152. ALDIZKARIA - 2004ko abenduaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

406/2004 FORU AGINDUA, abenduaren 2koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren urteko aitorpen laburtuaren F-60 eredua onesten duena.

Zergen kudeaketa hobetu beharrez egitekoak diren aldaketak direla-eta, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren urteko aitorpen laburtuaren F-60 beste eredu bat onetsi behar da, orain arte urtarrilaren 12ko 16/1987 Foru Aginduaren bidez arautu baita.

Apirilaren 15eko 113/2003 Foru Aginduaren bidez, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren aitorpenen aurkezpen telematikoa ezarri zen eta berdin abenduaren 29ko 294/2000 Foru Aginduaren bidez enpresa handieterako. Horren ondorioz, F-60 eredua beren aitorpenetarako bide telematikoa ez darabilten zergaren subjektu pasiboek ez bestek bete beharko dute. Abenduaren 2ko 405/2004 Foru Aginduak indarra hartzen duenez geroztik, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren aitorpenak bide telematikoaren bidez aurkezten dituzten subjektu pasibo guztiei urteko laburpena eta urtean urteko azken likidazioaldiko aitorpen-likidazioa batera aurkezteko metodoa aplikatuko zaie.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren urteko aitorpen laburtu horretan, indarra zuen aurreko ereduarekin bezala, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeko 61. artikuluan xedaturikoarekin bat, kuota sortuen zenbatekoa etengabe gainditzeagatik, kentzen ahal diren kuota guztien zenbatekoa kendu ezin izan duten subjektu pasiboek eskatzen ahalko dute urtean urteko abenduaren 31n alde duten saldoa itzul dakiela.

Horrenbestez, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeko 112.1 artikuluan eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 62.4 artikuluan (martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen) ageri den baimena erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. "Balio Erantsiaren gaineko Zergaren urteko aitorpen laburtua" izeneko F-60 ereduaren onespena.

"Balio Erantsiaren gaineko Zergaren urteko aitorpen laburtua" izeneko F-60 eredua onesten da, foru agindu honetako eranskinean ageri dena.

2. artikulua. Subjektu behartuak.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren urteko aitorpen laburtuaren F-60 eredua aitorpen-likidazioak bide telematikoaren bidez egiten ez dituzten zergako subjektu pasiboek aurkeztu beharko dute, apirilaren 15eko 113/2003 Foru Aginduan xedaturikoarekin bat.

3. artikulua. Itzultzeko eskabidea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeko 61. artikuluan xedaturikoarekin bat, urtean-urtean abenduaren 31n alde duten saldoa itzul dakiela eskatzeko eskubidea duten subjektu pasiboek F-60 ereduan bidezko den atala betez erabiltzen ahalko dute eskubide hori, hurrengo artikuluan ezarririko epean aurkezturik.

4. artikulua. Aurkezteko epea.

Urtean urteko Balio Erantsiaren gaineko Zergaren urteko aitorpen laburtuaren F-60 eredua hurrengo urteko urtarrilaren 1etik 31ra bitarte aurkeztu beharko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditzen da urtarrilaren 12ko 16/1987 Foru Agindua, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren urteko aitorpenaren eredua onesten duena.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezteko diren aitorpenei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2004ko abenduaren 2an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

E R A N S K I N A

Iragarkiaren kodea: F0418475