152. ALDIZKARIA - 2004ko abenduaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ALLO

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Alloko Udalak, 2004ko uztailaren 19an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Alloko Udaleko ezkontzaz kanpoko elkartzeen erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen udal ordenantza. Hura ikusgai eman da iragarki oholean eta 2004ko irailaren 9ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, eta jendaurrean egoteko aldia iragan baita inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz, behin betikoz onetsitzat jo da, eta xedatu da haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Allon, 2004ko urriaren 27an._Jarduneko alkatea, Sergio Aisa Ochoa.

ALLOKO UDALEKO EZKONTZAZ KANPOKO ELKARTZEEN UDAL ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Alloko Udaleko ezkontzaz kanpoko elkartzeen udal erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen diren era eta baldintzetan.

2. artikulua. 1. Ezkontzaz kanpoko elkartzea hau da: borondatezko elkartze publikoa, adin nagusiko bi lagunek edo adingabeko bi emantzipatuk osatzen dutena, zein den ere haien sexu orientazioa, senar-emazteen gisako maitasun harremana izanik, zuzenean edo albotik bigarren maila arteko odolkidetasun edo adopzio bitarteko ahaidetasun loturarik izan gabe, baldin eta bietako inor ez badago bertze bati ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz loturik.

2. Ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen duten bikote guztiek eskatzen ahalko dute erregistroan inskribatzea, artikulu honetako 1. atalean ezarritakoari jarraikiz.

Gutienez, elkartutako kide batek egon beharko du Alloko udalerrian erroldaturik, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikoteen bertze erregistro batean.

3. artikulua. Bikote bakoitzaren lehen inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute Udaleko idazkariaren lanpostuan diharduen pertsonaren aurrera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bietako batek ez baditu betetzen ezkontzaz kanpoko elkartzea osatzeko baldintzak, 2.1 artikuluan agertzen direnak.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Horrelakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak nahi dituen argitasun guztiak agertarazi ahalko ditu beren arteko elkartzeari buruz . Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. artikulua. Erregistroa Udalaren idazkaritza orokorrean egonen da.

6. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua dago, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

8. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten oharpenak.

9. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta udal idazkariak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

10. artikulua. Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

11. artikulua. Izatezko bikoteen erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Alloko Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Alloko Herriko Etxean, udal bulegoan, halako egunean ......, honako hauek batera agertu gara:

Izena: ................., jaioterria: ......., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu), N.A.N. zenbakia: ........., eta

Izena: ........., jaioterria: ......., helbidea (erroldakoa): ....................., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu), N.A.N. zenbakia: .........

Eta adierazten dugu:

Ezkondu gabeko bikote egonkor gisa inskriba gaitzatela nahi dugula Udal honen erregistroan, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Aitortzen dugu:

Lehenbizi._Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............... (oroitarazi behar zaio ......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrenik._Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor bertze inorekin ere.

Hirugarrenik._Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrenik._Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta ezkontzeko inolako ezgaitasunik ere.

Borzgarrenik._Ez dugula nahi (nahi dugula) gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena erregistroan inskribatzea.

Seigarrena._Baimena ematen dugula Alloko Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Alloko erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Alloko Udalaren erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Stua.: Sin.:

II. ERANSKINA

Alloko Udalean, ................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: ....................................., N.A.N. zenbakia: .............., eta

Izena: ....................................., N.A.N. zenbakia: .................

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko; izan ere, horrelaxe inskribatua dago aipatu Udalaren erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Iragarkiaren kodea: L0417370