denbora, haiek hasi aurretik.

_Bigarren ariketa:

a) Teorikoa: ordubeteko iraupena izanen du eta III. eranskinean jasotzen den programako gaiei buruzko galdera motz edo test modukoei idatziz erantzun beharko zaie.

b) Praktikoa: toki-erakunde bateko administrari laguntzaile lanpostuan egin ohi diren dokumentuetatik bi edo gehiago egin beharko dira (ofizioak, Alkatetzaren dekretuak, bandoak, iragarkiak, eskabideak, eta abar).

Kasu praktiko bakoitzaren planteamendua idatziz edota ahoz egin ahal izanen du epaimahaiak. Dokumentua eskuz eginen da.

Proba honetan baloratuko dira alderdi gramatikalak, dokumentuaren aurkezpena eta epaimahaiaren ahotik (hala egiten denean) jasotako datuen zuzentasuna.

_Hirugarren ariketa:

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak egindako proba psikoteknikoak, izangaien gaitasuna eta lanposturako edo lan-mailarako daukaten egokitasuna neurtzeko, betiere zehaztu nahian zeinek erantzungo dien hobekien Eguesibarko Udalaren zerbitzuko eginbeharrei.

_Laugarren ariketa:

Euskara: aukerakoa eta baztergarria ez dena.

Proba honen bidez neurtuko da izangaiek euskaraz dakitena, ahoz eta idatziz. Epaimahaiak teknikari gaituen laguntza jasoko du balorazioa egiteko.

Elkarrizketa: izangaiek elkarrizketa eginen dute epaimahaikoekin, egin beharreko lanetako alderdi orokorrei buruz.

Puntuazioak:

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 80 puntu eman daitezke gehienez ere, eta honela banatuko dira ariketen arabera:

_Lehenbiziko ariketa: (33).

a) Mekanografia: 0tik 20 puntura bitarte, II. eranskinean zehazten den bezala baloraturik. Bazterturik geldituko dira minutu bakoitzeko 250 pultsazio egitera iristen ez direnak.

b) Ortografia: 0tik 8 puntura bitarte emanen dira. Gutxienez 4 puntu, ariketa gainditzeko.

c) Matematika. 0tik 5 puntura bitarte emanen dira. Gutxienez 3 puntu, ariketa gainditzeko.

_Bigarren ariketa: (30).

0tik 30 puntura bitarte. Bazterturik geldituko dira 15 puntura iristen ez direnak.

a) Proba teorikoa. 0tik 15 puntura bitarte. Bazterturik geldituko dira 7 puntura iristen ez direnak.

b) Proba praktikoa. 0tik 15 puntura bitarte. Bazterturik geldituko dira 7 puntura iristen ez direnak.

_Hirugarren ariketa: (4).

Proba psikoteknikoak. 0tik 4 puntura bitarte. Bazterturik geldituko dira 2 puntu baino gehiago ateratzen ez dutenak.

_Laugarren ariketa:

Euskara: (5).

Aukerakoa eta ez baztergarria. 0tik 5 puntura bitarte.

Elkarrizketa: (8).

Proba ez da baztergarria. 0tik 8 puntura bitarte.

Oposizioko ariketetako proba guztiak baztergarriak izanen dira, elkarrizketa izan ezik, eta bazterturik geldituko dira horietako bakoitzari dagokion gutxieneko puntuaziora iristen ez diren oposiziogileak, zeren hortik aintzina epaimahaiak ez baitie proba gehiagorik baloratuko.

Pliken sistema erabiliko da.

6.4. Ariketa bakoitza zuzendu ondoan, gehienez ere 5 eguneko epean, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Udalaren iragarki oholean, proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

6.5. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute.

7. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azkeneko ariketa kalifikatu ondotik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, erdietsi duten guztirako puntuazioaren araberakoa, igorriko du Udalera; horretarako batuko ditu izangai bakoitzak lehiaketan eta oposizioko ariketetan ateratako puntuak; zerrenda horrekin batera puntuaziorik altuena eskuratu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena ere bidaliko du. Aipatu proposamena Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren bulegoetan:

1._Nortasun Agiri Nazionalaren, pasaportearen edo legez identifikatzeko balio duen beste dokumentu ofizial baten fotokopia.

2._Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den jatorrizko tituluaren fotokopia, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak izanaren agiriarena.

3._Zinpeko aitorpena, funtzio publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela edo ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

4._Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzeko galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela erakusten duena.

5._Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion beharkizunak zuzen beteko dituela.

7.3. Aipatutako epean, ongi justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiekeen erantzukina deusetan galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du utzitako hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua amaitu eta izangaiak 7.2. oinarrian aipatzen diren dokumentuak aurkeztu ondotik, Alkatetzak ebazpenaren bitartez Eguesibarko Udaleko lan-kontratudun finko izendatuko du izangaia, administrari laguntzaile lanpostuan ari dadin.

8.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean. Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaz jabetzen ez bada, Eguesibarko Udaleko lan-kontratudun finko bihurtzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Halakorik gertatuz gero, 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, edota

c) Berraztertzeko errekurtsoa organo dei-egileari zuzendua, hilabeteko epean hura jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Eguesen, 2004ko azaroaren 8an._Alkatea, José A. Andía García de Olalla.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .............................., adinez nagusi, N.A.N. zk.: .................. helbidea (herria, probintzia, kalea, zenbakia, posta kodea): ........... ....................................................., telefonoa: .........

Adierazten dut:

Eguesibarko Udaleko administrari laguntzaile lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa badudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbestez:

Eguesibarko Udaleko administrari laguntzaile lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

(Eguna eta sinadura)

II. ERANSKINA

Proba mekanografikoa

a) Planteamendua.

Proba honen helburua izangaien abiadura mekanografikoa neurtzea da; emaitza lortzeko, pultsazio digitalen guztirako kopuruari akatsak eta ez-eginak kenduko zaizkio.

Izangaiek beren idazmakina eramanen dute, mekanikoa izan behar duena, ez baitira idazmakina elektrikoak onartzen.

b) Proba egiteko testua.

Epaimahaiak emanen duen testua, literarioa, kopiatu beharko da. Literatur testu bat izanen da eta, zenbakiak izaten ahal baditu ere, haren erredakzioan saihestuko dira buruhauste bereziak (zutabeak, tabulazio anizkoitzak, azpi-indizeak, formulak), era horretan nahi baita bermatu izangai guztiek baldintza berberetan jardutea, zeinahi direlarik ere bakoitzaren idazmakinaren ezaugarri teknikoak, eta lortu azterketen puntuazioa objektiboa izatea.

Kopiatzeko 10 minutu emanen dira.

Probari ekin aurretik ere izangaiek denbora tarte bat izanen dute.

Probari ekin aurretik bost minutuko tartea utziko zaie izangaiei, gutxienez, nahi izanez gero hatz-ariketak egin ditzaten.

c) Puntuazioa.

Emandako pultsazio zuzenak baizik ez dira kontatuko, eta halakotzat hartuko dira, soilik, epaimahaiak emandako jatorrizko testuarekin bat datozenak.

Pultsazio baliozkoak: epaimahaiak emanen duen jatorrizkoarekin bat datorren karaktere, tarte edo zeinu bakoitzeko, pultsazio bat.

Zenbatuko ez diren pultsazioak, ez-eginak eta zehapenak:

_Ez dira kontuan hartuko jatorrizkoarekin zehatz-mehatz bat ez datozen pultsazioak: toki okerrean paratzen diren letrak, tildeak edo zeinuak, errepikatuak zein sobran daudenak.

_Ezin dira zuzendu testua kopiatzean egindako akatsak edo egin gabe utzitakoak, eta, beraz, egindakoaren gainean beste zeinu batzuk paratzen badira, ez dira inola ere baliozkoak izanen, eta, gainera, zehapen gisa, bi huts erantsiko dira (bi pultsazio gutxiago).

Hitz berean hiru pultsazio edo gehiago digitazio akats edo ez-egin gertatuz gero, kontaketa egiteko orduan, hitz horrek zuzen idatzita behar dituen pultsazio guztiak galduko dira.

Izangaiak testuan lerro bat edo gehiago idatzi gabe uzten baditu, idatzi gabeko lerro bakoitzeko hamar pultsazio kenduko zaizkio.

Eta kasu hauetan kenduko dira:

_Akats mekanografikoa: 5 pultsazio.

_Idatzi ez den hitz edo esaldiagatik: 7 pultsazio.

Hitz bakoitzean akats mekanografiko bakarra hartuko da kontuan.

Proba hau gainditzeko gutxieneko abiadura, baliozko bi mila eta bostehun pultsaziokoa izanen da (250 pultsazio minutuko), eta kanporatuak izanen dira abiadura hori erdiesten ez dutenak.

Gutxieneko maila hori gainditzen duten azterketak ordenatuko dira egiaztatutako baliozko pultsazio kopuru gutxienekotik gehienekora, eta baremo honi jarraikiz kalifikatuko:

_Baliozko pultsazioak minutu bakoitzeko (p.m.b.), 250etik 260ra bitarte: puntu 1.

_Baliozko p.m.b., 260tik 270era bitarte: 2 puntu.

_Baliozko p.m.b., 270etik 280ra bitarte: 3 puntu.

_Baliozko p.m.b., 280tik 290era bitarte: 4 puntu.

_Baliozko p.m.b., 290etik 300era bitarte: 5 puntu.

_Baliozko p.m.b., 300etik 310era bitarte: 6 puntu.

_Baliozko p.m.b., 310etik 320ra bitarte: 7 puntu.

_Baliozko p.m.b., 320tik 330era bitarte: 8 puntu.

_Baliozko p.m.b., 330etik 340ra bitarte: 9 puntu.

_Baliozko p.m.b., 340tik 350era bitarte: 10 puntu.

_Baliozko p.m.b., 350etik 360ra bitarte: 11 puntu.

_Baliozko p.m.b., 360tik 370era bitarte: 12 puntu.

_Baliozko p.m.b., 370etik 380ra bitarte: 13 puntu.

_Baliozko p.m.b., 380tik 390era bitarte: 14 puntu.

_Baliozko p.m.b., 390etik 400era bitarte: 15 puntu.

_Baliozko p.m.b., 400etik goiti: 20 puntu.

d) Proba egiteko denbora.

Lehenik eta behin, epaimahaiak orri zuri bana emanen die izangaiei, nahi izanez gero hatz ariketak egin ditzaten.

Hori bukatu, hatz ariketak egiteko ariketetan erabili diren orriak bildu eta kendu ondotik, eta ariketari berari hasiera eman baino lehenago, oposiziogileei proba hasi eta bukatzeko seinaleen berri emanen zaie (azken hau bi denboretan); bukatzeko aurreabisutik behin betiko gelditzeko agindura bitarte minutu bat izanen da. Gelditzeko azken aginduari kasu egiten ez diona, bazterturik geldituko da.

Kopiatu beharreko testua eta azterketa egiteko orriak banatuko zaizkie parte-hartzaileei. Testua zehatz-mehatz atxikiko zaio jatorrizko jarrerari.

Espresuki ohartaraziko da ariketa ez dela inolaz ere geldituko behin hasiz gero, eta partehartzailea bera dela bere makinaren funtzionamenduaren erantzule bakarra.

Ariketa egiten ari den bitartean gertatzen diren gorabeherak konpontzeko, partehartzaileek ariketa hori zuzentzeko ardura dutenekin bakarrik hitz egiten ahalko dute.

Epaimahaiak taldeka banatzen ahalko du jendea, antolamendurako hala behar izanez gero.

Hala gertatzen bada, talde bakoitza ariketa egiten hastean, beharrezkoa bada, zozketa eginen da, dagokion testua hautatzeko.

III. ERANSKINA

Proba teorikoaren programa

1. gaia._Legeari eta Erregelamenduari buruzko ideia orokorrak. Udal ordenantza eta erregelamenduak: motak eta horiek onesteko baldintzak. Alkatetzaren bandoak.

2. gaia._Udalerria. Kontzeptua eta osagaiak. Ezagupen orokorrak. Udal antolamenduaren aipamen berezia: beharrezko antolamendua eta osagarrizkoa. Nahitaezko organoak eta haien eginkizunak.

3. gaia_Autonomia, udalerrien ahalmen eta eskumenak. Nahitaezkoak diren gutxieneko eskumenen gaineko ideia orokorra, eskuordetzen bidezko parte hartzea eta jarduera osagarriak. Udalerriek nahitaezkoak dituzten gutxieneko zerbitzuak.

4. gaia._Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea: Edukia eta egitura. Nafarroako Toki Administrazioa: Toki entitate motak. Udalerri elkartuari buruzko aipamen berezia: antolamendu eta funtzionamendu aldetik duen araubide berezia. Udal errolda. Hauteskunde zentsua.

5. gaia._Administrazio prozedurari buruzko ideia orokorrak: hastapena, tramitazioa eta ebazpena. Administrazio egintzen jakinarazpena: epeak eta moduak. Argitalpena. Administrazioaren isiltasuna.

6. gaia._Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina. Abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Dekretua.

Toki korporazioen zerbitzuko langileak: motak. Lan eskaintza publikoa. Lanpostuen zerrendak. Toki erakundeetako funtzionarioen eskubide eta betebeharrak. Bateraezintasunaren gaineko araubidea.

7. gaia._Errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak, Nafarroako toki entitateen egintza eta erabakien aurka.

8. gaia._Nafarroako toki entitateen finantza baliabideak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen arabera. Ezagupen orokorrak.

Iragarkiaren kodea: L0416645