152. ALDIZKARIA - 2004ko abenduaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

360/2004 FORU DEKRETUA, azaroaren 22koa, Orbaibarko mendiak izeneko tokia Paisaia Babestu deklaratu eta haren Erabilpen eta Kudeaketa Plana onesten duena.

ZIOEN AZALPENA

Orbaibarko mendiak izeneko tokiak, Nafarroako erdialdean, Leotz, Puiu eta San Martin Unx udal mugapeetan dagoenak, habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzearen gaineko Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan aipatutako habitaten presentzia handia du, eta gainera, "mosaiko" moduan banaturik daude habitat horiek, horrek bide ematen baitu landare sailak txandakatzeko eta, ondorioz, balio handia izateko paisaiaren ikuspuntutik. Paisaia hori nekazaritzaren gaur egungo eta geroko garapenari loturiko arriskuen mehatxupean dago, horiek eragina izan baitezakete haren egitura eta aniztasunaren gainean.

Nafarroako naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeko 3. artikuluaren arabera, paisaia babestuak inguru naturalaren toki jakinak dira, dituzten balio estetiko eta kulturalak direla eta babespen berezia merezi dutenak. 4. artikuluan esaten denez, haien deklarazioa foru dekretu bidez eginen da. Eta, azkenik, 16. artikuluari jarraikiz, haien babespen araubidea Paisaia aldarrikatzen duen xedapenaren bidez ezarriko da.

Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzearen gaineko Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentaraua Europar Batasunak natura babesteko duen baliabide nagusia da. Hura gauzatzeko, lekuen sare ekologiko bat sortu zen, 2000 Natura Sarea, Komunitatearen interesgunetzat deklaratutako habitat naturaletako eta flora eta faunako taxon mota guztien adibideak egoera onean biltzeko.

Zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat finkatu zituen 2000 Natura Sarea eratzeko. Zuzentarauaren 4. artikuluari jarraikiz, kide diren estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, intereseko habitat naturalen motak eta taxonak aipatuta.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako erabakiaren bidez, Zainketa Bereziko Eremu deklaratzen ahal ziren tokien zerrenda onetsi zuen behin-behinekoz, Europako 2000 Natura sare ekologikoan sartzeko.

Bestalde, aipatutako zuzentarauaren arabera, behar diren zainketa neurriak ezarri behar dira, leku horietan dauden interes komunitarioko habitat naturalen motetatik eta flora eta fauna espezieetatik heldu diren eskakizun ekologikoen araberakoak, habitat eta espezie horiek ekarri baitute leku horiek babesteko eremu deklaratzea.

Paisaia Babestuaren eremuaren zati bat Batasunaren Intereseko Lekuen proposamenaren barruan zegoen, eta, hortaz, Europako Batzordeak onesten duenean, Zainketa Bereziko Eremu deklaratu beharko da, eta, Europako Batasunaren arauak betetzeko, Kudeaketa Plan bat eman beharko zaio, biltzen dituen habitatak ongi kontserbatzen direla eta horretarako neurriak hartzen direla bermatzeko.

Erabilpen eta Kudeaketa Plana Europako eskakizunei jarraikiz prestatu da eta, beraz, Kudeaketa Planaren balioa izanen du BIL gisa proposatu eta Zainketa Bereziko Eremu bihurtuko den eremuarentzat.

Hori horrela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorriz eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko azaroaren hogeita bian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honek helburu hauek ditu:

1._Orbaibarko mendiak izeneko tokia Paisaia Babestua deklaratzea.

2._Paisaia Babestuaren Erabilpen eta Kudeaketa Plana onestea.

2. artikulua. Planaren lurraldearen mugak eta aplikazio esparrua.

1._Paisaia Babestuaren eremuak hiru oihan sektore jarraigabe hartzen ditu (San Pelayo-Olleta mendia, Monte del Conde eta Gerinda), baita horiek lotzen dituen nekazaritza-mosaikoa ere, Planean "Gune Sentibera" deitzen dena.

2._Ondoko mugak ditu:

a) San Pelayo-Olleta mendia: mendebaldean, Leozko eta Orisoaingo mugapeen arteko muga dago; hegoaldean, Amatriain eta Olleta mugapeetatik doa; ekialdean, Olleta mugapetik eta Iratxeta eta Iriberri arteko mugatik doa; eta iparraldetik, Iratxetako mugapearen mugatik eta Amatriainen eta Amunarrizketa eta Artariainen arteko muga mugatzen duen mendikatetik doa.

b) Monte del Conde: mendebaldean Puiuko mugapean sartzen da; hegoaldean eta ekialdean, Leozko mugapetik eta iparraldean errepidetik pasatzen da, Leozko eta Puiuko mugapeen mugarekin, muga horrekin eta Santsoain errekarekin gurutzatu arte.

c) Gerinda: mendebaldean, Makirriaingo eta Santsoaingo mugan hasi eta azken udal mugape horretatik jarraitzen du San Martin Unx arte; hegoaldean, altxonbideak hegoaldean, San Martin Unxen, duen mugatik doa, Gerinda mendian barna Olletako mugaperaino; ekialdean, azken mugape horretatik doa Lergako mugaraino, eta Santsoain errekean bukatzen da; iparraldean, Santsoain errekatik doa Makirriaingo eta Santsoaingo mugapeen arteko mugaraino.

d) Gune Sentibera: iparraldean eta mendebaldean Orisoain eta Leotz arteko mugak San Pelayo-Olleta mendia sektorea lotzen du Monte del Conderekin; hegoaldean, Santsoain mugapean barna, Gerinda sektoreraino; ekialdean, Olletako mugapeak azken sektore hori lotzen du San Pelayo-Olleta mendia sektorearekin.

3._Plan honen aplikazio eremuaren muga ofizialak 1. eranskinean sartutako mapetan finkatu dira.

4._Paisaia Babestuaren barruan sartutako eremua Leozko, Puiuko eta San Martin Unxeko udal mugapeetan dago, aurretik aipatutako mugekin.

5._Planaren eremuaren azalera osoa 3.320,6 hektareakoa da, eta horietatik 1.728,6 hiru oihan sektoreetakoak dira eta 1.592 gune sentiberakoak.

3. artikulua. Eskualdeko banaketa.

Kontuan harturik lurraren aniztasun ekologikoa eta erabilpenak, hainbat paisaia-unitate ezarri dira, 1. eranskinean aipatutako muga eta ezaugarri nagusiekin.

4. artikulua. Kudeaketa eta Erabilpen Plana.

Onetsi egin da Orbaibarko mendietako Paisaia Babestuaren Kudeaketa eta Erabilpen Plana, foru dekretu honetan ageri dena.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren gaikuntza.

Esku ematen zaio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari Kudeaketa eta Erabilpen Plan hau eta Paisaia Babestu hau Zainketa Bereziko Eremu deklaratzeko proposamena Europako Batzordeari igortzeko behar diren tramiteak egiteko, Europako Batzordeak Orbaibarko mendiak Batasunaren Intereseko Leku deklaratzen duenean, 43/92/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra._Indarrik gabe gelditu da Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko planari buruzko uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan Olleta mendiari (RN 21) eta Monte del Conderi (RN 22) buruz ezarritakoa, eta Plan hau natur erreserba horien erabilpen eta kudeaketa plan zuzentzailea izanen da.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehenbizikoa._Erabilpen eta Kudeaketa Planaren indarraldia.

Erabilpen eta Kudeaketa Planak 6 urteko indarraldia izanen du. Denbora hori igarota, berrikusi eginen da. Dena den, posible izanen da berrikusi edo aldatzea, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ustez gorabeheraren batean Planean aurreikusi ez eta lekuaren balioak ukitu ditzakeen aldaketa bat egin denean. Plana aldatu edo berrikusteko beharrezkoa izanen da Jarraipen Batzordeak txostena ematea. Berrikusi edo aldatzeko prozedura Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean ezarritakoaren araberakoa izanen da, berariazko arauak dauden kasuetan izan ezik.

Azken xedapenetan bigarrena._Lotura bestelako planekin.

Plan hau aniztasun biologikoaren zainketari buruz ezar daitezkeen eta Nafarroako Naturguneen Sarean jarduteko ildo nagusiak finkatzen dituzten maila handiagoko beste planen aginduetara egokituko da.

Kudeaketa eta Erabilpen Plan honen zehaztapenak udalaren hirigintzako planeamenduan sartuko dira, ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Ildo horretan, lurraldearen antolamendurako edo antolamendu fisikorako egun dauden tresnak ez badatoz bat Kudeaketa eta Erabilpen Plan honekin, sei hilabeteko epea egonen da horiek egokitzeko.

Azken xedapenetan hirugarrena._Kudeaketa eta Erabilpen Plana garatzea plan sektorialen bitartez.

Plan hau plan sektorial berariazkoen bidez garatu ahalko da, egin beharreko jardueren ezaugarriek hala eskatzen dutenean. Zehazki, ehiza jarduerak dagozkien Ehiza Antolatzeko Planaren bidez arautuko dira. Oihan aprobetxamenduak arautzeko Oihan Antolamendurako Proiektuak ezarriko dira. Halaber, Larreak Antolatzeko Plan bat eta Erabilpen Publikorako Plan bat prestatuko dira.

Azken xedapenetan laugarrena._Garatzeko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari, foru dekretu hau garatu eta betetzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bosgarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko azaroaren 22an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

ERABILPEN ETA KUDEAKETA PLANA

I._Planaren xedea.

Plan honen xedea da 3. eranskinean ageri diren habitat natural, espezie, prozesu ekologiko edo elementu natural eta kulturalen egoera ona mantendu edo, beharrezkoa bada, berrezartzeko behar diren neurri aktiboak eta prebentiboak finkatzea.

Kudeaketa Plan honi jarraikiz hartzen diren neurrien azken xedea da lekuaren osotasun ekologikoari eustea eta Nafarroako Naturguneen Sarearen koherentziari laguntzea. Kudeaketarekin zuzeneko loturarik izan gabe proposatzen den beste edozein plan, programa edo proiektu, aipatu xedera egokituko da, eta, horretarako, 3. eranskineko elementuen gainean dituen eraginen ebaluazio egokia eginen da.

Nolanahi ere, plan honetan hartutako neurriek eta hartatik hel litezkeenek kontuan hartuko dituzte eskakizun ekonomiko, sozial eta kulturalak, eta, ahal den neurrian, egungo erabilpen eta aprobetxamenduak gerora ager litezkeen bestelakoekin bateratzen saiatuko dira, adibidez asialdia eta jostetarekin, ingurumenari buruzko hezkuntza edo ikerkuntzarekin; gainera, lekuaren babesaren funtsa diren balioak galtzea ekar dezaketen aldaketak baztertuko dituzte.

II._Planaren azken helburuak.

Azken helburuak dira 3. eranskineko elementu guztietarako zainketa egoera ona ahalik eta denbora laburrean lortzeko, kudeaketak izan behar dituen xedeak.

Gune honetarako ondoko hauek dira azken helburuak:

1. Batasunaren intereseko habitatak eta zaintzea merezi duten bestelako habitat naturalak egun dituzten azaleran eta egoeran mantentzea.

2. Mendialdeko paisaia mediterraneoko ohiko habitaten egituraren osotasuna eta mosaiko moduko banaketa mantentzea.

3. Quercus fagineako, Q. humilisko eta bi espezieetako harizti mistoen gaur egungo azalera handitu eta hobetzea.

4. Lekuari konektibitate ekologikoa ematea, faunaren joan-etorriak eta Nafarroako Naturguneen Sareko bestelako guneekin truke genetikoa bultzatzeko.

5. 1990eko harraparien zentsuetan aurkitutako arrano sugezalearen, arrano txikiaren, miru gorriaren eta miru beltzaren dentsitateak mantentzea, gutxienez.

6. Kiropteroen egungo zainketa egoera ona ezartzea eta haiek bizirik irauteko behar diren neurri ekologikoak aplikatzea.

7. Egun dauden idoien ekologiari buruzko ezagupenak handitzea, haien kopurua eta azalera bermatzea eta haien ezaugarriak hobetzea, haien barruan fauna, bereziki anfibioak, eta haiei loturiko flora egon dadin.

8. Jendeari bide ematea lekuari buruzko informazioa eskuratzeko.

9. Nekazaritza eta abeltzaintzako praktika jasangarriak aplikatzea, Plan honetan ezarritako zainketa-helburuei egokituak.

10. Erabilpen orekatua sustatzea, zientzia, josteta eta hezkuntza arloetako jardueretarako, inguruaren gaineko eraginak gutxiagotu eta helburu horietarako dauden baliabideak hobeki erabiltzeko.

III._Plana aplikatzetik espero diren ondorioak.

Kontuan harturik arrazoi ekologiko, sozial nahiz ekonomikoak direla eta, balitekeela azken xedeak Planaren indarraldian ez lortzea, indarraldi horretan espero daitezkeen emaitzak finkatu dira. Emaitza horiek bide eman behar dute proposatutako azken xedeak lortzeko bidean aurrera egiteko. Ondoko hauek dira:

1. Abeltzaintzako eredu estentsiboa eta iraunkorra ezartzea, interesa duten larre eta sastraken aprobetxamenduari begira.

2. Abeltzaintza estentsiboa lagundu eta bultzatzeko neurriak garatu eta aplikatzea.

3. Larre eta sastrakadiak kategorizatu eta zonifikatzea, haien egoeraren eta abeltzaintzarako aprobetxatzeko aukeren arabera.

4. Egun dauden idoien ezaugarriak ezarri eta haien egoera baloratzea.

5. Idoi abandonatuak hobetu eta abeltzaintzako egitura eta habitat natural gisara duten balioa bultzatzea.

6. Idoien abeltzaintzako erabilpena eta haien balio naturalen kontserbazioa bateratzeko neurri zuzentzaileak proposatzea.

7. Nekazari eta abeltzainei prestakuntza ematea, nekazaritza eta abeltzaintzako praktika jasangarriak erabil ditzaten.

8. Nekazaritzako eremuaren paisaiaren aniztasuna mantendu eta oihan sektoreak handitzea, larre, sastrakadi eta zuhaizti txikien mosaiko moduko paisaia lehengoratu eta abeltzaintzako aprobetxamendua bultzatzeko.

9. Konektibitate ekologikoa mantentzea, bai lekuaren sektoreen artean, bai lekuaren eta naturguneen sareko gainerako lekuen artean.

10. Quercus faginearen eta Q. humilisen hariztien gaur egungo azalera handitu eta egun dauden zuhaiztien egoera hobetzea.

11. Suteen arriskua gutxiagotzea, habitat naturalen azalera edo kalitatea ez galtzeko.

12. Habitat naturalen inbentario zehatza, Batasunaren interesekoak barne hartzen dituena.

13. Inbentarioan sartutako habitatentzako deskribatzaile ekologikoak eta kudeaketa jarraibideak ezartzea.

14. Egun dagoen erabilera publikoa aztertzea, baita ingurumenaren gainean izan dezakeen eragina eta handitzeko dituen aukerak ere.

15. Planaren balio ekologikoak, kudeaketa helburuak eta lurraren erabilpenaren eta aprobetxamenduaren gainean duen eragina zabaltzea.

16. Arrano sugezalearen, arrano txikiaren, miru gorriaren eta miru beltzaren populazioaren dinamika aztertzea.

17. Linea elektrikoek eta gai toxikoek harraparien populazioan dituzten eraginak baloratzea.

18. Gerindako parke eolikoak hegaztientzat dituen arriskuak gutxitzea.

19. Harraparien eskuragarritasun trofikoa lehengoratzea; horretarako bertako basa harrapakinen kopurua handituko da (eper gorriak, galeperrak, untxiak eta europar erbiak).

20. Agrosistema mediterraneoetako ohiko hegaztien populazioaren dinamika aztertzea.

21. 121 errepide nazionaleko eta A 15 autobideko lurreko ornodunentzako arriskuak gutxitzea.

22. Egun dauden kiropteroen espezieen inbentarioa egitea.

23. Kiropteroentzako harrera ahalmena hobetzeko jarduerak egitea.

IV._Berariazko arauak.

1. Foru Komunitateko ingurumenari buruzko arauak aplikatuko dira, eta, Olleta mendia eta Monte del Conde natur erreserbei dagokienez, natur erreserbak erabili eta kudeatzeko arau orokorrak (230/1998 Foru Dekretua) eta haien inguruko babes-eremuetarako arau orokorrak (9/1996 Foru Legearen 18. artikulua).

2. Erabilpen eta Kudeaketarako Plan Zuzentzaile honetan ageri ez diren obra proiektu, lan edo aprobetxamendu guztiek, plan sektorial batetik heldu diren edo ez, Plan honetan ezarritako helburuak lortzeko ingurumen-irizpideak eduki beharko dituzte, eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txostena beharko dute.

3. Gainera, Plana aplikatuko den eremuan, erabilpenak aldatzeko edozein proiektu, lurrak birzatitzeko prozesuak barne, 3. eranskineko espezieen eskakizun ekologikoak eta basa fauna eta florarako garrantzitsuak diren paisaiako elementuak mantendu beharko dituzte, 92/43/EEE Zuzentarauaren 6. eta 10. artikuluetan agindu bezala. Ildo horretan, paisaiaren aniztasuna mantenduko da, honela definituta: geratzen diren elementu ekologikoen hedadura eta kalitatea, eta haien txandaketa lurzati landu eta larreekin. Paisaiaren aniztasun hori ezartzen du Planean finkatutako heterogeneotasun indizearen balioak.

4. Olleta mendia eta Monte del Condeko natur erreserbetan ondoko arau hauek aplikatuko dira:

a) Zuhaiztien kudeaketa mendiaren iraupenaren printzipioari jarraikiz eginen da bakarrik, eta baldintza ekonomikoak ez dira irizpide nagusia izanen zuhaiztiaren formula nagusia, mozteko adinak, mozteko moduak, mozteko lekuak etab., zehatzeko.

b) Egurra aprobetxatzeko eta larratzeko baimena eman ahalko da, natur erreserba zaintzeko helburuei traba egiten ez dieten heinean.

c) Jarduera didaktikoak eta jostetakoak egiteko jarrita dauden sarbideak erabiliko dira, eta landaredi trinkoko eremuak ukitu gabe.

d) Olleta mendiko natur erreserba osatzen duten kantoiak, kantoi multzoak edo kantoi zatiak dagokion Mendiaren Antolamendu Proiektuan, Antolamenduaren Berrikuspenean edo Kudeaketa Plan Teknikoan aintzat hartuko dira, kontserbazioari begira. Dagokion Plan Berezian zuhaiztietan egin beharreko basogintzako jarduketak zehaztuko dira, aipatu irizpideei jarraikiz.

V._Ustiategien Iraunkortasunerako Ingurumen Kontratuak (UIIK).

1. Gune honen aniztasun biologikoa mantentzeko laguntzen ahal duten nekazaritzako, abeltzaintzako eta oihangintzako jarduera iraunkorrak bultzatzeko, horiek gabe ezin baita 3. eranskineko elementu batzuen iraupena bermatu, Ustiategien Iraunkortasunerako Ingurumen Kontratuak ezarri dira.

Kontratu horiek boluntarioak dira, eta horien bidez ekoizleek ingurumenari buruzko konpromisoak hartzen dituzte, laguntza publikoen truke. Laguntza horien bidez, kontratu horiek sinatu nahi dituzten ekoizleei ordaindu egiten zaie beren ekoizpen jarduerak gizarteari ematen dizkion ingurumenaren arloko ondasun eta zerbitzuengatik; horrela aitortu egiten da nekazaritzako jardueren multifuntzionaltasuna.

2. Ustiategien Iraunkortasunerako Ingurumen Kontratuen (UIIKen) finantzaketa.

Kontratu horiek egiteko behar den finantzaketa publikoa bere politika sektorialen ingurumen-integrazioa sustatzeko Nafarroako Gobernuaren Departamentuek egiten dituzten inbertsioen kargura eginen da; laguntza horiek ondoko foru aginduei jarraikiz arautuko dira:

a) Toki entitateetan oihangintzako jarduerak egiteko laguntzen araubidea.

b) Agente eta elkarte pribatuen oihangintzako jardueretarako laguntzen araubidea.

c) Alde behartsuendako eta ingurumen aldetik muga bereziak dituztenendako laguntzen araubidea.

d) Toki entitateek auzo mendietako larreak sortu eta hobetzeko laguntzen araubidea.

3. Aipatutako laguntzez gain, haien barruan sartzen baitira aipamen berariazko bat eta 2000 Natura Sarerako proposatutako eremuetan aplikatzeko baldintza egokiak, Plan honen aplikazioa bultzatzeko laguntza berriak ezarri edo daudenak aldatu ahalko dira.

4. Nafarroako Nekazaritza Garatzeko Programaren barruan bi laguntza berri ezarri dira:

a) Abeltzaintza estentsiborako laguntzak, kontserbatu beharreko habitat naturaltzat hartutako larreak mantentzeko.

Neurri horren helburua da habitat naturaltzat hartutako larreen azalera eta kalitate ekologikoa iraunaraztea, horietako batzuk Batasunaren interesekoak baitira.

Abeltzainak konpromisoa hartuko du, ezinbestekoak diren kasuetan salbu, bost urtez habitat naturalen azalera mantentzeko, hala nola zainketa egoera ona bermatzen dituen abere zama eta erabilpena izateko eta 3. eranskinean aipatutako espezieentzat interesa duten elementu guztiak errespetatzeko.

Konpentsazio sariek neurri honen ondorioz galdutako irabaziak konpentsatuko dituzte.

Laguntza hauek jaso ahalko dituzte pertsona fisiko edo juridikoek, hala nola legez eratutako elkarteek, baldin eta ondoko baldintza hau betetzen badute: gutxienez kalte-ordainaren denboran zehar, larre gisara aprobetxatzeko titulartasun publiko edo pribatuko gutxienez hektarea bat jabetzan, errentan nahiz lagatua izatea, edo hura erabiltzeko eskubidea edukitzea.

b) Paisaia zaintzeko laguntza.

Neurri honen helburua da mosaiko meditarraniarra kontserbatzea, bai nekazaritzako matrizean, bai oihan sektoreetan, hala nola paisaiaren eta naturaren balioetarako garrantzi berezia duten nekazaritza eta abeltzaintzako elementu kulturalak zaindu eta mantentzea.

Titularrak konpromisoa hartuko du bost urtez paisaiaren aniztasuna bultzatzen duten elementu ekologikoak zaindu eta mantentzeko, hala nola elementu etnografiko tradizionalak kontserbatu edo lehengoratzeko, adibidez harrizko murruak, txabolak, saroiak, larrainak, karobiak, elurtegiak, putzu edo uharkak, idoiak, askak, iturriak etab.

Konpentsazio sariek neurri honen ondorioz galdutako irabaziak konpentsatuko dituzte, hala nola lurra lantzearen eta nekazaritza eta abeltzaintzako elementu kulturalak zaindu eta mantentzearen gainkostua.

Laguntza hauek jaso ahalko dituzte Planaren aplikazio esparruan dauden ustiategien titularrek.

Laguntza hauek eskatzeko txosten tekniko edo proiektuek Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txostena beharko dute, Plan honetan ezarritakoari egokitzen zaizkiola bermatzeko.

Halaber, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak berariaz aipatuko du Iraunkortasunerako Ingurumen Kontratuen bidez jasotako laguntzak eta deialdi berariazkoen bitartez lortutakoak bateraezinak direla.

VI._Jarduketa programak.

Plan honen indarraldirako ondoko jarduketa programa hauek ezarri dira:

1. Ingurumeneko elementu eta prozesuen ezagupena eta monitorizazioa hobetzea.

a) Habitat natural guztien 1:25.000 eskalako inbentarioa egitea.

b) Habitatak interpretatzeko eskuliburu bat prestatzea.

c) Arrano sugezalearen, arrano txikiaren, miru beltzaren eta miru gorriaren populazioen urteko jarraipena egitea.

d) Nekazaritza sistema mediterraneoetako ohiko hegaztien urteko jarraipena egitea.

e) Lekuan dauden saguzarren espezie guztien inbentarioa egitea.

f) Saguzarren babeslekuak non diren azaldu eta deskribatzea.

g) Kontserbatzeko balio duten idoi guztien ezaugarriak azaltzeko ereduzko fitxa bat sortzea.

h) Lekuko idoi guztien inbentarioa egin eta kategorizatzea.

i) Idoien bilakaera hamabostaldian behin monitorizatzea.

2. Interesa duen faunaren gainean eragin negatiboa duten arrisku faktoreak gutxitzea.

a) Ornodunen joan-etorriak eta 121 errepide nazionalaren eta A 15 autobidearen eragina aztertzea.

b) 121 errepide nazionaleko eta A 15 autobideko zeharkako pasabideek faunarentzako duten eraginkortasuna zehaztea.

c) Plan honen indarraldian faunarentzako pasabide bat egokitzea gutxienez.

d) Linea elektrikoak eta hegaztien gainean duten eragina aztertzea.

e) Hegaztientzako arriskugarriak diren linea elektrikoak zuzentzea.

f) Mika eta belearen populazioen jarraipena egitea.

g) Hegazti haratusteljaleen espezieen aleen irrati bidezko jarraipena egitea.

h) Harrapariek harrapatzen dituzten bertako ehiza espezieen jarraipena egitea.

i) Ehiza barruti intentsiboko ehizarako eremu ereinetan erabilitako granja espezieen egoera sanitario eta genetikoaren jarraipena egitea.

3. Ingurumena hobetzeko jarduketak.

a) Basoberritzeak egitea, Quercus faginea eta Quercus humilis espezieekin.

b) Oihana Antolatzeko Proiektuan hariztiei buruz aurreikusitako oihan tratamenduak egitea.

c) Basoberritzeko pinudietan suteen aurkako basogintzako jarduketak egitea.

d) Basoetako Suteen aurkako Lehentasunezko Ekintzen Planean aurreikusitako basogintzako jarduketak egitea.

e) Nekazarientzako sentsibilizazio kanpaina bat egitea, galondo-erreketei utz diezaieten.

f) Sua jostetarako nola erabiltzen den gehiago begiratzea.

g) Saguzarrentzako balio dezaketen eraikinak zaharberritu eta mantentzeko tipologia ezartzea.

h) Eraikinen jabeentzako sentsibilizazio kanpaina pertsonalizatua garatzea, saguzarren kontserbazioa bultzatzeko.

i) Eraginak zuzentzeko lanak egitea, saguzarrentzako balio dezaketen 5 tokitan gutxienez.

j) Los Corrales eta Privar idoiak moldatzea, Larreak Antolatzeko Plana egiten ez den bitartean.

k) Amunarrizketa eta el Monte idoiak lehengoratzea, Larreak Antolatzeko Plana egiten ez den bitartean.

4. Aprobetxamenduak antolatu eta hobetzea.

a) Lekuan dauden sastrakadiak identifikatu, baloratu eta zonifikatzea.

b) Larreak Antolatzeko Plana prestatzea.

c) Ustiategien Iraunkortasunerako Ingurumen Kontratuak sinatzea bultzatzea.

d) Hobekuntza Plana, Larreak Antolatzeko Planetik heldu dena, prestatzea, larre eta azpiegiturei buruz.

e) Azienda transhumanteak larreak erabil ditzala sustatzea.

f) Egun dagoen paisaia aniztasuna mantentzea lurrak zatitzeko prozesuan.

g) Gune Sentiberako paisaiari aniztasuna ematen dioten elementuak identifikatu eta digitalizatzea.

h) Gune Sentiberako paisaiari aniztasuna ematen dioten elementuen ezaugarriak atzeman eta baloratzea.

i) Identifikatutako elementuetatik heldu den matrizea erabili eta egokitzea lurzati berrien diseinura eta azpiegituren lanetara.

j) Hesiak jartzeko protokolo bat ezartzea, eremuaren ezaugarri ekologiko eta fisonomikoetara egokitua.

k) Lurzati berrantolamenduak legeei eta ingurumenari buruz bete behar dituen baldintzak azaltzea nekazariei.

l) Ehiza aprobetxamenduak Ehiza Antolatzeko Planetan ezarritakoari jarraikiz antolatuko dira.

5. Informazioa, sentsiblizazioa eta prestakuntza.

a) Lekuaren balioei eta 2000 Natura Sareari buruzko informazio eta sentsiblizazio kanpaina bat egitea.

b) Nekazari eta abeltzainei beren jardueretan praktika jasangarriak aplikatzeari buruzko ikastaroak ematea.

6. Erabilpen publikoa.

Lekuarentzako Erabilpen Publikorako Plan bat prestatzea.

VII._Jarraipen Batzordea.

1. Jarraipen Batzordea kontsulta egin eta lekuaren kudeaketan parte hartzeko organoa da. Ondoko hauek osatuko dute:

a) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko hiru ordezkari.

b) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko ordezkari bat.

c) Lekuaren eremuan sartutako mugape bakoitzeko udalaren ordezkari bat edo honek eskuordeturiko pertsona.

d) Ingurumenaren arloko aditu edo teknikari bat, lekuko kideak diren udalek izendaturik.

2. Jarraipen Batzordearen eginkizunak:

a) Plan honetan aurreikusitako neurriak betetzea sustatu, ezarritako egutegiari egokitzen zaizkiola begiratu eta Administrazioaren eta eragile sozial eta ekonomikoen arteko lankidetza bultzatzea.

b) Gizartearen parte-hartzea sustatzea ingurumenari buruzko eztabaida eta erabakietan.

c) Lekuaren balioak eta berezitasunak babesteko proposamenak egin, haren handitzeak sustatu eta haren zainketa eta garapen iraunkorrerako onak izan daitezkeen kudeaketa guztiak egitea.

d) Planaren helburuei begira kaltegarriak izan daitezkeen jarduerak geldiarazi edo behin betikoz kentzeko eskatzea kasu bakoitzean eskuduna den Foru Komunitateko Administrazioaren organoei.

e) Planaren betetze-maila ebaluatzea urtean behin, eta entitate, administrazio edo organoei eskatzea Planeko neurriak garatzeko behar diren konpromisoak bete ditzatela.

f) Baliabide naturalei buruzko azterlan eta ikerlanak, hala nola lekuaren ezagupena eta erabilpen publikoa bultzatzea, eta bere balioen eta ingurumenaren aldeko hezkuntza sustatzea.

3. Jarraipen Batzorderako deialdia berrogeita zortzi ordu lehenago eginen da gutxienez, bi batzordekidek edo gehiagok eskatuta.

4. Jarraipen Batzordeak zilegi izanen du bilera monografiko, sektorial edo informatiboak egiteko deia egitea, Planaren garapenean zabalkuntzarik eta parte-hartze publikorik handiena lortzeko bidezkotzat jotzen dituen eragile sozial eta ekonomikoei nahiz interesa duten alderdi guztiei. Orobat, gutxienez bi batzordekidek proposaturik, bidezkotzat jotzen dituen aditu edo espezialistei gonbidatu ahalko ditu bere lan saioetara joateko.

VIII._Jarraipen programa.

1. Jarraipen programa bat ezarri da, Plana modu egokian betetzen dela eta bere helburuak lortzen direla bermatzeko.

2. Jarraipen programa burutzeko egutegia Plan hau garatzen duen agiri teknikoan ageri da, eta finkatutako helburu bakoitzarentzat objektiboki egiaztatzeko adierazle bat ezartzen du, gutxienez.

3. Urtean behin, Jarraipen Programaren emaitzen, Planaren betetze-mailaren eta helburuak lortze-mailaren berri emanen zaio Jarraipen Batordeari. Gainera, Aarhusko Hitzarmena eta ingurumenari buruzko informazioa jendeari emateari buruzko 2003/4/EE Zuzentaraua betetzeko, informazio hori eskuratu eta zabaltzeko erraztasunak ematearren, eta kontuak emateko beharraren eta erabakiak hartzeko prozesuaren gardentasunaren printzipioa errespetatzeko, Planaren Jarraipen Programaren emaitzen laburpen bat argitaratuko da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren web-orrian.

4. Ateratzen diren emaitzak azterturik, ikusten baldin bada ez direla espero zirenak bezalakoak edo uste bada ezinezkoa dela ezarritako epean horiek lortzea, Planean berehala sartuko dira kudeaketaren efektibitate eta eraginkortasuna hobetzeko behar diren neurriak.

1. ERANSKINA

Eremuak

Eremu bakoitzak gaitasun desberdina du Erabilpen eta Kudeaketa Plan honetan aurreikusitako helburuak betetzeko. Proposatutako helburu guztien artean oreka bat lortu eta gune honen kudeaketa errazteko, beharrezkoa da hura egituratzea, hau da, ondoko eremu hauek ezartzea:

1. Oihan eremua (A).

Hiru oihan sektore bereiziak hartzen ditu eta balio ekologiko handiak ditu. Intereseko habitatak eta espezie mehatxatuetako populazioa du, hala nola erabilpen edo presiorik gabeko ekositemak, espezie katalogatuen haztegi edo babesleku gisara erabiltzen ez direnak.

Gaur egun oihangintza eta abeltzaintza estentsiborako erabiltzen da gehienbat. Nekazaritza estentsiborako erabilpena oso urria da, haranaren barreneko lurretara mugatua. Erabilpen horiek bateragarriak dira eremuaren kontserbazio helburuekin. Oihan eremuan bi natur erreserba daude, ondoko hauek: A1 Sektorean, Olleta mendikoa, eta A2 Sektorean, Monte del Condekoa.

2. Nekazaritzako eremua (B).

Nekazaritzako matrizea, hiru oihan sektore bereiziak lotzen dituena, hartzen du. Paisaiaren aldetik balio handia du, nekazaritzako ohiko landalur mediterraneoen egitura natural eta etnografikoekin, oihan sektoreetan habia egiten duten espezieen bizi zikloa garatzeko bidea ematen dute eta basa faunaren joan-etorriak eta babesa errazten dituzte, geratu diren egitura naturalen bidez. Egitura horiek erliebearen konplexutasunari eta malda pikuei esker iraun dute.

Eremu honen iraupena nekazaritza eta abeltzaintzako gaur egungo erabilpenen mantentze eta sustapen iraunkorrari lotua dago.

Bi sektore hauek bereizten dira:

_Nekazaritzako sektorea (B1), lekuaren erdialdea hartzen duena; bertan nekazaritza estentsiborako alorrak dira nagusi.

_Abeltzaintza-oihan sektorea (B2), oihan sektoreetatik hurbilen dauden aldeak hartzen dituena; bertan larreak, sasiak eta zuhaitzak daude, landalurrak baino gehiago.

2. ERANSKINA

Zaindu beharreko balio naturalak

Sistema mediterraniar irekietako espezieak dira Plan honen arabera zaindu beharrekoak. Beraz, habitat askoko espezieak dira, lekuko oihan sektoreetan habia egiten dutenak, baina euren bizi zikloaren parte bat inguruko nekazaritzako mosaikoan igarotzen dutenak, bertan aurkitzen baitituzte elikagaiak. Hortaz, nekazaritzako eremua, Planean "gune sentibera" izena hartzen duena, Natura 2000 Sare europarraren Zainketa Bereziko Eremutzat hartzeko proposatu ez bada ere, ezinbestekoa da lekuaren izendapena eragin duten balioetako batzuk bizirik irauteko. Gainera, eremu horretan Nafarroako nekazaritzako paisaia mediterraniarraren adibiderik onenetarikoa dago. Horiek horrela, Plan honen kudeaketaren esparruan sartu da.

Gune honek balio handiak ditu ekologia, biologia eta paisaiaren aldetik.

Ekologiaren ikuspuntutik, gune natural honetan habitat batzuk daude, habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzearen gaineko Kontseiluaren 1992ko 92/43/EEE Zuzentarauan batasunaren interesekotzat hartu zirenak. Interes handiko taxon botaniko batzuk ere badaude, adibidez Dactylorhiza sambucina orkidea, hedadura alpino-boreala duena, eta Echynospartum horridum genistazea, sorburua Pirinioetan duena. Faunaren ikuspuntutik oso garrantzitsua da, bertan biltzen baitira hegazti harrapari desberdin asko, lekuari Europako oihan-harraparien dentsitaterik handienetakoa ematen diotena.

Biologiaren ikuspuntutik, lekua eskualde mediterraneoan sarturik badago ere, eskualde eurosiberiarren hurbiltasuna dela eta, trantsizio biogeografikoko eremutzat hartzen da. Nabarmentzekoak dira bertako pagadiak, Quercus humilisko hariztiak eta otabera eta ainarraren sastrakadi basofiloak.

Estetikaren aldetik, eremu honetan Nafarroa mediterraneoan hobekienik kontserbatu diren "bocage" moduko nekazaritzako paisaietako bat dago. Terraza moduko polilaborantza sistema bat erabiltzeak, hala nola nekazaritzako eraikuntza eta egitura tradizional batzuk (txabolak, etxolak, eskortak etab.) mantentzeak, eta horrekin batera gune natural txiki batzuk egoteak edertasun eta balio kultural handiak ematen dizkiote lekuari.

Gune honen deklarazioa ekarri duten habitat naturalak, basa flora eta faunaren espezieak eta balio natural edo kulturaleko elementuak, lekuaren osotasun ekologikoa irauteko beharrezkotzat jotzen direnak, 3. eranskinean ageri direnak dira.

3. ERANSKINA

Zaindu beharreko elementu eta balio naturalen zerrenda

1. Harizti kaltzikola xerotermofiloak (Batasunaren intereseko habitata UE 9150 kodea).

2. Quercus faginearen harizti iberiarrak (Batasunaren intereseko habitata UE 9240 kodea).

3. Quercus ilex eta Quercus rotundifoliaren basoak (Batasunaren intereseko habitata-UE 9340 kodea).

4. Sastrakadi basofilo mediterraniarra, otabera (Genista occidentalis) eta ainarra (Erica vagans) dituena, eta elorri-triska (Genista scorpius) duen sastrakadi basofiloa (Batasunaren intereseko habitata-UE 4090 kodea).

5. Frutizediak eta Juniperus sp-ko arboladiak. (Batasunaren intereseko habitata-UE 5210 kodea).

6. Bromion erectiren larre mediterraniar basofiloak (Batasunaren intereseko habitatak-UE 6212 kodea).

7. Urteko larre xerofilikoak eta bizikorrak (Batasunaren intereseko habitatak-UE 6220 kodea).

8. Quercus humilisen hariztia.

9. Mosaiko meditarreniarreko paisaia.

10. Hegazti harrapariak (arrano sugezalea, arrano txikia, miru gorria eta miru beltza).

11. BILean dauden kiroptero espezieak.

12. Konektibitate biologikoa, lekuaren barnekoa eta lekuak kanpoko lekuekin duena.

13. Interes naturaleko idoiak.

Iragarkiaren kodea: F0418103